Analak eta Historiak I/Hitzaurrea

Wikitekatik
Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Hitzaurrea
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Hitzaurrea

Historiae eta Annales Tazitoren lanik garrantzitsuenak dira, historialari bezala. Agrikolaren bizitza eta Germania ere historikotzat jo daitezke, baina biak ere monografiak dira, euren interes nagusia eta dudagabea historiari berari gehigarri zaion ildotik garatzen baita. Hizlarien elkarrizketa delakoa, berriz, politikari-idazleak izan zuen eboluzioari buruzko tratatua da areago. Bere eginkizun nagusia, errepublika aroan, oratorian zentratzen zen, baina, botere absolutua progresiboki ezarri ahala, hitzak gizartean zeukan boterearen desagerpena onartu beharra zeukan.

Aurkezpen baten arretagai nagusia autorearen, oraingoan Tazitoren, lana bada ere, ehundaka ez ezik, ia bi mila urtez urruntzen gaituen garairako, autorearen ingurunea ezagutzea nahitaezkoa da, bere zenbait alderditan, behintzat. Horrek kontaketa zerbait zehatzago ulertzen lagun dezake, kasu honetan kontaketa historikoa delako, zailtasunak areagotzen zaizkiona. Tazitoren bizitzatik hasteak bera bizi izan zen garaira garamatza.

BIZITZA[aldatu]

Haren bizitzaz dauzkagun berriak oso urriak dira. Berak oso gutxi ematen dizkigu, batzuk beste autore latindar batzuengan aurkitzen ditugu, eta beste batzuk, azkenik, haren figuraz arduratu diren ikertzaileen lanketa dira.

Bizitza pribatua[aldatu]

Haren bizitza pribatuaz oso gutxi dakigu; izena bera ere zalantzapean dago: ez dakigu Publio Kornelio ala Gaio Kornelio den, lekukotzek bitzuek ematen baitituzte. Bere jaiotza egunik ere ez dakigu zehatz, 56. urte inguruan, Neronen aginte hasieran, kokatzen da baina. Ondorio hau Pliniok bere adinaren eta harenaren artean egiten duen konparazioan oinarritzen da, berea txikiagoa, Tazitori bidaltzen dion (7.20.3-4) gutun batean dioenez: «Geroari deigarri egingo zaio, bere bakanagatik, adinean, egoera sozialean eta ospe literarioan berdinduriko bi gizonek denean elkar babestu izana. Egia da ni gaztetxoa nintzela, zuk jada entzute eta aintza osoa erdietsiak zenituenean...»

Bere jaiotza-lekuaz are zalantza gehiago dago, zeinari buruz, daturik ezean, Erromatik Narbonar Galiara (Vaison-la Romaine ingurua) doazen hipotesiak egiten diren, Galia Zisalpinotik eta Ternitik pasaturik (HA Flav. Vop. Tac, 10.3). Horietariko edozein oinarritzeko arrazoiak dedukzioak dira, Tazitori egokitzeko modukoak diren testu edo egoeretatik, nahiz eta, gaur egun, historialariak Narbonar Galiara makurtzen diren, alde horretako Tacitus cognomen-aren maiztasuna bide.

Ziur dakiguna da, Tazitok berak emandako berriak direlako, 78. urtean, Julio Agrikolaren alabarekin ezkondu zela, Britaniako kontsula eta legatua bera, Domizianoren agintaldian, Tazitok bere lan txikietariko bat eskaini ziona: Agrikolaren bizitza. Baita ezagutzen dugu, Plinio Gaztearen gutunei esker (ep.2.1.6; 2.11.1; 4.13.11; 7.20.4), bien arteko adiskidetasuna eta elkarlana ere, abokatu salatzaile bezala, Mario Priskoren (100. urtea), korrupzioaren errudun eta, Domizianoren agintaldian, delator ezagunaren, aurkako prozesuan. Azken albiste honek bere bizitza politikora garamatza zuzen.

Bere heriotza-eguna ere dudazkoa da, eta Asian prokontsul izan zen dataren ezagutzan oinarritzen da, 112/113. urteetan, Adrianoren garaian. Heriotza, beraz, 117-120. urteetan kokatzen da. Horrela, haren bizitzak Neron-Adrianoren bitartea hartzen du.

Egoera eta karrera politikoa[aldatu]

Haren karrera politikoa, Analak 1-1-ean berak dioskunez, Vespasianorekin hasi zen berez; Titoren agintaldian, kuestore kargua izan zuen, eta cursus honorum-ean aurrerantz egin zuen, Domizianorekin pretoretza eskuratu arte, 88. urtean, Ludi Saeculares izenekoen ospakizun urtean. Horien antolakuntzan parte hartu zuen, hartarako ardura zeukaten XVviri sacris faciundis izenekoen abade elkarteko (collegium) kide legez. (Anal. 11.11). Segurrenik, postu militarra ere izan zuen ondoren, zeren, bere aitaginarreba Agrikola 93an hil zelarik, bera Erromatik kanpora egona baitzen lau urtez. Trajanoren kontsul bezala kokatzen dute.

Bere emaitza historikoaren aldetik, nabarmentzea garrantzitsua delakoan nago Tazitok zer aro bizi izan zuen kontzienteki. Hamar bat urtetatik, inguruko gertaeren uler-maila bat izan daitekeela emanik, Tazito bere lanean bere bizipen propioak islatzeko moduan egon zitekeen, 68an hiltzen den Neronen urteetatik eta honen heriotzari jarraitu zion gerra zibiletik hasita, orduan hamahiru bat urte izango baitzituen. Aurreko aldia, Julio-Klaudiotar dinastiari dagokiona, bere aurrekoen gomutetatik ezagutua izan zezakeen. Baldin Tazitok, 66. urtean, 60 bat urteko pertsonengandik, K. o. 14. urteko Augustoren heriotzatik gora, behintzat, gorabehera sozio-politiko guztiak osoki bizi izan zituztenengandik, aurreko aldietako kontuak entzun zitzakeela pentsatzen badugu, Tiberioren agintaldiaren hasieran jartzen gara.

Bizipen pertsonaloi edo izanak zituen jendearengandik zuzen zetozenoi, eskuragarri ziren dokumentu ofizialetan erregistraturiko datuak gehitu behar zaizkie, hala nola, Senatuaren bilkuretako Aktak (Acta senatus) eta gazeta ofiziala bezalako bat zenak (Acta diurna) emaniko berriak; biak estatuaren Artxiboetan gordetzen ziren. Bere lanetan ematen duen zenbait albistetan, berak Historiak eta Analak liburuetan historiaturiko garaiak jorratu zituzten aurreko historialariak edo Neronen ama Agrippina minor-enak bezalako memoriak ere aipatzen ditu (Analak, 4.53). Azken bi puntuotan, historialari batenak izanik, interesgarrienak eurok izan arren, daturik eza erabatekoa da; Tazitok iturri hauek erabili zituela baldin badakigu, berak bere lanean horren konstantzia utzi duelako da, zeren, dokumentu ofizialen desagerpen bidezkoari dagokionean ez ezik, lan historikoei dagokienean ere ez baita kontserbatu, Erromaren historiaren ulerkuntzarako, hain urte erabakigarri horietaz idatzi zuten historialarien testurik. Tiberioren gizon Veleio Paterkuloren lan laburra bakarrik geratzen zaigu, enperadore honi buruzko berriak dakartzana; gainerako lanetik, zatiak bakarrik geratzen zaizkigu, batzuk haietaz Tazitok berak egiten duen aipamenari esker gordeak. Egoera, nolanahi ere, okerragoa da, historialariei buruzko aipamenak urriak baitira, zeren Tazitok, bere iturriak aipatzeko, esamolde orokorragoak nahiago izaten baititu: scriptores annalium, scriptores eorum temporum, etab.

Tazitoren bizialdia, 65 bat urtetako aldia, gizakume baten bizitzarako luzeegia ez bada ere, garrantzi politikorik goreneko gertaeraz josita dago: dinastia baten, Augustok ezarritako Julio-Klaudiotar dinastiaren amaia, eta ondorengo gerra zibila, 69. urtean; dinastia berri baten agintaldia, Flaviar dinastiarena, zeinak, Nervak 69an buruturiko trantsizio laburraren ondoren, Antoninotarren dinastiari bide eman zion; horrek esan nahi du gerra zibila bezalako biolentzia ageriko aldiak izan zirela, eta biolentzia ezkutukoak, Neronen (62-68) eta Domizianoren (93-96) azken urteak, baita normal itxurako aldiak ere. Bidezko denez, azken irizpen horren azpian, monarkaren botere absolutuaren finkapen progresiboak jarraitzen duela atera behar da, zeinak, logikoki, Senatuaren eta senatarien boterearen murrizketa dakarren. Prozesu lentoa, izatez, Augustorekin hasi zena eta, Tazitok idazten duen garaian, I. mendearen azkenetan eta II.naren lehenengoetan, jada bueltagabea zena.

TAZITOREN LANA[aldatu]

Lan txikiak[aldatu]

Deskribapena[aldatu]

Arinki bada ere, gure autorearen «lan txikiak» direlakoei buruzko pintzelkada batzuk ematea komeni da. Era ezberdineko hiru monografia dira: Germania, De vita Iulii Agricolae eta Dialogus de oratoribus.

Julio Agrikolaren Bizitza Domizianoren heriotzatik gerotxoago idatzia dela dirudi, 96. urtean. Biografiaren ezaugarriak ditu, laudationes funebres direlakoenak, pertsonaia handien heriotzako erritualak eurok; eta, Tazitok idazten duen unean, berri samarra den genero batenak, zeinari exitus uirorum illustrium deritzon. Izatez, Agrikolaren figuraren inguruan zentraturiko monografia da, haren pertsonarekin zerikusia duten garapen historikoei sarrera ematen diena, batez ere, erromatar armadaren buru, haren Britaniako kanpainei dagozkien bizitza zatikoak.

Erromatar historialariek, euren lanetan, etnografia tankerako deskribapenak egitera jotzen duten arren, Germania tratatu etnografikoa da berez, genero historiko arraroa, arrotza ere bai, esan genezake, aurreko literatura latindarraren barruan. 98an idatzia izan zen, hau ere, aurrekoa bezala, Nervaren agintaldian, Erromaren herri «barbaroekiko» harremana arazo serioa izaten hasi zenean. Arrakasta handik mendeetara etorri zitzaion, germaniar herrien identitatea finkapen bila ari denean, eta basati onaren irudia mendebal Europan zabaltzen ari denean. Erromatar gizartearekiko kontraposizioz, gizakiaren irudi gutxiago degradatua eskaintzen bide duen Germania hau, gero antzinako zibilizazioekiko harremanetik etorriko ziren kutsapenetatik libre zegoen iragana errebindikatzeko moduan erabiltzen da.

Hizlarien elkarrizketa delakoaz, luzaro eztabaidatu zen Tazitorena ote zen, hango prosa gainerako produkzio literarioarekin bat ez zetorrela eta. Estilo aldakuntzaren justifikaziotzat, landutako genero ezberdina izan da arrazoi nagusietarikoa, orain autoretza onartzeko ematen dena.

Guri iritsi zaigun moduan, amaitu gabe eta hutsuneekin, oratoriak zer destino daukan planteatzen du, eztabaida politikoa ezinezkoa den munduan. Botere absolutua daukatenek ez dute aurkako iritzirik onartzen; eztabaidan jartzen ez diren erabakiak botereak ezartzen ditu; karguak ez daude haietara jotzen dutenen konbikzio ahalmenaren gorabeheran, enperadoreak izendatuak baizik; eta, oratoriaren alferrekoa osatzeko, justiziaren administrazioa geroz agintarien eskurago dago. Hori nahikoa ez balitz, eta orator delakoaren esparrua literatura lanera zabaldurik, hemen ere idazleak ez dauka askoz esparru handiagorik, berea adierazteko. Tazitok elkarrizketa aurreragoko garaian girotzen du, Domizianoren agintaldian, horrek bere ideiak adierazteko bidea ematen baitio, bere sasoiko egoera politikotik urrundurik. 

Transmisioa[aldatu]

XV. mendean, 1431-n, Niccolo Niccolik Hersfeld-en eskuizkribu bat aurkitu zuen, Tazitoren hiru lanok eta Suetonioren de grammaticis et rhetoribus zekartzana eta, 1455ean, Pier Candido Decembriok, Erroman, Alemaniatik etorritako kodize batekin identifikatu zuena. Geroztik, Germania eta Dialogus-aren transmisio komuna daukagu, eta beste bat zatikakoa, Agricola-rentzat. Azken honena, IX. mendearen erdialdeko eskuizkribu bat kontserbatzen zen, beharbada, Fuldan idatzia, gero desagertu egin dena. Kodize honetan, Agricola IX. mendeko kopiatzaileak zati bat kopiaturik eta XV. mendeko kopiatzaile batek osaturik zegoen. Beraz, adituek uste dutenez, Agrikola-k tradizio eskuizkribatu ezberdina dauka beste lan bietarik, zeren kasu batean dauzkagun XV. mendeko eskuizkribuek Hersfeld-go eskuizkribu galdutik datozenak baitira, eta bestean, bera ere desagertua den Fuldakotik. Eta hori Hersfeldensis-ak, Italiara heldu zenean, hiru lanak hartzen zituela.

Oraingo eskuizkribuak kopietatik datoz. Germania eta Dialogus transmititzen dituztenak Viena, Munich, Paris, Napoli eta Veneziako Biblioteketan, eta Vatikanoko Biblioteka Apostolikoan daude. Agricola hiru eskuizkributan bakarrik kontserbatzen dugu, euretariko bi Vatikanokoan eta bestea Toldeoko Katedraleko Bibliotekan.

Historiak eta Analak[aldatu]

Historien eta Analen idatz-data eta bi lanen arteko aldiak[aldatu]

Historien idatz-data 98. urtearen azken inguruan jarri ohi da, eta amaiera 109an. Esana dugunez, kontatzen diren gertakariak 69tik 96ra izanak dira: 69ko gerra zibila, Neronen heriotza ondoren etorri zena. Urte horri «hiru enperadoreen urtea» deritzo (Galba, Oton eta Vitelio, indar militar eta politiko ezberdinek enperadore aldarrikatuak).

Analen kasuan, euron idazketa beranduagokoa da. Hasiera 116. urtean jartzen zaie, Tazitoren bizitzaren azkenetik hurbil samar, nahiz eta euretan jorratzen duen aldi historikoa Historietan jorratua baino lehenagokoa den, hautatutako aldia Historien hasierakoarekin lotzen dela. Julio-Klaudiotar dinastiaz dihardu, bere fundatzaile Augusto salbu. Tiberio, Kaligula, Klaudio eta Neron enperadoreei gagozkie. Hots, Analen amaierak, Tazitok hitzaurrean dioenetik, Neronen agintaldia hartzen zuenak, bere azkenean Historien hasierarekin bat egiten zuen, baldin Neronen azkena 69ko gerra zibilaren hasieratik banatzen duten hilabete bakanak albora uzten baditugu.

Bi lanen izaera osagarri hauxe da arrazoia, (K.o.14tik K.o.96ra arte), euren segida, guregana iritsi diren eskuizkribuetan, idazketan jarraitutako ordenaren alderantzizkoa izateko. Analek gehi Historiek kondaira kronologikoki koherentea osatzen zuten: Erromaren historia, Tiberiorengandik Domizianorenganaino, berau barne.

Historien eta Analen luzera eta edukia[aldatu]

Bi lanetako testua, orain daukagun bezala, oso desoso dago. Izan ere, Historiak mozturik gelditzen dira V. liburuaren hasieran, 70. urtean, eta Analak 66ra arte bakarrik hartzen dute, Neronen heriotza baino bi urte lehenago. Horrez gainera, azken hauetan, ia V. liburu osoa falta da azken zatian, eta VI. liburuaren hasiera (29-31. urteak), VII.tik X.eraino, eta XI.ren hasiera (37-41. urteak) XVI. liburuaren erdialdean amaitzen dira (66an, esan dugunez).

Estridongo Jeronimok bere Zakariasi iruzkina-n (3.14) dakarren berri batek jakinarazten digu bi lanak batera, «Augustorengandik Domizianoren1 heriotzaraino», hogeita hamar liburu zirela. Liburuen kopuruak bien osoa izendatzeak, «enperadoreen bizitzak» bezala izendatuz, nahikoa argi uzten du nola, oso lehenengotatik, Historiak eta Analak osotasun bat bezala hartuak izan ziren, aipatu dugun elkarren osagarritasun horren ondorioz. Ez dago jakiterik Tazitok, papirozko volumina zirelakoetan, idazti horiei eman zien hasierako ordena horrelakoa izan zen ala ez. Batzuk kopiatik edo kopietatik harako bolumenak izanik, segurrena da kopiatzaileek, denak bateratzean, iritzi zioten sekuentziarik egokiena hautatu izan zezaketela, bera, jakina, gertaeren ordena kronologikoari zerraiona izanik. Jeronimok argi uzten duena da, IV. mende azkenean, bi testuak lan bakartzat jotzen zirela eta esleitzen zitzaien segida, berriz, kronologikoa zela.

Beraz, Jeronimok emandako hogeita hamar liburuen kopurua onartzen badugu, hamahiru liburu bakarrik dauzkagu osorik, eta V.

liburuaren zati nimino bat eta VI. liburuaren zati handi bat, gehi Historien V. liburuaren erdia baino gutxitxoago zela pentsa genezakeena. Galdutakoaren totala Tiberioren agintaldi zati bat izango litzateke (29-31. urteak), Kaligularen agintaldia eta Klaudioren lehenengo urteak (37-41. urteak), eta Neronen agintaldiaren azkena (67-68). Halaber, Historiak 70. urtean, Vespasianok agintea hartzetik laster, amaitzen direla kontuan izanik, 70etik 96ra doazen urteak izango lirateke, hau da, Vespasianoren agintaldirik gehiena, Titorena eta Domizianorena, zeinaren heriotza 96an gertatzen den.

Jeronimok aipaturiko liburuen kopuru osoa Historien eta Analen artean nola banatu beharko litzatekeen erabakitzeko, saiakera ugari izan da. Hipotesirik onartuena, R. Syme-k proposatua, Analak hexadetan antolaturik zeudelako ideiatik abiatzen da. Ideia honen oinarria da lehenengo sei liburuak Tiberioren agintaldiari eskaintzen zaizkiola, eta Neronen aginteratzea XIII. liburuan hasten dela. Liburuen segida, beraz, seinakako multzoetan, honakoa litzateke: I-VI. liburuak, Tiberio (14-31); VII-XII . liburuak, Kaligula eta Klaudio (32-54); eta XIII-XVIII. liburuak, Neron (54-68).

Analei hamazortzi liburu esleitzeak Historien kopurua hamarrean uztea dakar, eta onartzea ezen, lan honen amaia 70. urtean gelditzen denez gero, gainerako kondairak, 96. urtera arte, zortzi liburu baino gutxiagotan sartu beharko lukeela. Hipotesi honi planteatzen zaion eragozpen nagusia da desproportzio nabaria lekarkeela lehenengo lau liburuetan historiaturiko liburu-kopuruan: lehenengo bietan bi urte, eta hurrengo zortzietan, gainerako hogeita seiak bildu beharko lirateke; halaber, Analen azken bi liburuek Neronen agintaldiko azken bi urteak azaltzen jardun beharko lukete. 

Arazo hau konpondu guran, Sagek gaia banatzeko beste era bat iradokitzen du. Proposamen horren koskarik handiena da bere formulazioa Jeronimoren albistea okerra izatetik abiatzen dela. Jeronimok Tazitoren lana jada desosorik ezagutuko zukeen. Lan honek, berez, 31 liburu izango zituen, Plinio Zaharraren Historiek bezala. 31 liburuotarik 17 Analei legozkieke, eta 14 Historiei.

Transmisioa[aldatu]

Kontsolagarri gisan, segurrenik, literatura latindarretik kontserbatu zaizkigun lanak onenak direla esan ohi da. Tazitoren kasua bestelakoaren erakusgarri izan daiteke. Kanona osatzen duten autoreak kontserbatu izan dira, eta kanon hori, mendeetan zehar, aldatuz joan da: klasikotzat oso goiz aitorturiko autoreei, denborarekin, beste batzuk gehituz joan zaizkie, arrazoi ezberdinak bide: euren eduki morala; transmititu duten tankera historiko, mitologiko, instituzionaleko ugaritasuna; eguneroko arazoekiko lotura zuzena... Bere garaian, Plinio Gaztearen adierazpenei jaramon egitekotan, idazle miretsia izan zen Tazito ahaztuta egon zen mendeetan zehar. Egia da ondorengo historialari handiengan eragina izan zuena, hala nola Amiano Martzelinorengan (IV. mendea), baina bana-banako eragina izan zen, orokorra izatera iristen ez dena, transmisio egokia segurtatzeko nahitaezko berau. Horrexek esplikatzen du bere lanaren estimuari buruzko nahasmena, Jeronimorengan nabaria dena, eta, batez ere, esplikatzen du nola hain desosorik iritsi den guregana, eta eskuizkribu bakarrean, zeinetik gainerako eskuizkribuak datozen.

Lana kontserbatzen diguten kodizeetariko bat, oraintxe ikusiko dugunez, garai karolinokoa da, non Frantzian kokaturiko «errenazimentu» bat gertatzen den. Idazkera karolinoa sortzen da, irakurtze errazekoa eta Europa guztira zabaltzen dena; eta bere jarraitzaile sentitzen diren kultura bat berreskuratzeko oinarrizkotzat jotzen diren autoreak kopiatzen dituzte. Bestea Monte Cassinoko abadiatik dator, XI. mendekoa da, –Abadiaren distiraldia bera–, eta hizki beneventarrean idatzita dago.

Eskuizkribu bakoitzetik transmitituriko lanak ez dira berdinak. Mediceus I.a izeneko kodexa, IX. mendekoa, Fuldako monastegitik dator, Karlomagnoren Inperioaren eremukoa berau, eta orain Florentzian dago (Bilbioteka Mediceo.Laurentzianoa, 68.1). Analen lehenengo sei liburuak dakartza, Tiberioren agintaldia, gorago aipatu ditugun hutsuneekin. Fuldatik Corbeyko monastegira pasatu zen, Westfalian berau, eta XVI. mende hasieran Italiara eraman zuten, italiar humanistek XV. mendean abiatu zuten eskuizkribuen «aurkikuntza» eta «berreskuratze» prozesu luzean. Italian, Mediciko Joan kardinalaren eskura pasatuko zen, zeina gero Leon X.a izango zen, eta kodize horrexen gainean oinarriturik dago editio princeps-a, Filipo Beroaldo Gaztearen eskutik.

Analen XI-XVI. liburuak eta jarraian Historien I-V liburuak transmititzen dituen Mediceus II.ari buruz (Biblioteka Mediceo-Laurentzianoa, 68.2), XV. mendean Florentziara pasatu zen, segurrenik, Bocaccioren interbentzioari esker.

Geroagoko eskuizkribuen balioari buruzko anitz eztabaidaren ondoren, badirudi gehiengoak onarturiko ondoriora iritsi direla, hots, horiek guztiak aipaturiko eskuizkribuetatik edo denen eredu komun batetik datozela. Ondorioa, testuaren leheneratzean, ahalbideen urritasuna da, zenbait pasartetan arazorik agertzen den guztian.

HISTORIA GENERO BEZALA[aldatu]

Historialari greko-latinoak eta oraingoak bereizteko, hitz bera erabiltzeak hasieran nahaste bat eragiten du, nahitaez argitu beharrekoa, Tazitoren irakurketari okerreko ikuspegitik heldu gura ez badiogu.

Erromatarrentzat, historia genero literario bat da. Baiezpen hau, idazleen euren ikuskeran oinarritua eta genero ezberdinen idazketa eramateko erari buruz arauak ematen dituena, ez da transmititzen denaren egiatasunarekin uztarrezina. Berez, horrek ez lekarke gertaeren azalpena irakurleari atsegin egiteko behar den apainduriaz janztea besterik. Esaterako, paisaien eta batailen deskribapenak sartzea gomendatzen da; eta, hain era argian ez bada ere, historialariak egoki deritzen pertsonaien karakterizazioari laguntzen dieten diskurtsoak nahitaezkoak dira. Diskurtso horiek, estilo zuzen eta zeharrean enuntziatuak, kondaira historikoetan tartekatzen dira.

Hala ere, literatura idazteak badu eskakizun bat, guk egiatasunaren parekotzat jotzen dugunaren aurkakoa, objektibitatea, alegia, gertaeren aurkezpenean. Historialaria objektiboa izan daitekeela ukatzearekin ez dugu hain pentsaera errotu honena egiten. Izatez, diskurtso historiko «zientifikoari» datxekion subjektibitatea erromatarren diskurtso historiko-literarioaren subjektibitatetik urrun dago. Gaur egun, historia metodo ezberdinak aplikatuz idazten da. Metodook historialariaren ideologiaren arabera hautatzen dira,. eta horrexek erabakitzen du gertaerak nolako jitez aurkezten diren, maneiaturiko datuei nolako hierarkia ezartzen zaien, etab. Baina historialaria hautaturiko metodoa datu egiaztatuen gainean aplikatzen saiatzen da. Bestalde, objektibitatearen sentsazioa, oro har, prosa aseptikoa erabiliz transmititzen da, zeinaren bitartez ez baitoa irakurlearen gozamen bila, haren informazio eta formazio bila baizik.

Erromatar historialariek euren azalpena, sarritan, protagonista egiten dituzten gizakumeen izaerari dagozkien datuetan oinarritzen dute; arreta irabazteko eta norabidetzeko asmoa duten pasarteekin markartzen dituzte giroak; gogoeta eta iritzi propioak sartzen dituzte, ez datu fidagarrien arteko erlaziotik ateratako ondoriotzat, egintza bakanen amaitzat baizik. Hala dio Tazitoren aditu batek, historialari honi prozedura induktiboa esleitzen dionean.

Aurrekari literarioak[aldatu]

Premisa hauen onarpenak egiten du, bai historiaren, bai poesiaren kasuan, aurrekariak interesgarri izan daitezen, latin-hizkuntzako edozein historialariri buruz iritzirik emateko. Generora egokituriko arau erretorikoak be6ten dituen aipuetatik ateratzen denez), nahiz eta historiok zer datatan amaitzen ziren jakin ez. Tazitoren garaikide Fabio Rustikok ere Neronen aldia historiatu zuen.

Ez dago aierurik ere egiterik autore hauek nolako eragina izan zuten Tazitoren historiara hurbiltzeko eran. Horixe da arrazoia, aurreko historialariek Tazitorengan izan zitzaketen eraginez mintzatzean, Salustio argi propioz nabarmentzeko. Inguruan izan zituzten zirkunstantzia politikoetan halako kointzidentzia bat, baita Zizeronen prosatik aldentze komuna ere, badira aski arrazoi, bien artean kidetasun argia hautemateko.

Ezaugarri propioak[aldatu]

Tazitoren eta Salustioren arteko kidetasunak badiren arren, ez dago dudarik, ez politikoki, ez kulturalki, parekotasunak ez direla handiegiak. Salustiok idazten duenean, Erromako egoera politikoa sendatzeko modukoa da, erakundeak ibili baitabiltza eta arriskua gizabanakoen portaeratik baitator. Botere absolutua ez da mamitzeraino iristen eta, Zesarren eta Ponpeioren arteko gerra zibila bizi duen arren, Zesarren aldean jokatu izanak ez dirudi benetako lorratzik utzi dionik. Haren monografiei darien pesimismoak, arrazoi jakinen ondorio denak eta, interpretaziora ekarrita, indibidualez haragoko kausen berri ematen digunak, ez dauka Tazitoren pesimismoaren antzik; hau jada egitura behin betikora iritsitako errealitate jarraituari buruzko autorearen analisiaren emaitza da.

Bestalde, Salustiorekiko antzak honako kontuan oinarritzen dira: nahiz eta Tazitok analgileen tankeran idatzi, hots, narrazioaren gida edo egiturazko banakuntzaren irizpidetzat, urteko espazioa hartzeko tradizioari eutsi, Augustorekin gertaturiko aldakuntza politikoen ondorioz, hurrengo monarkak narrazioaren ardatz bihurtu dira; horrek Katilinaren eta Jugurtaren monografietara hurbiltzen du. Tiberiori dedikaturiko hexada, nolabait, monografia antzekoa da, zeinaren irakurketak bere baitan duen zentzua. Kontradikzio hori IV. mendean jada desagertua da. Analen eta Historien irakurketari biografia independenteei bezala ekiten zaie. Hortik dator Jeronimok, Tazitoren lanaz mintzatzean, Augustorengandik Domizianorenganako enperadoreen bizitzak bezala ikustea.

Tazitoren historialari gisako egiatasuna dela eta, bi lanen hitzaurre programatikoak dauzkagu. Bietan, aurre-azalpen bat ematen du, bere idatz-jarrera zein den; azalpen hori argitu egin nahi du, Erromako sistema politikoek sorreratik izan duten eboluzioaren ondorioz. Historietan, hitzaurrearen ardaztzat, jardun historiatzailea hartzen da, zirkunstantzia politikoen araberakoa; Analetan, historia idazteko era ezberdinak justifikatzen dituzten zirkunstantzia politikoak dira ardatz. Lehen kasuan, historiografiaren azalpen labur bat; bigarrenean, Erromako historia politikoaren kondaira labur bat. Bietan, ideia berbera: erregimen politikoak erabakitzen du historiagilearen jarduna, haren egiatasuna eta, areago oraindik, haren balio literarioa.

Puntu komuna Augustoren agintaldiaren azkenera iristean lortzen da. Bakarraren aginteak egiari moxala ezartzen dio; batzuetan, pertsonaia historiatuaren onerako eta, beste batzuetan, txarrerako aldatzen du. Tazito, monarkia baten menpean bizi arren, ez da bortxaturik sentitzen, Trajanorekin askatasun garaia bizi baitute, non (Historiak 1.3) sentire quae uelis et quae sentias dicere licet. Bai lan batean, bai bestean, askatasun horixe da bere historiaren neutraltasuna baiesteko modua damaiona, eta hori Mendebaldeko ondare kulturalera igaro diren formulekin zehazten du. Historietan dio: neque amore quisquam et sine odio dicendus est. Eta, Analetan, ideia bere erarik ezagunenean errepikatzen da, beharbada, enuntziatu orokorragoari eragiten dion laburtasun handiagoagatik: sine ira et studio.

Tazitoren lan historikoaren berezitasunak ulertzeko ahaleginean, beharbada, jakin beharrekoa izango da diktadura batek idazleengan nolako eragina daukan. Txandako monarkak ezarritako araura makurtzen ez den edozein jarduni errezeloz begiratzen dion aginte zorrozpean bizi izaten ohiturik, politikariak ezertan nabarmendu gabe pasatu behar du, eta idazleak arbitrarietate nabarmenegikoa ez den monarka bat tronuratzeak eskainiko dion aukeraren zain egon behar du. Baina inoiz ahaztu gabe monarkaren botere absolutuak (eta horixe da K.o. I. mendearen azkenetako egoera, Tazito bere Historiak idazten hasten denean) hortxe jarraitzen duela, jokatzeko gertu, eta monarka arrazoizko baten heriotzak beste baten zorotasuna ekar dezakeela. Zirkunstantzia horietan, historialaria beharturik dago informazioa era neutroan, ez konprometigarrian, ematera, bere historia era onezkoan apaintzera, txandako enperadorearen ederra lortu gura badu; edo bere pentsakizunak anbiguotasunean, zehar-aipuetan, ironian ezkutatzera. Ez dago garaien ustelkeriari buruzko adierazpen borobilik egiterik, Salustioren antzera, ez jarrera-hartze zuzenik, interpretazio okerra izan dezaketen auzietan. Zizeronen estiloak idazleengan eragindako neketik aparte, badira arrazoiak, beste prosa mota bat abiatzeko, ideiak halakotzat enuntziatu gabe transmititzeko bidea ematen duena.

Tazitok bete-betean bereganaturiko egoera horrexek esplika lezake, beharbada, zergatik ez duen betetzen bere Historien (1.1.4.) hitzaurrean eginiko promesa: Nerva eta Trajanoren agintaldien historia idaztea, mundu segurragora itzultzeaz baliaturik. Botere absolutuak, sine ira et studio delakoaren, Tazito historialariaren lemaren aurrez, gertaeren azalpenean jarrera-hartze bat bilatzen du. Horren ausentzia berez da deliktiboa.

Tazitoren prosa berdingabea da eta ez zuen imitatzailerik ere izan. Egia historikoak mila aurpegi hartzen ditu. Tazitoren adierazpen pertsonalak urriak dira eta, euretariko baten aurrez gaudenean ere, benetako esanahia –idatzira pasatzean, autoreak gogoan zeukana– ez da nabaria. Bakoitza norabide bat baino gehiagotarantz bidera daiteke; horregatik, zaila da jakitera heltzea, ez bakarrik haren jarrera politikoa zein zen, baizik zeintzuk printzipio erlijioso eta moraletatik abiatzen zen.

Gertaerei buruz jaulkitako iritziak pilatu egiten dira: haietaz arduratu ziren historialariak iritzi ezberdinak dituzte; zurrumurruek –ia beti askotarikoak, gertaera berari buruz– norabide ezberdinetarantz daramate; inori zehazki esleitzen ez zaizkion eta, beraz, objektibitate sentsazio handiagoa eman dezaketen informazioak ugaldu eta elkargaindu egiten dira, eta gertaerak errealitatean izan ohi diren bezain koadro konplexuaren aurrez uzten dute irakurlea. Brakiologiak, lotura logikozko partikulen urritasuna, hitzen eta esamoldeen erabilerako aldakuntza, dena batzen da, interpretazio bakar bat zailtzeko.

HARRERA[aldatu]

Tazitoren eragina urria da bere heriotzaren ondorengo lehenengo mendeetan, eta ia hutsa, Erdi Aroan zehar. Ikusia dugunez, haren «aurkikundea» XV. mendean gertatzen da eta edizio osoa, 1515ean. Hots, humanisten artean, zizeronismorik beroena zabaltzen denean.

Lehen-lehenetik, Tazitori begiratzeko iritziak ezberdinak dira. Alde batetik, harengan, onartutako ereduaren, Zizeronen aldean, latin txarraren kasu argi bat ikusten dutenak daude; bestetik, haren lanak eta, euron artean, Germania, batez ere, nazionalismo hasberriaren euskarritzat, gartsuki hartzen dituztenak eta haren argitasun politikoari arretaz begiratzen diotenak daude.

Baina, batez ere, XVI. mendearen azken aldetik eta XVII. mendearen lehenengo erdian zehar dugu, Tazitoren alde politikoak garrantzirik handiena hartzen duena. 1580-1581ko ikasturte akademikoan, Justus Lipsiusek haren lana 1580ean argitaratu zuenetik berehala, Marko Antonio Muretek Erroman hiru hitzaldi ematen ditu Tazitoren gainean, eta 1589an, Lipsiusek bere Politicorum libri sex lana argitaratzen du, «Tazitismoa» bezala ezaguturiko mugimenduaren sorreran eragin handia izan zuena. Lan honen edukiak ondorengo komentaristek eramango dituzten jarraibide formalak ere eskaintzen ditu. Lipsiusek autore askoren aipuak biltzen ditu, gobernatzen dutenen jokabidearen gida izateko asmoz; horien denen artean, pasarterik gehien ematen duena Tazito da. XVI. mende azkenean hasi eta ia mende oso batean zehar indarrean jarraituko duen pentsamendu korronteak era ezberdinak hartzen ditu, nahiz eta interesgarrienak ‘Estatu arrazoia’ delakoarekin zerikusi estua daukan.

Izan ere, gehiegizko zizeronismoaren aurkako erreakzio gisan, Tazitoren prosak arreta pizten du bere trinkotasunagatik, maximetan jaulkitako pentsamenduaren zolitasunagatik, adierazpenaren kontzisioagatik. Historialariaren aldekoak eta kontrakoak sarritan jarkitzen dira. Haren balorapena, historialari eta moralista bezala, alde politikotik bereiztezina da eta Tazitoren gurtzaren erarik argiena dakar: haren garrantzia, pentsamendu politikoaren historiarako. Haren maximek edo, XVII. mendean deitzen zaien moduan, aforismoek, interes morala eta politikoa elkartzen dituzte. Parekotasun tazitoak ezartzen dira, zenbait monarka garaikide iradokitzen dituztenak: Tiberioren pertsonaia, kasuaren arabera, Albako Duke, Felipe II., Olivaresko Konde Duke edo herri bateko politikari garrantzitsuarekin bat egiten da, idazten den une eta lekuaren gorabeheran.

Urte horietan zehar, Iruzkinak ugaltzen dira. Horien errepresentazio idatzirik nabarienek aforismoei toki nabarmena ematen diete, Hipokratesek medikuntzan markaturiko ereduari jarrai, edozein zientziak bereganatzeko modukoa berau. Eta autorerik ezagunenak giro politikokoak dira, hitzaren esanahi hertsiko politikariak ez direnean.

P. Burke-k dioenez: «They (iruzkingileak, alegia) were not content with a tacitean Tacitus, but wanted what Álamos de Barrientos called ciencia politica... Alamos wrote with admiration: Los secretos de estado que toca y misterios de la prudencia politica, que tiene encerrados en sus relaciones.» Misterio hauek haren Aforismoak ondo aztertuz argitu daitezke, hortxe baitago Tazitoren jakinduria politikoa, azalean sumaezina.

Bidezko denez, horien interpretazio librean, bada ‘makiavelismoarekin’ nahastu ahal izatea ere. Ohartarazi dutenez, bada arazorik, pentsamendu politikoko bi korronteen arteko mugak ezartzean. Anbiguetatez markaturiko Tazitoren idaztiak interpretatzeko zailtasunari berezko zaio ondorio ezberdinetara iritsi ahal izatea, halako neurrian, non, oraindik gaur ere, iritzi kontrakoak baitaude haren jarrerari buruz, monarkia bezalako instituzioen aurrean.

XVII. mendearen azkenerantz, tazitismoa indargetuz doa eta Tazitoren balorapena unean uneko korronte estilistikoetara egokitzen da, nahiz eta inoiz ez galdu konnotazio politikorik, irakurlearen ideologiaren arabera, kolore bata edo bestea hartzen duenik.


Carmen Codoñer Merino

Salamancako Unibertsitatea