1982ko Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen legea

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search

10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten diet Eusko Legebiltzarrak azaroaren 24ko 10/1982 "Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea", onartu duela. Ondorioz, Euskadiko herritar guztiei, norbanako zein agintari, bete eta betearazi dezatela agintzen diet.

Gasteizen, 1982ko azaroaren 24ean.

Lehendakaria,
CARLOS GARAIKOETXEA URRIZA

ZIOEN ADIERAZPENA[aldatu]

Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-aginteen esku jartzen dute euskararen erabilera normalizatzera eta garatzera bideratutako neurriak hartzea, bere bi ikuspegiak kontutan hartuz: bai euskal herriaren kultura-ondarearen funtsezko osagai denez eta bai, gaztelaniarekin batera, Autonomia Erkidegoko lurraldean erabilera ofizialeko hizkuntza denez.

Horretaz, bada, euskara gure Erkidegoaren nortasunaren ezaugarri nabarmenena eta objetiboena dela ezagutzen dugu eta, euskara jakinez eta erabiliz, gizakiak erkidegoan bete-betean txertatzeko tresna dela.

Euskara euskal herriaren hizkuntza propioa izateak eta gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizial izateak, arrazoi bat ala beste dela-eta euskara erabili ezin duten herritarren eskubideei inongo kalterik ez die ekarri behar, inondik inora, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 6, artikuluaren 3. zenbakian propio esaten denarekin bat.

Hizkuntza Euskal Herriko herritar guztien integrazio-tresna gisa aitortuz gero, euskal herritarrek hizkuntza arloan dituzten eskubideak lege-antolamenduan jasotzeari ekin behar zaio eta, bereziki, hizkuntza ofizial bietako edozeinetan hitz egitekoa eta euskal herria gordailu duen kultura-ondarearen funtsezko zati den aldetik gure hizkuntzari zor zaion babesaren ziurtasuna.

Legearen oinarri diren printzipio orokorretatik abiatuta, Atariko Tituluak euskara Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren hizkuntza propio gisa aitortzen du eta euskara eta gaztelania bere lurraldean hizkuntza ofizial gisa. Titulu berean hizkuntza-arrazioengatiko bereizkeria galarazten da.

Lehen Tituluak hizkuntzaren alorreko herritarren eskubideak eta herri-aginteen betebeharrak ikutzen ditu.

Bigarren Tituluak herri-aginteen jarduera arautzen du. Lehen kapituluak euskararen erabilera herri-administrazioan aipatzen du eta bertan Autonomia Erkidegoaren herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen da.

  • Erregistro publikoetan dokumentuak lerrokatzea ere arautzen da eta agintzen da arau-xedapen zein administrazio-ebazpen eta -ekintza orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko duela argitaratzeko, jakinarazpen eta adierazpenak bezala.
  • Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiei esku ematen zaie beren aukerako hizkuntza ofiziaIaz baliatu ahal izateko.
  • Autononia Erkidegoko herrien eta, orohar, toponimo guztien izen ofizialak finkatzeko eskumena Jaurlaritzari, lurralde historikoetako foru-organoei edota toki-erakundeei aitortzen zaie.
  • Bide-seinale eta mezuak nola idatzi arautzen da. Bi hizkuntza ofizialen arteko zinpeko itzultzaile titulua lortzeko eta emateko baldintzak arautzeko ahalmena Jaurlaritzari ematen zaio eta, halaber, itzultzaile zerbitzu ofiziala sortzekoa.
  • Herri-aginteek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiak bi hizkuntzetan egon beharko direla zehazten da, eta baita Euskal Herritik abiatzen diren garraio publikoko zerbitzu guztietan ere.
  • Herri-administrazioari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak aurrikusten dira.

Bigarren kapituluak euskararen erabilera irakaskuntzan arautzen du. Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea eta aukeratu ez duen hizkuntza ofízialaren derrigortasuna arautzen da. Irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatzeko ardura Jaurlaritzari ematen zaio, eta baita ikasleek bi hizkuntza ofizialak benetan menperatzera bideratutako neurriak hartzea ere eta ikasketa-planen egokitzapena. Irakaslegoaren prestakuntzari dagokionez, irakasleek euskara eta gaztelania erabat menperatu ditzaten beren ikasketa-planak egokituko dira. Euskararen irakaskuntzan salbuespen posibleak ere aurrikusten dira.

Hirugarren Kapituluak euskararen erabilera hedabideetan arautzen du, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea aitortuz. Jaurlaritzari egozten dio euskara Autonomia Erkidegoko hedabideetan sustatzeko ardura eta Espainiako Irrati-Telebistan bultzatzekoa eta euskararen erabilera bultzatu eta babesteko neurriak hartzea irratian, egunkari eta aldizkarietan, irudiaren eta soinuaren grabaziotan eta abarretan.

Laugarren Kapituluak euskararen gizarte-erabilera eta erakundeen alorreko beste zenbait alderdi ukitzen ditu; helduen euskalduntzea eta alfabetatzea eta haibat alorretan euskararen erabilera bultzatzeko ardura Jaurlaritzari egozten dio eta Lege honen aplikazioa eta garapena bateratzeko Jaurlaritzak topagune bat sortuko duela aurrikusten du.

Bostgarren Kapituluan Jaurlaritzari egozten zaio euskararen batasuna eta normalizazioa begiratzea, hizkuntza ofizial komun denez.

Xedapen Gehigarriak Jaurlaritzari egozten dio Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo jardunik, euskararekin loturiko lana egiten duten erakunde edo aginteekiko harremanak bideratzea.

Aldibaterako Xedapenak gaur egungo egoeratik Lege hau bete-betean aplikatu era garatu ahal izan daitezen egoerara zubi egiten du, Legearen izpiritua beste lege eta araudietan gatzatu artean arau-hutsunerik egon ez dadin.

Legeak Xedapen Indargabetzailea eta Azken Xedapen bat ere baditu, non eta eskua ematen zaion Jaurlaritzari Legea erregelamendu-mailan garatzeko.

ATARIKO TITULUA[aldatu]

1. artikulua
Euskararen eta gaztelaniaren erabilera lege honetan xedatutakoari eta lege hau garatzeko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak eman ditzaten gainerako xedapenei lotuko zaie Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurraldean.
2. artikulua
Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa.
3. artikulua
Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan.
4. artikulua
Herri-aginteek Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ez dadin zainduko dute eta neurri egokiak hartuko dituzte.

LEHEN TITULUA[aldatu]

KAPITULU BAKARRA[aldatu]

Herritarren eskubideak eta herri-aginteen betebeharrak hizkuntzaren alorrean

5. artikulua
  • 1.- Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz.
  • 2.- Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:
    • a) Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz.
    • b) Irakaskuntza hizkuntza ofizial biotan izateko eskubidea.
    • c) Aldizkariak eta irrati-telebistetako eta beste hedabideetako emanaldiak euskaraz jasotzeko eskubidea.
    • d) Lanbide-jarduerak, langintza, politikagintza eta sindikatu-jarduera euskaraz egiteko eskubidea.
    • e) Edozein bilkuratan euskaraz mintzatzeko eskubidea.
  • 3.- Herri-aginteek eskubide hauen erabilera ziurtatuko dute Autonomia Erkidegoaren lurraldean, eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen.

BIGARREN TITULUA[aldatu]

Herri-aginteen jarduera

LEHEN KAPITULUA: Euskararen erabilera herri-administrazioan[aldatu]

Euskararen erabilera herri-administrazioan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lur-eremuan

6. artikulua
  • 1. Herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoaren lurraldean, herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa. Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko baliabideak bideratuko eskubide hori arian-arian gauzatu dadin bermatzeko.
  • 2. Pertsona batek baino gehiagok esku hartzen duen espediente edo prozeduretan, alde biek adostasunez erabaki dezaten hizkuntza erabiliko dute herri-aginteek. Adostasunik ez badago, espedienteari edo prozedurari hasiera eman dion pertsonak aukeratutakoa erabiliko da, beti ere, bakoitzak nahi duen hizkuntzan informazioa jasotzeko duen eskubidea gora behera.
7. artikulua
  • 1. Autonomia Erkidegoaren menpeko erregistro publikoetan, direla Jaurlaritzarenak, bere erakunde autonomiadunenak, foru-administrazioenak, toki-administrazioenak edota besterenak, dokumentuak lerrokatzea dokumentuok idatzita dauden hizkuntza ofizialean egingo da.
  • 2. Autonomia Erkidegoaren menpeko ez diren erregistro publikoetan, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko du, eskumena duten organoekin elkar hartuta.
  • 3. Lerrokapenok erakusteko nahiz ziurtagiriak luzatzeko, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinerako itzulpena ziurtatuko da.
8. artikulua
  • 1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek emandako arau-xedapen zein ebazpen ofizial orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofíziala egiteko.
  • 2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak eta baita administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute.
  • 3. Aurrekoan agindukakoa gora behera, herri-aginteek euskara bakarrik erabili ahal izango dute toki-administrazioaren esparruan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta, herritarren eskubideak kaltetzen ez badira.
9. artikulua
  • 1. Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek beren aukerako hizkuntza ofiziaIaz baliatu ahal izango dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeela.
  • 2. Euskaraz aurkeztutako idazki eta agiriak, eta baita epai-jardunak, balio eta eragin-indar osokoak izango dira.
  • 3. Eusko Jaurlaritzak, dagokien organoekin elkar hartuta, Euskal Herriko Justizia Administrazioan euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko du.
10. artikulua
  • 1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde, udal, biztanle-gune, geografia-gorabehera, hiri-bide eta, orohar, toponimo guztien izen ofizialak Jaurlaritzak, lurralde historikoetako foru-organoek edota toki-erakundeek finkatuko dituzte, zeinek bere eskumenen eremuan eta, beti ere, jatorrizko izen euskaldun, erromantze ala gaztelaniazkoa errespetatuz, hizkuntza bakoitzari dagokion idazkera akademikoarekin. Aurreko paragrafoan aipatutako izen ofizialei buruzko gatazkarik piztuko balitz toki-erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, Eusko Jaurlaritzak ebatziko du Euskaltzaindiari iritzia eskatu ondoren.
  • 2. Kale-bideetan jarritako bide-seinale eta mezuak bi hizkuntzetan idatzita egongo dira, beti ere nazioarteko arauak errespetatuz eta erabiltzaileentzako ulergarritasun- eta segurtasun-eskakizunak betez.
  • 3. Bi izenok zeharo desberdinak badira, biak izango dira ofizial, besteak beste, bide-seinaleetarako.
11. artikulua
Euskal Herritik abiatzen diren garraio publikoko zerbitzu guztietan inprimakiak, iragarkiak eta herritarrentzako mezuak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.
12. artikulua
  • 1. Jaurlaritzak bi hizkuntza ofizialen arteko zinpeko itzultzaile titulua lortzeko eta emateko baldintzak arautuko ditu.
  • 2. Halaber, itzultzaile zerbitzu ofiziala sortuko du, Autonomia Erkidegoko herritarren eta entitate publikoentzat lan egingo duena, itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetza juridikoa ziurtatzeko.
13. artikulua
Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan herri-aginteek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiak bi hizkuntzetan egon beharko dute.
14. artikulua
  • 1. Lege honen 6. artikuluan aitortzen diren eskubideak gauzatzeko, herri-aginteek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan herri-administrazioari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak hartuko dituzte.
  • 2. Herri-aginteek finkatuko dute zein lanpostutarako izango den derrigorrezko bi hizkuntzak jakitea.
  • 3. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko administrazioko gainerako lanpostuetara sartzeko egin daitezen hauta-probetan hizkuntza ofizialen ezagupen-maila hartuko da kontutan merezimendu gisa, besteak beste. Administrazioak finkatuko du lanpostu-maila bakoitzerako zein pisu izango duen.

BIGARREN KAPITULUA: Euskararen erabilera irakaskuntzan[aldatu]

15. artikulua
Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea irakasmaila guztietan. Horretarako, Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak neurri aproposak hartuko dituzte Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko irakaskuntzan elebitasuna gero eta orokorragoa izan dadin.
16. artikulua
  • 1. Unibertsitate-hezkuntza hasteraino egiten diren ikasketetan derrigorrezkoa izango da ikasketok hartzeko guraso edo kuradoreak edota, hala denean, ikasleak berak, aukeratu ez duen hizkuntza ofíziala irakastea.
  • 2. Dena den, Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzean irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatuko ditu, guraso-kuradoreen nahia eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontutan.
  • 3. Ikasketa arautuak Erkidegoan ofíziala ez den hizkuntza batean irakasten duten diru publikoz lagundutako ikastetxe pribatuek euskara eta gaztelania irakatsiko dituzte derrigorrezko ikasgai gisa.
17. artikulua
Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek ,aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara [ikastetxeetako] barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-ekintza eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz.
18. artikulua
Ikasketa-planak 15, 16 eta 17. artikuluetan finkatutako henburuei egokituko zaizkie.
19. artikulua
Irakasleen prestakuntzarako unibertsitate-eskolek beren ikasketa-planak egokituko dituzte, irakasleek euskara eta gaztelania erabat menperatu ditzaten, nork bere espezialitatearen eskakizunen arabera.
20. artikulua
  • 1. Jaurlarizak, euskarazko irakaskuntzarako eskubidea gauzatzeko, irakasleria gero eta euskaldunagoa lortzeko bitartekoak jarriko ditu.
  • 2. Halaber, Lege honen 15. eta 16. artikuluetan aurrikusitakoa betetze aldera, euskara jakitea zein irakaspostu edo ikasgelatarako izango den derrigorrezko zehaztuko du.
21. artikulua
OHOko ikasketak Euskal Herriko Autonomia Erkidegotik kanpo hasita dituzten ikasleek edota beren ohiko bizilekua Autonimia Erkidogoan ez dutela behar bezala egiaztatzen dutenek , euskara ikastetik salbuetsita gera daitezke, horretarako finkatuko den prozedurari jarraituz.

HIRUGARREN KAPITULUA: Euskararen erabilera hedabideetan[aldatu]

22. artikulua
Herritar guztiei aitortzen zaie gizarte-hedabideen aldetik euskaraz zein gaztelaniaz informatuak izateko eskubidea. Horretarako, hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino.
23. artikulua
Jaurlaritzak, aurreko artikuluan agindutako bi hizkuntzen arteko berdintasuna ziurtatze aldera, Autonomia Erkidegoko hedabideetan euskara lehentasunez erabili dadin bultzatuko du.
24. artikulua
Jaurlaritzak hizkuntza-normalizazioa bultzatuko du Espainiako Irratí-Telebistaren emanaldi-zentroetan, euskarak, Euskal Herriko hizkuntza propioa denez, behar duen presentzia izan dezan.
25. artikulua
Jaurlaritzak, 22. artikuluan aitortutako eskubidea arian-arian bermatzeko, euskararen erabilera bultzatu eta babesteko neurriak hartuko ditu eta, nolanahi ere, honako hauetan hedatu eta benetan erabiltzea ahalbidetuz: -irratian, -egunkari eta aldizkarietan, -zineman, -antzerki eta ikuskizunetan, -irudiaren eta soinuaren grabaziotan. Horretarako, gaiok ukitu eta arautu ditzaten legeetan titulu apropos bana garatuko da.

LAUGARREN KAPITULUA: Euskararen gizarte-erabilera eta erakundeen alorreko beste zenbait alderdi[aldatu]

26. artikulua
Euskal herri-aginteek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko gizarte-bizitzako alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko, herritarrek salerosketako, kulturako, elkarteetako, kiroletako, erlijiozko edota beste edozein motatako jarduera guztiak euskaraz garatu ahal izan ditzaten.
27. artikulua
  • 1. Euskal herri-aginteek euskararen erabilera sustatuko dute publizitatean.
  • 2. Halaber, euskal giroa eta euskara errotulazioan erabiltzea bultzatuko dute, era guztietako entitate komertzial, atsedenarako, kulturarako zein ofizialtasunik gabeko elkarteetan.
28. artikulua
Jaurlaritzak helduen euskalduntzea eta euskaldunen alfabetatzea bultzatuko ditu, horretarako erakunde publiko bat sortuz. Eusko Legebiltzarraren lege batek finkatuko du horretarako araubidea.
29. artikulua
Jaurlaritzak, euskararen erabileraren normalizazioa ahalbideratzeko, Lege hau gauzatu eta garatze aldera erakunde guztien lanak eta ahaleginak aztertu, bideratu eta bateratzea helburu izango duen topagune bat sortuko du.

BOSTGARREN KAPITULUA: Euskararen erabilera hizkuntza idatzi ofizial gisa[aldatu]

30. artikulua
Jaurlaritzak euskararen batasuna eta normalizazioa begiratuko du, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan idatzizko hizkuntza ofizial komun denez, Euskal Herriaren kultura-ondarearen funtsezko zati diren euskalkiei bizirik diren tokietan zor zaien begirunea gora behera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK[aldatu]

Lehenengoa
Jaurlaritzak, bere eskumenen esparruan, Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo jardunik, euskararen ikerketan, babesean eta sustapenean lan egiten duten erakunde edo aginteekiko kultura harremanak bideratuko ditu.
Bigarrena
Jaurlaritzak, Euskal Herriko plangintza soziolinguistikorako karta egingo du eta aldian-aldian berraztertuko, Eusko Legebiltzarrari jakinarazi ondoren. ;Hirugarrena: Eusko Jaurlaritzak, horretarako eskumena duten organoekin elkar hartuta, euskara Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Estatuaren Administrazioan arian-arian normalizatzeko neurriak hartzea bultzatuko du, Lege honen 6, 8, 11, 13 eta 14. artikuluetan araututakoetan.

ALDIBATERAKO XEDAPENAK[aldatu]

Lehenengoa
Lege hau indarrean sartu aurretik herri-administrazio desberdinetan hasita dauden prozedura eta espediente guztiak, hasi ziren hizkuntzan jarraituko dira amaitu arte.
Bigarrena
Jaurlaritzak, tokiko herri-aginteek eskaturik eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa bereziki kontutan hartuz, aldi baterako salbuetsi ahal izango du, bere eskumenen esparruan, Lege honetako artikuluren aplikazioa, beti ere Konstituzioaren edo Estatutuaren aginduz derrigorrezkoak ez badira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA[aldatu]

Indargabetuta geratzen dira Lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko ala beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA[aldatu]

Lege hau garatu eta gauzatzeko beharrezko diren erregelamendu-mailako xedapenak emateko eskua ematen zaio Jaurlaritzari. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean Lege hau.