Analak eta Historiak I/Laugarren liburua

Wikitekatik
Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Laugarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


Laugarren liburua

1.    Gaio Asinio eta Gaio Antistioren kontsulaldian, baziren bederatzi urte Tiberiok errepublika ordenan gorbenatzen zuena, etxea loretan –Germanikoren heriotza onezkoen artean jotzen baitzuen–, eta, bat-batean, zoria dena hondatzen hasi zen, eta bera ere ankertzen edo anker jokatzen zutenei indarra ematen. Hasiera eta arrazoia Elio Seiano izan zen, kohorte pretoriarren prefektua, zeinaren boterea gorago aipatua dudan. Orain haren jatorriaz eta izaeraz mintzatuko naiz, eta zer makurki jo zuen botere osoaren harrapaketara. Bultsinian jaio eta Seio Estrabon zaldun erromatarraren seme, lehen gaztaroa Augusto jainkozkoaren biloba Gaio Zesarren inguruan eman zuen, ez zurrumurru gabe, Apizio aberats xahutzaileari mesede zikinak egin ez ote zizkion. Gero, zenbait trikimainaz, Tiberio bereganatu zuen, halako eran, non besteentzat hain iluna zenaren konfiantza osoa irabazi baitzuen; ez hainbeste antzez –triminaina berdinek menperatu baitzuten bera–, jainkoak erromatar estatuaren aurka haserretzeagatik baizik, zeinari halako galmena ekarri zion haren gaingorak, zein gainbeherak. Gorputz nekagaitza eta gogo ausarta zeukan; trebea bere burua izkutatzen eta besteak salatzen; neurri bera adulaziorako, zein harrokeriarako; kanporantz, begirasun itxura, barrutik, botererik handienaren irritsa; eta, berau lortzeko, behin eskuzabalaz eta luxuaz baliatuko zen, behin trebetasunaz eta zaintzaz, ez gutxiago kaltegarri eurok, aginte grinaz fingitzen direnean.

2.    Artean txikia zen prefekturaren boterea handitu egin zuen, hiriko kohorte sakabanatuak kuartel berean baturik, aginduak batera har zitzaten eta, halako kopurua eta indarra ikusiz, euren buruaren konfiantzadun eta besteen beldurgarri bihur zitezen. Aitzakia ematen zuen soldadu sakabanatuak laxotu egiten zirela; ustekaberik sortzekotan, denek batera laguntza handiagoa emango zutela; eta zorrotzago jokatuko zutela, hiriko tentazioetatik urrun kokatuz gero. Kuartela amaitutakoan, soldaduen gogoa irabazten hasi zen apurka-apurka, izenetik deituz; aldi berean, zenturioiak eta tribunoak berak hautatzen zituen. Senatuko azpijokoari ere ekiten zion, bere klienteak ohore eta gobernuekin sarituz, Tiberio etorkor eta hain alde zuela, ezen ez baitzuen hura, nekelaguntzat, solasetan bakarrik goratzen, gurasoen eta herriaren aurrean baizik, eta haren irudiak, antzoki eta foroetan eta legioen agintelekuetan, ohoratuak izaten uzten zuen.

3.    Bestalde, Tiberioren etxe Zesarrez betea, haren seme gazte eta biloba jadanik haziak, Seianoren gutiziaren oztopo ziren; eta hainbeste lagun batera indarrez bistatik kentzea hain segurra ez zenez, atzipeak krimen tarteak behar zituen. Hala ere, bide ezkutuagotik hastea pentsatu zuen, Drusorengandik hain zuzen, zeinaren aurka oraintsuko gorroto bat zeukan. Zeren Drusok, arerioa ezin jasanik eta oldartsua izanik, behin, eztabaida kasual batean, Seianori eskua ezarri baitzion eta, honek erantzun nahi izatean, aurpegikoa eman. Hala, bada, zernahirako gertu, egokiena haren emazte eta Germanikoren arreba Libiarengana inguratzea iruditu zitzaion, zeina, lehen urteetan itsusi samarra, gero edertasunean nabarmendu zen. Maitemindurik bezala, adulteriora eraman zuen eta, lehen hobenarekin, hartaz jabetu zenean –pudorea galtzen duen emakumeak ezin baitio ezeri uko egin–, ezkontzeko itxaropenera, aginte konpartitura eta senarraren hilketara xaxatzen hasi zen. Eta berak, Augustoren biloba, Tiberioren errain eta Drusoren umeen amak, bere burua eta aurretikoak eta ondorengoak desohoratzen zituen, adulterio arrunt bat burutuz eta, orainaldi prestuaren ordez, etorkizun kriminala eta zalantzazkoa irrikatuz. Eudemo, Libiaren lagun eta medikua, sozio egin zuten, lanbidez, haien intimitatean maiz zebilena. Seianok emazte Apikata, zeinarengandik hiru ume izan zituen, etxetik bidali zuen, maitaleak errezelorik izan ez zezan. Baina krimenaren handiak beldurra, atzerapenak eta, inoiz, erabaki aurkakoak eragiten zituen.

4.    Bitartean, urte hasieran, Drusok, Germanikoren semeetariko batek, gizon toga jantzi zuen eta senatuak haren anaia Neronen aldeko dekretuak errepikatu zituen. Zesarrek bere semearen gorespen handiko mintzaldia egin zuen, anaiaren semeekin onberatasun aitakorra erabili zuelako. Zeren Druso, agintea eta konkordia toki berean egotea zaila bada ere, mutil haiekiko onberatzat eta ez etsaitzat, noski, baitzeukaten. Gero, berriro mintzatu zen probintziak bisitatzeko asmo zahar eta maiz itxuratiaz. Enperadorearen aitzakia zen beteranoen kopuru izugarria eta armadak erreklutekin osatu beharra; soldadu boluntarioak falta baitziren eta, egonik ere, ez zuten kemen eta diziplina berdinez jokatzen, milizian sartzen ziren gehienak behartsuak eta eskaleak baitziren. Legioen kopurua eta eurok zaintzen zituzten probintziak azkar ikuskatu zituen. Merezi duela uste dut kontatzea Erromak orduan zenbat indar armatu zeukan, zenbat errege aliatu, eta inperioa zenbat txikiagoa zen.

5.    Italia itsaso bietako flotek babesten zuten, Misenon eta Ravenan, eta Galia ondoko itsasertza Akzioko garaipenean harrapaturiko gerra ontziek, Augustok Frejusera arraunlari sorta indartsuarekin bidaliek, zaintzen zuten. Baina indar nagusia Rhin ondoan zegoen, germaniarren eta galiarren aurkako guarnizio moduan; zortzi legio ziren. Berriki menperaturiko Hispaniak hirurekin zaintzen ziren. Mairuak Juba erregeari emanak izan ziren, erromatar herriaren opari legez. Gainerako Afrika bi legioren mende zegoen eta Egipto ere berdin. Hortik harantz, Siriaren hasieratik Eufrates ibairaino, golko izugarriaren barru guztia lau legiok menperatzen zuten, mugakide izanik hiberoak, albanoak eta beste errege batzuk, inperio arrotzen aurka, gure handitasunean babesten direnak. Trazia Remetalzesek eta Kotisen semeek zeukaten, eta Danubio ingurua, bi legiok Panonian, eta bik Mesian; eta beste hainbeste zeuden Dalmazian. Hauen posizioa haien bizkarra zen eta, Italiak berehalako laguntzarik behar izanez gero, ez zeuden urrun, etorrarazteko, nahiz eta Erroma bere soldaduek zaintzen zuten: hiru hiri kohorte eta hamar pretoriar ziren, gehienak Etrurian eta Unbrian erreklutatuak, edo Lazio zaharrean eta antzinako erromatar kolonietan. Gainera, hala eskatzen zuten probintzietan, aliatuen trirremeak eta zaldieria eta kohorte laguntzaileak ipini zituzten, besteak baino ez indar askoz makalagoak eurok; baina zehazten ez dago erraz, denborarekin, batetik bestera igaro, kopuruz handitu eta, inoiz, txikitu egin baitziren.

6.    Errepublikaren beste arloak ere, eta hauek ordura arte nola joan ziren ikuskatzeari egoki deritzot, urte hura Tiberioren agintaldiaren okerreranzko aldakuntzaren hasiera izan baitzen. Lehenik, arazo publikoak eta pribaturik handienak senatuan tratatzen ziren; gorenek bazuten eztabaidagunea, eta Tiberiok berak mozten zituen zurikeriara lerratzen zirenak. Karguak banatzen zituen, begiratuz arbasoen nobleziari, meritu militarrei eta bertute zibil nabariei, gehiago merezi zuenik ez zegoela nahikoa argi gelditzeko moduan. Kontsulek eta pretoreek euren itxurari eusten zioten; magistratura txikiagoen agintea ere abian zen, eta legeak, maiestate kontua kenduz gero, ondo erabili ziren. Ostera, gari eta diru zergen eta gainerako errenta publikoen ardura zaldun erromatarren sozietateek zeramaten. Zesarrek bere ondasunak ondoen ikusien, baina baita izen oneko ezezagunen esku ere uzten zituen, eta, behin hautaturik, denbora mugagabean edukitzen zituen, asko eginkizun berberetan zahartzeraino. Herria nekaturik zegoen, bai, gari faltaz, baina printzeak ez zeukan inolako errurik; areago, lurren antzutasuna eta itsasoaren laztasuna erremediatu nahi izan zituen, ahal adinako gastuz eta arretaz. Probintziak zama gehiagorekin ez asaldatzea eta lehengoari eustea, magistratuen gutiziarik eta ankerkeriarik gabe, horixe zuen arduretariko bat; ez zegoen gorputz zigorrik, ez ondasunen bahiketarik. Zesarren Italiako lurrak urriak ziren, esklabo kopurua ere urria, eta etxean liberto bakanak zeuzkan; eta partikularrekin auziren bat zeukanean, auzitegira eta zuzenbidera jotzen zuen.

7.    Hori guztia, ez era adeikorrean, baizik zakar eta, gehienean, beldurgarrian egiten zuen, Drusoren heriotzak dena aldatu arte. Izan ere, hura bizi zeno hala izan zen, zeren, Seianoren boterea oraindik hasieran egonik, aholku onengatik gailendu nahi zuen, eta Drusoren mendekuaren beldur zen, zeinak ez zion gorrotorik ezkutatzen, bai ostera etengabe kexatzen, Tiberiok, seme bat bizirik edukirik, beste bati deitzen ziolako agintean laguntzaile. Zenbat falta zuen, kide izendatzeko? Ohartzen zen aginte itxaropena, lehenengotan, aldasgoran joaten dela, baina, abiatutakoan, babes eta zerbitzari ugari agertzen dela; kuartela eraikia zela, prefektuaren gogora, eta soldaduak eskuan jarri zitzaizkiola; haren estatua Gneo Ponpeioren monumentuetan ageri zela, eta Drusotarren familiarekin biloba komunak izatera zihoala; eta, horien denen ondoren, doitasuna eskatu behar zitzaiola, pozik egon zedin. Gaitzespen horiek ez gutxitan eta ez jende gutxiren aurrean jaurtitzen zizkion, eta, gainera, haren sekretuak emazte ustelak bistaratzen zituen.

8.    Beraz, Seianok, bizkortu egin behar zela pentsaturik, pozoi bat hautatu zuen, astiro eraginez, berezko gaixotasuna emango zuena. Ligdo eunukoak eradan zion, handik zortzi urtera jakin zenez. Bestela, Tiberiok, Drusoren gaixoaldi guztian, beldurrik ezarren edo gogoz sendo agertzearren, baita hila eta oraindik ehortzi gabea zela ere, ez zuen senatura huts egin. Kontsulak, dolu erakutsian, aulki arruntetan eseri zirenean, euren dignitatea eta tokia gogoratu zien; eta, senatuak negarrari eman zionean, berak malkoei eutsi eta gogoak altxatu zituen, mintzaldirik eten gabe: ez ei zegoen ezjakinean, hain samin berrian, senatura aurkeztea aurpegiratzen ahal ziotela, doluan dauden gehienek ozta jasaten baitute etxekoekin hitz egitea, ozta eguna ikustea bera; ez ei zituen ahulagatik ere gaitzetsiko, baina kontsolamendu sendoagoa aurkitu ei zuen, errepublika besarkatuz. Samindu zen Augustaren zahartasun aurreratuaz, biloben adin oraindik samurraz eta berearen erortunaz, eta Germanikoren semeak sarrarazteko agindu zuen, gaitz presenteen leungarri bakarrak. Kontsulek, irten eta mutilei animo hitza esan ondoren, eraman eta Zesarren aurrean ezarri zituzten. Tiberiok, haiei eskutik heldurik, esan zuen: «Guraso konskriptuok, haurrok aita gabe gelditu zirenean, euron osabari eman eta eskatu nion, bere umeak zituen arren, odoleko bezala zain eta lagun zitzala, eta bere antzeko egin zitzala, geroaren onerako. Druso joan zaigunez gero, zueri erregutzen dizuet, eta sorterriaren eta jainkoen aurrean lekuko egiten: Augustoren birbiloba hauek, arbasorik ospetsuenengandik sortuak, hartu eta gida itzazue; bete zeuen eta neure egitekoa. Hauexek, Neronek eta Drusok, beteko dute gurasoen tokia. Hala jaioak zarete, ezen zuen on-txarrak errepublikarenak baitira».

9.    Hitz hauek negar handiz eta, gero, oparotasun erreguz entzun ziren; eta, mintzaldiari amaia ipini balio, entzuleen gogoak errukiz eta beraganako aintzaz beteko zituen; baina gai hutsal eta maiz barregari izaniko hartara itzuli zen, hots, errepublika berrezartzea eta kontsulak edo beste norbait hartaz arduratzea, horrekin egiaz eta zintzo esana zezakeenari sinesgarritasuna kentzen ziola. Drusoren gomutan, Germanikorenean bezalako ohoreak dekretatu ziren, beste hainbat gehiturik, adulazio aski ezagunaren apetaren arabera. Hiletak txit arranditsuak izan ziren irudien segidaz, desfile luzean ageri baitziren Julia sendiaren jatorria, Eneas eta errege albano guztiak eta Romulo, hiriaren sortzailea, gero sabinar noblezia, Atto Klauso eta Klaudioen gainerako irudiak.

10.  Drusoren heriotza kontatzean, ahalik autorerik gehienen eta fidagarrienen lekukotzak erabili ditut; baina ez nuke ahaztu nahi garai hartan zabaldu zen zurrumurru bat, hain indartsua, ezen oraindik ez baita ezabatu: Libia krimenerako usteldu ondoren, Seianok Ligdo eunukoaren gogoa ere lizunkeriaz kateatu zuela, zeren, haren adin eta edertasunagatik, ugazabaren oso maitea baitzen eta, zerbitzarien artean, toki gorena baitzeukan; gero, konplizeen artean, non-noiz pozoitu finkatua zutenean, halako ausardiara iritsi ei zen, ezen gauzei buelta eman baitzien eta, Druso aita pozoitu nahi izateaz ezkutuan salatu ondoren, Tiberio ohartarazi baitzuen, semearen etxean otordurik izatean, eskaintzen zioten lehen kopa edatea ekidin zezala. Agurea atzipean jausi ei zen eta, otordua abiaturik, hartutako kopakada Drusori pasatu ei zion, eta honek, ezjakinean eta gazte eran, gluk edatean, Tiberioren susmoak gehitu ei zituen, lotsaz eta beldurrez, aitarentzat prestaturiko heriotza beretzat hartu balu bezala.

11.  Jendearen esamesa hauek, ezein autore ziurrengan oinarririk ez izateaz gainera, ezezta-errazak dira. Zeren zentzu laurdenik duen nork –eta hain gutxi hainbesteko esperientzia zeukan Tiberiok– semeari heriotza eskainiko lioke entzun gabe, bere eskutik eta inolako damubide gabe? Ez al zuen, areago, pozoi emailea torturatuko, eragilea bilatuko, hitz batez, ez al zuen arrotzen aurrean ere ohiko zuen jarrera zalantzati eta mantsora joko, seme bakar eta sekula doilorkeriarik agertu ez zuenaren aurrean? Baina Seiano edozein gaiztakeriaren asmatzailetzat jotzen zutenez gero, Zesarren harenganako maitasun handiegiagatik eta besteen bienganako gorrotoagatik, dena sinesten zen, alegiazkoak zein astakeriak izan, beti ere, gainera, printzeen heriotzari buruzko esamesak bereziki lazgarriak izaten baitira. Bestalde, krimenaren garapena Seianoren emazte Apikatak agertu zuen, eta Eudemori eta Ligdori ezarritako torturengatik bistaratu zen. Ez da izan idazle hain kontrakorik Tiberiori esleitu dionik, beste kontu guztietan miatua eta hanpatua izan bada ere. Zurrumurrua jaso eta kritikatzeko arrazoi bakarra izan dut gezurrezko esamesak adibide argi batekin deuseztea, eta gure lana eskura heltzen zaienei eskatzea zurrumurruak eta gutiziaz entzuten diren zer sinestezinak ez ipintzeko egiaren eta harrigarriaren arabera itxurgatu ez diren gertaeren aurretik.

12.  Bestela, Tiberiok, Aurpegien aurrean, semea goresten zuen bitartean, senatuak eta herriak doluetan ohi diren jarrera eta erostei gehiago ekin zieten itxuraz, egiaz baino, eta, euren baitan, Germanikoren etxearen berdatzeaz pozten ziren. Ospe hau abiatzeak eta amaren, bere asmoak gaizki ezkutatzen zituen Agripinaren jarrerak, hondamena azkartu zuten. Zeren Seiano, Drusoren heriotza mendeku gabe gelditzen zela eta samin publikorik ez zuela sortzen ikustean, krimenean sendotu egin zen, eta, lehenengoak ondo irten zitzaizkionez, bere kautan pentsaketan hasi zen nola gal zitzakeen Germanikoren semeak, zeintzuen ondorengotzan ez zegoen dudarik. Bestetik, hirurak ezin zituen pozoitu, zaintzaileen leialtasun osoa eta Agripinaren onestasun sargaitza tartean zirela. Beraz, emakume haren ohiltasuna tentatzea eta, haren aurka, Augustaren erremin zaharra eta Libiaren konplizitate berria xaxatzea pentsatu zuen, Zesarren aurrean sala zezaten hark, ugalkortasunaren harroz eta herriaren gogoa alde zuela, aginteaz jabetu nahi zuela. Asmoa salatari maltzurrekin aurrera eraman zuen, zeintzuen artean Julio Postumo hautatu zuen, amamaren intimoen artekoa berau, Mutilia Priskarekiko adulterioa bide zela, eta, horregatik, bere asmoetarako txit egokia, zeren Priskak, Augustaren gogoan eragin handikoak, berezko aginte gosea birlobaren emaztearen aurkako gorroto bihurtzen baitzuen. Agripinaren ingurukoak ere bereganatzen zituen, hitz bihurriz, haien harrokeria astintzeko.

13.  Tiberiok, berriz, aginte lanei batere utzi gabe, eta gobernua kontsolamendutzat harturik, hiritarren justizian eta aliatuen eskariak konpontzen ziharduen. Berak proposaturik, senatuaren dekretuak burutu ziren, Asiako Zibira hiriari eta Akaiako Egiori laguntzeko, hiru urteko zergen barkamenez. Gainera, Hispania Ulteriorgo prokontsula, Bibio Sereno, indarkeria publikoz kondenatua, bere ohilkeriagatik, Amorgo irlara deportatu zuten. Karsidio Sazerdos, Takfarinate etsaiari gariz laguntzeagatik salatua, absolbitu egin zuten, baita Gaio Grako ere, hoben berdinagatik. Hau, oraindik txit haurra zela, Senpronio aitak erbestelagun eraman zuen Zerzinako irlara. Han inolako eskolarik gabeko gaizkile artean hazi zen eta, gero, Afrikan eta Sizilian zehar, jenero zantarren salerositik bizi zen; baina goi mailaren arriskuei ezin izan zien ihes egin. Afrika gobernatu zuten Elio Lamiak eta Luzio Aproniok haren errugabetasunik babestu ez balute, bere leinu dohakabearen ospeak eta aitaren ezbeharrek akabatuko zuten.

14.  Urte hartan, hiri grekoetatiko legazioak ere izan ziren, Junoren tenpluarentzat Samosen, eta Eskulapiorenarentzat Kosen, asilo eskubide zaharra berresteko eskatuz. Samoskoak Anfiktioien dekretuan oinarritzen ziren, zeintzuek jurisdikzio orokorra zeukaten, grekoak, Asian fundaturiko hirien bitartez, itsasertz hartan nagusi ziren garaian. Kosekoen antzinatasuna ez zen txikiagoa, eta lekuaren meritua gehitzen zitzaion: izan ere, Eskulapioren tenpluan, erromatar hiritarrak babestu baitzituzten, Mitridates erregearen aginduz, Asiako irla eta hiri guztietan erahilak zirenean. Gero, pretoreen hainbat kexu hainbatetan desentzun ondoren, Zesarrek, noizbait, histrioien lotsagabekeriari heldu zion. Gogoratu zuen haien ausarkeriak, sarritan, sedizio keinuak publikoan egitera eta etxe pribatuak desohoratzera zeramatzala; behinolako fartsa oskoa, populuan txit arrakasta urrikoa, hain eskandalu eta indarkeria zorrotzera heldu zela, ezen senatuaren aginteak moztu behar zuela. Histrioiak, beraz, Italiatik bidali egin zituzten.

15.  Urte berak beste lutu bat ekarri zion Zesarri, Drusoren seme bikietariko bat eramanik. Eta ez zion gutxiago eragin lagun baten heriotzak. Luzilio Longo zen, haren lagun beti, txarrean zein pozean, eta Rodasko erretirora jarraitu zion senatari bakarra. Eta hala, leinu gabeko gizona izan arren, senatuak hileta handia dekretatu zion, eta estatua bat Augustoren Foroan, diru publikotik, zeren senatua gai guztiez aritzen baitzen oraindik; hala, Luzio Kapiton, Asiako prokuradorea, probintziaren salaketatik defendatu zenean, printzeak borobilki jaulki zuen berak ez ziola esklaboez eta etxe ondareaz beste eskubiderik eman; pretorearen eskumenak beragandu eta soldaduen indarraz baliatu bazen, bere aginduei desmen egin ziela; beraz, entzuteko aliatuei. Hala, auzia ikerturik, erruduna kondenatua izan zen. Zigor honengatik eta, aurreko urtean, Gaio Silanori ezarriagatik, Asiako hiriek Tiberiori eta haren amari, eta senatuari, tenplu bat eraikitzea erabaki zuten. Proposamena onartu zen eta, motibo harekin, Neronek senadore eta aititarenganako esker onezko mintzaldia egin zuen, entzuleriaren xera atseginez, zeinak, Germanikoren gomuta oraindik berri, huraxe ikusi eta entzun uste baitzuen. Mutilak, gainera, itxura apala eta printzeari dagokion lerdentasuna zeukan, maitagarriago egiten zuena, Seianok nola gorroto zuen jakinik.

16.  Garai berean, Serbio Maluginentse zendu berriaren ordezko Jupiterren flamena hautatzeaz eta hartarako lege berezia diktatzearen komenentziaz mintzatu zen Zesar. Hala, gogoratu zuen, ohitura zaharrean, gurasoak gari-opilaren arabera ezkondu zitzaizkien hiru patrizio izendatzen zirela, zeintzuetarik bat hautatzen zen; baina orain ez zegoela lehen adina hautagai, halako gari-opil ezteia galtzen ari edo oso gutxik eusten ziolako; horren zenbait arrazoi ematen zuen, batez ere gizonen eta emakumeen axolagabekeria, eta saihestu nahi ziren erritoaren beraren zailtasunak; baita flamen egiten zenak eta harekin ezkontzen zen emakumeak gurasoen eskumenetik alde egiten zuela ere; bidezko zen, beraz, senatuak dekretu edo lege batekin erremedia zezan, Augustok antzinate zakar hartako zenbait ohitura oraingo premietara egokitu zituen moduan. Hala, kultuez aritu ondoren, flamenen estatutuan ezer ez aldatzea onartu zen; baina lege bat eman zuten, zeinaren arabera, Jupiterren flamenandrea erlijio kontuan bakarrik egongo zen senarraren eskumenean, eta gainerakoan, emakumeei dagokien eskumenean. Maluginentsearen semea aitaren ondorengo izendatu zuten. Abadeen dignitatea handitzeko eta gogoa kultu lanerako zerbitzalago izan zezaten, Eskantziaren tokia hartzen zuen Kornelia birjinarentzat milioi bi sestertziko bozkatu ziren, eta Augusta, antzerkira zihoan guztian, bestalen artean eser zedila.

17.  Kornelio Zetego eta Biselio Barronen kontsulaldian, pontifizeek eta, haien etsenplura, beste abadeek, printzearen osotasunaren aldeko eskariak egitean, Neron eta Druso ere sartu zituzten otoitzean, ez hainbeste mutilenganako xeraz, adulazioz baizik, zeina, ohituren ustelaroan, berdin arriskutsua den, hutsa zein gehiegizkoa denean. Zeren Germanikoren etxea inoiz maite izan ez zuen Tiberio erremindu egin baitzen orduan, mutikoak bere zahartasunarekin berdindu zituztelako, eta, pontifizeei deiturik, ea Agripinaren erregu edo mehatxuetara makurtu ziren galdetu zien. Haiek, ezetz esan arren, agiraka neurtua jaso zuten, gehienak enperadorearen ahaideak edo hiriko handiak baitziren; gainera, senatuan mintzaldi bat egin zuen, ohartaraziz, aurrerantzean, inork ez zezala nerabeen gogo mugikorrik harrokeriara bultza ohore goiztiarrez. Izatez, Seianok sakatzen zion hiria gerra zibilean bezala erdibiturik zegoela esanez; bazirela Agripinaren alderdikoak zirela ziotenak eta, mozten ez bazuen, gehiago izango zirela; ez zegoela sedizio hazkorraren beste erremediorik, bat edo bi ausartenak eraistea baino.

18.  Aitzakia horrekin, Gaio Silio eta Tizio Sabinori erasotzen die. Germanikoren lagun izatea bientzat kaltegarri izan zen, eta, Siliorentzat, baita Germanian izaniko garaipena ere Sakrobiroren kontrako gerran, zazpi urtean armada handien buruzagi izan ondoren; zenbat eta jauskera handiagoa izan, hainbat beldurgarriago izango zen besteentzat. Askoren ustez, haren intenperantziak kontrako gorrotoa ekarri zion, neurri gabe harrotzen baitzen bere soldaduek diziplinari eutsiko ziotela, besteak matxinadara lerratu bitartean, esanez Tiberiori labur iraungo ziola inperioak, legio haiek ere nahaste gogoz ibili balira. Zesarrek uste zuen honek bere ondasunak suntsitzen zituela eta ez zegoela hain meritu handiak ordaintzeko moduan; zeren mesedeak eskertzekoak dira, erantzungarri direla diruditenean, baina, gehiegizkoak direnean, esker onez barik, gorrotoz ordaintzen dira.

19.  Silioren emaztea Sosia Gala zen, printzeak gorroto zuena, Agripina maite zuelako. Hauei biei heltzea pentsatu zuen, Sabino beste baterako utzirik, eta haien aurka Barron kontsula jaurti zuten, zeinak, aiten aldetiko etsaigoak aitzaki harturik, Seianoren gorrotoa asetzen zuen, bere burua desohoratuz. Salatuak atzerapen labur bat eskatu zuenean, salatzailea kontsulgotik irten arte, Zesar kontra agertu zen. Magistratuek partikularrei deitzea ohikoa zela zioen, eta errepublikak kalterik ez izatea haren logalduei zor zaien kontsularen eskubiderik ezin zela bortxatu. Tiberioren jenioa zen: gaizkintza asmaberriak hitz zaharrekin estali. Hala, bada, seriotasun osoz, Silioren kasuan, legea aplikatzea bailitzan, Barron benetako kontsula eta hura benetako errepublika bailitzan, senatua batu zen, salatua isilik egotekotan, defentsan hasten bazen, ez zuelako ezkutatzen noren gorrotoa zetorkion gainera. Gerraren jakitun izanik, Sakroviroz ez-jakin egin ei zuen luzaro, garaipena gutiziaz zikindu, eta emaztea ere kide izan ei zen. Ezin zuten, noski, konkusio salaketetatik libratu, baina dena maiestate kontutik eraman zuten, eta Siliok kondena hurbilari azken boluntarioz aurrea hartu zion.

20.  Baina gogorkeria ondasunen kontra etorri zen, ez zergapekoei dirua bihurtzeko, inork ez baitzuen erreklamatzen, Augustoren eskuzabaltasuna erauzteko baizik, fiskoak eskatua xeheki kalkulatuz. Hauxe izan zen Tiberioren lehen azpijokoa inoren ondasunen aurka. Sosia erbestera kondenatua izan zen, Asinio Galoren proposamenez, zeinak iradoki zuen, halaber, haren ondasunen zati bat enkantatzea eta bestea seme-alabei uztea. Marko Lepidok, ostera, proposatu zuen, legeak eskatzen zuenez, laurden bat salatzaileei ematea eta gainerakoa seme-alabei ematea. Lepido hau, garai hartarako gizon zuzen eta jakintsu aurkitzen dut, gehienetan besteen adulazio ankerrei onerantz tiratzen baitzien. Eta, hala ere, ez zuen zuhurtziarik falta, Tiberioren aurrean errespetuan eta grazian iraun baitzuen. Dudatzera beharturik nago, beraz, printzeen hauenganako xera eta horienganako herra ez ote dagoen, gainerako gauzak bezala, patuaren eta berezko zoriaren gorabeheran, ala, aitzitik, ba ote den geure jakinduriaren gorabeherako zerbait, eta ba ote litekeen, erabateko mutirikeriaren eta makurkeria lotsagarriaren artean, irabaz-grina eta arrisku gabeko biderik jarraitzerik. Baina Mesalino Kottak, ez sendi gutxiago ospetsuko baina izaera ezberdinekoak, senatuaren dekretuz ezar zedin proposatu zuen, magistratuak, berez errugabeak eta inoren okerren ezjakinak izan arren, probintzialen aldetik emazteen aurkako salaketen erantzule izan zitezela, euren aurka balira bezala.

21.  Gero, Kalpurnio Pisonez jardun zuten, gizon ospetsua eta jeniokoa berau. Izan ere, kontatua dudanez, senatuan aldarri egin zuen hiritik alde egiteko gertu zegoela, salatzaileen azpijokoak bide zirela, eta, Augustaren eragina arbuiatuz, Urgulania auziperatu zuen, printzearen etxea desafiatzen ausarturik. Une hartan, Tiberiok zibilki hartu zuen hori, baina gorrotoa golkoan zeraman, eta, laidoaren zartakoa bigundu bazen ere, gomuta hantxe zegoen. Kinto Graniok printzearen maiestatearen aurkako solas pribatua izana salatu zion Pisoni, gaineratuz haren etxean pozoiak zeudela eta ezpata gerrian zuela sartzen zela kurian. Horri, egia izateko handiegia, ez zioten jaramonik egin; bere aurka pilatzen zen beste hainbat salaketaren erruduntzat hartu zuten, baina ez zuen auzirik izan, ordu oneko heriotza bide zela. Kasio Sebero erbesteratuaz ere jardun zuten, jatorri apaleko eta bizitza gaiztokoa berau, baina hizlari trebea, etsaitasun handiak bereganaturik, senatuak Kretara bazter zezala eragin zuena, zinpeko epaiketa ondoren; han berdin portatzen jarraitu zuenez, gorroto berriak sortu eta zaharrak piztu zituen eta, ur-suen debekuan, Seriforen haitzean zahartu zen.

22.  Sasoi berean eta motibo ziurrik gabe, Plauzio Silbano pretoreak emaztea amildegira eraman zuen; Luzio Apronio aitaginarrebak Zesarren aurrera ekarririk, era nahasian honelatsu erantzun zuen: bera lo gogorrean zela eta, beraz, ezertaz ohartu gabe, emazteak bere burua hil nahi izan zuela. Berbertan, Tiberiok etxera joan eta logela miatzen du, non erresistentziazko eta indarrezko zantzuak ageri ziren. Senatuari horren berri damaio eta, epaimahaia izendatzean, Urgulaniak, Silbanoren amamak, birlobari sastagaia bidali zion. Printzearen aholkuz egin zuela pentsatu zuten, Augustaren eta Urgulaniaren arteko adiskidantzagatik. Erruztatuak, arma erabiltzen alferrik saiaturik, zainak irekitzeko eskatu zuen. Jarraian, Numantina lehen emazteari, sorginkeriaz eta edabez, senarraren zorotasuna eragin izana leporatzen diote.

23.  Azkenik, urte horrek Takfarinate numidaren aurkako gerra luzetik libratu zuen erromatar herria. Zeren aurreko buruzagiek, gertaerak garaipen ikurrak lortzeko adina bazirela uste zuteneko, etsaia albo uzten zuten; eta lau ohorezko estatua baziren hirian, Takfarinatek Afrika arpilatzen zerraien bitartean, mairuekin indarberriturik, zeintzuek, Iubaren seme Ptolemeoren gaztetasun nagiaren aurrean, libertoen gobernua eta esklaboen inperioa gerraz trukatu zuten. Harrapakinen estaltzaile eta lapurkidetzat, garamanteen erregea zeukan. Ez zen armadarekin ibiltzen, baizik tropa arinak bidaltzen, urruntasunagatik, handiagotzat jotzen zirenak; probintziatik ere, behartsu eta nahasle guztiak bidaltzen ziren hara, batez ere, Zesarrek, Blesoren kanpainen ondoren, Afrikan etsairik geldituko ez balitz bezala, bederatzigarren legioari itzultzeko agindu zionean; urte hartako prokontsula, Publio Dolabela, ez zen geldiarazten ausartu, printzearen aginduen beldurrago, gerraren zalantzen baino.

24.  Hala, Takfarinatek zurrumurrua zabaldu zuen erromatarrak, beste herri batzuen aldetik ere, larri zebiltzala eta, horregatik, Afrikatik bazihoazela astiro-astiro, eta gelditzen zirenak inguratzen erraz zegoela, morrontza baino askatasuna maiteago zutenak haien gainera oldartzen baziren; horrekin, indarra gehitzen zaio, eta, Tubusko hiriaren aurrez kanpaturik, inguratu egiten du. Baina Dolabelak, zeuzkan soldaduak bildurik, erromatar izenaren beldurraz baliaturik, eta numidak zaldizkoen fronteari aurre egiteko gauza ez zirenez, setioa lehen erasoan hautsi eta leku egokiak gotortu zituen. Aldi berean, defekzio bila zebiltzan musulamioen buruak aizkoraz lepamoztu zituen. Gero, Takfarinateren aurkako zenbait espediziotan, etsai alderrai hari ez zitzaiola tropa astunez eta zutabe bakarrean joanez eraso behar atera zutenez gero, Ptolemeo erregeari beretarrekin etorrarazi eta lau talde egin zituen, legatuen edo tribunoen esku utzi zituenak. Mairu hautek ere saldo harrapariak gidatzen zituzten; bera denen begirale gelditzen zen.

25.  Handik laster, berria heldu zen numidak dendak hedatu eta lehenago eurek su emandako Auzea izeneko gaztelu erdi-jausi baten ondoan kanpatu zirela eta lekuaz fidatzen zirela, troka babesgarri handiz inguraturik zegoelako. Orduan, kohorteak eta zaldizkoak bizkor martxarazi zituzten, ekipaje gabe eta nora zihoazen ez zekitela. Eguna argitzeaz batera, barbaro erdiloen gainera oldartu ziren, tronpeta hotsez eta oihu ohilez, numiden zaldiak girgiluekin edo larrean sakabanaturik zebiltzala. Erromatarren aldetik, oinezkoak batera zeuden, zaldizkoen eskuadroiak ordenan, dena batailarako prest. Ezer aurreikusteke zeuden etsaiek, ostera, ez zeukaten armarik, ez ordenarik, ez planik; abeltaldeak bezala, tarrastuak, hilak, atxilotuak izan ziren. Soldaduak, hainbestetan desiaturiko bataila saihestu zutenen kontrako nekeen gomutak amorraturik, mendekuz eta odolez asetzen ziren. Tropen artean, denek Takfarinate jazartzeko agindua zabaltzen da, hainbeste inkontrutatik ezaguna bera; gerrak ez zuela amairik izango, buruzagia hiltzen ez bazuten. Baina hura, guardia pertsonala bueltan zerraldo, semea ere atxilo eta erromatarrek denetik inguraturik, azkonei aurre eginez, gatibutzatik libratu zen, heriotza ez mendekugabez. Eta huraxe izan zen gerraren azkena.

26.  Tiberiok ez zuen Dolabelaren garaipen eskaria onartu, Seianori jaramon eginez, haren osaba Blesoren aintza lauso ez zedin. Baina Bleso ez zen horregatik ospetsuago izan, eta Dolabelari ohore ukatuak aintza handitu zion; izan ere, armada txikiago batekin, gatibu ospetsuak buruzagiaren heriotza eta gerra amaitu izanaren ospea ekarri baitzuen. Hirian bakan ikusitako garamanteen legatuak ere lagun zekartzan, euren jendeak, Takfarinateren heriotzaz durdituak, nahiz eta erru uste gabe, bidali zituenak, erromatar herriari ordain egitera. Gero, Ptolemeori, honek gerran emaniko babesaren berri jakinik, antzinako ohore baten arabera, senadore bat bidali zioten, bolizko makila eta toga brodatua ematera, senatuaren antzinako opariak eurok, eta errege, aliatu eta lagun gisan agurtzera.

27.  Uda berean, Italian zehar zabalduriko esklaboen matxinada hazia zoriak ito zuen. Iskanbilaren eragileak, Tito Kurtisiok, lehenago pretoriar kohorteko soldadu izanak, lehenik Brundisio eta albo-hirietako batzar klandestinoetan, gero agerian, kartelen bitartez, askatasunera dei egiten zien, oihan urrun haietan zehar, basa bizitza zeramaten esklabo ohilei; baina, jainkoei eskerrak, hiru birreme iritsi ziren itsaso hartako merkataritza untziak babestera. Inguru berean zegoen Kuzio Lupo kuestorea ere, antzinako ohituraren arabera, basoen ardura eman zitzaiona. Itsas dotazioak antolatu eta lehertuz batera desegin zuen matxinada. Zesarrek Estaio tribunoa berehala bidali zuen tropa sendo batekin, eta honek buruzagia bera eta inguruko ausartenak Erromara ekarri zituen, dardar berau, neurri gabe hazten ari zen esklaboen kopuru handiaz, herri librea egunetik egunera txikituz zihoala.

28.  Kontsulaldi berean, miseriazko eta ankerkeriazko adibide lazgarria gertatu zen: aita erruztatua eta seme salatzailea senatura eraman zituzten; biek Bibio Sereno zuten izena. Erbestetik ekarria, zikinez eta zarpailez josia, eta gainera kateatua, aita seme salatzailearen aurrean agerrarazi zuten. Salatzaile eta lekuko batera, dotore jantzirik eta aurpegi alaiz, mutilak zioen hark printzearen aurkako azpikeriak harildu zituela eta Galiara gerra xaxatzaileak bidali zituela, eta gaineratzen zuen Zezilio Kornuto pretore ohiak dirua eman ziola; honek, ezinegonak harturik eta arriskua galbidetzat jorik, bere heriotza azkartu zuen. Salatua, ostera, gogoa osorik zuela, semearengana itzuli zen, kateak astinduz eta jainkoen mendekua inbokatuz, bera halako ohituretatik urrun egoteko erbestera bihur zezaten, baina semeari noizbait zigorra etor zekion. Kornuto errugabea zela eta gezurrak izutu zuela segurtatzen zuen; eta hori aisa ulertzekoa zela, beste salatu batzuk baleude, hari ez baitzitzaion printzearen heriotzarik eta estatu kolperik konplize bakarrarekin bururatuko.

29.  Orduan, salatzaileak Gneo Lentulo eta Seio Tuberon aipatu zituen, Zesarren lotsa handirako, hiriko gizon-gizonei, bere lagun minei, atzerritarrekin gerra egitea eta matxinadan saiatzea leporatzean. Lentulo oso adin handikoa zen eta Tuberon gaixoak akabaturik zegoen. Hauek, jakina, laster utzi zituzten auzitik kanpora. Esklaboak itaundu zituzten, aitaren aurkako lekukotza bila, eta ikerketa salatzailearen aurka atera zen. Honek, krimenaren ohartun eta, aldi berean, espetxeaz eta amildegiaz, edo parriziden zigorrez mehatxu egiten zion herri zurrumurruak izuturik, hiritik alde egin zuen. Rabenatik indarrez itzularazi eta salaketa jarraitzera behartu zuten, Tiberiok ez baitzuen Sereno erbesteratuarenganako behinolako gorrotorik iezkutatzen. Izan ere, Libonen kondena ondoren, Zesarri idatzi zion, aurpegiratuz bere fintasuna bakarrik gelditu zela sari gabe, eta zenbait gauza gaineratuz, belarri harro eta erreminkorren aurrean, arriskugarri ez gertatzeko baino gordinagoak. Hori guztia Zesarrek zortzi urtera gogoratu zuen, bitarteko denboran ere zenbait kontu salatuz, nahiz eta, esklaboen torturapeko tinkotasuna zela bide, adierazpenek alderantzizkoa eman.

30.  Gero, Sereno aurretikoen ohituraren arabera zigortzeko epaia eman zutenean, betoa ipini zuen, hartatiko gorrotoa biguntzearren. Giaron edo Donusan konfinatzeko Asinio Galoren proposamena ere ezeztatu zuen, esanez bi irletan urik ez zegoela eta bizia ematen zitzaionari bizibidea ere eman behar zitzaiola. Hala, Sereno berriro Amorgo irlara eraman zuten. Eta, Kornutok bere burua hil zuenez gero, salatzaileen sariak abolitzeaz jardun zuten, baldin maiestatez auziperaturiko norbaitek bere buruari bizia kentzen bazion epaiketa amaitu aurretik. Bazihoazen mozioa onartzera, Zesarrek, gogorki eta ohiz bestera, salatzaileen alde agerian egin ez balu, kexatuz, hala, legeak indargatzen eta errepublika amilburuan ezartzen zela; hobe zela legeak akabatzea, euron zaintzaileak baino. Hala, salatzaileak, hondamen publikorako asmaturiko eta, zigor eta guzti ere, inoiz behar bezala moztu gabeko jende modua, sariekin sustaturik aurkitu ziren.

31.  Gertaera maizkor bezain triste hauetan, poz txiki bat ere tartekatu zen, Zesarrek Gaio Kominio, zaldun erromatar haren aurkako bertso iraingarriak idazteaz konbiktua, asketsi zuenean, haren anaia senatariaren erreguei jaramon eginez. Horregatik, harrigarriago gertatzen zen gizon hark, onena zer zen eta barkakortasunak nolako entzutea dakarren bazekienak, nola makurrena hobesten zuen. Haren akatsa ez baitzen kamustasuna, eta gauza jakina da enperadoreen egintzak noiz benetan, noiz poz itxurazkoan ospatzen ziren. Areago, hark berak, beste zenbaitetan neurtuki eta hitzekin borrokan bezala zirudienak, inork baino jareinago eta aisago hitz egiten zuen norbaiti laguntzen zionean. Ostera, Publio Suilio, lehenago Germanikoren kuestorea, bere kargupeko epaiketa batean dirua onartu izanaz konbiktua, Italiatik erbesteratu zutenean, Tiberiok irla batera bazter zezatela proposatu zuen, halako tinkotasunez, non errepublikaren onura jokatzen zela zin egin baitzuen. Unean bertan, harrera txarra izan zuen jokabide gogor horrek goralbenak ekarri zizkion gero, Suilio itzultzean; hau hurrengo belaunaldiak handiki, saldukoi eta luzaz oparo ezagutu zuen, Klaudio printzearen adiskidantza inoiz ondo erabili gabeagatik. Zigor berdina erabaki zen Kato Frimio senadorearen aurka, arreba maiestate salapen faltsuz jazartzeagatik. Katok, kontatua dudanez, Libon azpikeriaz erakarri eta, gero, bere deklarazioz hondatu zuen. Tiberiok lan hura gogoan zeukan, baina beste batzuk aitzakiatzat ipini zituen, hura ez erbesteratzaren alde egin zuenean; senatutik bidaltzeari, ostera, ez zion ezetzik esan.

32.  Badakit kontatu ditudan eta kontatuko ditudan gertaerarik gehienak hutsal eta ez-gogoangarri irudi daitezkeena; baina inork ez ditu gure analak konparatu behar erromatar herriaren antzinako historia kontatu zuten lanarekin. Haiek gerra itzelak, hirien konkistak, errege menperatuak eta atxilotuak, edo, barne arazoei gehiago begiratzekotan, kontsulen tribunoekiko eztabaidak, lur eta gari legeak, populuaren eta patrizioen arteko gatazkak konta zitzaketen, nahi zuten moduan; gure lana, ostera, meharra eta aintzagabea da, bakeak bere hartan edo astindu txikian iraun zuelako, hiriko bizitza motela zelako eta printzeak inperioa handitzeko gogorik ez zeukalako. Hala ere, ez da alferrekoa, lehen begiratuan, huskeriak diruditenak aztertzea, sarritan, haietarik, aldakuntza handiak sortzen baitira.

33.  Izan ere, nazio eta hiri guztiak herriak, edo jaunek, edo bakarrak aginduta daude; errepublika misto eta hirurekin osatua laudatzen errazago da, ezartzen baino, eta, ezartzen bada, ez du luze iraungo. Beraz, baldin lehenago, populua ahaltsua edo gurasoak boteretsuak zirenean, populuaren izaera eta hura nola goberna zitekeen ezagutu behar bazen, eta senatuaren eta goi gizonen izaeran gehien barnatu zirenak garaien aditu eta jakintsutzat jotzen baziren, oraintxe ere, egoera aldatu eta erromatar herria bakarrak agintzen duenetik bereizten ez den honetan, gertaerok aztertze eta kontatzeari onuragarri deritzot, gutxik bereizten baitute, zuhurtziaz, zintzoa txarragotik, bidezkoa kaltegarritik, eta gehienek inoren esperientzietatik ikasten baitute. Bestela, onuragarri diren neurrian, hainbat ezatseginago dira. Zeren herrien erakuspenak, gerra gorabeherek, buruzagi handien garaipenek irakurlearen arreta atxikitzen eta berritzen baitute; guk, ostera, erreskan jartzen ditugu agindu ankerrak, salaketa etengabeak, adiskidetasun engainagarriak, errugabeen hondamenak eta galbiderako arrazoi berdinak, egoeren antz nabarmen eta gogaikarriz. Gainera, antzinako idazleek nekez aurkitzen dute kontraesalerik; inori ez dio ardura armada kartagotarrak ala erromatarrak gogotsuago loriatzen dituzun; ostera, oraindik bizirik daude Tiberioren agintepean zigorrak eta laidoak jasan zituzten askoren ondorengoak, eta, sendiak eurak iraungiak izanik ere, aurkituko duzu, portaeraren antzagatik, inoren gaiztakeriak aurpegiratzen dizkiozula iruditzen zaionik. Aintzak eta bertuteak ere badituzte etsaiak, denboran hurregi egonik, bestelakoen salaketak bailiran. Baina, orain, hasitako arlora nator.

34.  Kornelio Koso eta Asinio Agriparen kontsulaldian, Kremuzio Kordo auziperatzen dute, orduantxe lehenengoz entzun zen salaketa zela bide: analak argitaratu eta Marko Bruto goraldurik, Gaio Kasiori «azken erromatarra» deitu ei zioten. Satriko Segundok eta Pinario Natak, Seianoren klienteek, salatzen zuten. Erruztatuarentzat hondagarri izan zen hura, eta Zesarrek aurpegikera ohilez hartu zuen defentsa, Kremuziok, bizia galduko zuela ziur, honela hasi zuena: «Hitzak salatzen zaizkit, guraso konskriptuok, hartaraino bainaiz egintzetan errugabe. Baina hitzok ez dira printzearentzat, ez printzearen aitarentzat, zeintzuk maiestate legeak hartzen dituen. Bruto eta Kasio laudatu ei ditut, zeintzuen egintzak, askok kontatu badituzte ere, inork ez dituen ohore gabe gogoratu. Tito Liviok, etorriaz eta fidagarritasunaz historialari ospetsuak, Gneo Ponpeiori hainbeste goralben eskaini zion, ezen Augustok «ponpeiotarra» deitzen baitzion, eta, hala ere, hori ez zen bien arteko adiskidantzaren oztopo izan. Eszipioni, Afraniori, Kasiori eta Brutori berauei ere, inon ez die lapur eta parrizida deitzen, orain ezartzen zaizkien izenak eurok, bai, ostera, sarritan, gizon guren izendatu. Asinio Polionen idaztiek ere haien oroitzapen bikaina ematen dute; Mesala Korvinok Kasiori bere jenerala deitzen zion, eta biak gailendu ziren ondasun eta ohoreetan. Katon zeruarekin berdintzen zuen Zizeronen liburuari zer beste erantzunik eman zion Zesar diktadoreak, mintzaldi idatzi bat baizik, epaitegian balego bezala? Antonioren gutunek eta Brutoren mintzaldiek Augustoren aurkako irain faltsuak baina txit mingotsak dauzkate. Bibakulo eta Katuloren poemak Zesarren aurkako irainez beterik daude eta, hala ere, Julio jainkozkoak berak, Augusto jainkozkoak berak jasan eta egoten utzi zieten, neurritasunagatik ala jakinduriagatik garbi ez dakidala. Izan ere, arbuiatzen denak indarra galtzen du, haserretzeak, berriz, aitortzen bide du».

35.  «Ez naiz grekoez ari, zeintzuengan askatasuna ez ezik, nahikeria ere zigor gabe gelditzen zen; edo, inork neurririk hartzekotan, hitzak hitzez mendekatzen zituen. Baina guztiz askea eta aurkari gabea zen heriotzak gorrototik edo graziatik eraman zituenez mintzatzea. Zeren Kasio eta Bruto armaturik, eta Filiposko lautadak harturik ote daude, ba, eta ni herria, harengaz, gerra zibilera xaxatzen ote nabil? Ez ote da, areago, orain hirurogeita hamar urte hil ziren haiek, euren irabazleak berak ere kendu ez zituen estatuetan ezagun diren bezala, hala, historialarien gomutan ere, partetxo bat gordetzen dutela? Geroak bakoitzari bere ohore maila damaio, eta ez da faltako, kondenatua banaiz, Kasioz eta Brutoz ez ezik, neutaz ere oroituko denik». Gero, senatutik irten eta bere buruari gosez hiltzen utzi zion. Senatariek erabaki zuten haren liburuak edilek erreak izan zitezela; baina, ezkutuan iraunik, argitaratu egin ziren. Hainbat arrazoi gehiago, oraingo botereak geroaren oroimena ere iraungi dezakeela uste dutenen ergelkeriari barre egiteko. Aitzitik, izan ere, talentu jazarrien autoritatea handitu egiten baita, eta ez errege arrotzek, ez amorru berarekin jokatu zutenek, ez baitzuten eurentzat desohorea eta haientzat aintza besterik lortu.

36.  Gainerakoan, hain salaketa etengabez beteriko urtea izan zen, ezen, Feria Latinoetan ere, Druso, hiriko tribuno gisan, auspizioak hartzeko, bere tribunalera igotzen ari zela, Kalpurnio Salbianok Sesto Marioren aurkako salaketa eraso baitzion; hori, Zesarrek jendaurrean gaitzetsia, Salbianorentzat erbestebide izan zen. Zizikoarrei errieta publikoa egin zitzaien, Augusto jainkozkoaren kultuko laxokeriagatik, Erromako hiritarren aurkako indarkeria salapenak gehitzen zitzaizkiela; eta askatasuna galdu zuten, Mitridatesen gerran irabazia bera, setiaturik zeudela, bai euren irmotasunez, bai Lukuloren laguntzaz, erregeari aurre egin ziotenean. Asia prokontsul gisan gobernatua zuen Fonteio Kapiton, ostera, absolbitu egiten dute, Bibio Serenok egiten zizkion salaketak gezurrezkoak zirela ikusita. Baina horrek ez zion kalterik egin Serenori, gorroto publikoak segurantza handiagoa ematen zionari. Izan ere, salatzaile bat bereziki zorrotz agertzen zenean, sakrosantua bezalakoa zen; makalak eta ezezagunak bakarrik zigortzen zituzten.

37.  Garai berean, Hispania Ulterioreak, senatura bidalitako ordezkaritza baten bitartez, baimena eskatu zuen, Asiaren etsenpluari jarrai, Tiberiori eta bere amari tenplu bat eraikitzeko. Okasio hartean, Zesarrek, bestela ohoreei albo egiteko bezain kementsua zenak, euren esamesetan, adulaziora makurtu zela salatzen ziotenei erantzun beharko ziela pentsaturik, mintzaldia honela hasi zuen: «Badakit, guraso konskriptuok, gehienek nire irmotasunik eza nabaritu zutena, hauxe bera eskatzen zuten Asiako hiriei oraintsu ezetzik esan ez nienean. Beraz, nire lehengo isiltasuna arrazoitzen eta aurrerantz zer erabakia daukadan argitzen saiatuko naiz. Augusto jainkozkoak berari eta Erromako hiriari Pergamon tenplu bat eskaintzerik debekatu ez zuenez gero, nik, haren eginak eta esanak legetzat hartzen ditudan honek, aisago jarraitu nion haren onarpenaren etsenpluari, nire kultuari senatuaren gurtza gaineratzen baitzitzaion. Gainerakoan, behin onartu izana barkatzen ahal bazitzaidan, probintzia guztietan jainkoei dagozkien irudiak niri eskaintzea hantuste eta urguilu handiegiak lirateke; gainera, Augustori zor zaion ohorea ezabatuko da, adulazio indiskriminatuak ugaltzen badira».

38.  «Nik, guraso konskriptuok, hilkor izan nahi dut, gizakiei dagozkien karguak eraman, eta pozik egon lehen tokia betetzeaz; eta zeuok jartzen zaituztet lekuko, eta geroak hala gogoratzea nahi dut, nire oroimenarentzat nahikoa eta lar opari egingo baititidate, arbasoen duin, zuen interesen jagole, arriskuetan tinko eta denen onaganako arrenkuren aurrean makurgaitz naizela pentsatuz. Hauexek dira nire tenpluak, zuen bihotzetan eraikitzen direnak; hauexek dira estatuarik ederren eta iraunkorrenak. Zeren, harrian eraikitzen direnek, geroaren ustea gorroto bihurtzen bada, hilobien arbuio berdina hartzen baitute. Beraz, aliatuei, hiritarrei eta jainkoei eurei ere zera eskatzen diet: hauei, biziaren azkenera arte, izpiritu bakezkoa eta giza- eta jainko-legea ulertzen duena izan dezadala; haiei, ni desager nadinean, nire egintzak eta nire izenaren ospea laudorioz eta gomuta onez lagun ditzatela». Gero, solas intimoetan ere, beretzat halako kultua saihesten jarraitu zuen. Hori batzuek modestiatzat hartzen zuten, askok konfiantza faltatzat, eta batzuek gogo degeneratuaren seinaletzat. Izan ere, hilkorren arteko onenek gorena desiratzen ei dute: hala Herkules eta Liber, grekoen artean, Kirino, gure artean, jainkoen kopurura gehituak izan ei ziren; Augustok hobeto egin ei zuen, zain egon baitzen. Gainerakoaz printzeak berehala jabetzen ei dira; zer bakarra prestatu behar ei dute atergabe: euren oroitzapen ona; ospea arbuiatzean, bertuteak arbuiatzen baitira.

39.  Baina Seianok, ondasun gehiegiak itsuturik eta, gainera, Libiak ezkon promesa bete zezala eskatzean, emakume batenganako irrikak suturik, idazki bat egiten dio Zesarri, orduan ohitura baitzen harengana idatziz jotzea, haren aurrean bazen ere. Gutxi gorabehera, era honetakoa zen: Augusto aitaren onguragatik eta, gero, Tiberioren maitasun zantzu askorengatik, bere usteak eta desirak jainkoei ez zuzentzen ohiturik zegoela, printzeen belarrira baino lehenago. Bestalde, inoiz ez zuela ohoreen distirarik eskatu; guardiak eta nekeak nahiago zituela, soldadu bat gehiago bailitzan, enperadorearen segurantzagatik. Baina lortu zuenik ederrena Zesarren ahaide izateko duintzat jo zutela ei zen. Hortik zetorren bere itxaropenaren abiabidea; eta Augustok, bere alaba ezkontzean, une batez erromatar zaldunengan pentsatu zuela entzuna zuenez gero, hala, Libiarentzat senarrik bilatzen bazen, ahaidetasun hartatik, aintza bakarrik baliatuko zuen laguna gogoan izan zezala eskatzen zion. Izan ere, ez ei zen bere asmoa ezarri zitzaizkion karguez gabetzea; nahikoa ei zuen etxea Agripinaren herra bidegabeen aurka segurtatzea, eta hori seme-alabengatik, zeren, beretzat, luzea eta gainezkoa izango baitzen halako printzearekin igaro izandako bizitza.

40.  Erantzunean, Tiberiok, Seianoren pietatea goraldu eta bere harenganako ontasunak doiki gogoratu ondoren, pentsaketa sakonerako denbora eskatu zion, eta gaineratu, beste hilkorren erabakiak eurei komeni zitzaiena pentsatzera mugatzen zirela, baina printzeen izatea beste era batekoa zela, hauek arazorik handienak iritzi publikora begira ebatzi behar zituztelako; horregatik, ez zuela beste gabe halako erantzun errazera joko ezen Libiak berak, Druso hildakoan, erabaki zezakeela ezkonduko ote zen, ala etxe berean jarraitzea pairatuko zuen; han zeuzkan ama eta amama, aholkulari hurbilagoak. Garbi esanda, lehenik, Agripinarekiko etsaigoa zegoen, zeina gordinkiago sutuko zen, Libiaren ezkontzak Zesarren etxea alderdietan bezala urratzen bazuen. Zeuden moduan ere, emakume arteko lehia lehertzen ari zen, eta diskordia hark bilobak artegaturik zeuzkan. Zer gertatuko zen, halako ezkontza batekin, liskarra zorrozten bazen? «Oker baitzaude, Seiano, uste baduzu maila berean jarraituko duzula, eta Libiak, lehenik Gaio Zesarrekin eta gero Drusorekin ezkondurik egon zenak, erromatar zaldun baten ondoan zahartzea onartuko duela. Nik baimena emanik ere, euren anaia edo aita, eta gure arbasoak, aginterik gorenetan ikusi dituztenek jasango dutela uste duzu? Zuk zauden tokian iraun nahi duzu, bai; baina, zeuk nahi gabe ere, ate joka eta den-denaz kontsultatzen ari zaizkizun magistratu eta jaun handiek ez dute isilean gordetzen aspalditik zaudela zaldunari dagokion mailatik gora, eta gure aitaren adiskidantzak gaindituak dituzula; eta zureganako bekaitzez, neu ere salatzen naute. Eta, hala ere, egia da Augustok alaba zaldun bati ematea pentsatu zuena. Herkulesarren, harrigarri al da, deneriko ardurak zeuzkalarik, eta besteen gainetik jasotzen zuena neurri gabe gailendua izango zela jakinik, bere solasetan Gaio Prokuleioz eta bizitza nabariki lasaia eta ezein gorabehera politikotan nahasi gabea zeramaten beste batzuez mintza zedin? Baina, Augustoren zalantzak hunkitzen bagaitu, zenbat indartsuago ez da izango hark hura Marko Agriparekin eta gero nirekin ezkontzea? Gauza hauek ez ditut adiskidetasunagatik ezkutatu gura izan; gainerakoan, ez natzaie zure asmoei, ez Libiarenei jarkiko. Neure kautan zer pentsatzen dudan, nolako loturaz oraindik areago neureganatu gura zaitudan, oraingoz ez dut agertu gura. Hauxe bakarrik esango dizut: ez dago ezer hain bikainik, zure bertuteek eta zure nireganako gogoak merezi ez dutenik, eta, behar den garaian, ez dut isilduko, dela senatuan, dela herriaren aurrean».

41.  Seianok ekinean jarraitu zuen, ez ezkontzaz aritzeko, baizik, beldur sakonagoetan, susmo tazitoak, populuaren esamesak eta bekaitz mehatxatia ekiditeko. Eta, jendetza maizkoa etxetik urrunduz, botererik ez haustearren, eta, etengabe errezibituz ere, salatzaileei erraztasunik ez ematearren, Tiberio, Erromatik urrun, leku atseginetan bizitzera joan zedin bultzatzea pentsatu zuen. Horrela zer irabazi handia zeukan: jauregiko sar-irtena bere eskuan egongo zen, eta korrespondentziarik gehiena berak kontrolatuko zuen, soldaduek eramana baitzen; geroago, Zesarrek, adinean aurrera eta erretira bizitzak bigundurik, gobernu lanak aisago transmitituko zizkion; bestalde, errespetua erakustera zetozkion audientziak mozturik, beraganako bekaitza leunduko zuen, eta, zer hutsalak bazterturik, benetako boterea handituko zitzaion. Beraz, astiro-astiro, hiriko negozioez, herriaren pilakuntzez eta gortesauen andanaz, Zesarri txarto esaten hasi zitzaion, lasaitasuna eta bakardadea laudatzen zizkiola, asperduratik eta ezinikusitik libratu eta arazo nagusiak hobeto bideratzen lagunduko ziotenak.

42.  Egun haietan, halabeharrez, Bozieno Montanoren, talentuz ospetsua zen gizonaren aurkako epaiketa izan zen; honek Tiberio jada zalanzkorrari erabakiarazi zion senatuaren bilerak eta, gehienetan, egia gogorrak aurpegiratzen zizkioten ahotsak debekagarritzat jotzea. Bozienori, izan ere, Zesarren aurkako irainak jaulki izana salatzen zioten; Emilio lekukoak, militar petoak, frogak emateko ahaleginean, dena kontatu zuen eta, hoska isilarazi nahi izan zutenean, hark bere hitzak indartu besterik ez zuen egin. Tiberiok entzun behar izan zuen nolako irainez larrutzen zuten isilean, eta hainbeste aztoratu zen, ezen oihu egin baitzuen, bai unean bertan, bai epaiketan, bere izena garbituko zuela, harik eta ingurukoen erreguek eta denen adulazioek haren sumina baretzea ozta lortu zuten arte. Bozieno, jakina, maiestate hobenarentzat aurreikusitako zigorretara kondenatu zuten. Zesarrek, egozten zitzaion salatuenganako bihozgabekeriari setatiago heldurik, erbestearekin zigortu zuen Akilia, Bario Ligurrek adulterioz salatua, nahiz eta Lentulo Getuliko kontsul izendatuak, Julia legez, lehendik kondenatua zuen; eta Apidio Merula senatuko zerrendatik ezabatu zuen, Augustoren egintzengatik zin ez egitearren.

43.  Gero, lazedemoniar eta meseniarren ordezkaritzei entzun zitzaien, Diana Limnatideren tenpluaren eskubideaz. Lazedemoniarrek euren arbasoek eta euren lurrean eraiki zutela zioten, analen lekukotzan eta poeten bertsoetan oinarriturik, baina harekin gerran ibili ziren Mazedoniako Filiporen armadak kendu ziela eta, gero, Gaio Zesarren eta Marko Antonioren dekretuz bihurtu zitzaiela. Meseniarrek, ostera, aipatu zuten Peloponeso antzina banatua izan zela Herkulesen ondorengoen artean, eta euren erregeari egokitu zitzaiola santutegia zegoen Dentalios; argudiatzen zuten gertaera haren gomuta harrian zizelkaturik eta antzinako brontzeetan gordetzen zela; poeten eta analen lekukotzara jotzekotan, eurek gehiago eta osoagoak zeuzkatela; Filiporen erabakia, indarrean barik, egian oinarritzen zela; berbera izan ei zen Antigono erregearen eta Mummio jeneralaren iritzia; horixe erabaki ei zuten milesiar arbitro izendatuek eta, azken aldian, Akaiako pretore Atidio Geminok. Hala, arrazoia meseniarrei eman zitzaien. Segestakoek, bestalde, Erize mendiko Venusen tenplua, denborak andeatua, berriztatzeko eskatu zuten, bere jatorriari buruzko xehetasun aski ezagun eta atseginak gogoratuz Tiberiori, zeinak, jainkosaren odolkide gisan, lana pozik hartu zuen bere gain. Gero, masiliarren eskariak tratatu ziren, eta Publio Rutilioren kasua onartu zen, legeek proskribaturik, esmirnarrek euren hiritargoa eman baitzieten. Masiliarrek eskubide berarekin hartua izanik, Bulkazio Mosko erbesteratuak bere ondasunak haien errepublikari utzi zizkion, bere sorterriari bezala.

44.  Urte hartan, bi gizon handi hil ziren, Geno Lentulo eta Luzio Domizio. Lentulorentzat, kontsulatuaz eta geten gaineko garaipenaz gainera, aintzagarri izan ziren ondo eroandako txirotasuna eta, geroago, zintzoki irabazi eta doitasunez gozatu zituen ondasun handiak. Domizioren distira aitagandik zetorren, itsas jauna berau gerra zibilean, Antonioren alderdira bildu arte, gero Zesarrenera pasatzeko. Aitita Farsaloko guduan jausi zen, nobleen alde borrokan. Berak, berriz, Antonia gazteena, Oktabiaren alaba, ezkontzan hartzeko hautatua izan zenak, gero Albi ibaia armadarekin bestalderatuko zuen, aurreko inor baino barrurago sarturik Germanian, eta, ekintza horiengatik, garaipenaren ikurrak eskuratu zituen. Luzio Antonio ere hil zen, oso goi jatorrikoa, baina dohakabea; zeren, haren aita Julo Antonio Juliarekiko adulterioagatik zigortu zutenean, bera, artean mutiko, arrebaren birloba, Augustok Masiliako hirira baztertu baitzuen, non, ikasketa itxuran, erbeste izena disimulatuko baitzen. Hala ere, hileta ohoragarriak izan zituen eta hezurrak oktabiotarren tumuluan ipini zituzten, senatuaren dekretuz.

45.  Kontsulaldi berean, Hispania Ziteriorean, Termes herriko baserritar batek krimen lazgarria burutu zuen. Luzio Pisoni, bakeagatik desarretaz zebilen probintziako pretoreari, ustekabean bidera irten zitzaion eta, sastada bakarrean, hilgai utzi zuen. Zaldian bizkor ihes eginik, sakosta oihantsuetara heldu zenean, zaldia abandonatu eta, leku malkar eta sargaitzetan sarturik, jazarleak saihestu zituen. Ez zen luzaro izkutatu. Zaldia harrapatu eta inguruko baserrietan zehar eroanik, norena zen atera zuten. Aurkitu eta, konplizeak salatzeko, tormentuan ipini zutenean, oihuka eta bere jatorrizko hizkuntzan, alferrik galdekatzen zutela aldarrikatzen zuen; etortzea eta begiratzea zeukatela lagunek, oinazearen indarra inoiz ez baitzen egia ateratzeko lain izango. Biharamunean, berriro galdeketara eraman zutenean, zaintzaileengandik halako indarrez askatu eta harriarekin burua jo zuen, ezen bertan akabatu baitzen. Baina Pison termestarren enboskadak hil zuela uste da, altxor publikoari kendutako diruak barbaroek jasateko baino gogorkiago biltzen zituelako.

46.  Lentulo Getuliko eta Gaio Kalbisioren kontsulaldian, Popeo Sabinori garaipen ikurrak eman zizkioten, mendi goietan bizimodu basatia eta, beraz, ohilagoa zeramaten traziar herriak zanpatzeagatik. Matxinadaren arrazoia zen, gizajende haren berezkoaz gainera, uko egiten ziotela erreklutatzeari eta gizonik sendoenak gure armadarako emateari, euren erregeei ere ez baitzieten men egiten, gogoak ematen zienean baizik; eta, tropa laguntzailerik bidaltzen bazuten, euren buruzagiek agintzea eta ingurukoen aurka baizik ez gudukatzea eskatzen zuten. Eta, orduan, zurrumurua zabaldu zen ezen, sakabanatu eta lurralde urrunetara deserriturik, beste herri batzuekin nahasiko zituztela. Armetara jo aurretik, mezulariak bidali zituzten, euren adiskidetasuna eta leialtasuna gogoratzera eta hauek eutsiko zietela iragartzera, zama berriekin estutzen ez bazituzten; baina, menperatuei bezala, esklabotza ezartzen bazitzaien, bazutela armarik eta gazteriarik, eta askatasunerako zein heriotzarako gertu zegoen gogorik. Aldi berean, gurasoak eta emazteak bertan bilduak zituzten haitz gaineko gazteluak erakusten zituzten, gerra malkar, latz eta odoltsuarekin mehatxu eginez.

47.  Baina Sabinok, armadak bateratzen zituen bitartean, erantzun biguna eman zien; Ponponio Labeon, Mesiatik legio batekin, eta Remetaltzes erregea, leialtasunik aldatu ez zuten bere herriko laguntzekin, iritsi zirenean, gertu zeuzkan tropak gehitu eta etsaiaren aurka jo zuen, honek haizpitarte estuetan posizioak hartuak zituela. Ausartago batzuk muino garbietan ageri ziren, zeintzuk buruzagi erromatarrak, gudu lerroan erasorik, erraz samar atzera bota zituen; barbaroek hildako gutxi izan zuten, ihesbide hurbilak baitzeuzkaten. Gero, kanpamentu gotor bat bertan jaso eta, tropa indartsuz, mendi estu eta bizkarlau bat hartu zuen, gaztelu hurbil bateraino iristen zena, indar armatu handi, baina nahasiak babestua berau. Era batera, arkulari hautak bidaltzen ditu etsairik ausartenen aurka, zeintzuek, barruti aurrean bertan, gerrako kanta-dantzekin jauzi egiten zuten, herri hartako ohituraren arabera. Arkulariek urrundik eraso zutenean, etsai ugari zauritu zuten, minik jasan gabe; baina, gehiago hurbildu zirenean, bat-bateko erasoak asaldatu zituen, eta kohorte suganbroaren babesera jo behar izan zuten, erromatarrak handik ez urrun kokatu zuena berau, arriskurako gertu, eta ez gutxiago beldurgarri, armen eta kanten burrunbagatik.

48.  Gero, kanpamentua etsaiaren hurrera aldatu zuten, lehenengo gotorlekuan gure alde zeudela esana dudan traziarrak utzirik. Hauei arpilatzeko, su emateko, harrapakiak biltzeko baimena eman zitzaien, beti ere egunez izatekotan, eta, gauez, kanpamentua ernaitasun etengabez zaintzekotan. Lehenengotan, errespetatu zuten, baina gero, larkeriari emanik eta harrapaketaz aberasturik, zaintzak laxotzen zituzten oturuntzen nahasmenean, edo loguraren eta ardoaren menpean lurreratzen ziren. Etsaiek, haien ezaxolaz ohartu zirenean, zutabe bi prestatu zituzten, bata, arpilatzaileen gainera oldartzeko, bestea, erromatar kanpamentuari erasotzeko; ez, hau harrapatzeko asmoz, baizik gure soldaduek, zalaparta eta jaurtiketengatik, bakoitza bere arriskura adi, beste gatazkaren harrabotsik entzun ez zezaten; gainera, gaua hautatu zuten, izua handitzeko. Baina gotorlekuaren murruari eraso ziotenak aisa atzeratuak izan ziren; traziar tropa laguntzaileak, ostera, bat-bateko erasoak izuturik, zati bat bakarrik baitzegoen gotorlekua zaintzen, gehienak kanpoan alderrai zebiltzala, hainbat ankerkiago sarraskituak izan ziren, armak euren eta sorterriaren esklabotzarako harturiko iheslaritzat eta traidoretzat salatzen baitzituzten.

49.  Biharamunean, Sabinok leku lauan hedatu zuen armada, ea barbaroak, gaueko arrakastaz animaturik, erasora ausartzen ziren. Baina gaztelutik eta inguruko muinoetatik irteten ez zirenez gero, setioa hasi zuen, behar bezala hornituriko zokoen bitartez. Gero, zangak eta parapetoak kateatuz, lau miliako bueltan inguratu zituen. Orduan, astiro-astiro, ur eta larre gabe uzteko, setioa ixten eta blokeoa estutzen hasi zen; lubeta ere egiten ziharduten, handik etsai jada hurbilari harriak, pika eta sua jaurtitzeko. Baina ezerk ez zituen egarriak adina akitzen, gerlari pilo izugarriak geratzen zen iturri bakarra erabili behar baitzuen; aldi berean, barbaroek ohi bezala, batera ukuiluratzen zituzten abelburuak belar faltaz hiltzen ari ziren; ondoan, zauriek eta egarriak menperaturiko gizonak zeutzan; dena zoldua zen odol ustel, kirats, kutsaduraz.

50.  Nahasmen handi hari gaitzik okerrena batu zitzaion, diskordia, alegia, batzuek entregatzea, beste batzuek elkar zaurituz hiltzea pentsatzen baitzuten; baziren aholkatzen zutenak ere, ez mendeku gabeko heriotza, irtenbidea baizik. Jarrera hauen artean, jende xehea bakarrik ez zegoen banatua, baizik buruzagietariko batek, Dinisek, adin handi eta esperientzia luzeagatik, erromatarren indarra eta bihozkortasuna ezagutzen zituenak, esaten baitzien euren nahigabearen erremedio bakarra armak uztea zela, eta bera entregatu zitzaion lehenen garaileari, emazte eta umeekin. Adinez edo sexuz makalak zirenek eta aintza baino bizia maiteago zutenek jarraitu zioten. Gazteak, ostera, Tarsaren eta Turesisen artean banaturik zeuden. Biek erabakia zuten askatasunaren alde hiltzea, baina Tarsak azken bizkorra eskatzen zuen, itxaropena eta beldurra batera suntsitu behar zirela aldarrikatuz, eta etsenplua eman zuen, bularrean ezpata sarturik; ez zen falta izan heriotza era hartan bilatu zuenik. Turesisek, bere jendearekin, gauari itxaron zion, ez gure buruzagiak jakin gabe. Beraz, guneak tropa ugariagoz indartsu ziren. Gaua haizete izugarriarekin zetorren, eta etsaiak, zalaparta istilutsuan, setiatzaileak nahastea lortu zuen; orduan, Sabino gunez gune abiatu zen, harengatuz ezen ez ziezaietela enboskatuei aukerarik eman, zarata dudazkoekin edo patxada itxurarekin fidaturik, baizik bakoitzak bere egitekoa tinko bete zezala, segurrera baino ez tiratuz.

51.  Bitartean, barbaroek, saldoetan jaitsirik, behin jaurtitzen zituzten, hesiaren kontra, eskuzko harrikadak, sutan zorrozturiko hageak eta zuhaitz zatiak, behin zuloak betetzen zituzten sastrakaz, koltzaz eta hilotzez; batzuek, gotorlekuen kontra, zubiak eta aurretiaz eginiko sokak jaurtitzen zituzten eta, eurotan gora, erauzten eta defendatzaileekin gorputzez gorputz borrokan saiatzen ziren. Gure soldaduek azkonez uxatzen, ezkutuekin bultzatzen eta harresien defentsan ohi diren pikak eta harritzarrak jaurtitzen zizkieten. Batzuen adoregarri dira garaipen hurbilaren itxaropena eta, etsiz gero, desohorerik nabarmenena. Beste batzuena, salbamenaren azken ahalbidea, gehienen ama-emazteen bertan egote eta auhenak. Gaua batzuei kemengarri zitzaien, beste batzuei beldurgarri; jaurtiketak zalantzazkoak ziren, kolpeak ustegabeak; ez norberetarrik, ez etsairik ez ikusteak, eta mendi arramatsuko hotsen oihartzunak, erretagoardiatik etorriz bezala entzunarazten zituenak, halako nahaspila eragin zuen, ezen erromatarrek zenbait gune bertan behera utzi baitzuten, bortxatuak izan zirelakoan. Baina etsai banakak bakarrik lortu zuen ihes egitea. Gainerakoei, kementsuenak jausiak edo zaurituak zirela, egunsentian, gazteluaren goienera sakatu zieten, non, azkenik, entregatu beharra izan zuten. Inguruetako bizilagunek eurenez men egin zuten. Gelditzen zirenak Hemo mendiko negu goiztar eta gogorrak salbatu zituen, indarrez edo setioz menperatuak izatetik.

52.  Erroman, ostera, printzearen etxea dardartu egin zen: Agripina akabatzeko azpikerien saila hasteko, haren iloba Klaudia Pulkra auziperatu zuten, Domizio Afro salatzaile zuela. Hau, pretoretzan izan berri, ospe urriko gizona zen, ospetsu egiteko gertu, edozein gaiztakeriaren bitartez. Klaudia salatzen zuen inpudiziaz, Furniorekiko adulterioz, printzearen aurkako begizkoz eta hura pozoitzeko asmoz. Agripina, beti gogorra, eta orduan ahaidearen arriskuak sumindua, Tiberiorengana joan zen, zeina, hain zuzen, aitari opariginan aurkitu baitzuen. Hori haserrebidetzat harturik, esan zion ez zela bidezko Augusto jainkozkoari biktimak eskaintzea eta haren ondorengoak jazartzea; haren espiritu jainkozkoa ez zela transmititu irudi mutuetara; bera, haren egiazko irudia, haren odol zerutarretik sortua, jabetzen zela arriskuaz, lutuz jartzen zela. Alferrik zen Pulkra aitzakiatzat hartzea, zeina galdua baitzen, Agripina gurgarritzat ergelki hautatu zuelako bakarrik, Sosia ere arrazoi beragatik zanpatua izan zela ahazturik. Hitz horiek entzunik, bular ezkutu hark oihu ezohiko bat jaurti zuen, eta bertso greko batekin ahakar egin zion ez zitzaiola zauririk egiten ez agintzeagatik. Pulkra eta Furnio kondenatuak dira. Afro hizlaririk gorenentzat jo zuten, haren talentua zabaltzean, eta Zesarren konfiantzarekin, gainera, zeinak eskubide propioko bere hizlari izendatu zuen. Aurrerantzean, salaketei eta defentsei emanik, etorrian ospetsuago izan zen izaera moralean baino, adin aurreratuan, etorria ere asko galdu zuen baina; izan ere, gogoa ahuldu arren, isildu ezinak jarraitu zion.

53.  Baina Agripinak, haserrean setati eta gaixoturik, Zesar bisitatzera joan zitzaionean, negar luze eta isilez hartu zuen; gero, herraz eta erreguz hitz egin zion: sorots zezala bere barkardadea, eman ziezaiola senarra; bera oraindik gaztetasun gordinean zegoela eta emakume garbiek ezkontzaz beste kontsolamendurik ez zeukatela; bazirela hirian (***), Germanikoren emaztea eta seme-alabak hartzeko gertu zeudenak. Baina Zesarrek, eskariaren garrantzi politiko handiaz ohartzen zenak, baina erreminik, ez beldurrik erakutsi nahi ez zuenak, erantzun gabe utzi zuen, hark ekin arren. Hori, analen idazleek jaso ez zutena, bere bizitza eta beretarren zorigaitza geroarentzat gogoratu zuen Agripina alabaren, Neron enperadorearen amaren, oroitzapenetan aurkitu dut.

54.  Gainerakoan, Seianok Agripinaren samina eta inprudentzia sakonago kolpatu zituen, ohartarazleak bidaliz, lagun itxuran, pozoitu egin nahi zutela esanez, eta aitaginarrebaren mahaia saihesteko. Berak, disimulatzen ez zekienez, behin, haren ondoan eserita zegoela, aurpegikera eta hizkera zurrunean iraunez, ez zuen batere janik dastatu, Tiberio ohartu arte, halabeharrez edo zerbait entzuna zuelako; sakonago probatzearren, errainari zerbitzatu berri zituzten fruitu batzuk opatu zizkion, laudatuz. Horrekin, Agripinaren susmoak areagotu ziren eta, ahora eraman gabe, otseinei pasatu zizkien. Tiberiok, ostera, ez zion ezer agerian esan, baizik, amarengana itzulita, esan zuen ez zela harritzekoa neurri zorrotz samarrak hartzea pozoitzea salatzen zionarentzat. Hortik sortu zen zurrumurrua, haren azkena prestatu nahi zuela, eta enperadorea, agerian ausartzen ez, eta horixe burutzeko era sekretuaren bila ari zela.

55.  Baina Zesar, zurrumurruei albo egiteko, maiz joaten zen senatura eta, zenbait egunetan zehar, Asiako legatuei entzun zien, bere tenplua zein hiritan eraiki behar zuten eztabaidan. Hamaika hiri ziren lehian, gutizia berdinez, baina indar ezberdinez. Antzeko argudioz gogoratzen zuten norbere jatorri zaharra eta erromatar herriari eginiko zerbitzua, Perses, Aristoniko eta beste errege batzuen gerretan. Hippea, Trades, Laodizea eta Magnesia, behintzat, baztertu egin ziren, euren modu urriagatik. Troia Erromaren ama-hiritzat kontatzen zuten iliotarrek ere antzinatasunaren aintza besterik ez zuten aurkezten; apur bat zalantzan egon ziren, Halikarnasokoek ziurtatu zutenean ezen, mila eta berrehun urtean zehar, euren lurra inoiz ez zuela lurrikarak jo eta tenpluaren zimenduak haitz bizian oilnarrituko zirela. Pergamokoek bazutela nahikoa lorturik pentsatu zen, Augustoren tenplua han kokatu izanaz, horixe aipatzen baitzuten. Efeso eta Mileto ere, han Dianaren, hemen Apoloren kultuarekin, hiri aski ohoratuak zirela pentsatu zen. Azkenean, Sardes eta Esmirnaren artean eztabaidatu zen. Sardestarrek etruskoen dekretu bat irakurri zuten, odolkidetzat hartuz; izan ere, Tirrenok eta Lidok, Atis erregearen semeek, herria erdibitu egin ei zuten, hain asko izateagatik; Lido asaba lurrean geratu ei zen, eta Tirrenok beste kokaleku bat aurkitu behar izan ei zuen; buruzagiongandik datorrela batzuen izena Asian, besteena Italian; lidotarren boterea areagotu egin zela, koloniak Greziara bidaltzean, zeina gero Pelope deituko zen. Baita gogoratu zituzten jeneralen gutunak eta gurekiko itunak Mazedoniako gerran, eta euren ibaien ugaritasuna, klimaren gozotasuna eta inguruko lurren aberastasuna.

56.  Esmirnarrak, antzinatasuna aipatu ondoren, dela Jupiterren seme Tantalo izan zutela sortzaile, dela Teseo, jainko leinukoa hau ere, dela amazonetariko bat, gehien fiatzen ziren arrazoietara igaro ziren: erromatar herriari eginiko zerbitzuak, untziak bidaliz, ez kanpo gerretarako bakarrik, baizik baita Italia barrukoetara ere; eurak izan zirela Erromako Hiriari tenplua jaso zioten lehenengoak, Marko Portzioren kontsulaldian, erromatar herriaren boterea jada handia zenean, noski, baina oraindik gailurrik jo gabe, artean Kartagoko hiria tente eta Asian errege ahaltsuak zeudela. Aldi berean, Luzio Sila lekuko jartzen zuten, nola, gure armada, neguaren gogorragatik eta jantzien urriagatik, kinka larrian aurkitzen eta hori Esmirnako batzarrean iragarri zenean, han zeuden guztiek soinekoak erantzi eta gure legioei bidali zizkieten. Beraz, senadoreek, iritzia eskatu zitzaienean, Esmirnaren alde egin zuten. Bibio Marsok proposatu zuen probintzia hura berea izan zuen Marko Lepidori eman zekiola legatu supernumerarioa, tenplugintzaz arduratuko zena. Eta, Lepidok ez baitzuen, modestiaz, berak hautatu nahi, Balerio Nason pretore ohia zotzez izendatu zuten.

57.  Bitartean, luzaz pentsaturiko baina maiz atzeraturiko asmoa burutuz, Zesar Kanpaniara joan zen, Kapuan Jupiterri tenplu bat eta Nolan Augustori beste bat eskaintzeko aitzakian, baina hiritik urrun bizitzea erabakita. Erretiratze horren arrazoia, autorerik gehienei jarraituz, Seianoren trikimainei egotzi diet; baina, hau hilarazi ondoren, erretira hartan beste sei urtetan bizi izan zenez gero, pentsatzera nago ez ote den egiago bere kontua izan zela, zeren, egintzetan ankerkeria eta nahikeria ageri bazuen, horiek ezkutuan gauzatzea gustatzen baitzitzaion. Baziren, baita, uste zutenak, zahartzaroan, lotsatu egiten zela bere gorputzaz, luzea baitzen, izan ere, baina argala eta makurra, burugain soila zeukana, aurpegi ultzerosoa eta, gehienetan, botikaz gantzutua. Rodasen ere, erretiraz, jendea saihesten eta nahikeriak ezkutatzen saiatzen zen. Baita esaten da amaren lotsagabekeriaren mende egon zela, zeina ez ei zuen aginte-lagun nahi, baina harengandik libratzerik ere ez ei zeukan, agintea bera haren oparitzat hartu zuelako. Izan ere, Augusto zalantzan egon zen, Germaniko, arrebaren biloba eta denek goraldua, errepublikaren buru jarriko ote zuen, baina, emaztearen erreguek menperaturik, Tiberiok Germaniko eta berak Tiberio adoptatzea egin zuen; eta Augustak horixe aurpegiratzen, aldarrikatzen zion.

58.  Haren joatea segizio txikikoa izan zen: senatari bakarra, Kokzeio Nerba, kontsul ohia eta legeetan aditua; Seianoz gainera, erromatar zaldun gorenetariko bat, Kurtzio Atiko; gainerakoak, jende eskoladuna, gehienak grekoak, haien solasekin entretenitzeko. Astrologian adituek zioten Tiberio izarren halako fasean irten zela Erromatik, ezen itzultzea eragotziko baitzioten. Horixe izan zen haren biziaren azken azkarra irudikatzen eta zabaltzen ibili ziren askoren hondamena; ezin zuten hain kasu sinestezinik aurreikusi, hamaika urtetan sorterriaz nahita gabetzea, alegia. Geroago, argi geratu zen jakintzatik gezurrera zer tarte txikia dagoen, eta egia nolako iluntasunek estaltzen duten. Hirira itzuliko ez zelakoa ez zuten funts gabe esan, baina, gainerako guztian, ezjakin jokatu zuten, zeren Tiberiok, inguruko lur eta kostan bizi zela, eta, sarritan, hiriko murrupean oinez, zahartzaro luzea atzeman baitzuen.

59.  Egun haietan, zoriak nahi izan zuen Zesarri gertaturiko arrisku batek zurrumurru hutsalak handitzea eta hura Seianoren adiskidetasun eta leialtasunaz gehiago fidatzeko arrrazoia ematea. Spelunka izeneko villan bazkaltzen ari ziren, Amiklasko itsasoaren eta Fondiko mendien artean, berezko haitzulo batean. Bat-batean, sarrerako haitzak eraitsi ziren, zenbait otsein azpian harrapaturik. Denei beldurra sartu zitzaien eta bazkaltiarrek ihesari eman zioten. Seianok, Zesar belaunez, aurpegiz eta eskuz estaltzen zuela, harri jaustunei aurre egin zien, eta halaxe aurkitu zuten laguntzera etorri ziren soldaduek. Horrekin, ahaltsuago bilakatu zen eta, aholku hondagarriak eman arren, bere buruaz arduratzen ez zelakoan, konfiantzaz entzuten zitzaion. Eta Germanikoren leinuaren aurkako epailetza bereganatua zuen, salatzaile egingo zutenak infiltratuz, batez ere Neron zelata zezaten, ondorengotzatik hur berau eta, mutil neurtua izanik ere, sarritan, unean zer komeni zen ahazten zitzaiona, liberto eta kliente aginte-goseen mende, zeintzuek kitzikatzen zuten gogo gailena eta tentea erakuts zezan. Erromatar herriak horixe nahi, armadek horixe desio zutela esaten zioten, eta Seiano ez zela ezer aurka egiten ausartuko, zeina, orain, zaharraren pazientziaz eta gaztearen moteltasunaz berdin ernegatzen zen.

60.  Horiek eta antzekoek ez zuten, noski, Neronengan pentsakizun bihurrik eragiten, baina, noiztenka, esakune harro samarrak eta gutxi pentsatuak irteten zitzaizkion, hartara zeuden zelatariek jaso eta handiturik kontatzen zituztenak, Neroni defendatzeko aukerarik eman gabe; gainera, era askotako kezkak sortzen ziren: batzuek harekin topo egitea saihesten zuten; beste batzuek agurra itzuliz batera alde egiten zioten; eta gehienek solasa bat-batean eteten zuten, Seianoren aldekoen zelata eta barreen aurrean. Tiberiok maltzurki edo gezurrezko irribarrez begiratzen zion; mutilak hitz egin, zein isilik egon, isiltasuna salagarri zen, berdin hitz egitea. Gauez ere ez zegoen seguru, emazteak haren itzarraldien, loen, hasperenen berri Libia amari ematen baitzion, eta honek Seianori. Honek Druso ere, Neronen anaia, bereganatu zuen, printzegoaren itxaropena aurrean jarriz, anaia zaharragoa, baina lokatzen hasia, paretik kentzen bazuen. Drusoren izaera bortitza, botere goseaz eta anaia arteko ohiko liskarrez gainera, bekaitzez ere sutzen zen, ama, Agripina, Neronzaleago zelako. Seianori, berriz, Drusori laguntzeak ez zion kentzen, honen kontra ere, hondamen hazia prestatzerik, buruarina eta azpikeriekin zaurigarriagoa zela jakinik.

61.  Urtearen azkenean, bi gizon goren hil ziren: Asinio Agripa, arbaso zaharrak baino gehiago ospetsuak zituena eta bera ere haien pareko izana bizitzan, eta Kinto Haterio, senadore sendikoa, bizitzan bere etorriagatik goraipatua; gordetzen diren honen lanak ez dira handiegitzat jotzen. Izan ere, oldarra gehiago zeukan, artea baino; eta, beste batzuen lan pentsatuak geroan ere indartsu dirauen moduan, Haterioren estilo kanoro eta gainezkorra berarekin iraungi zen.

62.  Marko Lizinio eta Luzio Kalpurnioren kontsulaldian, gerra handietako hondamenei ustekabeko ezbeharra gaineratu zitzaien. Bere hasiera-amaierak bat-batera gertatu ziren. Atilio delako batek, izatez libertoa bera, Fidenan anfiteatro bat eraikitzeari eman zion, gladiadoreen ikuskizunak egiteko, baina ez zion oinarri sendorik ipini, ez zurezko egitura gogor lotu, diru sobran ez baitzebilen, ezta udal ospearen bila ere, baizik negozio harekin nahi zuena irabazi zikina zelako. Jendetza etorri zen, halako ikuskizunen egarri, Tiberioren agintepean, gozamenetatik aparte eduki baitzuten; gizonak eta emakumeak batera, adin guztietakoak, lekutik hurrago eta gehiago; oholtza lepo zegoela, zartatu egin zen, gero erdirantz jausteko, alde batzuk kanporantz lehertzen zirela. Ikuskizunera adi edo kanpoaldean zegoen gizateria eskerga hura berarekin arrastatu eta ehortzi zuen. Kontua da hondamenaren lehenengo unean hilak, gutxienez, zorte harekin, ondorengo oinazeetatik libratu zirela. Errukarriago ziren oraindik biziak alde egiteke zeuden mutilatuak, emazte eta seme-alabak ezagutzen saiatzen zirenak, egunez bistaz, eta gauez, negarrez eta garrasika. Besteek lasterka, hondamenaren berri jakinik, honek anaiari negar egiten zion, horrek ahaideari, hark gurasoei; legun edo ahaideak zerbaitegatik kanpotik zituztenak ere ikaraturik zeuden; ezbeharrak nortzuk harrapatu zituen ez zekiteno, zalantzak beldurra handitu egin zuen.

63.  Zaborrei eragiten hasi zirenean, denak lasterkatzen ziren, hilak besarkatzera edo musukatzera; sarritan, eztabaidak sortzen ziren, aurpegi apurtuengatik, itxuraren edo adinaren antzak ezagutzan okerrak eragiten zituenean. Berrogeita hamar mila lagun mutilaturik edo maspildurik geratu ziren hondamen hartan. Senatuaren dekretu batek erabaki zuen, aurrerantzean, laurehun mila sertertziotik beherako ondasunak zeuzkanak ezingo zuela gladiadore ikuskizunik antolatu, eta ez zedila anfiteatrorik eraiki, gotortasun jakineko zoruan ez bazen. Atilio erbestera kondenatua izan zen. Gainerakoan, zorigaitz hori zela bide, jaun etxeak zabal-zabal egin ziren eta nonahitik zetozen erremedioak eta sendagileak; egun haietan, bere itxura negargarri eta guzti ere, hiriak arbasoen garaian izan zena ematen zuen, zeintzuek, bataila handien ondoren, zaurituak eskuzabal eta arduraz zaintzen zituzten.

64.  Oraindik hondamen hura bizi-bizirik zegoen, suteak hiria inoiz ez bezalako biolentziaz jo zuenean, Zelio mendia irentsiz. Parte txarreko urtea zela zioten, eta printzeak auspizio guztiak aurka zituela hartu zuela alde egiteko erabakia, populuak, halabeharrezko gaitzentzat, errudun bat bilatzeko daukan ohituraren arabera; eskerrak Zesarrek aurrea hartu zuela, izandako okerrei zegozkien diru opariekin. Senatuan, jaunek eskerrak eman zizkioten eta, herrian, ospea izan zuen, kutunkeriarik eta ahaideen erregurik gabe, ezezagunei ere eskuzabal eta berak deiaraziz lagundu zielako. Proposamenak gehitu ziren, aurrerantzean Zelio mendia Augusto dei zedin, inguruko guztia erre ondoren, Junio senatariaren etxean kokaturik zegoen Tiberioren estatua bakarrik gelditu baitzen osorik. Behinola, gauza bera gertatu zitzaiola esaten zen Klaudia Kintari ere, zeinaren estatua sutatik birritan salbatu baitzen; hargatik, arbasoek jainkosen amaren tenpluan sagaratu zuten; baita esaten zen Klaudiotarrak leinu santua eta numenek maitatua zela, eta handitu egin behar zela jainkoek printzeari hainbesteko ohorea erakutsi zioten lekuaren kultua.

65.  Ez da zentzugabea izango mendi hari, antzina, Kerketulano deitzen ziotela kontatzea, artetan ugaria eta emankorra zelako; gero Zelio deitu zioten, Zeles Bibennagatik, herri etruskoaren buruzagia berau, emandako laguntza truke leku hura Tarkinio Priskorengandik edo beste erregeren batengandik hartu zuena, horretan historialariak ez baitatoz bat. Gainerakoa ziur dakigu: tropa handi haiek forotik hurreko lautadetan ere bizi izan zirela, eta hortik Tusko kalearen izena, atzerritar haiengandik hartua.

66.  Baina, ahaltsuen ardurak eta printzearen eskuzabaltasunak zorigaitza nolabait gozatu zuten arren, salatzailen indarra ere handitzen eta zitaltzen zihoan egunetik egunera, eten gabe. Kintilio Baro, gizon aberats eta Zesarren ahaidea, Domizio Afrok salatu zuen, haren ama, Klaudia Pulkra, kondena zezatela lortu zuen berak; inor ez zen harritu hark, gabezia luzea jasanik eta berriki lortutako saria txarto erabilirik, beste gaiztakeria batzuetara jotzeaz. Baina bai zen harrigarria salaketan Publio Dolabela agertzea, zeren, goi sendikoa eta Baroren ahaidea izanik, bera baitzihoan bere nobleziaren eta bere odolaren galmen bila. Senatuak, ostera, auzia gelditu eta enperadoreari itxarotea erabaki zuen, zeina baitzen gaitz larrien aurkako babes momentuko bakarra.

67.  Baina Zesarrek, Kanpaniako tenpluak eskainitakoan, ez zuen bakarrik, hiritarren etorrera urruntzeko jarritako soldaduen bitartez, inork bere atsedenik ez puskatzeko ediktuz ohartarazi, baizik, udalerri eta kolonia eta kontinenteko bazter guztiekin nazkaturik, Kapri irlan izkutatu zen, Sorrentoko harkaitz muturretik hiru miliako itsasarteak bereizia berau. Bakardade hura hainbeste gustatu zitzaiola esango nuke, hango itsasertzak porturik ez daukalako eta ontzi txikientzako abaro bakan batzuk baino eskaintzen ez dituelako; eta ez dago inguratzerik ere, zaintzaileak ohartu gabe. Klima, neguan, biguna da, haizeen indarra gelditzen duen mendiaren babesagatik. Uda ere, zefirora emanez, oso atsegina da, inguratzen duen itsaso irekiagatik; gainera, badia txit ederrera begira zegoen, Besubioren erupzioak lekuaren itxura aldatu aurretik. Tradizioak dio inguru hori grekoek hartu zutela, eta Kaprin teleboak bizi izan zirela. Tiberio hantxe kokatu zen, izen ezberdineko hamabi irla eskerga okupatuz, eta, lehenago, zenbat emanago egona zen negozio publikoetara, hainbatago lerratu zen, orduan, luxu izkutu eta aisialdi gaiztora. Izan ere, hantxe gordetzen zuen susmoetarako eta esaten ziotena sinesteko jenioa; Seianok, hirian ere hori sobera handitzen zionak, orain bero-bero ipinten zuen, Agripinaren eta Neronen aurkako azpikeria disimulu gabeekin. Gainera, haien ondoan jarritako soldaduak, analetarako bezala, haien mezuen eta bisiten, haien jarduera ageriko eta ezkutukoen berri ematen zion, eta inguruan nork aholkatu ere jartzen zieten, Germaniako armadetara ihes egin zezaten, Augusto jainkozkoaren irudia besarka zezaten, foroa jendez beteen zegoenean, herriaren eta senatuaren laguntza erregutuz. Eta eurek arbuiaturiko buruerok eurek asmatutzat aurpegiratzen zizkieten.

68.  Junio Silano eta Silio Nerbaren kontsulaldian, urte hasiera lotsagarria izan zen, Tizio Sabino erromatar zaldun leinargia espetxeratzean, Germanikoren adiskidetasunagatik. Ez zion utzi haren emazte eta seme-alabak ohoratzeari, haienera maiz joanez, publikoan lagunduz, eta, hainbeste klientetarik, bera bakarrik geratuz, horrekin onen goralbena eta gaiztoen gorrotoa irabazten zuela. Gainera etorri zitzaizkion Latino Laziar, Portzio Katon, Petilio Rufo eta Marko Opsio, pretore izanak, baina kontsulatu gurakoak, eta horra Seianoren bitartez bakarrik iristen zen; eta Seianoren gogoa gaiztakeriaz baizik ez zen irabazten. Euren artean adostu zuten ezen Sabinorekin tratu zerbait zeukan Laziarrek lakioa jar ziezaion, eta gainerakoak lekuko joan, gero salaketa abiatzeko. Hala, Laziar zenbait iruzkin solte jaulkitzen hasi zitzaion, gero haren jarraipena laudatzen, etxe goitar baten lagun izanik, besteek bezala abandonatu ez zuelako, nahigabean ikustean; aldi berean, Germaniko goraltzen zuen, Agripinaz errukituz. Eta Sabino, gizakien gogoa zorigaitzean bigundu egiten baita, negarrez eta kexuz hasi zenean, errua Seianori, haren ankerkeria, harrokeria eta gutiziari botatzen ausarturik, Tiberio ere ez zuen gaitzetsi gabe utzi. Autu horiek, kontu debekatuak partekatu zituztenez gero, adiskidetasun minaren itxura ekarri zuten; eta, harrezkero, Sabinok Laziarren bila jotzen zuen, etxera joaten zitzaion, saminak lagunik zintzoenari legez kontatzen zizkion.

69.  Aipatu ditudanek aztertu zuten nola kontu haiek zenbaitzuk entzunak izan zitezkeen. Zeren biltzen ziren tokiak bakartasun itxura behar baitzuen, eta, ate osteetan jarriz gero, beldurrak, begiradak, hotsak edo susmo ustekabeak izan zitezkeen. Hala, hiru senatariak sapaiaren eta kasetoien artean sartu ziren, gordeleku zaskar bezain iruzur doilorrean, belarriak zulo eta zirrituen kontra. Bitartean, Laziarrek Sabino kalean aurkitu zuen eta, jakin berri zuen zerbait kontatzeko aitzakian, etxera eta logelara eraman zuen, eta zeresan ugari zeukan iraganaz eta orainaz hitz egin zion, haren gainera izu berriak pilatuz. Sabinok gauza bera eta luzaroago egin zuen, nahigabeak, irteten hasiz gero, nekez isiltzen baitira. Orduan, agudo salatu zuten eta, Zesarri gutuna bidaliz, iruzurraren nondik norakoa eta euren lotsagarrikeria kontatu zioten. Hiritarrak inoiz baino larriago eta beldurtiago zeuden, senideengandik ere babesten zirela; topaketak eta solasak, belarri ezagunak eta ezezagunak saihesten ziren; zer mutu eta bizigabeei ere, sapai eta hormei ere, kontuz begiratzen zitzaien.

70.  Baina Zesarrek, urtarrilaren bateko gutunean, non urte hasierako erregu solemneak egiten zituen, Sabinori eraso zion, salatuz ezen zenbait liberto usteldu eta bere aurka atentatu zuela, eta mendekua eskatzen zuen, hitz batere ez ilunez. Dekretua ez zen atzeratu; eta, kateak tarras, kondenarantz zihoala, hots egiten zuen, soinekoak buruan eta soka lepoan zuela egin zezakeen neurrian, halaxe hasten zela urtea, halakoxeak zirela Seianoren ohorez jausten ziren biktimak. Haren begiek nora begiratzen, haren hitzak noraino heltzen, dena zen ihesa, mortua; kaleak eta foroak hutsik zeuden. Eta batzuk itzuli eta berriro agertzen ziren, ikaratu izanaren beldurrez, hain zuzen. Zein egun libratuko zen orain oinazeetatik, baldin, ospakizun santu eta botuen artean, hitz profanoez ere abstenitu ohi zen okasio batean, kateak eta sokak ezartzen baziren? Tiberiok hainbesteko nazkagarrikeria ez zuela inpentsuan egingo gaineratzen zuten. Beren beregi bilatu eta prestatu zuen, ez zedin pentsa ezerk eragozten zuenik, magistratu berriek, tenpluak eta santutegiak bezala, presondegiak ere irekitzea. Tiberioren gutuna ere izan zen, errepublikari hain kaltegarri zitzaion gizona zigortu izana eskertuz, eta gaineratuz bere bizia kezkati zegoela eta etsaien azpikeriak susmatzen zituela, inor izendatu gabe; baina ez zegoen dudarik, Neronen eta Agripinaren kontra zihoala.

71.  Gertaera bakoitza bere urtean kontatzea pentsaturik ez baneuka, pozik aurreratu eta eta berehala gogoratuko nuen nolako azkena izan zuten Latiniok eta Opsiok eta zantarkeria haren beste egileek, ez Gaio Zesarrek agintea hartu eta gero, Tiberio bizi zela baizik, zeinak, bere krimenen zerbitzariak inork honda zitzan nahi ez zuen bezala, halaxe, gehienetan, nazkaturik eta zeregin berdinerako beste boluntario batzuk edukirik, berak akabatzen baitzituen jasangaitz egiten zitzaizkion lehengoak. Baina hauen eta beste errudun batzuen zigorra bere sasoian kontatuko dugu. Orduan, Asinio Galok, zeinaren seme-alaben ama parteko izeba zen Agripina, printzeari eskatzea proposatu zuen ager zitzala beldurrak eta eman zezala haiek akabatzeko baimena. Baina Tiberiok, eduki uste zituen bertuteetarik, bat ere ez zuen disimulatzeko gaitasuna beste maite; horregatik, okerragora hartu zuen bere baitan gordetzen zuena kanporatzeko proposamena. Baina Seianok baretu zuen, ez Galorenganako maitasunez, printzearen zalantzen emaitzen zain baizik, bai baitzekien, pentsaketan lentoa izan arren, lehertutakoan, hitz zantarrei egintza izugarriak eransten zizkiela. Aldi hartan, Julia hil zen, Augustok, bere birloba zuela, adulterioaren konbiktutzat kondenatu eta Trimero irlara jaurti zuena, Apuliako itsasertzetik ez urrun. Han, hogei urteko erbestea jasan zuen, Augustaren laguntzari esker, zeinak, onaldian zeuden seme-alabaordeak ezkutuan hondatu bazituen ere, haiekiko errukia agerian erakusten baitzuen zorigaitzean.

72.  Urte berean, frisioek, Rhinez haragoko herriak, bakea hautsi zuten, gure nagusigoa baino areago, gure dirugosea ezin jasanik. Drusok zerga apal samarra ezarri zien, haien ondasun urri samarren jakitun: erabilera militarrerako idi larruak eman zitzatela, inork haien sendotasunik ez neurririk kontrolatu gabe, harik eta Olenio primipilarrak, frisioak gobernatzeko arduradunak, onartzekoen eredutzat, uro larrua hautatu arte. Beste herrientzat ere zaila zen hori germaniarrek nekezago jasaten zuten, patari eskergetan ugariak ziren oihanak eduki arren, etxabere txikiak baitzeuzkaten. Hala, lehenengotan, euren idiak ematen zituzten, gero soroak, eta, azkenean, emazteen semeen pertsonak esklabotzat. Hortik sortu ziren haien amorru eta kexak eta, laguntzen ez zitzaienez, gerraren erremedioa. Zerga batzera joan ziren soldaduak atxilotu eta urkabean josi zituzten; Olenio ihesak libratu zuen erasotik, eta Flebo izeneko gazteluan babestu zen; bazen han tropa dezentea, ozeano ertza zaintzen zuten hiritar eta aliatuena.

73.  Luzio Aproniok, Behe Germaniako propretoreak, hori jakin zuenean, oinezko eta zaldizko legionario eta aliatu hauten bandera batzuk etorrarazi zituen goi probintziatik, eta, Rhinen zehar, armada biak batera frisioen aurka eroan zituen; bitartean, errebeldeak gazteluaren setioa jasoa zuten eta euren lurrak babestera itzuliak ziren. Aproniok inguruko padurak palatuz eta zubiz segurtatzen ditu, tropa astunak bestalderatzeko. Bitartean, ibi bat aurkitzean, kaninefateen eskuadroiari eta gutarren artean ziharduen infanteria germaniarrari etsaia atzetik inguratzeko agintzen die; baina honek, jadanik gudu formazioan zegoenez, eskuadroi aliatuak eta laguntzera bidalitako zaldieria legionarioa atzera bota zituen. Orduan, hiru kohorte arin, eta gero beste bi, haien aurka jaurti zituzten eta, denbora batera, zaldizkoen eskuadroiak. Baziren nahikoa indar, batera eraso balute, baina, tarteka iristean, ez zuten deseginak izandakoen erresistentziarik berreratzen, eta, gainera, ihestunen izuak eurak ere arrastatzen zituen. Tropa laguntzaileetarik gelditzen zena Zetego Labeoni, bosgarren legioko legatuari, entregatu zioten. Eta berak, beretarren jokaera dudazkoen arriskupean, mezulariak bidali zituen, legioen indarra arrenka eskatuz. Bosgarrenekoak aurretik oldartu ziren eta, borroka gogorrean, etsaiari atzera eraginik, zauriek akituriko kohorteak eta eskuadroiak berreskuratzen dituzte. Baina erromatar buruzagiak ez zuen mendekura jo, ez hilotzik lurperatu, tribuno eta prefektu eta zenturioi ospetsu asko jausi izan arren. Gero, desertoreen bitartez jakin zuten, Baduhennaren oihana izenekoan, bederatziehun erromatar hil zirela, biharamunera arte borrokan eutsi ondoren, eta laurehuneko beste kontingente bat, lehenago gure soldatapean egoniko Kruptorigeren villa okupatu ondoren, traizio beldurrez, elkar zaurituz erori zela.

74.  Germaniarren artean, frisioen izena entzutetsu egin zen, Tiberiok kalteak disimulatzen zituela, gerra inoren esku ez uztearren. Senatua ere ez zen arduratu inperioa bazterretan lotsagarri ote zebilen: gogoak barne beldurrak harturik zeuzkan, eta erremedioa adulazioan bilatzen zuten. Hala, zenbait konturi buruz kontsultatzen bazitzaien ere, senatariek Klementziaren aldarea, Adiskidetasunaren aldarea eta, alde banatan, Tiberioren eta Seianoren irudiak dekretatu zituzten, eta, behin eta berriz erreguka, eurok ikusten uzteko eskatzen zieten. Baina hauek ez ziren hirira, ez ingurura hurbildu; nahikoa begitandu zitzaien irla utzi eta Kanpania inguruan ikusiak izatea. Haraxe jo zuten senatariek, zaldunek eta populu zati handi batek, artega Seianoren aurrean, zeinarengana iristea zailagoa baitzen, eta eroskeriaz edo azpikerian kide izanez bakarrik lortzen baitzen. Bistan zen arrogantzia handitu egin zitzaiola, menpekeria doilor hura aire librean ikustean; izan ere, Erroman, joan-etorria zer ohikoa da eta, hain hiri handia izanik, inork ez daki bakoitza zer negoziotan dabilen. Han, ostera, zelaian edo hondartzan inolako bereizmen gabe etzanik, gau eta egun jasan behar zuten norbaiten adeia edo atezainen gehiegikeria, horixe ere debekatu zitzaien arte. Eta ez hitz egitera, ez begiratzera makurtu ez zitzaienak beldurti itzuli ziren hirira; batzuk pozik ere bai, une txarrean, noski, adiskidetasun dohakabea azken gogorrak mehatxatzen baitzuen.

75.         Gainerakoan, Tiberiok birloba Agripina, Germanikoren alaba, Gneo Domiziori eman zion, berak pertsonalki, eta ezteiak hirian egin zitezela agindu zuen. Domiziorengan, leinuaren antzinatasunaz gainera, Zesarren ahaide zen odola hautatu zuen, hark Oktabia amama baitzuen eta, honen bitartez, Augusto osaba-aitita.