Arrazoimen hutsaren kritika/1. saila. Analitika transzendentala bi liburuetan eta hauen zenbait atalburu eta ataletan

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
1. saila. Analitika transzendentala bi liburuetan eta hauen zenbait atalburu eta ataletan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

1. saila. Analitika transzendentala bi liburuetan eta hauen zenbait atalburu eta ataletan

Logika transzendentalaren Lehen saila Analitika transzendentala[aldatu]

Analitika honek gure apriorizko ezagutza osoa adimenaren ezagutza hutsaren osagaietan analizatzen du. Hemen, ondoko puntuak lantzen dira: 1. Adigaiak hutsak direla, eta ez enpirikoak; 2. Hauek ez begiespena, ezta sentimenari ere ez dagozkiela, baizik eta pentsatzeari eta adimenari; 3. Funtsezko adigaiak direla, eta beraietatik eratorritakoetatik edo elkartutakoetatik ongi bereizten direla; 4. Beren taula osoa dela eta honek adimen hutsaren alor osoa erabat jasotzen duela. Halere, zientzia baten osotasuna ezin da onartu konfiantzaz saialdien bitartez soilik lortu den agregatu baten taxuketa dela eta; horregatik, hau apriorizko adimen-ezagutzaren osokiaren ideiaren bitartez eta bertatik abiatuta determinatzen diren eta bera osatzen duten adigaien sailkapenaren bitartez baino ez da ahalgarria, eta beraz, sistema batean duen bilkuraren bitartez besterik ez. Adimen hutsa enpirikoa den orotatik ez ezik, sentimen orotatik ere bereizten da osorik. Berez irauten duen, bere burua gogobetetzen duen eta kanpotik letorkeen eransketaz osatu ezin daitekeen batasuna da. Horregatik, bere ezagutza-multzoak ideia batean jasotzen eta determinatzen den sistema osatzen du, zeinaren osotasunak eta artikulazioak aldi berean bertan kokatzen diren ezagutza zati ororen zuzentasuna eta benekotasunaren frogarria eman dezakeen. Logika transzendentalaren zati oso hau bi liburuz osatzen da, bata, adimen hutsaren adigaiak, bestea, adimen hutsaren oinarri-esakuneak barnebiltzen dituena.

Analitika transzendentalaren Lehen liburua. Adigaien Analitika[aldatu]

Adigaien Analitikaz ez dut ulertzen beren analisia, ezta azterketa filosofikoek duten jardunbide arrunta ere, hots, azaltzen diren adigaiak beren edukiaren arabera analizatzeko eta argitzeko jardunbidea, baizik eta oraindik gutxi saiatu den adimenaren ahalmen beraren analisia, honen bitartez apriorizko adigaien ahalgarritasuna ikertzeko, hauek adimenean soilik bilatuz, beren jaio-lekua den heinean, eta beren erabilera hutsa analizatuz oro har; izan ere, hau da Filosofia transzendental baten zeregin bereizgarria; gainerakoa oro har Filosofian egiten den adigaien landualdi logikoa da. Beraz, adigai hutsei giza adimenean dituzten lehen ernamuin eta prestasunetaraino jarraituko gatzaizkie, non adigaiok prest dirauten, harik eta, azkenean, esperientziarekin batera garatu eta, beraiei lotuak dauden baldintza enpirikoetatik aske, adimen beraren bitartez bere araztasunean aurkeztuak diren arte.

Adigaien Analitikaren Lehen atalburua- Adimenaren adigai huts guztien aurkikuntzaren gida-hariaz[aldatu]

Ezagumena abian jartzean, aukera ezberdinetan adigai ezberdinak nabarmentzen dira, ahalmena ezagugarria bihurtzen duten eta gutxi gorabehera xehea den zerrenda batean bil daitezkeen adigaiak, behaketa luzeagoa edo sarkortasun handiagokoa egin ondoren. Ezin determina daiteke inoiz segurtasunez metodo mekaniko honen arabera, nolabait esateko, azterketa hau non osatuko den. Horrela, noizbehinka aurkitzen diren adigaiek ez dute ezein ordenarik eta batasun sistematikorik, azkenean antzekotasunen arabera parekatzen dira eta bakunenetik hasita elkarketa gehien duenera arte ilaran jartzen dira edukiaren handitasunaren arabera, eta ondorioz, ilarak ez dira batere sistematikoak, nolabait metodikoki eratu badira ere.

Filosofia transzendentalak bere adigaiak printzipio baten arabera bilatzeko abantaila dauka, baita obligantza ere; zeren hauek adimenetik huts-hutsik eta nahasi gabe sortzen baitira, hau batasun absolutua den aldetik, eta horregatik, adigai edo ideia baten arabera bilduta egon behar baitute. Halako bilkura batek, ordea, erregela bat ematen du eskura, eta berari jarraiki adimenaren adigai huts bakoitzari bere kokalekua eta denei osotara beren osotasuna determina dakieke, baina bestela balitz, hau dena apetaren edo beharbadakoa besterik ez denaren menpean legoke.

Adimenaren adigai huts guztien aurkikuntzaren gida-hariaren Lehen atala Adimenaren erabilera logikoaz oro har[aldatu]

Adimena lehenago negatiboki besterik ez zen definitu: sentsuzkoa ez den ezagumen gisa. Baina ezin dugu begiespenik izan sentimenetik beregainki. Beraz, adimena ez da begiespenaren ezein ahalmenik. Begiespenetik at, ordea, ez dago adigaien bidezkoa baino beste ezagutzeko erarik. Beraz, halako adimen baten ezagutza, giza adimen batena bederen, adigaien bidezko ezagutza da, ez intuitiboa, diskurtsiboa baizik. Begiespen oro, sentsuzkoa denez, afekzioetan funtsatzen da, adigaiak, berriz, funtzioetan. Funtzioaz, ordea, zenbait errepresentazio komuna den errepresentazio batean ordenatzeko ekintzaren batasuna ulertzen dut. Adigaiak, beraz, pentsatzearen berezkotasunean oinarritzen dira, sentsuzko begiespenak, bestalde, zirraren harmenean. Adimenak adigai hauek beren bitartez juzgatzeko baino ezin ditu erabili. Begiespena ez den beste ezein errepresentaziok objektuekin zuzenki zerikusirik ez duenez gero, orduan adigai bat inoiz ez zaio lotzen zuzenki objektu bati, bere beste errepresentazio bati baizik (hau begiespena nahiz jadanik adigaia izanda ere). Judizioa, beraz, objektu baten zeharbidezko ezagutza da, eta beraz, bere errepresentazio baten errepresentazioa. Judizio bakoitzean askorentzat balio duen adigaia dago eta asko hauen artean zuzenki objektuari lotzen zaion errepresentazio jakin bat jasotzen du. Horrela, adibidez, «gorputz oro aldagarria da» judizioan zatigarriaren adigaia beste adigai ezberdinei lotzen zaie, hauen artean, ordea, hemen bereziki gorputzaren adigaiari, eta hau, berriz, guri azaltzen zaizkigun agerpen jakinei. Beraz, objektu hauek zeharbidez errepresentatzen dira zatigarritasunaren adigaiaren bitartez. Honenbestez, judizio guztiak errepresentazioen arteko batasunaren funtzioak dira, zeren errepresentazio zuzen baten ordez hau eta beste gehiago bere menpean biltzen dituen goragoko errepresentazioa erabiltzen baitu objektuaren ezagutzarako, eta horren bitartez ezagutza ahalgarri asko ezagutza batean lotzen dira. Adimenaren ekintza guztiak, ordea, judizioetan bil daitezke, eta ondorioz, adimena juzgatzeko ahalmen gisa aurkez daiteke oro har. Izan ere, gorago aipatutakoari jarraiki pentsatzeko ahalmena da. Pentsatzea adigaien bidez lortutako ezagutza da. Adigaiak, ordea, judizio ahalgarrien predikatuak direnez, oraindik indeterminatua dirauen objektuaren errepresentazioari lotzen zaizkio. Horrela, gorputzaren adigaiak adigai haren bitartez ezagutua izan daitekeen zerbait esan nahi du, adibidez, metala. Bere baitan beste errepresentazioak barnebiltzen direlako besterik ez da adigaia, eta errepresentazio hauen bitartez jo dezake objektuetara. Beraz, judizio ahalgarri baterako predikatua da, adibidez, «metal bakoitza gorputz bat da». Adigaiak, beraz, osotara aurki daitezke, baldin eta judizioetako batasunaren funtzioak konplituki aurkez badaitezke. Hau egin daitekeela, ordea, datorren atalak jarriko du agerian.

Adimenaren adigai huts guztien aurkikuntzaren gida-hariaren Bigarren atala[aldatu]

§ 9 Adimenak judizioetan duen funtzio logikoaz[aldatu]

Judizio baten eduki guztiaz abstraitzen badugu oro har eta arreta adimenaren forma hutsari eskaintzen badiogu, orduan bertako pentsatzearen funtzioa lau izenburupean jar daitekeela aurkitzen dugu, hauetako bakoitzak hiru une biltzen dituela. Egokiro aurkez daitezke ondorengo taulan.

1.

Judizioen kantitatea.

Orokorra

Partikularra

Singularra

                     2.                                                                    3.

              Kualitatea                                                       Erlazioa

             Baieztailea                                                   Kategorikoa

              Ezeztailea                                                    Hipotetikoa

             Amaigabea                                                    Disjuntiboa

4.

Modalitatea

Problematikoa

Asertorikoa

Apodiktikoa


Sailkaketa hau funtsezkoak ez diren puntu batzuetan logikarien ohiko teknikatik bereizten dela dirudienez gero, orduan datozen oharpenak ez dira alferrikakoak izango gaizki-ulertze arduratsuei aurre egiteko unean.

1. Logikariek bidezki diote arrazoimen-inferentzietan egiten den judizioen erabileran judizio singularrak orokorren era berean trata daitezkeela. Izan ere, hedapenik ez dutenez gero, beren predikatuak ezin zaizkie subjektuaren adigaian barnebilduta dagoen zati bati lotu eta besteetatik at geratu. Adigai honentzat balio du salbuespenik gabe, beraz, adigai hau orokorki baliogarria balitz bezala, alegia, bere esanahi osoaz balio duen predikatuaren hedapena lukeen adigaia. Bestalde, judizio singularra orokorki baliogarria denarekin ezagutza soil gisa alderatzen badugu handitasunari dagokionez, orduan hark honekin batasunak amaigabetasunarekin jokatzen duen bezala jokatzen du, eta beraz, bere baitan judizio orokorretik ezberdintzen da funtsean. Beraz, judizio singularra (judicium singulare) bere barneko baliotasunaren arabera ez ezik, oro har ezagutza den aldetik ere beste ezagutzekin alderatuz duen handitasunaren arabera balioztatzen baldin badut, orduan, hala ere, baliogarritasun orokorreko judizioetatik (judicia communia) ezberdintzen da, eta oro harrezko pentsatzearen uneen taula osatuan kokapen berezia merezi du (nahiz eta ez, noski, judizioen elkarren arteko erabilerara zedarriztatzen den Logika batean).

2. Era berean, Logika transzendental batean judizio amaigabeak baieztaileetatik bereizi behar dira, nahiz eta Logika orokorrean bidezki haiek hauekin bat egin eta sailkaketaren osakide berezirik ez osatu. Logika orokorrak, beraz, predikatuaren eduki oroz abstraitzen du (nahiz eta ezeztailea izan), eta honetaz besterik ez da arduratzen: ea predikatua subjektuari egozten zaion edo berari kontrajartzen zaion. Logika transzendentalak, ordea, judizioa kontsideratzen du, eta baieztapen logiko honen balioaren edo edukiaren arabera egiten du predikatu ezeztaile soil baten bitartez, eta honek ezagutza osoari begira sortzen duen irabazia ere kontsideratzen du. Arimaz hilgarria ez dela esango banu, orduan judizio ezeztaile baten bitartez errakuntza bat saihestu ahal izango nukeen bederen. «Arima ez da hilgarria» esakunearen bitartez benetan baieztatu egiten dut forma logikoaren arabera, arima zerizan ez-hilgarrien lurralde zedarrigabean ezartzen dudan heinean. Zerizan ahalgarrien lurralde osoan hilgarriak zati bat barnebiltzen duenez gero, ez-hilgarriak, ostera, bestea, orduan nire esakunearen bitartez hilgarria dena osoro kentzen baldin badut, arima oraindik dirauten gauzen kopuru amaigabearen barne kokatzen dela besterik ez dut esaten. Honen bitartez besterik ez da zedarriztatzen, ordea, ahalgarria den guztiaren esfera amaigabea, eta ondorioz, hilgarria dena bertatik bereizi eta arima bere zabaleraren gainerako espazioan ezartzen da. Espazio honek, ordea, kenketa honekin ere beti amaigabe dirau, eta bere zati gehiago ken daitezke arimaren adigaia horregatik deusik ere zabaldu gabe eta era baieztailean determinatu gabe. Hedapen logikoari begira amaigabeak diren judizio hauek, beraz, benetan zedarriztatzaileak dira oro harrezko ezagutzaren edukiari begira, eta beraz, ezin dira aipatu gabe utzi judizioetako pentsatzearen une guztien taula transzendentalean, zeren hemen aplikatutako adimenaren funtzioa bere apriorizko ezagutza hutsaren alorrean agian garrantzitsua izan baitaiteke.

3. Pentsatzeak judizioetan dituen hartueman guztiak hauek dira: a) predikatuak subjektuarekin duena, b) oinarriak ondorioarekin duena, c) ezagutza sailkatuak eta sailkaketaren osakide batuek elkarren artean dutena. Judizioen lehen eran bi adigai besterik ez daude, bigarrenean, bi judizio, hirugarrenean, elkarren arteko hartuemanean kontsideratutako hainbat judizio. «Benetako justizia betegina baldin badago, orduan iraunkorki gaiztoa denak zigorra jasoko du» esakune hipotetikoak benetan bi esakuneen hartuemana barnebiltzen du: justizia betegina dago eta iraunkorki gaiztoa denak zigorra jasoko du. Hemen erabaki gabe geratzen da ea bi esakuneak beren baitan egiazkoak ote diren. Ondorioa baino ez da judizio honen bitartez pentsatzen dena. Azkenik, judizio disjuntiboak bi edo esakune gehiagoren arteko hartuemana barnebiltzen du, baina ez ondoriozkoa, baizik kontrajarpen logikoarena, baten esferak bestearena baztertzen duen heinean, aldi berean, ordea, komunitatearen hartuemana, biak batera benetako ezagutzaren esfera betetzen duten heinean, eta beraz, ezagutza baten esferen zatien hartueman bat betetzen duten heinean, zati bakoitzaren esfera beste esferaren zati osogarria izaki ezagutza sailkatuaren multzo osorako, adibidez, mundua edo ausa itsuaren bidez da, edo barneko beharrezkotasunaren bidez, edota kanpoko kausa baten bidez. Esakune hauetako bakoitzak munduaren izateari buruzko ezagutza ahalgarriaren esferaren zati bat hartzen du oro har, eta denak batera, esfera osoa. Ezagutza-esfera hauetako batetik kentzeak bestean ezartzea esan nahi du eta esfera batean ezartzeak gainerakoetatik kentzea. Judizio disjuntiboan, beraz, ezagutzen komunitate jakin bat dago, ezagutzen elkarren bazterketaz osatzen dena, baina horren bitartez osotara egiazko ezagutza determinatzen dutela, elkar hartuta ezagutza jakin bakar baten eduki osoa osatzen duten heinean. Eta hemen hau besterik ez da oharrarazi behar datorrenari begira.

4. Judizioen modalitatea hauen funtzio berezi-berezia da, bere baitan bereizgarri hau duena, alegia, ez diola ezer gehitzen judizioaren edukiari (zeren kantitatea, kualitatea eta hartuemanaz gain ez baitago judizio baten edukia osatzen duen besterik), baizik eta kopularen balioak oro har pentsatzearekin duen harremanarekin baino ez du zerikusia. Judizio problematikoak baieztatzea edo ezeztatzea ahalgarritzat (apetaz) besterik onartzen ez dituzten judizioak dira. Asertorikoak, errealtzat (egiazkotzat) kontsideratzen dituztenak. Apodiktikoak, beharrezkotzat jotzen dituztenak49. Horrela, bere hartuemanean judizio hipotetikoa osatzen duten bi judizioak (antecedens eta consequens), eta era berean beren elkarrekintzan disjuntiboa osatzen dutenak (sailkaketaren osakideak), osotara problematikoak besterik ez dira. Aurreko adibidean «justizia betegina dago» esakunea ez da asertorikoki esan, baizik eta norbaitek onartzea gerta litekeen apetazko judizio gisa baino ez da pentsatu, eta ondorioa besterik ez da asertorikoa. Horregatik, halako judizioak nabarmenki faltsuak izan daitezke, baina problematikoki hartuta egiaren ezagutzaren baldintzak dira. Horrela, «mundua ausa itsuaren bidez da» judizioak, judizio disjuntiboan esanahi problematikoa besterik ez du, hots, norbaitek une batez esakune hau onar lezakeela, eta hala ere, egiazko esakunea bilatzeko balio du (har daitezkeen bide guztien artean faltsua erakusteak laguntzen duen bezala). Esakune problematikoa, beraz, (objektiboa ez den) ahalgarritasun logikoa baino adierazten ez duena da, h. d., halako esakunea onartzeko aukera askea, bere hautazko onarpen soila adimenean. Esakune asertorikoak errealitatea edo egia logikoa adierazten du, adibidez, arrazoimen-inferentzia hipotetiko batean aurrekaria premisa nagusian problematikoki, premisa txikian, berriz, asertorikoki agertzen dela, eta esakunea jadanik adimenari lotua dagoela erakusten du honen legeen arabera, eta esakune apodiktikoak asertorikoa adimenaren lege horien bitartez determinatua pentsatzen du, eta horregatik a priori baieztatzen du, eta honela beharrezkotasun logikoa adierazten du. Hemen adimenari dena mailaka eransten zaionez gero, lehenik zerbait problematikoki juzgatuz, gero asertorikoki egiazkotzat onartuz, eta azkenik adimenari bereiztezinki lotuta, h. d., beharrezkotzat eta apodiktikotzat baieztatuz, orduan modalitatearen hiru funtzio hauei oro harrezko pentsatzearen beste hainbeste une dei diezaieke.

Adimenaren adigai huts guztien aurkikuntzaren gida-hariarenHirugarren atala[aldatu]

§ 10 Adigai hutsez edo kategoriez[aldatu]

Logika orokorrak ezagutzaren eduki oroz abstraitzen du, sarri esan den legez, eta errepresentazioak beste nonbaitetik emango zaizkiola itxaroten du, edonondik izanda ere, honela hauek lehenik adigaietan eraldatzeko, analitikoki gertatzen dena. Aitzitik, Logika transzendentalak Estetika transzendentalak eskaintzen dion sentimenaren apriorizko anizkunkia dauka bere aurrean adimenaren adigai hutsei ekaia emateko, zeinak ekairik gabe edukirik gabekoak, eta beraz, erabat kaskalak liratekeen. Espazioak eta denborak apriorizko begiespen hutsaren anizkunkia barnebiltzen dute, baina era berean gure gogamenaren harmenaren baldintzak ere badira, eta honelako baldintzapean soilik jaso ditzake gogamenak objektuen errepresentazioak, eta beraz, hauek beti objektuen adigaia afektatu behar dute. Hala ere, gure pentsatzearen berezkotasunak anizkunki hori aldez aurretik nolabait zeharkatua, jasoa eta lotua izatea eskatzen du, bera ezagutza bihurtzearren. Ekintza honi sintesia deitzen diot.

Sintesiaz, ordea, bere esanahi orokorrenean, hainbat errepresentazio elkarri eransteko eta beren anizkuntasuna ezagutza batean biltzeko ekintza ulertzen dut. Halako sintesia hutsa da, baldin eta anizkunkia enpirikoki ez, baina a priori emana bada (espazioan eta denboran emana den legez). Gure errepresentazioen analisi oro egin baino lehenago hauek emanak izan behar dira, eta ezein adigai ezin da analitikoki sortu edukiari dagokionez. Anizkunki honen sintesiak (enpirikoki edo a priori emana dela ere), ordea, ezagutza bat sortzen du, hasieran zakarra eta nahasia izan daitekeena, eta beraz, analisia behar duen ezagutza; baina sintesia da benetan osagaiak ezagutzetan bildu eta eduki jakin batzuetan bateratzen dituena; berari eskaini behar diogu, beraz, gure arreta lehenik, gure ezagutzaren lehen jatorriaz juzgatu nahi baldin badugu.

Oro harrezko sintesia irudimenaren efektua da, aurrerago ikusiko dugun legez, arimaren funtzio itsu baina ezinbesteko baten efektua, beraz, eta bera gabe ez genuke ezein ezagutzarik izango, nahiz eta funtzio honetaz, dena dela, nekez garen kontziente. Halere, sintesi hori adigaietan biltzea adimenari dagokion funtzioa da, eta horren bitartez ematen digu hark lehen-lehenik ezagutza benetako esanahian.

Sintesi hutsak, orokorki errepresentatuta, adimenaren adigai hutsa eskuratzen du. Baina sintesi honetaz a priori batasun sintetikoaren oinarrian funtsatzen dena ulertzen dut; horrela, gure zenbaketa adigaien araberako sintesia da (bereziki zenbaki handiagoetan ohartzen dena), batasunaren oinarri komun baten arabera gertatzen baita (adibidez, hamarrekoa). Adigai honen menpean, beraz, anizkunkiaren sintesian dagoen batasuna beharrezkoa bihurtzen da.

Adigai bati hainbat errepresentazio menperatzen zaizkio analitikoki (Logika orokorrak lantzen duen zeregina). Hala ere, errepresentazioak ez, baina errepresentazioen sintesi hutsa adigaietan biltzea da Logika transzendentalak irakasten duena. Objektu ororen ezagutzaren mesedetan a priori eman behar zaigun lehen gauza begiespenaren anizkunki hutsa da; irudimenaren bidezko anizkunki honen sintesia da bigarrena, baina honek ez du oraindik ezagutzarik eskuratzen. Sintesi huts honi batasuna ematen dioten eta beharrezko batasun sintetiko honetaz soilik osatzen diren adigaiek besterik ez dute osatzen balizko objektuaren ezagutzarako hirugarren unea, eta hauek adimenean funtsatzen dira.

Hainbat errepresentaziori judizio batean batasuna ematen dien funtzio berak ematen dio, era berean, hainbat errepresentazioren sintesi soilari batasuna begiespen batean, eta funtzio honek adimenaren adigaia izena du orokorrean adierazita. Adimen berbera da, beraz, eta gainera adigaietan batasun analitikoaren eskutik judizio baten forma logikoa bideratzen duen ekintza berberen bitartez, era berean bere errepresentazioetan eduki transzendentala sartzen duena begiespenaren anizkunkiaren batasun sintetikoaren bidez, eta horregatik izena dute hauek adimenaren adigai hutsak, a priori objektuetara jotzen dutenak, eta hau ezin du Logika orokorrak egin.

Honela, goragoko taulan judizio ahalgarri orotan zeuden funtzio logikoak adina adimenaren adigai huts sortzen dira, a priori begiespenaren oro harrezko objektuetara jotzen dutenak; izan ere, aipatutako funtzio horiek adimena erabat osorik biltzen dute eta bere ahalmena osoki neurtzen dute. Adigai hauei kategoriak deitu nahi diet Aristotelesi jarraiki, gure asmoa jatorriz bere asmo berbera den heinean, egikaritzan asko ezberdintzen bada ere.

Kategorien taula

1.

Kantitatearenak:

Batasuna

Askotasuna

Orotasuna

               2.                                                                    3.

    Kualitatearenak:                                              Erlazioarenak:

        Errealitatea                                        Inherentzia eta subsistentzia

          Ukapena                                              (substantia et accidens)

       Murriztapena                                    Kausalitatea eta menpekotasuna

                                                                         (kausa eta efektua)

                                                                   Komunitatea (ekilearen eta

                                                                jasalearen arteko elkarreragina)


4.

Modalitatearenak:

Ahalgarritasuna- Ahalezintasuna

Izatea-  Ez izatea

Beharrezkotasuna- Beharbadakotasuna


Hau da, beraz, jatorriz hutsak diren eta adimenak bere baitan a priori barnebiltzen dituen adigai guztien sintesiaren zerrenda, eta adigai hauen bitartez besterik ez da bihurtzen bera ere adimen hutsa, honek begiespenaren anizkunkia adigai haien bitartez soilik uler dezakeen heinean, h. d., bere objektu bat pentsa dezakeen heinean. Sailkaketa hau sistematikoki egin da printzipio komun batetik abiatuta, hots, juzgatzeko ahalmenetik abiatuta (pentsatzeko ahalmena adina dena), eta ez da sortu rapsodikoki edonola ekindako adigai hutsen bilaketari esker, zeinaren zenbaki osoaz inoiz ezin gaitezkeen ziur izan, indukzioaren bidez baino ez baitira inferitzen, ohartu gabe azken era honetara inoiz ez dela ulertzen ea zergatik dauden adimenean adigai huts hauek eta ez beste batzuk. Oinarrizko adigai hauek bilatzea Aristotelesen proiektua zen, gizon buruargi baten duineko proiektua. Hala ere, ezein printzipiorik ez zuenez, agertzen zitzaizkion moduan bildu zituen, eta hasieran oinarrizko hamar adigai aurkitu zituen, kategoriak (predikamentuak) izendatu zituenak. Jarraian beste bost bilatu zituela uste izan zuen, postpredikamentuen izenarekin gaineratu zituenak. Hala ere, bere taulak oraindik ezosoa zirauen. Horrez gain, sentimen hutsaren zenbait modi daude bertan (quando, ubi, situs, halaber, prius, simul), baita enpirikoa den bat ere (motus), adimenaren jatorri-errolda honi egokitzen ez zaizkionak; gainera, eratorritako adigaiak oinarrizkoekin batera jasotzen dira (actio, passio), eta azken hauetako batzuk, berriz, erabat falta dira.

Hau oharrarazi behar da oraindik azken hauei dagokienez: kategoriek, adimen hutsaren egiazko jatorri-adigaiak diren aldetik, eratorritako adigai hutsak ere badituztela, Filosofia transzendentalaren sistema batean alde batera utzi ezin direnak, nahiz eta saialdi kritiko soil batean beren aipamen soila egitea aski izan.

Baimen bekit eratorritakoak baina hutsak diren adimenaren adigai hauei adimen hutsaren predikagarriak deitzea (predikamentuei kontrajarriz). Behin jatorrizko lehen adigaiak edukiz gero, eratorritakoak eta menpekoak erraz erants daitezke, eta adimen hutsaren jatorri-zuhaitza osorik marraz daiteke. Nire autugaia hemen sistemaren osotasuna ez, baina sistema baterako printzipioak direnez gero, orduan eransketa hau beste jardunaldi baterako uzten dut. Hala ere, asmo hau kasik lor daiteke Ontologiako eskola-liburuak eskuan hartu eta, adibidez, indarra, ekintza eta pairamenaren predikagarriak kausalitatearen kategoriari menperatuz; presentzia eta kontrajarpena komunitatearen kategoriari; sorkuntza, desagerketa, aldaketa, eta abar modalitatearen predikamentuei. Kategoriek apriorizko adigai eratorrien kopuru handia eskuratzen dute sentimen hutsaren modi-ei lotuz eta elkarren artean lotuz gero, eta adigai hauek oharraraztea eta ahal den heinean beren osotasunean zerrendatzea onuragarria den eta ezatsegina ez den ahalegina litzateke, hemen, ordea, utzigarria dena.

Kategoria hauen definizioak nahita uzten ditut alde batera tratatu honetan, ezagutu ahal baditut ere. Jarraian adigai hauek analizatuko ditut, baina hemen erabiltzen dudan metodoaren irakaspenarentzat aski den mailan besterik ez. Arrazoimen hutsaren sistema batean bidezki eskatu ahal izango litzaidake definizioa, baina hemen azterketaren puntu nagusitik desbideratzea soilik eragingo luke, eta honek zalantzak eta erasoak sortzen dituenez, hauek beste jardunaldi baterako utz daitezke funtsezko asmoari ezer kendu gabe. Hala eta guztiz ere, orain arte aipatutako gutxitik nabariki argitzen da hiztegi osoa egitea, horretarako beharrezko argipen guztiekin batera, ahalgarria ez ezik erraza ere balitzatekeela. Kokalekuak hor daude; haiek betetzea besterik ez da geratzen, eta halako topika sistematikoak adigai bakoitzari propioki dagokion kokapena erratzea zailtzen du eta aldi berean errazki oharrarazten du oraindik hutsa dagoen kokalekua.

§11 (50)[aldatu]

Kategorien taula honetaz kontsiderazio zuzenak egin daitezke, agian arrazoimen-ezagutza ororen forma zientifikoari begira ondorio garrantzitsuak izango lituzketen kontsiderazioak. Taula hau Filosofiaren zati teoretikoan erabat baliagarria dela, areago, ezinbestekoa ere badela adigaietan funtsatzen den zientzia baten osotarako plana konplituki marrazteko eta bera printzipio determinatuen arabera matematikoki sailkatzeko, hemendik abiatuta argitzen da berenez: aipatutako taulak adimenaren oinarrizko adigai guztiak eta beren sistemaren forma ere adimenean barnebiltzen dituela, eta ondorioz, taulak lortu nahi dugun zientzia espekulatiboaren une oro eta bere ordena ere erakusten ditu, eta gainera, honen proba beste leku batean eman dut51. Hemen dira, beraz, ohar horietako batzuk.

Lehenengoak zera dio: adimenaren adigaien lau klase barnebiltzen dituen taula hau lehenik bi sailetan bana daitekeela, lehena, begiespenaren objektuei buruzkoa (hutsei zein enpirikoei buruzkoa), eta bigarrena, objektu hauen existentziari buruzkoa (beren arteko harremanean edo adimenarekin harremanean).

Lehenengo klaseari kategoria matematikoena deituko nioke, bigarrenari, dinamikoena. Lehenengo klaseak ez du ezein korrelatorik, nabaria denez; hauek bigarren klasean baino ez dira aurkitzen. Bereizketa honek, ordea, adimenaren izaeran izan behar du bere oinarria.

2. oharra. Beti klase bakoitzeko kategorien zenbakia berbera izateak, hots, hiru izateak, gogoetatzera bultzatzen du, zeren arrunki a priori adigaien bidez egindako sailkaketa orok dikotomia bat izan behar baitu. Gainera, honi gehitu behar zaio hirugarren kategoria bere klaseko bigarrenak lehenarekin duen loturatik sortzen dela.

Horrela, beraz, orotasuna (totalitatea) ez da askotasuna batasun gisa kontsideratua baino; murriztapena ukapenarekin lotua dagoen errealitatea besterik ez; komunitatea beste substantziekin elkar determinazioan dagoen substantzia baten kausalitatea da; eta azkenik, beharrezkotasuna ahalgarritasunaren bitartez ematen den existentzia besterik ez da. Hala ere, ez da pentsatzen horregatik hirugarren kategoria adimen hutsaren eratorritako adigai soila denik, eta ez oinarrizkoa. Izan ere, hirugarren adigaia sortzen duen lehenaren eta bigarrenaren arteko loturak adimenaren ekintza berezia eskatzen du, lehenengoan eta bigarrengoan egiten denaren berbera ez den ekintza. Horrela, zenbakiaren adigaia (orotasunaren kategoriari dagokiona) ez da beti ahalgarria kopurua eta batasunaren adigaiak daudenean (adibidez, amaigabea denaren errepresentazioan), edo kausaren adigaia eta substantziarena lotzen baldin baditut, horretaz ez da berez ulertzen eragina, h. d., ea nola izan daitekeen substantzia bat beste substantzia bateko zerbaiten kausa. Hemendik abiatuta argitzen da horretarako adimenaren ekintza berezia behar dela; eta gauza bera gertatzen da gainerakoekin.

3. oharra. Kategoria bakar batez, hots, hirugarren izenburupean aurkitzen den komunitateaz soilik gertatzen da funtzio logikoen taulan dagokion judizio disjuntiboaren formarekin duen adostasuna gainerako kategorien kasuan bezain begi-bistakoa ez izatea.

Judizio disjuntibo orotan esfera (bere menpean barnebildua dagoen guztiaren kopurua) zatietan (menpeko adigaietan) banatutako osoki gisa errepresentatzen dela ohartu behar da adostasun hori segurtatzearren, eta bata besteen menpean barnebildua ezin izan daitekeenez gero, beren artean koordinatuak baleude bezala pentsatzen dira, ez menperatuak, eta gainera, ez aldebakarki ilara batean baleude bezala, baizik eta elkar determinatzen direla, agregatu batean gertatzen den legez (behin sailkaketaren osakide bat ezarriz gero, orduan gainerako denak baztertzen dira, eta alderantziz).

Gauzen osoki batean antzeko elkarlotura pentsatzen da, ez bata efektu gisa besteari bere izatearen kausa gisa menperatzen zaionean, baizik eta aldi berean eta elkarren kausa gisa bestearen determinazioari begira honekin koordinatzen denean (adibidez, gorputz batean bere zatiak elkar erakarri eta era berean kontrajartzen direla), eta hau kausaren eta efektuaren (oinarriaren eta ondorioaren) arteko hartueman soilean aurkitzen denaren erabat bestelako elkarlotura da, bertan ondorioak bere aldetik berriro oinarria ez baitu determinatzen, eta horregatik, ez baitu osoki bat osatzen berarekin batera (munduak bere sortzailearekin bezala). Adimenaren jardunbidea honek adigai sailkatu baten esfera errepresentatzen duenean gauza bat zatigarri gisa pentsatzeko erabiltzen duen jardunbide bera da, eta lehenengoan sailkaketaren osakideak elkarren artean baztertzen dira, esfera batean lotuak badaude ere, eta era berean adimenak zatiak hauei existentzia (substantzia gisa) gainerako zatietatik baztertuta tokatzen zaiela errepresentatzen ditu, baina, dena dela, osoki batean lotuta daudela.

§ 12[aldatu]

Antzinakoen Filosofia transzendentalean adimenaren adigai hutsak barnebiltzen dituen atalburua aurkitzen da oraindik, kategorien artean jasotzen ez badira ere haien iritziz objektuen apriorizko adigai gisa balio beharko luketen eta kasu honetan kategorien zenbakia handiagotuko luketen adigaiak, hain zuzen, ezinezkoa dena. Eskolastikoen artean sonatua zen esakuneak aurkezten ditu: «Quolibet ens est unum, verum, bonum». Egiatan, printzipio honen erabilera ondorioztapenei begira (esakune tautologiko soilak eskuratzen zituzten ondorioztapenei begira) oso txiroa bada ere, halako moldez, non garai berrietan kasik kortesiaz besterik ez baita aurkezten Metafisikan, dena dela, hainbeste denbora iraun duen pentsamenduak, hain kaskala den itxura badu ere, beti merezi du bere jatorriaren azterketa, eta oinarria adimenaren nolabaiteko erregelan duela dioen susmoa legeztatzen du, faltsuki interpretatua besterik izan ez den oinarria, alegia, sarri gertatzen den legez. Gauzen ustezko predikatu transzendental hauek ez dira oro harrezko gauzen ezagutza ororen irizpide eta eskakizun logikoak baino, eta kantitatearen kategoriak ezartzen ditu bere oinarrian, hots, batasuna, askotasuna eta orotasunaren kategoriak, baina hauek berez materialki hartu beharrean, gauza beren ahalgarritasunari zegokion legez, egiatan beren esanahi formalean erabili ziren, ezagutza ororen eskakizun logikoari dagozkiola, eta horrez gain pentsamenduaren irizpidea berbaitango gauzen berekitasun bihurtu zuten, batere zuhurtziarik gabe jokatuz. Objektuen ezagutza orotan adigaiaren batasuna dago, zeinari batasun kualitatiboa dei dakiokeen, honetaz ezagutzaren anizkunkiaren bilkuraren batasuna ulertzen baldin bada, adibidez, antzerki-lan baten gaiaren, hitzaldi baten, fabula baten batasuna. Bigarrenik, egia ondorioei begira. Zenbat eta egiazko ondorio gehiago sortu adigai jakin batetik, hainbat eta bere errealitate objektiboaren ezagugarri gehiago izango ditugu. Honi adigai bati oinarri komun gisa dagokion (ez bertan handitasun gisa pentsatzen den) ezaugarrien askotasun kualitatiboa dei dakioke. Azkenik, hirugarrenik, betegintzarrea, askotasun hori guztia batera adigaiaren batasunean biltzean datzana, eta honekin eta beste inorekin osorik bat egiten ez duena, eta honi osotasun kualitatiboa (totalitatea) dei dakioke. Hemendik abiatuta argitzen da oro harrezko ezagutzaren ahalgarritasunaren irizpide logiko hauek handitasunaren hiru kategoriak eraldatzen dituztela, zeinetan batasuna quantum-aren sorketan erabat homogeneoki onartu behar den, baina hemen homogeneoak ez diren ezagutza zatiak kontzientzia batean elkarlotzeko asmoz soilik onartzen direla ezagutza baten kualitatearen bitartez, hau printzipioa den aldetik. Horrela, adigai baten ahalgarritasunaren irizpidea (ez bere objektuarena) definizioa da, non adigaiaren batasunak, beretik erator daitekeen guztiaren egiak, eta azkenik, beretik atera daitekeen guztiaren osotasunak adigai osoaren sorketarako beharrezkoa dena osatzen duten; hipotesi baten irizpidea ere, onartutako argipen-oinarria edo bere batasunaren ulergarritasuna (hipotesi laguntzailerik gabe), bertatik eratorritako ondorioen egia (beren arteko eta esperientziarekin adostasuna), eta azkenik, ondorioei dagokienez, argipen-oinarriaren osotasuna dira hipotesian onartutakora bidaltzen gaituztenak, ez gehiagora, ezta gutxiagora ere, eta a priori sintetikoki pentsatua zegoena a posteriori analitikoki itzultzen digute, eta gainera, biak adostuz. –Beraz, batasuna, egia eta betegintzarrearen adigaien bitartez kategorien taula transzendentala ez da batere osatzen, hura akasduna bailitzan, baizik eta beren jardunbidea ezagutza bere buruarekin ados jartzen duten erregela logiko orokorrei menperatzen zaie, adigai hauek objektuekin duten hartuemana baztertzen den heinean.

Analitika transzendentalaren Bigarren atalburua- Adimenaren adigai hutsen dedukzioaz Lehen atala § 13[aldatu]

Dedukzio transzendental baten printzipioez oro har

Zuzenbide-irakasleek eskuduntzei eta handiusteei buruz hitz egiten dutenean zuzenbide kontuetan zuzena denaz galdekizuna (quid iuris) egitatea ukitzen duen galdekizunetik (quid facti) bereizten dute, eta bien froga eskatzen dutenez gero, orduan lehenari, eskuduntza edo zuzenbide-uzia aurkezten duenari, dedukzioa deitzen diote. Adigai enpirikoen kopuru handia erabiltzen dugu inoren aurkakotasunik gabe, eta dedukziorik egin gabe ere haiei zentzu eta esanahi irudikatua egoztea sori zaigu, beren errealitate objektiboa frogatzeko esperientzia beti eskura baitugu. Hala ere, adigai usurpatuak ere badaude, zoria, patua eta antzekoak, ia tolerantzia orokorrari esker aske dabiltzanak, baina hauei ere quid iuris galdekizuna aplikatzen zaie, eta ez gara estualdi txikian aurkitzen beren dedukzioa dela-eta, ezin baita beren erabileraren eskuduntza nabaria bihurtuko lukeen zuzenbide-oinarri nabaririk aurkeztu, ez esperientziatik abiatuta, ezta arrazoimenetik abiatuta ere.

Giza ezagutzaren ehun nahasia osatzen duten adigai ezberdinen artean, ordea, apriorizko erabilera huts baterako determinatuak dauden batzuk badira (esperientzia orotatik erabat beregainki), eta beren eskuduntza horrek beti ere dedukzio bat behar du; zeren, esperientziatik datozen frogak halako erabilera baten legezkotasunerako aski ez diren arren, jakin egin behar baita nola lotu ahal zaizkien adigai horiek ezein esperientziatik atera ez dituzten objektuei. Horregatik, apriorizko adigaiak objektuei lotu ahal izateko eraren argipenari beren dedukzio transzendentala deitzen diot, eta dedukzio enpirikotik ezberdintzen dut, adigai bat esperientziaren eta hausnarketaren bitartez lortzeko era erakusten duenetik, hortaz, legezkotasunari ez, baizik eta jabegoaren oinarria den egitateari dagokionetik.

Guk badauzkagu jadanik era guztiz ezberdinekoak diren bi adigai, hala ere, biak objektuei a priori lotzeagatik elkarrekin ados jartzen direnak, hots, espazioaren eta denboraren adigaiak sentimenaren forma gisa eta kategoriak adigai gisa. Hauen dedukzio enpirikoa saiatu nahi izatea alferrikako lana litzateke; zeren hor baitago beren izaeraren bereizgarria, alegia, objektuei lotzen zaizkiela hauen errepresentaziorako esperientziatik ezer atera gabe. Baldin eta beren dedukzio bat beharrezkoa bada, beraz, orduan honek beti ere transzendentala izan beharko du.

Hala eta guztiz ere, adigai horietaz, ezagutza oroz bezala, beren ahalgarritasunaren printzipioa ez bada ere, beren sorkuntzaren aldizkako kausa bila daiteke esperientzian, non, hainbestez, sentsuen zirrarek indar ezagutzaile osoa haietarantz abian jartzeko eta esperientzia egikaritzeko lehen aukera ematen duten, eta indar honek bi osagai oso ezberdin barnebiltzen ditu, hots, sentsuetatik datorren ezagutzarako materia eta hau ordenatzeko forma jakin bat, begiespen eta pentsatze hutsaren iturburu barnekoenetik datorrena, eta materia ematen denean lanean hasten dena, horrela adigaiak sortuz. Gure indar ezagutzailearen banakako hautemapenetatik adigai orokorretara igotzeko lehen ahaleginen azterketak onura handia du ezbairik gabe eta Locke sonatuari eskertu behar zaio bertara daraman bidea urratu izana. Hala ere, apriorizko adigai hutsen dedukzioa ez da inolaz ere horrela egiten, ez baitago bide horretan, zeren adigai hauek, esperientziatik guztiz beregain izan behar duen bere etorkizuneko erabilerari begira esperientzietatiko jatorria ez den beste jaiotza-agiri erabat ezberdina erakutsi behar baitute. Saiatutako eratorpen fisiologiko honi, benetan dedukzio izena ezin duenari, quaestio facti bati dagokiolako, hainbestez, ezagutza huts baten jabegoaren argipena deitu nahi diot. Garbi dago hauen dedukzio transzendentala baino ezin daitekeela egon, eta inolaz ere ez enpirikoa, eta azkenengoak, apriorizko adigai hutsei begira saialdi hutsalak besterik ez dira, eta hainbestez, ezagutza hauen izaera guztiz berezia ulertu ez duenak besterik ezin dezake jardun honetaz.

Apriorizko ezagutza hutsaren dedukzio ahalgarriaren era bakarra bide transzendentaletik egiten dena dela onartzen bada ere, ez da hortik oraindik argitzen bera behar-beharrezkoa denik. Gorago espazioaren eta denboraren adigaiei dedukzio transzendental baten bitartez beren iturburuetaraino jarraiki gatzaizkie eta beren apriorizko baliotasun objektiboa argitu eta determinatu dugu. Noski, Geometria bere urrats seguruak eginez dabil apriorizko ezagutza soilen bitartez, Filosofiari espazioaren oinarrizko adigaiaren legezko jatorri hutsaren ziurtagiririk eskatzeko beharrik gabe. Baina adigaiaren erabilera zientzia honetan kanpoko sentsuen munduari buruzkoa besterik ez da, espazioa izaki bere begiespenaren forma hutsa, eta bertan, beraz, ezagutza geometriko orok, apriorizko begiespenean oinarritzen denez, ebidentzia zuzena dauka eta objektuak ezagutza beraren bitartez a priori (formaren arabera) begiespenean ematen dira. Aitzitik, adimenaren adigai hutsekin beraiena ez ezik, espazioaren dedukzio transzendentala ere bilatzeko premia itzuriezina hasten da, zeren bertan beraiek objektuei buruz begiespenaren eta sentimenaren predikatuen bitartez ez, baizik eta apriorizko pentsatze hutsaren bitartez hitz egiten dutenez gero, orduan beraiek orokorki sentimenaren baldintzarik gabe lotzen baitzaizkie objektuei, eta esperientzian oinarritzen ez direnez gero, orduan ezin baitute apriorizko ezein objekturik azalarazi begiespenean, esperientzia ororen aurretik honen gainean bere sintesia oinarritu ahal izateko, eta horregatik, beren erabileraren baliotasunari eta zedarriei susmoa erakarri ez ezik, espazioaren adigaia ekibokoa ere bihurtzen dute, sentsuzko begiespenaren baldintzez goiti erabiltzeko joera dutelako, eta honegatik izan da beharrezkoa gorago beren dedukzio transzendentala egitea. Orduan, arrazoimen hutsaren alorrean urrats bakarra eman aurretik irakurleak halako dedukzio transzendentalaren ezinbesteko beharrezkotasunaren uste osoa lortu behar du; zeren, bestela, itsu baitabil, eta askotan, erratu ondoren abiatu zeneko ezjakintzara berriro itzuli behar baitu. Era berean, ordea, aurretiaz zailtasun itzuriezin hau nabariki aditu behar du irakurleak, iluntasunaz kexarik izan ez dezan gauza sakonki estalia badago, edo oztopoen gaindipenaz ez dadin azkarregi nekatu, zeren kontua edo arrazoimen hutsaren ikuskerak izateko uzi oro bere alor preziatuenean, eta beraz, esperientzia ahalgarri ororen mugez goitiko alorrean osoki uztea, edo azterketa kritiko hau guztiz osatzea baita.

Gorago espazioaren eta denboraren adigaiez ahalegin arinez egin ahal izan dugu ulergarri hauek, apriorizko ezagutzak direnez, nola lotu behar zaizkien halabeharrez objektuei eta nola ahalbidetzen duten hauen ezagutza sintetikoa esperientzia orotatik beregainki. Izan ere, objektu bat sentimenaren halako forma hutsen bitartez soilik ager daitekeenez, h. d., begiespen enpirikoaren objektua izan daitekeenez gero, orduan espazioa eta denbora, apriorizko agerpenak direnez, objektuen ahalgarritasunaren baldintzak barnebiltzen dituzten begiespen hutsak dira eta beraietan sintesiak baliotasun objektiboa du.

Adimenaren kategoriek, aitzitik, ez dituzte aurkezten objektuak begiespenean eman ahal izateko baldintzak eta, hala ere, objektuak ager daitezke halabeharrez adimenaren funtzioei lotzeko beharrik gabe eta honek, beraz, haien baldintzak a priori barnebildu gabe. Horregatik, beraz, hemen sentimenaren alorrean aurkitzen ez genuen zailtasun hau azaltzen da: ea nola duten baliotasun objektiboa pentsamenduaren baldintza subjektiboek, h. d., nola ematen dituzten objektuen ezagutza ororen ahalgarritasun-baldintzak; izan ere, adimenaren funtziorik gabe ere agerpenak begiespenean eman daitezke. Nik, adibidez, kausaren adigaia hartzen dut, sintesiaren era berezi bat adierazten duen adigaia, zeren A baten ondoren erabat ezberdina den B ezartzen baita erregela bati jarraiki. Ez dago argi a priori agerpenek halako zerbait barnebildu behar dutenik (izan ere, esperientziak ezin dira aurkeztu froga gisa, zeren adigai honen baliotasun objektiboa a priori erakutsi ahal izan behar baita), eta beraz, a priori zalantzagarria da ea halako adigaia erabat kaskala ez ote den eta ea edonon agerpenen menpean objekturik aurkitzen ote den. Izan ere, sentsuzko begiespenaren objektuek gogamenean dautzan sentimenaren baldintza formalen araberakoak izan behar dutela honegatik argitzen da: bestela guretzako objekturik ez liratekeelako; baina hauek horretaz gain adimenak pentsatzearen batasun sintetikorako behar dituen baldintzen araberakoak izan behar dutela dioen inferentziaren ondorioa ez da hain adierraza. Izan ere, agerpenak adimenak bere batasunaren baldintza izateko egokitzat ez hartzeko moduan antolatuak izan litezke, eta horrela dena nahastua legoke eta, adibidez, agerpenen ilaran sintesiaren erregelak eskuratuko lukeen ezer ez litzateke agertuko, eta beraz, kausaren eta efektuaren adigaiari legokion ezer ere ez, halako modez, non adigai hau erabat kaskala eta hutsala eta esanahirik gabekoa izango bailitzateke. Dena dela, agerpenek gure begiespenari objektuak eskainiko lizkiokete, izan ere, begiespenak ez du inolaz ere pentsatzearen funtziorik behar.

Azterketa honen nekeetatik zera esanaz libratzea pentsatuko balitz: esperientziak etengabeki agerpenen halako erregulartasunaren adibideak eskaintzen ditu, alegia, kausaren adigaia bertatik bereizteko eta horren bitartez baita aldi berean halako adigaiaren baliotasun objektiboa baieztatzeko ere aski aukera ematen duten adibideak, orduan ez da ohartzen horrela ez dela sortzen kausaren adigaia, baizik eta, edo erabat a priori adimenean oinarritu behar dela, edo ameskeria soil gisa erabat utzi egin behar dela. Izan ere, adigai honek hau eskatzen du: A bat honelakoa izatea, ezen bertatik abiatuta bestelakoa den B halabeharrez eta erregela orokor-orokorren arabera segitzen baita. Agerpenek zerbait ohiko moduan gertatzeko erregela ahalbidetzen duten kasuak ematen dituzte eskura, baina inoiz ez ondorioa beharrezkoa egiten duen erregela; horregatik, kausaren eta efektuaren sintesiak enpirikoki inolaz ere ezin adieraz daitekeen duintasuna du, hots, efektua ez zaiola kausari gaineratu besterik egiten, baizik eta bere bitartez ezartzen dela eta berari jarraiki zaiola. Erregelaren orokortasun hertsia ere ez da erregela enpirikoen berekitasuna, izan ere, hauek indukzioaren bitartez orokortasun alderagarria baino ezin dute lortu, h. d., erabilgarritasun zabal bat. Adimenaren adigai hutsen erabilera, ordea, erabat aldatuko litzateke, beraiez produktu enpirikoak balira bezala soilik jardun nahiko bagenu.

§ 14 (52). Kategorien dedukzio transzendentalera igarobidea[aldatu]

Bi kasutan besterik ez da ahalgarria errepresentazio sintetikoak eta bere objektuak bat egitea, halabeharrez elkarri lotzea eta, nolabait esateko, elkar topatu ahal izatea: objektuak errepresentazioa edo honek objektua ahalbidetzen duenean. Lehena badugu, orduan harremana enpirikoa besterik ez da eta errepresentazioa inoiz ez da a priori ahalgarria. Hori da agerpenarekin gertatzen dena bertan sentsazioari dagokionari begira. Bigarrena badugu, errepresentazioak bere baitan objektua izateari dagokionez sortzen ez duenez gero (izan ere, hemen solasgaia ez da beren nahimenaren bidezko kausalitatea), orduan errepresentazioa objektuari dagokionez a priori determinatzailea da, baldin eta bere bitartez besterik ez bada ahalgarria zerbait objektu gisa ezagutzea. Bi baldintza dira, ordea, objektu baten ezagutza ahalbidetzen dutenak, lehenik, begiespena, honen bitartez objektua emana izan dadin, agerpen gisa soilik izan arren; bigarrenik, adigaia, bere bitartez begiespen horri dagokion objektua pentsatua izan dadin. Gorago aipatutakotik abiatuta, ordea, argi dago lehenengo baldintza, hots, objektuak begietsi ahal izatea eragiten duen bakarra, egitatean a priori objektuen oinarrian datzala gogamenean beren formari dagokionez. Agerpen orok sentimenaren baldintza formal honekin bat egiten du halabeharrez, zeren beraren bitartez soilik agertzen baitira, h. d., enpirikoki begietsiak eta emanak izan ahal baitira. Hala ere, galde daiteke ea apriorizko adigaiak aldez aurretik ez ote doazen zerbait begietsia ez, baina oro harrezko objektu gisa pentsatua izateko baldintza gisa; izan ere, hainbestez, objektuen ezagutza enpiriko oro halabeharrez halako adigaien araberakoa da, zeren beren aurresuposiziorik gabe ezer ez baita esperientziako objektu gisa ahalgarria. Esperientzia orok, ordea, zerbait ematen duen sentsuen begiespenaz gain begiespenean ematen den edo bertan agertzen den objektu baten adigaia ere barnebiltzen du; beraz, oro harrezko objektuen adigaiak oinarrian dautza esperientzia-ezagutza ororen apriorizko baldintza gisa, eta ondorioz, kategorien baliotasun objektiboa, hauek apriorizko adigaiak diren aldetik, esperientzia beren bitartez soilik ahalgarria izatean funtsatzen da (pentsatzearen formaren arabera). Izan ere, honenbestez, halabeharrez eta a priori lotzen zaizkie esperientziaren objektuei, zeren oro har beren bitartez besterik ezin baitaiteke pentsa esperientziako objektu bat.

Apriorizko adigai ororen dedukzio transzendentalak, beraz, ondorengo ikerkuntza oro bere arabera antolarazten duen printzipio bat du, eta hau da: adigaiak esperientziaren ahalgarritasunaren apriorizko baldintza gisa ezagutu behar direla (esperientzian aurkitzen den begiespenarena edo pentsatzearena). Esperientziaren ahalgarritasunaren oinarri objektiboa ematen duten adigaiak horregatik dira beharrezkoak. Adigaiak esperientzian aurkitzen dira, baina esperientziaren garapena ez da beren dedukzioa (ilustrazioa baizik), zeren hauek hor oraindik beharbadakoak baino ez bailirateke. Ezagutzaren objektu guztiak esperientzia ahalgarrian gertatzen dira, eta esperientzia ahalgarriarekin duten jatorrizko harreman hori gabe ezingo litzateke inolaz ere ulertu beraiek objekturen batekin duten harremana53.

Locke sonatuak adigai hauek esperientziatik eratorri zituen kontsiderazio honen gabeziagatik, eta berak adigai hutsak esperientzian aurkitu zituelako, eta hain era inkonsistentean jokatu zuen, non beraiekin esperientziaren mugaz erabat goiti doazen ezagutzak lortzeko saialdia egitera ausartu baitzen. David Humek berrezagutu zuen adigai horiek jatorria a priori izatea beharrezkoa dela, saialdi hori egin ahal izatearren. Baina inolaz ere argitu ezin zuenez gero, ea nolatan ote zen ahalgarri adimenak bere baitan lotuak ez dauden adigaiak, hala ere, objektuetan halabeharrez lotuak pentsatu behar dituela, eta gainera, ez zitzaionez otu agian adimena bera izan zitekeela adigai horien bitartez bere objektuak jasotzen dituen esperientziaren sortzailea, orduan premiak bultzatuta esperientziatik eratorri zituen adigai horiek (hots, asoziazio sarri baten bitartez esperientzian sortutako beharrezkotasun subjektibotik, azkenean faltsuki objektibotzat hartzen denetik, h. d., ohituratik), baina ondoren oso era kontsekuentean jokatu zuen adigai horiekin eta hauek iradokitzen dituzten oinarri-esakuneekin, hauekin esperientziaren mugez goiti joatea ezinezkotzat adieraztean. Biei otu zitzaien eratorketa enpirikoa ezin da bateratu, ordea, guk dauzkagun apriorizko ezagutza zientifikoen errealitatearekin, hots, Matematika hutsarekin eta Natur Zientzia orokorrarekin, eta beraz, egitateak eratorketa hori errefusatzen du.

Bi gizon sonatu hauetako lehenengoak ateak ireki zizkion zabal-zabalik gogoberotasunari, zeren behin eskuduntza lortu ondoren arrazoimena ez baita neurritasunaren gomendio indeterminatuen bidez zedarriztatzen uzten; bigarrena eszeptizismoari eman zitzaion osorik, zeren arrazoimentzat hartzen zen gure ezagumenaren iruzur hain orokorra aurkitu zuela uste baitzuen. – Ea giza arrazoimena bi haitz hauen artetik zoriontsuki igaro daitekeen, berari muga determinatuak erakutsi ahal zaizkion eta, hala ere, bere ekintza helburudunaren alor osoa irekia atxiki ahal daitekeen saiatzera goaz orain.

Hau egin aurretik kategorien argipena baino ez dut eman nahi oraindik. Hauek oro harrezko objektu baten adigaiak dira, eta beren bidez objektu haren begiespena juzgamenaren funtzio logikoetako bati begira determinatutzat jotzen da. Horrela, judizio kategorikoaren funtzioa subjektuak predikatuarekin duen hartuemana zen, adibidez, «gorputz guztiak zatigarriak dira». Adimenaren erabilera logiko soilari begira baino ez zen geratzen indeterminatua bi adigaien artetik zeini eman nahi zitzaion subjektuaren funtzioa eta zeini predikatuarena. Izan ere, hau ere esan daiteke: «zatigarria den zerbait gorputz bat da». Substantziaren kategoriari esker, ordea, gorputz baten adigaia berari menperatzean bere begiespen enpirikoa esperientzian beti subjektu gisa besterik ez dela kontsideratu behar determinatzen da, inoiz ez predikatu soil gisa; eta hala gertatzen da gainerako kategoriekin54.

Adimenaren adigai hutsen dedukzioaren. Bigarren atala Adimenaren adigai hutsen dedukzio transzendentala[aldatu]

§ 15 Lotura baten ahalgarritasunaz oro har[aldatu]

Errepresentazioen anizkunkia sentsuzkoa soilik, h. d., harmena besterik ez den begiespenean eman daiteke, eta begiespen honen forma a priori gure errepresentamenean egon daiteke, eta hau subjektua afektatua den era besterik ez da. Baina anizkunki baten lotura (conjunctio) oro har ezin zaigu eman inoiz sentsuen bitartez, eta beraz, ezin du sentsuzko begiespenaren forma hutsean barnebildua egon aldi berean; izan ere, bera indar errepresentatzailearen berezkotasunaren ekintza bat da, eta honi sentimenetik bereiztearren adimena deitu behar zaionez gero, orduan lotura oro adimenaren ekintza bat da, honetaz kontziente izan ala ez izan, begiespenaren anizkunkiaren lotura izan ala adigai batzuena izan, eta lehenengoari dagokionez, sentsuzkoa edo ez-sentsuzkoa izan arren, eta ekintza honi sintesiaren izendapen orokorra emango diogu, horren bitartez aldi berean zera oharrarazteko: ezin dugula ezer errepresentatu objektuan lotua balego bezala, aurretik geuk lotu ez badugu, eta errepresentazio guztien artean lotura dela objektuen bitartez emana ez den bakarra, baizik eta subjektuak antolatua izan behar dena, zeren lotura norberaren ekimenaren ekintza baita. Hemen aise ohartzen da ekintza honek jatorriz batua eta lotura orotarako balio berekoa izan behar duela, eta bere aurkakoa izatea dirudien xeheketak, analisiak, beti bera aurresuposatzen duela; izan ere, adimenak aldez aurretik ezer lotzen ez badu, orduan ezin du ezer analizatu, zeren adimenaren bitartez besterik ezin baitzaio eman indar errepresentatzaileari lotuta dagoen zerbait.

Hala ere, loturaren adigaiak anizkunkiaren adigaiaz eta bere sintesiarenaz gain bere batasunarena ere badakar aldean. Lotura anizkunkiaren batasun sintetikoaren errepresentazioa da55. Batasun honen errepresentazioa, beraz, ezin da loturatik sortu, aitzitik, berak ahalbidetzen du lehen-lehenik loturaren adigaia, anizkunkiaren errepresentazioari gaineratzen zaion heinean. Loturaren adigai ororen aurretik a priori doan batasun hau ez da batasunaren kategoria (§ 10); izan ere, kategoria guztiak judizioetako funtzio logikoetan oinarritzen dira, baina lotura jadanik hauetan pentsatua dago, eta beraz, adigai jakinen batasuna ere bai. Kategoriak, beraz, beti lotura aurresuposatzen du. Batasun hau (kualitatiboa denez, § 12), beraz, are gorago bilatu behar dugu, hots, judizioetako adigai ezberdinen batasunaren oinarri bertan, eta beraz, adimenaren ahalgarritasuna bere erabilera logikoan ere barnebiltzen duen horretan.

§ 16 Jatorriz sintetikoa den apertzepzioaren batasunaz[aldatu]

«Nik pentsatzen dut»-ek nire errepresentazio guztiei lagun egin ahal izan behar die; izan ere, bestela nigan pentsaezina litzatekeen zerbait errepresentatuko litzateke, eta honek errepresentazioa ezinezkoa litzatekeela adina esan nahi du, edo niretzat ezinezkoa litzatekeela bederen. Pentsatze ororen aurretik emana izan daitekeen errepresentazioari begiespena deitzen diot. Beraz, begiespenaren anizkunki orok «nik pentsatzen dut»-ekin beharrezko harremana du anizkunki hori aurkitzen den subjektu berean. Errepresentazio hau, ordea, berezkotasunaren ekintza bat da, h. d., ezin da sentimenari balegokio bezala onartu. Nik apertzepzio hutsa deitzen diot enpirikotik bereiztearren, edo baita jatorrizko apertzepzioa ere, zeren bestelako adigaiek lagun egin ezin dioten autokontzientzia baita, berak beste guztiei lagun egin ahal izan behar dien «nik pentsatzen dut» errepresentazioa sortzen duen eta kontzientzia orotan bat eta berbera den heinean. Bere batasunari autokontzientziaren batasun transzendentala ere deitzen diot, bertatik sortzen den apriorizko ezagutzaren ahalgarritasuna ezaugarritzearren. Izan ere, begiespen jakin batean emanak diren errepresentazio anizkunak ez lirateke osotara nire errepresentazioak izango, baldin eta osotara autokontzientzia bati ez balitzaizkio egokituko, h. d., nire errepresentazio gisa autokontzientzia orokor batean bildu ahal izateko baldintza bakarra bete behar dute halabeharrez (nahiz berehala beraiez kontziente ez banaiz ere), zeren bestela ez bailirateke nireak izango inolaz ere. Jatorrizko lotura honetatik hainbat gauza ondoriozta daiteke.

Esate baterako, begiespenean emandako anizkunkiaren apertzepzioaren identitate oso horrek errepresentazioen sintesia barnebiltzen du eta sintesi horren kontzientziaren bitartez baino ez da ahalgarria. Izan ere, errepresentazio ezberdinei lagun egiten dien kontzientzia enpirikoa sakabanatua da berez eta ez du harremanik subjektuaren identitatearekin. Harreman hau ez da, beraz, nik errepresentazio bakoitzari kontzientziarekin lagun egitearen bidez sortzen, baizik eta errepresentazio bat besteari atxiki eta beren sintesiaz kontziente izatearen indarrez. Beraz, errepresentazio jakin hauen anizkunkia kontzientzia batean lotzearen bitartez baino ez da ahalgarri nik errepresentazio hauetan kontzientzia beraren identitatea errepresentatzea, h. d., apertzepzioaren batasun analitikoa sintetikoa den baten aurresuposizioari esker baino ez da ahalgarria56. Begiespenean ematen diren errepresentazio hauek osotara nireak direla dioen pentsamenduak nik haiek autokontzientzia batean bateratzen ditudala adina esan nahi du, edo bertan batera ditzakedala bederen, eta bera oraindik errepresentazioaren sintesiaren kontzientzia ez den arren, azken honen ahalgarritasuna aurresuposatzen du, h. d., beren anizkunkia kontzientzia batean jaso ahal baldin bada besterik ez zaie deitzen hauei osotara nire errepresentazioak; izan ere, bestela, gogoan ditudan errepresentazioak diren bezain ezberdin eta nabarra litekeen Norbera izango nuke. Begiespenen anizkunkiaren batasun sintetikoa da, beraz, a priori emana den aldetik, apertzepzioaren identitate beraren oinarria, a priori nire pentsatze determinatu ororen aurretik doan oinarria. Lotura ez datza, beraz, objektuetan eta ezin da beraietatik atera, adibidez, hautemapenaren bitartez, eta ondorioz, ezin da horren bitartez lehen-lehenik adimenean jaso, baizik eta adimenaren antolaketa besterik ez da, a priori lotzeko eta errepresentazio jakinen anizkunkia apertzepzioaren batasunari menperatzeko ahalmena baino ez den antolaketa, apertzepzioaren oinarri-esakune hau izaki giza ezagutza osoan dagoen oinarri-esakune gorena.

Apertzepzioaren beharrezko batasun honen oinarri-esakune hau berez da identikoa eta, honenbestez, esakune analitikoa da, baina begiespen batean emandako anizkunkiaren sintesia beharrezkotzat adierazten du, hori gabe autokontzientziaren identitate oso hura ezin baitaiteke pentsatu. Izan ere, niaren eskutik, errepresentazio bakuna denez, ez da anizkunkirik eskuratzen; beretik ezberdintzen den begiespenean baino ezin zaigu eman, eta loturaren bidez pentsa daiteke kontzientzia batean. Autokontzientziarekin batera aldi berean anizkunki oro emango litzaiokeen adimenak begietsi egingo luke; gureak pentsatu besterik ezin du egin eta sentsuetan bilatu behar du begiespena. Nire Norbera identikoaz kontziente naiz, beraz, begiespen batean emandako errepresentazioaren anizkunkiari begira, zeren osotara nire errepresentazioak deitzen baitiet, eta hauek, hainbestez, errepresentazio bat osatzen dute. Hau, ordea, neu beren beharrezko sintesiaz a priori kontziente izatea adina da, apertzepzioaren jatorrizko batasun sintetikoa deitzen diodan sintesiaz, beraz, eta niri emandako errepresentazio guztiak batasun honi menperatu behar zaizkio eta errepresentazio hauek bertan bildu behar dira sintesi baten bitartez.

§ 17 Apertzepzioaren batasun sintetikoaren oinarri-esakunea adimenaren erabilera ororen oinarri-esakune gorena da[aldatu]

Hau zen Estetika transzendentalari jarraiki begiespen ororen ahalgarritasunaren oinarri-esakune gorena sentimenari dagokionez: bere anizkunki oro espazioaren eta denboraren baldintza formalen menpean dagoela. Ahalgarritasun beraren oinarri-esakune gorena adimenari dagokionez honako hau da: begiespenaren anizkunkia apertzepzioaren jatorrizko batasun sintetikoaren menpean dagoela57. Lehenengoaren menpean daude begiespenaren errepresentazio anizkun guztiak, guri emanak diren heinean, baina bigarrenaren menpean, kontzientzia batean lotu ahal behar diren heinean; izan ere, hau gabe ezer ezin da pentsatu edo ezagutu horren bidez, zeren emandako errepresentazioek ez bailukete apertzepzioaren ekintza izango komunean, hots, «nik pentsatzen dut», eta honenbestez, ez bailirateke autokontzientzia batean bilduak izango.

Adimena, orokorki hitz eginez, ezagutzen ahalmena da. Hauek errepresentazio jakinek objektu batekin duten harreman determinatuaz osatzen dira. Objektua, ordea, bere adigaian begiespen jakin baten anizkunkia bateratzen duena da. Halere, errepresentazioen bateratze orok kontzientziaren batasuna eskatzen du bere sintesian. Ondorioz, kontzientziaren batasuna besterik ez da errepresentazioen objektuarekin harremana osatzen duena, eta beraz, bere baliotasun objektiboa, eta gainera, haiek ezagutza bihurtzen dituena ere bai, eta horren ondorioz, beregain funtsatzen da adimenaren ahalgarritasuna bera.

Adimenaren lehen ezagutza hutsa, beraz, apertzepzioaren jatorrizko batasun sintetikoaren oinarri-esakunea da, eta bertan oinarritzen da adimenaren gainerako erabilera oro, horrez gain aldi berean sentsuzko begiespenaren baldintza guztietatik erabat beregaina den erabilera. Horrela, kanpoko sentsuen begiespenaren forma soila, espazioa, ez da oraindik ezein ezagutzarik; berak begiespenaren anizkunkia a priori ezagutza ahalgarri baterako eman baino ez du egiten. Baina zerbait espazioan ezagutzekotan, adibidez, lerro bat, orduan hau marraztu egin behar dut, eta beraz, emandako anizkunkiaren lotura determinatu bat sintetikoki bideratu behar dut, eta ondorioz, ekintza honen batasuna aldi berean kontzientziaren batasuna da (lerro baten adigaian), eta horren bitartez ezagutzen da lehen-lehenik objektu bat (espazio determinatu bat). Kontzientziaren batasun sintetikoa, beraz, ezagutza ororen baldintza objektiboa da, objektu bat ezagutzeko behar dudan ezagutzarena ez ezik, begiespen oro ere menperatu behar zaionarena, hau niretzako objektua bihurtzearren, zeren, bestela, sintesi hau gabe anizkunkia ez bailitzateke kontzientzia batean bateratuko.

Azkenengo esakune hau analitikoa da, esanda bezala, nahiz eta berak batasun sintetikoa pentsatze ororen baldintza bihurtzen duen; izan ere, nire errepresentazio guztiek begiespen jakin batean baldintza baten menpean egon behar dutela besterik ez du esaten, zeinari jarraiki haiek nire errepresentazio gisa Norbera identikoan jaso, eta beraz, apertzepzio batean bezala sintetikoki lotuta «nik pentsatzen dut» adierazpen orokorraren bitartez bil ditzakedan.

Hala ere, oinarri-esakune hau ez da oro har ahalgarria den adimen bakoitzarentzako printzipioa, baizik eta bere apertzepzio hutsaren bitartez «banaiz» errepresentazioan oraindik ezein anizkunkirik ematen ez zaionarentzat besterik ez. Bere autokontzientziaren bitartez begiespenaren anizkunkia emango litzaiokeen adimen batek, alegia, bere errepresentazioaren bitartez aldi berean errepresentazio honen objektuak existiaraziko lituzkeen adimen batek, ez luke anizkunkiaren sintesiaren ekintza berezirik beharko kontzientziaren batasunerako, bai, ordea, begietsi gabe pentsatu besterik egiten ez duen giza adimenak. Halere, giza adimenarentzat nahitaez da lehen oinarri-esakunea, halako moldez, ezen ezin baitu beste adimen ahalgarri baten adigairik sortu, izan dadila bere burua begietsiko lukeen batena, edo oinarrian sentsuzko begiespena lukeena, nahiz eta hau espazioaren eta denboraren begiespenetatik ezberdina izan.

§ 18 Autokontzientziaren batasun objektiboa zer ote den[aldatu]

Apertzepzioaren batasun transzendentala begiespen batean emandako anizkunki oro objektuaren adigaian bateratzen duena da. Horregatik izena du objektiboa, eta kontzientziaren batasun subjektibotik bereizi behar da, barneko sentsuaren determinazioa denetik, hots, halako lotura baterako begiespenaren anizkunkia enpirikoki ematen duenetik. Egoeraren edo baldintza enpirikoen menpean dago ea anizkunkiaz aldi berean edo bata bestearen ondoren izan naitekeen kontziente enpirikoki. Horregatik, kontzientziaren batasun enpirikoa bera agerpen bati dagokio errepresentazioen asoziazioaren bitartez, eta erabat beharbadakoa da. Aitzitik, begiespenaren forma hutsa denboran dago, hau anizkunki jakin bat barnebiltzen duen begiespen soila den aldetik oro har, eta kontzientziaren jatorrizko batasunaren menpean dago «nik pentsatzen dut» Batekin duen beharrezko harremanaren eskutik, eta beraz, a priori adimenaren sintesi enpirikoaren oinarrian datzan bere sintesi hutsaren eskutik. Batasun hura baino ez da objektiboki balioduna; hemen kontsideratzen ez dugun apertzepzioaren batasun enpirikoak, in concreto baldintza jakinen menpean lehenengotik abiatuta eratorria besterik ez den batasunak, baliotasun subjektiboa baino ez du. Batak hitz jakin baten errepresentazioa gauza bati lotzen dio, besteak, beste gauza bati; eta enpirikoa den zerbaiten kontzientziaren batasuna ez da beharrezkoa eta orokorki balioduna emandakoari begira.

§ 19Judizio guztien forma logikoa beraietan barnebilduta dauden adigaien apertzepzioaren batasun objektiboak osatzen du[aldatu]

Logikariek oro harrezko judizioaz ematen duten argipenak inoiz ezin izan ninduen gogobete; hauek diotenez bi adigairen arteko hartuemanaren errepresentazioa da. Hemen argipenaren akatsei buruz haiekin gatazkan hasitzeke (xalotasun honek Logikari ondorio eragozgarriak ekarri dizkiola kontuan hartu gabe)58 –argipena edonala ere judizio kategorikoari dagokiola, baina ez hipotetikoari, ezta disjuntiboari ere (azkenak adigaien arteko hartuemana ez, baina judizio beren artekoa barnebiltzen duen heinean)–, zera besterik ez dut ohartzen: argipenean ez dela determinatzen hartueman hori zerk osatzen duen.

Hala ere, ezagutza jakinek judizio orotan duten harremana zehazkiago aztertzen baldin badut, eta hura, adimenari dagokion aldetik, irudimen birproduktiboaren legeen araberako hartuemanetik bereizten badut (baliotasun subjektiboa besterik ez duenetik), orduan aurkitzen dut judizioa ezagutza jakinak apertzepzioaren batasun objektiboan biltzeko era besterik ez dela. Hau adierazten du bertan «da» hartueman-hitzak, honela errepresentazio jakinen batasun objektiboa subjektibotik bereiztearren. Izan ere, honek errepresentazio haiek jatorrizko apertzepzioarekin eta bere beharrezko batasunarekin duten harremana ezaugarritzen du, nahiz eta judizioa bera enpirikoa, eta beraz, beharbadakoa izan, adibidez, «gorputzak pisuak dira». Honekin ez dut esan nahi errepresentazio hauek begiespen enpirikoan halabeharrez elkarri egokitzen direnik, baizik eta apertzepzioaren beharrezko batasunarengatik egokitzen direla elkarri begiespenaren sintesian, h. d., errepresentazio ororen determinazio objektiboaren printzipioaren arabera, hortik ezagutza sor daitekeen heinean, eta printzipio horiek denak apertzepzioaren batasun transzendentalaren oinarri-esakuneetatik eratortzen dira. Horren bitartez baino ez da sortzen hartueman horretatik judizio bat, h. d., objektiboki balioduna den eta errepresentazio beren balio subjektibo soila dutenetatik askiro bereizten den hartuemana, adibidez, asoziazioaren legeen araberakoetatik. Azken honi jarraiki, «gorputz bat garraiatzen dudanean, pisuaren presioa sentitzen dut» baino ezingo nuke esan, baina ez «gorputza pisua da»; honek bi errepresentazio hauek objektuan lotzen direla, h. d., subjektuaren egoeraren bereizketarik gabe lotzen direla esan nahi du, eta ez direla hautemapenean soilik uztartzen (hau nahi den bezain sarri errepikatzen bada ere).

§ 20 Sentsuzko begiespen oro kategorien menpean dago, hauek haien anizkunkia kontzientzia batean batu ahal izateko baldintzak diren aldetik[aldatu]

Sentsuzko begiespenean emana den anizkunkia apertzepzioaren jatorrizko batasun sintetikoaren menpean dago halabeharrez, zeren honen bitartez baino ez baita ahalgarria begiespenaren batasuna (§ 17). Errepresentazio jakinen (izan bitez begiespenak nahiz adigaiak) anizkunkia oro har apertzepzioari menperatzen dion adimenaren ekintza, berriz, judizioen funtzio logikoa da (§ 19). Beraz, anizkunki oro, begiespen enpiriko Batean ematen den heinean, determinatua dago juzgatzeko funtzio logikoetako bati begira, eta honen bitartez ekartzen da kontzientzia batera oro har. Kategoriak, ordea, ez dira juzgatzeko funtzio horiek baino, begiespen jakin baten anizkunkia beraiei begira determinatua dagoen heinean (§ 13)59. Beraz, begiespen jakin batean dagoen anizkunkia ere halabeharrez dago kategorien menpean.

§ 21 Oharra[aldatu]

Nirea deitzen diodan begiespenean barnebilduta dagoen anizkunkia autokontzientziaren beharrezko batasunari balegokio bezala errepresentatzen da adimenaren sintesiaren bitartez eta hau kategoriaren eskutik gertatzen da60. Honek zera erakusten du, beraz, begiespen Baten anizkunki jakinaren kontzientzia enpirikoa apriorizko autokontzientzia hutsaren menpean dagoela, begiespen enpirikoa apriorizkoa den sentsuzko begiespen hutsaren menpean dagoen era berean. – Goragoko esakunean adimenaren adigai hutsen dedukzioaren hasiera ezarri da, non, kategoriak sentimenetik beregainki adimenean soilik sortzen direnez gero, bada, begiespen enpiriko baten anizkunkia ematen zaigun eraz abstraitu behar izan dudan, horrela adimenak kategoriaren bitartez begiespenari eransten dion batasunean soilik errepara dezadan. Jarraian (§ 26) begiespen enpirikoa sentimenean ematen den eratik abiatuta erakusten da bere batasuna kategoriak aurreko § 20aren arabera begiespen jakin bati oro har ezartzen diona besterik ez dela, eta beraz, kategoriek gure sentsuen objektu guztiei begira duten baliotasuna a priori argitzean lortzen da lehen-lehenik dedukzioaren asmoa konplituki.

Puntu batez, ordea, ezin izan nuen abstraitu aurreko frogan, hots, anizkunkia jadanik adimenaren sintesiaren aurretik eta beretik beregainki begiespenarentzat emana izateko beharraz; ea hau nola gertatzen ote den, ordea, hemen determinatu gabe geratzen da. Izan ere, begiesten duen adimen bat pentsatu nahiko banu (jainkotiar adimen batek, adibidez, ez lituzke errepresentatuko emanak diren objektuak, baizik eta objektuak bere errepresentazioaren indarrez izango lirateke emanak edo sortuak lehen-lehenik), orduan kategoriek ez lukete ezein esanahirik izango halako ezagutzari dagokionez. Kategoriak bere ahalmen osoa pentsatzeak osatzen duen adimenarentzako erregelak besterik ez dira, h. d., begiespenean beste modu batera eman zaion anizkunkiaren sintesia apertzepzioaren batasunean biltzeko ekintzak osatzen duen adimenarentzako erregelak besterik ez dira, eta adimen honek, beraz, ez du ezer ezagutzen berenez, baizik eta ezagutzarako ekaia, hots, berari objektuaren bitartez eman behar zaion begiespena lotzen eta ordenatzen du. Hala ere, gure adimenak apertzepzioaren batasuna a priori kategorien bitartez soilik eta gainera justu era eta zenbaki honetako kategorien bitartez bideratzeko duen bereizgarritasunaz ezin da beste oinarririk eman, juzgatzeko funtzio hauek eta besterik ez izatearen zergatikoaz edo espazioa eta denbora gure begiespen ahalgarrien forma bakarrak izatearen zergatikoaz eman ezin den bezala.

§ 22 Gauzen ezagutzan kategoriak ez du esperientziako objektuei aplikazioa baino beste erabilerarik[aldatu]

Objektu bat pentsatzea eta objektu bat ezagutzea ez dira gauza bera. Ezagutzak bi alde ditu, izan ere, lehenik, adigaia, bere bitartez objektu bat oro har pentsatzeko (kategoria), eta bigarrenik, begiespena, bere bitartez hura emana izan dakigun; izan ere, adigaiari berari dagokion begiespena ezingo balitzaio eman, orduan pentsamendu bat izango litzateke formaren arabera, baina ez luke objekturik, eta ezinezkoa litzateke bere bitartez gauza bakar baten ezein ezagutzarik izatea; zeren, nik dakidan heinean, nire pentsamendua bertan aplikatu ahal litzatekeen ezer ez bailegoke eta ezerk ezingo bailuke egon. Guretzat begiespen ahalgarri oro sentsuzkoa da (Estetika), eta beraz, gugan oro harrezko objektu baten pentsatzea adimenaren adigai hutsen bitartez sentsuen objektuei lotzen zaien heinean baino ezin bihur daiteke ezagutza. Sentsuzko begiespena edo begiespen hutsa (espazioa eta denbora) edo espazioan eta denboran sentsazioari esker zuzenki erreala bailitzan errepresentatzen denaren begiespen enpirikoa da. Lehenengoaren determinazioaren bitartez objektuen apriorizko ezagutzak lor ditzakegu (Matematikan), baina beren formari dagokionez besterik ez, agerpenak diren aldetik; erabakitzeke geratzen da ea forma horretan begietsiak izan behar diren gauzak izan daitezkeen. Ondorioz, adigai matematiko oro ez da berez ezagutza, sentsuzko begiespen huts haren arabera guri aurkeztu ahal zaizkigun gauzak daudela aurresuposatu ezean. Espazioan eta denboran diren gauzak, ordea, hautemapenak diren heinean baino ez dira emanak (sentsazioaren laguntza duten errepresentazioak), eta beraz, errepresentazio enpirikoaren bitartez. Ondorioz, adimenaren adigai hutsak apriorizko begiespenari aplikatzen zaizkionean (Matematikan gertatzen den legez), hauek ere ezagutza sortzen dute, nahiz eta hau, eta beraz, baita adimenaren adigaiak ere, bere bitartez begiespen enpirikoei aplikatu ahal zaizkienean besterik ez izan. Ondorioz, kategoriek ez dute gauzen ezagutzarik ematen begiespenaren bidez, begiespen enpirikoari egindako aplikazio ahalgarriaren bitartez izan ezik, h. d., ezagutza enpirikoaren ahalgarritasunerako besterik ez dute balio. Honek, ordea, esperientzia izena du. Ondorioz, kategoriek ez dute gauzen ezagutzan erabilerarik, gauzak esperientziaren objektu ahalgarritzat hartzen diren heinean izan ezik.

§ 23[aldatu]

Goiko esakunea garrantzi handikoa da; izan ere, berak determinatzen ditu adimenaren adigai hutsen erabileraren mugak objektuei begira, Estetika transzendentalak gure sentsuzko begiespenaren forma hutsaren erabileraren mugak determinatzen zituen era berean. Espazioak eta denborak sentsuen, eta beraz, esperientziaren objektuez baino ez dute balio, objektuak eman ahal izateko ahalgarritasunaren baldintzak baitira. Muga horretaz goiti ez dute ezer errepresentatzen; izan ere, sentsuetan soilik dira eta hauetatik at ez dute ezein errealitaterik. Adimenaren adigai hutsak zedarriztapen honetatik aske geratzen dira, eta begiespenaren objektuetara hedatzen dira oro har, begiespen hau sentsuzkoa bada behintzat, eta ez intelektuala, gurearen antzekoa izan nahiz ez izan arren. Gure sentsuzko begiespenez goiti dihoan adigaien hedapen zabalago honek ez digu, ordea, ezertarako balio. Izan ere, hainbestez, objektuen adigai kaskalak dira eta hauetaz ezin dugu inoiz juzgatu ahalgarriak diren ala ez diren; pentsamenduaren forma soilak dira, errealitate objektiborik ez duten formak, ez baitaukagu ezein begiespenik ere eskura, haiek barnebiltzen dituen apertzepzioaren batasun sintetiko bakarra honi aplikatzeko, haiek horrela objektu bat determinatu ahal dezaten. Gure sentsuzko begiespen enpirikoek baino ezin diete eman zentzua eta esanahia.

Sentsuzkoa ez den begiespen baten objektua emana balitz bezala onartzen bada, orduan, noski, hau berari sentsuzko begiespenekoa den ezer egokitzen ez zaiolako aurresuposizioan datzan predikatu ororen bitartez errepresenta daiteke, beraz, hedatua ez dela edo espazioan ez dagoela, bere iraupena ezein denborarik ez dela, bertan ezein aldaketarik ez dela gertatzen (determinazioen segida denboran), eta abar. Hau, ordea, ez da ezein ezagutzarik oraindik, baldin eta objektuaren begiespena nolakoa ez den besterik ez badut erakusten, berak zer barnebiltzen duen esan ezin den artean; izan ere, ez dut inolaz ere aurkeztu nire adimenaren adigai hutsentzako objektu baten ahalgarritasuna, zeren ezin izan baitut berari legokion ezein begiespenik eman, aitzitik, gureak beretzat ez duela balio baino ezin zitekeen esan. Halere, hemen bereziena horrelako zerbaiti behin batean ere kategoria bakar bat ezin aplikatu izatea da, adibidez, substantzia baten adigaia, h. d., subjektu gisa bai baina predikatu gisa inoiz ezin existi daitekeen zerbaiten adigaia; honetaz ez dakit ea pentsamenduaren determinazio honi dagokion gauzarik egon litekeen, begiespen enpirikoak aplikazioaren kasua emango ez balit. Hala ere, ondoren jardungo dugu puntu honetaz.

§ 24 Kategorien aplikazioaz sentsuen objektuei oro har[aldatu]

Adimenaren adigai hutsak adimen soilari esker lotzen zaizkie begiespenaren objektuei oro har, indeterminatua geratu arren begiespena gurea edo beste bat den, sentsuzkoa baldin bada behintzat; baina honegatik dira pentsamen-forma soilak, eta beren bitartez ezin da oraindik ezein objektu determinaturik ezagutu. Bertako sintesia edo anizkunkiaren lotura apertzepzioaren batasunari besterik ez zaio lotzen, eta horri esker apriorizko ezagutzaren ahalgarritasunaren oinarria da, adimenean funtsatzen den heinean, eta beraz, transzendentala ez ezik, sintesi intelektual hutsa ere bada. Hala ere, gugan oinarrian apriorizko sentsuen begiespenaren forma jakin bat datzanez gero, errepresentamenaren harmenean funtsatzen dena (sentimenean), orduan adimenak berezkotasun gisa barneko sentsua determina dezake apertzepzioaren batasun sintetikoaren arabera errepresentazio jakinen anizkunkiaren bitartez, eta horrela, sentsuzko begiespenaren anizkunkiaren apertzepzioaren batasun sintetikoa a priori pentsa dezake, gure (giza) begiespenaren objektu oro halabeharrez menperatzen zaizkion baldintza den aldetik, eta horren bitartez, kategoriek, pentsamen-forma hutsak direnez, errealitate objektiboa lortzen dute, h. d., guri begiespenean eman ahal zaizkigun objektuei aplikatzea lortzen dute, nahiz eta agerpen gisa baino ez izan emanak; izan ere, hauetaz soilik izan dezakegu apriorizko begiespena.

Sentsuzko begiespenaren anizkunkiaren sintesi honi, a priori ahalgarria eta beharrezkoa denari, figuratiboa dei dakioke (synthesis speciosa), honela bestetik bereizteko, alegia, begiespen baten anizkunkiari begira oro har kategoria soilean pentsatuko litzatekeen eta adimenaren lotura deitzen den sintesitik bereizteko (synthesis intellectualis); biak dira transzendentalak, a priori gertatzen direlako ez ezik, beste ezagutzen ahalgarritasuna a priori oinarritzen dutelako ere bai.

Hala ere, sintesi figuratiboak apertzepzioaren jatorrizko batasun sintetikoarekin, h. d., kategorietan pentsatzen den batasun transzendentalarekin baino ez badu zerikusia, orduan, lotura intelektual soiletik bereiztearren, sintesi honek irudimenaren sintesi transzendentala izena jaso behar du. Irudimena objektu bat bere presentziarik gabe ere begiespenean errepresentatzeko ahalmena da. Gure begiespen oro sentsuzkoa denez gero, orduan irudimena sentimenari dagokio, hau baita adimenaren adigaiei dagokien begiespena eman ahal izateko baldintza subjektiboa; baina bere sintesia berezkotasunaren aplikazioa den heinean, determinatzailea dena, ez determinagarria sentsua den legez, eta beraz, sentsua a priori bere formaren arabera apertzepzioaren batasunari jarraiki determina dezakeenez gero, orduan irudimena, hainbestez, sentimena a priori determinatzeko ahalmena da, eta irudimenak kategorien arabera egiten duen begiespenen sintesiak irudimenaren sintesi transzendentala izan behar du, eta bera adimenak sentimenean duen eragina da eta adimenaren lehen aplikazioa da guretzat ahalgarria den begiespenaren objektuei (aldi berean gainerako aplikazioen oinarria). Figuratiboa denez gero, irudimenik gabe adimenaren bitartez soilik gertatzen den sintesi intelektualetik ezberdintzen da. Irudimenari berezkotasuna den heinean, batzuetan irudimen produktiboa deitzen diot, eta horrela, birproduktibotik bereizten dut; honen sintesia lege enpirikoen menpean, hots, asoziazioaren legearen menpean besterik ez dago, eta horregatik, honek ez du ekarpenik egiten apriorizko ezagutzaren ahalgarritasuna argitzeko, eta beraz, ez dagokio Filosofia transzendentalari, Psikologiari baizik.


*  *  *

Hau da orain barneko sentsuaren formaren esposizioan (§ 6) edonori ohargarria egin behar zitzaion paradoxa ulergarria bihurtzeko lekua, hots, barneko sentsuak gu geu kontzientziari aurkezten gaituela geure aurrean agertzen garen legez, ez geure baitan garen legez, zeren gu geu barnetik afektatzen garen moduan begiesten baikara. Honek kontraesankorra dirudi, gu geuk geurekin pasiboki jokatu beharko genukeen heinean; horregatik da usu Psikologiako sistemetan barneko sentsua eta apertzepzioaren ahalmenak (guk arretaz bereizten ditugunak) ahalmen berbera balira bezala hartzea.

Adimena eta honek begiespeneko anizkunkia lotzeko, h. d., apertzepziopean biltzeko (honetan funtsatzen baita bere ahalgarritasuna) duen jatorrizko ahalmena dira barneko sentsua determinatzen dutenak. Adimena gizakiongan begiespenen ahalmenik ez denez gero, eta hauek sentimenean ere eman izango balira, dena dela, bere baitan ezin ditugunez jaso, nolabait esateko, bere begiespen propioaren anizkunkia lotzearren, orduan bere sintesia, baldin eta bera soilik kontsideratzen bada, ez da ekintzaren batasuna baino, eta sentimenik gabe ere honetaz kontziente da, baina honen bitartez adimena sentimena barnetik determinatzeko gai da bere begiespenaren formaren arabera eman dakiokeen anizkunkiari begira. Beraz, ekintza hura aplikatzen dio irudimenaren sintesi transzendentalaren izendapenarekin subjektu pasiboari, eta subjektuaren ahalmena da, eta beraz, bidezki diogu barneko sentsua horren bitartez afektatua dela. Apertzepzioa eta bere batasun sintetikoa, batetik, eta barneko sentsua, bestetik, ez dira gauza bera, zeren hura gehienbat oro harrezko begiespenen anizkunkiari lotzen baitzaio, lotura ororen iturburua den aldetik, baita kategorien izenpean oro harrezko objektuei ere sentsuzko begiespen ororen aurretik; aitzitik, barneko sentsuak begiespenaren forma soila barnebiltzen du, baina bertan anizkunkiaren loturarik izan gabe, eta beraz, ez du begiespen determinaturik barnebiltzen, zeina sintesi figuratiboa deitu diodan irudimenaren ekintza transzendentalaren bitartez (adimenak barneko sentsuan duen eragin sintetikoaren bitartez) burututako anizkunkiaren determinazioaren kontzientziari esker besterik ez den ahalgarria.

Hau gugan hautematen dugu beti. Ezin dugu ezein lerrorik pentsatu pentsamenduan marraztu gabe, ezein hirukirik pentsatu hura deskribatu gabe, espazioaren hiru dimentsioak inolaz ere ezin ditugu errepresentatu, puntu berean elkarzutak diren hiru lerroak ezarri gabe, ezta denbora bera ere, lerro zuzen baten marrazketan (denboraren kanpoko errepresentazio figuratiboa izango beharko lukeena) barneko sentsua segidan determinatzeko bitartekoa den anizkunkiaren sintesiaren ekintza soila, eta horren bitartez, bertan ematen den determinazio honen segida ohartu gabe. Higidurak sortzen du lehenengoz segidaren adigaia, subjektuaren ekintza den aldetik (ez objektuaren determinazioa)61, eta ondorioz, anizkunkiaren sintesiak espazioan, honetaz abstraitzen baldin badugu eta barneko sentsua bere formaren arabera baino determinatzen ez duen ekintza ohartzen baldin badugu. Adimenak, beraz, ez du halako anizkunkiaren sintesirik aurkitzen bertan, baizik hura sortu egiten du, berak hura afektatzen duen heinean. Hala ere, galdetzen badut ea nola bereizten den nik pentsatzen dudan nia bere burua begiesten duen niatik (begiesteko beste erak gutxienez ahalgarriak bezala irudika ditzakedan heinean) eta ea nola diren, dena dela, subjektu bera, ondorioz hau esan dezakeedala: «nik inteligentzia eta subjektu pentsatzaile gisa neure burua ezagutzen dut objektu pentsatu gisa, eta horrez gain, begiespenean emana naizen heinean, beste fenomeno bat naiz, ez adimenaren aurrean naizen modukoa, neure aurrean agertzen naizen modukoa baizik», orduan honek guztiak ez du ni neu oro harrezko objektu bat, eta gainera, begiespenarena eta barneko hautemapenarena nola izan naitekeen galdetzea baino zailtasun gehiago, ezta gutxiago ere. Halere, garbi froga daiteke benetan horrela izan behar duela, espazioa kanpoko sentsuen agerpenen forma huts gisa onartzen baldin bada, kanpoko begiespenaren ezein objektu ez den denbora lerro baten irudian besterik ezin baitezakegu errepresentatu, guk hura marrazten dugun heinean, eta aurkezpen era hau gabe bere dimentsioaren batasuna ezingo genuke ezagutu, halaber, barneko hautemapen orotarako denbora-luzeraren edo denborazko kokapenen determinazioa kanpoko gauzek aurkezten diguten aldakorkitik atera behar dugu, eta ondorioz, barneko sentsuaren determinazioak denboran dauden agerpenak direnez, zuzenki kanpoko sentsuen determinazioak espazioan ordenatzen ditugun moduan ordenatu behar ditugu, eta beraz, azkenengoez onartzen baldin badugu beren bitartez kanpotik afektatuak garen heinean soilik ezagutzen ditugula objektuak, orduan barneko sentsuaz gauza bera aitortu behar dugu, alegia, honen eskutik geure burua barnean gu geu afektatzen garen moduan begiesten dugula, h. d., barneko begiespenari dagokionez geure subjektu propioa agerpen gisa baino ez dugula ezagutzen, eta ez bere baitan den moduan62.

§ 25[aldatu]

Aitzitik, neure buruaz kontziente naiz oro harrezko errepresentazioen anizkunkiaren sintesi transzendentalean, eta beraz, apertzepzioaren jatorrizko batasun sintetikoan, baina ez neu agertzen naizen moduan, ezta ni neure baitan naizen moduan, baizik eta nire izateaz soilik naiz kontziente. Errepresentazio hau pentsatze bat da, ez begieste bat. Geure buruaren ezagutzarako begiespen ahalgarri bakoitzaren anizkunkia apertzepzioaren batasunean biltzen duen pentsamenduaren ekintzaz gain anizkunki hori ematen duen begiespenaren era determinatua behar denez gero, orduan nire izate propioa ez da agerpena (are gutxiago itxura soila), baina nire izatearen determinazioa63 barneko sentsuaren formaren arabera lotzen dudan anizkunkia barneko begiespenean ematen den era bereziari jarraiki baino ezin daiteke gertatu, eta beraz, ez dut ezagutzen inolaz ere ni nola naizen, baizik eta neure buruari nola agertzen natzaion besterik ez. Norbere buruaren kontzientzia ez da oraindik inolaz ere norbere buruaren ezagutza, oro harrezko objektu baten pentsatzea apertzepzio batean anizkunkiaren loturaren bitartez osatzen duten kategoria guztiak direla ere. Nigandik ezberdina den objektu baten ezagutzarako oro harrezko objektu baten pentsatzeaz gain (kategorian) begiespen bat behar dut, horren bitartez adigai orokor hura determinatzeko, eta era berean, neure buruaren ezagutzarako kontzientziaz edo nik neure burua pentsatzeaz gain nigan dagoen anizkunkiaren begiespen bat behar dut, horren bitartez pentsamendu hori determinatzeko, eta bere lotura-ahalmenaz kontziente den inteligentzia gisa existitzen naiz, baina berak lotu behar duen anizkunkiari begira barneko sentsua deitzen zaion baldintza zedarriztailearen menpean existitzen naiz, eta honek gure adimenaren adigaietatik erabat at geratzen diren denbora-harremanen arabera baino ez du bihurtzen begiesgarria lotura hura, eta horregatik, bere burua begiespen gisa (zeina ezin daitekeen intelektuala eta adimen berak emana izan) berari agertzen zaion moduan baino ezin ezagut dezake, eta ez bere begiespena intelektuala balitz bere burua ezagutuko lukeen moduan.

§ 26 Adimenaren adigai hutsen esperientzia-erabilera orokorki ahalgarriaren dedukzio transzendentala[aldatu]

Dedukzio metafisikoan kategorien jatorria a priori azaldu zen pentsatzearen funtzio logiko orokorrekin duten bat egite osoaren eskutik oro har, baina transzendentalean kategorien ahalgarritasuna aurkezten da, hauek begiespen baten objektuen apriorizko ezagutzak diren aldetik oro har (§ 20, 21). Orain, beti gure sentsuei soilik, eta gainera, ez agerpenaren formaren arabera, baizik beren loturaren legeen arabera agertu ahal zaizkien objektuak kategorien bitartez ezagutu ahal izateko ahalgarritasuna argitu behar da, eta beraz, nolabait esateko, izadiari legea ezartzeko eta bera ahalbidetzeko ahalgarritasuna ere bai. Izan ere, kategorien erabilgarritasunik gabe ez litzateke argituko ea nola egon behar duen gure sentsuei agertu ahal zaien guztiak a priori adimenetik besterik sortzen ez diren legeen menpean.

Lehenik ohartzen dut atzematearen sintesiaz begiespen enpiriko bateko anizkunkiaren elkarketa ulertzen dudala, hots, hautematea, h. d., bere kontzientzia enpirikoa (agerpen gisa) ahalbidetzen duen elkarketa.

Apriorizko begiespenaren formak ditugu kanpoko eta barneko sentsuen arabera espazioaren eta denboraren errepresentazioetan, eta agerpenaren anizkunkiaren atzematearen sintesiak beti hauen araberakoa izan behar du, zeren sintesia bera forma hauei jarraiki besterik ezin baitaiteke gertatu. Baina espazioa eta denbora sentsuzko begiespenaren forma gisa ez ezik, begiespen gisa ere errepresentatzen dira a priori (zeinak anizkunki bat barnebiltzen duen), beraz, anizkunki honen batasunaren determinazioa izanik beraietan (begiratu Estetika transzendentala)64. Beraz, begiespen horiekin (ez horietan) jadanik aldi berean anizkunkiaren sintesiaren batasuna ematen da a priori atzemate ororen baldintza gisa, gugan nahiz gugandik at, eta beraz, baita lotura bat ere, zeinari espazioan eta denboran determinatua bezala errepresentatu behar den guztia egokitu behar zaion. Batasun sintetiko hau, ordea, oro harrezko begiespen jakinaren anizkunkiak jatorrizko kontzientzia batean duen lotura baino ezin da izan, kategoriei jarraiki gure sentsuzko begiespenari soilik aplikatutako lotura. Ondorioz, hautemapen bera ere ahalbidetzen duen sintesi oro kategorien menpean dago, eta esperientzia elkarlotutako hautemapenen bidezko ezagutza denez gero, orduan kategoriak esperientziaren ahalgarritasunaren baldintzak dira, eta beraz, hauek esperientziaren objektu guztientzat ere a priori balio dute.


*  *  *

Nik, beraz, etxe baten begiespen enpirikoa bere anizkunkiaren atzematearen bitartez hautemapena bihurtzen baldin badut, adibidez, orduan nigan oinarrian espazioaren eta oro har kanpoko sentsuen begiespenaren beharrezko batasuna dauzkat, eta nik etxearen tankera marrazten dut, nolabait esateko, espazioan dagoen anizkunkiaren batasun sintetiko honi jarraiki. Baina batasun sintetiko berak adimenean du bere egoitza, espazioaren formaz abstraitzen baldin badut, eta oro harrezko begiespen bateko homogeneokiaren sintesiaren kategoria da, h. d., handitasunaren kategoria, zeina, beraz, atzematearen sintesi hari egokitu behar zaion guztiz, h. d., hautemapenari65.

Uraren izoztea hautematen badut (beste adibide bat hartuz), orduan elkarrekiko denbora-erlazio batean dauden bi egoera atzematen ditut (isurgaitasuna eta gotortasuna). Baina nik agerpenari barneko begiespen gisa oinarrian ezartzen diodan denboran anizkunkiaren batasun sintetikoa errepresentatzen dut halabeharrez, eta hau egin gabe erlazio hura ezingo litzateke eman begiespen batean determinatuta (denboraren segidari begira). Halere, batasun sintetiko hau kausaren kategoria da, oro har begiespen baten anizkunkia lotzeko dudan apriorizko baldintza den aldetik, baldin eta nire barneko begiespenaren forma jarraituaz, hots, denboraz abstraitzen badut, eta kategoria honi jarraiki gertatzen den guztia denboran bere erlazioaren arabera determinatzen dut oro har, bera nire sentimenari aplikatzen baldin badiot. Beraz, atzematea jazoera honetan efektuaren eta kausaren hartuemanen adigaiaren menpean dago, eta beraz, jazoera hau bera ere bai hautemapen ahalgarriari dagokionez, eta horrela gertatzen da gainerako kasu guztietan.


*  *  *

Kategoriak agerpenei, eta beraz, agerpen ororen multzoa den izadiari (natura materialiter spectata) a priori legeak ezartzen dizkieten adigaiak dira, eta izaditik eratortzen ez direnez eta haren arabera ibiltzen ez direnez gero beren eredu gisa (zeren bestela enpirikoak besterik ez bailirateke), orduan zera galdetzen da: ea nola uler daitekeen izadia berak lege hauei jarraiki ibili behar duela, h. d., ea nola determina dezaketen lege hauek a priori izadiaren anizkunkiaren lotura, lotura hau bertatik hartu gabe. Hemen dator enigma honen konponketa.

Ez da, hortaz, bitxiago agerpenen legeak izadian adimenarekin eta bere apriorizko formarekin, h. d., anizkunkia oro har lotzeko bere ahalmenarekin adostu behar izatea agerpen beraiek sentsuzko begiespenaren formarekin adostu behar izatea baino. Izan ere, legeak ez dira existitzen agerpenetan, baizik subjektuarekin erlazioan besterik ez, zeinari agerpenak datxezkion, subjektuak adimena duen heinean, eta era berean agerpenak ez dira beren baitan existitzen, baizik zerizan berarekin erlazioan, berak sentsuak dituen heinean. Berbaitango gauzei beren legezkotasuna halabeharrez legokie, baita beraiek ezagutzen dituen adimen batetik landa ere. Hala ere, agerpenak gauzen errepresentazioak besterik ez dira, eta agerpenok ezezagun diraute beren baitan izan daitezkeenari dagokionez. Baina errepresentazio soil gisa ahalmen elkarlotzaileak ezartzen dituen elkarloturaren legeen menpean baino ez daude. Hortaz, sentsuzko begiespenaren anizkunkia elkarlotzen duena irudimena da, adimenaren menpean dagoena bere sintesi intelektualaren batasunari dagokionez eta sentimenaren menpean atzematearen anizkunkiari dagokionez. Hala ere, hautemapen ahalgarri oro atzematearen sintesiaren menpean dagoenez, bera, ordea, sintesi enpiriko hau, beraz, transzendentalaren menpean dagoenez, eta beraz, kategorien menpean dagoenez gero, orduan hautemapen ahalgarri orok eta baita beti kontzientzia enpirikora irits daitekeen guztiak ere, h. d., izadiaren agerpen orok beren loturaren arabera kategorien menpean egon behar du, eta izadia (oro harrezko izadi soil gisa kontsideratuta) hauen menpean dago, beren beharrezko legezkotasunaren jatorrizko oinarri gisa (natura formaliter spectata gisa). Baina adimenaren ahalmen hutsa ere kategoria soilen bitartez agerpenei a priori oro harrezko izadia funtsatzen duten legeak ezartzera besterik ez da iristen, izadia espazioan eta denboran dauden agerpenen legezkotasuna den aldetik. Lege bereziak, enpirikoki determinatutako agerpenei dagozkien heinean, ezin dira hauetatik osoki eratorri, nahiz eta denak osotara haien menpean dauden. Esperientzia gehitu behar da oro har lege bereziak ezagutu ahal izateko; baina apriorizko lege haiek besterik ez dute irakasten esperientziaz oro har eta bere objektu gisa ezagut daitekeenaz.

§ 27 Adimenaren adigaien dedukzio honen emaitza[aldatu]

Ezin dugu objekturik pentsatu kategorien bitartez izan ezik; ezin dugu pentsatutako objekturik ezagutu adigai haiei dagozkien begiespenen bitartez izan ezik. Gure begiespen guztiak sentsuzkoak dira eta ezagutza hori enpirikoa da, bere objektua aurretik emana den heinean. Ezagutza enpirikoa, ordea, esperientzia da. Ondorioz, esperientzia ahalgarriaren objektuena ez den beste ezein ezagutzarik ez zaigu ahalgarri66.

Hala eta guztiz ere, esperientziaren objektuetara baino zedarriztatzen ez den ezagutza hau ez da horregatik esperientziatik lortzen osorik, baizik eta begiespen hutsei eta adimenaren adigai hutsei dagokienez hauek gugan a priori dauden ezagutzaren osagaiak dira. Bi bide besterik ez daude esperientziak bere objektuen adigaiekin duen beharrezko adostasuna pentsatu ahal izateko: edo esperientziak ahalbidetzen ditu adigai hauek edo adigai hauek esperientzia. Lehena ez da gertatzen kategoriei dagokienez (ezta sentsuzko begiespen hutsari dagokionez ere); izan ere, apriorizko adigaiak dira, eta beraz, esperientziatik beregainak (jatorri enpiriko baten baieztapena generatio aequivoca moduko zerbait litzateke). Ondorioz, bigarren bidea besterik ez da geratzen (arrazoimen hutsaren epigenesiaren sistema, nolabait esateko), hots, kategoriek adimenaren aldetik oro harrezko esperientzia ororen ahalgarritasunaren oinarriak barnebiltzen dituztela. Ea nola ahalbidetzen duten esperientzia, eta ea agerpenei aplikatzean bere ahalgarritasunaren zein oinarri-esakune eskuratzen dituzten, honetaz esan daitekeen gehientsuena juzgamenaren erabilera transzendentalaren ondorengo atalburuak irakatsiko du.

Baldin eta aipatutako bi bide bakarren artean norbaitek tarteko bidea proposatu nahiko balu, hots, kategoriak ez direla norberak pentsatutako gure ezagutzaren apriorizko lehen printzipioak, ezta esperientziatik sortzen direnak ere, baizik eta gure existentziarekin batera aldi berean ereindako pentsatzeko joera subjektiboak direla, gure sortzaileak honako moduan antolatu dituenak, ezen beren erabilerak izadiaren legeekin zuzenki bat egiten baitu, esperientzia jarraiki zaien legeekin, alegia (arrazoimen hutsaren preformazioaren sistema baten moduko zerbait litzatekeena), bada, orduan hau litzateke erabakigarria aipatu den tarteko bidearen aurka (halako hipotesi batean aurredeterminatutako joeren aurresuposizioa etorkizuneko judizioetan noraino iritsiko litzatekeen aurrez ezin ikusteaz gain): halako kasuan kategoriei beren adigaiei funtsean dagokien beharrezkotasuna faltako litzaiekeela. Izan ere, kausaren adigaia, adibidez, aurresuposatutako baldintza bati jarraiki zaion ondorio baten beharrezkotasuna adierazten duena, faltsua litzateke, baldin eta bera gugan apetaz ereinda dagoen beharrezkotasun subjektiboan funtsatzen bada, hots, errepresentazio enpiriko jakinak hartuemanaren halako erregelari jarraiki lotzeko beharrezkotasunean. Ezingo nuke esan efektua kausarekin dagoela lotua objektuan (h. d., halabeharrez), baizik eta ni hala nagoela antolatua, ezen errepresentazio hau ezin baitut horrela elkarlotua baino pentsatu; hau izaki eszeptikoak gehien desiratzen duena; izan ere, honenbestez, gure judizioen ustezko baliotasun objektiboaren bidez lortutako gure ikuskera oro itxura soila besterik ez litzateke izango, eta beharrezkotasun subjektibo hau (sentitu egin behar dena) berez onartuko ez lukeen jenderik ez litzateke faltako; inolaz ere ezingo genuke inorekin nire subjektua organizatua dagoen eran besterik funtsatzen ez denari buruz eztabaidatu.

Dedukzio honen ulermen laburra

Dedukzioa adimenaren adigai hutsen (eta beraiekin batera apriorizko ezagutza teoretiko ororen) aurkezpena da, esperientziaren ahalgarritasunaren printzipioak diren aldetik; esperientziaren aurkezpena ere bai, ordea, agerpenen determinazio gisa oro har espazioan eta denboran; azkenik, determinazio honen aurkezpena da apertzepzioaren jatorrizko batasun sintetikotik abiatuta, sentimenaren jatorrizko formak diren espazioarekin eta denborarekin harremanean dagoen adimenaren forma den aldetik.


*  *  *

Paragrafoetan sailkapena honaino besterik ez da izan beharrezkoa, oinarrizko adigaiak baitziren autugaia. Orain beren erabilera aurkeztu nahi denez gero, azalpenak sailkapenik gabe egin dezake aurrera testu jarraituan67.

Adimenaren adigai hutsen dedukzioaren Bigarren atala Esperientziaren ahalgarritasunaren apriorizko oinarriez[aldatu]

Adigai bat osorik a priori sortzea eta objektu bati lotu behar izatea, objektua esperientzia ahalgarriaren adigaiari ez egokitu arren, esperientzia ahalgarriaren osagaiez ere osatu ez arren, erabat kontraesankorra eta ezinezkoa da. Izan ere, ez luke ezein edukirik izango, berari begiespenik ez bailitzaioke egokituko, objektuak ematen dizkiguten begiespenek oro har esperientzia ahalgarriaren alor edo objektu osoa osatzen duten heinean. Esperientziari lotzen ez zaion apriorizko adigaia adigai baten forma logiko soila litzateke, baina ez zerbait pentsaraziko lukeen adigaia bera.

Beraz, apriorizko adigai hutsak baldin badaude, orduan hauek ezin dute, noski, ezer enpirikorik barnebildu; halere, esperientzia ahalgarri baten apriorizko baldintza soilak izan behar dute eta honetan baino ezin funtsa daiteke errealitate objektiboa.

Horregatik, jakin nahi bada ea adimenaren adigai hutsak nola diren ahalgarriak, orduan esperientziaren ahalgarritasunak behar dituen eta bere oinarrian dauden apriorizko baldintzak aztertu behar dira agerpenetan enpirikoa den oroz abstraitzen dugunean. Esperientziaren baldintza formal eta objektibo hau orokorki eta askiro adierazten duen adigaiak adimenaren adigai hutsa izena du. Behin adimenaren adigai hutsak baditut, orduan ederki asma ditzaket agian ezinezkoak diren objektuak, edo agian berez ahalgarriak diren baina ezein esperientziatan eman ezin direnak, adigai haien elkarloturan esperientzia ahalgarri baten baldintzari halabeharrez dagokion zerbait alde batera utzi zitekeen heinean (espiritu baten adigaia), edo adimenaren adigai hutsak esperientziak bil dezakeena baino urrunago hedatzen direnean (Jainkoaren adigaia). Apriorizko ezagutza orotarako osagaiak, ordea, baita hautazko asmazio burugabekoetarako osagaiak ere, ezin dira egiatan esperientziatik hartu (izan ere, bestela ez lirateke apriorizko ezagutzak), baina haiek beti esperientzia ahalgarriaren eta bere objektu baten apriorizko baldintza hutsak barnebildu behar dituzte, zeren, bestela, beren bitartez ezer ezin pentsatzeaz gain, daturik ez izatean, sortu ere ezingo bailitzateke egin pentsatzean.

Esperientzia orotan pentsatze hutsa a priori barnebiltzen duten adigai hauek kategorietan aurkitzen ditugu, eta objektu bat beren bitartez baino ezin dela pentsatu frogatu ahal bada, hau haien dedukzio gogobetegarria eta haien baliotasun objektiboaren legeztapena ere bada. Halako pentsamenduan, ordea, pentsatzeko ahalmen soilak, hots, adimenak baino zerbait gehiagok jarduten duenez, eta honek objektuei lotu behar zaien ezagumen gisa era berean harreman horren ahalgarritasunari dagokion azalpena behar duenez gero, orduan esperientziaren ahalgarritasunaren apriorizko oinarritzapena osatzen duten iturburu subjektiboak kontsideratu behar ditut, ez beren antolaera enpirikoari, baizik transzendentalari dagokionez.

Haietako errepresentazio bakoitza besteentzat guztiz arrotza balitz, nolabait esateko, bakartua balitz, eta haietatik aldendua egongo balitz, orduan inoiz ez litzateke ezagutzaren gisako zerbait sortuko. Hau elkarren artean alderatzen eta konbinatzen diren errepresentazioen osokiak osatzen du. Beraz, alde batetik, sentsuari sinopsia egozten badiogu bere begiespenean anizkuntasuna barnebiltzen duelako, orduan honi beti sintesia ere badagokio, eta harmenak berezkotasunari lotuta baino ezin ditzake ahalbidetu ezagutzak. Berezkotasuna da ezagutza orotan halabeharrez ematen diren hiru sintesien oinarria: errepresentazioen atzematearena begiespenean, errepresentazioak gogamenaren modifikazioak diren aldetik, errepresentazio horien birprodukzioarena irudimenean eta beren berrezagutzarena adigaian. Hauek, hortaz, ezagutzaren hiru iturburu subjektiboetarako gida ematen dute, adimena bera, eta honen bitartez, esperientzia oro ahalbidetzen duten iturburuetarako, alegia, esperientzia adimenaren produktu enpirikoa den aldetik.

Atariko oharpena

Kategorien dedukzioa hainbeste zailtasunekin lotua dago eta oro har gure ezagutzaren ahalgarritasunaren lehen oinarrietan hain sakon sartzera behartzen du, ezen zuhurrago aurkitu baitut teoria osatu baten gehiegizko luzapena saihestearren eta, hala ere, beharrezko azterketa honetan ezer alde batera utzi gabe, datozen lau zenbakien bitartez irakurlea gehiago prestatzea berari irakaspenak ematea baino, eta hurrenez datorren hirugarren atalean adimenaren osagai hauen argiketa lehen-lehenik sistematikoki aurkeztea. Horregatik, artean irakurleak ez du beldurrak egoteko beharrik bide berri batetik abiatzean hasieran saihestezina gertatzen den iluntasunaz, izan ere, aipatutako atalean bidea argiztatuko da ikuskera beteraino, itxaroten dudanez.

1 Atzematearen sintesiaz begiespenean[aldatu]

Gure errepresentazioak edonondik sor daitezke, kanpoko gauzen eraginagatik edo barneko kausengatik sortuak direla ere; a priori edo enpirikoki agerpen gisa sortuak direla ere; dena dela, gogamenaren modifikazio gisa barneko sentsuari dagozkio, eta hainbestez, azken buruan gure ezagutza oro barneko sentsuaren, hots, denboraren baldintza formalen menpean dago, eta haiek osotara denboran ordenatu, elkarlotu eta hartuemanean jarri behar dira. Hau datorrenaren oinarrian ezarri behar den ohar orokorra da.

Begiespen bakoitzak anizkunki bat barnebiltzen du bere baitan, anizkunki gisa errepresentatuko ez litzatekeena, baldin eta gogamenak denbora ez balu bereiziko zirraren segidan; izan ere, une batean barnebildua den aldetik, errepresentazio bakoitzak ezin du batasun absolutua baino izan. Beharrezkoa da anizkuntasuna zeharkatzea, eta gainera, biltzea, honela anizkunki hau begiespenaren batasuna bihurtzeko (espazioaren errepresentazioan gertatzen den legez), eta ekintza honi atzematearen sintesia deitzen diot, begiespen batekin baitu zerikusia zuzenki, zeinak anizkunki bat eskaintzen duen, nahiz eta bertan ematen den sintesirik gabe inoiz ezin duen sortu anizkunkia, anizkunkia den eta gainera errepresentazio batean barnebilduta dagoen aldetik.

Atzematearen sintesi hau ere a priori, h. d., enpirikoak ez diren errepresentazioetarako erabili behar da. Izan ere, beraiek gabe ezingo genituzke ez espazioaren, ezta denboraren errepresentazioak ere izan a priori, zeren hauek sentimenak bere jatorrizko harmenean eskaintzen duen anizkunkiaren sintesiaren bitartez baino ezin baitira sortu. Beraz, atzematearen sintesi hutsa daukagu.

2 Birprodukzioaren sintesiaz irudimenean[aldatu]

Lege enpiriko soil baten arabera elkartzen dira azkenean elkarren segidan doazen edo elkarri lagun egiten dioten errepresentazioak, eta honen bitartez elkarloturan jartzen dira, eta errepresentazio hauetako batek elkarlotura honi jarraiki objektuaren presentziarik gabe ere gogamenaren igarobidea sortzen du beste errepresentazioetara erregela jarraitu baten arabera. Birprodukzioaren lege honek, ordea, zera aurresuposatzen du: agerpen bera benetan halako erregelaren menpean egotea, eta bere errepresentazioen anizkunkian erregela jakinen araberako laguntza edo segida bat egotea; izan ere, hau gabe, irudimen enpirikoak inoiz ez luke lortuko bere ahalmenari egokia zaion jardunik, eta beraz, gogamenaren barnean ezkutatua iraungo luke hilda legokeen eta guretzat ere ezezaguna izango litzatekeen ahalmen baten gisara. Baldin eta zinabrioa batzuetan gorria eta besteetan beltza, batzuetan arina eta besteetan pisua balitz, gizakiak batzuetan abere-tankera balu eta besteetan beste tankera hartuko balu, egun luzeenetan lurra batzuetan fruituz eta besteetan izotzez eta elurrez betea balego, orduan nire irudimen enpirikoak inoiz ez luke zinabrio pisua pentsatzeko aukerarik izango, kolore gorriaren errepresentazioa dela eta, edo hitz jakin bati batzuetan gauza bat balegokio eta besteetan bestea, edo baita gauza berbera ere batzuetan honela eta besteetan hala izendatuko balitz, agerpenak berenez menperatuko litzaizkiokeen erregela baten nagusigorik gabe, orduan ezingo litzateke birprodukzioaren sintesi enpirikorik gertatu.

Beraz, agerpenen birprodukzio hori ahalbidetzen duen zerbaitek egon behar du, haien beharrezko batasun sintetikoaren apriorizko oinarria den zerbaitek. Emaitza honetara azkar heltzen gara, gogoan hartzen bada agerpenak berbaitango gauzak ez, baina gure errepresentazioen jolas soilak direla, azkenean barneko sentsuaren determinazioak baino ez direnak. Hortaz, erakutsi badezakegu gure apriorizko begiespen hutsenek berek ere ez dutela ezagutzarik sortzen, birprodukzioaren sintesi osoa ahalbidetzen duen anizkunkiaren halako lotura barnebildu ezik, orduan irudimenaren sintesi hau ere esperientzia ororen aurretik apriorizko printzipioetan oinarritua dago eta esperientzia ororen ahalgarritasunaren oinarrian datzan bere sintesi transzendental hutsa onartu behar da (agerpenen birproduzigarritasunak halabeharrez aurresuposatzen duen legez). Nabarmena da, ordea, nire pentsamenduan lerro bat marrazten, edo eguerdi batetik hurrengorako denbora pentsatzen, edo arrunki zenbaki bat errepresentatzen saiatzen baldin banaiz, orduan nire pentsamenduak errepresentazio anizkun horiek bata bestearen ondoren jasotzetik abiatu behar duela. Nire pentsamenduak beti aurreko errepresentazioak ihesten utziko balitu hurrengoetara igarotzean, haiek birproduzitu gabe, orduan inoiz ezingo litzateke errepresentazio osoa sortu, ezta aipatutako pentsamendurik ere, eta are gutxiago sortuko lirateke espazioaren eta denboraren oinarrizko errepresentazio hutsenak eta lehenak.

Atzematearen sintesia, beraz, bereiztezinki lotuta dago birprodukzioaren sintesiarekin. Eta hark oro harrezko ezagutza ororen ahalgarritasunaren oinarri transzendentala osatzen duenez gero (ezagutza enpirikoarena ez ezik, apriorizko ezagutza hutsarena ere bai), orduan irudimenaren sintesi birproduktiboa gogamenaren ekintza transzendentalei dagokie, eta hauen adeiez ahalmen honi irudimenaren ahalmen transzendentala deitu nahi diogu.

3 Berrezagutzaren sintesiaz adigaian[aldatu]

Guk pentsatzen duguna une bat lehenago pentsatzen dugunaren berbera izatearen kontzientziarik izango ez bagenu, errepresentazioen ilarako birprodukzio oro alferrikakoa litzateke. Izan ere, errepresentazio berria genuke oraingo egoeran, hura pixkanaka sortu behar duen ekintzari inolaz ere egokituko ez litzaiokeen errepresentazioa, eta bere anizkunkiak beti ere ez luke osokirik osatuko, kontzientziak baino eman ez diezaiokeen batasuna faltako bailitzaioke. Zenbatzean nire sentsuen aurrean lokan dabiltzan batasunak bata besteari pixkanaka gaineratu dizkiodala ahaztuko banu, orduan ez nuke ezagutuko bata eta bestearen hurrenez hurrengo gehiketa horren bidezko kopuruaren sorkuntza, eta beraz, ezta zenbakia ere; izan ere, adigai hau sintesi honen batasunaren kontzientzia besterik ez da.

«Adigai» hitzak berez ohar honetarako gida eman diezaguke. Izan ere, kontzientzia bakar hau da anizkunkia pixkanaka begietsita eta ondoren birproduzituta errepresentazio batean bateratzen duena. Kontzientzia hau maiz ahula izan daiteke, eta ondorioz, ez dugu elkarlotzen ekintza berarekin, h. d., zuzenki errepresentazioaren sorkuntzarekin, baizik eta efektuarekin besterik ez, baina bereizketa hauek alde batera utziz, beti ere kontzientzia batek egon behar du, argitasun berezia falta bazaio ere, eta bera gabe adigaiak ezinezkoak dira, baita hauekin batera objektuen ezagutza ere.

Eta hemen beharrezkoa gertatzen da errepresentazioen objektuaren adierazpenaz esan nahi dena ulergarria bihurtzea. Gorago esan dugu: agerpenak ez dira sentsuzko errepresentazioak baino, beren baitan (indar errepresentatzailetik at) objektutzat hartu behar ez direnak. Zer ulertzen da, izan ere, ezagutzari dagokion, eta beraz, bertatik bereizten den objektuaz hitz egiten denean? Erraza da aditzea objektu hau zerbait oro har balitz bezala = X besterik ez dela pentsatu behar, zeren guk ez baitaukagu ezagutza horri dagokion eta berari kontrajar diezaiokegun ezer geure ezagutzaz gain.

Hala ere, ezagutza orok bere objektuarekin duen harremanaz dugun pentsamenduak aldean beharrezkotasunik badakarrela aurkitzen dugu, zeren, hain zuzen, pentsamendu hau beharrezkotasun horri kontrajarritzat hartzen baita, eta gure ezagutzak ausaz edo apetaz ez, baizik a priori era jakin batera determinatzen direla ere aurkitzen dugu, zeren objektu bati lotu behar zaizkion ezagutzak euren artean ados jarri behar baitira objektu horri dagokionez, h. d., objektu baten adigaia osatzen duen batasuna eduki behar baitute.

Gure autugaia gure errepresentazioen anizkunkiak baino osatzen ez duenez gero, eta haiei dagokien X hori (objektua) gure errepresentazioetatik bereizitako zerbait izan behar duelako guretzat ezer ez denez gero, orduan argi dago objektua beharrezkoa bihurtzen duen batasuna errepresentazioen anizkunkiaren sintesian ematen den kontzientziaren batasun formala baino ezin daitekeela izan. Beraz, zera diogu: objektua ezagutzen dugula begiespenaren anizkunkian batasun sintetikoa sortu dugunean. Hau, ordea, ezinezkoa da, baldin eta begiespena ezin badaiteke sortu sintesiaren halako funtzio baten bitartez erregela bati jarraiki, anizkunkiaren birprodukzioa eta hura bateratzen duen adigai bat a priori halabeharrez ahalbidetzen dituen funtzioa, alegia. Horrela, hiruki bat pentsatzen dugu objektu gisa, erregela bati jarraiki egindako hiru lerro zuzenen elkarketaz kontziente garen heinean, eta horrela, beti aurkez daiteke halako begiespen bat erregelaren arabera. Erregelaren batasun honek anizkunki oro determinatzen du eta apertzepzioaren batasuna ahalbidetzen duten baldintzetara zedarriztatzen du, eta batasunaren adigai hau objektuaren = X errepresentazioa da, hiruki batean aipatutako predikatuen bitartez pentsatzen dudan objektuaren errepresentazioa.

Ezagutza orok adigai bat eskatzen du, hau hain ezosoa edo iluna bada ere; adigaia, ordea, beti orokorra da bere formari dagokionez eta erregelatzat balio du. Horrela, gorputzaren adigaiak kanpoko agerpenen gure ezagutzarako erregelatzat balio du bere bitartez pentsatzen den anizkunkiaren batasunari jarraiki. Baina adigaia agerpen jakinetan beren anizkunkiaren beharrezko birprodukzioa, eta beraz, batasun sintetikoa bere kontzientzian errepresentatzearen bidez besterik ezin daiteke izan begiespenen erregela. Horrela, gure kanpoko zerbait hautematean, gorputzaren adigaiak hedaduraren errepresentazioa eta berekin batera sarrezintasunarena, tankerarena, eta abarrena, behar ditu.

Beharrezkotasun ororen oinarrian beti baldintza transzendental bat dago. Beraz, kontzientziaren batasunaren oinarri transzendentala aurkitu behar da gure begiespen ororen anizkunkiaren sintesian, eta beraz, oro harrezko objektuaren adigaian, eta ondorioz, baita esperientziaren objektu orotan ere, bera gabe ezinezkoa bailitzateke gure begiespenentzako objekturik pentsatzea, zeren hau ez baita bere adigaiaren bidez sintesiaren halako beharrezkotasuna adierazten duen Zerbait baino.

Jatorrizko baldintza transzendental hau apertzepzio transzendentala besterik ez da. Norbere buruaren kontzientzia barneko hautemapenean enpirikoa baino ez da gure egoeraren determinazioari dagokionez, beti aldakorra da, ezin daiteke ezein Norbera egonkor edo geldikorrik egon barneko agerpenen isuri horretan, eta barneko sentsua deitzen zaio eskuarki, edo apertzepzio enpirikoa. Zenbaki-identitatea izanik errepresentatu behar dena ezin da identikoa balitz bezala pentsatu datu enpirikoen bitartez. Esperientzia ororen aurretik doan eta bera ahalbidetzen duen baldintza batek izan behar du, hots, halako aurresuposizio transzendentala baliogarria bihurtu behar duen baldintzak izan behar du.

Ezin da gugan ezagutzarik gertatu, ezta hauen arteko elkarlotura eta batasunik ere, begiespenetako datu guztien aurretiazko kontzientziaren batasunik gabe, eta objektuen errepresentazioak batasun horrekin harremanean baino ez dira ahalbidetzen. Kontzientzia huts, jatorrizko eta aldagaitz horri apertzepzio transzendentala deritzot. Berak izen hau merezi duela honen bidez argitzen da jadanik: batasun objektibo hutsena ere, hots, apriorizko adigaiena (espazioa eta denbora), begiespenek berekin duten harremanaren bidez baino ez dela ahalgarria. Apertzepzio honen zenbaki-batasuna a priori adigai ororen oinarrian dago, sentimenaren begiespenen oinarrian espazioaren eta denboraren anizkuntasuna dagoen bezala.

Apertzepzioaren batasun transzendental honek, ordea, esperientzia batean batera ager daitezkeen agerpen ahalgarri denetatik abiatuta errepresentazio horien guztien bilkura sortzen du legeen arabera. Izan ere, kontzientziaren batasun hori ezinezkoa litzateke, baldin eta gogamenari ezinezkoa balitzaio anizkunkiaren ezagutzan hura sintetikoki ezagutza batean lotzeko erabiltzen duen funtzioaren identitateaz kontziente bihurtzea. Beraz, norbere identitatearen jatorrizko eta beharrezko kontzientzia, aldi berean, bera bezain beharrezkoa den agerpen ororen adigaien araberako sintesiaren batasuna da, h. d., hura birproduzigarria bihurtu ez ezik, horren bitartez bere begiespenari objektua ere determinatzen dio erregelen arabera, h. d., zerbaiten adigaia determinatzen du eta bertan elkartzen dira begiespenak halabeharrez; izan ere, gogamenari ezinezkoa litzaioke bere identitatea bere errepresentazioen anizkuntasunean pentsatzea, eta gainera, a priori pentsatzea, bere ekintzaren identitatea begi-bistan ez balu, zeinak atzematearen sintesi oro (enpirikoa dena) batasun transzendental bati menperatzen dion eta bere bilkura apriorizko erregelei jarraiki ahalbidetzen duen lehen-lehenik. Dena dela, oro harrezko objektu baten gure adigaia zuzenkiago determinatu ahal izango dugu. Errepresentazio orok errepresentazioa den aldetik bere objektua du eta beste errepresentazioen objektua ere izan daiteke. Agerpenak dira guri zuzenki eman ahal zaizkigun objektu bakarrak eta beraietan zuzenki objektuari lotzen zaionak begiespena izena du. Agerpen hauek, ordea, ez dira berbaitango gauzak, baizik eta errepresentazioak besterik ez, zeinek, gainera, beren objektua duten, guk begietsi ezin dugun objektua, alegia, eta horregatik honi objektu ez-enpirikoa, h. d., transzendentala = X dei dakioke.

Objektu transzendental honen (benetan gure ezagutza guztietan beti bera = X denaren) adigai hutsa da oro har gure adigai enpiriko guztietan objektuarekin harremana, h. d., errealitate objektiboa sortzen duena. Adigai honek ezin du ezein begiespen determinaturik ere barnebildu eta ez dagokio ezagutzaren anizkunkian aurki daitekeen batasun hari baino, objektu batekin harremanean dagoen heinean. Harreman hau, ordea, ez da kontzientziaren beharrezko batasuna baino, eta beraz, anizkunkiaren sintesiaren batasuna, honela gogamenaren funtzio komunaren bitartez hura errepresentazio batean lotzearren. Baina batasun hau a priori beharrezkotzat hartu behar denez gero (zeren ezagutzak bestela ez bailuke objekturik), orduan objektu transzendentalarekin harremana, h. d., gure ezagutza enpirikoaren errealitate objektiboa lege transzendental honetan funtsatzen da: agerpen orok, bere bitartez objektuak ematen zaizkigun heinean, bere batasun sintetikoaren apriorizko erregelaren menpean egon behar duela, hauen arabera baino ez baita ahalgarria beren hartuemana begiespen enpirikoan, h. d., esperientzian agerpenek apertzepzioaren ezinbesteko batasunaren menpean egon behar dutela, begiespen hutsean ere espazioaren eta denboraren baldintza formalen menpean egon behar duten bezala, eta baldintza hauek ahalbidetzen dutela ezagutza lehen-lehenik.

4 Kategorien ahalgarritasunaren atariko argipena, hauek apriorizko ezagutzak diren aldetik[aldatu]

Esperientzia bakarra dago, bertan hautemapen guztiak bilkura osoan eta legezkoan egongo balira bezala errepresentatzen direla, espazio eta denbora bat bakarra dauden era berean, zeinetan agerpenaren forma oro eta izate edo ez izatearen hartueman oro gertatzen den. Esperientzia ezberdinez hitz egiten bada, orduan hauek hautemapen ezberdinak besterik ez dira, esperientzia bat eta berberari dagozkion heinean. Hautemapenen batasun osoak eta sintetikoak osatzen du, beraz, esperientziaren forma, eta bera ez da adigaiei jarraiki egindako agerpenen batasun sintetikoa baino.

Adigai enpirikoen arabera egindako sintesiaren batasuna erabat beharbadakoa litzateke, eta hauek batasunaren oinarri transzendentalean oinarrituko ez balira, orduan baliteke agerpenen masalda batek gure arima betetzea, baina hortik ez litzateke inoiz esperientziarik sortuko. Gainera, hainbestez, ezagutzak objektuekin duen harreman oro desagertuko litzateke, zeren lege orokor eta beharrezkoei darraien elkarlotura faltako bailitzaioke, eta beraz, pentsamendurik gabeko begiespena izango litzateke, baina inoiz ez ezagutza, eta honenbestez, ez zen ezer izango guretzat.

Oro harrezko esperientzia ahalgarri baten apriorizko baldintzak aldi berean esperientziaren objektuen ahalgarritasunaren baldintzak dira. Hortaz, zera baieztatzen dut: aipatutako kategoriak pentsamenduaren baldintzak baino ez dira esperientzia ahalgarri batean, espazioak eta denborak esperientzia ahalgarri batean begiespenaren baldintzak barnebiltzen dituzten era berean. Beraz, agerpenentzat oro harrezko objektuak pentsatzeko oinarrizko adigaiak ere badira, eta beraz, a priori baliotasun objektiboa dute; hau izaki guk benetan jakin nahi genuena.

Kategoria hauen ahalgarritasuna, baita beharrezkotasuna bera ere, sentimen osoak, eta beraz, agerpen ahalgarri orok jatorrizko apertzepzioarekin duten harremanean funtsatzen dira, non denak halabeharrez autokontzientziaren batasun osoaren baldintzen araberakoa izan behar duen, h. d., sintesiaren funtzio orokorren menpean egon behar duen, hots, adigaiei jarraiki egindako sintesiaren menpean, bertan baino ezin froga baitezake apertzepzioak a priori bere identitate osoa eta beharrezkoa. Horrela, kausa baten adigaia ez da adigaiei jarraiki egindako sintesia baino (denboraren ilaran ondoren datorrenarena beste agerpenekin), eta bere erregela a priori duen eta agerpenak menperatzen dituen halako batasunik izan gabe, ezingo litzateke kontzientziaren batasun osorik eta orokorrik, eta beraz, beharrezkorik egon hautemapenen anizkunkian. Hauek, honenbestez, ez lirateke ezein esperientziatan kokatuko, eta ondorioz, ez lukete objekturik eta errepresentazioen jolas itsua baino ez lirateke, h. d., amets bat baino gutxiago.

Adimenaren adigai huts haiek esperientziatik eratortzeko eta beraiei jatorri enpiriko soila egozteko saialdi guztiak erabat hutsalak eta alferrikakoak dira. Ez dut aipatu ere egin behar, adibidez, kausa baten adigaiak beharrezkotasunaren ezaugarria dakarrela aldean, zeina ezein esperientziak ezin duen eman, zeren honek agerpen bati eskuarki beste bat jarraiki zaiola irakasten digun arren, ez baitigu irakasten halabeharrez jarraiki behar zaionik, ezta ere hortik a priori eta erabat orokorki baldintzatik ondoriora inferi daitekeela halabeharrez ondorioztatzen denik. Hala ere, asoziazioaren erregela osorik onartu egin behar den erregela da, ondokoa esaten baldin bada: jazoeren ondorio-ilaran dena nolabait erregela honen menpean dagoela, alegia, ez dela inoiz zerbait gertatzen aldez aurretik beste zerbait ez badoa, hura honi darraiola; eta honetaz galdetzen dut ea hau zertan funtsatzen den izadiaren legea den aldetik, eta ea nola den ahalgarria asoziazioa hau. Anizkunkiaren asoziazioaren ahalgarritasunaren oinarriak anizkunkiaren afinitatea izena du objektuan datzan heinean. Beraz, hau galdetzen dut: nola bihurtzen duzue ulergarria agerpenen afinitate osoa (honen bidez agerpenak lege iraunkorren menpean daudela, eta hauen menpean kokatu behar dutela)?

Hau ederki uler daiteke nire oinarri-esakuneen arabera. Agerpen ahalgarri oro, errepresentazioa den aldetik, autokontzientzia ahalgarri osoari dagokio. Errepresentazio transzendental gisa, ordea, zenbaki-identitate honetatik bereiztezina eta a priori ziurra da, ezer ezin baita ezagutzara etorri jatorrizko apertzepzio honen bitartez izan ezik. Identitate hau ezagutza enpiriko bihurtu behar den heinean, halabeharrez agerpenen anizkunki ororen sintesian sartu behar denez gero, orduan agerpenak apriorizko baldintzen menpean daude eta beren (atzematearen) sintesia baldintza hauei egokitu behar zaie osorik. Halere, anizkunki jakin bat (eta beraz, era bakar batean) ezar dezakeen baldintza orokor baten errepresentazioak erregela izena du, eta anizkunkia horrela ezarri behar bada, legea izena du. Beraz, agerpen guztiak beharrezko legeei jarraiki osatutako elkarlotura osoan dautza, eta beraz, afinitate transzendental batean, eta afinitate enpirikoa honen ondorioa besterik ez da.

Oso zentzugabea eta arrotza dirudi izadia gure apertzepzioaren oinarri subjektiboen arabera ibiltzeak eta bere legezkotasunari dagokionez hauen menpean egoteak. Halere, izadi hori bere baitan agerpenen multzoa baino ez dela pentsatzen baldin bada, eta beraz, ez berbaitango gauza bat, baizik eta gogamenaren errepresentazioen kopuru bat dela, orduan ez da harritu behar hura gure ezagutzaren errotiko ahalmenean soilik ikusteaz, hots, apertzepzio transzendentalean ikusteaz, bera esperientzia ororen objektu, h. d., izadia deitu ahal izatea eragiten duen batasunean; eta guk horregatik batasun hori a priori, eta beraz, beharrezkoa bezala ezagut dezakegula pentsa dezakegu, bidearen erdian alde batera utzi beharko genukeen batasuna, hura bere baitan gure pentsatzearen lehen iturburuetatik beregainki emango balitz. Izan ere, ez nuke jakingo nondik hartu behar ditugun izadiaren batasun orokor honen esakune sintetikoak, zeren kasu horretan izadiaren objektu bertatik hartu beharko bailirateke. Hau, ordea, enpirikoki besterik ezin daitekeenez gertatu, orduan hortik ez litzateke beharbadako batasun soila baino segituko, baina honek ez du lortzen izadia aipatzean adierazi nahi den beharrezko bilkurara hurbiltzerik ere.

Adimenaren adigai hutsen dedukzioaren

Hirugarren atala. Adimenak oro harrezko objektuekin duen hartuemanaz eta objektuak a priori ezagutzeko ahalgarritasunaz[aldatu]

Aurreko atalean bereizita eta banaka azaldu duguna orain bateratuta eta bilduta aurkeztu nahi dugu. Oro harrezko esperientzia baten ahalgarritasuna eta bere objektuen ezagutza hiru ezagutza-iturburu subjektiboetan funtsatzen dira: sentsua, irudimena eta apertzepzioa; bakoitza enpirikoki kontsidera daiteke, hots, agerpen jakin batzuei aplikatzean, baina denak apriorizko osagai edo oinarritzapenak ere badira, eta honek ahalbidetzen du erabilera enpiriko hori. Sentsuak agerpenak enpirikoki hautemapenean aurkezten ditu, irudimenak asoziazioan (eta birprodukzioan), apertzepzioak errepresentazio birproduktibo hauen eta errepresentazio hauek ematen dituzten agerpenen arteko identitatearen kontzientzia enpirikoan, eta beraz, berrezagupenean.

Hala ere, hautemapen guztien oinarrian, hauek errepresentazioak diren aldetik, begiespen hutsa datza a priori (barneko begiespenaren forma, denbora), asoziazioaren oinarrian irudimenaren sintesi hutsa eta kontzientzia enpirikoaren oinarrian apertzepzio hutsa, h. d., norbere buruaren identitate osoa errepresentazio ahalgarri orotan.

Orain errepresentazioen elkarloturaren barneko oinarriari errepresentazioak bateratu behar diren punturaino jarraiki nahi bagatzaizkio, honela bertan lehen-lehenik esperientzia ahalgarri baterako ezagutzaren batasuna lortzeko, orduan apertzepzio hutsetik abiatu behar dugu. Begiespen denak ez dira ezer guretzat eta ez digute batere axolarik, kontzientzian ezin badira jaso, dela zuzenki, dela bertara zeharka isurtzen direla, eta honek soilik ahalbidetzen du ezagutza. Gu geure buruaren identitate osoaz gara kontziente a priori gure ezagutzari egoki dakizkiokeen errepresentazio guztiei dagokienez, errepresentazio ororen ahalgarritasunaren beharrezko baldintza gisa (zeren hauek nigan zerbait errepresentatzen baitute, baina beste guztiarekin batera kontzientzia bati dagokien heinean besterik ez, eta beraz, bertan gutxienez elkarlotu ahal izan behar duten heinean). Printzipio hau a priori finkatua dago eta gure errepresentazioen (eta beraz, baita begiespenen ere) anizkunki ororen batasunaren printzipio transzendentala deitzen zaio. Baina anizkunkiaren batasuna subjektu batean sintetikoa da; beraz, apertzepzio hutsak anizkunkiaren batasun sintetikoaren printzipio bat ematen du eskura begiespen ahalgarri orotan68.

Batasun sintetiko honek, ordea, sintesi bat aurresuposatzen du, edo jasotzen du, eta batasun hark a priori beharrezkoa izan behar badu, orduan honek ere apriorizko sintesia izan behar du. Beraz, apertzepzioaren batasun transzendentala irudimenaren sintesi hutsari lotzen zaio, ezagutza bateko anizkunkiaren elkarketa ororen ahalgarritasunaren apriorizko baldintza gisa. Halere, irudimenaren sintesi produktiboa soilik gerta daiteke a priori; izan ere, birproduktiboa esperientziaren baldintzetan funtsatzen da. Beraz, irudimenaren sintesi (produktibo) hutsaren beharrezko batasunaren printzipioa ezagutza ororen eta bereziki esperientziaren ahalgarritasunaren oinarria da apertzepzioaren aurretik.

Hortaz, irudimeneko anizkunkiaren sintesiari transzendentala deitzen diogu, baldin eta begiespenen bereizketarik gabe apriorizko anizkunkiaren loturari soilik badagokio, eta sintesi honen batasunak transzendentala izena du apertzepzioaren jatorrizko batasunarekin harremanean a priori beharrezkoa bezala errepresentatzen denean. Azken hau ezagutza ororen ahalgarritasunaren oinarrian datzanez gero, orduan irudimenaren sintesiaren batasun transzendentala ezagutza ahalgarri ororen forma hutsa da, eta honen bitartez errepresentatu behar da a priori ezagutza ahalgarriaren objektu oro.

Apertzepzioaren batasuna irudimenaren sintesiari dagokionez adimena da, eta batasun hau bera irudimen transzendentalaren sintesiari dagokionez adimen hutsa da. Beraz, adimenean apriorizko ezagutza hutsak daude, zeinek irudimenaren sintesi hutsaren beharrezko batasuna barnebiltzen duten agerpen ahalgarri orori dagokionez. Hauek, ordea, kategoriak dira, h. d., adimenaren adigai hutsak, eta ondorioz, gizakien indar ezagutzaile enpirikoak halabeharrez adimen bat barnebiltzen du, zeina sentsuen objektu guztiei –begiespenaren eskutik besterik ez izan arren– eta beren sintesiari lotzen zaien irudimenaren bitartez, eta honen menpean daude agerpen denak, esperientzia ahalgarri baterako datu gisa. Agerpenek esperientzia ahalgarriarekin duten harreman hori beharrezkoa denez gero (zeren hau gabe bere bitartez ezein ezagutzarik ez baikenuke jasoko, eta beraz, ez baitziren gure autua izango), bada, orduan adimen hutsa kategoriei esker esperientzia ororen printzipio formal eta sintetikoa dela eta agerpenek adimenarekin beharrezko harremana dutela ondorioztatzen da.

Orain adimenak kategorien bidez agerpenekin duen beharrezko bilkura behetik gorantz, hots, enpirikoa denetik abiatuta nahi dugu jarri begi-bistan. Ematen zaigun lehenengo gauza agerpena da, eta honek hautemapena izena du kontzientziarekin lotua badago (gutxienez ahalgarria den kontzientzia batekin hartuemanik izan gabe, agerpena ezingo litzateke guretzat inoiz ezagutzaren objektu bihurtu, eta beraz, ez zen ezer izango guretzat, eta bere baitan ezein errealitate objektiborik ez duenez eta ezagutzan soilik existitzen denez gero, ez litzateke ezer izango). Agerpen orok anizkunkia barnebiltzen duenez, eta beraz, hautemapen ezberdinak banaka eta bananduta aurkitzen direnez gero gogamenean, orduan hautemapenok sentimenean bertan ez duten lotura behar dute. Gugan badago, beraz, anizkunki hori sintetizatzen duen ahalmen ekilea, irudimena deitzen diogun ahalmena, eta hautemapenetan zuzenki aplikatutako bere ekintzari atzematea deitzen diot69. Irudimenak, beraz, begiespenaren anizkunkia irudi batean bildu behar du; beraz, zirrarak bere ekimenean jaso, h. d., atzeman egin behar ditu aldez aurretik.

Argi dago, ordea, anizkunkiaren atzemate honek berak soilik ezin sor dezakeela zirraren ezein irudirik eta bilkurarik, oinarri subjektibo bat ez balego, hots, hautemapen bat ez balego, gogamena bertatik beste batera igarotzen dela eta hemendik hurrengora, eta horrela, bere ilara osoak aurkezten dituela, h. d., enpirikoa besterik ez den irudimenaren ahalmen birproduktiborik ez balego.

Errepresentazioak elkarren artean talka egitean gertatzen den legez bereizketarik egin gabe birproduzituko balira, orduan hau beren bilkura determinaturik ez litzatekeenez gero, baizik eta erregelarik gabeko metaketa besterik ez, eta beraz, ezein ezagutzarik sortuko ez zenez gero, orduan beren birprodukzioaren erregela batek izan behar du, honi jarraiki errepresentazio bat irudimenean beste errepresentazio jakin batekin lotzeko, eta ez hirugarren batekin. Erregelen arabera osatutako birprodukzioaren oinarri subjektibo eta enpirikoari errepresentazioen asoziazioa deitzen zaio.

Asoziazioaren batasun honek, ordea, batere oinarri objektiborik ez balu, eta ondorioz, ezinezkoa balitz irudimenak agerpenak bestela atzematea, atzematearen batasun sintetiko ahalgarri honen baldintzapean izan ezik, orduan erabat beharbadakoa litzateke agerpenak giza ezagutzen bilkura bati egokitzea. Izan ere, hautemapenak asoziatzeko ahalmena berehala bagenu, orduan erabat indeterminatua eta beharbadakoa izaten iraungo luke ea hautemapenak gainera asoziagarriak ote diren; eta izango ez balira, orduan hautemapenen kopuru bat eta baita sentimen oso bat ere ahalgarriak lirateke, zeinetan kontzientzia enpiriko asko egongo litezkeen nire gogamenean, bereizita eta neure buruan kontzientzia bakarrari egokitzeke izan arren, baina hau ezinezkoa da. Izan ere, nik hautemapen oro (jatorrizko apertzepzioaren) kontzientzia batean batzen dudan heinean besterik ezin dezaket esan hautemapen oroz: ni haietaz kontziente naizela. Beraz, oinarri objektibo batek izan behar du, h. d., irudimenaren lege enpiriko ororen aurretik a priori aditzen den oinarria, eta bertan funtsatzen da agerpen orotara luzatzen den legearen ahalgarritasuna, baita beharrezkotasuna ere, hots, agerpenak osoro beren baitan asoziagarriak diren eta birprodukzioan elkarlotura osoaren erregela orokorrei menperatzen zaizkien sentsuen datu gisa ulertzeko legearena. Agerpenen asoziazio ororen oinarri objektibo honi beren afinitatea deitzen diot. Oinarri hau, ordea, apertzepzioaren batasunaren oinarri-esakuneetan baino ezin da aurkitu, nireak izan beharko luketen ezagutza guztiei dagokienez. Honi jarraiki, agerpen denek gogamenera etorri beharko lukete, edo hauek bertan atzeman beharko lirateke, eta ondorioz, apertzepzioaren batasunarekin bat egiten dute, baina hau ezinezkoa litzateke beren elkarloturako batasun sintetikorik gabe, eta beraz, objektiboki beharrezkoa den batasun sintetikorik gabe.

Kontzientzia (enpiriko) ororen batasun objektiboa kontzientzia batean (jatorrizko apertzepzioarenean), beraz, hautemapen ahalgarri ororen beharrezko baldintza ere bada, eta agerpenen afinitatea (gertukoa zein urruna) irudimenean egiten den eta a priori erregeletan oinarritzen den sintesiaren beharrezko ondorioa da.

Irudimena, beraz, apriorizko sintesi baten ahalmena ere bada, eta horregatik ematen diogu irudimen produktiboaren izena, eta agerpenaren anizkunki orori dagokionez bere sintesian beharrezko batasuna lortu besterik nahi ez badu, orduan honi irudimenaren funtzio transzendentala dei dakioke. Horregatik da arrotza, nahiz eta orain artekoari jarraiki argigarria izan, irudimenaren funtzio transzendental honen bidez besterik ez izatea ahalgarria agerpenen afinitatea, eta honekin batera, asoziazioa, eta honen bidez, azkenean, legeei jarraiki egindako birprodukzioa, eta ondorioz, esperientzia bera, zeren hau gabe objektuen ezein adigairik ez bailitzateke uztartuko esperientzia batean.

Izan ere, nia fixu eta iraunkorrak (apertzepzio hutsarenak) gure errepresentazio guztien korrelatoa osatzen du, hauetaz kontziente bihurtzea ahalgarria den heinean. Kontzientzia oro apertzepzio huts orobiltzaileari dagokio, orobat sentsuzko begiespen oro errepresentazio gisa barneko begiespen hutsari, hots, denborari dagokion era berean. Apertzepzio hau da irudimen hutsari gehitu behar zaiona honen funtzioa intelektuala bihurtzeko. Izan ere, irudimenaren sintesia berez ez da sentsuzkoa baino, a priori erabili arren, zeren begiespenean ematen den anizkunkia begiespenean agertzen den gisara lotzen baitu, adibidez, hirukiaren tankera. Anizkunkiak apertzepzioaren batasunarekin duen hartuemanaren bitartez adimenari dagozkion adigaiak sor daitezke, baina irudimenaren bitartez soilik jar daitezke harremanean sentsuzko begiespenarekin.

Beraz, irudimen hutsa daukagu giza arimaren oinarrizko ahalmen gisa eta ezagutza ororen oinarrian datza a priori. Bere bitartez, alde batetik, begiespenaren anizkunkia biltzen dugu, eta bestetik, hau apertzepzio hutsaren beharrezko batasunaren baldintzarekin lotzen dugu. Bi muga urrunenek, hots, sentimenak eta adimenak, halabeharrez egon behar dute elkartuak irudimenaren funtzio transzendentalari esker; zeren haiek, bestela, agerpenak emango bailiguzkete, baina ezagutza enpirikoaren ezein objekturik ez, eta beraz, esperientziarik ez. Atzemateaz, (birprodukzioaren) asoziazioaz eta, azkenik, berrezagutzaz osatzen den benetako esperientziak (esperientziaren osagai enpiriko soilen artean) azkena eta gorena den osagai honetan esperientziaren batasun formala, eta honekin batera, ezagutza enpirikoaren baliotasun objektibo (egia) oro ahalbidetzen duten adigaiak barnebiltzen ditu. Anizkunkiaren berrezagutzaren oinarri hauek, oro harrezko esperientzia baten forma soila ukitzen duten heinean, kategoria haiek besterik ez dira. Beraietan oinarritzen da, beraz, irudimenaren sintesiko batasun formal oro, eta honen bitartez, baita bere erabilera enpiriko oro ere (berrezagutzan, birprodukzioan, asoziazioan, atzematean) agerpenetara jaitsi arte, zeren agerpenak osagai haiei esker soilik koka baitaitezke ezagutzan eta gure kontzientzian oro har, eta beraz, gugan.

Geuk ezartzen dugu izadia deitzen diogun agerpenen ordena eta erregulartasuna, eta hauek ezin izango genituzke izadian aurkitu, geuk edo geure gogamenaren izaerak hasiera-hasieratik ez balitu ezarri. Izan ere, izadiaren batasun horrek agerpenen elkarloturaren beharrezko batasuna izan behar du, h. d., a priori ziurra den batasuna. Nola, ordea, bideratu ahal izango genuke batasun sintetiko bat a priori, halako batasunaren oinarri subjektiboak gure gogamenaren ezagutzaren jatorrizko iturburuetan a priori barnebilduta ez baleude eta baldintza subjektibo hauek aldi berean objektiboki baliogarriak ez balira, oro har esperientzian objektu bat ezagutzeko ahalgarritasunaren oinarriak diren heinean?

Adimena hainbat eratan argitu dugu lehenago: ezagutzaren berezkotasunaren bidez (sentimenaren harmenari kontrajarria), pentsatzeko ahalmenaren bidez, baita adigaien ahalmenaren bidez ere, edo gainera judizioen ahalmenaren bidez ere bai, eta argipen hauek argitan ikusiz gero, orduan bakar batean biltzen dira. Orain adimena erregelen ahalmen gisa ezaugarri dezakegu. Ezagugarri hau emankorragoa da eta bere izaerari gehiago hurbiltzen zaio. Sentimenak (agerpenaren) formak ematen dizkigu, adimenak, berriz, erregelak. Adimenak beti jarduten du agerpenak aztertzen, beraietan erregelaren bat aurkitzeko asmoz. Erregelei legeak deitzen zaie objektiboak diren heinean (eta beraz, objektuaren ezagutzari halabeharrez atxikitzen bazaizkio). Esperientziari esker berehala lege asko ikasten baditugu ere, hauek lege gorenen determinazio bereziak besterik ez dira, eta hauen arteko gorenak (beste denak hauen menpean daudela) a priori adimenetik datoz eta ez dira esperientziatik jasotzen, baizik eta agerpenei beren legezkotasuna ematen diete, eta horren bidez, bada, esperientzia beharrezkoa bihurtu behar dute. Adimena, beraz, ez da agerpenen alderaketaren bitartez erregelak sortzeko ahalmen soila, bera izadiari dagokionez lege-emailea da, h. d., adimenik gabe ez legoke izadirik, h. d., ez litzateke emango erregelei darraien agerpenen anizkunkiaren batasun sintetikorik; izan ere, agerpenek ezin dute berez gugandik at gertatu, baizik eta gure sentimenean besterik ez dira existitzen. Sentimena, ordea, esperientziako ezagutzaren objektu gisa, berak barnebil dezakeen guztiarekin batera, apertzepzioaren batasunean baino ez da ahalgarria. Apertzepzioaren batasuna, ordea, esperientzia bateko agerpen ororen beharrezko legezkotasunaren oinarri transzendentala da. Apertzepzioaren batasun hau bera da erregela errepresentazioen anizkunki bati dagokionez (anizkunkia, beraz, errepresentazio bakar batetik abiatuta determinatzeko), eta erregela hauek sortzeko ahalmena adimena da. Agerpen guztiak, beraz, esperientzia ahalgarriak diren aldetik, a priori adimenean dautza, eta agerpenek beren ahalgarritasun formala adimenetik jasotzen dute eta, halaber, begiespen soilak diren aldetik, sentimenean dautza eta formari dagokionez begiespenari esker soilik dira ahalgarriak.

Izadiaren legeen iturburua, eta beraz, izadiaren batasun formalaren iturburua adimena bera dela esateak hain gehiegizkoa, hain zentzugabea dirudien arren, hala eta guztiz ere, halako baieztapena zuzena da, eta objektuekin, hots, esperientziarekin ados dago. Benetan lege enpirikoek ezin dute enpirikoak diren heinean beren jatorria adimen hutsetik eratorri, orobat agerpenen anizkuntasun neurrigabea sentsuzko begiespenaren forma hutsetik abiatuta askiro ezin uler daitekeen bezala. Halere, lege enpiriko denak adimenaren lege hutsen determinazio bereziak besterik ez dira, eta haiek hauen menpean eta hauen normari jarraiki baino ez dira lehen-lehenik ahalgarriak, eta agerpenek legezko forma hartzen dute, agerpen orok bere forma enpirikoaren ezberdintasuna aintzat hartu gabe ere beti sentimenaren forma hutsaren araberakoa izan behar duen bezala.

Adimen hutsa da, beraz, kategorietan agerpen ororen batasun sintetikoaren legea, eta horren bitartez, lehen-lehenik jatorriz esperientzia bere formari dagokionez ahalbidetzen duena. Dedukzio transzendentalean, ordea, adimenak sentimenarekin duen hartueman hau eta adimenak honi esker esperientziaren objektu guztiekin duen hartuemana, eta beraz, bere adigai hutsen baliotasun objektiboa a priori ulergarria bihurtzea eta horren bidez adigai hauen jatorria eta egia finkatzea baino ez genuen egin behar.


Adimenaren adigai hutsen dedukzio honen zuzentasunaren eta ahalbide bakarraren aurkezpen laburra

Gure ezagutzaren autugaia diren objektuak berbaitango gauzak balira, orduan ezingo genuke hauen ezein adigairik eduki a priori. Izan ere, nondik hartu beharko genituzke? Objektutik hartuz gero (hemen, hau nola ezagut dezakegun berriro ere aztertu gabe), orduan gure adigaiak enpirikoak besterik ez lirateke, eta ez apriorizko adigaiak. Gugandik hartzen baditugu, gugan besterik ez dagoenak ezin du determinatu gure errepresentazioetatik ezberdina den objektuaren antolaera, h. d., ezin du oinarritu pentsamenduan daukagunari dagokion gauza bat dagoela, eta ez, aldiz, errepresentazio hori guztia kaskala dela. Alderantziz, gure autugaia agerpenak baino ez baldin badira osotara, ahalgarria ez ezik, era berean beharrezkoa ere bada adigai jakin batzuk a priori objektuen ezagutza enpirikoaren aurretik joatea. Izan ere, agerpenak diren aldetik, objektu bat osatzen dute, gugan besterik ez dagoen objektua, zeren gure sentimenaren modifikazio soila ezin baita gugandik at aurkitu. Agerpen hauek denak, eta beraz, guk landu ahal ditugun objektu denak osotara nigan daudela, h. d., nire nortasun identikoaren determinazioak direla errepresentatzeak determinazioek apertzepzio bat eta berean duten batasuna beharrezkotzat adierazten du. Halere, objektuen ezagutza ororen forma kontzientzia ahalgarriaren batasunaz osatua dago (eta honen bidez, anizkunkia objektu bati balegokio bezala pentsatzen da). Beraz, sentsuzko errepresentazioen (begiespenen) anizkunkia kontzientzia bati egokitzeko era objektuen ezagutza ororen aurretik doa bere forma intelektual gisa eta berak osatzen du oro har a priori objektu ororen ezagutza formala, hauek pentsatuak diren heinean (kategoriak). Ezagutza enpiriko ororen aurretik doaz irudimen hutsaren bidez lortutako objektu hauen sintesia eta errepresentazio ororen batasuna jatorrizko apertzepzioarekin harremanean. Adimenaren adigai hutsak, beraz, honegatik besterik ez dira a priori ahalgarriak eta esperientziarekin harremanean beharrezkoak: gure ezagutzaren autugaia agerpenak baino ez direlako, zeinen ahalgarritasuna gugan datzan, zeinen elkarlotura eta batasuna (objektu baten errepresentazioan) gugan baino ez den aurkitzen, eta beraz, adimenaren adigai huts hauek esperientzia ororen aurretik doaz, eta hau ahalbidetu behar dute lehen-lehenik formari dagokionez. Eta oinarri honetatik, guztien artean ahalgarria den oinarri bakarretik abiatuta bideratu da era berean kategorien dedukzio hau.

Analitika transzendentalaren Bigarren liburu-saila Oinarri-esakuneen Analitika[aldatu]

Logika orokorra ezagutzaren goi-ahalmenen sailkaketarekin zuzenki bat datorren plan baten gainean eraikitzen da. Ahalmen hauek adimena, juzgamena eta arrazoimena dira. Irakaspen hark, beraz, bere Analitikan adigaiez, judizioez eta inferentziez jarduten du, oro har adimenaren izendapen zabalaren barne biltzen diren gogamenaren indar haien funtzioei eta ordenari jarraiki.

Aipatutako Logika formal soilak ezagutzaren eduki oroz abstraitzen duenez (hau hutsa nahiz enpirikoa izanda ere) eta oro har pentsatzearen formaz soilik jarduten duenez gero (ezagutza diskurtsiboaren formaz), orduan berak bere zati analitikoan arrazoimenarentzat kanona ere barnebil dezake, eta bere formak haren arau segurua du, bertan erabilitako ezagutzaren izaera berezia kontsideratu gabe a priori arrazoimenaren ekintzen analisi soilaren bitartez bere uneetan adi daitekeen araua.

Logika transzendentala eduki determinatu batera, hots, apriorizko ezagutza hutsera soilik zedarriztatzen denez gero, orduan ezin zaio Logika orokorrari jarraiki sailkaketa honetan. Izan ere, arrazoimenaren erabilera transzendentala inolaz ere objektiboa ez dela gertatzen da, eta beraz, egiaren Logikari, h. d., Analitikari ez dagokiola, baizik eta, itxuraren Logika denez, irakatsien eraikin eskolastikoaren zati berezi bat eskatzen duela Dialektika transzendentala izenpean.

Adimenak eta juzgamenak, beraz, beren erabilera objektiboki baliodunaren, eta beraz, egiazkoaren kanona dute Logika transzendentalean, eta honen zati analitikoari dagozkio. Arrazoimena, ordea, apriorizko objektuei buruz zerbait erabakitzeko eta ezagutza esperientzia ahalgarriaren mugez goiti hedatzeko bere saialdietan erabat dialektikoa da eta bere itxurazko baieztapenak ez zaizkio inolaz ere egokitzen Analitikak barnebildu beharko lukeen kanon bati.

Oinarri-esakuneen Analitika, beraz, juzgamenarentzako kanona besterik ez da izango, eta honek apriorizko erregelentzako baldintzak diren adimenaren adigaiak agerpenei aplikatzen irakasten du. Hau dela eta, juzgamenaren irakaspenaren izendapena erabiliko dut, adimenaren benetako oinarri-esakuneak autugai gisa hartzen ditudan heinean, eta horrela zeregina zehazkiago ezaugarritzen da.

Sarrera Juzgamen transzendentalaz oro har[aldatu]

Adimena oro har erregelen ahalmen gisa definitzen bada, orduan juzgamena zerbait erregelei menperatzeko ahalmena da, h. d., zerbait erregela jakin baten menpean dagoen ala ez dagoen bereizteko ahalmena (casus datae legis). Logika orokorrak ez du ezein araurik barnebiltzen juzgamenarentzat, eta ezin ditu barnebildu gainera. Izan ere, berak ezagutzaren eduki oroz abstraitzen duenez gero, orduan ezagutzaren forma soila adigaietan, judizioetan eta inferentzietan analitikoki bereiztea eta, horrela, adimenaren erabileraren erregela formalak sortzea baino beste aukerarik ez zaio geratzen. Hark orain zerbait erregela horiei nola menperatzen zaien erakutsiko nahiko balu orokorrean, h. d., ea nola bereiz daitekeen horien menpean dagoen ala ez dagoen, bada, orduan hau ezingo litzateke beste erregela baten arabera baino gertatu. Honek, ordea, erregela den aldetik, berriro ere juzgamenaren heziketa bat eskatzen du, eta horrela erakusten da adimena erregelen bidezko irakaspenaren eta horniketaren gai dela, juzgamena, berriz, talentu berezia dela, irakatsia izan ezin den, baizik eta erabili baino ezin daitekeen talentua. Horregatik, berezko azkartasuna deitzen zaionaren bereizgarria osatzen du eta ezein eskolak ere ezin du osatu bere gabezia; izan ere, honek adimen murriztu bati beste ikuskera batetik hartutako erregelak eman eta, nolabait esateko, txerta diezazkiokeen arren, dena dela, haiek zuzen erabiltzeko ahalmenak ikasleagan bertan egon behar du, eta asmo horrekin ezar dakiokeen edo zein erregela ez dago gaizki-erabilera baten aurka segurtatzerik izadiaren halako dohaiaren gabezia gertatzen denean70. Mediku batek, beraz, epaile batek edo estatu-arazoetan aditua den batek erregela patologiko, juristiko edo politiko ederrak izan ditzakete buruan, beren maisu zehatzak izatera irits daitezkeen mailan gainera, eta, hala ere, beren aplikazioan erraz behaztopatzen dira, edo berezko juzgamenaren gabeziagatik (nahiz eta ez adimenaren gabeziagatik), eta orokorra in abstracto ikus badezake ere bere menpean in concreto ea kasurik dagokion ezin bereizteagatik, edo adibideen eta benetako zereginen bidez judizio hauek egiteko askiro hezitua ez izateagatik. Hau da adibideen onura bakar eta handia: juzgamena zorrozten dutela. Izan ere, ikuskeraren zuzentasunari eta zehaztasunari dagokienez, adibideek arrunki haiei kalte egiten diete gehienbat, zeren gutxitan betetzen baitute erregelaren baldintza modu egokian (casus in terminis gisa), eta gainera adimenak egiten duen ahalegina ahultzen baitute maiz, hots, erregelak orokorrean eta esperientziaren egoera berezitik beregainki beren askitasunaren arabera aditzeko ahalegina, eta beraz, azkenean, erregelak formalak izango balira bezala erabiltzera gehiago ohitzen da oinarri-esakuneak balira bezala erabiltzera baino. Horrela, adibideak juzgamenaren eskorgak dira, juzgamenaren berezko talentuaren falta dutenek saihestu ezin dituzten eskorgak.

Logika orokorrak juzgamenari araurik eman ezin badio ere, Logika transzendentalarekin bestela gertatzen da, eta badirudi honek bere benetako zeregintzat duela juzgamena adimen hutsaren erabileran erregela determinatuen bitartez zuzentzea eta segurtatzea. Izan ere, Filosofia ez da beharrezkoa itxuraz adimenari apriorizko ezagutza hutsaren alorrean hedapena emateko, eta beraz, ez da beharrezkoa irakaspena den aldetik, edo, are gehiago, horretarako desegokia litzateke, zeren orain arteko saialdi guztien bidez berari esker oso lur gutxi edo batere ez baita irabazi, baina guk dauzkagun adimenaren adigai huts gutxien erabileran juzgamenak egiten dituen hanka-sartzeak (lapsus iudicii) saihestearren jotzen da buruargitasun osoa eta etsaminatzeko gaitasuna duen Filosofiara, kritika den aldetik (nahiz eta bere onura negatiboa besterik ez izan).

Filosofia transzendentalak, ordea, bereizgarri hau du: adigai hutsean emandako erregela erakusteaz gain (edo hobeto, erregelentzako baldintza orokorraz gain), aldi berean, a priori erakuts dezakeela hura zein kasutan aplikatu behar den. Puntu honetan beste zientzia irakasgarriei (Matematika salbuetsita) aldea hartzearen zergatikoa honetan datza: beren objektuei a priori lotu behar zaizkien adigaiez ari dela; eta beraz, beren baliotasun objektiboa ezin dela a posteriori erakutsi, izan ere, honek haien duintasuna erabat ukitugabe utziko luke; aitzitik, hark aldi berean baldintzen ezagugarri orokorrak baina gogobetegarriak aurkeztu behar ditu, hauen menpean adigai haiekin adostasunean dauden objektuak eman ahal izateko, zeren, bestela, haiek batere edukirik gabeak, eta beraz, forma logiko soilak bailirateke, ez adimenaren adigai hutsak.

Juzgamenaren irakaspen transzendental honek bi atalburu barnebiltzen ditu: lehenak, adimenaren adigai hutsak erabili ahal izateko sentsuzko baldintzez jarduten du, h. d., adimen hutsaren eskematismoaz; bigarrenak, berriz, a priori halako baldintzapean adimenaren adigai hutsetatik segitzen diren eta gainerako ezagutzen oinarrian dautzan judizio sintetikoez, h. d., adimen hutsaren oinarri-esakuneez.

Juzgamenaren irakaspen transzendentalaren

(edo oinarri-esakuneen Analitikaren)

Lehen atalburua Adimenaren adigai hutsen eskematismoaz[aldatu]

Objektua adigai bati menperatzen zaion kasu guztietan objektu horren errepresentazioak adigaiarekin homogeneoa izan behar du, h. d., adigaiak subsumitu beharreko objektuan errepresentatutakoa barnebildu behar du, izan ere, «objektua adigaiaren baitan barnebiltzen da» adierazpenak hori bera esan nahi du. Beraz, plater baten adigai enpirikoa zirkuluaren adigai geometriko soilarekin homogeneoa da, lehenengoan pentsatutako biribiltasuna bigarrenean begiets daitekeen heinean.

Begiespen enpirikoekin alderatuz (baita oro har sentsuzko begiespenekin ere), adimenaren adigai hutsak heterogeneoak dira erabat, eta inoiz ere ezin dira aurkitu ezein begiespenetan. Nola menpera dakieke, beraz, begiespen hori adigai horiei, eta ondorioz, nola aplika dakieke kategoria agerpenei? Inork ez baitu esango sentsuek kategoria bat begiets dezaketenik, adibidez, kausalitatea, eta kausalitate hori agerpenean barnebilduta dagoenik. Berezko eta garrantzizko galdekizun hori bera da, hortaz, juzgamenaren irakaspen transzendental bat beharrezkoa bihurtzen duen arrazoia, adimenaren adigai hutsak agerpenei oro har aplikatzeko eraren ahalgarritasuna adieraztearren. Objektua pentsatzeko ahalbidea diren adigaiak eta objektu jakin hori emanda datorkigun modua in concreto errepresentatzen duten adigaiak ez hain ezberdinak, ezta hain heterogeneoak ere ez diren beste zientzia guztietan ez dago argiketa berezi baten beharrik, adimenaren adigai hutsak objektuei aplikatzen zaizkielako.

Argi dago batetik kategoriarekin eta bestetik agerpenarekin homogeneoa izango den hirugarren bat beharrezkoa dela, kategoria agerpenei aplikatzea ahalbidetzen duena. Ararteko errepresentazio horrek hutsa izan behar du (ezer enpirikorik ez duena) eta, hala eta guztiz ere, batetik intelektuala eta bestetik sentsuzkoa izan behar du. Halakoa da eskema transzendentala.

Oro harrezko anizkunkiaren batasun sintetiko hutsa barnebiltzen du adimenaren adigaiak. Barneko sentsuaren, eta beraz, errepresentazio guztien elkarloturan anizkunkiari dagokion baldintza formala den heinean, denborak anizkunki bat barnebiltzen du a priori begiespen hutsean. Denboraren determinazio transzendental bat, berriz, kategoriarekin homogeneoa da (beronek determinazio horren batasuna osatzen baitu), orokorra den eta apriorizko arau batean funtsatzen den heinean. Era berean, agerpenarekin homogeneoa ere bada, denbora anizkunkiaren edozein errepresentazio enpirikotan barnebilduta dagoen heinean. Horregatik, kategoria agerpenei aplikatu ahal izango zaie denboraren determinazio transzendentalaren bidez, zeinak, adimenaren adigaien eskema den aldetik, agerpenak kategoriei menperatzea bideratzen baitu.

Kategorien dedukzioan azaldutakoaren ondoren galdekizun honi erantzuteko unean zalantzarik sortuko ez delakoan nago: ea adimenaren adigai huts horiek erabilera enpiriko soila ala erabilera transzendentala izan dezaketen, h. d., ea adigai horiek, esperientzia ahalgarri baten baldintzak diren heinean, agerpenei besterik ez zaizkien lotzen a priori ala, oro harrezko gauzen ahalgarritasunaren baldintzak diren heinean, berbaitango objektuetara heda daitezkeen (gure sentimenera inolaz ere murriztu gabe). Izan ere, aipatutako dedukzio horretan ikusi dugu adigaiak ez direla inolaz ere ahalgarriak eta hauek ezin dutela ezein esanahirik izan, baldin eta adigai horiei edo gutxienez horiek osatzen dituen osagaiei objektu bat zuzenean ematen ez bazaie, eta beraz, ezin dute inolaz ere berbaitango gauzetara jo (alde batera utziz ea gauza horiek guri emanak izan zaizkigun eta nola eman zaizkigun); horrez gain, ikusi dugu objektuak eman dakizkigukeen era bakarra gure sentimenaren modifikazioa dela; ikusi dugu, azkenik, apriorizko adigai hutsek kategorian adimenak betetako funtzioez gain sentimenaren (batez ere, barneko sentsuaren) baldintza formalak barnebildu behar dituztela a priori, kategoria objekturen bati aplikatu ahal izateko baldintza orokorra barnebiltzen duten baldintzak, alegia. Sentimenaren baldintza formal eta huts honetara murrizten da adimenaren adigaiaren erabilera, eta berari adimenaren adigai horren eskema deitu nahi diogu, eta adimenak eskema horiekin duen jardunbideari adimen hutsaren eskematismoa.

Eskema bere baitan beti irudimenaren produktua baino ez da; baina irudimenaren sintesiak begiespen berezi batera ez, baina sentimenaren determinazioaren batasunera jotzen duenez, orduan eskemaren eta irudiaren artean bereizi behar da. Horrela, bost puntu jarraian ezartzen baditut . . . . . bost zenbakiaren irudia sortzen da. Baina, aitzitik, oro harrezko zenbaki bat pentsatu baino ez baldin badut egiten, bost zenbakia edo ehun zenbakia dela ere, orduan pentsatze hori kopuru bat (mila, adibidez) adigai jakin bati jarraiki irudi batean errepresentatzeko metodo baten errepresentazioa da, ez, ordea, irudi hori bera, zeina azken kasu honetan nekez aztertu edo alderatu ahal izango nukeen adigaiarekin. Irudimenak adigai bati berorren irudia eskuratzeko duen jardunbide orokor baten errepresentazio horri adigai horren eskema deitzen diot.

Egitatean, gure sentsuzko adigai hutsen oinarrian ez datza ezein irudirik, eskemak baizik. Oro harrezko hirukiaren adigaiari inoiz ez litzaioke hiruki baten ezein irudirik egokituko. Izan ere, irudiak ez luke adigai hau hiruki guztientzat balioduna izatea eragiten duen adigaien orokortasuna lortuko, bai angelu zuzenarentzat, bai angelu zeiharrarentzat, eta baita beste hirukientzat ere balioduna, baizik eta beti esfera horren zati batera zedarriztatua egongo litzateke. Hirukiaren eskema pentsamenduan soilik existi daiteke, eta irudimenaren sintesirako erregela bat adierazten du espazioan dauden tankera hutsei begira. Are gutxiago iristen da inoiz esperientziaren objektu bat edo bere irudi bat adigai enpirikoa izatera, aitzitik, adigai hori beti lotzen zaio zuzenki irudimenaren eskemari, gure begiespena adigai orokor jakin bati jarraiki determinatzen duen erregela den aldetik. «Txakur» adigaiak erregela bat adierazten du, eta horri jarraiki nire irudimena gai da lauoineko abere baten tankera marrazteko orokorrean, tankera hori esperientziak eskainiko didan banakako tankeraren batera edo in concreto aurkez diezakedan edozein irudira ere zedarriztaturik egon gabe. Agerpenei eta beren forma soilari dagokienez adimenaren eskematismoa giza arimaren sakonean dagoen antze ezkutu bat da, eta bere benetako funtzionamendua nekez ezagutaraziko digu izadiak, bera desestaliz begi-bistan jartzearren. Hau besterik ez da esan dezakeguna: irudia irudimen produktiboaren ahalmen enpirikoaren produktu bat dela, sentsuzko adigaien eskema, ostera, (espazioan dauden figurena bezala) apriorizko irudimen hutsaren produktu eta monograma bat dela, nolabait esateko, eta irudimen honen bidez eta berari jarraiki direla ahalgarriak irudiak lehen-lehenik, baina irudi hauek beraiek izendatzen dituen eskemaren bidez soilik elkarlotu beharko direla adigaiarekin, eta beraz, beren baitan ez dagozkiola guztiz adigaiari. Adimenaren adigai huts baten eskema, aitzitik, ezin da ezein irudi bihurtu, baizik eta sintesi hutsa besterik ez da, kategoriak adierazten duen adigaien batasunaren erregela baten arabera oro har, eta irudimenaren produktu transzendental bat da, hots, haren formaren baldintzei jarraiki (denbora) oro har barneko sentsuaren determinazioarekin zerikusia duen produktua errepresentazio guztiei dagokienez, errepresentazio horiek apertzepzioaren batasunaren arabera adigai batean a priori elkartuta egon behar duten heinean.

Adimenaren adigai hutsen eskema transzendentaletarako eskatzen denaren analisi lehor eta aspergarri batean geratu beharrean, nahiago dugu hau kategorien ordenaren arabera eta beraiekin elkarloturan aurkeztu.

Kanpoko sentsuari dagokionez espazioak handitasun (quanta) guztien irudi hutsa osatzen du; denbora, berriz, sentsuen objektuen irudia da oro har. Handitasunaren (quantitatis) eskema hutsa, berriz, adimenaren adigai gisa ulertuz gero, zenbakia da, Banakoa eta Banakoaren (homogeneoak) hurrenez hurrengo gehitzearen errepresentazioa osatzen duena. Zenbakia, beraz, begiespen homogeneo baten anizkunkiaren sintesiaren batasuna besterik ez da oro har, begiespenaren atzematean neuk denbora bera produzitzeari esker lortutako batasuna, alegia.

Errealitatea adimenaren adigai hutsean oro harrezko sentsazio bati dagokiona da; beraz, bere adigaiak bere baitan izate bat (denboran) iragartzen duen zerbait da; ukapena bere adigaiak ez-izate bat (denboran) errepresentatzen duen zerbait da. Bien arteko kontrajarpena, beraz, denbora beraren barnean duten bereizketan datza, denbora betea edo denbora kaskala den arabera. Denbora, ordea, begiespenaren forma besterik ez denez, eta ondorioz, objektuen forma denez, objektuok agerpenak diren aldetik, bada, orduan objektu horietan sentsazioari dagokiona objektu ororen materia transzendentala da berbaitango gauza gisa (gauzatasuna, errealitatea). Edozein sentsaziok maila edo handitasun bat du, eta honen bitartez denbora bera bete daiteke, h. d., barneko sentsua neurri handi edo txikiagoan bete daiteke objektu baten errepresentazio berari dagokionez, harik eta ezerezera hurbildu arte (=0= negatio). Beraz, hartueman bat eta bilkura bat da edo, hobeto esanda, errealitatetik ukapenerako igarobide bat da, errealitate bakoitza errepresentagarria bihurtzen duena quantum bat den aldetik, eta errealitate baten eskema Zerbaiten kantitate gisa, honek denbora betetzen duen heinean, denboraren barneko errealitate horren produkzio jarraitu eta erregular hori bera da, zeren eta, edo batetik, nolabaiteko maila duen sentsaziotik jaisten baita, harik eta denboran desagertzen den arte, edo bestetik, mailaka gorantz egiten baitu, pixkanaka bere ukapenetik abiatuta berorren handitasuneraino iritsi arte.

Substantziaren eskema errealkiak denboran duen iraunkortasuna da, h. d., errealitate horren errepresentazioa denboraren determinazio enpirikoaren substratu gisa, eta ondorioz, substratu horrek iraun egiten du gainerako guztia aldatzen denean. (Igarotzen dena ez da denbora, iragankorra den guztiaren izatea da denboran igarotzen dena. Denborari, beraz, iragangaitza eta geldikorra izaki, izatean iragangaitza dena dagokio agerpenean, h. d., substantzia, eta bertan baino ezingo ditugu determinatu denborari jarraiki agerpenen segida eta aldiberekotasuna).

Oro harrezko gauza baten kausaren eta kausalitatearen eskema errealkia da, zeinari, hau behin ausaz ezarriz gero, beti beste zerbait jarraiki zaion. Beraz, anizkunkiaren segidaz osatzen da, segida hori erregela bati menperatzen zaion heinean.

Komunitatearen (elkarrekintzaren) edo substantzien elkarrenganako kausalitatearen eskema, substantzien akzidenteei dagokienez, Bataren determinazioek Bestearen determinazioekin erregela orokor baten arabera duten aldiberekotasuna da.

Ahalgarritasunaren eskema zenbait errepresentazioren sintesiaren eta oro har denboraren baldintzen arteko adostasuna da (adibidez, kontrajarria dena gauza berean segidan baino ezin daitekeela izan, eta ez aldi berean); beraz, gauza baten errepresentazioaren determinazioa da denboraren batetan.

Errealitatearen eskema denbora determinatu batean izatea da.

Beharrezkotasunaren eskema objektu bat denbora orotan izatea da.

Honetatik guztitik kategoria bakoitzaren eskemak barnebiltzen duena eta errepresentagarria bihurtzen duena dakusagu: handitasunarenak denbora beraren produkzioa (sintesia) objektu baten hurrenez hurrengo atzematean; kualitatearenak sentsazioaren (hautemapenaren) sintesia berorren errepresentazioarekin edo denboraren beteketa; erlazioarenak hautemapenen elkarlotura denbora orotan (h. d., denboraren determinazioaren erregela bati jarraiki); azkenik, modalitatearenak eta bere kategorienak, denbora bera objektu bat ea denborari badagokion eta nola dagokion zehazten duen korrelatoaren determinazio gisa. Beraz, eskemak denboraren determinazioak besterik ez dira, a priori erregela batzuei jarraiki eginak, kategorien ordenaren arabera denboraren alderdi hauek adierazten dituzten erregelak, alegia: ilara, edukia, ordena, eta azkenik, multzoa, objektu ahalgarri guztiei begira.

Beraz, hemendik abiatuta argitzen da adimenaren eskematismoa irudimenaren sintesi tranzendentalaren bidez barneko sentsuan begiespenaren anizkunki osoaren batasunean biltzen dela, eta horrela, zeharka, apertzepzioaren batasunean ere bai, funtzio gisa barneko sentsuari baitagokio (harmenari). Ondorioz, adimenaren adigai hutsen eskemak adigai horiek objektu bati egokitzea, eta beraz, esanahi bat sortzea ahalbidetzen duten benetako baldintza bakarrak dira, eta beraz, azkenean, kategoriek erabilera enpirikoa besterik ez dute, a priori beharrezkoa den batasun baten bitartez agerpenak sintesiaren erregela orokor batzuei menperatzeko besterik ez baitute balio (kontzientzia guztien beharrezko bateratzea dela eta jatorrizko apertzepzio batean), eta beraz, agerpen horiek esperientzia baten erabateko elkarloturari egokitzeko.

Gure ezagutza guztiak esperientzia ahalgarriaren osokian dautza, eta egia transzendentala, edozein egia enpirikoren aurretik doan eta berau ahalbidetzen duen egia, esperientzia horrekin harreman orokorra izatean datza.

Begi-bistakoa da, ordea, sentimenaren eskemek kategoriak lehen-lehenik egikaritzen dituzten arren, hala eta guztiz ere, beraiek murriztu ere egiten dituztela, h. d., adimenetik kanpo (hots, sentimenean) dautzan baldintza batzuetara zedarriztatzen dituztela. Horregatik, eskema fenomenoa besterik ez da, edo objektu baten sentsuzko adigaia kategoriarekin adostasunean. (Numerus est quantitas phaenomenon, sensatio realitas phaenomenon, constans et perdurabile rerum substantia phaenomenon, aeternitas, necessitas phaenomena, eta abar). Baldintza murrizgarria alde batera uzten badugu, lehen zedarriztatutako adigaia hedatu egiten dugula dirudi; horrela, beraz, kategoriek beren esanahi hutsean, sentimenaren baldintzak alde batera utziz, oro harrezko gauzentzat balio behar dute, gauzok diren gisara; eskemek, aitzitik, gauzak agertzen diren gisara soilik errepresentatzen dituzte, eta beraz, kategoriek askoz ere esanahi zabalagoa dute, edozein eskematatik beregaina den esanahia. Egitatean, sentsuzko baldintza guztiak ezabatu ondoren ere adimenaren adigai hutsek esanahi bat gordetzen dute, errepresentazioen batasunaren esanahi logiko soila besterik ez dena, baina adigai horiei ez objekturik, ezta, beraz, objektuaren adigai bat esleitzeko gai izango den esanahirik ere ezin izango zaie eratxiki. Horrela, adibidez, substantzia adigaitik iraunkortasunaren sentsuzko determinazioa ezabatuko bagenu, orduan adigai horrek subjektu gisa (beste gauza baten predikatu izan gabe) pentsa daitekeen Zerbait besterik ez luke adieraziko. Ezin dut ezer egin errepresentazio honekin, ez baitit erakusten zein determinazio izan beharko lituzkeen halako lehen subjektua izan beharko lukeen gauzak. Beraz, kategoriak eskemarik gabe adigaiei dagozkien adimenaren funtzioak baino ez dira, baina ez dute ezein objekturik errepresentatzen. Esanahi hori sentimenetik datorkie, zeinak adimena egikaritzen duen, aldi berean murrizten duen heinean.

Juzgamenaren irakaspen transzendentalaren

(edo oinarri-esakuneen Analitikaren)

Bigarren atalburua

Adimen hutsaren oinarri-esakune guztien sistema

Aurreko atalburuan, juzgamen transzendentala adimenaren adigai hutsak judizio sintetikoetan erabiltzea baimentzen dioten baldintza orokorren arabera besterik ez dugu aztertu. Orain, gure zeregina adimenak zuhurtasun kritiko honen arabera benetan a priori sortzen dituen judizioak lotura sistematikoan aurkeztea da, eta honetarako gure kategorien taulak eman behar digu ezbairik gabe berezko gidaritza segurua. Zeren hauek baitira, esperientzia ahalgarriarekin harremanean, adimenaren apriorizko ezagutza huts osoa osatzen dutenak, eta beraiek oro har sentimenarekin duten hartuemanak aurkeztuko ditu adimenaren erabileraren oinarri-esakune transzendentalak osoki eta sistema batean.

Apriorizko oinarri-esakuneek beren baitan beste judizioen oinarriak barnebiltzen dituztelako ez ezik, ezagutza garaiago eta orokorragoetan oinarritzen ez direlako ere badute izen hori. Berekitasun honek ez ditu froga batetik askatzen. Izan ere, froga hau objektiboki egin ezin bada ere, baizik, aitzitik, bere objektuaren ezagutza ororen oinarrian badago ere, orduan honek ez du galarazten oro harrezko objektu baten ezagutzaren ahalgarritasunaren iturburu subjektiboetatik abiatutako froga lortzea ahalgarria eta beharrezkoa izatea, zeren, bestela, esakuneak amarruz sartutako baieztapen batek sortzen duen susmo handia erakarriko bailuke.

Bigarrenik, kategoriei lotzen zaizkien oinarri-esakuneetara baino ez gara zedarriztatutako. Gure azterketak markatutako alorrean, beraz, ez dira kokatzen ez estetika transzendentaleko printzipioak, zeinen arabera espazioa eta denbora gauza guztien ahalgarritasunaren baldintzak diren, gauzok agerpenak diren aldetik, ezta ere, halaber, oinarri-esakune hauen murrizketa hau: hauek ezin lotu zaizkiela berbaitango gauzei. Era berean, oinarri-esakune matematikoek ez dute sistema honen zatirik osatzen, zeren hauek begiespenetik abiatuta besterik ez baitira lortu, ez adimenaren adigai hutsetik; hala ere, beren ahalgarritasunak hemen aurkituko du lekua halabeharrez, zeren, nolabait esateko, apriorizko judizio sintetikoak baitira, ez beren zuzentasuna eta ziurtasun apodiktikoa frogatzeko, ez baitute honen beharrik, baizik eta halako ezagutza ebidentearen ahalgarritasuna a priori ulergarria bihurtzeko eta deduzitzeko besterik ez.

Judizio analitikoen oinarri-esakuneez ere hitz egin beharko dugu, eta hau benetan gure jarduna diren sintetikoei kontrajarrita, zeren elkarren aurrean jartze honek azkenen teoria gaizki-ulertze orotatik askatzen baitu, eta haien izaera berezia begi-bistan jartzen baitu nabariki.

Adimen hutsaren oinarri-esakuneen sistemaren

Lehen atala Judizio analitiko guztien oinarri-esakune gorenaz[aldatu]

Gure ezagutzaren edukia dena dela ere eta bera objektuari edozein modutan lotzen zaiola ere, gure oro harrezko judizio guztien baldintza orokorra, negatiboa besterik ez bada ere, hauek beren burua ez kontraesatea da; hau bete ezean, judizio hauek ez dira ezer beren baitan (baita objektua aintzat hartu gabe ere). Dena dela, gure judizioetan kontraesanik ez badago ere, adigaiak objektuak hauek eskatzen ez duten eran lot ditzake, edo guri halako judizioa baimentzen duen ezein oinarririk eman gabe lot ditzake, ez a priori, ezta a posteriori ere, eta horrela, barneko kontraesan orotatik aske izan arren, judizio bat faltsua edo oinarrigabea izan daiteke.

«Ezein gauzari ere ez dagokio bera kontraesaten duen predikatua» esakuneak kontraesanaren esakunea izena du, eta egia ororen irizpide orokor baina negatiboa besterik ez da. Horregatik, Logikari besterik ez dagokio, zeren ezagutzez balio baitu, hauek oro harrezko ezagutzak baino ez diren aldetik, beren edukia aintzat hartu gabe, eta zera dio: kontraesanak ezagutza haiek osorik deuseztatzen eta ezeztatzen dituela.

Hala ere, hau era positiboan erabil daiteke, h. d., faltsutasuna eta errakuntza (hau kontraesanean funtsatzen den heinean) baztertzeko ez ezik, egia berrezagutzeko ere bai. Izan ere, judizioa analitikoa bada, orduan baieztailea edo ezeztailea izan daiteke, eta ondorioz, bere egia beti askiro berrezagut daiteke kontraesanaren esakuneari jarraiki. Izan ere, objektuaren ezagutzan jadanik adigai gisa datzanaren eta bertan pentsatzen denaren aurkakoa ukatzea beti zuzena da, adigaia bera, ordea, halabeharrez baieztatu behar dugu, zeren bere aurkakoak objektua kontraesango bailuke.

Horregatik, guk ere kontraesanaren esakunea ezagutza analitiko ororen printzipio orokorki eta osoki gogobetegarri gisa onartu behar dugu; baina bere aginpidea eta erabilgarritasuna ez dira iristen egiaren irizpide gogobetegarria izatera baina haruntzago. Izan ere, ezein ezagutzak ere norbere burua deuseztatu gabe berari aurka ezin egiteak esakunea gure ezagutzaren egiaren conditio sine qua non bihurtzen du, baina ez bere determinazioaren oinarria. Gure autugaia benetan gure ezagutzaren zati sintetikoa baino ez denez gero, orduan beti arretatsu jokatuko dugu inoiz oinarri-esakune ukaezin honen aurka ez jokatzearren, baina inoiz ezingo dugu itxaron azalpenik halako ezagueraren egiari dagokionez.

Hala ere, badago sonatua baina eduki orotatik askea eta formala besterik ez den oinarri-esakune honen beste formulaketa bat, zuhurtzia ezagatik eta beharrezkoa ez den era batean bertan sartu den sintesi bat barnebiltzen duen formulaketa. Honela dio: «ezinezkoa da zerbait aldi berean izatea eta ez izatea». Hemen, esakuneari bertatik abiatuta berez ulertu behar den ziurtasun apodiktikoa beharrezkoa ez den eran gehitzeaz gain («ezinezkoa» hitzaren bitartez) esakunea denboraren baldintzak afektatzen du, eta hau esatera dator: = B den = A gauza batek ezin du aldi berean ez-B izan; baina biak, B eta ez-B, bata bestearen ondoren izan daitezke. Adibidez, gaztea den gizakia ezin da aldi berean zaharra izan, baina gizaki bera denbora batean gaztea izan daiteke eta beste batean ez, h. d., beste denbora batean zaharra izan daiteke. Halere, kontraesanaren esakuneak, logikoa besterik ez den oinarri-esakunea den aldetik, ez ditu bere adierazpenak denboran dauden hartuemanetara zedarriztatu behar eta horregatik halako formulaketa oinarri-esakunearen asmoaren aurkakoa da. Gaizki-ulertzea hemendik baino ez dator, alegia, gauza baten predikatua lehendabizi bere adigaitik baztertzen dela eta ondoren bere aurkakoa predikatu honi lotzen zaiola, zeinak ez duen kontraesanik sortzen subjektuari dagokionez, baizik eta harekin sintetikoki lotua izan den predikatuari dagokionez besterik ez, eta gainera, lehen eta bigarren predikatuak denbora berean ezartzen baldin badira besterik ez. «Ezikasia den gizakia ez da ikasia» badiot, orduan «aldi berean» baldintzak bertan izan behar du; izan ere, denbora batean ezikasia dena, beste batean ikasia izan daiteke. Baina «ezikasia den ezein gizaki ez da ikasia» badiot, orduan esakunea analitikoa da, zeren (ezikasitasunaren) ezaugarria subjektuaren adigaiaren osagarria baita, eta honenbestez, esakune ezeztailea kontraesanaren esakunetik abiatuta zuzenki argitzen da «aldi berean» baldintza gaineratzea beharrezkoa izan gabe. Hau da, izan ere, lehenago esakunearen formulaketa aldatu izatearen arrazoia, horren bidez esakune analitiko baten izaera nabariki adieraztearren.

Adimen hutsaren oinarri-esakuneen sistemaren Bigarren atala Judizio sintetiko guztien oinarri-esakune gorenaz[aldatu]

Judizio sintetikoen ahalgarritasunaren argipenari dagokion zereginean Logika orokorrak ez du zeresanik, beren izena ezagutzerik ere ez du behar. Bera, ordea, Logika transzendentalak dituen zereginen artean garrantzitsuena da, baita bakarra ere, solasgaia apriorizko judizio sintetikoen ahalgarritasuna eta era berean beren baliotasunaren baldintza eta hedapena baldin bada. Izan ere, hau osatu ondoren gogobete ahal izango du konplituki bere helburua, hots, adimen hutsaren hedapena eta mugak determinatzea.

Judizio analitikoan emana zaidan adigaian geratzen naiz, honetaz zerbait erabakitzeko. Baieztailea bada, orduan adigai horri jadanik bertan pentsatutakoa eransten diot; ezeztailea bada, orduan bertatik bere aurkakoa baino ez dut baztertzen. Judizio sintetikoan, berriz, emana zaidan adigaitik abiatu behar dut, bertan pentsatua zenaz erabat ezberdina dena berekin hartuemanean kontsideratzeko, eta hartueman hau inoiz ez da ez identitatezkoa, ezta kontraesanezkoa ere, eta bertan ezin da ez judizioaren egia, ezta errakuntza ere ikusi.

Adigai jakin bat beste batekin sintetikoki alderatzearren bertatik irten behar dela onartuz gero, orduan hirugarren bat behar da, bertan bi adigaien sintesia gerta dadin. Zer da, orduan, hirugarren hau, judizio sintetiko ororen ararteko gisa? Gure errepresentazio guztiak barnebiltzen dituen multzo bat besterik ez da, hots, barneko sentsua eta bere apriorizko forma, denbora. Errepresentazioen sintesia irudimenean funtsatzen da, bere batasun sintetikoa (judizioetarako beharrezkoa dena), berriz, apertzepzioaren batasunean. Beraz, barneko sentsuan, irudimenean eta apertzepzioan bilatu behar da judizio sintetikoen ahalgarritasuna, baita judizio sintetiko hutsen ahalgarritasuna ere, hirurek a priori errepresentazioen iturburuak barnebiltzen baitituzte, eta gainera horrexegatik izango dira beharrezkoak, baldin eta errepresentazioen sintesian soilik funtsatzen den objektuen ezagutza bideratu behar bada.

Ezagutza batek errealitate objektiboa izan behar badu, h. d., objektu bati lotu behar bazaio eta bertan esanahia eta zentzua izan behar badu, orduan objektua eman behar zaigu nolabait. Hau gertatu ezean, adigaiak kaskalak dira, eta beraiei esker pentsatu egiten da, baina, egitatean, pentsatze horren bitartez ez da ezer ezagutzen, baizik eta errepresentazioekin jolastu besterik ez da egiten. Objektu bat emana izatea, honek zuzenki begiespenean aurkeztea esan nahi badu eta ez berriro zeharbidez soilik aurkeztea, ez da bere errepresentazioa esperientziari lotzea baino (esperientzia hau erreala edo ahalgarria dela ere). Espazioa eta denbora beraiek ere, enpirikoa den orotatik hain garbi dauden arren, eta a priori gogamenean errepresentatzen direla hain ziurra izan arren, baliotasun objektiborik gabekoak eta zentzurik eta esanahirik gabekoak lirateke, baldin eta esperientziako objektuetan duten beharrezko erabilera ez balitzateke erakutsiko, eta areago, beren errepresentazioa beti irudimen birproduktiboari lotzen zaion eskema soila da, zeinak esperientziaren objektuak biltzen dituen, hauen gabezian adigai haiek ez bailukete esanahirik izango; eta horrela gertatzen da adigai ororekin, direnak direla ere.

Esperientziaren ahalgarritasuna, beraz, gure ezagutza orori apriorizko errealitate objektiboa ematen diona da. Esperientzia, ordea, agerpenen batasun sintetikoan funtsatzen da, h. d., oro har agerpenen objektuen adigaiei jarraiki egindako sintesian, eta honen gabezian ez litzateke ezagutza izango, baizik hautemapenen rapsodia soila, osorik elkarlotutako kontzientzia (ahalgarri) baten erregelei jarraiki ezein testuingurutan kokatuko ez liratekeen, eta beraz, apertzepzioaren batasun transzendentalari eta beharrezkoari ere egokituko ez litzaizkiokeen hautemapenen rapsodia. Esperientziak, beraz, bere formaren printzipioak ditu oinarrian a priori, hots, batasunaren erregela orokorrak agerpenen sintesian, zeinen errealitate objektiboa, baldintza orokor gisa, beti esperientzian erakuts daitekeen, baita bere ahalgarritasunean ere. Hala ere, apriorizko esakune sintetikoak ezinezkoak dira harreman honetatik at, zeren ez baitute hirugarren bat, hots, ez baitute objekturik, bertan bere adigaien batasun sintetikoak errealitate objektiboa erakutsi ahal izan dezan.

Horregatik, oro harrezko espazioaz edo irudimen produktiboak bertan marrazten dituen tankerez a priori judizio sintetikoan hainbeste ezagutzen badugu ere, horretarako benetan esperientziaren beharrik izan gabe, bada, dena dela, ezagutza hau ez litzateke ezer izango, ameskeria batez jardutea besterik ez, baldin eta espazioa kanpoko esperientziaren ekaia osatzen duten agerpenen baldintzatzat hartuko ez balitz. Horregatik, judizio sintetiko huts haiek, zeharbidez bada ere, esperientzia ahalgarriari edo, are gehiago, esperientzia beraren ahalgarritasunari lotzen zaizkio, eta honen gainean baino ez dute oinarritzen beren sintesiaren baliotasun objektiboa.

Esperientzia, sintesi enpiriko gisa, ahalgarria den heinean beste sintesi guztiei errealitatea ematen dien ezaguera bakarra denez gero, orduan sintesi hau, apriorizko ezagutza gisa, esperientziaren batasun sintetikorako beharrezkoa dena baino gehiago ez barnebiltzearen bidez besterik ez da egiazkoa (bat dator objektuarekin).

Judizio sintetiko ororen printzipio gorena, beraz, hau da: halako objektu bakoitza begiespenaren anizkunkiaren batasun sintetikoaren beharrezko baldintzapean dagoela esperientzia ahalgarri batean.

Honela, apriorizko judizio sintetikoak ahalgarriak dira, apriorizko begiespenaren baldintza formalak, irudimenaren sintesia eta bere beharrezko batasuna apertzepzio transzendental batean esperientzia-ezagutza ahalgarri bati lotzen zaizkionean eta zera diogunean: oro harrezko esperientziaren ahalgarritasun-baldintzak aldi berean esperientziaren objektuen ahalgarritasun-baldintzak dira, eta horregatik dute baliotasun objektiboa apriorizko judizio sintetiko batean.

Adimen hutsaren oinarri-esakuneen sistemaren Hirugarren atala Adimenaren oinarri-esakune sintetiko guztien aurkezpen sistematikoa[aldatu]

Nonbait oro har oinarri-esakuneak egotea adimen hutsari esker baino ez da gertatzen, zeina gertatzen denari begira erregelen ahalmena ez ezik, oinarri-esakuneen iturburua ere baden, eta hauen arabera dena (objektu gisa soilik agertu ahal zaiguna) halabeharrez erregelen menpean dago, zeren hauen gabezian agerpenei inoiz ez bailitzaieke erantsiko beraiei dagokien objektuaren ezagutzarik. Izadiaren legeek berek, adimenaren erabilera enpirikoaren oinarri-esakune gisa kontsideratzen direnean, aldi berean beharrezkotasunaren adierazpen bat dakarte aldean, eta beraz, a priori eta esperientzia ororen aurretik balio duten oinarrietatik datorren determinazioaren susmoa ere bai. Baina izadiaren lege guztiak daude adimenaren oinarri-esakune garaiagoen menpean, lehenengoek bigarrenak agerpenaren kasu berezietan aplikatu besterik egiten ez dituzten heinean. Oinarri-esakune hauek baino ez dute ematen, beraz, erregela baterako baldintza eta, nolabait esateko, esponentea barnebiltzen duen adigaia; esperientziak, aitzitik, erregelen menpean dagoen kasua ematen du.

Ez dago benetan oinarri-esakune enpiriko soilak adimen hutsaren oinarri-esakunetzat hartzeko edo alderantzizkoa gertatzeko arriskurik; izan ere, azkenak ezaugarritzen dituen adigaien araberako beharrezkotasunak aise saihesten du nahasketa hau, eta, aitzitik, beharrezkotasunaren gabezia edozein esakune enpirikotan hautematen da, honek nahi duen bezain orokorki balio badu ere. Badaude, ordea, bereziki adimen hutsari egotzi nahiko ez nizkiokeen apriorizko oinarri-esakuneak, hauek adigai hutsetatik ez, baina begiespen hutsetatik atera baitira (adimenaren bitartez izan bada ere); adimena, ordea, adigaien ahalmena da. Matematikak ditu halako oinarri-esakuneak, baina beren aplikazioa esperientziari beti ere adimen hutsean funtsatzen da, eta beraz, beren baliotasun objektiboa eta apriorizko ezagutza sintetikoaren ahalgarritasuna ere bai (beren dedukzioa).

Horregatik, nire oinarri-esakuneen artean ez ditut Matema- tikarenak jasoko, baina bai hauen ahalgarritasuna eta baliotasun objektiboa a priori oinarritzen dutenak, eta beraz, oinarri-esakune hauen printzipiotzat hartu behar direnak eta adigaietatik begiespenera doazenak, ez begiespenetik adigaietara.

Esperientzia ahalgarrian gertatzen den adimenaren adigai hutsen aplikazioan adigaion sintesiaren erabilera edo matematikoa edo dinamikoa da; izan ere, aldez, agerpen baten begiespenera jotzen du oro har, aldez, bere izatera. Begiespenaren apriorizko baldintzak, ordea, beharrezkoak dira esperientzia ahalgarriari begira, baina begiespen enpiriko ahalgarri baten objektuaren izatearenak bere baitan beharbadakoak baino ez dira. Horregatik, erabilera matematikoaren oinarri-esakuneak baldintzagabeki beharrezkoak izango dira, h. d., apodiktikoak; erabilera dinamikoa dutenek, berriz, apriorizko beharrezkotasunaren izaera dakarte aldean, nahiz esperientzia bateko pentsatze enpirikoaren baldintzapean soilik izan, eta beraz, zeharbidez eta arartebidez besterik ez, eta ondorioz, ez dute barnebiltzen aurrekoei berez dagokien ebidentzia zuzen hura (nahiz eta esperientziari orokorki lotzen zaion ziurtasuna ez den kaltetzen). Baina hau oinarri-esakuneen sistema honen amaieran hobeto juzgatu ahal izango da.

Kategorien taulak oinarri-esakuneen taularen berezko jarraibidea eskuratzen digu, oinarri-esakuneak ez baitira kategorien erabilera objektiboaren erregelak baino. Ondorioz, adimen hutsaren oinarri-esakune guztiak hauek dira:

1.

Axiomak

begiespenarenak


                           2.                                                       3.

                 Aitzinapenak                                    Analogiak

            hautemapenarenak                           esperientziarenak


4.

Postulatuak

pentsatze enpirikoarenak

oro har

Izendapen hauek arretaz aukeratu ditut, oinarri-esakune hauen ebidentziari eta aplikazioari dagozkien bereizketak oharkabe ez uztearren. Halere, berehala argituko da kantitatearen eta kualitatearen kategorien araberako (bi hauen forma besterik ez badugu kontsideratzen) ebidentziari zein agerpenen apriorizko determinazioari dagokienez hauen oinarri-esakuneak beste bienetatik aipagarriki bereizten direla, guztiak osotara ziurtasun osoaren gai badira ere, lehenengoek ziurtasun intuitiboa duten heinean, bigarrenek, berriz, diskurtsiboa besterik ez duten bitartean. Beraz, haiei oinarri-esakune matematikoak eta hauei dinamikoak deituko diet71. Hemen oharrarazi behar da ez ditudala begi-aurrean kasu batean Matematikaren oinarri-esakuneak, ezta bestean Dinamika (fisiko) orokorraren oinarri-esakuneak ere, baizik adimen hutsarenak besterik ez barneko sentsuarekin hartuemanean (bertan emanak diren errepresentazioen bereizketarik gabe). Hauen bitartez jasotzen dute haiek, izan ere, osotara beren ahalgarritasuna. Nik, beraz, gehiago izendatu ditut beren aplikazioari begira edukiari begira baino, eta beraiek kontsideratzera nator orain taulan aurkeztuak izan diren ordena berean.

1

Begiespenaren axiomak

Hauen printzipioa honako hau da: begiespen oro handitasun

hedatua da72.

Froga

Agerpen orok bere formaren arabera begiespen bat barnebiltzen du espazioan eta denboran, a priori beren oinarrian datzan begiespena. Beraz, agerpenak ezin dira atzeman, h. d., kontzientzia enpirikoan jaso, anizkunkiaren sintesiaren bitartez izan ezik, zeinaren bidez espazio eta denbora determinatu baten errepresentazioak sortzen diren, h. d., homogeneoa denaren elkarketaren eta anizkunki (homogeneo) honen batasun sintetikoaren kontzientziaren bidez. Baina oro har begiespenean homogeneoki anizkuna denaren kontzientzia handitasun (quantum) baten adigaia da, honen bidez objektu baten errepresentazioa lehen-lehenik ahalbidetzen den heinean. Beraz, objektu baten hautemapena bera, agerpen gisa, sentsuzko begiespen jakinaren anizkunkiaren batasun sintetikoaren bitartez baino ez da ahalgarria, eta honen bitartez homogeneoki anizkuna denaren elkarketaren batasuna pentsatzen da handitasun baten adigaian; h. d., agerpen denak handitasunak dira osotara, eta gainera, handitasun hedatuak, zeren espazioan eta denboran gertatzen diren begiespenak diren aldetik espazioa eta denbora determinatzen duten sintesi berberaren bidez errepresentatuak izan behar baitira73.

Hedatua deitzen diot handitasunari bere zatiaren errepresentazioak osokiarena ahalbidetzen duenean (eta beraz, halabeharrez honen aurretik joan behar duenean). Ezin dut ezein lerrorik errepresentatu, nahi den bezain txikia dela ere, lerroa pentsamenduan marraztu ezean, h. d., puntu batetik aurrera zati guztiak pixkanaka sortu, eta horrela, lehen-lehenik begiespen hori marraztu ezean. Eta gauza bera gertatzen da denborarekin, nahi den bezain laburra dela ere. Bertan, une batetik bestera doan aurrerabide jarraitua pentsatzen dut, non denbora-zati denak sortzen diren, eta hauen gehiketaren bitartez, azkenik, denboraren handitasun bat ere bai. Agerpen orotan begiespen soila edo espazioa edo denbora denez gero, orduan agerpen oro, begiespen gisa, handitasun hedatua da, hurrenez hurrengo sintesiaren bidez soilik atzematean ezagut daitekeen heinean (zati batetik bestera doan sintesiaren bitartez, alegia). Ondorioz, agerpen denak agregatuak balitz bezala begiesten dira (aurretik emanak diren zatien kopurua bezala), baina hau ez da gertatzen edozein handitasun-erarekin, baizik guk hedatuak bezala errepresentatzen eta atzematen ditugunekin besterik ez.

Irudimen produktiboaren hurrenez hurrengo sintesi honetan oinarritzen da, tankeren sorketa dela eta, hedaduraren Matematika (Geometria) bere axiomekin, a priori sentsuzko begiespenaren baldintzak adierazten dituzten axiomekin, alegia, eta hauen menpean baino ezin daiteke sortu kanpoko agerpenen baten adigai hutsaren eskema; adibidez, «bi punturen artean lerro zuzen bakarra da ahalgarria»; «bi lerro zuzenek ezin dute espazio bat osatu», eta abar. Axioma hauek egiatan handitasunei (quanta) handitasun gisa soilik dagozkie.

Hala ere, handitasunari dagokionez (quantitas), h. d., gauza bat zein neurritakoa den galdekizunari emandako erantzunari dagokionez, esakune hauetako zenbait sintetikoak eta zuzenki ziurrak (indemostrabilia) badira ere, hauek ez dituzte axiomarik benetako adieran. Izan ere, «handitasun berberari handitasun berbera gehitzean, edo kentzean, handitasun berbera lortzen dela» esakune analitikoak dira, handitasun baten eta bestearen sorketaren arteko identitateaz zuzenki kontziente naizen heinean; axiomak, ordea, apriorizko esakune sintetikoak izan beharko lukete. Aitzitik, zenbakien hartuemanen esakune ebidenteak sintetikoak dira, baina ez orokorrak, Geometriako esakuneen gisara, eta arrazoi beragatik axiomak ere ez dira, baizik eta zenbakien formulak dei dakieke. 7+5=12 izatea ez da esakune analitikoa. Izan ere, nik ez dut 12 zenbakia pentsatzen, ez 7aren errepresentazioan, ezta 5arenean ere, ezta bien elkarketarenean ere (bien batuketan pentsatu behar dudala ez da solasgaia orain; izan ere, esakune analitikoetan kontua zera da: ea nik predikatua subjektuaren errepresentazioan pentsatzen dudan). Hala ere, sintetikoa izan arren, esakune singularra da. Hemen (banakoetan) homogeneoa denaren sintesia besterik kontsideratzen ez den heinean, sintesia era bakarrean gerta daiteke, nahiz eta ondoren zenbakien erabilera orokorra izan. «Hiru lerroren bidez, bi batera hartuta hirugarrena baino luzeago izaki, hiruki bat marraz daiteke» badiot, orduan nik hemen irudimen produktiboaren funtzioa baino ez dut, hots, lerroak luzeago edo laburrago marraz ditzakeen eta, halaber, edozein angeluren arabera bil ditzakeen irudimenaren funtzioa. Aitzitik, 7 zenbakia era bakarrean da ahalgarria, baita 12 zenbakia ere, zeina lehena sarekin sintesian lotuz sortzen den. Halako esakuneak, beraz, ez dira axiomak (bada, hortaz, amaigabeak lirateke), baizik eta zenbaki-formulak deitu behar zaie.

Agerpenen Matematikaren oinarri-esakune transzendental honek hedapen handia ematen dio gure apriorizko ezagutzari. Izan ere, bera baino ez da Matematika hutsa bere zehaztasun osoan esperientziako objektuei aplikagarria bihurtzen duena, eta hori ez litzateke berenez argituko oinarri-esakune hau izan gabe, eta gainera, honek zenbait kontraesan sortu ditu. Agerpenak ez dira berbaitango gauzak. Begiespen enpirikoa (espazioaren eta denboraren) begiespen hutsari esker soilik da ahalgarria; Geometriak hauetaz dioenak, beraz, besteentzat ere balio du aurkako hitzik gabe, eta baztertu egin behar dira sentsuen objektuak espazioan eraikitzeko erregelen araberakoak (adibidez, lerro edo angeluen zatigarritasun amaigabea) ezin daitezkeela izan dioten aitzakiak. Izan ere, horren bitartez espazioari eta honekin batera Matematika osoari baliotasun objektiboa ukatzen zaio, eta ondorioz, ezin da jakin ea zergatik eta noraino aplika dakiokeen bera agerpenei. Espazioen eta denboren sintesia da, begiespen ororen funtsezko forma denez, aldi berean agerpenaren atzematea, eta beraz, kanpoko esperientzia denak ahalbidetzen dituena, eta ondorioz, baita objektuen ezagutza oro ere, eta Matematikak bere erabilera hutsean haietaz frogatzen duenak hauentzat ere balio du halabeharrez. Aurkako objekzio guztiak okerki irakatsia izan den arrazoimen baten trabak dira, era faltsuan sentsuen objektuak gure sentimenaren baldintza formaletik askatzen saiatzen den arrazoimenaren trabak, eta arrazoimenak objektu hauek adimenari emanak zaizkion berbaitango objektu gisa errepresentatzen ditu, agerpenak besterik ez diren arren; kasu honetan ezingo genuke, noski, beraiez ezer jakin a priori eta sintetikoki, ezta espazioaren adigai hutsei esker ere, eta adigai hauek determinatzen dituen zientzia bera, hots, Geometria, ezinezkoa bihurtuko litzateke.

2

Hautemapenaren aitzinapenak

Hauen printzipioa honako hau da: agerpen orotan sentsazioaren

objektua den errealkiak handitasun intentsiboa du, h. d., maila bat du74.

Froga

Hautemapena kontzientzia enpirikoa da, h. d., aldi berean sentsazioa den kontzientzia. Agerpenak, hautemapenaren objektuak diren heinean, ez dira begiespen hutsak (formalak besterik ez), espazioa eta denbora diren legez (izan ere, hauek ezin ditugu beren baitan inolaz ere hauteman). Agerpenek, beraz, begiespenaz gain oro harrezko objekturen baterako materia barnebiltzen dute (espazioan edo denboran existitzen den zerbait errepresentatzeko erabiltzen den materia), h. d., sentsazioaren errealkia errepresentazio subjektibo soil gisa, eta berak soilik eragiten du geu afektatua izateaz eta errepresentazio subjektiboa oro harrezko objektu bati lotzeaz kontziente bihurtzea. Hala ere, kontzientzia enpirikotik hutsera doan aldaketa mailakatua gerta daiteke, eta bertan bere errealkia erabat desagertzen da, eta espazioan eta denboran ematen den anizkunkiaren (apriorizko) kontzientzia formal soila geratzen da; beraz, sentsazio baten handitasunaren sorketaren sintesia ere ahalgarria da bere hasieratik abiatuta, begiespen hutsetik = 0 abiatuta, bere hautazko handitasun bateraino. Sentsazioa bere baitan ezein errepresentazio objektiborik ez denez, eta bertan ez espazioaren begiespena, ezta denborarena ere aurkituko ez direnez gero, bada, hemen berari handitasun hedatua ez bada ere, handitasun bat badagokio (eta gainera bere atzematearen bidez, non kontzientzia enpirikoa hutsetik = 0 izari jakin bateraino haz daitekeen), beraz, handitasun intentsiboa, eta honi jarraiki hautemapenaren objektu denei, hautemapenak sentsazioa barnebiltzen duen heinean, handitasun intentsiboa egotzi behar zaie, h. d., sentsuaren gain duten eraginaren maila75.

Ezagutza enpirikoari dagokiona a priori ezagutzea eta determinatzea ahalbidetzen duen ezagutza orori aitzinapen dei dakioke, eta Epikurok «pr`o lhyis» bere adierazpena esanahi honetan erabiltzen zuen ezbairik gabe. Halere, agerpenetan inoiz a priori ezagutu ez den zerbait, eta beraz, ezagutza enpirikoaren eta apriorizkoaren arteko benetako bereizketa osatzen duen zerbait dagoenez gero, hots, sentsazioa dagoenez gero (hautemapenaren materia gisa), orduan hau benetan aitzinatu ezin daitekeen zerbait dela ondorioztatzen da. Aitzitik, espazioan eta denboran emanak diren determinazio hutsei, tankerari eta handitasunari dagokienez, agerpenen aitzinapenak deitu ahal izan diegu, zeren hauek a priori errepresentatzen baitute beti a posteriori esperientzian eman daitekeena. Baldin eta sentsazio bakoitzean, oro har sentsazioa den aldetik (sentsazio berezi bat eman gabe ere), zerbait a priori ezagutu baldin badaiteke, orduan honek ezohiko adieran mereziko luke aitzinapen izena, zeren bitxia baitirudi esperientziari bere materiarekin zerikusia duen hortan aurrea hartzea, hau bertatik baino sortu ezin daitekeenean. Eta hemen horrela gertatzen da benetan.

Sentsazioaren bidez soilik egindako atzemateak une bat besterik ez du betetzen (hots, sentsazio askoren segida aintzat hartzen ez badut). Agerpenean dagoen zerbait denez, hots, bere atzemateak zatietatik abiatuta errepresentazio osora doan hurrenez hurrengo sintesirik ez duen zerbait denez, orduan ez du handitasun hedaturik; aipatu den uneko sentsazioaren gabeziak une hau kaskala balitz bezala errepresentatuko luke, eta beraz, = 0. Baina begiespen enpirikoan sentsazioari dagokiona errealitatea da (realitas phaenomenon); bere gabeziari dagokiona ukapena = 0. Hala ere, sentsazio bakoitzak murrizketa jasan dezake, eta ondorioz, gutxi daiteke eta pixkanaka desager daiteke. Agerpeneko errealitatearen eta ukapenaren artean, beraz, tarteko sentsazio gertagarri askoren bilkura jarraitua dago, eta hauen arteko tartea beti emandako sentsazio jakina eta hutsa edo ukapen osoaren artekoa baino txikiagoa da. Hau da: errealkiak agerpenean beti du handitasun bat, atzematean aurkitzen ez den handitasuna, ordea, hau sentsazio soilaren bitartez une batean eta ez sentsazio askoren hurrenez hurrengo sintesiaren bitartez gertatzen den heinean, eta beraz, zatietatik osokira ez doan heinean; beraz, errealkiak benetan badu handitasun bat, baina hau ez da hedatua.

Batasun gisa soilik atzematen den eta bertan askotasuna ukapenari = 0 hurbiltzearen bidez soilik errepresenta daitekeen handitasunari handitasun intentsiboa deitzen diot. Beraz, agerpenean errealitate orok handitasun intentsiboa du, h. d., maila bat du. Errealitate hau kausa gisa kontsideratzen bada (sentsazioarena edo beste errealitate batena agerpenean, adibidez, aldaketa baten kausa), orduan errealitatearen mailari, kausa den heinean, momentua deitzen zaio, adibidez, pisuaren momentua, hain zuzen, mailak bere atzematean hurrenez hurrengoa ez, baina unekoa den handitasuna adierazten duelako. Gai hau, ordea, hemen behin behineko eran ukitzen dut, izan ere, kausalitatea ez da gure autugaia oraindik.

Horrela, beraz, sentsazio orok, eta beraz, agerpeneko errealitate orok, nahi den bezain txikia dela ere, maila bat du, h. d., handitasun intentsiboa, beti ere gehiago murritz daitekeena, eta errealitatearen eta ukapenaren artean errealitate ahalgarrien eta txikiagoak diren hautemapen ahalgarrien bilkura jarraitua dago. Kolore bakoitzak, gorriak, adibidez, maila bat du, nahi den bezain txikia dela ere, inoiz txikiena ez den maila, eta gauza bera gertatzen da eskuarki beroarekin, pisuaren momentuarekin, eta abarrekin.

Zati txikienik (bakunik) ez izatearen handitasunaren berekitasunari jarraitasuna deritzaio. Espazioa eta denbora quanta jarraiak dira, ezin baita eman muga batzuen barnean kokatzen ez den, eta ondorioz, era berean espazio edo denbora bat osatzen ez duen beren zatirik (puntuak eta aldiuneak). Puntuak eta aldiuneak mugak besterik ez dira, h. d., espazioaren eta denboraren zedarriztapenaren kokaguneak; baina kokaguneek zedarriztatu edo determinatu behar diren begiespenak aurresuposatzen dituzte beti: ezingo genuke espaziorik edo denborarik eratu aldez aurretik eman ahal litezkeen kokaguneetatik edo osagaietatik abiatuz gero. Halako handitasunei jariakorrak dei dakizkieke, zeren (irudimen produktiboaren) sintesia beren sorketan denboran burutzen den aurrerabidea baita, zeinaren jarraitasuna bereziki jariatzearen adierazpenaren bidez izendatzen ohi den.

Oro harrezko agerpen oro, beraz, handitasun jarraitua da, bai bere begiespenari dagokionez, handitasun hedatua den heinean, baita bere hautemapenari (sentsazioari, eta beraz, errealitateari) dagokionez ere, handitasun intentsiboa den heinean. Agerpenaren anizkunkiaren sintesia mozten bada, orduan hau agerpen askoren agregatu bat da, eta ez da benetan agerpena quantum gisa, zeina modu jakin bateko sintesi produktiboaren jarraipen soilaren bidez ez, baizik beti ere gelditzen doan sintesiaren errepikapenaren bidez sortzen den. 13 talerori diru-quantum deitzen badiot, orduan zuzenki izendatzen dut horrela, baldin eta zilar fineko marko baten edukia ulertzen badut honetaz; hau, ordea, handitasun jarraitua da eta bertan zati txikienik ez dago, baizik zati bakoitzak beti txikiagoentzat materia barnebiltzen duen diru bat osa lezake. Nik, ordea, izendapen horretaz 13 talero biribil ulertzen baditut, beraz, hainbeste diru (bere zilarrezko edukia edozein izanda ere), orduan okerki izendatzen dut taleroen quantum gisa, baizik eta agregatu deitu behar diot, h. d., diruen kopurua. Guztiarekin ere, zenbaki ororen oinarrian batasunak egon behar duenez gero, orduan agerpena quantum bat da, batasun bat den heinean, eta quantum bat den heinean, beti da jarraitua.

Agerpen oro hedakorki zein intentsiboki hartuta handitasun jarraitua bada, «aldaketa oro (gauza baten igarobidea egoera batetik bestera) jarraitua da» esakunea aise eta ebidentzia matematikoarekin frogatu ahal izango litzateke, baldin eta oro har kausalitate baten aldaketa Filosofia transzendentalaren mugetatik erabat kanpo geratuko ez balitz eta printzipio enpirikoak aurresuposatuko ez balitu. Izan ere, adimenak ez digu a priori ezein berririk ematen gauzen egoera aldatzen duen kausa bat, h. d., haiek emandako egoera jakin baten aurkakora determinatzen dituen kausa ahalgarria izateaz, horren ahalgarritasuna aditzen ez duelako ez ezik (izan ere, ikuskera hau apriorizko ezagutza gehienetan falta zaigu), baita aldagarritasuna esperientziak besterik irakatsi ezin ditzakeen agerpenen determinazio jakinei dagokielako ere, beren kausa aldaezina denean aurkitu behar den heinean. Hemen, gure aurrean guk erabil dezakegun ezer ez dugunez gero, ezer enpirikoa ez duten esperientzia ahalgarri ororen oinarrizko adigai hutsak izan ezik, orduan ezin dugu oinarrizko esperientzia jakinen gainean eraikitzen den Natur Zientzia orokorra aitzinatu, sistemaren batasuna hautsi ezean.

Hala eta guztiz ere, ez zaizkigu froga-oinarririk falta gure oinarri-esakune honek duen eragin handiaz, bai hautemapenak aitzinatzeko, baita beren gabezia osatzeko ere, hortik sor litezkeen inferentzia faltsu guztiei bidea ixten dien heinean.

Errealitate orok hautemapenean maila bat baldin badu, orduan bera eta ukapenaren artean beti eta maila txikiagoen mailaketa amaigabea gertatzen da, eta era berean sentsu bakoitzak sentsazioaren harmenaren maila jakin bat izan behar baldin badu, orduan agerpenean errealki ororen gabezia osoa frogatuko lukeen ezein hautemapen, eta beraz, ezein esperientzia ere ez da ahalgarria, zuzenki nahiz zeharbidez frogatzen duela ere (inferitzearen edozein bidezidorren bidez izanda ere), h. d., esperientziatik ezin da inoiz espazio edo denbora kaskalaren frogarik lortu. Izan ere, lehenik, errealkiaren gabezia osoa bera ezin da sentsuzko begiespenean hauteman, eta bigarrenik, ezin da banako agerpen batetik eta bere errealitatearen mailaren bereizketatik ondorioztatu, ezta bere argipenerako onartu ere. Izan ere, espazio edo denbora determinatu baten begiespen osoa erabat erreala da, h. d., zati bat bera ere ez da kaskala; hala ere, errealitate bakoitzak bere maila duenez gero, hots, agerpenaren handitasun hedatu aldaezinean ezerezera arte (hutsera) maila amaigabeen zehar gutxi daitekeen maila, bada, errealitate honen maila amaigabe ezberdinak izan behar dute, eta hauek betetzen dute espazioa edo denbora, eta handitasun intentsiboa agerpen ezberdinetan txikiagoa edo handiagoa izan daiteke, begiespenaren handitasun hedatua berbera izan arren.

Honen adibide bat eman nahi dugu. Ia natur zientzialari denek bolumen berean hainbat eratako materiaren kantitatearen bereizketa handiak hautematen dituztenez gero (aldez, grabitatearen edo pisuaren momentuaren bitartez, aldez, beste materia higituen aurkako kontrajarpenaren momentuaren bitartez), orduan aho batez inferitzen dute hortik abiatuta: bolumen honek (agerpenaren handitasun hedatuak) materia orotan, neurri ezberdinetan izan arren, kaskala izan behar duela. Nork pentsatuko luke, orduan, gehienbat izadiaren ikertzaile matematikoak eta mekanikoak diren hauen artean, beren inferentzia hau aurresuposizio metafisiko batean oinarritzen zutela, bera saihesteaz hainbeste arrandiatzen ziren arren? Hau onartzen baitzuten: espazioan errealkia edonon berbera dela (hemen ez ditut sarrezintasuna edo pisua aipatuko, hauek adigai enpirikoak baitira), eta handitasun hedatuaren arabera, h. d., kopuruaren arabera soilik bereiz daitekeela. Froga transzendentala ematen diot nik beraiek esperientzian oinarririk aurkitu ezin zioten aurresuposizio honi, eta beraz, metafisikoa besterik ez denari, eta frogak ez du frogatu behar bereizketa espazioaren beteketan, baizik eta erabat ezeztatzen du aurresuposizio haren ustezko beharrezkotasuna, hots, aipatutako bereizketa espazio kaskalak onartuz soilik argi daitekeela, eta frogak adimenari gutxienez bereizketa beste era batera pentsatzeko askatasuna emateko meritua du, baldin eta izadiaren argipenak hemen hipotesiren bat beharko balu. Izan ere, hor dakusagu, espazio berberak materia ezberdinez osoki beteak egon arren, hauetako bakoitzean bere presentzia gabeko punturik ez dela geratzen eta, hala ere, errealki bakoitzak kualitate berberan maila bat duela (kontrajartzearen edo pisatzearen maila), hots, handitasun hedatuaren edo kopuruaren gutxitzerik gabe amaigabeki txikiagoa izan daitekeen maila hutsera igaro eta desagertu aurretik. Horrela, espazio bat betetzen duen dilatazioak, beroak esaterako, eta era berean beste errealitate orok (agerpenean), bere maila amaigabeki gutxi dezake espazio horren zati txikienik ere kaskala bihurtu gabe, eta era berean espazioa maila txiki horretan bete dezake beste agerpenak maila handiagoan betetzen duen bezala. Nire asmoa ez da hemen inolaz ere hau benetan materien ezberdintasunei pisu espezifikoaren arabera gertatzen zaienik baieztatzea, baizik adimen hutsaren oinarri-esakune batetik abiatuta erakutsi nahi dut gure hautemapenen izaerak halako argipena ahalbidetzen duela eta faltsuki onartzen dela, azken hau gainera arranditsuki a priori adimenaren oinarri-esakuneari jarraiki baieztatuz, agerpenaren errealkia mailaren arabera berbera dela, eta agregazioa eta bere handitasun hedatuaren arabera soilik ezberdina.

Hala ere, hautemapenaren aitzinapenak beti bere baitan zerbait harrigarria du gogoeta transzendentalera ohitu eta zuhurra bihurtu den izadiaren ikertzailearentzat, eta ezbaiak sortzen dira adimenak honako esakune sintetikoa aitzinatu ahal izateaz, alegia, errealki orok agerpenean duen mailaren esakunea, eta beraz, sentsazio beraren barneko bereizketaren ahalgarritasunaren esakunea, bere kualitate enpirikoaz abstraitzen baldin bada, eta orduan konponketa merezi duen galdekizuna da ea hemen adimenak nola adieraz dezakeen zerbait sintetikoki apriorizko agerpenez eta hauek nola aitzina ditzakeen, benetan enpirikoak baino ez direnean, hots, sentsazioaren kontua direnean.

Sentsazioaren kualitatea beti enpirikoa besterik ez da eta ezin da inolaz ere a priori errepresentatu (adibidez, koloreak, gustamena, eta abar). Guztiarekin ere, oro har sentsazioei dagokien errealkiak, 0 ukapenari kontrajarriz, bere adigaiak bere baitan izate bat barnebiltzen duen zerbait baino ez du errepresentatzen, eta oro har kontzientzia enpiriko bateko sintesia baino ez du esan nahi. Barneko sentsuan, beraz, kontzientzia enpirikoa 0tik edozein maila handiagotara gora daiteke, eta ondorioz, begiespenaren handitasun hedatu berberak (adibidez, gainalde argituak) askoren (gutxiago argituen) agregatu batek bezain sentsazio handia sortzen du. Horrez gain, agerpenaren handitasun hedatuaz erabat abstrai daiteke eta, hala ere, sentsazio soilean une batean 0tik kontzientzia enpiriko jakin batera doan goraketa erregularraren sintesia errepresenta daiteke. Ondorioz, sentsazio guztiak sentsazioak diren heinean a priori76 soilik ematen zaizkigu, baina maila bat izateko duten berekitasuna a priori ezagut daiteke. Bitxia da handitasunez oro har kualitate bakarra ezagut daitekeela a priori, hots, jarraitasuna, eta bestalde, kualitate oroz a priori kantitate intentsiboa soilik ezagut daitekeela, hots, maila bat duela, eta beste guztia esperientziaren egitekoa da.

3

Esperientziaren analogiak

Hauen printzipioa honako hau da: esperientzia hautemapenen beharrezko elkarloturaren errepresentazioaren bidez baino ez da ahalgarria77.

Froga

Esperientzia ezagutza enpiriko bat da, h. d., hautemapenen eskutik objektu bat determinatzen duen ezagutza. Beraz, hautemapenen sintesi bat da; ez, ordea, hautemapenean barnebilduta dagoen sintesia, baizik eta kontzientzia batean hautemapen horren anizkunkiaren batasun sintetikoa barnebiltzen duena, zeinak sentsuen objektuen ezagutzaren funtsa osatzen duen, h. d., esperientziaren funtsa (ez soilik sentsuen begiespenen edo sentsazioaren funtsa). Hautemapenek ausaz baino ez dute egiten bat esperientzian, halako moldez, non ez baitakarte beren arteko elkarloturaren beharrik aldean, eta ezin dute ekarri, zeren atzematea begiespen enpirikoaren anizkunkiaren bateratzea besterik ez baita; baina bertan ez dago berak bateratutako agerpenek espazioan eta denboran duten existentzia lotzeko beharrezkotasunaren ezein errepresentaziorik. Esperientzia, ordea, hautemapenen bidezko objektuen ezagutza denez, eta beraz, anizkunkiak izatean dituen hartuemanak bertan errepresentatu behar direnez gero –anizkunkia objektiboki denboran den bezala, ez, ordea, denboran bateratua den bezala, denbora hori, aldi berean, ezin baita hauteman-, orduan objektuen existentziaren determinazioa oro har hauek denboran lotuz baino ezin gerta daiteke, eta beraz, apriorizko adigai elkarlotzaileen bidez besterik ez. Hauek beti aldean beharrezkotasuna dakartenez gero, orduan esperientzia hautemapenen beharrezko elkarloturaren errepresentazioaren bidez baino ez da ahalgarria78.

Hauek dira denboraren hiru modi-ak: iraunkortasuna, segida eta aldiberekotasuna. Horregatik, agerpenek denboran dituzten hartueman guztien hiru erregelak esperientzia ororen aurretik joango dira eta bera ahalbidetuko dute lehen-lehenik, eta erregela hauei jarraiki determinatu ahal izango da modi hauetako bakoitzaren izatea edozein denboraren batasunari begira.

Hiru analogien oinarri-esakune orokorra apertzepzioaren beharrezko batasunean funtsatzen da denbora orotan ahalgarria den edozein (hautemapenaren) kontzientzia enpirikori begira, eta ondorioz, apertzepzioaren batasuna a priori oinarrian datzanez gero, agerpen guztien batasun sintetikoan funtsatzen da hauek denboran duten hartuemanaren arabera. Izan ere, jatorrizko apertzepzioa barneko sentsuari dagokio (errepresentazio guztien multzoari), eta gainera, berorren formari a priori dagokio, h. d., kontzientzia enpiriko anizkunaren denborazko hartuemanari. Anizkunki hori guztia jatorrizko apertzepzioan bateratu behar da berak denboran dituen hartuemanei jarraiki; izan ere, hori bera da apertzepzioaren apriorizko batasun transzendentalak esan nahi duena, alegia, bere menpean datzala nire ezagutzari (h. d., nire ezagutza bateratuari) egokitu behar zaion guztia, eta beraz, niretzat objektu bihurtu ahal izango den guztia. Hautemapen guztien denborazko hartuemanean a priori determinatuta dagoen batasun sintetiko hori denbora-determinazio enpiriko guztiek denbora-determinazio orokorren erregelen menpean egon behar dutela dioen legea da, eta esperientziaren analogiek mota horretako erregelak izan behar dute, eta orain jardungo dugu hauetaz.

Berezitasun hau dute beregan oinarri-esakune horiek, hots, ez dituztela aintzat hartzen agerpenak edo beren begiespen enpirikoaren sintesia, baizik agerpen horien izatea, eta izate horri begira, agerpenek elkarren artean duten hartuemana besterik ez. Hala ere, agerpenean zerbait atzemateko modua honela egon daiteke a priori determinatuta: agerpen horren sintesiaren erregelak aldi berean begiespen hori a priori ematen duela enpirikoki agertzen den aurreko edozein adibidetan, h. d., bertatik abiatuta bideratu ahal izateko moduan. Agerpenen izatea, ordea, ezin daiteke a priori ezagutu, eta bide horretatik izateren bat inferitu ahal izango bagenu ere, ez genuke determinatuta ezagutuko, h. d., ez ginateke bere begiespen enpiriko hori gainerakoetatik bereiziko lukeena aitzinatzeko gauza izango.

Matematika aplikatzea legeztatzen dutelako gorago matematikoak deitu diedan bi oinarri-esakuneek agerpenetara jotzen zuten beren ahalgarritasun soilaren arabera, eta agerpen horiek sintesi matematiko baten erregelei jarraiki produzitu ahal izateko modua irakasten zuten, bai beren begiespenari zegokionez, baita beren hautemapenaren errealkiari zegokionez ere; horregatik, horietako oinarri-esakune batean zein bestean zenbaki-handitasunak erabil ditzakegu eta hauekin batera agerpenaren determinazioa ere bai, hau handitasuna den heinean. Horrela, adibidez, eguzki-argiaren sentsazioen maila, 200.000 bat ilargiren argitzapenez osatua dagoen maila, a priori elkartu eta zehaztu ahal izango dut, h. d., eraiki ahal izango dut. Horregatik, lehen oinarri-esakune horiei eratzaileak dei diezaieket.

Erabat bestela gertatzen da agerpenen izatea a priori erregelen menpean bildu behar duten oinarri-esakuneekin. Izan ere, horrelako izaterik eraiki ezin dugunez gero, orduan oinarri-esakune horiek izatearen hartuemanari soilik dagozkio eta ezingo dituzte printzipio erregulatzaileak baino eskuratu. Hemen, beraz, ezin dugu pentsatu axiometan, ezta aitzinapenetan ere, baizik eta hautemapen bat beste hautemapen batekin denbora-hartuemanean egonik ematen bazaigu (beste hau indeterminatua izan arren), orduan ezingo dugu a priori esan ea zein den beste hautemapen hori, ezta zein handitasun duen ere, baizik eta azken hautemapen hori ea nola lotzen zaion bere izatearen arabera aurrenekoari halabeharrez denborazko modu horretan. Filosofian analogiek oso gauza ezberdina esan nahi dute Matematikan errepresentatzen dutenaren aldean. Matematikan analogiak bi handitasun-hartuemanen berdintasuna adierazten duten formulak dira, eta eratzaileak dira beti, beraz, proportzioaren hiru kide emanda, laugarren bat ere ematen da, h. d., hau eraiki dezaket. Filosofian, berriz, analogia ez da bi hartueman kuantitatiboen berdintasuna, bi hartueman kualitatiboena baizik, non hiru kide emanda, hauek laugarren batekin duten hartuemana ezagut dezakedan, baina ezin dudan ezagutu eta a priori aurkeztu laugarren osakide hori bera. Hala ere, bera esperientzian bilatzeko erregela bat dut eta bera esperientzia horretan aurkitzeko ezaugarri bat. Beraz, esperientziaren analogiak erregela bat besterik ez dira izango, zeinaren indarrez hautemapenetatik esperientziaren batasuna sortuko den (ez, ordea, oro har hautemapena bera sortuko den moduan begiespen enpiriko gisa), eta hau objektuen (agerpenen) oinarri-esakunea denez gero, orduan erregela horiek balio erregulatzailea baino ez dute izango, ez, ordea, eratzailea. Gauza berak balioko du oro har pentsamendu enpirikoaren postulatuez, horiek aldi berean begiespen soilaren (agerpenaren formaren), hautemapenaren (begiespen horren materiaren) eta esperientziaren (hautemapen horien hartuemanaren) sintesiari baitagozkie, hots, postulatu horiek oinarri-esakune erregulatzaile soilak direla eta oinarri-esakune eratzaileak diren matematikoetatik bereizten direla, ez bietan a priori finkatua dagoen ziurtasunean, baizik ebidentziaren eran, h. d., beren izaera intuitiboan (eta beraz, demostratzeko eran ere bai).

Hau da oinarri-esakune sintetiko guztiez oharrarazi duguna eta hemen bereziki adierazi beharrekoa: analogia horiek adimenaren erabilera enpirikoaren oinarri-esakune gisa besterik ez dutela balioa eta esanahia, eta ez erabilera transzendentalaren oinarri-esakune gisa, eta beraz, oinarri-esakune enpirikoak diren heinean soilik froga daitezkeela, eta ondorioz, agerpenak ezin zaizkiela absolutuki kategoriei menperatu, baizik eta beren eskemei besterik ez. Izan ere, oinarri-esakune horien objektuak berbaitango gauzak balira, a priori ezer ere ezingo genuke ezagutu sintetikoki hauetaz. Baina agerpenak besterik ez dira eta hauen ezagutza osoa –apriorizko oinarri-esakune guztiak azkenean beti bertara doaz– esperientzia ahalgarria besterik ez da, eta ondorioz, oinarri-esakune horiek ezin dute agerpenen sintesian ezagutza enpirikoaren batasunaren baldintza baino beste xederik izan; halere, sintesi hori adimenaren adigai hutsaren eskeman besterik ez da pentsatzen, eta bere batasunaren funtzioa, ezein sentsuzko baldintzagatik murriztua ez dagoen funtzioa, kategoriak barnebiltzen du, bere batasuna oro harrezko sintesia den heinean. Oinarri-esakune horien bitartez, beraz, sori izango zaigu agerpenak adigaien batasun logikoarekin eta orokorrarekin elkartzea, analogia baten arabera besterik ez izan arren, eta horregatik, era berean, oinarri-esakunean kategoriaz balia gaitezke, baina bere egikaritzan (berau agerpenei aplikatzean) kategoriaren ordez bere erabileraren gakoa den bere eskema hartuko dugu edo, are gehiago, kategoriaren ondoan jarriko dugu baldintza murrizgarri gisa oinarri-esakunearen formularen izenpean.

A Lehen analogia[aldatu]

Substantziaren iraunkortasunaren oinarri-esakunea

Substantziak agerpenen aldakuntza orotan zehar irauten du, eta berorren quantum-a izadian ez da gehitzen, ezta gutxitzen ere79.

Froga

Agerpen guztiak denboran daude eta bai aldiberekotasuna, baita segida ere, denboran baino ezin ditugu errepresentatu, hau substratua den heinean (barneko begiespenaren forma iraunkor gisa). Denboran pentsatu behar ditugu agerpenen aldakuntza guztiak, eta hark iraun egiten du eta ez da aldatzen; zeren bertan errepresentatzen baitira segida eta aldiberekotasuna bere determinazio soil gisa. Halere, denbora bera ezin dugu hauteman. Eta ondorioz, oro har denbora errepresentatzen duen substratua hautemapenaren objektuetan, h. d., agerpenetan bilatu beharko dugu, eta bertan hauteman daiteke edozein aldakuntza edo aldiberekotasun agerpenek atzematean beraiekin duten hartuemanari esker. Erreala den guztiaren substratua, h. d., gauzen izateari dagokionaren substratua, ordea, substantzia da, eta bertan izateari dagokion guztia substantziaren determinazio gisa soilik pentsa daiteke. Ondorioz, iraunkorkia, hots, agerpenek denboran dituzten hartueman guztiak determinatzea ahalbidetzen duen gauza bakarra, substantzia da agerpenean, h. d., bertan dagoen errealkia, edozein aldakuntzaren substratua den heinean beti berbera dirauena. Substantzia hori, beraz, bere izatean aldatu ezin denez gero, bere quantum-a ere ezingo da gehitu edo gutxitu izadian80.

Agerpenaren anizkunkiaren gure atzematea hurrenez hurren gertatzen da beti, eta beraz, aldakorra da edonoiz. Ezingo dugu, beraz, honetatik soilik abiatuta inoiz determinatu ea anizkunki hori, esperientziaren objektua den heinean, aldiberekoa ala hurrenez hurrengoa den, baldin eta beti existitzen den zerbait, h. d., geldikorra eta iraunkorra den zerbait ez badu oinarrian, zeinaren aldakuntzak edo aldiberekotasunak iraunkorkia existitzen den beste hainbat era besterik ez diren (denboraren modi-ak). Denbora-hartuemanak, beraz, iraunkorkian baino ez dira ahalgarriak (izan ere, aldiberekotasunarena eta segidarena dira denbora-hartueman bakarrak), h. d., iraunkorkia denbora beraren errepresentazio enpirikoaren substratua da, eta bertan besterik ezin da izan denbora-determinazio oro. Iraunkortasunak denbora adierazten du oro har agerpenen izate guztien, aldakuntza guztien eta laguntza guztien etengabeko korrelato gisa. Izan ere, aldakuntzak ez dio denborari eragiten, baizik denboran dauden agerpenei soilik (aldiberekotasunak ere denbora beraren modus bat osatzen ez duen era berean, bere zatiak aldiberean ez, baina guztiak hurrenez hurren izaki). Denbora berari segida bat atxiki nahi izango bagenio, beste denbora bat pentsatu beharko genuke, bertan segida hori ahalgarria izan zedin. Izateak denbora-ilararen zati ezberdinetan iraunkorkiaren bidez baino ezin lor dezake pixkanaka luze-laburra deitzen zaion handitasun bat. Izan ere, izatea segida soilean desagertu eta berriz agertzen da, eta ez du ezein handitasunik. Iraunkorki hau gabe, beraz, ez dago denbora-hartuemanik. Hala ere, denbora bere baitan ezin da hauteman; eta beraz, agerpenetan dagoen iraunkorki hori da denbora-hartueman guztien substratua, eta ondorioz, honek hautemapenen batasun sintetiko ororen ahalgarritasunaren baldintza osatzen du, h. d., esperientziaren baldintza, eta iraunkorki honetan izate oro eta aldakuntza oro denboran geldi dagoen eta irauten duenaren existentziaren modus gisa begiztatzen da. Beraz, agerpen guztietan iraunkorkia objektua bera da, h. d., substantzia (phaenomenon); aldatzen den edo alda daitekeen oro, berriz, substantzia hori edo substantzia horiek existitzen diren erari baino ez dagokio, eta beraz, substantzien determinazioei dagokie.

Hau dakusat: garai guztietan filosofoak ez ezik, adimen arruntak ere iraunkortasun hori beti aurresuposatu duela eta beti ezbairik gabe onartuko duela agerpenen edozein aldakuntzaren substratu gisa; baina filosofoa zehatzagoa izan da bere adierazpenetan zera dioenean: «munduko aldaketa guztietan substantziak irauten du eta akzidenteak baino ez dira aldatzen». Hain sintetikoa den esakune honetaz, ordea, inon ez dut froga baten saialdirik ere aurkitzen, are gehiago, noizean behin soilik agertzen da izadiaren lege huts eta erabat apriorizkoen buruan, dagokion moduan. Egitatean, «Substantziak dirau» esakunea tautologikoa da. Izan ere, iraunkortasun hori besterik ez da substantziaren kategoria agerpenei aplikatzeko oinarria, eta zera frogatu beharko genukeen, alegia, agerpen guztietan zerbait iraunkorra badela, eta zera horretan aldagarria dena bere izatearen determinazio bat besterik ez dela. Halere, dogmatikoki, h. d., adigaietatik abiatuta horrelako frogarik inoiz bideratu ezin denez gero, apriorizko esakune sintetikoari soilik baitagokio, eta inoiz pentsatu ez zenez gero halako esakuneak esperientzia ahalgarriarekin harremanean soilik direla ahalgarriak, eta beraz, esperientziaren ahalgarritasunaren dedukzio baten bitartez soilik froga daitezkeela, bada, orduan ez da batere harritzekoa esakunea esperientzia guztien oinarri gisa ezarri izana (ezagutza enpirikoan bere premia sentitzen baita) eta, hala ere, inoiz frogatu ez izana.

Filosofo bati keak zenbat pisatzen duen galdetu zitzaionean, honela erantzun zuen: «Erretako egurraren pisutik geratu den errautsaren pisua kendu, eta horrela lortuko duzu kearen pisua». Filosofoak, beraz, kontraesanezinezkotzat aurresuposatzen zuen suan bertan ere materia (substantzia) ez dela galtzen, baizik eta bere forma baino ez dela aldatzen. Era berean «Ezer ere ez da ezerezetik sortzen» esakunea iraunkortasunaren oinarri-esakunearen edo, hobeto esanda, agerpenen subjektu erreal baten betiko izatearen oinarri-esakunearen beste ondorio bat besterik ez da. Izan ere, agerpenetan substantzia deitzen diogun horrek denbora-determinazio guztien berezko substratua osatu behar badu, orduan substratu horretatik soil-soilik abiatuta determinatu ahal izan beharko dugu edozein izate, bai iraganaldian, baita etorkizunean ere. Horregatik, agerpen bati bere izatea denbora orotan aurresuposatzen dugulako soilik eman ahal diogu substantziaren izena, eta hau «iraunkortasun» hitzaren bidez ez da ongi adierazten, honek etorkizunari gehiago begiratzen dion heinean. Hala ere, iraupenaren barneko beharrezkotasuna bereiztezinki lotua dago jadanik beti izanaren beharrezkotasunarekin, eta beraz, adierazpen hori bere horretan utz dezakegu. «Gigni de nihilo; in nihilum nil posse reverti»81 antzinakoek bereiztezinki elkarlotzen zituzten bi esakune dira, gaur egun, berriz, gaizki-ulertze bat dela eta, noizean behin bereizten direnak, berbaitango gauzei dagozkielakoan, eta lehenengo esakuneak mundua lehen kausa baten menpean egoteari uko egin diezaiokeelakoan (bere substantziari dagokionean ere bai); alferrikako kezka dena, hemen solasgaia esperientziaren alorreko agerpenak baino ez diren heinean, zeinen batasuna inoiz ez litzatekeen ahalgarria izango, gauza berriak sortzen direla onartuko bagenu (substantziari dagokionez). Izan ere, hainbestez, denboraren batasuna errepresenta dezakeen gauza bakarra galduko litzateke, hots, substratuaren identitatea, eta bertan baino ez dute jasotzen aldakuntza guztiek batasun osatua. Hala eta guztiz ere, iraunkortasun hori gauzen izatea (agerpenean) errepresentatzeko dugun modua besterik ez da.

Substantzia baten determinazioek, substantzia hori existitzen den era bereziak besterik ez direnek, akzidenteak izena dute. Substantziaren izatea ukitzen dutenez gero, horiek beti dira errealak. (Ukapenak substantzian zerbaiten ez izatea adierazten duten determinazioak besterik ez dira). Hala ere, errealki horri substantzian izate bereziren bat atxikitzen bazaio (adibidez, higidura, materiaren akzidentea den heinean), orduan izate horri inherentzia deitzen zaio substantziaren izatetik bereiztearren, zeinari subsistentzia deitzen zaion bere aldetik. Halere, hortik sasi-interpretazio asko sortzen da eta zehatzagoa eta zuzenagoa da akzidentea substantzia baten izatea positiboki determinatua izateko moduaren bidez izendatzea. Nolanahi ere, ezinbestekoa da, adimenaren erabilera logikoaren baldintzei jarraiki, substantzia baten izatean alda daitekeena bakantzea, nolabait esateko, substantzia berak dirauen bitartean, eta benetan iraunkorkia eta errotikoa denarekin hartuemanean kontsideratzea; horregatik, kategoria hori ere hartuemanen titulupean dago, baina gehiago beren baldintza gisa berorrek hartueman bat barnebilduko balu bezala baino.

Aldaketaren adigaiaren ulermen zuzena ere iraunkortasun horretan oinarritzen da. Sortzea eta iraungitzea ez dira sortzen edo iraungitzen denaren aldaketak. Aldaketa existitzeko era bat da, objektu beraren existitzeko beste erari jarraiki zaiona. Aldatzen den guztia, beraz, geldikorra da, bere egoera besterik ez da aldatzen. Aldakuntza hori izateari utzi edo izaten has daitezkeen determinazioei baino ez dagokienez, orduan honako hau esan dezakegu, itxuraz paradoxala den adierazpen bat erabiliz: iraunkorkia (substantzia) baino ez da aldatzen, aldagarrikiak ez du ezein aldaketarik (Veränderung) jasaten, aldakuntza (Wechsel) baizik, zenbait determinazio desagertu eta beste zenbait agertu egiten baitira.

Beraz, aldaketa substantzietan soilik hauteman dezakegu, eta sortzea edo iraungitzea, absolutuki, iraunkorkiaren determinazio soil bati ez dagozkionean, ezin dira ezein hautemapen ahalgarririk izan, iraunkorki hori bera baita egoera batetik besterako igarobidea errepresentatzea ahalbidetzen duena, ez izatetik izaterako igarobide gisa, eta beraz, haiek irauten duen zerbaiten determinazio aldakorren gisara soilik ezagut ditzakegu enpirikoki. Demagun zerbait absolutuki sortzen dela; orduan gauza hau ez zen denboraren puntu batek izan behar du. Hala ere, non finkatuko dugu puntu hori, jadanik baden zerbaitetan ez bada? Izan ere, kaskala den aurreko denbora ez baita inolaz ere hautemapenaren objekturik; baina, sortze hori lehendik ziren eta sortze hori gertatzen den unera arte izaten jarraitzen duten gauzei lotzen badiegu, orduan sortze hori jadanik bazen zerbaiten determinazio bat besterik ez da, hura iraunkorkia den aldetik. Gauza bera gertatzen da iraungitzearekin; izan ere, honek agerpen batek izateari uzten dion denboraren errepresentazio enpirikoa aurresuposatzen baitu.

Substantziak (agerpenean) denbora-determinazio guztien substratuak dira. Substantzia horietako batzuk sortuko balira eta beste batzuek izateari utziko baliote, denboraren batasun enpirikoaren baldintza bakarra ezabatuta geratuko litzateke eta, honenbestez, agerpenak bi denbora ezberdinekin egongo lirateke harremanean, eta izatea hauetara jariatuko litzateke bata bestearen ondoan, burugabea dena. Izan ere, denbora Bat bakarra dago, non denbora ezberdin guztiak segidan ezarri behar diren, ez aldi berean.

Beraz, iraunkortasuna beharrezko baldintza bat da, eta agerpenak, gauzak edo objektuak diren heinean, berari jarraiki baino ez dira determinagarriak esperientzia ahalgarri batean. Beharrezko iraunkortasun horren irizpide enpirikoa, eta berekin batera, agerpenen substantziatasunaren irizpide enpirikoa zein ote den galdetzen bada, ondoren izango dugu aukera horretaz beharrezkoa dena oharrarazteko.

B Bigarren analogia[aldatu]

Denbora-segidaren oinarri-esakunea kausalitatearen legearen arabera

Aldaketa guztiak kausa eta efektua elkarlotzen dituen legearen

arabera gertatzen dira82.

Froga

(Aurreko oinarri-esakuneak denbora-segidaren agerpen guztiak osotara aldaketak besterik ez direla frogatu du, h. d., irauten duen substantziaren determinazioen hurrenez hurrengo izate eta ez-izate bat, ondorioz, bere ez-izateari jarraiki zaion substantzia beraren izatea edo izateari jarraiki zaion bere ez-izatea, beste hitz batzuekin esanda, substantzian sortzerik edo iraungitzerik ez dagoela frogatu du. Honela ere adieraz daiteke oinarri-esakunea: «agerpenen edozein aldakuntza (segida) aldaketa bat besterik ez da»; izan ere, substantziaren sortzeak edo iraungitzeak ez dira bere aldaketak, zeren aldaketaren adigaiak kontrajarritako bi determinazioak dituen subjektu bera aurresuposatzen baitu, h. d., existitzen den, eta beraz, iraunkorra den subjektua. – Froga atariko oharpen honen ondoren dator).

Agerpenak elkarren segidan doazela ohartzen dut, h. d., gauzen egoera denbora batean aurreko egoeraren aurkakoa dela. Beraz, benetan bi hautemapen elkarlotzen ditut denboran. Baina elkarlotura hori ez da sentsu soilaren eta begiespenaren lana, baizik irudimenaren ahalmen sintetiko baten produktua, hemen barneko sentsua determinatzen duena denbora-hartuemanari begira. Hala ere, irudimenak bi era ezberdinetan lot ditzake aipatutako bi egoera horiek, bata edo bestea doala denboran aurretik; izan ere, ezin dugu denbora bere baitan hauteman, eta berari dagokionez, hots, enpirikoki, ezin da determinatu, nolabait esateko, ea zer den objektuan aurretik eta ondoren datorrena. Beraz, honetaz besterik ez naiz kontziente: nire irudimenak gauza bat lehenik eta bestea ondoren ezartzen duela, ez, ordea, objektuan egoera bat bestearen aurretik doala; edo, bestela esanda, hautemapen soilaren bidez determinatu gabe geratzen dela ea zein den elkarren segidan doazen agerpenen hartueman objektiboa. Hartueman hori era determinatu batean ezagutzekotan bi egoeren arteko hartuemana honela pentsatu behar dugu: halabeharrez determinatuta geratu behar du zein den lehen ezarri beharrekoa eta zein ondoren ezarri beharrekoa, eta ez alderantziz. Batasun sintetiko baten beharrezkotasuna aldean dakarren adigaiak, ordea, adimenaren adigai huts bat besterik ezin du izan, hautemapenean aurkitzen ez dena, eta hau hemen kausaren eta efektuaren arteko hartuemanaren adigaia da, eta lehenak bigarrena determinatzen du denboran ondorio gisa, ez, ordea, irudimenean aurretik soilik joan daitekeen (edo inolaz ere hauteman ezin daitekeen) zerbait balitz bezala. Beraz, esperientzia bera, h. d., agerpenen ezagutza enpirikoa, agerpenen segida, eta beraz, aldaketa guztiak kausalitatearen legeari menperatzen dizkiogulako besterik ez da ahalgarria; eta beraz, agerpenak, esperientziaren objektuak diren aldetik, lege honi jarraiki baino ez dira ahalgarriak83.

Agerpenen anizkunkiaren atzematea beti hurrenez hurren gertatzen da. Zatien errepresentazioak elkarren segidan doaz. Ea objektuan ere elkarren segidan doazen, aurreneko puntuan barnebiltzen ez den hausnarketaren bigarren puntu bat da. Edozerri dei diezaiokegu objektu, baita errepresentazio guztiei ere, beraiez kontziente garen heinean; baina agerpenei dagokienez «objektu» hitzaren esanahiaren inguruan gehiago sakondu beharko genuke, ez agerpen horiek (errepresentazio gisa) objektuak diren heinean, baizik objektuak izendatu besterik egiten ez dituzten heinean. Agerpen horiek, errepresentazioak soilik diren aldetik, aldi berean kontzientziaren objektuak diren heinean, ez dira batere bereizten beren atzematetik, h. d., irudimenaren sintesian duten harreratik, eta beraz, zera esan behar da: agerpenen anizkunkia hurrenez hurren sortzen dela beti gogamenean. Agerpenak berbaitango gauzak izango balira, orduan inork ezingo luke bururatu errepresentazioen segidatik abiatuta ea horien anizkunkia nola lotzen den objektuan. Izan ere, geure errepresentazioak besterik ez baitira gure autugaia; ea berbaitango gauzak nolakoak ote diren (haiek gu afektatzeko erabiltzen dituzten errepresentazioak aintzat hartu gabe), erabat gure ezagutzaren esferatik at geratzen den kontua da. Agerpenak berbaitango gauzak ez izan arren, hala eta guztiz ere, ezagutzeko eman ahal zaizkigun gauza bakarrak direnez gero, orduan iragarri egin behar dut anizkunkiari agerpenetan zein motatako denbora-lotura tokatzen zaion, anizkunki horren errepresentazioa, aitzitik, atzematean beti hurrenez hurren gertatzen delarik. Horrela, adibidez, nire aurrean dudan etxe baten agerpenean anizkunkiaren atzematea hurrenez hurren gertatzen da. Orduan, galdekizuna zera litzateke: ea etxe horren anizkunkia bere baitan hurrenez hurrengoa den, inork onartuko ez lukeena, noski. Objektu batez ditudan adigaien esanahi transzendentalera igo ahala etxeak berbaitango gauza bat izateari uzten dio, agerpen soil bat bihurtzeko, h. d., bere objektu transzendentala ezezaguna den errepresentazio bat bihurtzeko. Zer ulertzen dut, beraz, galdekizun honetaz: nola egongo da lotuta anizkunkia agerpenean bertan (ezer ere ez dena bere baitan)? Hemen, errepresentazio gisa kontsideratzen da hurrenez hurrengo atzematean aurkitzen dena; emana zaidan agerpena, berriz, errepresentazio horien multzoa besterik ez izan arren, errepresentazio horien objektu gisa kontsideratzen da, eta atzematearen errepresentazioetatik abiatuta lortzen dudan adigaiak bat egin behar du honekin. Ezagutzaren eta objektuaren adostasunak egia osatzen duenez gero, berehala ikusten da hemen egia enpirikoaren baldintza formalez soilik galdetu ahal izango dugula, eta agerpena, atzematearen errepresentazioak ez bezala, haietatik ezberdinak diren beren objektu gisa soilik errepresenta daitekeela, baldin eta beste edozein atzematetatik bereiziko duen eta anizkunkiaren lotura-era bat beharrezkoa bihurtzen duen erregela baten menpean badago. Agerpenean atzematearen beharrezko erregela horren baldintza barnebiltzen duena objektua da.

Jarrai dezagun orain gure eginkizunarekin. Zerbait gertatzea, h. d., lehendik ez zen zerbait edo egoeraren bat gertatzea, enpirikoki hauteman ezin dugun zerbait da, aurretik egoera hori bere baitan barnebiltzen ez duen agerpen bat ez badago; izan ere, denbora kaskal bati jarraiki zaion errealitatea, eta beraz, aurretik gauzen ezein egoera ez daukan sortze bat ezin daiteke atzeman, denbora kaskala bera ezin atzeman daitekeen bezala. Jazoera baten edozein atzemate, beraz, beste hautemapen bati jarraiki zaion hautemapena da. Hau, berriz, atzematearen edozein sintesitan lehenago etxearen agerpenaren adibidearekin azaldu dudan bezala eratua dagoenez gero, orduan ez da horregatik besteetatik bereizten. Hala ere, bestetik, gertakari bat barnebiltzen duen agerpen batean aurretik doan egoerari A deitzen badiot eta hurrengo egoerari B, atzematean B A-ri jarraiki baino ezin zaiola ohartzen dut, A hautemapenak, berriz, B hautemapenaren aurretik joan behar duela, eta ez bere atzetik. Adibidez, ur-lasterrak ibaian behera daraman ontzi bat ikusten dut. Beherago hartzen duen kokapenaren nire hautemapena ur-lasterrean gorago hartu zuen kokapenaren hautemapenari jarraiki zaio, eta ezinezkoa da agerpen horren atzematean aurrena ontzia behean eta ondoren gorago hautematea. Beraz, hemen hautemapenen segidaren ordena atzematean determinatuta dago eta atzemate hori ordena horri lotuta dago. Etxearen goragoko adibidean nire hautemapenak teilatuaren atzematearekin hasi eta zoruarenarekin buka ziratekeen, eta era berean behetik hasi eta goian buka ziratekeen, halaber, eskuinetik ezkerrerako edo ezkerretik eskuinerako begiespen enpirikoaren anizkunkia ere atzeman zezaketen. Hautemapen horien ilaran ez zegoen, beraz, atzematea nonbait hastera behartzen ninduen ordena determinaturik, honela anizkunkia enpirikoki lotzearren. Hala ere, erregela hori beti aurkitzen da gertatzen denaren hautemapenean, eta berau da elkarren segidan doazen hautemapenen ordena (agerpenen atzematean) beharrezkoa bihurtzen duena.

Kasu honetan, beraz, atzematearen segida subjektiboa agerpenen segida objektibotik eratorri beharko dut, zeren, bestela, aurrenekoa erabat determinatu gabe geratzen baita eta ez baitu agerpen bat beste batetik bereizten. Erabat hautazkoa denez, segida subjektiboak ez du ezer frogatzen bere kabuz anizkunkiak objektuan duen elkarloturaz. Segida objektiboa, beraz, agerpenaren anizkunkiaren ordena hori izango da, eta honen indarrez gauza baten (gertatzen denaren) atzematea beste gauza baten (aurretik doanaren) atzemateari jarraiki zaio erregela baten arabera. Honela baino ezingo zait izan zilegi agerpen beraz esatea, eta ez soilik nire atzemateaz, bertan segida bat dagoela, eta honek atzemate hori segida horren arabera soilik antola dezakedala esan nahi du.

Beraz, erregela horren arabera jazoera baten aurretik doan horretan erregela baten baldintzak egon behar du, eta jazoera hori beti eta halabeharrez ondorioztatzen da erregela horri jarraiki; alderantziz, ezin dut jazoeratik itzuli eta aurretik doana determinatu (atzematearen bitartez). Izan ere, ez baitago ondorengo denbora-puntutik itzultzen den agerpenik, eta, hala ere, hau badago harremanean aurreko denbora-punturen batekin; aitzitik, denbora jakin batetik ondorengo denbora determinatura doan aurrerabidea beharrezkoa da. Horregatik, ondoren datorren zerbait badagoenez gero, orduan aurretiazkoa eta bere ondoren erregela baten arabera, h. d., halabeharrez jarraiki zaion beste zerbaiti lotu behar natzaio; hortaz, jazoerak, baldintzatua den aldetik, baldintzaren baten iragarpen segurua egiten du, eta honek bere aldetik jazoera hori determinatzen du.

Demagun jazoera baten aurretik berari erregela baten arabera jarraiki beharko litzaiokeen ezer ez dagoela; orduan hautemapenaren edozein segida atzematean baino ez litzateke izango, h. d., segida subjektibo bat besterik ez litzateke izango, eta horrela, determinatu gabe geratuko litzateke ea zer den hautemapenetan benetan aurretik joan beharko lukeena eta zer den honen ondoren joan beharko lukeena. Horrela, errepresentazioen jolas bat besterik ez genuke izango, ezein objekturi lotzen ez zaion jolas bat, h. d., gure hautemapenaren bitartez ez litzateke inolaz ere bereiziko agerpen bat bestetik denbora-hartuemanari dagokionez; zeren atzematean segida beti baita berbera eta agerpenean segida bera behar adina determinatuko lukeen ezer ere ez bailegoke, segida hori objektiboki beharrezko segida bihurtzearren. Beraz, ez dut esango hurrenez hurrengo bi egoerak agerpenean elkarren segidan doazenik; baizik atzemate bat beste bati jarraiki zaiola besterik ez, hori gauza subjektibo soila izaki, ezein objekturik determinatzen ez duen zerbait, eta beraz, objekturen bat ezagutzeko baliorik ez duen zerbait (ezta agerpenean ere).

Beraz, zerbait gertatzen dela jakitean, horren aurretik beste zerbait doala eta gertatzen dena zerbait honi erregela baten arabera jarraiki zaiola ari gara aurresuposatzen beti. Izan ere, hau egin ezean, objektuaz ez nuke esango bera ondoren datorrenik, zeren eta nire atzematean segida soilak ez baitu baimentzen objektuan segida bat onartzea, segida hori aurretik doan zerbaitekin harremanean determinatuko duen erregela bat izan ezik. Beraz, nire sintesi subjektiboa (atzematearena) objektiboa bihurtzen dut erregela bati jarraiki, zeinaren arabera agerpenak beren segidan, h. d., gertatzen diren moduan aurreko egoeraren bitartez determinatuak diren, eta gertatzen den zerbaiten esperientzia halako aurresuposiziopean baino ez da ahalgarria.

Horrek adimenaren erabileraren ibilerari buruz beti egin izan diren ohar guztiak kontraesaten dituela dirudi, zeren ibilera honen arabera erregela bat aurkitzea lortu badugu, hori hautemandako eta aurreko agerpenekin alderaketan bat datozen jazoera askoren segidari esker izan da soilik, eta erregela honen arabera jazoera jakin batzuk beti jarraiki zaizkie agerpen jakin batzuei, eta horrek sortzen du kausaren adigaia egiteko aukera lehen-lehenik. Halako oinarriarekin adigai hori enpirikoa besterik ez litzateke izango, eta beronek ematen duen erregela, zeinaren arabera gertatzen den guztiak kausa bat duen, esperientzia bera bezain beharbadakoa litzateke; bere orokortasuna eta beharrezkotasuna, hainbestez, asmatuak baino ez lirateke, eta hauek ez lukete egiazko baliotasun orokorrik, zeren indukzio soilaren gainean oinarrituta egongo bailirateke, ez, ordea, a priori. Hemen, apriorizko beste errepresentazio huts batzuekin bezala gertatzen da (adibidez, espazioarenak eta denborarenak): errepresentazio horiek esperientziatik jaso ahal izan ditugu adigai argi gisa, esperientzia horretan lehenago ezarri izan ditugulako, eta esperientzia bera lortu badugu, errepresentazio horiei esker izan da lehen-lehenik. Noski, jazoeren ilara determinatzen duen erregelaren errepresentazio horrek duen argitasun logikoa, kausaren adigaia den aldetik, berau esperientzian erabili eta gero soilik da ahalgarria, baina erregela hori agerpenek denboran duten batasun sintetikoaren baldintzatzat kontuan hartu izanak esperientzia beraren oinarria osatu du, eta beraz, bere aurretik zihoan a priori.

Adibide batean frogatu behar da, beraz, objektuari esperientzian ere ez diogula inoiz segidarik atxikitzen (jazoera baten segida, non aurretik ez zen zerbait gertatzen den) eta gure atzematearen segida subjektibotik ez dugula bereizten, oinarritzat balioko digun erregela bat izan ezik, hautemapenen ordena hori –eta ez beste bat– behatzera behartzen gaituena eta, areago, behartze hori dela segida bat objektuan lehen-lehenik errepresentatzea ahalbidetzen duena.

Baditugu gugan errepresentazioak, eta hauetaz kontziente izatera irits gaitezke. Hala ere, kontziente izate hori hedatzen bada ere, nahi den bezain zehatza eta puntuala bada ere, dena dela, haiek errepresentazio soilak izaten jarraituko dute, h. d., gure gogamenaren barneko determinazioak denbora-hartueman batean edo bestean. Halere, nola egozten diegu errepresentazio horiei objektu bat, edo nola atxikitzen diegu modifikazio gisa duten errealitate subjektiboaz gain ezezaguna zaigun errealitate objektibo bat? Esanahi objektiboa ezin da izan beste errepresentazio batekiko harremana (objektuaz baieztatu nahi zen horrekiko), izan ere, orduan honako galdekizuna sortzen baita berriz: nola irteten da errepresentazio hori era berean bere baitatik at, gogamenaren egoeraren determinazioa den heinean, berezkoa duen adierazpen subjektiboaz gain adierazpen objektibo bat lortzearren? Aztertzen badugu ea zein antolaera berri ematen dien gure errepresentazioei objektu batekin duten harremanak eta ea zein duintasun lortzen duten harreman horren bitartez, orduan zera baino ez dakusagu: harreman horrek, batetik, errepresentazio horien lotura era jakin batean beharrezkoa bihurtzen duela, eta bestetik, haiek erregela bati menperatzen dizkiola, eta gainera, alderantziz, gure errepresentazioei adierazpen objektiboa ematen badiegu, hori beren denbora-hartuemanean ordena jakin bat beharrezkoa izateagatik besterik ez dela.

Errepresentazioen anizkunkia beti segidan doa agerpenen sintesian. Horren bidez ez dugu objektu bat bera ere errepresentatzen; zeren atzemate guztietan gertatzen den segida horren bidez ez baitugu gauza bat bera ere beste batetik bereizten. Aitzitik, segida horretan aurreko egoerarekin hartuemana dagoela hauteman edo aurresuposatu ahala, errepresentazioa aurreko egoera horri erregela baten arabera jarraiki zaiola, orduan zerbait jazoera gisa errepresentatzen da, edo gertatzen den zerbait, h. d., denboraren une jakin batean kokatu behar dudan objektu bat ezagutzen dut, zeinari une hori, aurreko egoera kontuan izanik, beste ezein modutan ezin zaion atxiki. Beraz, zerbait gertatzen ari dela hautematen dudanean, errepresentazio horrek barnebiltzen duen aurreneko gauza aurretik zerbait doala da, zeren gertatzen den horrekin harremanean lortzen baitu agerpenak bere denbora-hartuemana, hots, oraindik ez zen unearen aurreko denbora baten ondoren existitzea. Hala ere, agerpenak hartueman horretan denbora-kokapen determinatu hori lortu ahal izango du, baldin eta aurreko egoeran beti zerbait suposatzen badugu, zeinari hura erregela baten arabera jarraiki zaion; hortik segitzen da, batetik, ezin dudala ilara alderantziz jarri, gertatzen dena honi jarraiki zaionaren aurretik ezarriz; eta bestetik, behin aurreko egoera jarriz gero, jazoera jakin hori hutsegiteke eta halabeharrez jarraiki zaiola segitzen da hortik. Bertatik abiatuta, beraz, gure errepresentazioen artean ordena bat badela segitzen da, non present dagoenak (izatera iritsi den heinean) aurreko egoera bat iragartzen duen, emandako gertakizun jakin horren korrelatoa den heinean, eta korrelatu hori oraindik determinatzeko dagoen arren, honek harreman determinatzaile bat du gertakizunarekin, bere ondorioa den heinean, eta korrelatoak hau bere buruarekin elkarlotzen du halabeharrez denboraren ilaran.

Beraz, baldin eta aurreko denborak halabeharrez ondorengo denbora determinatzea gure sentimenaren beharrezko lege bat bada (ondorengo denbora horretara ezingo bainaiz iritsi aurrekoaren bitartez ez bada), eta ondorioz, hautemapen guztien baldintza formal bat bada, orduan denbora-ilararen errepresentazio enpirikoaren ezinbesteko lege bat ere bada aurreko denborako agerpenek ondorengo denboran izate guztiak determinatzen dituztela eta ondorengo denborako agerpenak, jazoerak diren aldetik, aurreko denborako agerpenek beren izatea denboran determinatzen duten heinean soilik gertatzen direla, h. d., erregela baten arabera ezartzen duten heinean. Izan ere, denboren bilkuran dagoen jarraitasun hori agerpenetan soilik ezagut dezakegu enpirikoki.

Adimena beharrezkoa zaigu esperientzia guztietarako eta beren ahalgarritasunerako, eta honek egiten duen lehenengo gauza ez da objektuen errepresentazioa nabaria bihurtzea, baizik eta oro harrezko objektu baten errepresentazioa ahalbidetzea. Hori, ordea, adimenak agerpenei eta beren izateari denbora-ordena emateari esker gertatzen da, agerpen horietako bakoitzari, ondorioa den heinean, aurreko agerpenei begira a priori determinatutako denbora-kokapen bat atxikitzen dion heinean, eta horrela ez balitz, agerpenak ez lirateke ados jarriko denbora berarekin, zeinak agerpenen zati bakoitzari a priori determinatzen dion bere kokapena. Hala ere, ezin dugu kokapenen horrelako determinaziorik lortu agerpenek (hautemapenaren objektua ez den) denbora absolutuarekin duten hartuemanetik abiatuta, aitzitik, agerpenek beroiek determinatu behar dute beren denbora-kokapena elkarren artean eta bera denboraren ordenan beharrezkoa bihurtu behar dute, h. d., jarraian doan zerbait erregela orokor baten arabera jarraiki behar zaio aurreko egoeran barnebildutakoari, eta horrela, hortik agerpenen ilara bat ondorioztatzen da, zeinak adimenaren bitartez hautemapen ahalgarrien ilaran ordena eta bilkura jarraitua sortu eta beharrezkoa bihurtzen duen, hots, barneko begiespenaren forman (denboran) a priori aurkitzen ditugun ordena eta bilkura berberak, non hautemapen orok bere kokapena izan behar duen.

Zerbait gertatzea, beraz, esperientzia ahalgarri bati dagokion hautemapena da, eta esperientzia hori erreala bihurtzen da agerpena bere denbora-kokapenari dagokionez determinatutzat, eta beraz, hautemapenen bilkuran erregela bati jarraiki beti aurki daitekeen objektutzat hartzen dudan heinean. Denbora-segidaren arabera zerbait determinatzen duen erregela hori honako hau da: «aurretik doan zerbaitetan jazoera beti (h. d., halabeharrez) berari jarraitzea eragiten duen baldintza aurki dezakegu». Oinarri askiaren esakunea, beraz, esperientzia ahalgarriaren oinarria da, hots, ezagutza objektiboaren oinarria honek denboraren ilaran duen hartuemanari begira.

Esakune horren froga-oinarria ondoko puntuotan soilik funtsatzen da. Ezagutza enpiriko guztiei dagokie irudimenaren bidezko anizkunkiaren sintesi bat, beti hurrenez hurrengoa den sintesia; h. d., bertan errepresentazioak elkarren ondoren agertzen dira. Hala ere, segida irudimenean ez dago determinatuta ordenari dagokionez (ea zer den aurretik joan behar duena eta zer ondoren joan behar duena), eta hurrenez hurrengo errepresentazioen ilara aurrealderantz edo atzealderantz joango balitz bezala har daiteke. Sintesi hori atzematearen sintesi bat baldin bada (agerpen jakin baten anizkunkiaren sintesia), orduan ordena objektuan dago determinatua, edo, zehazkiago esanda, objektua determinatzen duen hurrenez hurrengo sintesiaren ordena bat dago, zeinaren arabera halabeharrez aurretik joan behar duen zerbaitek egon behar duen eta, behin hori ezarriz gero, honi beste gauza bat jarraiki behar zaion halabeharrez. Beraz, baldin eta nire hautemapenak benetan jazoera baten ezagutza barnebildu behar badu, hots, zerbait benetan gertatzen dela, orduan judizio enpiriko batek egon behar du, bertan segida determinaturik pentsatzen dela, h. d., bestelako agerpen bat aurresuposatzen duela denborari dagokionez, zeinari halabeharrez edo erregela baten arabera jarraiki zaion. Aitzitik, behin aurrekaria jarriz gero, jazoera ondoren halabeharrez ez baletor, orduan jazoera hori gure itxurapenen jolas soil bat bailitzan hartu beharko genuke eta, hala eta guztiz ere, zerbait objektiboa balitz bezala errepresentatuko bagenu, honi amets soila deitu beharko genioke. Horrela, beraz, agerpenen hartuemana da gure judizio enpirikoaren balio objektiboaren baldintza osatzen duena hautemapenen ilarari begira (agerpenak hautemapen ahalgarriak diren aldetik), eta beraz, bere egia enpirikoaren baldintza, eta horregatik, esperientziaren baldintza ere badena, eta hartueman horren arabera ondorengoa (gertatzen dena) bere izatean aurretik doan zerbaitek halabeharrez determinatuta eta denboran erregela baten arabera determinatuta dago, eta beraz, kausak efektuarekin duen hartuemana da baldintza hori. Horregatik, agerpenen segidan kausa-hartuemanaren oinarri-esakuneak esperientziaren objektu guztien aurretik balio du (segidaren baldintzapean), bera halako esperientziaren ahalgarritasunaren oinarria baita.

Hala ere, konpondu beharko dugun beste eragozpen bat agertzen zaigu hemen. Agerpenen kausa-elkarloturaren oinarri-esakunea beroien segidara zedarriztatuta dago gure formulan, baina oinarri-esakunea erabiltzerakoan ondoko beste agerpenei ere aplikatzerik izango dela eta kausa eta efektua aldiberekoak izan daitezkeela aurkitzen dugu. Adibidez, kanpoan sumatzen ez dugun berotasuna dago gelan. Horren kausaren bila ari naiz eta piztuta dagoen berogailu bat aurkitzen dut. Berogailua, kausa gisa, bere efektuarekin aldi berean da, gelako berotasunarekin, alegia; hemen, beraz, ez dugu kausaren eta efektuaren arteko segidarik denborari dagokionez, baizik biak aldiberekoak dira eta, hala eta guztiz ere, legeak oraindik ere balio du. Izadian aurkitzen ditugun kausa arazleen kopuru handiena beren efektuekin batera aldi berean izaten da, eta efektuen denbora-segida kausak bere efektu guztia bat-batean sortu ezinak eragiten du. Hala ere, efektua sortzen den lehen unean hau beti sortzen da bere kausaren kausalitatearekin batera, zeren kausak zertxobait lehenago existitzeari utziko balio, efektua ez bailitzateke sortuko. Hemen zera ohartu beharrean gaude: denboraren ordena ari garela aintzat hartzen, ez, ordea, bere igaroaldia; hartuemanak dirau, denborarik igaro ez den arren. Kausaren kausalitatearen eta bere berehalako efektuaren arteko denbora desagerkorra izan daiteke (biak, beraz, aldiberekoak izan daitezke), baina kausak efektuarekin duen hartuemanak determinagarria dirau denboraren ikuspuntutik. Burko bete baten gainean dagoen bola bertan zulo txiki bat sortzearen kausatzat jotzen badut, orduan kausa eta efektua aldiberekoak dira. Hala eta guztiz ere, biak bereizten ditut bien arteko elkarlotura dinamikoaren denbora-hartuemanaren bitartez. Izan ere, bola burkoaren gainean jartzen badut, bere aurreko tankera lauari ondoren zulo txikia jarraiki zaio; burkoak zulo bat duelako (eta ez dakit zergatik duen), ordea, ez da berunezko bola baten izaterik ondorioztatzen.

Beraz, denbora-segida, dena dela, efektuaren irizpide enpiriko bakarra da aurretik doan kausaren kausalitateari dagokionez. Basoa ura haren gainalde horizontalaz goiti igotzearen kausa da, bi agerpenak aldiberekoak izan arren. Izan ere, baso batez lagunduta ontzi handiago batetik ura atera ahala zerbait jarraiki zaio honi, hots, ontzi horretan urak zuen egoera horizontala aldatu egiten da basoaren forma ahurrari egokituz.

Kausalitate horrek ekintzaren adigaira garamatza, honek indarraren adigaira eta azken honen bitartez substantziaren adigaira iristen gara. Apriorizko ezagutza sintetikoaren iturburuei soilik dagokien nire asmo kritikoa adigaien argiketarekin (ez, ordea, hedapenarekin) zerikusia duen analisiarekin nahastu nahi ez dudanez gero, orduan arrazoimen hutsaren etorkizuneko sistema baterako utziko dut adigai horien azalpen xehea, nahiz eta horrelako analisiak hein handi batean jadanik ezagunak zaizkigun mota honetako testuliburuetan aurkitzen diren. Dena dela, ezin diot substantziaren irizpide enpirikoa aipatzeari utzi, substantzia ekintzaren bitartez agerpenen iraunkortasunaren eskutik baino hobeto eta errazago azaltzen baita.

Ekintza, eta beraz, ekimena eta indarra dauden lekuan substantzia ere badago, eta honetan besterik ez dugu bilatu behar agerpenen iturburu agortezin horren egoitza. Hori ongi esana dago; baina, ea substantziaz zer ulertzen dugun azaldu nahi bada, eta gurpil zoroa saihestu nahi bada, orduan erantzuna ez da hain erraza izango. Nola inferitu nahi da berehala ekilearen iraunkortasuna ekintzatik abiatuta, beronek substantziaren (phaenomenon) hain funtsezkoa eta hain berezia den ezagugarria osatzen duen arren? Galdekizunak ez du hainbesteko zailtasunik aipatutakoa aintzat hartzen baldin badugu, nahiz eta modu arruntean (bere adigaiekin analitikoki soilik jokatuz) erabat konponezina izango litzatekeen. Ekintzak jadanik kausalitatearen subjektuak efektuarekin duen hartuemana adierazten du. Hala ere, edozein efektu gertatzen den zerbaitez, eta beraz, segidaren ikuspuntutik denborak ezaugarritutako iragangarrikiaz osatzen denez gero, orduan iraunkorkia da aldatzen den guztiaren azken subjektua aldagarriki ororen substratu gisa, h. d., substantzia. Izan ere, kausalitatearen oinarri-esakunearen arabera, ekintzek beti osatzen dute agerpenen edozein aldakuntzaren lehenengo oinarria, eta beraz, ekintzak ezin dira aldi berean aldatzen den subjektuan aurkitu, zeren, orduan aldakuntza hori determinatuko luketen beste ekintza bat eta beste subjektu bat beharko baikenituzke. Ekintzak, beraz, irizpide enpiriko gogobetegarria den heinean, substantziatasuna frogatzen du lehen-lehenik hautemapenak alderatuz, beren iraunkortasunaren bila hasteko beharrik izan gabe, zeina, gainera, bide honetatik abiatuta ezingo genukeen egin adigaiaren hedapenak eta baliotasun orokor hertsiak eskatzen duten xehetasun guztiarekin. Izan ere, sortze guztien eta iraungitze guztien kausalitatearen aurreneko subjektuak aldi berean (agerpenen alorrean) ezin duela sortu eta iraungi, beharrezkotasun enpirikora eta izatearen iraunkortasunera, eta beraz, agerpen bat den substantziaren adigaira bidaltzen gaituen inferentzia segurua da.

Zerbait gertatzen denean, sortze soila da azterketaren gaia bere baitan, sortzen den hori zer izango ote den alde batera utziz. Azterketa lan bat behar du jadanik ez izatearen egoera batetik egoera horren izatera doan igarobide soilak, agerpenean egoera horrek ezein kualitaterik barnebiltzen ez duela onartuz gero. Goragoko A zatian frogatu denez, sortze hori substantziaren egoerari dagokio, eta ez substantzia berari (izan ere, hau ez da sortzen). Sortzea, beraz, aldaketa soila da, ez, ordea, ezerezetiko jatorria. Hau kausa arrotz baten efektutzat hartzen baldin bada, orduan sorkuntza izena jasotzen du, eta hau ezin da agerpenen arteko jazoera gisa onartu, bere ahalgarritasun soilak esperientziaren batasuna ezabatuko bailuke, nahiz eta, gauza guztiak berbaitango gauzatzat hartzen baditugu, eta ez fenomenotzat, eta adimen soilaren objektutzat hartzen baditugu, substantziak izan arren, bada, orduan beren izateari dagokionez kausa arrotz baten menpeko gisa har ditzakegun; honek, ordea, hainbestez, erabat bestelako hitz-esanahia erakarriko luke, eta hau ez litzateke egokia agerpenentzat, esperientziaren objektu ahalgarriak diren heinean.

Ea zerbait nola alda daitekeen oro har; ea nola den ahalgarri denboraren puntu bateko egoera bati egoera kontrajarri bat jarraitzea; honetaz ez dugu a priori adigairik. Horretarako enpirikoki baino eman ezin daitezkeen indar errealen ezagupena behar da, adibidez, indar higitzaileen ezagupena, edo gauza bera dena, halako indarrak iragartzen dituzten hurrenez hurrengo agerpen jakinen ezagupena (higidurak bezala). Hala ere, aldaketa guztien forma, hots, aldaketa egoera berri baten sortze gisa gertatu ahal izateko baldintza bakarra (aldaketaren edukia, h. d., aldatzen den egoera edozein izanda ere), eta beraz, egoeren segida bera (gertatutakoa) a priori kontsidera ditzakegu kausalitatearen legeen eta denboraren baldintzen arabera84.

Substantzia bat «a» egoera batetik «b» egoera batera igarotzen denean azken honen denbora-unea aurrenekoaren denbora-unearen ezberdina da, eta azkena aurrenekoari jarraiki zaio. Era berean, bigarren egoera aurrenekotik bereizten da, errealitatea den heinean (agerpenean), aurrenekoan ez baitzen errealitate hori, «b» zerotik bereizten den era berean; h. d., «b» egoera «a» egoeratik bere handitasunagatik soilik bereizten bada, orduan aldaketa «b-a»-ren sortzea da, eta hau ez genuen aurreko egoeran, eta horrela, horri begira aurreko egoera hori = 0 da.

Beraz, ea gauza bat «a» egoera batetik «b» egoera batera nola igarotzen den galdetzen da. Bi uneren artean beti dago denbora bat eta une horiei dagozkien bi egoeren artean beti aurkitzen dugu bereizketa bat handitasun jakin bati dagokionez (izan ere, agerpenen zati guztiak handitasunak dira era berean). Beraz, egoera batetik besterako igarobide guztiak bi uneren artean barnebildutako denbora batean gertatzen dira, aurreneko uneak gauzak abiatzean duen egoera determinatzen duela, bigarrenak, berriz, gauzak iristean duen egoera determinatzen duela. Beraz, bi uneak aldaketa baten denboraren mugak, eta beraz, bi egoeren arteko egoeraren mugak dira, eta mugak diren heinean, aldaketa osoaren osagarriak dira. Hala ere, aldaketa guztiek dute kausa bat, eta kausa horrek bere kausalitatea adierazten du aldaketa gertatzen den denbora guztian zehar. Kausa horrek ez du bat-batean sortuko aldaketa (berehala edo une batean), denbora batean baizik, eta ondorioz «a» hasierako unetik «b» unean osatzen den arte denbora gehitu egiten den era berean, errealitatearen («b-a») handitasuna ere aurrenekoaren eta bigarrenaren artean barnebildutako bere maila txikiagoetan zehar sortzen da. Beraz, aldaketa kausalitatearen etengabeko ekintza baten bitartez besterik ez da ahalgarria, eta kausalitate horrek, erregularra den heinean, momentua izena du. Aldaketa ez da momentu horietaz osatzen, baizik eta momentu horiek sortzen dute aldaketa hori beren efektu gisa.

Hau da, beraz, aldaketa guztien jarraitasunaren legea, zeinaren oinarria honetan datzan: ez denbora, ezta agerpena denboran ere, ez direla txikienak diren zatiez osatzen, eta, hala eta guztiz ere, gauza bat aldatzen denean, berau aurreneko egoeratik bigarrenerantz doanean bere osagaiak diren zati horietatik guztietatik igarotzen dela. Ez dago txikiena den errealkiaren bereizketarik, ez agerpenean, ezta denboren handitasunean ere, eta horrela, errealitatearen egoera berria errealitate hori oraindik ez zen aurreko egoeratik sortzen da, bere maila amaigabe bakoitza zeharkatuz, maila hauek elkarren artean duten bereizketa osotara zero eta «a» artean dagoena baino txikiagoa izaki.

Hemen gure autugaia ez da esakune horrek izadiaren ikerketan izan dezakeen onura. Bestalde, izadiaz dugun ezagutza itxuraz hainbeste hedatzen duen horrelako esakune bat erabat a priori ahalgarria izateak gure etsamina eskatzen du, nahiz eta begi-bistan dugunak esakune hori erreala eta zuzena dela frogatzen duen, eta horregatik, ahalgarritasun horren inguruko galdekizuna alde batera utzi nahi den. Izan ere, arrazoimen hutsaren bitartez gure ezagutza hedatzeko oinarrigabeko handiusteak hain ugariak dira, non oinarri-esakune orokor gisa hartu behar baitugu erabateko mesfidantza eta horrelako asmoetan ez sinestea eta horiek ez onartzea, baita frogarik argienaren eta dogmatikoenaren aurrean ere, asmo horiek aldean dedukzio zehatz bat sortzeko gauza diren agiriak ekarri ezean.

Ezagutza enpirikoaren gehikuntza oro eta hautemapenaren aurrerapen bakoitza barneko sentsuaren determinazioaren hedatze bat besterik ez dira, h. d., denboran gertatzen den aurrerabide bat, objektuak direnak direla ere, agerpenak nahiz begiespen hutsak. Denboran gertatzen den aurrerabide horrek guztia determinatzen du, baina bera beste ezein gauzak ez du determinatzen bere baitan, h. d., aurrerabide horren zatiak denboran soilik eta beronen sintesiaren bitartez ematen dira, ez dira denboraren aurretik. Horregatik, denboran ondoren datorren zerbaitera doan hautemapeneko edozein igarobide hautemapen horren produkzioaren bidezko denboraren determinazioa da, eta denboraren determinazio hori bere zati guztietan beti handitasun bat denez gero, orduan igarobidea hautemapen baten produkzioa da zerotik hasi eta bere maila determinaturaino maila guztiak zeharkatzen dituen handitasun gisa, horietako bat bera ere ez delarik txikiena. Hortik abiatuta argitzen da aldaketen legea a priori ezagut daitekeela aldaketen formaren arabera. Geure atzematea aitzinatu besterik ez dugu egiten, bere baldintza formala, dena dela, a priori ezagutu behar dugun atzematea, alegia, gugan baitago agerpen jakin ororen aurretik.

Beraz, denborak existitzen den horretatik hasi eta ondoren doan horretarainoko aurrerabide jarraituaren ahalgarritasunaren sentsuzko baldintza a priori barnebiltzen duen era berean, adimena ere apertzepzioaren batasunari esker denbora horretan agerpenen kokapen guztiak etenik egin gabe determinatzeko ahalgarritasunaren baldintza da kausen eta efektuen ilararen bitartez, kausek ezinbestean aldean dakartela efektuen izatea, eta honen bitartez, denbora-hartuemanen ezagutza enpirikoa edozein denboratan balio duen (orokorra den), eta beraz, objektiboki balio duen ezagutza bihurtzen dute.

C Hirugarren analogia[aldatu]

Aldiberekotasunaren oinarri-esakunea elkarrekintzaren legearen arabera, edo komunitatea

Substantzia guztiak, espazioan aldi berean hauteman ditzakegun

heinean, elkarrekintza osoan aurkitzen dira85.

Froga

Gauzak aldiberekoak dira begiespen enpirikoan gauza baten hautemapena bestearen hautemapenari jarraiki dakiokeenean, eta alderantziz (agerpenen denbora-segidan gerta ezin daitekeena, bigarren oinarri-esakunean frogatu den legez). Beraz, nire hautemapena aurrena ilargira eta gero lurrera bidera dezaket, edo alderantziz, aurrena lurrera eta gero ilargira, eta beren hautemapenak elkarren ondoren joan daitezkeelako diot aldi berean existitzen direla. Beraz, aldiberekotasuna anizkunkia denbora berberan existitzea da. Hala ere, denbora bera ezin dugu hauteman, denbora berberan gauzak ezarrita daudelako horrela hortik gauzen hautemapenak elkarren ondoren joan daitezkeela ondorioztatzearren. Irudimenaren sintesiak atzematean halako hautemapen bakoitza hautemapentzat onartuko luke, baldin eta subjektuan badago beste hautemapena bertan ez dagoenean, eta alderantziz, baina objektuak ez lituzke aldiberekotzat onartuko, h. d., bat hor dagoenean bestea ere aldi berean hor dagoenik onartuko, ezta hau beharrezkoa denik ere hautemapenak elkarren ondoren joan ahal izateko. Ondorioz, hautemapenen elkarren segida objektuan oinarritzen dela baieztatu nahi badugu, eta horrela, aldiberekotasuna gauza objektibo bat bailitzan errepresentatu nahi badugu, orduan batzuk beste batzuen kanpoan aldi berean hurrenez hurren existitzen diren gauzen determinazioen adimenaren adigai bat beharko dugu. Halere, substantzien hartueman hau, hots, substantzia batek oinarria beste substantzian duten determinazioak barnebiltzearen hartuemana, eraginaren hartuemana da, eta alderantziz, honek beste substantzian dauden determinazioen oinarria barnebiltzen badu, orduan komunitatearen edo elkarrekintzaren hartuemanaren aurrean izango gara. Beraz, ezin dugu substantziek espazioan duten aldiberekotasuna esperientzian ezagutu, beren arteko elkarrekintza baten aurresuposiziopean izan ezik; hau da, beraz, esperientziaren objektuak diren gauza beren ahalgarritasunaren baldintza86.

Gauzak denbora bat eta bakarrean existitzen diren heinean dira aldiberekoak. Nola dakigu, ordea, ea denbora bat eta bakarrean diren? Anizkunki horren atzematearen sintesian ordenak axola ez duenean jakiten dugu, h. d., A-tik E-ra, B, C eta D-n zehar igaro gaitezkeenean, edo alderantziz, E-tik A-ra. Izan ere, sintesia denborari dagokionez hurrenez hurrengoa balitz (A-n hasi eta B-n bukatzen den ordenan), orduan ez litzateke ahalgarria izango atzematea E-ren hautemapenean hastea eta atzera eginez A-raino jarraitzea, zeren A iraganaldiari bailegokio, eta beraz, ezingo bailuke atzematearen objektua izan.

Demagun substantzien anizkuntasun batean, hauek agerpenak diren aldetik, hauetako bakoitza erabat bakartua dagoela, h. d., beste substantzietan eragingo lukeen substantziarik edo bere aldetik horien eraginik jasoko ez lukeen substantziarik ez dagoela, bada, orduan zera diot: substantzia horien aldiberekotasuna ez litzatekeela ezein hautemapen ahalgarriren objekturik izango eta horietako baten izateak ez gintukeela gidatuko bestearen izatera sintesi enpirikoaren ezein bidetatik. Izan ere, substantzia horiek erabat kaskala den espazio batetik bereizita daudela pentsatzen badugu, orduan substantzia batetik bestera denboran aurrera egiten duen hautemapenak ondorengo hautemapen baten bitartez azken horren izatea determinatu ahal izango luke, baina ezingo luke bereizi ea agerpena objektiboki jarraiki ote zaion aurrenekoari edo, aitzitik, aldiberekoa ote den.

Beraz, izate soilaz gain beste zerbaitek egon behar du honela berorren bitartez A-k B-ri bere denborazko kokapena determinatzeko, eta alderantziz, B-k A-rena, zeren halako baldintzapean pentsatu ahal diren substantziak besterik ezin baitaitezke errepresentatu enpirikoki aldi berean existitzen direla. Baina gauza batek besteari denboran bere kokapena determinatzea eragiten duena beste gauza horren edo bere determinazioen kausa da. Beraz, esperientzia ahalgarriren batean aldiberekotasuna ezagutu behar baldin badugu, orduan substantzia bakoitzak (bere determinazioen ikuspuntutik baino ezin baitaiteke izan efektua) bere baitan barnebildu behar du determinazio jakin batzuek beste substantzietan duten kausalitatea eta, aldi berean, azken horien kausalitatearen efektuak ere bai, h. d., substantziek komunitate dinamikoan izan behar dute (zuzenki edo zeharbidez). Hortaz, objektuen esperientzia ahalbidetzen duen guztiak beharrezkoa izan behar du esperientzia horren objektu horiei begira. Beraz, beharrezkoa zaie agerpenean substantzia guztiei, aldiberekoak diren heinean, elkarrekin izatea elkarrekintzazko komunitate osatu batean.

Komunitate hitzak bi adiera ditu gure hizkuntzan, batetik, communio, eta bestetik, commercium. Hemen azkenengo zentzuan erabiltzen ari gara, komunitate dinamiko baten zentzuan, eta bera gabe tokiko komunitatea bera ere ezingo genuke enpirikoki ezagutu (communio spatii). Gure esperientzietatik abiatuta erraz ohar dezakegu espazioaren kokapen guztietan etengabeko eraginek soilik gida dezaketela gure sentsua objektu batetik bestera; gure begiaren eta unibertsoko gorputzen artean jolasten duen argiak horien eta gure artean zeharbidezko komunitate bat sortzen duela, horren bitartez gorputz horien aldiberekotasuna frogatuz; ezin dugula enpirikoki lekuz aldatu (aldaketa hori hauteman), materiak edonon gure kokapenaren hautemapena ahalbidetzen ez badu, eta materia honek bere aldiberekotasuna bere baitako elkar eraginaren bitartez soilik erakuts dezakeela, eta horren bitartez objektu urrutienen izankidetasuna ere bai (zeharbidez baino ez bada ere). Komunitaterik gabe, edozein hautemapen (agerpenaren hautemapena espazioan) besteetatik bereizita egongo litzateke, eta errepresentazio enpirikoen katea, h. d., esperientzia, hasieratik hasiko litzateke objektu berri bakoitzarekin, aurreko esperientziak honekin ezein elkarketarik edo denbora-hartuemanik izateko ahalbiderik gabe. Horrekin ez dut espazio kaskala errefusatu nahi; izan ere, berau gure hautemapenak iristen ez diren lekuetan izan daiteke, eta beraz, aldiberekotasunaren ezagutza enpirikorik gertatzen ez den lekuan; baina, hainbestez, ez da gure esperientzia ahalgarriaren ezein objekturik.

Orain datorrena aurretik esandakoa azaltzeko baliagarria izango zaigu. Esperientzia ahalgarri batean barnebilduta dauden heinean, agerpen guztiek apertzepzioaren komunitate (communio) baten barnean egon behar dute gure gogamenean, eta objektuak aldi berean existituz elkarlotuta errepresentatu behar diren heinean, hauek beren kokapena denboran elkar determinatu, eta horrela, osoki bat eratu behar dute. Baldin eta komunitate subjektibo horrek oinarri objektibo batean funtsatu behar badu, edo substantzia gisako objektuei lotu behar bazaie, orduan agerpen baten hautemapenak, oinarri gisa, bestearen hautemapena ahalbidetu behar du, eta alderantziz, honela atzemateak diren hautemapenetan beti dagoen segida objektuei ez atxikitzeko, baizik objektu horiek aldi berean izanik errepresentatu ahal izateko. Hau elkarreragina da, h. d., substantzien benetako komunitate bat (commercium), eta honen gabezian ezinezkoa da aldiberekotasunaren hartueman enpirikoa esperientzian. Commercium horren bidez agerpenek, batzuk besteetatik at egon arren, elkarlotuta dauden heinean elkartuki bat osatzen dute (compositum reale), eta composita horiek era ezberdinetan dira ahalgarriak. Hiru hartueman dinamikoak, beraz, inherentzia, kontsekuentzia eta elkarketarenak dira, eta beraietatik abiatuta sortzen dira gainerako guztiak.


*  *  *

Horiek dira, beraz, esperientziaren hiru analogiak. Agerpenen izatea denboraren hiru modi-en arabera denboran determinatzen duten oinarri-esakuneak besterik ez dira: denbora berarekin hartuemanean handitasun gisa (izatearen handitasuna, h. d., luze-laburra), denboran den hartuemanean ilara gisa (elkarren segidan) eta, azkenik, denboran den hartuemanean izate ororen multzo gisa (aldiberekotasuna). Denboraren determinazioaren batasun hori erabat dinamikoa da, h. d., denbora ez da hartzen esperientziak izate bakoitzari bere kokapena zuzenki adierazten dion zerbait bailitzan, hori ez baita ahalgarri, zeren denbora absolutuak ez baitu agerpenak alderatu ahal izango dituen hautemapenaren objektu bat osatzen; baizik eta adimenaren erregela da agerpenen izateak denbora-hartuemanen araberako batasun sintetikoa lortu ahal izateko bide bakarra, hots, agerpen bakoitzari denboran duen kokapena a priori eta denbora orotan balio duela determinatzen dion erregela.

Izadiaz zera ulertzen dugu (adiera enpirikoan): agerpenen bilkura beren izatearen arabera beharrezko erregelei jarraiki, h. d., legeei jarraiki. Beraz, lege jakin batzuk dira, eta apriorizkoak gainera, lehen-lehenik izadi bat ahalbidetzen dutenak; lege enpirikoak esperientziaren bidez eta jatorrizko lege horien arabera soilik izan eta aurki daitezke, jatorrizko lege horiek izaki esperientzia bera ahalbidetzen dutenak. Beraz, gure analogia hauek izadiaren batasuna aurkezten dute esponente jakin batzuen menpeko agerpen guztien bilkuran, eta esponente horiek denbora-hartuemana besterik ez dute adierazten apertzepzioaren batasunari dagokionez (denborak izate oro bere baitan jasotzen duen heinean), zeina erregelen arabera egikaritzen den sintesian besterik ezin den gertatu. Hirurek batera zera diote, beraz: agerpen guztiak izadi batean dautzala eta bertan izan behar dutela, zeren, apriorizko batasun hori izango ez balitz, orduan esperientziaren batasunik ez bailegoke, eta beraz, bertan ezinezkoa bailitzateke objektuen determinazio oro.

Lege transzendental horietan erabili izan dugun froga-eraz eta froga horren berezitasunaz zerbait oharrarazi beharrean gaude, aldi berean sintetikoak eta intelektualak diren esakuneak a priori frogatu nahi diren bakoitzean bete beharreko arau gisa berebiziko garrantzia izan behar duen zerbait. Analogia horiek dogmatikoki frogatu nahi izan bagenitu, h. d., adigaietatik abiatuta frogatu nahi izan bagenu existitzen den guztia iraunkorra denean soilik aurki daitekeela; edozein jazoerak aurreko egoeran zerbait aurresuposatzen duela, zeinari erregela baten arabera jarraiki zaion; azkenik, aldi berean den anizkunkian elkarrekin harremanean dauden egoerak erregela baten arabera direla aldi berean (komunitatean daudela), orduan gure ahalegin guztiak alferrikakoak izango lirateke. Izan ere, objektu batetik edo bere izatetik ezin da igaro beste objektu baten izatera edo izateko erara gauza horien adigai soilen bitartez, horietaz egingo den analisia edozein izanda ere. Zein aukera geratzen zitzaigun, hortaz? Esperientziaren ahalgarritasuna, ezagutza baten ahalgarritasuna den heinean, bertan objektu guztiak eman ahal behar zaizkigula, baldin eta beren errepresentazioak guretzat errealitate objektibo bat eduki behar badu. Funtsezko formatzat agerpen guztien apertzepzioaren batasun sintetikoa duen hirugarren osagai horretan agerpenean dagoen edozein izateren denbora-determinazio osoaren eta beharrezkoaren apriorizko baldintzak aurkitzen genituen, eta honen gabezian denboraren determinazio enpiriko bera ere ez litzateke ahalgarria izango, eta apriorizko batasun sintetikoaren erregelak ere aurkitzen genituen eta hauen bitartez esperientzia aitzinatu ahal izan genuen. Oinarri askiaren esakunea frogatzeko behin eta berriz egindako saialdiek huts egin badute, metodo horren gabeziagatik eta adimenaren erabilera enpirikoak berorren printzipioak bailiran hartzen dituen esakune sintetikoak dogmatikoki frogatzeko lilurakeriagatik izan da. Isilean gainerako bi analogiez baliatzen ginen arren87, inork ez du horietan pentsatu, zeren kategorien gida-haria falta baitzen, hau izaki adimenaren edozein hutsune aurki edo oharrarazi dezakeen bakarra adigaiei nahiz oinarri-esakuneei dagokienez.

4

Pentsatze enpirikoaren postulatuak oro har

1. Esperientziaren baldintza formalekin (begiespenaren eta adigaien arabera) adosten dena ahalgarria da.

2. Esperientziaren baldintza materialekin (sentsazioarekin) elkartzen dena erreala da.

3. Errealkiarekiko bilkura esperientziaren baldintza orokorren arabera determinatua duena halabeharrez (existitzen) da.

Azalpena

Modalitatearen kategoriek hau dute berezia: beraiek predikatu gisa atxikitzen zaizkion adigaiari ezin diotela deus ere gaineratu, adigaia objektuaren determinazioa den heinean, baizik ezagumenarekin hartuemana soilik adierazten dutela. Gauza baten adigaia jadanik erabat osoa bada, orduan oraindik objektu honetaz galde dezaket ea ahalgarria, edo baita erreala den, edo hau bada ea orduan halabeharrez den. Honen bitartez ez dira determinazio gehiago pentsatzen objektuan, baizik hau baino ez da galdetzen: nola jokatzen du (bere determinazio guztiekin) adimenari eta bere erabilera enpirikoari, juzgamen enpirikoari eta arrazoimenari dagokienez (esperientziari aplikatzean)?

Honegatik, modalitatearen oinarri-esakuneak ahalgarritasuna, errealitatea eta beharrezkotasunaren adigaien argipenak besterik ez dira beren erabilera enpirikoan, eta aldi berean kategoria ororen murriztapena dira enpirikoa soilik den erabilerara, erabilera transzendentala onartu eta baimendu gabe. Izan ere, hauek esanahi logiko soila ez baldin badute, eta pentsatzearen forma analitikoki adierazi behar ez badute, baizik gauzak eta beren ahalgarritasuna, errealitatea eta beharrezkotasunari badagozkie, orduan esperientzia ahalgarrira eta bere batasun sintetikora jo behar dute, ezagutzaren objektuak hemen besterik eman ezin daitezkeenez.

Gauzen ahalgarritasunaren postulatuak, beraz, beren adigaiak esperientzia baten baldintza formalekin ados jartzea eskatzen du. Honek, hots, oro har esperientziaren forma objektiboak objektuen ezagutzarako behar den sintesi oro barnebiltzen du. Bere baitan sintesi bat biltzen duen adigaia kaskala balitz bezala hartu behar da, eta ezein objekturi ez zaio lotzen, sintesi hau esperientziari ez badagokio, bai honetatik mailegatua gisa, eta orduan adigai enpirikoa deitzen zaio, bai oro har esperientzia (bere forma) honetan funtsatzen dela apriorizko baldintza gisa, eta orduan adigai hutsa da, dena dela, esperientziari dagokiona, bere objektua honetan soilik aurki baitaiteke. Izan ere, nondik atera nahi da apriorizko adigai sintetiko baten bitartez pentsatutako objektu baten ahalgarritasunaren izaera, objektuen ezagutza enpirikoaren forma osatzen duen sintesitik abiatuta ez bada? Beharrezko baldintza logikoa da halako adigaietan kontraesanik ez dela egon behar; baina ez da inolaz ere baldintza gogobetegarria adigaiaren errealitate objektiborako, h. d., adigaiaren bitartez pentsatutako objektuaren ahalgarritasunerako. Bi lerro zuzenen artean bildutako figuraren adigaian ez dago kontraesanik, izan ere, bi lerro zuzenen eta beren bateratzearen adigaiek ez dute figura baten ukapenik barnebiltzen; ezintasuna ez da funtsatzen adigaietan beren baitan, baizik beren eraiketan espazioan, h. d., espazioaren baldintzetan eta bere determinazioan; baldintza hauek, ordea, beren errealitate objektiboa dute gainera, h. d., gauza ahalgarriei lotzen zaizkie, hauek beren baitan oro har esperientziaren forma a priori barnebiltzen dutelako.

Eta orain ahalgarritasunaren postulatu honen onura zabala eta eragina begi-bistan jarri nahi ditugu. Iraunkorra den gauza errepresentatzen badut, bertan aldatzen den guztia bere egoerari dagokiola, orduan inoiz ezin dut ezagutu halako adigaitik soilik abiatuta halako gauza bat ahalgarria denik. Edo bera ezartzean beti eta ezinbestean ondoren beste zerbait ondorioztatzen den moduan antolatuta dagoen zerbait errepresentatzen badut, orduan hau kontraesanik gabe pentsa daiteke horrela; baina hortik abiatuta ezin da juzgatu ea halako berekitasuna (kausalitate gisa) gauza ahalgarri batean badagoen. Azkenik, honela antolatuta dagoen hainbat gauza (substantziak) errepresenta dezaket: baten egoerak bestearenean eragiten duela, eta alderantziz; hala ere, ezin da hautazko sintesi soila barnebiltzen duten adigai horietatik abiatuta ondorioztatu halako hartuemana gauzaren bati egokitu ahal zaionik. Beraz, adigai hauek hautemapenen hartuemanak esperientzia bakoitzean a priori adierazten dituztelako soilik ezagutzen da haien errealitate objektiboa, h. d., beren egia transzendentala, eta gainera, noski, esperientziatik beregainki, baina ez oro har esperientzia baten formarekin eta batasun sintetikoarekin duten harreman orotatik beregainki, hauetan baino ezin baitaitezke ezagutu objektuak enpirikoki.

Orain, ordea, hautemapenak eskaintzen digun ekaitik substantzia, indarra eta elkarreraginen adigai erabat berriak sortu nahi izanez gero, esperientzia beretik beren elkarloturaren adibidea hartu gabe, orduan asmakeria soilak gertatuko litezke, eta hauen ahalgarritasunak ez du ezein ezagugarririk bere baitan, zeren esperientzia ez baita hartzen maistra gisa, eta era berean, ez baitira adigai horiek bertatik hartzen. Halako adigai asmatuek ezin dute beren ahalgarritasunaren izaera kategoriak bailiran a priori jaso, esperientzia oro beren menpean duten baldintzak bailiran, baizik a posteriori esperientziaren bitartez emanak diren heinean besterik ez, eta beren ahalgarritasuna a posteriori eta enpirikoki ezagutzen da, edo ezin da bestela inolaz ere ezagutu. Iraunkorki espazioan presente dagoen baina hau betetzen ez duen substantzia (materia eta zerizan pentsatzailearen arteko erdiko gauza gisa, batzuek onartu nahi izan duten gauza), dela etorkizuna aurretik begiesteko gure gogamenaren oinarrizko indarren bat (ez hori ondorioztatzekoa soilik), dela gizakiekin pentsamenduen komunitatean egoteko bere ahalmen bat (nahi den bezain urrun egonda ere); hauek denak oinarrigabeko ahalgarritasuna duten adigaiak dira, ahalgarritasun hau esperientzia eta bere lege ezagunetan ezin baita oinarritu, eta honen gabezian hautazko pentsamenduen lotura besterik ez dira, zeinak, ezein kontraesanik ez badu ere, hala ere, errealitate objektiboaren eta, beraz, hemen pentsatu nahi diren objektuen ahalgarritasunaren uzirik ez duen. Errealitateari dagokionez, berez dago debekatua halakoa in concreto pentsatzea esperientziaren laguntzarik gabe, zeren hau sentsazioari soilik lot baitakioke, hau esperientziaren materia den heinean, eta ez baitu zerikusirik hartuemanaren formarekin; honekin, edozein kasutan, asmakizunetara jolas genezakeen.

Alde batera uzten dut, ordea, bere ahalgarritasuna errealitatetik abiatuta esperientzian lor daitekeen gauza oro, eta hemen apriorizko adigaien bidezko gauzen ahalgarritasuna baino ez dut kontsideratzen, eta hauetaz oraindik honakoa baieztatzen dut: ez direla berez gertatzen adigai hauetatik soilik abiatuta, baizik beti oro har esperientzia baten baldintza formal eta objektibo gisa besterik ez.

Itxuraz hiruki baten ahalgarritasuna bere baitan ezagut daiteke bere adigaitik abiatuta (ziurki esperientziatik beregaina da); izan ere, egitatean, objektu bat eman diezaiokegu, h. d., bera eraiki dezakegu erabat a priori. Hau, ordea, objektu baten forma besterik ez denez gero, orduan honek beti ere irudimenaren produktua izaten iraungo luke, eta bere objektuaren ahalgarritasunak zalantzagarria izaten iraungo luke, horretarako zerbait gehiago beharko balitz bezala, hots, halako figura esperientziaren objektu denek oinarritzat hartzen duten baldintzapean soilik pentsatua izatea. Halako gauzaren ahalgarritasunaren errepresentazioa adigai horrekin elkarlotzen duena espazioa kanpoko esperientzien apriorizko baldintza formala izatea eta irudimenean hiruki bat eraikitzeko sintesi eratzailea guk agerpen baten atzematean agerpena esperientzia-adigai bihurtzeko erabiltzen dugun sintesiaren berbera izatea besterik ez da. Eta horrela, handitasun jarraituen ahalgarritasuna, eta gainera, handitasunena oro har, horien adigaiak osotara sintetikoak direnez, ez dira argitzen adigai beraietatik abiatuta, baizik lehen-lehenik beraietatik abiatuta objektuek oro har esperientzian jasotzen duten determinazioaren baldintza formalak diren heinean; eta non nahiko lirateke bilatu adigaiei egokitzen zaizkien objektuak, objektuak ematen dituen gauza bakarra den esperientzian ez bada? Dena dela, esperientzia aitzinatu gabe ere gauzen ahalgarritasuna ezagut eta ezaugarri dezakegu, baina bertan oro har zerbait objektu gisa emateko baldintza formalekin harremanean soilik, eta beraz, erabat a priori, baina esperientziarekin harremanean eta bere mugen barnean besterik ez.

Gauzen errealitatea ezagutzeko postulatuak hautemapena eskatzen du, eta beraz, sentsazioa bere kontzientziarekin batera, baina ez zuzenki bere izatea ezagutu behar dugun objektu berarena; bai, ordea, hautemapen erreal batekin bilkura esperientziaren analogien arabera, hots, oro har esperientzia bateko elkarlotura erreal oro erakusten duten analogien arabera.

Gauza baten adigai soilean ezin da bere izatearen izaerarik aurkitu. Izan ere, bera hain osoa izan arren, non ezer ez baitzaio falta gauza bat bere barneko determinazio guztiekin pentsatzeko, dena dela, izateak honekin guztiarekin ez du zerikusirik, baizik galdekizun honekin besterik ez: ea halako gauza bat guri emana zaigun bere hautemapena adigaiaren aurretik etorri ahal izateko moduan. Izan ere, adigaia hautemapenaren aurretik etortzeak bere ahalgarritasun soila adierazten du; adigaiari bere ekaia ematen dion hautemapena, ordea, errealitatearen izaera bakarra da. Gauzaren izatea, ordea, bere hautemapenaren aurretik ere ezagut daiteke alderagarriki a priori, baldin eta hautemapen batzuekin soilik elkartzen bada bere (analogien) elkarlotura enpirikoaren oinarri-esakuneen arabera. Izan ere, hainbestez, gauzaren izatea gure hautemapenekin elkartua dago esperientzia ahalgarri batean, eta analogia haien gida-hariarekin gure hautemapen errealetik gauzara irits gaitezke hautemapen ahalgarrien ilaran. Horrela, gorputz denetan sartzen den materia magnetikoaren izatea erakarritako altzairuen karraskaduren hautemapenaren bitartez ezagutzen dugu, gure organoen antolaeraren arabera ekai honen hautemapen zuzena ezinezkoa den arren. Izan ere, gure sentsuak finagoak balira, beren zakartasuna oro harrezko esperientzia ahalgarriaren autugaia ez denez gero, orduan beren begiespen enpiriko zuzenera iritsiko ginateke esperientzia batean sentimenaren legeen eta gure hautemapenen testuinguruaren arabera. Beraz, gauzen izatearen gure ezagutza hautemapena eta honen lege enpirikoetaranzko joera iristen diren bezain urrun heltzen da. Esperientziatik ez bagara abiatzen edo agerpenen bilkura enpirikoaren arabera jokatzen ez badugu, orduan alferrik nahi izango dugu gauzaren baten izatea asmatzea edo ikertzea. Izatea zeharbidez frogatzeko erregela hauen aurkako objekzio boteretsua egiten du, ordea, idealismoak, eta bere errefusapenak hemen aurkitzen du gune egokia88.


*  *  *

Idealismoaren errefusapena

Idealismoa (idealismo materialaz ari naiz) gure kanpoko objektuak espazioan izatea zalantzagarritzat eta frogaezinezkotzat soilik edo faltsutzat eta ezinezkotzat ere adierazten duen teoria da; lehena, Descartesen idealismo problematikoa da, baieztapen enpiriko Bakarra adierazten duena zalantzaezintzat, hots, «banaiz»; bigarrena, Berkeleyren idealismo dogmatikoa da, espazioa, honi baldintza bereiztezin gisa atxikitzen zaizkion gauza denekin batera, bere baitan ezinezkotzat adierazten duena, eta horregatik, espazioan dauden gauzak ere irudikapen soiltzat adierazten dituena. Idealismo dogmatikoa ezinbestekoa da espazioa berbaitango gauzei dagokien berekitasun gisa hartzen bada; izan ere, hor bera eta berekin batera berak baldintzatzat duen guztia ezgauza bat da. Idealismo honen oinarria, ordea, Estetika transzendentalean ezeztatu dugu. Idealismo problematikoak ez du horrelakorik baieztatzen, baizik eta gugandik kanpoko izate baten esperientzia zuzena frogatzeko ezgaitasuna adierazten du, eta idealismo hau arrazoizkoa eta pentsamolde filosofiko zehatz baten araberakoa da, hots, froga gogobetegarria aurkitu aurretik ezein judizio erabakigarririk ez egitea. Eskatzen den frogak, beraz, guk kanpoko gauzez esperientzia dugula erakutsi behar du, eta ez soilik irudikapena; hau zera frogatu ahal bada soilik gerta daiteke: Descartesek zalantzaezinezkotzat zuen barneko esperientzia ere kanpoko esperientziaren aurresuposiziopean besterik ez dela ahalgarria.


Teorema

Nire izatearen kontzientzia soil nahiz enpirikoki determinatuak espazioan nire kanpoan dauden objektuen izatea frogatzen du.

Froga

Ni neure izateaz kontziente naiz, denboran determinatuta nagoen heinean. Denboraren determinazio orok zerbait iraunkorra aurresuposatzen du hautemapenean. Iraunkorki honek, ordea, ezin du nigan dagoen ezer izan; zeren nire izatea ere iraunkorki honen bitartez determinatu behar baita denboran lehen-lehenik89. Beraz, iraunkorki honen hautemapena nigandik kanpo dagoen gauza batetik eta nigandik kanpo dagoen gauza baten errepresentazio soiletik abiatuta da ahalgarria. Ondorioz, nire izatearen determinazioa denboran nik nigandik kanpo hautematen ditudan gauza errealen existentziaren bitartez besterik ez da ahalgarria. Baina kontzientzia denboran denbora-determinazioaren ahalgarritasunaren kontzientziarekin lotuta dago halabeharrez; beraz, nigandik kanpo dauden gauzen existentziarekin ere lotuta dago halabeharrez denbora-determinazioaren baldintza gisa; h. d., neure izatearen kontzientzia aldi berean nigandik kanpoko beste gauzen izatearen kontzientzia zuzena da.

1. oharra. Ohartuko da aurreko frogan idealismoaren jolasa bere aurka bihurtzen dela eskubide gehiagorekin. Idealismoak onartu zuen esperientzia zuzen bakarra barnekoa dela eta kanpoko gauzak hortik abiatuta inferitu baino ezin daitezkeela egin, baina hau ez da ziurra gertatzen beti emandako efektuetatik kausa determinatuak inferitzen direnean, zeren guk agian faltsuki kanpoko gauzei egozten dizkiegun errepresentazioen kausa gugan egon baitaiteke. Baina hemen frogatu da kanpoko esperientzia benetan zuzena dela90, eta gure existentziaren kontzientzia ez, baina bere determinazioa denboran, h. d., barneko esperientzia bere eskutik besterik ez dela ahalgarria. Noski, «banaiz» errepresentazioa, pentsamendu orori lagun egin diezaiokeen kontzientzia adierazten duena, zuzenki subjektu baten existentzia bere baitan barnebiltzen duena da, baina ez da oraindik bere ezagutzarik, eta beraz, ezta ezagutza enpirikorik ere, h. d., ez da esperientziarik; izan ere, horri existitzen den zerbaiten pentsamenduaz gain begiespena ere baitagokio, eta hemen barneko begiespena dagokio, eta berari begira, h. d., denborari begira determinatu behar da subjektua, eta honetarako beti ere kanpoko objektuak behar dira, eta ondorioz, barneko esperientzia bera zeharbidez soilik eta kanpokoaren bidez besterik ez da ahalgarria.

2. oharra. Honekin guztiz ados dago gure ezagumenaren esperientzia-erabilera oro denboraren determinazioan. Kontua da denbora-determinazio oro kanpoko hartuemanen aldakuntzari dagokionez (higidura) espazioan iraunkorkiarekin harremanean (adibidez, eguzkiaren higidura lurreko objektuei begira) hauteman ahal izateaz gain substantziaren adigaia oinarritu ahal izateko ezer iraunkorrik ez daukagula, hau begiespena den aldetik, materia soila izan ezik, eta iraunkortasun hau bera ez da kanpoko esperientziatik sortzen, baizik eta a priori aurresuposatzen da denbora-determinazio ororen beharrezko baldintza gisa, eta beraz, barneko sentsuaren determinazio gisa ere aurresuposatzen da kanpoko gauzen existentziaren bitartez gure izate propioari begira. «Nia» errepresentazioan dudan neure buruaren kontzientzia ez da begiespena, subjektu pentsatzaile baten berezkotasunaren errepresentazio intelektual soila baizik. Horregatik, «nia» honek ez dauka iraunkorra izanik barneko sentsuko denbora-determinazioarentzat baliagarria izango litzatekeen begiespenaren predikatu bat bera ere korrelato moduan; adibidez, materian sartuezintasuna den legez, materia begiespen enpirikoa den heinean.

3. oharra. Norbere buruaren kontzientzia determinatuaren ahalgarritasunerako kanpoko objektuen existentzia behar izatetik ez da ondorioztatzen kanpoko gauzen errepresentazio begiesgarri orok aldi berean bere existentzia barnebiltzen duenik, izan ere, hura irudimenaren efektu soila ere izan daiteke (ametsetan eta eroaldian); errepresentazio hori aurretik doazen kanpoko hautemapenen birprodukzioari esker baino ez dago, alegia, kanpoko objektuen errealitatearen bitartez soilik ahalgarriak diren hautemapenen birprodukzioari esker, azaldu den moduan. Hemen, hau besterik ez zen frogatu behar: barneko esperientzia oro har kanpoko esperientziaren bitartez soilik dela ahalgarria. Ustezko esperientzia bat edo beste irudikapen soila ez ote den bere determinazio berezien arabera eta esperientzia erreal ororen irizpideekin erkaketa eginez erabaki behar da.


*  *  *

Azkenik, hirugarren postulatuari dagokionez, honek izatean aurkitzen den beharrezkotasun materialaz dihardu, ez adigaien elkarloturako beharrezkotasun formal eta logiko soilaz. Sentsuen objektuen existentziarik ezin daitekeenez osoki a priori ezagutu, baina bai alderagarriki a priori jadanik emandako izate bati dagokionez, eta hala ere, nonbait esperientziaren bilkuran barnebildua egon behar duen existentzia batera iritsi ahal garenez gero, hau hautemapen jakin horren zatia izaki, orduan existentziaren beharrezkotasuna ezin da ezagutu inolaz ere adigaietatik abiatuta, baizik beti hautemana denarekin duen elkarloturatik abiatuta esperientziaren lege orokorren arabera. Hortaz, beste agerpen jakinen baldintzapean ezin da izaterik ezagutu halabeharrez, kausalitatearen legeen arabera kausa jakinetatik sortzen den efektuen izatea izan ezik. Beraz, ez da gauzen (substantzien) izatearen beharrezkotasuna, baizik beren egoerarena guk ezagut dezakeguna, eta gainera, hautemapenean ematen diren beste egoeretatik abiatuta eta kausalitatearen lege enpirikoei jarraiki. Hemendik zera ondorioztatzen da: beharrezkotasunaren irizpidea esperientzia ahalgarriaren legean baino ez datzala; gertatzen den guztia bere kausaren bidez a priori determinatuta dagoela agerpenean. Horregatik, beren kausa emana zaigun efektuen beharrezkotasuna soilik ezagutzen dugu izadian, eta beharrezkotasunaren ezaugarria izatean ez da iristen esperientzia ahalgarriaren alorrera baino, eta honetan ere ez du gauzen existentziaz balio, gauzok substantziak diren aldetik, zeren hauek ezin baitira inoiz efektu enpirikoak bezala edo gertatzen eta sortzen den zerbait bezala begiztatu. Beharrezkotasuna, beraz, kausalitatearen lege dinamikoen araberako agerpenen hartuemanari eta bertan oinarritzen den (kausa baten) izate jakin batetik a priori beste baten (efektuaren) izatea inferitzeko ahalgarritasunari soilik dagokie. «Gertatzen den oro hipotetikoki beharrezkoa da»; oinarri-esakune honek munduko aldaketak lege bati menperatzen dizkio, h. d., beharrezko izatearen erregela bati, eta honen gabezian inolaz ere ez legoke izadirik. Horregatik, «ezer ez da gertatzen ausaz (in mundo non datur casus)» esakunea apriorizko izadiaren legea da; halaber, «izadian beharrezkotasuna ez da itsua, baizik baldintzatua, eta beraz, beharrezkotasun ulergarria (non datur fatum)». Aldaketen jolasa bi lege hauen arabera gauzen izaeraren menpean geratzen da (gauzok agerpenak diren aldetik), edo gauza bera dena, adimenaren batasunaren menpean, eta haiek bertan soilik koka daitezke esperientzia batean, hau agerpenen batasun sintetikoa den aldetik. Bi oinarri-esakune hauek dinamikoak dira. Lehena, benetan kausalitatearen oinarri-esakunearen ondorioa da (esperientziaren analogien artean). Bigarrena, modalitatearen oinarri-esakuneei dagokie, eta kausazko determinazioari gainera adimenaren erregela baten menpean dagoen beharrezkotasunaren adigaia gehitzen dio. Jarraitasunaren printzipioak edozein jauzi debekatzen du agerpenen (aldaketen) ilaran («in mundo non datur saltus»), eta era berean bi agerpenen arteko zulo edo arrakala oro debekatzen du espazioaren sintesi enpirikoaren multzoan («non datur hiatus»); izan ere, hortaz, esakunea horrela azal daiteke: «esperientzian ezin da hutsunea (vacuum) aurkezten duen edo hutsunea sintesi enpirikoaren zati gisa baimentzen duen ezer onartu». Izan ere, (munduaren) esperientzia ahalgarriaren alorretik at pentsa daitekeen hutsuneari dagokionez, hau ez dagokio adimen soilaren eskumenari, honek agerpen jakinek ezagutza enpirikorako duen erabileraz baino ez baitu erabakitzen, eta arrazoimen idealaren arazoa da, esperientzia ahalgarriaren esferatik goiti ihesten den eta hau inguratu eta mugatzen duenaz juzgatu nahi duen arrazoimenaren arazoa, alegia, eta horregatik Dialektika transzendentalean kontsideratu behar da. Lau esakune hauek («in mundo non datur hiatus», «non datur saltus», «non datur casus», «non datur fatum») eta orobat jatorri transzendentaleko oinarri-esakune oro erraz aurkez ditzakegu beren ordenaren arabera kategorien ordenari jarraiki, eta bakoitzari bere kokalekua erakuts geniezaioke, baina hau irakurle saiatuak norberak egingo du, edo horretarako gida-haria erraz aurkituko du. Esakune guztiek, ordea, honetan besterik ez dute bat egiten, hots, sintesi enpirikoan adimenari eta agerpen ororen bilkura jarraituari, h. d., bere adigaien batasunari kaltetu edo eragingo ahal liekeen ezer ez dutela onartzen. Izan ere, adimenean soilik ahalbidetzen da esperientziaren batasuna eta hemen izan behar dute hautemapen guztiek beren egoitza.

Ea ahalgarritasunaren alorra errealki oro barnebiltzen duena baino handiagoa den eta hau, ordea, bere aldetik beharrezkoa dena baino handiagoa den, galdekizun egokiak eta konponketa sintetikoa dutenak dira, baina, bestalde, arrazoimenaren eskumenari baino ez dagozkionak; izan ere, hau adina esan nahi dute: ea gauza guztiak, agerpenak diren aldetik, osorik esperientzia bakarraren multzoan eta testuinguruan kokatzen diren, hautemapen jakin bakoitza horren zati den, eta beraz, beste agerpenekin ezin daitekeen lotu, edo ea nire hautemapenak esperientzia ahalgarri bat baino gehiagotan koka daitezkeen (beren bilkura orokorrean). Adimenak a priori esperientziari oro har sentimena eta apertzepzioaren erregelak ematen dizkio baldintza subjektibo eta formalen arabera, eta hauek besterik ez dute ahalbidetzen hura. Begiespenaren beste formak (espazioaz eta denboraz gain) eta era berean adimenaren beste formak (pentsatzearen forma diskurtsiboaz edo adigaien bidezko ezagutzaz gain) ahalgarriak balira ere, hauek ezin ditugu asmatu eta ulertu, eta hau egin ahal izango bagenu ere, ezingo litzaizkioke esperientziari egokitu, hau objektuak ematen dizkigun ezagutza bakarra den aldetik. Adimenak ezin du erabaki ea oro har gure esperientzia ahalgarri osoari dagozkionez gain beste hautemapenak dauden, eta beraz, materiaren erabat bestelakoa den alorra egon daitekeen, bere autugaia emandakoaren sintesia besterik ez baita. Horrez gain, gure ohiko inferentzien txirotasuna begi-bistan nabarmentzen zaigu, eta honen bidez ahalgarritasunaren erresuma handia sortzen dugu, (esperientziaren objektuen) errealki oro bere zati txikia izaki. «Errealki oro ahalgarria da» esakunetik ondorioztatzen da berezko eran, konbertsioaren erregela logikoari jarraiki, esakune partikular soil hau: «ahalgarria den zerbait erreala da»; zeinak hau esan nahi duen itxuraz: «ahalgarria den asko dago erreala ez dena». Badirudi ahalgarria denaren kopurua erreala denaren kopuruaren gainetik handi daitekeela, lehenari zerbait erantsi behar baitzaio bigarrena osatzeko. Halere, ahalgarria denari egindako eransketa hori ez dut ezagutzen. Izan ere, oraindik erantsi beharko litzatekeena ezinezkoa izango liteke. Nire adimenari esperientziaren baldintza formalekin bat egiteaz gain zerbait erants dakioke, hots, hautemapen batekin elkarlotura; baina honekin lege enpirikoen arabera elkarlotuta dagoena erreala da, zuzenki hautemana ez den arren. Hala ere, ezin da inferitu emandakotik abiatuta, eta are gutxiago, zerbait ematen ez bazaigu, ea hautemapenean ematen zaidanarekin bilkura osoan dagoen agerpenen beste ilara, eta beraz, dena biltzen duen esperientzia bakarra baino zerbait gehiago izatea ahalgarria ote den; zeren ekairik gabe ezin baita inolaz ere ezer pentsatu. Ahalgarria besterik ez den baldintzapean ahalgarria baino ez dena ez da ahalgarria zentzu guztietan. Zentzu honetan hartzen da galdekizuna, ordea, gauzen ahalgarritasuna esperientzia iristen denera baino urrutirago luzatzen ote den jakin nahi denean.

Galdekizun hauek iritzi orokorraren arabera adimenaren adigaiei dagokienean ezein hutsunerik ez uzteko soilik aipatu ditut. Egitatean, ordea, ahalgarritasun absolutua (zentzu orotan balio duena) ez da adimenaren adigai soila, eta honek ezin du inolaz ere erabilera enpirikorik izan, baizik adimenaren erabilera enpiriko ahalgarri orori ihesten dion arrazoimenari besterik ez dagokio. Horregatik, hemen, ohar kritiko soil batekin askietsi behar dugu geure burua eta gaia gainerakoan iluntasunean utzi behar dugu gerorako jardunbide zabalagoaren zain.

Laugarren zati hau eta berekin aldi berean adimen hutsaren oinarri-esakune denen sistema bukatu nahi dudanez gero, orduan modalitatearen printzipioak postulatuak deitu izanaren arrazoia eman behar dut. Hemen adierazpen honi ez diot eman nahi gaur egungo autore filosofiko batzuek eman dioten zentzua, matematikariek ematen diotenaren aurkakoa, alegia, adierazpena benetan hauei dagokienean, hots, postulatzeak esakune bat zuzenki ziurtzat hartzea esan nahi duela, legeztapen edo frogarik gabe; izan ere, esakune sintetikoak, nahi den bezain ebidenteak direla ere, dedukziorik gabe onartuko bagenitu, beren adierazpen propioaren ospeagatik onarpen baldintzatugabea barnebiltzen dutela, orduan adimenaren kritika oro galtzen da, eta sinesmen arruntak (ezein berme ez denak) ukatzen ez dituen handiuste ausartenak falta ez direnez gero, orduan gure adimena lilurakeria denei irekia geratzen da eta ezin die bere onarpena ukatu hauen adierazpenei, zeinek, legeztatuak izan gabe ere benetako axiomak balira bezala onartuak izatea eskatzen duten hauen konfiantzazko tonu berean. Gauza baten adigaiari apriorizko determinazioa eransten bazaio sintetikoki, orduan halako esakune bati froga bat ez bada ere bere baieztapenaren zuzentasunaren dedukzioa bederen nahitaez erantsi behar zaio.

Modalitatearen oinarri-esakuneak ez dira, ordea, objektibo-sintetikoak, zeren ahalgarritasuna, errealitatea eta beharrezkotasunaren predikatuek ez baitute ezertan ere ugaltzen beren aplikazioan adigaia objektuaren errepresentazioari zerbait erantsiz. Hala eta guztiz ere, beti ere sintetikoak direnez gero, orduan hori subjektiboki besterik ez dira, h. d., gauza (errealki) baten adigaiari, zeinez bestela ezer ez duten esaten, beren jatorria eta egoitza den indar ezagutzailea halako moldez gaineratzen diote, non, adigaia adimenean esperientziaren baldintza formalekin elkarlotzen baldin bada, bere objektuari ahalgarria baiteritzaio; non hautemapenarekin elkartzen bada (sentsazioarekin, sentsuen materia den heinean), eta honen eskutik adimenaren bidez determinatua bada, orduan objektua erreala baita; non hautemapenen bilkuraren bitartez adigaien arabera determinatua badago, orduan objektuari beharrezkoa baiteritzaio. Modalitatearen oinarri-esakuneek, beraz, adigai batez bera sortzen duen ezagumenaren ekintza besterik ez dute adierazten. Matematikan, ordea, postulatu bat geure buruari lehenik objektu bat emateko eta gero bere adigaia sortzeko sintesia barnebiltzen duen esakune praktikoa da, adibidez, lerro jakin baten bidez puntu jakin batetik gainazal batean biribil bat deskribatzearren, eta halako esakunea ezin da frogatu, zeren berak eskatzen duen jardunbidea halako figuraren adigaia sortzeko baliabidea bera baita. Ondorioz, guk eskubide berberaz postula ditzakegu modalitatearen oinarri-esakuneak, zeren gauzez dugun adigaia ez baitute ugaltzen91, baizik hau oro har indar ezagutzailearekin lotzeko era baino ez baitute erakusten.


*  *  *

Ohar orokorra oinarri-esakuneen sistemari92

Oso ohargarria da ezein gauzaren ahalgarritasuna ezin aditu izatea kategoria soilaren bitartez, baizik beti begiespen bat behar izatea eskura, honela bertan adimenaren adigai hutsaren errealitate objektiboa azaltzearren. Har ditzagun, adibidez, erlazioaren kategoriak. Ezin da aditu adigai soilen bitartez ea nola 1. zerbait subjektu gisa soilik, ez beste gauza baten determinazio soil gisa existitzen den, h. d., substantzia izan daitekeen, edo 2. zerbait delako, beste zerbaitek izan behar duen, eta beraz, zerbait oro har kausa izan daitekeen, edo 3. gauza asko existitzen badira, hauetako bat han egoteagatik besteetan zerbait ondorioztatzen den, eta alderantziz, eta honela substantzien komunitate bat gerta daitekeen. Honek berdin balio du beste kategoriez, adibidez, ea nola gauza bat beste askorekin batera berdina izan daitekeen, h. d., handitasun bat izan daitekeen, eta abar. Begiespena falta den heinean, ezin da jakin ea kategorien bitartez objektu bat pentsatzen den, edo ea hauei oro harrezko objekturen bat egokitu ahal zaien, eta horrela egiaztatzen da berez ez direla ezein ezagutzarik, begiespen jakinak ezagutzak bihurtzeko pentsamen-forma soilak baizik. – Horregatik gertatzen da, orobat, kategoria soiletatik abiatuta ezein esakune sintetikorik ezin dela sortu. Adibidez, «izate orotan substantzia dago, h. d., subjektu gisa eta ez predikatu soil gisa existi daitekeen zerbait»; edo, «halako gauza bat quantum bat da, eta abar, eta bertan ez dago adigai jakin batetik irteteko eta beste batekin elkarlotzeko balia dezakeen ezer». Horregatik, ez da inoiz lortu era berean adimenaren adigai huts soiletatik abiatuta esakune sintetiko bat bera ere frogatzea, adibidez, «beharbada existitzen den guztiak kausa bat du» esakunea. Harreman hau gabe beharbadakoa denaren existentzia inolaz ere ezingo genukeela ulertu, h. d., a priori adimenaren bitartez halako gauza baten existentzia ezingo genukeela ezagutu frogatzea baino gehiago ezin da egin; hortik ez da ondorioztatzen bera gainera gauzen ahalgarritasunaren baldintza denik. Horregatik, kausalitatearen oinarri-esakunearen gure froga berriro begiratu nahi bada, orduan esperientzia ahalgarriko objektuez soilik frogatu ahal izan genuela ohartuko da: gertatzen den guztiak (edozein jazoera) kausa bat aurresuposatzen duela eta, gainera, esperientziaren ahalgarritasunaren printzipioa, eta beraz, begiespen enpirikoan emandako objektuaren ezagutzaren printzipioa den heinean soilik froga dezakegula, eta ez adigai soiletatik abiatuta. «Beharbadakoa den orok kausa bat izan behar du» esakunea edonori adigai soiletatik abiatuta argi zaiola ukatu ezin daitekeen arren, halako moldez ulertzen da, non beharbadakoa denaren adigaiak jadanik modalitatearen kategoria ez (bere ez-izatea pentsa daitekeen zerbait gisa), baina erlazioarena barnebiltzen baitu (beste baten ondorio gisa soilik existi daitekeen zerbait den aldetik), eta horrela, noski, ondokoa esakune identikoa da: «ondorio gisa besterik ezin existi daitekeenak kausa bat du». Egitatean, beharbadako izatearen adibideak eman behar baditugu, beti aldaketetara jotzen dugu eta ez soilik aurkakoaren pentsamenduaren ahalgarritasunera93. Aldaketa, ordea, kausa baten bitartez soilik ahalgarria den jazoera da, eta bere ez-izatea, beraz, ahalgarria da berez, eta orduan, beharbadakotasuna zerbait kausa baten efektu gisa soilik existitu ahal izatean ezagutzen da; horregatik, gauza bat beharbadakotzat onartzen baldin bada, orduan esakune analitikoa da honek kausa bat duela esatea.

Oraindik ere ohargarriagoa da, ordea, gauzen ahalgarritasuna kategorien arabera ulertzeko, eta beraz, hauen errealitate objektiboa azaltzeko begiespenak ez ezik, bereziki kanpoko begiespenak behar izatea. Erlazioaren adigai hutsak hartzen baditugu, adibidez, zera aurkitzen dugu: 1. Substantziaren adigaiari egokituz begiespenean zerbait iraunkorra emana izateko (eta horrela, adigai honen errealitate objektiboa azaltzeko) espazioan gertatzen den begiespena (materia) behar dugula, zeren espazioa soilik baitago determinatua modu iraunkorrean, denbora, aitzitik, eta beraz, barneko sentsuan dagoen guztia, etengabe darion bitartean. 2) Aldaketa kausalitatearen adigaiari dagokion begiespen gisa aurkezteko higidura hartu behar dugu adibidetzat, espazioan gertatzen den aldaketa den heinean, eta gainera, horren bitartez soilik zaigu begiesgarria aldaketa, eta bere ahalgarritasuna ezein adimen hutsak ere ezin du ulertu. Aldaketa, gauza berberan izateari dagokionez, elkarren aurka kontraesankorki ezarrita dauden determinazioen lotura da. Arrazoimenak ezin du ulergarria bihurtu adibiderik gabe, ezta adigarria bihurtu ere begiespenik gabe, ea nola ote den ahalgarri egoera batetik gauza berari aurka egiten dion beste egoera ondorioztatzea ezein arrazoimenek adibiderik gabe, eta begiespen hau puntu batek espazioan egiten duen higidurarena da, eta puntu hau leku ezberdinetan izateak soilik (kontrajarritako determinazioen ondorio gisa) bihurtzen digu begiesgarria lehen-lehenik aldaketa; izan ere, ondoren barneko aldaketa pentsagarria egitearren, denbora barneko sentsuaren forma gisa kanpoko begiespenaren bidez egin behar dugu errepresentagarria lerro baten tankeraren bitartez eta barneko aldaketa lerro horren marrazketaren bitartez (higiduraren bitartez), eta beraz, geure buruaren existentzia jarraitua hainbat egoeratan kanpoko begiespenaren bitartez; honen benetako oinarria hau da: aldaketa orok begiespenean zerbait iraunkorra aurresuposatzen duela, honela norbere burua ere aldaketa gisa hautemana izateko, baina barneko sentsuan ezin dela ezein begiespen iraunkorrik egon. – Azkenik, komunitatearen kategoria bere ahalgarritasunaren arabera ezin da inolaz ere arrazoimen soiletik abiatuta ulertu, eta gainera, ezinezkoa da adigai honen errealitate objektiboa begiespenik gabe aditzea, bereziki kanpoko begiespenik gabe espazioan. Izan ere, nola pentsatu nahi da, substantzia asko existitzen baldin badira, baten existentziatik elkarreraginean dagoen bestearenean zerbait (efektu gisa) ondorioztatu ahal izateko ahalgarritasuna, eta beraz, lehenengoan zerbait dagoelako horregatik besteetan ere zerbait egoteko beharraren ahalgarritasuna, azkenaren existentziatik abiatuta soilik ulertu ezin daitekeen zerbait? Izan ere, hau da komunitaterako eskatzen dena, baina bere subsistentziagatik osorik bakartzen diren gauzen artean ez da inolaz ere ulergarria. Horregatik, Leibnizek munduko substantziei komunitatea egotzi zienean, hauek adimenak soilik pentsatzen dituen moduan hartzen zituenez, jainkotasun bat behar izan zuen ararteko gisa; izan ere, arrazoiz iruditzen zitzaizkion ulertezinak beren izatetik soilik abiatuta. Guk, ordea, komunitatearen ahalgarritasuna ederki bihur dezakegu ulergarria (substantzien komunitatea, hauek agerpenak diren heinean), komunitatea espazioan, beraz, kanpoko begiespenean errepresentatzen badugu. Izan ere, honek jadanik a priori barnebiltzen ditu bere baitan kanpoko hartueman formalak hartueman errealen ahalgarritasunaren baldintza gisa (eraginean eta kontraeraginean, eta beraz, komunitatean). – Era berean, erraz azal daiteke gauzen ahalgarritasuna, hauek handitasunak diren aldetik, eta beraz, handitasunaren kategoriaren errealitate objektiboa kanpoko begiespenean soilik aurkez daitekeela, eta honen bitartez soilik aplika dakiokeela ondoren barneko sentsuari. Ez luzatzearren, ordea, irakurlearen gogoetari utzi behar diot honen adibideak aurkezteko lana.

Ohar oso honek garrantzi handia du, gure aurreko idealismoaren errefusapena baieztatzearren ez ezik, batik bat guri gainera halako ezagutza baten ahalgarritasunaren zedarriak erakusten dizkigulako, solasgaia barneko kontzientzia soiletik eta kanpoko begiespen enpirikoen laguntzarik gabeko gure izaeraren determinaziotik abiatutako norbere buruaren ezagutza denean.

Atal oso honen azken ondorioztapena, beraz, hau da: adimen hutsaren oinarri-esakune guztiak ez direla esperientziaren ahalgarritasunaren apriorizko printzipioak baino, eta apriorizko esakune sintetiko denak azken honi besterik ez zaizkiola lotzen, are gehiago, beren ahalgarritasuna bera harreman honetan funtsatzen dela osorik.

Juzgamenaren irakaspen transzendentalaren

(oinarri-esakuneen Analitikaren)

Hirugarren atalburua

Oro harrezko objektu oro fenomenoetan eta noumenoetan

ezberdintzeko oinarriaz

Orain adimen hutsaren lurraldea zeharkatu eta bere zati bakoitza arretaz begiratu ez ezik, neurtu eta gainera bertako gauza bakoitzari bere kokalekua ere determinatu diogu. Lurralde hau, ordea, uharte bat da eta izadiak berak muga aldaezinetan itxi du. Egiaren lurraldea da (izen erakargarria), itxuraren benetako egoitza den itsaso zabal eta ekaiztsu batez inguratua, non lainoak eta azkar urtzen diren izotzak lur berriak iragartzen dituzten iruzurretan eta hauek, aurkikuntzen gogoz dagoen itsasgizona itxaropen hutsalekin etengabe iruzurtuz, erabat utzi ezin dituen baina bete ere ezin dituen abenturetan nahasten duten. Itsaso honetara abiatzera ausartu aurretik, ordea, onuragarria izango da lehenago uztera goazen lurraldearen mapari so egitea, hedapen osoan aztertu eta bertan zerbait aurkitzea itxaroteaz ziur izatearren, eta lehenengoz galdetzea ea ez geundekeen gustura lurraldeak barnebiltzen duenarekin, edo behar izanez gero, gustura egon beharko genukeen, inon ez baldin badago bestela non kokatu ahal ginatekeen lurrik; bigarrenik, ea zein titulupean jabetzen garen lurralde honetaz eta ea gure lurraldetzat atxiki dezakegun asmo etsai ororen aurka. Galdekizun hauek Analitikan zehar askiro erantzun ditugun arren, beren konponketei gainbegirada laburtzaile batek uste osoa indar dezake konponketen hainbat une puntu batean bateratzeari esker.

Ikusi dugu, hain zuzen, adimenak bere kabuz esperientziatik mailegatu gabe sortzen duen guztia, dena dela, esperientzian soilik erabiltzeko baino ez duela. Adimen hutsaren oinarri-esakuneak a priori eratzaileak direla (matematikoak bezala) edo erregulatzaileak besterik ez direla ere (dinamikoak bezala), ez dute ezer barnebiltzen, nolabait esateko, esperientzia ahalgarrirako eskema izan ezik; izan ere, honek bere batasuna batasun sintetikotik soilik jasotzen du, zeina adimenak ematen dion jatorriz eta berenez irudimenaren sintesiari apertzepzioarekin harremanean, eta agerpenek, jadanik a priori ezagutza ahalgarri baterako datuak diren heinean, honekin harremanean eta bateratuta egon behar dute. Adimenaren erregela hauek a priori egiazkoak izateaz gain egia ororen iturburua ere, h. d., gure ezagutzak objektuekin duen adostasuna ere barnebiltzen duten arren beren baitan, guri objektuak eman ahal zaizkigun ezagutza ororen multzoa osatzen duen esperientziaren ahalgarritasunaren oinarria beren baitan barnebiltzeari esker, dena dela, ez zaigu aski iruditzen egia dena soilik aurkeztea, baizik jakiteko irrikan gaudena ere bai. Beraz, azterketa kritiko honen bitartez ez badugu adimenaren erabilera enpiriko soilean hain ikerkuntza sotilik gabe ere berez erabiliko genukeena baino ikasten, orduan bertatik lortzen den abantailak ez dirudi ahaleginari eta prestaketari erantzuten dionik. Honi, ordea, hau erantzun dakioke: ez dagoela gure ezagutzaren hedapenerako ozarkeria kaltegarriagorik aurretik bere abantaila jakin nahi duena baino, hots, edozein ikerkuntza egin aurretik eta abantaila honen adigai txikiena ere egin ahal izan aurretik, bera begien aurrean izan arren. Hala ere, badago benetan halako ikerkuntza transzendentalaren ikasle zailenari eta gogogabekoenari ere ulergarria eta aldi berean interesgarria izan dakiokeen abantaila, hots, bere erabilera enpirikoaz besterik jarduten ez duen adimenak eta bere ezagutza propioaren jatorriei buruz gogoetatzen ez duenak benetan oso ongi ekin dezakeela, baina gauza bat ezin duela lortu, hots, norbere buruari bere erabileraren mugak determinatzea eta bere esfera osoaren barne edo kanpo egon daitekeen guztia jakitea; izan ere, horretarako guk egin ditugun azterketa sakonak behar dira. Ezin badu bereiztu, ordea, ea galdekizun jakin batzuk bere ikuseremuan dauden ala ez dauden, orduan inoiz ez dago bere uziez eta bere jabetzaz seguru, baizik eta hainbat zuzenketa lotsagarri hartu beharko ditu aintzat bere eremuaren mugak etengabe gainditzen baditu (ezinbestekoa denez) eta lilurakeria eta itxurapenen artean galtzen bada.

Beraz, uste osoz ezagutu ahal bada adimenak bere apriorizko oinarri-esakune guztien eta bere adigai guztien erabilera enpirikoa soilik egin dezakeela, eta inoiz ez erabilera transzendentala, orduan hau ondorio garrantzitsuak dituen esakunea da. Adigai baten erabilera transzendentala oinarri-esakuneren batean hau da: oro harrezko gauzei eta hauek beren baitan direnari lotzen zaiela, baina erabilera enpirikoa agerpenei besterik ez, h. d., esperientzia ahalgarri baten objektuei. Beti ere azkena baino ezin daitekeela gertatu, ordea, datorrenetik dakusagu. Adigai bakoitzari lehenik (pentsatzearen) adigai baten forma logikoa izatea eskatzen zaio oro har, eta gero, bigarrenik, berari objektu bat emateko ahalgarritasuna, zeinari bera lotuko zaion. Objektu hau gabe ez du zentzurik, eta edukiari dagokionez erabat kaskala da, nahiz beti ere balizko datuetatik abiatuta adigai bat sortzeko forma logikoa gorde dezakeen. Adigai bati objektua begiespenean baino ezin bazaio eman, eta begiespen hutsa objektua baino lehenago a priori ahalgarria bada, orduan adigai honek bere objektua, eta beraz, bere baliotasun objektiboa begiespen enpirikoaren bitartez soilik jasotzen du, bera horren forma soila izaki. Beraz, adigai guztiak, eta beraiekin batera oinarri-esakune guztiak, a priori izan badaitezke ere, begiespen enpirikoei lotzen zaizkie, h. d., esperientzia ahalgarrirako datuei. Hau gabe ez dute baliotasun objektiborik, baizik jolas soilak dira, irudimenaren edo adimenaren jolasak hurrenez hurren beren errepresentazioekin. Har ditzagun Matematikaren adigaiak, adibidez, eta gainera, lehenik bere begiespen hutsean. «Espazioak hiru dimentsio ditu», «Bi puntuen artean lerro zuzen bakarra izan daiteke», eta abar. Oinarri-esakune hauek denak eta zientzia haren objektuaren errepresentazioa erabat a priori gogamenean sortzen badira ere, ez lukete ezein esanahirik izango beren esanahia beti agerpenetan (objektu enpirikoetan) erakutsiko ez bagenu. Horregatik, adigai bakartua sentsuzkoa bihurtzea, h. d., berari dagokion objektua begiespenean erakustea eskatzen da gainera, zeren hau egin gabe, adigaiak zentzurik gabe (esaten den legez), h. d., esanahirik gabe geratuko bailirateke. Matematikak eskakizun hau tankeraren eraiketaren bitartez betetzen du, zeina sentsuei presente zaien agerpena den (nahiz a priori sortutakoa izan). Handitasunaren adigaiak, zientzia berberan, bere sustapena eta zentzua zenbakian bilatzen du, honek, ordea, hatzetan, abakoaren boletan edo begi-bistan aurkezten diren marra eta puntuetan. Adigaiak beti ere a priori sortua dirau adigai horietatik sortutako oinarri-esakune sintetiko eta formulekin batera; baina bere erabilera eta balizko objektuekin harremana ezin da azkenean esperientzian baino bilatu, eta honen ahalgarritasunak (formaren arabera) haiek barnebiltzen ditu a priori.

Kategoria guztiekin eta beraietatik eratorritako oinarri-esakuneekin hau bera gertatzen dela, ordea, hemendik argitzen da: hauetako bat bera ere ezin dugula definitu, h. d., bere objektuaren ahalgarritasuna ezin dezakegula ulergarria bihurtu berehala sentimenaren baldintzetara, eta beraz, agerpenen formetara jo gabe, eta ondorioz, hauetara zedarriztatuak izan behar dute beren objektu bakar gisa, zeren baldintza hau kentzen baldin bada, esanahi oro, h. d., objektuarekin harremana kentzen baita, eta orduan, ezin baita ezein adibideren bidez ulergarria bihurtu ea halako adigaien bidez benetan zer adierazten den94.

Inork ezin du argitu handitasunaren adigaia oro har, honela izan ezik agian: gauza baten determinazioa dela, zeinari esker pentsa daitekeen gauza honek Bata zenbat aldiz ezarria duen. Halere, «zenbat aldiz» hau errepikapen jarraituan oinarritzen da, eta beraz, denboran eta (homogeneoaren) sintesian bertan. Errealitatea, ukapenari kontrajarriz, denbora bat pentsatzen bada soilik argi daiteke (izate ororen multzo gisa), betea edo kaskala den denbora. Iraunkortasuna (denbora orotan izatea dena) alde batera uzten badut, orduan substantziaren adigaian ez da subjektuaren errepresentazio logikoa baino geratzen, eta hau subjektu gisa soilik (eta ez predikatu gisa) gertatzen den Zerbait errepresentatzearen bidez egikaritzen dudala uste dut. Guztiarekin ere, abantaila logiko hau gauzaren bati egokitu ahal izateko baldintzarik ez jakiteaz gain, horrekin ezin dut ezer egin eta bertatik ezin da ezein ondorioztapenik atera, zeren horren bitartez adigaiaren erabileraren ezein objekturik ez baita determinatzen, eta beraz, ezin baita jakin ea honek edonon zerbait esan nahi duen. Kausaren adigaiaz ez dut kategoria hutsean hau baino gehiago aurkituko (denbora alde batera uzten badut, non zerbait beste zerbaiti erregela baten arabera jarraiki zaion): zerbaiten izatetik abiatuta bestearen izatea inferitu ahal izatea eragiten duen zerbait dela, eta horren bitartez kausa eta efektua inolaz ere ezin bereizteaz gain inferitu-ahal-izate honek berehala nik ezagutzen ez ditudan baldintzak eskatzen dituenez gero, orduan adigaiak ez lukeela ezein determinaziorik izango objekturen bati egokitzeko eraz. «Beharbada den orok kausa bat du» ustezko oinarri-esakuneak aski pisutsua dirudi, bere duintasuna bere baitan balu bezala. Baina zera galdetzen dut: zer ulertzen duzue beharbadakotzat? Eta erantzuten baduzue: bere ez-izatea ahalgarria den gauza hura, orduan gustura jakin nahiko nuke nondik ezagutu nahi duzuen ez-izatearen ahalgarritasun hori, agerpenen ilaran segida bat eta bertan ez-izateari jarraiki zaion izate bat (edo alderantziz), eta beraz, aldakuntza bat errepresentatzen ez baduzue; izan ere, gauza baten ez-izateak bere burua ez kontraesatea baldintza logiko batera jotze apala besterik ez da, eta adigairentzat beharrezkoa da, baina inolaz ere ez da nahikoa ahalgarritasun errealarentzat; orobat, existitzen den substantzia bakoitza pentsamenduan ezezta dezaket neu kontraesan gabe, baina hortik inolaz ere ezin dut inferitu izateari begira duen beharbadakotasun objektiboa, h. d., bere ez-izatearen ahalgarritasuna bere baitan. Komunitatearen adigaiari dagokionez, erraza da hau ulertzea: substantziaren kategoria hutsak eta kausalitatearenak objektua determinatzen duen argipenik baimentzen ez dutenez gero, orduan elkarrenganako kausalitateak substantzien arteko harremanean (commercium) ere ez duela egingo. Ahalgarritasuna, izatea eta beharrezkotasuna inork ezin izan ditu argitu tautologia nabarmenen bitartez izan ezik, beren definizioa adimen hutsetik abiatuta soilik sortu nahi ezean. Izan ere, adigaiaren ahalgarritasun logikoa (honek bere burua kontraesaten ez duenez) gauzen ahalgarritasun transzendentalaren (adigaiari objektu bat dagokionez) ordez jartzeko itxurapenak aditua ez dena soilik iruzur eta gogobete dezake95.

Hemendik segitzen da modu kontraesanezinean adimenaren adigai hutsek inoiz erabilera transzendentalik ezin dezaketela izan, baizik beti enpirikoa dena besterik ez dutela, eta adimen hutsaren oinarri-esakuneak esperientzia ahalgarriaren baldintza orokorrekin harremanean soilik lotzen zaizkiela sentsuen objektuei, baina inoiz ez oro harrezko gauzei (hauek begietsi ahal izateko era aintzat hartu gabe).

Ondorioz, Analitika transzendentalak emaitza garrantzitsu hau du: adimenak a priori ezin duela inoiz oro har esperientzia ahalgarri baten forma aitzinatzea baino lortu, eta agerpena ez dena esperientziaren objekturik izan ezin daitekeenez gero, orduan sentimenaren zedarriak inoiz ezin dituela gainditu, objektuak hauen barnean soilik eman ahal baitzaizkigu. Bere oinarri-esakuneak agerpenen aurkezpenaren printzipio soilak dira, eta oro harrezko gauzez irakaspen sistematiko batean apriorizko ezagutza objektiboa ematea uste duen Ontologiaren izen harroak (adibidez, kausalitatearen oinarri-esakunea) adimen hutsaren Analitika soil apalagoari utzi behar dio bere lekua.

Pentsatzea begiespen jakin bat objektu bati lotzeko ekintza da. Begiespen honen era inolaz ere emana ez bada, orduan objektua transzendentala besterik ez da eta adimenaren adigaiak ez du transzendentala ez den beste erabilerarik, hots, anizkunki baten pentsatzearen batasuna oro har. Sentsuzko begiespenaren, hots, eduki dezakegun begiespen bakarraren baldintza oroz abstraitzen duen kategoria huts baten bitartez ez da ezein objekturik determinatzen, baizik oro har objektu baten pentsatzea adierazi besterik ez da egiten era ezberdinetan. Adigai baten erabilerari juzgamenaren funtzio bat dagokio, ordea, eta honen bitartez menperatzen zaio objektua adigaiari, eta beraz, zerbait begiespenean eman ahal izateko baldintza gutxienez formala dagokio. Juzgamenaren baldintza (eskema) falta bada, orduan menperaketa oro desagertzen da; izan ere, ez da adigaiei menpera dakiekeen ezer ematen. Beraz, kategorien erabilera transzendental soila, egitatean, ez da ezein erabilerarik, eta ez du ezein objektu determinaturik, ezta formaren arabera objektu determinagarria denik ere. Hemendik honakoa ondorioztatzen da: kategoria hutsa ere ezein apriorizko oinarri-esakune sintetikorako aski ez dela, eta adimen hutsaren oinarri-esakuneek erabilera enpirikoa besterik ez dutela, inoiz ez transzendentala. Esperientzia ahalgarriaren alorretik at inon ezin da apriorizko oinarri-esakune sintetikorik egon.

Gomendagarria izan daiteke, hortaz, norbera honela adieraztea: kategoria hutsek sentimenaren baldintza formalik gabe esanahi transzendental soila dute, baina ez dute erabilera transzendentalik, zeren hau bere baitan ezinezkoa baita, kategoriei erabileraren baten baldintzak (judizioetan), hots, ustezko objekturen bat adigai horiei menperatzeko baldintza formalak falta zaizkien heinean. Beraz, erabilera enpirikorik ez dutenez (kategoria huts soilak diren aldetik) eta erabilera transzendentala izan ezin dutenez gero, orduan ez dute ezein erabilerarik sentimen orotatik bakartzen badira, h. d., ezein balizko objekturi ezin zaizkio aplikatu; aitzitik, adimenaren erabileraren forma hutsak besterik ez dira oro harrezko objektuari eta pentsatzeari begira, baina beren bitartez soilik ezin dute objektu bat pentsatu edo determinatu.

Dena dela, hemen zailki saihets daitekeen iruzur bat dago oinarrian. Kategoriak beren jatorriaren arabera ez dira oinarritzen sentimenean, begiespenaren formek egiten duten legez, hots, espazioak eta denborak; eta beraz, sentsuen objektu oroz goiti doan aplikazioa baimentzen dute itxuraz. Baina, bestalde, hauek beren aldetik pentsamenduaren formak baino ez dira, begiespenean ematen den anizkunkia kontzientzia batean a priori bateratzeko ahalmen logiko soila barnebiltzen duten formak, eta eduki dezakegun begiespen bakarra kenduz gero, orduan sentsuzko forma huts haiek baino esanahi gutxiago eduki dezakete, hauen bitartez gutxienez objektu bat ematen baita, baina gure adimenari berezkoa zaion anizkunkiaren lotura-erak, aitzitik, ez baitu ezer esan nahi, objektua eman diezagukeen begiespena ez bada gaineratzen. – Hala eta guztiz ere, objektu jakinei, agerpenak diren aldetik, sentsuen zerizanak deitzen badiegu (phaenomena), beraiek begiesteko dugun era berbaitan duten antolaeratik bereizten dugun heinean, orduan honek jadanik bere baitan jasotzen du, nolabait esateko, haien aurrean, edo zerizan hauek beren antolaeraren arabera ezartzea, bertan begietsi ezin diren arren, edo baita gure sentsuen objektuak ez diren beste gauza ahalgarriak ere, adimenaren bitartez soilik pentsatutako objektutzat hartuta, eta hauei adimen-zerizanak (noumena) deitzen diegu. Hala ere, zera galdetzen da: ea gure adimenaren adigaiek esanahirik duten azken hauei begira, eta haiek hauen ezaguera bat izan daitezkeen.

Hasiera-hasieratik hemen gaizki-ulertze handi bat sor dezakeen bikoiztasun bat agertzen da: adimenak, berak objektu bati harreman batean soilik fenomeno deitzen dionean, aldi berean harreman honetatik at objektu baten berbaitango errepresentazioa sortzen duenez, eta ondorioz, halako objektuak adigaiak bihur ditzakeela errepresentatzen duenez, eta adimenak kategoriak baino ematen ez dituenez gero, orduan adimenak objektua azkenengo esanahian bederen adimenaren adigai huts hauen bitartez pentsatu ahal behar du, baina horren indarrez huts egiten du adimen-zerizan baten adigai indeterminatua, oro har gure sentimenetik at datzan zerbait den aldetik, guk adimenaren bitartez eraren batean ezagut dezakegun zerizan baten adigai determinatutzat hartzean.

Noumenoaz gure sentsuzko begiespenaren objektua ez den gauza bat ulertzen badugu, gure begiespen-eraz abstraitzen dugun heinean, orduan hau noumenoa da adiera negatiboan. Baina honetaz sentsuzkoa ez den begiespenaren objektua ulertzen badugu, orduan begiespen-era berezi bat onartzen dugu, hots, intelektuala, gurea ez dena, ordea, eta bere ahalgarritasuna ere ezin dugu ulertu, eta hau noumenoa litzateke esanahi positiboan.

Sentimenaren irakaspena aldi berean noumenoaren irakaspena da adiera negatiboan, h. d., adimenak gure begiesteko erarekin harremanik izan gabe, eta beraz, agerpen gisa ez ezik, berbaitango gauza gisa ere pentsatu behar dituen gauzen irakaspena, baina hauek horrela bakartzean adimenak aldi berean bere kategoriak inolaz ere ezin dituela erabili ulertzen du hauek kontsideratzeko era honetan, zeren hauek begiespenaren batasunarekin harremanean espazioan eta denboran soilik dutenez gero esanahia, orduan batasun hau ere espazioaren eta denboraren idealtasun soilari esker soilik determinatu baitezake a priori lotura-adigai orokorren bitartez. Denboraren batasun hori ezin topa daitekeenean, eta beraz, noumenoan, kategorien erabilera oro osorik amaitzen da, baita esanahia oro ere; izan ere, kategoriei egokitu beharko litzaiekeen gauzen ahalgarritasuna bera ere ezin da ulertu inolaz ere; horregatik, aurreko atalburuaren ohar orokorrean hasiera bertan esandakoa besterik ezin dut aipatu. Guztiarekin ere, gauza baten ahalgarritasuna ezin da inoiz haren adigaiak bere burua ez kontraesateko egitatetik abiatuta soilik frogatu, hark berari dagokion begiespenaren bermea izan ezik. Beraz, kategoriak agerpen gisa kontsideratzen ez diren objektuei aplikatu nahi badizkiegu, orduan sentsuzkoa ez den beste begiespena jarri beharko genuke oinarrian, eta hainbestez, objektua noumenoa litzateke esanahi positiboan. Hala ere, halako begiespena, hots, begiespen intelektuala, erabat gure ezagumenetik at datzanez gero, orduan kategorien erabilera ere inolaz ezin daiteke esperientziaren objektuen mugatik irten, eta sentsu-zerizanei noski adimen-zerizanak dagozkie, eta gure sentsuen begiespen-ahalmenarekin harremanik ez duten adimen-zerizanak egon daitezke, baina gure adigaiak, gure sentsuzko begiespenerako pentsamen-forma soilak diren aldetik, ez dira inolaz ere hauetaraino iristen; beraz, guk noumeno deitzen diogun hori esanahi negatiboan besterik ez da ulertu behar noumenoa balitz bezala96.

Ezagutza enpiriko batetik (kategorien bidezko) pentsatze oro kentzen badut, orduan ez da geratzen ezein objekturen ezagutzarik; izan ere, begiespen soilaz ezer ez da pentsatzen, eta nigan dagoen sentimenaren afekzio horrek ez du osatzen halako errepresentazioak objekturen batekin duen harremanik. Alderantziz, begiespen oro alde batera uzten badut, orduan pentsatzearen forma geratzen da, h. d., begiespen ahalgarri baten anizkunkiari objektu bat determinatzeko era. Horregatik, kategoriak sentsuzko begiespena baina urrunago iristen dira, zeren kategoriek oro harrezko objektuak pentsatzen baitituzte, hauek eman daitezkeen (sentimenaren) era berezia aintzat hartu gabe. Haiek, ordea, horren bitartez ez dute objektuen esfera handiagorik determinatzen, zeren ezin baita onartu hauek eman daitezkeenik sentsuzkoa ez den beste begiespena aurresuposatu gabe; inolaz ere ez zaigu zilegi, ordea, holakorik egitea.

Adigai batek bere baitan kontraesanik barnebiltzen ez badu, gainera adigai jakinen mugapen gisa beste ezagutzekin elkartzen bada, baina bere errealitate objektiboa inolaz ere ezagutu ezin badaiteke, orduan adigai honi problematikoa deitzen diot. Noumeno baten adigaia, h. d., ez sentsuen objektu gisa, baizik eta berbaitango gauza gisa (adimen hutsaren bitartez besterik ez) pentsatu behar den gauzaren adigaia ez da inolaz ere kontraesankorra; izan ere, sentimenaz ezin da baieztatu bera begiespenaren era ahalgarri bakarra denik. Gainera, adigai hau beharrezkoa da sentsuzko begiespena berbaitango gauzetara ez hedatzeko, eta beraz, sentsuzko ezagutzaren baliotasun objektiboa zedarriztatzeko (izan ere, begiespenaren eskueran ez dagoen gainerako horri noumeno deitzen zaio, ezagutza haiek beren eremua adimenak pentsatzen duen guztira ezin dutela luzatu erakustearren). Azkenean, ordea, halako noumenoen ahalgarritasuna ezin da inolaz ere aditu, eta agerpenetik at geratzen den hedapena kaskala da (guretzat), h. d., guk problematikoki gehiago hedatzen den adimena dugu, baina ezein begiespenik ere ez, ezta inolaz ere sentimenaren arlotik at objektuak ematen dizkigun eta adimena sentimenaz goiti asertorikoki erabiltzea ahalbidetzen duen begiespen ahalgarri baten adigairik ere. Noumenoaren adigaia, beraz, muga-adigai soila da, sentimenaren handiustea zedarriztatzen duena, eta beraz, erabilera negatiboa baino ez du. Guztiarekin ere, ez da izan hautaz asmatua, baizik sentimenaren zedarriztapenarekin lotuta dago, honen hedapenetik at ezer positiborik ezarri ezin duen arren.

Objektuen sailkaketa fenomenoetan eta noumenoetan, eta munduarena sentsuen eta adimenaren munduan, ezin da inolaz ere onartu esanahi positiboan, nahiz eta adigaiek, dena dela, sentsuzkoetan eta intelektualetan sailkaketa onartzen duten; izan ere, azkenengoei ezin zaie ezein objekturik determinatu eta beraiek, hortaz, objektiboki balioduntzat jo. Sentsuak alde batera uzten badira, nola bihurtu nahi da ulergarria gure kategoriek (noumenoentzat geratzen diren adigai bakarrak izango liratekeenak) oraindik nonbait zerbait esan nahi dutela, objekturen batekin duten harremanerako pentsatzearen batasuna baino zerbait gehiago behar denez, hots, begiespen ahalgarria behar denez, kategoriak berari aplikatu ahal izateko? Noumeno baten adigaia, problematikoki soilik hartuta, onargarria izan ez ezik, ezinbestekoa ere bada sentimenari zedarriak ezartzeko adigai gisa. Halere, hainbestez, ez da objektu inteligible berezia gure adimenarentzat, baizik objektu hau egokituko litzaiokeen adimen bera da arazoa, hots, bere objektuak diskurtsiboki kategorien bitartez ez, baizik intuitiboki sentsuzkoa ez den begiespen batean ezagutzea, eta honen ahalgarritasunaren errepresentaziorik ere ezin dugu izan. Honela, gure adimenak hedapen negatibo bat jasotzen du, h. d., bera ez da sentimenagatik zedarriztatua, baizik, aitzitik, berak zedarriztatzen du sentimena berbaitango gauzei (ez agerpen gisa kontsideratuta) noumeno deituz. Norbere buruari ere berehala mugak ezartzen dizkio, ordea, haiek ezein kategoriaren bitartez ere ez ezagutzeko, hots, haiek Zerbait ezezagun baten izenpean baino ez pentsatzeko mugak.

Autore berrietan «mundus sensibilis» eta «mundus intelligibilis»97 adierazpenen erabat bestelako erabilera aurkitu dut, antzinakoetan zuen zentzutik erabat baztertzen dena eta, noski, zailtasunik sortzen ez badu ere, hitzontzikeria baino eskaintzen ez duena. Zentzu honi jarraiki, batzuek gustukoa dute agerpenen multzoari, begietsia den heinean, sentsuen mundua deitzea, baina beren bilkura adimenaren lege orokorren arabera pentsatzen den heinean, adimenaren mundua deitzea. Zeru izartuaren behaketa besterik azaltzen ez duen astronomia teoretikoak lehena aurkezten du, kontenplatiboak (munduaren sistema kopernikarraren arabera, edo baita Newtonen grabitazioaren legeen arabera argitua), aitzitik, bigarrena, hots, mundu inteligiblea. Halere, halako hitzen bihurketa galdeketa temati bat saihesteko ihespide sofistikoa besterik ez da, bere zentzua gure erosotasunaren mesedetan aldatuz. Dena dela, agerpenei dagokienez adimena eta arrazoimena erabil ditzakegu; baina ea hauek oraindik erabilerarik baduten galdetzen da objektua agerpena ez denean (noumenoa), eta zentzu honetan hartzen da objektua, bere baitan inteligible gisa soilik, h. d., adimenari soilik emana zaionean eta sentsuei emana balitz bezala inolaz ere pentsatzen ez denean. Galdekizuna zera da, beraz, ea adimenaren erabilera enpirikoaz gain (mundu-eraikinaren newtondar errepresentazioan ere bai) noumenoak objektutzat dituen erabilera transzendental bat ahalgarria ote den, ezeztatuz erantzun dugun galdekizuna.

Beraz, «sentsuek objektuak aurkezten dizkigute hauek agertzen diren moduan, adimenak, berriz, beraiek diren moduan» badiogu, orduan azken hau ez da esanahi transzendentalean hartu behar, baizik enpirikoan besterik ez, hots, hauek esperientziaren objektu gisa agerpenen bilkura osoan errepresentatuak izan behar diren moduan eta ez hauek esperientzia ahalgarriarekin duten harremanetik at, eta ondorioz, sentsuekin dutenetik at, eta beraz, adimen hutsaren objektu gisa. Izan ere, honek guretzat beti ezezaguna iraungo du, eta gainera ezezaguna izaten jarraituko du ea halako ezagutza transzendentala (berezia) nonbait ahalgarria den, gure kategoria arrunten menpean dagoenaren modukoa behinik behin. Adimenak eta sentimenak loturan soilik determina ditzakete gugan objektuak. Guk banantzen baditugu, orduan begiespenak adigairik gabe edo adigaiak begiespenik gabe ditugu, bi kasuetan, ordea, ezein objekturi lotu ezin zaizkion errepresentazioak ditugu.

Argiketa hauen guztien ondoren norbaitek oraindik kategoriei erabilera transzendental soila ukatzeko unean zalantza egiten badu, saia ditzala hauek baieztapen sintetikoren batean. Izan ere, baieztapen analitikoak adimena ez du aurrera bultzatzen, eta bere autugaia jadanik adigaian pentsatua dena besterik ez denez gero, orduan erabakitzeke uzten du ea berak bere baitan objektuekin harremana ote duen, edo oro har pentsatzearen batasuna soilik adierazten duen (honek objektu bat emana izateko eraz osoki abstraitzen duela), zeren adimenari aski batzaio bere adigaian zer datzan jakitea; adigaiak nora jotzen duen axolagabe zaio. Beraz, saia dezala oinarri-esakune sintetiko eta ustez transzendentalen bat, hauen modukoa: «den guztia edo substantzia gisa edo bere menpean dagoen determinazio gisa existitzen da»; «beharbada den oro beste gauza baten efektu gisa existitzen da, hots, bere kausa», eta abar. Zera galdetzen dut, ordea: ea nondik hartu nahi dituen esakune sintetiko horiek, adigaiek ez badute balio esperientzia ahalgarrian, berbaitango gauzetan baizik (noumenoetan)? Non dago hemen esakune sintetiko bat lortzeko beti behar den hirugarren osagaia, honela bertan ezein kidetasun logiko (analitiko) ez duten adigaiak elkarlotzeko? Inoiz ez du bere esakunea frogatuko eta, are gehiago, ezingo du orobat halako baieztapen hutsaren ahalgarritasuna legeztatu adimenaren erabilera enpirikoa aintzat hartu gabe eta horren bitartez judizio hutsak eta sentsuetatik aske daudenak osoki ukatu gabe. Orduan, objektu inteligible huts soilen adigaiak ez du bere aplikazioaren oinarri-esakunerik, ezin baita objektu hauek emateko erarik asmatu, eta beraientzako leku bat gordetzen duen pentsamendu problematikoa espazio kaskalaren moduan besterik ez da baliagarria oinarri-esakune enpirikoak zedarriztatzeko, baina ez du ezagutzaren beste objekturen bat bere baitan barnebiltzen eta erakusten oinarri-esakune horien esferatik at.

Eranskina[aldatu]

Adimenaren erabilera enpirikoa transzendentalarekin

nahastean sortzen den hausnarketa-adigaien anfibologiaz

Gogoetaren (reflexio) autugaia ez dira objektuak berak, beraietatik zuzenean adigaiak jasotzeko, baizik gogamenaren egoera da, non geu lehenengoz adigaietara iritsi ahal izateko baldintza subjektiboak aurkitzeko egoeran jartzen garen. Gogoeta errepresentazio jakinek gure ezagutza-iturburu ezberdinekin duten hartuemanaren kontzientzia da, eta honen bitartez baino ezin determina daiteke zuzenki beren arteko hartuemana. Gure errepresentazioaren ondorengo landualdi oro baino lehenago egin beharreko galdekizuna hau da: zein ezagumenetan bateratzen dira? Adimena ala sentsuen bitartez al dira elkarlotuak edo alderatuak? Zenbait judizio ohituraz onartzen dira, edo joeraz lotzen dira; baina aurretik ezein gogoetarik egiten ez denez, edo behinik behin ondoren ere kritikoki ez datorrenez gero, orduan honek beren jatorria adimenean izan duten judizioentzat balio du. Judizio guztiek ez dute azterketa bat behar, h. d., egiaren oinarriei arreta eskaintzea; izan ere, zuzenki ziurrak badira, adibidez, «bi punturen artean lerro zuzen bakarra egon daiteke», orduan beraietan ezin da beraiek adierazten dutena baino egiaren ezaugarri hurbilagorik iragarri. Dena dela, judizio guztiek, baita alderaketa guztiek ere, gogoeta bat behar dute, h. d., adigai jakinak zein indar ezagutzaileri egokitzen zaizkion bereiztea. Gogoeta transzendentala deitzen diot oro harrezko errepresentazioen alderaketa hau bera egiten duen indar ezagutzailearekin batzen duen, eta honen bidez, zera bereizten duen ekintzari: ea adimen hutsari edo sentsuzko begiespenari egokituz alderatu behar diren errepresentazioak beren artean. Gogamenaren egoera batean adigaiak elkarri egokitu ahal izateko hartuemana, ordea, berberatasuna eta ezberdintasuna, adostasuna eta aurkakotasuna, barnekoa eta kanpokoa, eta azkenik, determinagarria eta determinazioa (materia eta forma) dira. Hartueman honen determinazio zuzena honetan funtsatzen da: ea zein indar ezagutzaileri egokitzen zaizkion subjektiboki, sentimenari ala adimenari. Izan ere, azken hauen arteko bereizketak bereizketa handia sortzen du hartueman horiek pentsatu beharreko moduan.

Judizio objektibo oro egin aurretik adigaiak alderatzen ditugu: beren berberatasunari dagokionez (errepresentazio askorena adigai baten menpean) judizio orokorren mesedetan; edo beren ezberdintasunari dagokionez judizio berezien sorketarako; adostasunari dagokionez hortik judizio baieztaileak sortzen direla; eta aurkakotasunari dagokionez hortik ezeztaileak sortzen direla, eta abar. Arrazoi honegatik, badirudi aipatutako adigaiei alderaketa-adigaiak deitu beharko geniekeela (conceptus comparationis). Halere, autugaia forma logikoa ez, baina adigaiaren edukia denez, h. d., ea gauzak berberak edo ezberdinak diren, adosten edo elkarren aurka egiten duten, eta abar, orduan gauzek hartueman bikoitza izan dezakete gure indar ezagutzailearekin, hots, sentimenarekin eta adimenarekin, baina hemen zeini egokitu, horren menpean dago elkarri nola egokitzen diren. Orduan, hausnarketa transzendentala da, h. d., errepresentazio jakinen hartuemana ezaguera batekin edo bestearekin, beraiek elkarrekin duten hartuemana determina dezakeen bakarra, eta ea gauzak berberak edo ezberdinak diren, adosten edo elkarren aurka egiten duten, eta abar, ez da erabakitzen berehala adigaietatik abiatuta alderaketa soilaren bitartez (comparatio), baizik lehen-lehenik beraiek zein ezaguerari egokitzen zaizkion bereiztearen bitartez gogoeta transzendental bati esker (reflexio). Beraz, hausnarketa logikoa alderaketa soila dela esan daiteke, izan ere, bertan errepresentazio jakinak zein indar ezagutzaileri egokitzen ote zaizkion kontuaz abstraitzen da osorik, eta errepresentaziook, hainbestez, beren egoitzaren arabera gogamenean homogeneoak balira bezala tratatu behar dira, baina hausnarketa transzendentalak (objektu beraietara jotzen duenak) errepresentazioak elkarrekin objektiboki alderatzeko ahalgarritasunaren oinarria barnebiltzen du, eta beraz, hausnarketa logikotik erabat ezberditzen da, zeren errepresentazioen egoitza den indar ezagutzailea ez baita berbera. Gogoeta transzendental hau betebehar bat da, inor ezin da bera betetzetik aske geratu, baldin eta gauzez zerbait a priori juzgatu nahi badu. Orain jardungo dugu honetaz, eta horren bidez nahikoa argitasun lortuko dugu adimenaren benetako zeregina determinatzeko.

1. Berberatasuna eta ezberdintasuna. Objektu bat sarri aurkezten bazaigu, beti, ordea, barneko determinazio berberekin (quantitas et qualitas), orduan adimen hutsaren objektu gisa balio badu, beti berbera da eta ez gauza ezberdin asko, baizik gauza Bakarra (numerica identitas); baina agerpena bada, orduan kontua ez da inolaz ere adigaien alderaketa, baizik hauei begira, guztia nahi den bezain berbera izanda ere, agerpen honen lekuen ezberdintasuna denbora berberan (sentsuen) objektuen zenbaki-ezberdintasunaren oinarri askia da. Horrela, bi ur-tantari dagokienez, barneko ezberdintasun guztiaz (kualitateaz eta kantitateaz) osoro abstrai daiteke, eta aski da aldi berean leku ezberdinetan begietsiak izatea hauek zenbakiari dagokionez ezberdintzat jotzeko. Leibnizek agerpenak berbaitango gauzatzat zituen, eta beraz, gauza inteligibletzat, h. d., adimen hutsaren objektutzat (nahiz eta fenomeno izena eman zien, hauen errepresentazioen nahasmena dela eta), eta honela, noski, ezberdingaitzen bere esakunea ezin da ukatu (principium identitatis indiscernibilium); hala eta guztiz ere, sentimenaren objektuak direnez eta adimenak beraiei begira erabilera enpiriko soila duenez gero, ez erabilera hutsa, orduan askotasuna eta zenbaki-ezberdintasuna jadanik espazioak ematen ditu eskura, hau kanpoko agerpenen baldintza den aldetik. Izan ere, espazioaren zati bat, beste baten erabat antzekoa eta berdina izan arren, beste zati honetik at dago, eta horregatik, ezberdina da, eta beste zatiari eransten zaio espazio handiagoa osatzeko, eta honek, horregatik, espazioaren kokaleku ezberdinetan aldi berean dauden gauzez balio du, gainerakoan hain antzekoak eta berdinak izan badaitezke ere.

2. Adostasuna eta aurkakotasuna. Errealitatea adimen hutsaren bitartez baino ez bada errepresentatzen (realitas noumenon), orduan ezin da errealitateen artean ezein aurkakotasunik pentsatu, h. d., subjektu batean lotuta elkarri ondorioak ezeztatzen dizkioten errealitateen hartuemana, eta 3-3 = 0 denik ere ez. Aitzitik, errealkiak agerpenean (realitas phaenomenon) elkarren aurka egon daitezke, eta subjektu berean batuta batak bestearen ondorioa erabat edo aldez deusezta dezake, bi indar higitzaileek lerro berean egiten duten legez, puntu batetik noranzko kontrajarrian tira edo puntua sakatzen duten heinean, edo mina baretzen duen atseginak egiten duen legez ere bai.

3. Barnekoa eta kanpokoa. Adimen hutsaren objektu batean beretik ezberdina den beste edozerrekin harremanik (izatearen arabera) ez duena besterik ez da barnekoa. Aitzitik, substantia phaenomenon baten barneko determinazioak espazioan ez dira hartuemanak baino, eta hauek ere erlazio soilen multzo bat dira. Substantzia espazioan bertan eragingarriak diren indarren bitartez baino ez dugu ezagutzen, edo beste substantziak beregana erakartzen dituela (erakarpena), edo bertan sartzea oztopatzen diela (aldaraketa edo sarrezintasuna); espazioan agertzen den substantzia osatzen eta guk materia deitzen diogunaren beste berekitasunik ez dugu ezagutzen. Adimen hutsaren objektuak diren aldetik, ordea, substantzia bakoitzak barneko errealitateari dagozkion barneko determinazioak eta indarrak izan behar ditu. Barneko zein akzidente pentsa dezaket, ordea, nire barneko sentsuak eskaintzen didana izan ezik, hots, bera ere pentsatzea den edo honen analogoa den zerbait izan ezik? Horregatik, Leibnizek substantzia denak, baita materiaren osagaiak ere, noumeno gisa errepresentatzen zituenez gero, orduan hauek indar errepresentatzailea duten subjektu bakunak bihurtu zituen, hitz batean, monadak, kanpoko erlazioa adieraz dezakeen guztia, eta beraz, elkarketa ere kendu baitzien pentsamenduan.

4. Materia eta forma. Bi adigai hauek beste guztien hausnarketaren oinarrian ezarri behar dira, hain bereiztezinki daude lotuta adimenaren erabilera bakoitzari. Lehenak, oro harrezko determinagarrikia esan nahi du, bigarrenak, bere determinazioa (biak adiera transzendentalean, ematen denaren eta hau determinatzeko eraren bereizketa oroz abstraitzen baita). Lehenago logikariek orokorrari materia deitzen zioten, diferentzia espezifikoari, berriz, forma. Judizio bakoitzean, adigai jakinei materia (juzgatzekoa) eta beren hartuemanari (kopularen bitartez) judizioaren forma dei dakieke. Zerizan bakoitzean bere osagaiak (essentialia) materia dira; hauek gauza batean elkarlotzen diren era forma esentziala da. Oro harrezko gauzei begira ere errealitate mugagabea ahalgarritasun ororen materiatzat hartzen da, bere zedarriztapena (ukapena), ordea, gauza bat besteetatik adigai transzendentalen arabera bereiztea eragiten duen formatzat. Adimenak, beraz, lehenengoz zerbait emana izatea eskatzen du (adigaian behinik behin), hori era jakin batera determinatu ahal izateko. Horregatik, adimen hutsaren adigaietan materia formaren aurretik doa, eta Leibnizek horregatik onartu zituen lehenengoz gauzak (monadak) eta hauen barneko indar errepresentatzailea, ondoren beren kanpoko hartuemana eta beren egoeren komunitatea (hots, errepresentazioena) horren gainean oinarritzeko. Horregatik ziren espazioa eta denbora oinarri eta ondorio gisa ahalgarriak, lehena, substantzien arteko hartuemanaren bitartez soilik, bigarrena, elkarrekin zuten determinazioen elkarloturaren bitartez. Horrela gertatu beharko luke egitatean ere, adimen hutsa objektuei zuzenki lotu ahal izango balitzaie eta espazioa eta denbora berbaitango gauzen determinazioak balira. Hala ere, sentsuzko begiespenak besterik ez balira, bertan guk objektu guztiak agerpen gisa baino ez ditugula determinatzen, orduan begiespenaren forma (sentimenaren antolaera subjektibo gisa) materia ororen (sentsazioak) aurretik doa, eta beraz, espazioa eta denbora agerpen oro eta esperientziaren datu ororen aurretik doaz, eta hau ahalbidetzen dute lehen-lehenik. Filosofo intelektualak ezin zuen jasan forma gauzen aurretik joatea eta honek haien ahalgarritasuna determinatzea; zuhurtasun erabat zuzena zen hau, gauzak diren bezala begiesten ditugula onartzen bada (errepresentazio nahasian izan arren). Halere, sentsuzko begiespena baldintza subjektibo osorik berezia denez gero, apriorizko hautemapen ororen oinarrian dagoen eta bere jatorrizko forma den baldintza, orduan forma berez da emana, eta materiak (edo agertzen diren gauzak berak) inolaz ere ez luke oinarrian egon beharko (adigai soilen arabera juzgatu beharko litzatekeenez), aitzitik, bere ahalgarritasunak begiespen formala (denbora eta espazioa) emandakotzat aurresuposatzen du.

Oharra hausnarketa-adigaien anfibologiari[aldatu]

Baimen bekit sentimenean edo adimenean adigai bati ematen diogun kokalekuari leku transzendentala deitzea. Honela, adigai bakoitzari bere erabileraren ezberdintasunagatik dagokion kokaleku honen eta adigai guztiei leku hori determinatzeko erregelen araberako jarraibidearen juzgaketa topika transzendentala litzateke; adimen hutsaren hutsegiteen eta bertatik sortutako itxurapenen aurka zehazki babestuko litzatekeen irakaspena da, beti adigaiak benetan zein indar ezagutzaileri dagozkion ezberdintzen duen heinean. Halako adigai bakoitzari, bere baitan hainbat ezagutza jasotzen dituen halako izenburu bakoitzari, leku logikoa dei dakioke. Hemen oinarritzen da Aristotelesen topika logikoa, eskola-maisu eta hizlariek erabil zezaketeena, horrela pentsatzearen izenburu jakinen artean une bakoitzean gaiari hoberen zegokiona bilatzeko eta, zehaztasun itxurak gordez, gai horren gainean arrazoikerietan aritzeko edo luze hitz egiteko.

Topika transzendentalak, aitzitik, ez ditu alderaketa eta bereizkuntza ororen aipatutako lau izenburuak baino barnebiltzen, zeinak kategorietatik honen bitartez bereizten diren, alegia, haien bitartez ez dela objektua aurkezten bere anizkuntasun osoan bere adigaia osatzen duenaren arabera (handitasuna, errealitatea), baizik gauzen adigaiaren aurretik doan errepresentazioen alderaketa besterik ez. Alderaketa honek, ordea, aurretik gogoeta bat behar du, h. d., alderatu behar diren gauzen errepresentazioak non egokitzen diren determinatu behar du: ea adimen hutsak pentsatzen dituen ala sentimenak begiespenean ematen dituen.

Adigaiak logikoki aldera daitezke beren objektuen egokitzapenaz arduratu gabe, hots, ea noumeno gisa adimenari dagozkion edo fenomeno gisa sentimenari. Guk, ordea, adigai hauen bidez objektuetara jo nahi badugu, orduan beharrezkoa da aurretik gogoeta transzendentala egitea, honela zein indar ezagutzaileren objektuak diren ikustearren, adimenarenak edo sentimenarenak. Gogoeta hau egiten ez badut, adigai hauen erabilera oso ez segurua bihurtzen dut eta ustezko oinarri-esakune sintetikoak sortzen dira, alegia, arrazoimen kritikoak berrezagutu ezin dituen eta anfibologia transzendental batean soilik oinarritzen diren oinarri-esakuneak, h. d., adimen hutsaren objektuen eta agerpenen arteko nahasketan.

Halako topika transzendental baten gabezian, eta beraz, hausnarketa-adigaien anfibologiaren bitartez iruzurtua, Leibniz sonatuak munduaren sistema intelektuala antolatu zuen edo, hobeto esanda, gauzen barneko antolaera ezagutu zuela sinetsi izan zuen, objektu denak adimenarekin eta bere pentsatzearen adigai formal bakartuekin soilik alderatzen zituen heinean. Hausnarketa-adigaien gure taulak itxaroten ez genuen abantaila ematen digu, alegia, bere irakaspidearen bereizgarria bere zati guztietan begi-bistan jartzea, eta aldi berean bere pentsamolde bereziaren oinarri zuzentzailea ere bai, gaizki-ulertze batean soilik funtsatzen dena. Leibnizek gauza guztiak elkarrekin alderatu zituen adigaien bitartez eta ez zuen aurkitu, berezkoa denez, adimen hutsak bere adigaiak elkarren artean ezberdintzeko erabiltzen duena baino beste ezberdintasunik. Sentsuzko begiespenaren baldintzak, beren bereizketa propioak aldean daramatzatenak, ez zituen jatorrizkotzat; izan ere, sentimena errepresentatzeko era nahastutzat besterik ez zuen jotzen, ez errepresentazioen iturburu berezitzat; agerpena berbaitango gauza beraren errepresentaziotzat jotzen zuen, nahiz adimenaren bidezko ezagutzetik ezberdintzen zuen forma logikoaren arabera, zeren agerpenak analisiaren ohiko gabeziagatik alboko errepresentazioen nahasketa jakina baitakar gauzaren adigaira, adimenak baztertzen badakien nahasketa. Hitz batean: Leibnizek agerpenak intelektualizatu zituen, Lockek, berriz, bere aldetik adimenaren adigaiak noogoniaren bere sistemaren arabera (adierazpen hau erabiltzea baimentzen bazait) osotara sentsifikatu zituen, h. d., hausnarketa-adigai enpirikotzat edo bakartutzat baino ez zituen hartzen. Adimenean eta sentimenean errepresentazioen bi iturburu erabat ezberdin bilatu beharrean, gauzez baliotasun objektiboarekin elkarloturan soilik juzga dezaketen iturburuak, alegia, gizon handi hauetako bakoitza bietako batean geratu zen, hots, bere iritziz zuzenki berbaitango gauzekin harremanean zegoenean, besteak lehenengoaren errepresentazioak nahastu edo ordenatu besterik egingo ez lukeelarik.

Ondorioz, Leibnizek sentsuen objektuak adimenean besterik ez zituen alderatu elkarrekin oro harrezko gauzak balira bezala. Lehenik, adimenak berberak edo ezberdinak balira bezala juzgatu beharko lituzkeen heinean alderatu zituen objektuak. Beraz, begien aurrean beren adigaiak baino ez zituenez, eta ez begiespenean zuten kokalekua, begiespena izaki objektuak eman daitezkeen leku bakarra, eta adigai hauen leku transzendentalari batere arretarik eskaini ez zionez gero (ea objektua agerpenen edo berbaitango gauzen artean onartu behar zen), bada, orduan ezin zen hau baino gertatu: oro harrezko gauzen adigaiez besterik balio ez duen ezberdingaitzen bere oinarri-esakunea sentsuen objektuetara ere hedatu zuela (mundus phaenomenon), eta honen bitartez izadiaren ezagutzari hedapen aski handia eman zitzaiola uste izan zuela. Noski, ur-tanta bat berbaitango gauza gisa bere barneko determinazio guztiekin ezagutzen badut, orduan hauetako bat bera ere ezin dut besteetatik ezberdintzat jo, baldin eta beren adigai osoa berbera bada. Baldin eta bera, ordea, agerpena bada espazioan, orduan bere lekua ez du adimenean soilik (adigaien artean), baizik sentsuen kanpoko begiespenean (espazioan), eta hor leku fisikoak ez dira batere arduratzen gauzen barneko determinazioez, eta «b» leku batek «a» lekuan dagoenaren erabat antzekoa eta berdina den gauza barnebil dezake, nahiz eta horren ezberdina izan barnekoaren arabera. Lekuen ezberdintasunak beste baldintza gehiago behar izan gabe objektuen askotasuna eta bereizkuntza ahalbidetu ez ezik, hori gainera halabeharrez egiten du, objektuok berez agerpenak diren aldetik. Beraz, itxurazko lege hura ez da izadiaren ezein legerik. Adigai soilen bidezko gauzen alderaketaren erregela analitikoa besterik ez da.

Bigarrenik, errealitateak (baieztapen soilak diren aldetik) logikoki inoiz elkarren aurka jartzen ez direla dioen oinarri-esakunea adigaien hartuemanen esakune erabat egiazkoa da, baina ez du ezer esan nahi, ez izadiari dagokionez, ezta inolaz ere berbaitango gauza bati dagokionez ere (ez dugu honen ezein adigairik). Izan ere, aurkakotasun erreala, hots, A-B = 0, gertatzen den leku guztietan aurkitzen da, h. d., errealitate bat bestearekin subjektu batean lotua dagoenean batak bestearen eragina ezeztatuz, eta hau izadiko oztopoek eta kontraeraginek jartzen dute etengabe begi-bistan, zeinek, indarretan oinarritzen direnez gero, realitates phaenomena izena behar duten. Mekanika orokorrak aurkakotasun honen baldintza enpirikoa a priori erregela baten bidez adieraz dezake, noranzkoen kontrajartzea aintzat hartzen duen heinean. Errealitatearen adigai transzendentalak ez daki ezer baldintza honi buruz. Leibniz jaunak esakune hau oinarri-esakune berri bati dagokion hotsarekin iragarri ez zuen arren, dena dela, baieztapen berrietarako erabili zuen eta bere jarraitzaileek izendatuki sartu zuten leibniziar-wolffiar irakaspen-eraikinean. Oinarri-esakune honen arabera, adibidez, gaizki guztiak ez dira sorkarien zedarrien ondorioak baino, h. d., ukapenak, zeren hauek baitira errealitatearen aurkakotasun bakarrak (oro harrezko gauza baten adigai soilean horrela gertatzen da benetan, baina ez gauzetan hauek agerpenak diren aldetik). Halaber, oinarri-esakune honen aldeztaileek ahalgarritzat ez ezik, berezkotzat ere jotzen dute errealitate oro zerizan batean bateratzea aurkakotasun arduratsurik gabe, ez baitute kontraesanaren esakunea baino ezagutzen (horrela, honen bitartez gauza baten adigai bera ezeztatzen dela), ez, ordea, elkar ezeztapenarena, bertan oinarri erreal batek bestearen eragina ezeztatzen duela; halako oinarri-esakunea errepresentatzeko baldintzak sentimenean besterik ez ditugu aurkitzen.

Hirugarrenik, Leibnizen monadologiak oinarri hau besterik ez du: filosofo honek barnekoaren eta kanpokoaren arteko bereizketa adimenarekin hartuemanean soilik errepresentatzen zuela. Oro harrezko substantziek barneko zerbait izan behar dute, kanpoko hartueman orotatik, eta ondorioz, baita elkarketatik ere aske dagoen zerbait. Berbaitango gauzaren barnekoaren oinarritzapena bakunkia da, beraz. Bere egoeraren barnekoa ezin da izan lekua, tankera, ukipena edo higidura (determinazio hauek denak kanpoko hartuemanak dira), eta guk, horregatik, ezin diegu egotzi substantziei beste barneko egoerarik, guk geure sentsua barnetik determinatzeko erabilitakoa izan ezik, hots, errepresentazioen egoera. Horrela prestatu ziren monadak, unibertso osoaren oinarrizko ekaia izan behar zutenak, baina beren indar ekilea errepresentazioetan besterik ez dago, eta hauen bitartez benetan beren barnean soilik eragiten dute.

Arrazoi honegatik izan behar zuen, ordea, bere substantzien arteko komunitate ahalgarriaren printzipioak aurrez determinatutako harmonia, eta ez ezein eragin fisikorik. Izan ere, denak barnetik besterik ez, h. d., bere errepresentazioez jarduten badu, orduan substantzia baten errepresentazioen egoera ezingo litzateke ezein lotura eraginkorretan egon bestearen errepresentazioen egoerarekin, baizik eta denetan eragiten duen hirugarren kausak egokiarazi beharko lituzke substantzien egoerak elkarren artean, baina ez, noski, noizbehinkako eta kasu berezi bakoitzean bereziki erabilitako laguntzaz (systema assistentiae), baizik denentzat balio duen kausa baten batasunaren ideiaren bidez, non denek beren izatea eta iraunkortasuna, eta beraz, baita beren elkar egokitasuna ere lortu beharko luketen lege orokorren arabera.

Laugarrenik, denboraren eta espazioaren bere irakaspide sonatua, sentimenaren forma hauek intelektualizatzen zituen irakaspidea, hausnarketa transzendentalaren iruzur berberatik baino ez zen sortu. Nik adimen soilaren bitartez gauzen kanpoko hartuemanak errepresentatu nahi baditut, orduan hau beren elkarreraginaren adigaiaren bidez soilik gerta daiteke, eta nik gauza beraren egoera beste egoera batekin elkarlotu behar badut, orduan hau oinarrien eta ondorioen ordenaren arabera soilik gerta daiteke. Horrela, Leibnizek espazioa substantzien komunitatean dagoen ordena jakin gisa pentsatu zuen eta denbora beren egoeren segida dinamiko gisa. Hala ere, bi hauen bereizgarria, gauzetatik beregaina zena, hots, biek itxuraz beren baitan zutena, adigai horien nahasketari egotzi zion, eta honek hartueman dinamikoen forma soila berez dirauen eta gauza beren aurretik doan begiespentzat hartzea eragin zuen. Beraz, espazioa eta denbora berbaitango gauzen (substantzien eta beren egoeren) elkarloturaren forma inteligibleak ziren. Gauzak, ordea, substantzia inteligibleak ziren (substantiae noumena). Hala eta guztiz ere, Leibnizek adigai hauek agerpentzat har zitezela nahi zuen, zeren sentimenari begiespenaren era propiorik ez baitzion onartzen, aitzitik, objektuen errepresentazio denak, baita enpirikoak ere, adimenean bilatzen baitzituen, eta adimenaren errepresentazioak nahastu eta eraldatzeko zeregin mezprezagarria besterik ez baitzien utzi sentsuei.

Guk berbaitango gauzez adimen hutsaren bitartez zerbait sintetikoki esan ahal izango bagenu (ezinezkoa dena, ordea), hori ezingo litzateke inolaz ere berbaitango gauzak errepresentatzen ez dituzten agerpenekin harremanean jarri. Azken kasu honetan, beraz, nire gogoeta transzendentalean nire adigaiak beti sentimenaren baldintzapean soilik alderatu beharko ditut, eta horrela, espazioa eta denbora ez dira bihurtuko berbaitango gauzen determinazioak, baizik agerpenenak; berbaitango gauzak zer izan litezkeen ez dakit, eta ez dut jakiterik behar ere, zeren gauza bat inoiz ez baitut agerpenean baino topatuko.

Horrela jokatzen dut gainerako hausnarketa-adigaiekin. Materia substantia phaenomenon da. Berari bere barnean dagokiona betetzen duen espazioaren alde guztietan eta sortzen dituen eragin guztietan bilatzen dut, zeinak, noski, kanpoko sentsuen agerpenak soilik izan daitezkeen. Ez daukat, beraz, barne-barnekoa den ezer, alderaketaz barnekoa besterik ez den, eta gainera, kanpoko hartuemanez osatzen den zerbait baizik. Dena dela, adimenaren ikuspegitik materiaren barne-barnekoa asmakizun soila da, ez baita ezein objekturik adimen hutsarentzat; baina materia deitzen diogun agerpenaren oinarria izan daitekeen objektu traszendentala Zerbait soila da, eta hau zer den ezingo genuke ulertu norbaitek esan ahal izango ligukeen arren. Izan ere, gure hitzei egokitzen zaionak begiespenean aldean dakarren zerbait besterik ezin dugu ulertu. «Ez dugu inolaz ere aditzen gauzen barnekoa» dioten kexuek ez dute legeztapenik eta arrazoizkotasunik, baldin eta hau adina esan nahi badute: guri agertzen zaizkigun gauzak ezin ditugula ulertu adimen hutsaren bidez beren baitan izan daitezkeenari dagokionez; izan ere, sentsurik gabe ere gauzak ezagutzea, eta beraz, begietsi ahal izatea nahi dute, eta ondorioz, giza ezagumenetik erabat ezberdina den zerbait eduki nahi dute, mailaren arabera ez ezik, begiespenaren eta eraren arabera ere bai, eta beraz, gizakiak ez, baizik beraiez ea ahalgarriak ote diren eta, are gutxiago, nola antolatuta dauden esan ezin dezakegun moduko zerizanak izan nahi dute. Agerpenen behaketa eta analisia dira izadiaren barnera sartzen direnak, eta ezin da jakin hauek denborarekin noraino iritsiko diren. Izadiaz goiti doazen galdekizun transzendental haiek honekin guztiarekin ezingo genituzke erantzun, ezta izadi osoa agertuko balitzaiguke ere, zeren gure gogamena bera geure barneko sentsua den begiespenaren bidez soilik behatu baitezakegu. Izan ere, bertan datza gure sentimenaren jatorriaren sekretua. Objektu batekin duen harremana eta batasun honen oinarri transzendentala sakonegi ezkutatuak daude zalantzarik gabe, geure burua barneko sentsuaren arabera soilik, eta beraz, agerpen gisa ezagutzen dugunok geure ikerkuntzaren tresna hain desegokia erabili ahal izateko moduan, berriro agerpena ez dena aurkitzearren, nahiz eta sentsuzkoa ez den bere kausa gustura ikertu nahiko genukeen.

Hausnarketaren ekintza soiletatiko inferentzien kritika hau erabat onuragarria egiten duena hau da: adimenean soilik elkarrekin alderatzen diren objektuez egindako inferentzia ororen hutsaltasuna argiki azaltzen duela eta, aldi berean, gehienbat guk azpimarratu duguna baieztatzen duela, alegia, agerpenak berbaitango gauzak balira bezala adimen hutsaren objektuen artean jaso ez arren, hala eta guztiz ere, beraietan soilik lortzen duela gure ezagutzak errealitate objektiboa, hots, beraietan soilik egokitzen zaiela begiespena adigaiei.

Guk logikoki soilik hausnartzen badugu, orduan gure adigaiak adimenean soilik alderatzen ditugu elkarren artean: ea biak gauza bera barnebiltzen duten, ea kontraesaten diren ala ez, ea adigaiak bere baitan zerbait barnebiltzen duen edo zerbait adigaiari eransten zaion, eta ea bien artean zein hartu behar den emana gisa eta zein emana pentsatzeko era gisa soilik. Adigai hauek, ordea, oro harrezko objektu bati (adiera transzendentalean) aplikatzen badizkiot zehazkiago determinatu gabe ea hau sentsuzko begiespenaren edo begiespen intelektualaren objektua den, orduan berehala zedarriztapenak azaltzen dira (adigai horietaz goiti ez joateko), beren erabilera enpiriko oro eraldatzen dutenak, eta honen bidez, oro harrezko gauza den objektu baten errepresentazioa askieza soilik dela ez ezik, bere sentsuzko determinaziorik gabe eta baldintza enpirikotik beregainki bere baitan aurkakorra litzatekeela ere frogatzen duten zedarriztapenak, alegia; beraz, edo objektu guztiez abstraitu behar dela (Logikan), edo bat onartzen bada, orduan sentsuzko begiespenaren baldintzapean pentsatu behar dela frogatzen dute, eta beraz, inteligiblea denak guk ez dugun begiespen erabat berezia eskatuko luke, eta honen gabezian ez da ezer izango guretzat, aitzitik, agerpenek ezin dute berbaitango gauzak izan. Izan ere, oro harrezko gauzak soilik pentsatzen baditut, orduan, noski, kanpoko hartuemanen ezberdintasunak ez du osatzen gauzen ezberdintasuna bera, baizik eta hau aurresuposatzen du, eta Baten adigaia Beste baten adigaitik barnean ez bada ezberdintzen, orduan gauza bat eta berbera ezartzen dut hartueman ezberdinetan. Gainera, baieztapen (errealitate) soil bat beste bati gehitzearen bidez zerbait positiboa gehitzen da, eta honi ez zaio ezer kentzen edo ezeztatzen; horregatik, errealkiak oro harrezko gauzetan ezin du bere buruaren aurka egin, eta abar.


*  *  *

Hausnarketaren adigaiek, erakutsi dugun legez, sasi-interpretazio jakin baten bitartez adimenaren erabileran hainbesteko eragina dute, ezen filosofo buruargienetako bat ere ezagutza intelektualaren ustezko sistemara desbideratzeko gai izan baitira, alegia, objektuak sentsuen laguntzarik gabe determinatzea saiatzen duen sistemara. Arrazoi beragatik oinarri-esakune faltsuak sortzen dituzten adigai hauen anfibologiaren kausa iruzurtiaren argiketak onura handia du adimenaren mugak ziurtasunez determinatzearren eta segurtatzearren.

Esan behar da bai adigai bati orokorki dagokiona edo hau kontraesaten duena era berean adigaiaren baitan jasoa dagoen eta berezia den orori dagokiola edo bera kontraesaten duela (dictum de omni et nullo); baina burugabea litzateke oinarri-esakune logiko hau honela eraldatzea: adigai orokor batean barnebiltzen ez dena bere menpean dagoen adigai berezian ere ez dela barnebiltzen; izan ere, hauek horregatik dira adigai bereziak, orokorretan pentsatutakoa baino gehiago barnebiltzen dutelako. Hala ere, Leibnizen sistema intelektual osoa azken oinarri-esakune honen gainean eraikia dago; sistema oinarri-esakunearekin batera hondoratzen da aldi berean, baita bertatik sortzen den adimenaren erabileraren zentzu-bikoiztasuna ere.

Ezberdingaitzen esakunea benetan aurresuposizio honetan oinarritzen zen: oro harrezko gauza baten adigaian bereizkuntza jakin bat ez bada aurkitzen, orduan gauzetan ere ez dela aurkitzen; ondorioz, jadanik adigaiaren arabera (kualitatearen edo kantitatearen arabera) bereizten ez diren gauza denak erabat gauza berbera dira (numero eadem). Hala ere, gauzaren baten adigai soilean begiespenaren beharrezko baldintza batzuez abstraitzen denez gero, orduan presa bitxi baten bitartez abstraitu zen hura inon ez dagoen zerbait bihurtzen da, eta gauzei ez zaie onartzen beren adigaietan barnebildua dagoena baino.

Metro kubiko batean espazioa beti berbera da, nahi dudan lekuan eta nahi dudan bezainbat aldiz pentsatu arren. Baina bi metro kubiko, hala ere, beren lekuengatik ezberdintzen dira espazioan (numero diversa); hauek adigai honen objektua ematen duen begiespenaren baldintzak dira, ez adigaiari dagozkion baldintzak, baizik sentimen osoaren baldintzak. Era berean, gauza baten adigaian ez dago aurkakotasunik ezeztailea den zerbait baieztailea den zerbaitekin ez bada lotzen, eta adigai baieztaile soilek ezin dute ezeztapenik eragin loturan. Hala ere, errealitatea (adibidez, higidura) eskuratzen digun sentsuzko begiespenean baldintza batzuk badaude (elkarren aurka doazen noranzkoak), higiduraren adigaian oro har alde batera baztertu ziren eta aurkakotasun bat ahalbidetzen duten baldintzak, nahiz aurkakotasun hau, noski, logikoa ez izan, hots, erabat positiboa den zerbait zero = 0 bihurtzea, eta ezin daiteke esan errealitate oro elkarrekin ados jartzen dela adigai hauen artean aurkakotasunik aurkitzen ez delako98. Adigai soilen arabera barnekoa hartueman oro edo kanpoko determinazio ororen substratua da. Nik begiespenaren baldintza oroz abstraitzen badut eta oro harrezko gauza baten adigaian baino ez banaiz geratzen, orduan kanpoko hartueman oroz abstrai dezaket eta, hala ere, adigai batek iraun behar du, ezein hartuemanik ez, baizik barneko determinazioa besterik adierazten ez duen adigaiak. Hortaz, hortik itxuraz hau ondorioztatzen da: gauza bakoitzean erabat barnekoa den zerbait dagoela (substantzia), eta hau kanpoko determinazio ororen aurretik doala, hauek lehen-lehenik ahalbidetzen dituen heinean; eta beraz, substratu hau bere baitan kanpoko hartueman gehiagorik barnebiltzen ez duen modukoa da, eta ondorioz, bakuna da (izan ere, gauza gorpuzdunak beti hartuemanak besterik ez dira, zati batzuk besteetatik at dauden heinean bederen); eta guk barne-barnekoa den ezein determinaziorik ezagutzen ez dugunez gero, gure barneko sentsuaren bidez izan ezik, orduan substratu hori bakuna izan ez ezik, gainera (gure barneko sentsuarekin analogian) errepresentazioen bitartez determinatzen da, h. d., gauza guztiak benetan monadak edo errepresentazioak eduki ahal lituzketen zerizan bakunak lirateke. Honek guztiak bere zuzentasuna izango luke kanpoko begiespenaren objektuak eman ahal izateko baldintzei (eta adigai hutsak hauetaz abstraitzen du) oro harrezko gauza baten adigaia besterik ez balegokie. Zeren hor azaltzen baita agerpen iraunkorrek espazioan (hedadura sarrezinean) hartueman soilak baino ez dituztela barnebiltzen, ezta barne-barnekoa den ezer ere, eta, hala ere, kanpoko hautemapen ororen lehen substratua izan daitezkeela. Noski, adigai soilen arabera barneko zerbait izan gabe ezin dut kanpoko ezer pentsatu, hain zuzen, hartueman-adigaiek absolutuki emandako gauzak aurresuposatzen dituztelako eta hauek gabe ez direlako ahalgarriak. Begiespenean oro harrezko gauza baten adigaian ez dagoen zerbait barnebiltzen denez eta adigai soilen bitartez ezagutuko ez litzatekeen substratua ematen duena denez, hots, espazioa denez gero, zeina, berak barnebiltzen duen denarekin, hartueman formal edo erreal soilez osatzen den, bada, orduan ezin dut esan: adigai soilen bitartez barne-barnekoa den zerbait gabe ezein gauzarik errepresentatu ezin daitekeenez gero, orduan adigai hauen baitan jasotzen diren gauzetan beraietan eta beren begiespenean ez dago kanpokoa den ezer oinarrian barne-barnekoa den zerbait duenik. Izan ere, guk begiespenaren baldintza oroz abstraitzen badugu, orduan, noski, adigai soilean oro har barnekoa besterik ez dena geratzen zaigu, eta barnekoa osatzen dutenen arteko hartuemana, kanpokoa ahalbidetzen duen hartueman bakarra, alegia. Abstrakzioan besterik oinarritzen ez den beharrezkotasun hau, ordea, ez da gauzetan gertatzen, begiespenean hartueman soilak adierazten dituzten halako determinazioekin batera ematen den heinean, barnekoa den zerbait oinarritzat izan gabe, zeren ez baitira berbaitango gauzak, baizik agerpenak besterik ez. Materiaz ezagutzen dugun bakarra hartueman hutsak dira (bere barneko determinazioak deitzen diegunak alderagarriki baino ez dira barnekoak); baina hartueman hauen artean beregainak eta iraunkorrak direnak ere badaude, eta horien bidez ematen zaigu objektu determinatua. Nik hartueman horietaz abstraitzen dudanean, pentsatzeko ezer gehiago ez geratzeak ez du ezeztatzen gauza baten adigaia, gauza hau agerpena den heinean, ezta objektu baten adigaia in abstracto ere, baina bai adigai soilen bitartez determinagarria denaren ahalgarritasuna, h. d., noumenoaren ahalgarritasuna. Harritzen du bai gauza bat erabat hartuemanez osatzen dela entzuteak, baina halako gauza agerpen soila ere bada eta ezin daiteke inolaz ere kategorien bitartez pentsatu; zerbaitek oro har sentsuekin duen hartuemanez osatzen da. Era berean, adigai soiletatik abiatzean, gauzen hartuemanak oro har in abstracto ezin dira honela baino pentsatu: bata bestearen determinazioaren kausa izanik; izan ere, hau da hartuemanaz dugun adimenaren adigaia bera. Hala ere, begiespen oroz abstraitzen dugunez gero, orduan anizkunkiak bere lekua determinatu ahal izateko duen era oso bat ezeztatzen da, hots, sentimenaren forma (espazioa), dena dela, kausalitate enpiriko ororen aurretik doana.

Objektu inteligible soilez kategoria hutsen bitartez sentimenaren eskemarik erabili gabe pentsatzen diren objektuak ulertzen baditugu, orduan halako objektuak ezinezkoak dira. Izan ere, gure adimenaren adigai ororen erabilera objektiboaren baldintza gure sentsuzko begiespenaren era besterik ez da, eta honen bitartez guri objektuak ematen zaizkigu, eta guk honetaz abstraitzen badugu, orduan haiek ez dute ezein objekturekin harremanik. Horrez gain, sentsuzkoa ez den begiespenaren beste era bat onartu nahiko balitz, orduan pentsatzeko dauzkagun funtzioek ez lukete batere esanahirik izango honi begira. Horretaz sentsuzkoa ez den begiespenaren objektuak ulertuz gero, gure kategoriek objektu hauentzat ez dutela balio, eta beraz, objektu hauetaz inoiz ezagutzarik ezingo dugula izan (ez begiespena, ezta adigaia ere), bada, orduan, dena dela, noumenoak zentzu negatibo honetan onartuak izan behar dira, izan ere, hau baino ez dute adierazten: gure begiespenaren era ez dela objektu guztietara heltzen, baizik gure sentsuen objektuetara besterik ez, eta ondorioz, beren baliotasun objektiboa mugatua dela, eta beraz, beste begiespen-era batentzat, eta honenbestez, bere objektuak diren gauzentzat lekua geratzen dela. Hainbestez, ordea, noumenoaren adigaia problematikoa da, h. d., ez ahalgarria dela, ezta ezinezkoa dela ere esan ezin dugun gauzaren errepresentazioa da, sentsuzkoa ez den beste begiespen-erarik ezagutzen ez dugun heinean, ezta beste adigaien erarik ere, gure kategoriak izan ezik, eta bietako bat bera ere ez da sentsuenak ez diren objektuentzat egokia. Beraz, gure pentsatzearen objektuen alorra ezin dugu gure sentimenaren baldintzez goiti positiboki hedatu eta agerpenez gain oraindik pentsatze hutsaren objektuak, h. d., noumenoak onartu, haiek esanahi positibo zehazgarririk ez baitute. Izan ere, kategoriez aitortu behar dugu hauek soilik ez direla aski berbaitango gauzen ezagutzarako eta sentimenaren daturik gabe adimenaren batasunaren forma subjektibo soilak liratekeela, objekturik gabeak, ordea. Pentsatzea ez da benetan sentsuen ezein produkturik, eta hainbestez, ez dago sentsuen bitartez zedarriztatua, baina ez du horregatik berehala erabilera propioa eta hutsa sentimenaren laguntzarik gabe, zeren horrela objekturik ez bailuke. Noumenoari ezin zaio halako objektua deitu; izan ere, honek objektu baten adigai problematikoa esan nahi du, erabat gurea ez den begiespenarentzako eta adimenarentzako objektua, eta beraz, arazo bat da. Noumenoaren adigaia, beraz, ez da objektu baten adigaia, baizik gure sentimenaren zedarriztapenari ezinbestean egozten zaion eginkizuna, alegia, ea bere begiespenetik erabat beregainak diren objektuak egon daitezkeen, eta galdekizun hau indeterminatuki besterik ezin da erantzun, hots, sentsuzko begiespena gauza guztiei bereizketarik gabe lotzen ez zaienez gero, orduan beste objektuentzat hainbat leku gehiago geratzen dela, eta horrela, hauek ez direla erabat ukatzen, baina adigai determinatu baten gabezian (ezein kategoria ez baita horretarako egokia) gure adimenaren objektutzat ere ezin direla onartu.

Beraz, adimenak sentimena mugatzen du, hori egitean bere alor propioa hedatu gabe, eta sentimenari berbaitango gauzetara jotzera ez ausartzeko, baizik soilik agerpenetara jotzeko oharrarazten dion heinean, orduan objektu bat bere baitan pentsatzen du, baina objektu transzendental gisa besterik ez, agerpenaren kausa den objektu gisa (eta beraz, agerpena ez dena), eta ez handitasun gisa, ezta errealitate, ezta substantzia, eta abar gisa ere pentsatu ezin daitekeen objektua (zeren adigai hauek beti sentsuzko formak eskatzen baitituzte, beraietan beraiek objektu bat determinatzen dutela); objektu honetaz erabat ezezaguna da ea gugan edo gugandik at aurki daitekeen, ea sentimenarekin aldi berean desagertzen den edo guk hura kentzean oraindik iraungo lukeen. Objektu honi noumeno deitu nahi badiogu, bere errepresentazioa sentsuzkoa ez delako, orduan aske gara horrela egiteko. Hala ere, berari gure adimenaren adigairik aplikatu ezin diogunez gero, orduan errepresentazio horrek guretzat kaskala dirau eta ez du ezertarako balio, gure sentsuzko ezagutzaren mugak ezaugarritzeko eta ez esperientzia ahalgarriaren bitartez, ezta adimen hutsaren bitartez ere bete ezin dezakegun espazioa aske uzteko izan ezik.

Adimen hutsaren kritikak, beraz, ez du baimentzen objektuen alor berri bat sortzea berari agerpen gisa agertzen zaizkion objektuetatik at, ezta mundu inteligibleetan sartzea ere, are gutxiago hauen adigaian sartzea. Honetan datza hain argiro horretara desbideratzen duen hutsegitea, barkatu bai, baina legeztatu ezin dezakegun hutsegitea: adimenaren erabilera bere determinazioaren aurka eginez transzendentala bihurtzen dela eta objektuak, h. d., begiespen ahalgarriak adigaien arabera antolatzen direla, eta ez adigaiak begiespen ahalgarriaren arabera (hauetan funtsatzen dela haien baliotasun objektiboa). Hau gertatzearen arrazoia bere aldetik hau da: apertzepzioa eta berekin batera pentsatzea errepresentazioen ordenaketa determinatu ahalgarri ororen aurretik doazela. Beraz, guk zerbait oro har pentsatzen dugu eta, alde batetik, sentsuen arabera determinatzen dugu, baina, bestetik, objektu orokorra eta in abstracto errepresentatua dena bera begiesteko era honetatik bereizten dugu; hor, bera pentsatzearen bidez determinatzeko era soilik geratzen zaigu, egiatan edukirik gabeko forma logiko soila dena, baina guri, hala ere, objektua bere baitan (noumenon) existitzen den era dirudiguna, gure sentsuetara zedarriztatzen den begiespena alde batera utziz.


*  *  *

Analitika transzendentala utzi aurretik sistemaren osotasunari dagokionez itxuraz beharrezkoa izan daitekeen zerbait gaineratu behar dugu oraindik, honek garrantzi berezia ez izan arren. Filosofia transzendentalaren hastapena osatzen duen adigai gorena arrunki ahalgarriaren eta ezinezkoaren arteko sailkaketa da. Sailkaketa orok, ordea, adigai zatitua aurresuposatzen duenez gero, orduan garaiagoa den adigai bat onartu behar da, eta hau oro harrezko objektu baten adigaia da (problematikoki hartuta eta erabakitzeke utziz ea zerbait den ala ezer ez den). Kategoriak oro harrezko objektuei lotzen zaizkien adigai bakarrak direnez gero, orduan objektu baten bereizkuntza, alegia, ea Zerbait den ala Ezerez den, kategorien ordena eta gidaren arabera egingo da.

1) Guztia, Asko eta Bataren adigaiei dena ukatzen duen Ezerezaren adigaia kontrajartzen zaie, eta orduan, hau begiespenik egokitzen ez zaion adigaiaren objektua da, = ezer ez, h. d., objekturik gabeko adigaia, ahalgarritasunen artean onartu ezin daitezkeen noumenoen antzekoa, nahiz horregatik hauek ezinezkotzat jotzeko beharrik ez izan (ens rationis), edo oinarrizko indar berri jakinen gisakoa, kontraesanik gabe pentsatzen direnak, baina era berean esperientziako adibiderik gabe ere pentsatzen direnak, eta beraz, ahalgarritasunen artean onartu ezin direnak.

2) Errealitatea Zerbait da, ukapena Ezerez, hots, objektu baten gabeziaren adigaia, itzala edo hotza diren legez (nihil privativum).

3) Begiespenaren forma hutsa substantziarik gabe ez da bere baitan ezein objekturik, baizik bere baldintza formal soila (agerpena den aldetik), espazio hutsa eta denbora hutsa diren legez, zeinak Zerbait badiren, begiesteko formak diren aldetik, baina begiets daitezkeen ezein objekturik izan gabe (ens imaginarium).

4) Bere burua kontraesaten duen adigai baten objektua Ezerez da, zeren adigaia Ezerez baita, ezinezkoa den zerbait, bi alde dituen figura lerrozuzena den legez (nihil negativum).

Beraz, Ezerezaren adigaiaren sailkaketa honen taula (izan ere, Zerbaiten sailkaketa paraleloa berez jarraiki zaio honi) honela antolatu beharko litzateke:

Ezereza

1.

Objekturik gabeko adigai kaskal gisa,

ens rationis


                          2.                                                       3.

                Adigai baten                                 Objekturik gabeko

           objektu kaskal gisa,                        begiespen kaskal gisa,

              nihil privativum                                ens imaginarium


4.

Adigairik gabeko objektu kaskal gisa,

nihil negativum


Pentsamen-gauza (1 zenbakia) ezgauzatik (4 zenbakia) bereizten dela dakusagu, hura ahalgarritasunen artean ezin baita onartu, asmamen soila baita (kontraesankorra ez bada ere); hau, ordea, ahalgarritasunari kontrajartzen zaio, adigaiak bere burua ezeztatzen duen heinean. Biak, ordea, adigai kaskalak dira. Aitzitik, nihil privativum (2 zenbakia) eta ens imaginarium (3 zenbakia) adigaientzako datu kaskalak dira. Sentsuei argia ez bazaie ematen, orduan iluntasuna errepresentatu ere ezin da egin, eta zerizan hedatuak hauteman ezean, ezein espaziorik ere ezin da errepresentatu. Errealkirik gabe ukapena eta begiespenaren forma soila ez dira ezein objekturik.