Arrazoimen praktikoaren kritika/II. Arrazoimen hutsak erabilera praktikoan hedatzeko duen eskumenaz, erabilera espekulatiboan ezinezkoa zaiona

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

II. Arrazoimen hutsak erabilera praktikoan hedatzeko duen eskumenaz, erabilera espekulatiboan ezinezkoa zaiona

Printzipio moralaren bidez kausalitatearen lege bat aurkeztu dugu, azken horren determinazio-oinarria sentsuen munduaren baldintza oroz gain ezartzen duena, eta nahimena, adimenduzko mundu bati egokituz determina daitekeen moduan, eta beraz, nahimen horren subjektua (gizakia) ez da pentsatzen adimenaren mundu huts bati dagokiola, nahiz eta harreman horretan guretzat ezezaguna izan (arrazoimen espekulatibo hutsaren kritikaren arabera gerta zitekeen moduan), baizik eta hura haren kausalitateari dagokionez ere determinatzen du, sentsuen munduko ezein natur legetzat hartu ezin daitekeen lege baten bitartez, eta beraz, gure ezagutza zabaltzen du azken horren mugez haraindi, asmo hori arrazoimen hutsaren kritikak ezinezkotzat adierazi zuen arren espekulazio orotan. Nola batera daiteke hemen arrazoimen hutsaren erabilera praktikoa haren erabilera teorikoarekin, haren ahalmenaren mugak ezartzeari dagokionez?

Esan daiteke David Humek abiarazi zituela benetan arrazoimen huts baten eskubideen aurkako eragozpenak, haren azterketa oso bat eskatzen zutenak, eta hark honela arrazoitu zuen. Kausaren adigaia ezberdina denaren (eta gainera ezberdin den heinean) existentziaren elkarloturaren beharrezkotasuna jasotzen duen adigaia da, halako moldez non A ezartzen bada, nik ezagutzen baitut gainera horretatik erabat ezberdina den B-k ere halabeharrez existitu behar duela. Baina elkarlotura bati a priori ezagutzen bada baino ezin zaio egotzi beharrezkotasuna; izan ere, esperientziak lotura batez ezagutarazten du badela, baina ez halabeharrez dela. Baina ezinezkoa da, esaten du Humek, gauza baten eta beste gauza baten (edo determinazio baten eta erabat ezberdina den beste batenaren) arteko lotura, hautemapenean ematen ez badira, a priori eta beharrezko gisa ezagutzea. Beraz, kausa baten adigaia gezurrezkoa eta iruzurtia da, eta oso leunki hitz eginez barka daitekeen lilura bezala hartzen da gauza jakin batzuk, edo euren determinazioak, sarri bata bestearen aldean edo ondoren hautemateko ohitura (beharrezkotasun subjektiboa), haien existentziaren arabera elkartu diren moduan, halako elkarlotura ohartugabe objektuetan beraietan ezartzea beharrezkotasun objektibotzat hartzen delako, eta horrela kausaren adigaia atzeko atetik sartzen da eta ez da lortzen legezko eran, eta gainera inoiz ezin da horrela lortu edo baietsi, zeren bere baitan ezezkoa, kimerikoa, ezein arrazoimenek sustatu ezin duen elkarlotura eskatzen duelako, zeinari inoiz ezingo zaion ezein objektu egokitu. - Horrela, lehenengoz gauzen existentziari dagokion (matematika salbuespen gisa geratu zen) ezagutza ororen kasuan enpirismoa ezarri zen printzipioen iturri bakar gisa, eta horrekin batera aldi berean eszeptizismo gogorrena natur zientzia osoari dagokionez (filosofia gisa). Izan ere, inoiz ezin dugu halako oinarrizko esakuneen arabera gauzen determinazio jakinetatik abiatuta euren existentziaren arabera ondorio bat arrazoitu (izan ere, horretarako kausa baten adigaia beharko litzateke, halako elkarlotura baten beharrezkotasuna biltzen duen adigaia), baizik eta irudimenaren erregelaren arabera aurrekoen antzeko kasuak itxaron besterik ez, itxaropen hori inoiz segurua izan gabe, hainbat aldiz egikaritu bada ere. Gainera, ezein gertaeraren aurrean ezingo litzateke esan aurretik zerbaitek izan behar zuela, zeinari halabeharrez jarraitzen zaion, hau da, kausa bat izan behar zuela, eta beraz, hori gertatzen den hainbat kasu ezagutu arren, non horietatik erregela da erator baitaiteke, hala ere, ezingo litzateke onartu horregatik era horretara beti eta halabeharrez gertatzen dela, eta horrela ausa itsuari, non arrazoimenaren erabilera oro geratzen den, bere eskubidea onartu behar zaio, eta horrek orduan eraginetatik kausetara gora egiten duten arrazoiketei dagokien eszeptizismoa irmoki oinarritu eta errefusaezin bihurtzen du.

Matematika ordura arte salbatu zen horretatik, Humek uste baitzuen haren esakune guztiak analitikoak direla, hau da, determinazio batetik bestera identitatearen eskutik, eta beraz, kontraesanaren esakunearen arabera aurrera egiten dutela (hori, ordea, faltsua da, haiek guztiak sintetikoak baitira, eta, adibidez, geometriak ez gauzen existentziarekin baizik eta haiek begiespen ahalgarri batean duten apriorizko determinazioekin soilik izan arren zer ikusia, hala ere kausak adigaien bidez bezain ongi igarotzen dira A determinazio batetik guztiz ezberdina den B batera, harekin halabeharrez elkarlotuta egon arren). Baina, azkenik, duen ziurtasun apodiktikoagatik hain goraipatua den zientzia hark ere enpirismoari men egin behar dio oinarrizko esakuneetan, Humek kausaren adigaian beharrezkotasun objektiboaren ordez ohitura ezartzeko izan zuen arrazoi berberagatik, eta onartu behar du harrotasun guztia alde batera utziz haren uzi ausartak, a priori onespena eskatzen dutenak, gutxitzea eta bere esakuneen baliotasun orokorraren onarpena behatzaileen mesede gisa itxarotea, zeintzuek lekuko gisa ez lioketen uko egingo aitortzeari ezen, horiek geometrialariak oinarrizko esakune gisa aurkezten duena beti horrela hauteman zutela eta ondorioz ontzat emango luketela, nahiz eta beharrezkoa ez izan aurrerantzean ere horrela gertatzea itxaron beharra. Horrela, Humek oinarrizko esakuneetan duen enpirismoak ezinbestean eszeptizismora bidaltzen gaitu, baita matematikari dagokionez ere, eta ondorioz, arrazoimenaren erabilera teoretiko zientifiko orotan (izan ere, erabilera hori filosofiari edo matematikari dagokio). Eta bakoitzak juzga dezala ea arrazoimenaren erabilera arruntak (ezagutzaren ardatzei gertatzen zaien halako hondamendi izugarri batean) emaitza hobeagoak izango dituen, edo ea ez den nahastuko era berreskuraezinagoan jakintza ororen deuseztapen horretan, eta beraz, ea oinarrizko esakune horietatik ez ote den eszeptizismo orokor bat ondorioztatzen (zeinak, ordea, jende ikasia soilik ukituko duen).

Bada, nik arrazoimen hutsaren kritikan jorratutako lanean, hots, Humeren irakaspen zalantzagarri hark suspertu zuen baina askoz ere urrunago iritsi zenean eta arrazoimen teoretiko hutsak erabilera sintetikoan duen eremu osoa jasotzen zuenean, eta beraz, oro har metafisika deitzen denean ere bai, honela jokatu nuen kausalitatearen adigaia ukitzen duen filosofo eskoziarraren zalantzari dagokionez. Humek oso zuzenki jokatzen zuen kausaren adigaia iruzurtitzat eta lilura faltsutzat jotzen zuenean, hark (ia edonon gertatzen den moduan) esperientziaren objektuak berbaitango gauzatzat hartzen zituenez; izan ere, berbaitango gauzei eta horien determinazioei halakoak diren aldetik dagokienez ezin da ikusi A ezarri delako B ere halabeharrez ezarri behar denik, eta beraz, hark ezin zuen inolaz ere berbaitango gauzez halako apriorizko ezagutzarik onartu. Adigai haren jatorri enpirikoa are gutxiago onar zezakeen gizon zorrotz hark, zeren horrek zuzen-zuzenean kontraesaten baitu elkarloturaren beharrezkotasuna, kausalitatearen adigaiaren funtsa osatzen duena; eta beraz, adigaia baztertu zen eta horren ordez hautemapenen ibileraren behaketan sortzen den ohitura jarri zen.

Baina nire azterketek ondorioztatu zuten esperientzian jorratzen ditugun objektuak ez direla inolaz ere berbaitango gauzak, baizik eta agerpenak besterik ez, eta beraz, berbaitango gauzetan ikusi ezin den arren, ezinezkoa baita, A ezartzen denean nola izan behar duen kontraesankorra A-tik guztiz ezberdina den B ez ezartzea (A kausa gisaren eta B eragin gisaren arteko elkarloturaren beharrezkotasuna), hala ere oso ongi pentsa daiteke agerpen gisa esperientzia batean era jakin batean (adibidez, denborazko erlazioei dagokienez) halabeharrez lotuta egon daitezkeela eta ezin direla bereizi lotura hori kontraesan gabe, zeinak esperientzia hori ahalbidetzen duen, horretan soilik izaki ezagugarriak objektuak eta gu geu. Eta, horrela, aurkitu zen ezen, egitatean nik kausaren adigaia bere errealitate objektiboaren arabera esperientziako objektuei dagokienez frogatu ez ezik, gainera, apriorizko adigai gisa bere baitan daraman elkarloturaren beharrezkotasunagatik erator nezakeela, hau da, haren ahalgarritasuna azal nezakeela adimen hutsetik abiatuta, iturri enpirikorik erabili gabe, eta horrela, haren jatorriaren enpirismoa baztertu ondoren, horren ezinbesteko ondorioa, hots, eszeptizismoa ezaba nezakeen, lehenik natur zientziari dagokionez eta ondoren, erabat oinarri berberetik ondorioztatzen denez, matematikari dagokionez ere bai, hots, esperientzia ahalgarriaren objektuei lotzen zaizkien bi zientziei dagokienez, eta horrela arrazoimen teoretikoak ulertzen duela dioen orori buruzko zalantza osoa ezaba nezakeen.

Baina zer gertatzen da kausalitatearen kategoria hori (eta berdin gainerakoekin; izan ere, horiek gabe ezin da osatu existitzen denaren ezein ezagutzarik) ez esperientzia ahalgarriaren objektuetan baizik eta horren mugetatik haratago datzaten gauzetan aplikatzerakoan? Izan ere, adigai horien errealitate objektiboa esperientzia ahalgarriaren objektuei dagokienez soilik eratorri ahal izan dut. Baina horixe da, kasu horretan soilik salbatu izana, a priori determinatu ezin badira ere horrela objektuak pentsa daitezkeela erakutsi izana, haiei adimen hutsean lekua ematen diena, zeinaren bidez haiek oro harrezko objektuei (sentimenezkoei, edo sentimenezkoak ez direnei) lotzen zaizkien. Zerbait falta bada, hori kategoria horien eta, hain zuzen, kausalitatearenaren objektuekiko aplikazioaren baldintza da, hots, begiespena, zeinak falta denean ezinezkoa bihurtzen duen haren aplikazioa objektuen ezagutza teoretikoaren mesedetan, noumeno gisa, eta norbait hori egitera ausartzen bada (arrazoimen hutsaren kritikan gertatu zen moduan) erabat eragozten zaio; bestalde, adigaiaren errealitate objektiboak irauten du eta hori noumenoez ere erabil daiteke, baina adigai hori teoretikoki gutxienean ere ezin du determinatu eta horren bidez ezin du ezagutzarik sortu. Izan ere, honela frogatu zen adigai horrek objektu bati dagokionez ere ezinezkoa den ezer ez duela barnebiltzen: adimen hutsean duen egoitza sentsuen objektuen aplikazio orotan segurtatua zegoen, eta berehala ondoren berbaitango gauzei lotuta (esperientziako objektuak izan ezin direnak) ezein determinazio sortzeko gai ez izan arren objektu determinatu baten errepresentaziorako ezagutza teoretiko baten alde, hala ere beste zerbaiten mesederako (agian erabilera praktikorako) determinazio bat izateko gai izan daiteke horren aplikaziorako, eta hori ezinezkoa litzateke Humeren arabera kausalitatearen adigai horrek edonon pentsatzea ezinezkoa egiten duen zerbait barnebilduko balu.

Eta orain aipatutako objektua noumenoei aplikatu ahal izateko baldintza aurkitzeko, atzera begiratu besterik ez dugu egin behar ikusteko zergatik ez gauden pozik horiek esperientziako objektuetan aplikatzearekin, baizik eta hura gainera gustura berbaitango gauzetan ere erabili nahiko genukeen. Izan ere, hor azkar erakusten da hori beharrezko bihurtzen diguna ez dela asmo teoretikoa, baizik eta praktikoa. Espekulaziorako ez genuke ezein egiazko erabaki egingo, hori egitea lortuko bagenu ere, naturaren ezagupenean eta oro har eman dakizkigun objektuei dagokienez, baizik eta egitekotan sentimenak baldintzatzen duenetik (hor geratzea eta kausen katea zehazki zeharkatzea guretzat nahiko lana izaki) sentimenetik haratago doan urrats luzea egingo genuke, oinarriez dugun ezagutza osatzeko eta mugatzeko, baina beti muga haien eta guk ezagutzen dugunaren artean leize amaigabe bat bete gabe geratuko litzateke, horrela oinarrizko jakin-nahi bati baino galdetzeko joera alferrari erantzunez.

Baina adimenak objektuekin (ezagutza teoretikoan) duen erlazioaz gain desiramenarekin ere badu beste bat, eta horrek horregatik nahimen izena du, eta nahimen hutsa, adimen hutsa (kasu horietan arrazoimen izena duena) lege baten errepresentazio soilaren bidez praktikoa den heinean. Nahimen huts baten errealitate objektiboa, edo, gauza bera dena, arrazoimen praktiko hutsarena, lege moralean dugu a priori hain zuzen egitate baten bidez; izan ere, horrela dei dakioke printzipio enpirikoetan oinarritzen ez bada ere ezinbestekoa den nahimenaren determinazio bati. Baina kausalitatearen adigaia dagoeneko jasota dago nahimen baten adigaian, eta beraz, nahimen huts baten adigaian askatasunez jokatzen duen kausalitatearen adigaia, hau da, natur legeen bidez determinagarria ez dena eta, ondorioz, ezein begiespen enpiriko izateko gai ez dena, haren errealitatearen froga gisa, baina hala ere apriorizko lege praktiko hutsean bere errealitate objektiboa bermatzen duena erabat, ez (erraz ulertzen denez) arrazoimenaren erabilera teoretikoaren mesedetan, baizik eta soilik praktikoaren mesedetan. Baina nahimen askea duen zerizan baten adigaia causa noumenon baten adigaia da, eta adigai horrek bere burua ez kontraesatea dagoeneko segurtatua dugu kausaren adigaia osorik adimen hutsetik sortu delako, eta aldi berean haren errealitate objektiboa ere dedukzioaren bidez segurtatua dugu oro harrezko objektuei dagokienez, eta horrela jatorriz sentimenezko baldintza guztietatik beregain, eta berez, fenomenoetara mugatuta egon gabe (horren erabilera teoretiko zehatz bat egin nahi ez bada behintzat) gauzetan aplika daiteke adimen-zerizan huts gisa. Baina aplikazio horri ezein begiespen, beti sentimenezkoa baino izan ez daitekeena, eskaini ezin zaionez, orduan causa noumenon arrazoimenaren erabilera teoretikoari dagokionez adigai ahalgarria, pentsagarria da, baina hala ere hutsala. Baina horren bidez nik ez dut eskatzen zerizan bat, horrek nahimen huts bat duen heinean, teoretikoki ezagutzea; nahikoa zait halako gisa izendatzea, eta beraz, kausalitatearen adigaia askatasunarenarekin lotzea (eta horretatik bereiztezina den lege moraletik haien determinazio-oinarri gisa); eta badaukat eskumen hori, kausaren adigaiaren jatorria hutsa delako eta ez enpirikoa, haren errealitatea determinatzen duen lege moralarekin harremana duen haren erabilera, hau da, erabilera praktikoa soilik egiteko eskubidea dudala uste dudan heinean.

Humerekin batera kausalitatearen adigaiari errealitate objektiboa kendu banio erabilera teoretikoan, berbaitango gauzei dagokienez (sentimenetik haratagoa denari dagokionez) ez ezik gainera sentsuen objektuei dagokienez, orduan adigai horrek esanahi oro galdu izango luke eta teoretikoki ezinezkoa den adigai gisa erabat erabiltezintzat adierazi beharko litzateke; eta, ezertaz ezein erabilera egin ezin daitekeenez, teoretikoki ezer ez den adigai baten erabilera praktikoa erabat zentzugabea litzateke. Baina kausalitate enpirikoki baldintzatugabe baten adigaia teoretikoki hutsala izan daiteke (horri dagokion begiespenik gabe), baina betiere ahalgarri da eta objektu determinatugabe bati lotzen zaio, baina horren ordez lege moralean esanahia ematen bazaio, hau da, harreman praktikoan, orduan nik ez dut begiespenik hari errealitate teoretiko objektiboa determinatzeko, baina hala ere aplikazio erreala du, intentzioetan edo maximetan in concreto aurkez daitekeena, hau da, azal daitekeen errealitate praktikoa du; eta hori, beraz, haren legeztapenerako nahikoa da noumenoei dagokienez.

Baina sentimenetik haratagoko eremuan adimenaren adigai huts baten behin onartutako errealitate objektibo horrek gainerako kategoriei, nahimen hutsaren determinazio-oinarriarekin (lege moralarekin) beharrezko loturan dauden heinean, errealitate objektiboa ematen die, praktikoki aplika daitekeena baino ez bada ere, eta bestalde objektu horien ezagutza teoretikoan, horien izaeraren ulermen gisa arrazoimen hutsaren bidez, ez du inolako eraginik hura hedatzeko. Jarraian ere aurkituko dugun bezala, haiek beti zerizanekin baino ez dute harremana adimenduak diren aldetik, eta horietan arrazoimenaren eta nahimenaren arteko erlazioan, eta beraz, praktikoa denarekin baino ez dute harremana eta horretaz gain ez dute haien ezein ezagutza izateko asmorik; baina haiekin loturan aipa daitezkeen beste ezaugarriak, errepresentazio mota teoretikoari dagozkion sentimenetik haratagoko halako gauzei dagozkienak, hala ere ezin dira guztiak jakintza gisa hartu, baizik eta haiek onartzeko eta aurresuposatzeko eskubide gisa (asmo praktikoan halabeharrezkoa dena) besterik ez, baita analogia baten arabera, hau da, sentimenezkoa denari dagokionez praktikoki erabiltzen dugun arrazoimen-erlazio hutsaren arabera sentimenez haratagoko zerizanak onartzen direnean ere (Jainkoa, esaterako), eta horrela arrazoimen teoretiko hutsari ez zaio bultzada txikienik ematen sentimenetik haratago denari aplikatzearen bidez, asmo praktikoarekin soilik bada ere, horrela muga guztiak gaindituz bero-bero jartzeko.