Edukira joan

Alderdi Komunistaren Manifestua/Hitzaurrea 1890eko argitalpen alemaniarrari

Wikitekatik
Alderdi Komunistaren Manifestua
Hitzaurrea 1890eko argitalpen alemaniarrari

Hitzaurrea 1890eko argitalpen alemaniarrari

Aurretik dagoena idatzi zenetik hona igaro den denboran zehar, beharrezkoa bilakatu da Manifestuaren alemanierazko argitalpen berri bat, eta interesa du hemen Manifestuarekin erlazionaturiko gertakatiak gogoratzeak.

Errusierazko bigarren itzulpen bat -Vera Zasúlich -ek egina- Ginebran agertu zen 1882an; Marxek eta nik hitzaurrea erredaktatu genion. Tamalez, alemanieraz zegoen eskuizkribu originala galdu dut eta errusieratik berritzuli behar dut, batere onuragarria ez dena testuarentzako: Hau dio:

"Alderdi Komunistaren Manifestuaren lehen argitalpen errusiarra, Bakuninek itzulia, 60.eko hamarkadaren haseran egin zen Kólokolen inprentan. Garai hartan, lan honen errusierazko argitalpen batek Mendebaldean kuriositate literario baten itxura izan zezakeen soilik. Egun, halako kontzeptu bat ezinezkoa litzateke.

Mugimendu proletarioaren orduko ekintza eremu mugatua (1847ko abenduan) Manifestuaren azken kapituluak erakusten du inork baino hobeto: Oposizioko alderdi ezberdinekiko komunistek duten jarrera herrialde ezberdinetan. Errusia eta Estatu Batuak, bereziki, ez ziren aipatuak izan. Errusiak erreakzio europar osoaren azken erreserba handia osatzen zuen garaia zen eta Estatu Batuetarako emigrazioak Europako proletalgoaren indar soberakinak xurgatzen zituen garaia. Bi herrialde hauek Europa lehengaiez hornitzen zuten eta ,aldi berean, ekoizpen industriala bertan saltzeko merkatuak ziren. Bika, beraz, era batera edo bestera, Europaren garaiko ordenaren zutabeak ziren.

Zein aldaturik dagoen dena! Hain zuzen ere Ipar Ameriketarako emigrazio europarrak nekazaritzaren garapen izugarria egin du posible, konpetentzia honek Europako lur jabego handiaren eta txikiaren zimenduak kolokan jartzen dituelarik. Hauxe izan da, gainera, Estatu Batuei halako energiarekin eta halako proportzioetan bere baliabide industrial izugarrien esplotazioari ekiteko aukera eman diona, epe labur batean Mendebaldeko Europaren, eta batez ere Ingalaterraren monopolio industrialarekin amaituko duena. Bi gertakari hauek era berean modu iraultzaile batean eragiten duten Ipar Amerika berarengan. Etxaldeen jabeen nekazal jabego txikia eta ertaina, erregimen politiko iparramerikar osoaren harri angularra, jausten ari da hazienda handien konpetentziagatik, eskualde industrialek bien bitartean, lehen aldiz, proletalgo ugari bat sortzen dutelarik kapitalen kontzentrazio izugarri batekin batera.

Eta Errusian? 1848-1849ko iraultza gertatu zenean ez Europako monarkek bakarrik, baita burgesia europarrak ere, esku-hartze errusiarra salbaziorako bide bakar bezala ikusten zuten proletalgoaren aurka, zeina esnatzen hasirik zegoen. Tsarra erreakzio europarraren buru bezala goraipatua izan zen. Orain, Gatchinan, iraultzaren gerra-presoa da, eta Errusia Europako mugimendu iraultzailearen abangoardian aurkitzen da.

Manifestu Komunistak jabego burges modernoaren desagerpen hurbila eta ekidin ezina aldarrikatzea hartu zuen bere eginkizun bezala. Baina Errusian, sortze bidean diren fraude kapitalistaren eta lur jabego burgesaren loraldi biziaren alboan, nekazariak amankomunean lurraren erdia baino gehiagoren jabeak direla aurkitzen dugu. Ondorioz, galdera hau da: nekazal komunitate errusiarra -lurraren jabego komunal primitibotik oso desnaturalizaturik dagoena, bestalde- gai izango al da zuzenki jabego kolektiboaren forma gorenagora, forma komunistara, igarotzeko, edota honen aurretik Mendebaldearen garapen historikoak suposatzen duen lur komunalaren disoluziotik igaro beharko al du aurrena? Auzi honi gaur egun eman dakiokegun erantzun bakarra honako hau da: iraultza errusiarrak Mendebaldeko iraultza proletariorako seinale bat ematen badu, egungo Errusiako lurraren jabego amankomunak garapen komunistarako abiapuntu bezala balioko du.

Karl Marx. Friedrich Engels

Londres, 1882ko urtarrilaren 21a".

Polonierarako itzulpen berri bat garai hartan agertu zen Ginebran: Manifiest Kommunistyczny. Gerora beste itzulpen bat agertu da danieraz Socialdemokratisk Bibliotheken, Kopenhagen 1885ean. Tamalez, ez da itzulpen oso bat; oinarrizko pasarte batzuk, dirudienez itzulpen zailtasunengatik, kenduak izan dira, eta orokorrean, pasarte batzuetan negligentzia zantzuak nabarmentzen dira, are negargarriagoak itzultzaileak arreta pixka bat gehiago jarri izan balu bikaina izango zela ikusten denean itzulpenaren gainerako zatian. 1885ean itzulpen frantses berri bat agertu zen Parisko Le Socialisten; orain arteko hoberena da. Hontatik espainierarako itzulpen bat egin zen, urte berean, haseran Madrilgo El Socialistan argitaratu zena eta ondoren foileto batean: Manifiesto del Partido Comunista, por Carlos Marx y F. Engels, Madrid. Administracion de El Socialista, Hernan Cortes, 8. Kuriositate bezala esan behar dut 1887an Konstantinoplako editore bati armenierazko itzulpen baten eskuizkribua eskeini zitzaiola; baina gizon zintzo hark Marxen izena agertuko zen lan bat inprimatzeko adorerik ez zuen izan, eta itzultzailea autore bezala azaltzea hobetu iruditu zitzaion, honek proposamenari uko egin ziolarik. Ingalaterran hainbat aldiz itzulpen iparramerikar ez hain zehatz batzuk berrargitaratu ostean, behingoz, 1888an, itzulpen jator bat agertu zen. Nire lagun Samuel Moore-i dagokio, eta biok errepasatua izan da inprimatu aurretik. Izenburu bezala honako hau darama: "Manifesto of the Communist Party, by Karl Marx and Frederick Engels. Authorized English Translation, edited and annotated by Frederick Engels. 1888. London, William Reeves, 185 Fleet st. E. C.". Argitalpen honetan nik itzulpen ingeleserako idatzitako ohar batzuk erreproduzitu ditut.

Manifestuak bere historia propioa du. Bere agerpenaren unean sozialismo zientifikoaren abangoardia ez ugariak irrikaz onartua (lehenengo hitzaurrean aipatutako itzulpenek frogatzen duten bezala), segituan bigarren maila batera baztertua izan zen langile paristarren 1848ko ekaineko porrotaren ostean ekindako erreakzioa zela eta, eta "legez" proskribatua izan zen Koloniako komunisten kondenaren ondorioz, 1852ko azaroan. Eta Otsaileko iraultzarekin hasi zen langile mugimendua eszenatoki publikotik desagertu zenean, Manifestua ere bigarren planora igaro zen.

Langile klase europarrak klase agintarien boterearen aurka ekiteko adina indar errekuperatu zituenean, Langileen Nazioarteko Elkartea sortu zen. Honek Europako eta Ameriketako langile klase borrokalari osoa ejertzito izugarri batean biltzeko helburua zuen. Ezin zuen, beraz, Manifestuan azaldutako printzipioetatik abiatu. Trade unions ingelesei, orudhoniano frantsesei, belgikarrei, italiarrei eta espainiarrei eta lassallear alemaniarrei atea itxiko ez zien programa bat behar zuen. Programa hau -Internazionalaren Estatutuen aitzin solasa- Marxek erredaktatua izan zen Bakuninek berak eta anarkistek ere onartu zioten maisutasunez. Manifestuan azaldutako tesien erabateko garaipenerako, Marxek langile klasearen garapen intelektualean soilik zuen konfidantza, zeina ekintza bateratuaren eta eztabaidaren bidetik etorriko zen ezinbestean. Kapitalaren aurkako borrokako gertakariek eta gorabeherek, porrotek garaipenek baino gehiago, ordurarte haietan sinestu zuten panazea guztiak ez zirela aski ikusarazi besterik ez zieten egiten borrokalariei eta gaituagoak bilakatzen zituzten langile emantzipazioaren egiazko baldintzak sakonago ulertzeko. Eta Marxek arrazoi zuen. 1874ko langile klasea, Internazionala existitzeari utzi zion garaikoa, oso desberdina zen 1864koarekiko, Internazionala fundatu zen garaiarekiko. Proudhonismoa herrialde latinoetan eta lassalleanismoa zehazki Alemanian hilzorian zeuden, eta orduko trade unions ingelesak, ultrakontserbatzaileak, pixkanaka- pixkanaka euren Swanseako Kongresuko presidenteak, 1887an, honako hau esango zuen momentura ari ziren hurbiltzen: "Sozialismo kontinentalak jada ez gaitu beldurtzen". Baina 1887an, sozialismo kontinentala ia esklusiboki Manifestuan formulatzen den teoria zen. Eta honela, puntu jakin bateraino, Manifestuaren historiak 1848tik honako langile mugimendu modernoaren historia islatzen du. Gaur egun, zalantzarik gabe, literatura sozialista zabalduena, internazionalena da, herrialde guztietako milioika langileren programa amankomuna, Siberiatik Kaliforniararte.

Eta hala ere, argitaratu zen unean ezin izan genion Manifestu Sozialista deitu: 1847an, sozialista izenak bi pertsona kategoria biltzen zituen. Batetik, sistema utopiko ezberdinen jarraitzaileak, batez ere owenistak Ingalaterran eta fourieristak Frantzian, pixkanakako desagerpen prozesuan zeuden sekta soilak besterik ez zirenak jada. Bestetik, euren panazea anitzekin eta mota guztietako enplastuekin gaitz sozialak kapitala eta irabazia, apur bat ere kaltetu gabe, ezereztu nahi zituzten petrikilo sozial ezberdinak. Bi kasuetan, langile mugimendutik at aurkitzen zen jendea eta babesa batez ere klase "ikasietan" bilatzen zuten. Bestalde, iraultza politiko soilen askieztasunaz konbentziturik, gizartearen eraldaketa erradikal bat exijitzen zuen langileen zatiari komunista deitzen zitzaion garai hartan. Ia landu gabeko komunismo bat zen, instintiboa soilik, batzuetan traketsa: baina guztiz indatsua izan zen komunismo utopikoaren bi sistema sortzeko: Frantzian, "ikarioa", Cabetena, eta Alemanian, Weitlingena. 1847an sozialismoak mugimendu burges bat izendatzen zuen; komunismoak, langile mugimendu bat. Sozialismoa, kontinentean behintzat, oso errespetagarria zen; komunismoa guztiz kontrakoa zen. Eta guk garai hartan "langile klasearen emantzipazioa langile klasearen beraren lana" izan behar duenaren printzipioari ausartki eusten genionez, ezin izan genuen zalantzarik eduki bi izendapenen artean aukeratzerakoan. Eta gerora ez zaigu sekula ere hari uko egiterik bururatu.

Herrialde guztietako proletarioak, elkar zaitezte! Ahots gutxi batzuk erantzun ziguten hitz hauek munduan zehar jaurtiki genituenean, duela berrogeita bi urte, proletalgoak bere errebindikazio propioak planteatu zituen lehenengo iraultza paristarraren bezperetan. Baina, 1864ko irailaren 28an, Mendebaldeko Europako herrialde gehienetako proletarioak Langileen Nazioarteko Elkartea sortuz elkartu ziren, memoria loriatsukoa. Egia da Internazionala soilik bederatzi urtetan zehar bizitu izan zela, baina herrialde guztietako proletarioengan ezarritako betiereko batasuna oraindik bizirik dago eta inoiz baino indartsuago dirau, eta ez dago froga hobeagorik gaurko egun hau baino. Izan ere gaur, lerro hauek idazten ditudan une honetan, Europako eta Ameriketako proletalgoa bere indarrei errebista pasatzen ari da, lehen aldiz ejertzito bakar batean mobilizatuz, bandera bakar batenpean eta berehalako helburu batekin: zortzi orduko lan egunaren ezarpen legala, 1866an Internazionalaren Kongresuak eta berriro ere Parisko Langile Kongresuak 1889an aldarrikatua. Gaurko ikuskizunak herrialde guztietako kapitalistei eta lurjabe handiei, herrialde guztietako proletarioak elkarturik daudela erakutsiko die.

Oh, Marx nire alboan egongo balitz bere begiekin ikusteko!

F. Engels

Londres, 1890eko maiatzaren 1ean.