Edukira joan

Aliantza Santuaren Ituna

Wikitekatik

Trinitate Txit Santuaren eta Zatiezinaren izenean.

Berorien Maiestateak Austriako Enperadorea, Prusiako Erregea eta Errusiako Enperadorea, azken hiru urte hauen ibilbidea Europan markatu duten gertaera handien ondorioz, eta nagusiki jainkotiar Probidentziak beregan bakarrik konfiantza eta itxaropena jarri duten gobernuen Estatuei banatu dizkien onuren ondorioz, uste osoa izanik beharrezkoa dela potentziek elkarren arteko harremanak finkatzea Jainko salbatzailearen betiereko erlijioak irakasten dizkigun egia ezin hobeei buruz:

Handikiro deklaratzen dugu aurrean dugun aktaren helburu bakarra Unibertsoaren aurrean bere erabaki apurtezin hau adieraztea dela, hain zuzen ere, jarrera-arau gisa, bai bakoitzaren Estatuen administrazioan, bai edozein gobernurekin dituen harreman politikoetan, erlijio santu honen arauak baizik ez hartzea, zuzentza, karitate eta bake arauak, alegia.

Horren ondorioz, Berorien Maiestateek honako artikulu hauek erabaki dituzte:

I. artikulua. Eskritura Santuetako hitzen arabera, zeinek gizon guztiei euren artean anaia gisa begiratzea agintzen dien, kontratua izenpetu duten hiru erregeak elkartuta egiazko eta desegin ezinezko loturaz elkartuta egongo dira eta euren buruak herrikidetzat hartuko dituzte, edozein unetan eta edozein lekutan laguntza eta babesa eskainiko diote elkarri; euren menpekoekin eta armadekin famili buru gisa portatuko dira; beraien senidetasun-espiritu horretan zuzenduko dituzte besteak erlijioa, bakea eta zuzentza babesteko.

II. artikulua. Horren ondorioz, indarrean dagoen printzipio bakarra, bai aipatutako gobernarien artean, bai menpekoen artean, elkarri laguntza eskaintzea izango da. Horretaz gain, borondate onaren bidez izan behar duten elkarrenganako estimuaren testigantza eman behar dute, nazio kristau beraren kidetzat hartu behar dituzte denek euren buruak, eta elkartutako hiru printzeek Probidentziaren delegatuak baino ez dira izango familia beraren hiru adar gobernatzeko: Austria, Prusia eta Errusia, horrela argi eta garbi aitortuz nazio kristauak, beraiek eta beren herriek osatzen dutena, buru bakarra dutela, hain zuzen ere, boterea duena, beregan baitaude bakar-bakarrik maitasunaren, zientziaren eta zuhurtasun mugagabearen altxor guztiak, hau da, Jainkoa, Gure Salbatzaile Jesukristo, Goi-Goikoaren hitza, bizitzaren hitza. Horren ondorioz, Berorien Maiestateek gomendatzen diete euren herriei, eskaera samurrenez, kontzientzia onetik sortzen den bakeaz gozatzeko bide bakar gisa eta irauten duen bakarra baita, egunetik egunera sendotzen joateko jainkotiar Salbatzaileak gizakiei irakatsi dizkien printzipioetan eta betekizunak burutzen.

III. artikulua. Akta hau ahalbidetu duten printzipio sakratuak handitasunez sendetsi nahi dituzten potentzia guztiek eta aitortzen badute garrantzitsua dela oso luzaroan erasoaldiak izan dituzten nazioen zoriontasunerako egia hauek aurrerantzean gizakien patuan dagokien eragin guztia izatea, maitasun eta ardura handiz hartuko dira Aliantza Santu honetan.

Parisen egina, hiru aletan eta izenpetua 1815eko irailaren 20an.

Frantzisko, Federiko-Gilen eta Alexandro


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Mikel Aizpururen baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.