Arrazoimen praktikoaren kritika/IX. Gizakiaren ezagumenen proportzioaz, bere determinazio praktikoari zuhurki egokitzen zaion heinean

Wikitekatik

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
IX. Gizakiaren ezagumenen proportzioaz, bere determinazio praktikoari zuhurki egokitzen zaion heinean
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

IX. Gizakiaren ezagumenen proportzioaz, bere determinazio praktikoari zuhurki egokitzen zaion heinean

Giza izaera ongi gorena lortzen saiatzera determinatuta badago, orduan pentsatu behar da bere ezagumenen neurria ere, bereziki euren arteko erlazioa, xede horretara zuzentzen dela. Baina arrazoimen espekulatibo hutsaren kritikak frogatzen du haren ahultasun handiena ezarri zaizkion eginkizun garrantzitsuenei dagokienez helburua egokiro lortzeko, nahiz eta ez dituen alde batera uzten arrazoimen horrek berak egiten dizkion keinu argiak eta hark egin ditzakeen urrats handiak, ezarri zaion xede handi horretara hurbiltzeko, baizik bere kabuz inoiz lortu gabe, naturaren ezagupen handienaren laguntzarekin ere ez. Beraz, itxuraz naturak hemen gure xederako behar den ahalmenari dagokionez amaorde batek bezala hornitu gaitu.

Demagun, bada, naturak gai horretan gure desirei erantzun ziela eta guk izan nahiko genukeen ulermen edo argitzapen hura eskuratu zigula, edo batzuek horren jabe izatea benetan amesten dutela, zein izango litzateke itxura guztien arabera horren ondorioa? Aldi berean gure izaera osoa aldatuko ez balitz, gure joerek, betiere lehen hitza dutenek, lehenik euren asebetea eskatuko lukete eta, arrazoizko hausnarketari lotuta, euren asebete albait handien eta iraunkorrena zorionaren izenpean; lege moralak ondoren hitz egingo luke haiek euren muga egokietan mantentzeko eta, gainera, haiek orobat xede garaiago bati, ezein joerari arretarik eskaintzen ez dion xede bati menpekotzeko. Baina orain jaidura moralak joerekin izan behar duen gatazkaren ordez, non galera batzuen ondoren pixkanaka arimaren indar morala irabazten den, Jainkoa eta betikotasuna begien aurrean izango genituzke ezinbestean euren bikaintasun izugarrian (izan ere, guztiz froga dezakeguna, ziurtasunari dagokionez, begiek eskaintzen diguten ziurtasunak bezainbat balio digu). Legearen haustura saihestuko litzateke, noski; agindutakoa egingo litzateke; baina jaidura, ekintzen jatorria dena, ezein aginduren bidez hornitu ezin daitekeenez, hemen ordea ekintzarako akuilua eskura dagoenez eta kanpotik datorrenez, arrazoimenak ez du zertan ahalegindu behar joeren aurkako erresistentziarako indarra biltzen legearen duintasunaren errepresentazio biziaren bidez, eta beraz, ekintza legezko gehientsuenak izuagatik gertatuko lirateke, gutxi batzuk besterik ez itxaropenagatik, eta bat ere ez betebeharragatik, baina ekintzen balio moralik ez litzateke existituko, pertsonaren balioa eta mundua berarena horren menpe egonik jakituria gorenaren begietan. Gizakien jokaera, euren izaerak orain dena izaten irauten badu, mekanismo soil bat bihurtuko litzateke, non txotxongilo antzerkian bezala keinuak ongi egingo liratekeen baina pertsonaietan bizitzarik ezingo litzatekeen topatu. Baina gure izaera guztiz bestelakoa denean, gure ahalegin guztien ordainetan gure arrazoimenak etorkizunaren ikuspegi ilun eta zentzubikoa lortzen duenean, munduaren gobernariak bere izatea eta bere bikaintasuna sumatzen baino ez digunean uzten, baina ez ikusten, edo argiki frogatzen, baina bestalde lege moralak gugan, guri ziurtasunez ezer agindu gabe, edo mehatxatu gabe, begirune eskuzabala eskatzen digunean, baina bestelakoan begirune hori ekinean dagoenean eta nagusitu denean lehenik eta horren bidez soilik sentimenetik haratagokoaren erresumaren ikuspegia baimentzen digunean, orduan izan dezakegu egiazko jaidura etikoa, legeari bitartegabe ematen zaion jaidura eta sorkari arrazoiduna bere pertsonaren balio moralari, ez soilik bere ekintzei, dagokion ongi gorenean parte hartzeko duin bihur daiteke. Hemen ere zuzena izan daiteke, beraz, naturaren eta gizakiaren azterketak beste nonbait nahikoa irakasten diguna, hots, eskura eman digunagatik bezain ohoragarria dela ukatu digunagatik existiarazten gaituen jakituria ulertezina.