Analak eta Historiak I/Bosgarren liburua

Wikitekatik
Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Bosgarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


Bosgarren liburua

1.    Biek Gemino goitizena zeukaten Rubelio eta Fufioren kontsulaldian, Julia Augusta oso zaharturik hil zen, gorenetarikoa berau, Klaudia sendiaren eta Libioen eta Julioen adopzioaren bitartez. Lehenengo ezkontza eta umeak Tiberio Neronekin izan zituen, zeina, Perusako gerran iheslari, Sesto Ponpeio eta triunbiroen arteko bakea ituntzean, hirira itzuli baitzen. Gero Zesarrek, haren edertasunaz liluraturik, senarrari kendu zion, ez jakin emaztearen desgogoz, eta hain bizkor, ezen, erditzeko astirik ere eman gabe, haurdun sartu baitzuen etxean. Aurrerantzean, ez zuen beste umerik izan, baina, Agripinaren eta Germanikoren ezkontzaz, Augustoren odolarekin bat eginik, beronekin birbiloba komunak izan zituen. Moralitate antigoaleko emakumea zen, antzinako emakumeen bereizgarritzat jotzen zena baino adeikorrago, ama dominatzaile, emazte atseginkor, ondo egokitua, bai senarraren arteetara, bai semearen simulaziora. Hileta apala izan zuen eta testamentua luzaro egon zen betetzeke. Aurpegien aurreko goraipua Gaio Zesar birbilobak egin zion, gero aginte osoa beregandu zuenak.

2.    Tiberio, ostera, gutunez desenkusatu zen amaren azken ofizioetan falta izanaz, bere bizikera atsegina ezertan aldatu gabe, ardura handien aitzakian. Gainera, senatuak haren oroimenarentzat eskuzabal adosturiko ohoreak apaldu egin zituen modestia itxuran, banaka batzuk bakarrik onarturik, eta kultu jainkozkorik ez dekretatzeko erantsirik, amak berak ere halaxe nahi izan zuela eta. Gutun bereko zati batean, emakumeekiko adiskidetasunei ahakar egiten zien, Fufio kontsula zeharka gaitzetsiz. Hau Augustak oso estimatua izan zuen, emakumeen gogoak bereganatzen trebea zelako, baita berritsua ere, Tiberio barregarri uzten zuena zelebrekeria mingotsekin, zeintzuk ahaltsuek luzaroan gogoan izaten dituzten.

3.    Gainerakoan, ordutik, Tiberioren agintea anker eta itogarri bilakatu zen; zeren, Augusta bizi zela, bazen abaro bat, Tiberiok amari errespetu itzela ziolako, eta Seiano ere haren autoritateari aurrea hartzen ausartzen ez zelako; baina, orduan, galgak askaturik bezala azkartu ziren eta senatura Agripina eta Neronen aurkako gutun bat bidali zuten, jendeak lehenago idatzia eta Augustak edukia izan zela uste zuena, honen heriotzatik laster irakurri baitzuten. Laztasun kalkulatuko hitzak zeramatzan, baina saiakera armaturik, ez asmo nahaslerik ez zitzaien egozten, baizik birlobaren mutilekiko amodioak eta lotsarik eza gaitzesten. Errainaren aurka, horrelakorik asmatzen ausartzen ez zenez, haren aurpegikera harroa eta gogo errebeldea alegatzen zituen, senatuaren izu handiz eta isiltasunez, harik eta zintzotasunean inolako federik ez zeukaten banaka batzuek (gaitz publikoak grazia irabazteko aukeratzat hartzen ditu zenbaitek) informazio ofiziala eskatu zuten; Kotta Mesalino nabarmendu zen, proposamen izugarri batekin. Baina beste gorenak eta, batez ere, magistratuak dardar zeuden, zeren Tiberiok, bortizki eraso bazuen ere, gainerakoa zalantzan utzi baitzuen.

4.    Senatuan bazen Junio Rustiko bat, Zesarrek senatuko aktak jasotzeko hautatua eta, horregatik, haren pentsakizunetan barneratzen zela uste zutena. Mugida fatal batek (artean ez baitzuen kemen erakutsirik eman), ebo argitasun makurrak eramanik, eta, gauza ez ziurren beldurrez, zer mehatxu zegoen ahazturik, zalantzatien artean kokatu eta kontsulei eztabaida ez hasteko aholkatu zien; gauzarik garrantzitsuenak laster aldatzen direla argudiatzen zuen, eta Germanikoren etxearen hondamena damutuko zitzaiola agureari. Aldi berean, herriak, Agripinaren eta Neronen irudiak eramanez, kuria inguratu eta, Zesarrentzat onezko augurioekin, gutuna faltsua zela oihu egiten, eta, printzearen gogoaren kontra, bere etxea akabatu nahi zutela. Hala, egun hartan, ez zen ezer txarrik onartu. Antzinako kontsulen izenean, Seianoren aurkako proposamen faltsuak ere bazebiltzan, asko baitziren isilpean eta, beraz, lotsagabeago, euren gogo askatasunari ekiten ziotenak. Hortik, Seianok haserre bortitzagoa eta salapideak atera zituen: senatuak printzearen samina arbuiatu ei zuen, herria matxinatu egin ei zen, arenga iraultzaileak, senatu-lege iraultzaileak entzuten eta irakurtzen ei ziren; zer falta zen, armak hartu eta banderei bezala jarraitu zien irudien jabeak buruzagi eta enperadoretzat hartzeko?

5. Zesar, beraz, birloba eta errainaren aurkako erasoak errepikatu eta herriari, ediktu bidez, haserre egin ondoren, senatura kexatu zen, senadore bakar baten iruzurragatik, maiestate inperialari iseka ageria egin zitzaiolako, eta auzia, osorik, bere gain hartu zuen. Eta gehiagoko eztabaidarik ez zen izan, ez zer larriak bozkatzeko bakarrik (hori debekatua baitzen), baizik ezta lekukotzarik uzteko ere, eurak mendekurako gertu egonik, printzearen botereak eragozten ziela
'