Biblia/Jeremias

Wikitekatik
Biblia
Jeremias
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala[aldatu]

1 Jeremiasen mezua eta bizitzako gertakariak. Jeremias Hilkiasen semea zen, Benjaminen herrialdeko Anatot hirian bizi ziren apaizetariko batena, alegia. 2 Mezu hauek Judako errege Amonen seme Josiasen erregealdiko hamahirugarren urtean zuzendu zizkion Jaunak Jeremiasi; 3 bai eta geroago ere, Josiasen seme Joiakim Judako errege izan zen garaitik Josiasen beste seme baten, Sedekiasen, erregealdiko hamaikagarren urtearen azkenera arte. Urte horretako bosgarren hilean Jerusalemgo bizilagunak erbesteratu zituzten.

Jeremias profeta izendatu

4 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

5 «Amaren sabelean sortu aurretik aukeratu zintudan; sabeletik irten aurretik sagaratu zintudan eta profeta izendatu, nire mezua herriei iragartzeko».

6 Nik erantzun nion:

«Ai, Jainko Jauna! Gazteegia naiz, eta ez dezaket hitz egin».

7 Baina Jaunak esan zidan:

«Ez esan gazteegia zarenik. Nik nora bidali, hara joango zara; nik zer agindu, hura esango duzu. 8 Ez izan jendearen beldur, zeurekin izango bainauzu zu libratzeko. Hala diot nik, Jaunak».

9 Orduan, eskuaz ezpainak ukitu eta esan zidan:

«Neure hitzak jartzen dizkizut ezpainetan; 10 agintea ematen dizut gaur erreinu eta nazio guztien gain, erauzi eta iraultzeko, hondatu eta eraisteko, eraiki eta landatzeko».

Lehenengo ikuskariak eta agerpenak

11 Jaunak galdetu zidan:
-Zer ikusten duzu, Jeremias? Nik erantzun:
-Almendro-adarra ikusten dut erneta.
12 Eta Jaunak niri:
-Ongi ikusi duzu; bada, halaxe nago ni ere erne neure hitza betetzeko.
13 Jauna mintzatu zitzaidan berriro:
-Zer ikusten duzu? Nik erantzun:
-Eltze bat ikusten dut irakiten, iparraldetik hegoalderantz iraultzear.
14 Orduan, Jaunak esan zidan:

«Iparraldetik sortuko da herrialdeko bizilagun guztiak joko dituen ezbeharra. 15 Hara, neuk bilduko ditut iparraldeko leinu eta erresuma guztiak. Etorri eta Jerusalemgo ateetan kokatuko dira, harresi inguru guztian, eta Judako beste hirien aurrean. Hala diot nik, Jaunak.

16 «Zigortu egingo ditut beren txarkeria guztiengatik, ni baztertuz, jainko arrotzei intsentsua erre baitiete eta beren eskuz eginiko idoloen aurrean ahozpeztu. 17 Zu egon prest aginduko dizudan guztia horiei adieraztera joateko. Ez izan horien beldur; bestela, neuk zeuri sartuko dizut horienganako beldurra. 18 Gotorleku egiten zaitut gaur, burdinazko zutabe eta brontzezko hesi, herrialde guztiaren aurka: Judako errege eta buruzagien aurka, apaiz eta herritarren aurka. 19 Kontra egingo dizute guztiek, baina ez zaituzte menperatuko, zeurekin izango bainauzu zu libratzeko. Nik, Jaunak, esana».

JERUSALEM ETA JUDAKO BIZILAGUNENTZAT MEZUAK

Maitasunezko iragana oroituz

2. atala[aldatu]

1-2 Jaunak bidali ninduen Jerusalemgo jendeari bere mezu hau hots egitera:

«Gogoan dut, Israel, nola maite ninduzun gazte zinenean, gogoan zure ezkongaietako maite-laztana: nola ibili zinen nire ondoren basamortuan, erein gabeko lurrean. 3 Nirea zinen oso-osorik, uztaren lehen emaitzak nireak diren bezala. Kalte egiten zizutenak neuk zigortzen nituen: zoritxarra zetorkien gainera. Nik, Jaunak, esana».

Israelen hasierako bekatuak

4 Entzun Jaunaren hitza, Jakoben ondorengook, Israelgo leinu guztiok. 5 Hau dio Jaunak:

«Zertan huts egin nien zuen arbasoei, haiek niregandik aldentzeko? Hutsaren atzetik ibili ziren, hutsaren hurrengo bihurtu dira. 6 Ez ziren nitaz arduratu. Nik, Jaunak, Egiptotik atera nituen eta basamortuan zehar gidatu, lur lehor eta malkar horretan, arriskuz beteriko lur ilunean, inor igarotzen ez den eta itzulbiderik ez duen lurrean. 7 Baratze mardulean sartu nituen, hango fruitu zoragarriak jan zitzaten. Baina haiek, bertara iristean, kutsatu egin zuten nire lurraldea, higuingarri bihurtu nire ondarea. 8 Apaizek ez dute galdetu: <Non da Jauna?> Lege-maisuek ez naute aintzat hartu, buruzagiak kontra jaiki zaizkit, profetek Baalen izenean hitz egin dute, ezertarako ez diren idoloen ondoren joan dira.

Jauna Israelekin auzitan

9 «Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Auzitan hasi nahi dut berriro zuekin eta auzitan ariko naiz zuen ondorengoekin ere. 10 Zoazte Mediterraneoko uharte eta itsasertzera eta ikus, bidali norbait Kedar-era eta ohartu ongi: gertatu ote da inon horrelakorik? 11 Herri batek ez ditu jainkoak aldatzen
-horiek benetako jainkoak ez direla, gainera
-. Neure herriak, ordea, zapuztu egin nau ni, bere egiazko aintza nauen hau, eta ezertarako ez diren idoloez ordezkatu.
12 Txundi zaitezte, beraz, zeruok! Izu zaitezte eta ikaratu! Hala diot nik, Jaunak. 13 Bi gaiztakeria egin ditu nire herriak: bazterrera utzi naute ni, ur biziaren iturria, eta putzuak egin dituzte, urari eusteko gauza ez diren putzu pitzatuak.

Zentzabide mingarria

14 «Israel ez da izatez esklabo, ez eta esklabo-seme ere. Zergatik bihurtu da, bada, besteren harrapakin? 15 Haren kontra egiten dute garrasi, lehoiek bezala orroa; lurraldea hondamen bihurtu diote eta hiriak kiskali, bizilagunik gabe utziz. 16 Menfis eta Tafneskoek ere buru-hezurra apurtu diote.

17 «Ez ote hau guztia, Israel, bidean gidatu zintuen Jauna, zeure Jainkoa, baztertu duzulako? 18 Zergatik zoaz, bada, orain Egiptora, Niloko urak edatera? Zergatik Asiriara, Eufratesko urak edatera? 19 Zeure gaiztakeria izango duzu zigor, zeure desleialkeria zentzabide. Kontura zaitez eta ikasi zein gogorra eta garratza den Jauna, zeure Jainkoa, baztertzea, nireganako begirunerik ez izatea. Nik, Jaun ahalguztidunak, esana.

Jaunak Israelen arrazoiak gezurtatu

20 «Aspaldidanik duzu hautsia uztarria, aspaldidanik etenak nirekiko lokarriak; esan duzu: <Ez dut gehiago esklabo izan nahi>. Edozein mendi-gailurretan, edozein zuhaitz handiren azpian, etzaten zinen prostituziorako. 21 Neuk landatu zintudan mahatsondo jatorrez, mahasti bikain izateko. Nolatan bihurtu zara fruitu garratzeko sasimahasti? 22 Nahiz eta zeure burua xaboiz eta lixibaz garbitu, ez da nire begi aurretik aldentzen zure bekatuaren zikina. Hala diot nik, Jainko Jaunak.

23 «Nolaz ausartzen zara esaten: <Ez naiz kutsatu, ez naiz Baalen idoloen ondoren ibili>? Ikus zeure urratsak haranean eta aitortu zeure jokabidea; harat-honat dabilen gamelukume kaxkarinaren antzeko zara, 24 basamortuan hazitako asteme basatiaren antzeko: beroaldian nork baretu horren irrika? Nekerik ez horren bila dabilenak, beti aurkitzen baitu prest. 25 Geldi, Israel! Oinutsik ibili beharko duzu bestela, eztarria egarriak lehorturik. Zuk, ordea, <Alferrik da
-diozu
-, jainko arrotzak maite ditut eta haien ondoren joango naiz>.

Israelek zigorra merezi

26 «Lapurretan harrapatua lotsatu egiten den bezala, halaxe lotsatuko dira israeldarrak, herria eta erregeak, buruzagiak, apaizak eta profetak. 27 Egur-puska bati esaten diote: <Zeu zara nire aita>; harriari: <Zeuk nauzu sortu>. Bizkarra ematen didate, ez aurpegia; zoritxar-egunean, ordea, <Zatozkigu salbatzera> diote. 28 Judako jende horrek, non dituzu zeuk egindako jainkoak? Datozela zoritxar-egunean zu salbatzera. Hiriak bezainbat jainko izan dituzu. 29 Zergatik nahi nauzue salatu, zeuok izanik nire aurka altxatuak? Hala diot nik, Jaunak. 30 Alferrik zigortu ditut zuen seme-alabak, ez baituzue eskarmenturik hartu. Zeuok hil dituzue profetak ezpataz, lehoi amorratuak bezala. 31 (Zuek, orain bizi zaretenok, entzun arduraz Jaunaren hitza). Israel, eremu soil bihurtu ote naiz zuretzat? Ala beti ilunpe beltzean dagoen lurralde? Zergatik diote nire herritarrek: <Nahi duguna egingo dugu, ez gatzaizkizu inoiz ere itzuliko?> 32 Ahantz ote daiteke neskatxa bere bitxiaz, andregaia bere ezkon-soinekoaz? Nire herria, berriz, ahaztua dago nitaz aspaldi luzean. 33 Zein ederki dakizun maitaleen etxerako bidea! Zein maisu zaren gaiztakeriarako bidean! 34 Zikinduta dauzkazu jantziak behartsu eta errugabeen odolez; ez da, ez, hormak zulatzen harrapatutako lapurraren odola. Guztiarekin ere, 35 errugabea zarela diozu, Jauna ez dagoela inola ere zurekin haserre. Hara, epaitu egingo zaitut, huts egin ez duzula esaka ari zarelako. 36 Zeinen arin aldatzen zaren bidez! Asiriak huts egin zizun bezalaxe huts egingo dizu Egiptok ere. 37 Hemendik ere lotsaz irtengo zara, eskuak buruan dituzula. Izan ere, nik, Jaunak, mesprezatu egiten ditut zure konfiantza-euskarriak; ez duzu horiekin ezer onik lortuko».

Israel desleial Jaunarekin

3. atala[aldatu]

1 Jaunak dio: «Gizon batek emaztea zapuztu badu, eta emaztea, apartatu ondoren, beste batekin ezkontzen bada, gizon hura ezin izango da berriro emazteagana itzuli; horrelako jokaerak herrialdea kutsatuko luke. Eta zu, Israel, hainbeste maitalerekin kutsatu zaren hori, niregana itzuliko ote zara, bada? Hala diot nik, Jaunak.

2 «Jaso begiak muinoetara: zeinetan ez zara maitakeriatan ibilia? Bide-bazterretan egoten zinen, arabiar lapurrak basamortuan bezala, zer harrapatuko zain. Kutsatu egin duzu lurraldea zeure prostituzio eta gaiztakeriaz. 3 Horregatik huts egin dizute hodei-zaparradek, ez da udaberriko euririk izan. Baina zuk emagalduaren kopeta zenuen, eta zeure izen txarrak axolarik ez. 4 Oraindik orain esaten zenidan: <Zeu zaitut neure aita, zeu neure gaztetako adiskide mina! 5 Betiko egongo ote zara haserre, etengabe iraungo ote du zure suminak?> Eta hori esatearekin batera, ahalegin guztiaz jarraitzen zenuen gaiztakerian».

Bi ahizpa desleialak

6 Josias erregearen garaian esan zidan Jaunak: «Ikusi al duzu zer egin duen Israel fedegabe horrek? Mendi-gailur guztietara joaten da, zuhaitz handi guztien azpira, bere burua prostituzioari ematera. 7 Uste nuen, hori guztia egin ondoren, berriro niregana itzuliko zela; baina ez, ez da itzuli. Ikusi zuen hori Israelen ahizpak, Juda desleialak. 8 Ikusi zuen, gainera, bere adulterio ugariengatik zapuztu egin nuela Israel fedegabea, dibortzio-agiria emanez. Baina Juda desleial hori ez zen beldurtu, eta prostituziora jo zuen berak ere. 9 Eta horretara hain emana izanik, herrialdea bera ere profanatu egin zuen: adulterio egin zuen, harrizko eta zurezko idoloak gurtuz. 10 Guztiarekin ere, Juda desleial hori ez zitzaidan bihotz-bihotzez itzuli, gezurretan baizik. Nik, Jaunak, esana». 11 Jaunak esan zidan: «Israel fedegabea Juda desleialaren aldean zuzena da. 12 Zoaz, bada, eta hots egin mezu hau iparraldekoei:

«Itzul niregana, Israel fedegabe hori! Ez dizut ipiniko aurpegi ilunik, errukibera bainaiz; nire haserrea ez da betiko. Hala diot nik, Jaunak. 13 Baina aitortu zeure errua, Jainko Jaunaren aurka jaiki baitzara. Atzerritarren jainkoei eman diezu zeure burua zuhaitz handi guztien azpian, eta ez duzu nire mintzorik entzun. Nik, Jaunak, esana».

Nazio guztiak Jerusalemen bilduko

14 Jaunak dio: «Itzuli niregana, herri fedegabe hori, neu bakarrik nauzu zeure nagusia eta. Banan-banan bilduko zaituztet hiri eta familia bakoitzetik eta Sion mendira eramango. 15 Neure gogoko buruzagiak emango dizkizuet, jakinduriaz eta zuhurtasunez gidatuko zaituztenak. 16 Orduan, lurraldean hazi eta ugarituko zaretenean, ez da gehiago aipatuko Jaunaren itun-kutxarik; ez du inork hartan pentsatuko, ez eta oroituko ere; ez duzue berririk egingo, ez baituzue haren beharrik izango. 17 Garai hartan, <Jaunaren tronua> deituko diote Jerusalemi. Nazio guztiak bilduko dira Jerusalemen ni, Jauna, ohoratzeko, eta ez die gehiago beren joera gaiztoei setati jarraituko. 18 Garai hartan, Judakoak Israelgoekin bilduko dira. Batera itzuliko dira iparraldetik, atzerriraturik dauden lekutik, beraien arbasoei ondaretzat eman nien lurraldera.

Konbertsiorako deia

19 «Honela nioen neure baitan: Israel, neure semetzat hartu nahi zintudan, lurralde zoragarria eman nahi nizun, munduko ondarerik ederrena. <Ene Aita> deituko ninduzula uste nuen, eta niregandik ez zinela inoiz ere urrunduko. 20 Baina emaztea senarrarekin desleial den bezalaxe, desleial izan zara nirekin, Israel. Nik, Jaunak, esana».

21 Deiadarrak entzuten dira muinoetan, israeldarrak negarrez eta erreguka: galdua baitute bidea, ahaztua Jauna, beren Jainkoa.

22 «Itzul zaitezte niregana, seme fedegabeok, neuk sendatuko dizuet zeuen fedegabekeria.

«Hemen gaituzu, zuregana gatoz, zeu baitzaitugu Jauna, geure Jainkoa. 23 Egiaz muinoak gezur huts dira, gezur huts mendietako zarata-hotsa. Egiaz Jaunak, gure Jainkoak, bakar-bakarrik salba dezake Israel. 24 Gure gazte-denboratik Baal lotsagarriak irentsi ditu gure gurasoen nekeen irabaziak: ardi eta behiak, seme eta alabak. 25 Ahozpez gaitezen lotsaturik, desohorez beterik; zeren bekatu egin baitugu Jaunaren, geure Jainkoaren, kontra geuk eta geure gurasoek gaztetandik gaurdaino. Ez dugu aditu Jaunaren, geure Jainkoaren, esana».

4. atala[aldatu]

1 Jaunak dio:

«Itzuli nahi baduzu, Israel, neuregana itzuli behar duzu. Zeure idolo higuingarriak nire aurretik kentzen badituzu, ez zara aurrerantzean bide galdurik ibiliko; 2 nire izenean egiten baduzu zin egiaz, justiziaz eta zuzenbidez, bedeinkatuko ditut beste herriak ere, eta nitaz harro agertuko dira».

3 Honela esaten die Jaunak Juda eta Jerusalemgo bizilagunei:

«Landu soro berriak, ez erein arantza artean. 4 Berritu nirekiko ituna, ezarri zeuen bihotzetan, Juda eta Jerusalemgo bizilagunok! Bestela, sua bezala piztuko da nire haserrea, erre egingo zaituzte zeuen egintza gaiztoengatik, eta ezin izango du inork itzali».

Iparraldeko erasoa iragarri

5 Aldarrikatu hau Judan, adierazi Jerusalemen. Jo turuta herrialde osoan, egin oihu ozenki: «Bil zaitezte, joan gotorlekuetara!» 6 Jaso bandera Sion aldera! Babes zaitezte, ez gelditu! Zoritxarra ekarriko baitut iparraldetik, izugarrizko hondamendia! 7 Irten da lehoia sastraka artetik, abiatu da herrien hondatzailea; atera da bere herritik, zure herrialdea hondatzeko, zure hiriak kiskaltzeko, inor gabe uzteraino. 8 Horregatik, estali dolu-jantziz, egin negar eta intziri; ez, ez da Jaunaren haserre-sumina Judarengandik aldendu.

9 Jaunak dio: «Egun hartan bihozgabeturik geratuko dira erregea eta buruzagiak, izuturik apaizak, dardara-ikaraz profetak». 10 Nik esan nuen: «Ai, Jauna, nola engainatu dituzun herri hau eta Jerusalem! Bakea zenien iragarri eta, ostera, ezpata daukate zintzurrean».

11 Garai hartan, herri honi eta Jerusalemi esango zaie: «Haize kiskalgarria dator basamortutik nire herrirantz; ez da, ez, garia bahetzeko eta garbitzeko haizea, 12 neuk bidalitako haize indartsua baizik. Orain da nire txanda haiei neure epaia emateko».

13 Begira, hor dator etsaia hodeia bezala, gudu-gurdiak haize erauntsia bezala, zaldiak arranoak baino arinago. Ai ene, galduak gara! 14 Jerusalem, garbitu zeure barruko gaiztakeria, bizirik atera nahi baduzu. Noiz arte izango ote dituzu zeure baitan burubide gaizto horiek? 15 Dan hiritik eta Efraimgo mendietatik berri txarrak datoz. 16 Ohartarazi nazioak! Adierazi Jerusalemen! Badatoz etsaiak urrutiko lurraldetik, Judako hirien aurka oihuka. 17 Alde guztietatik inguratzen dute Jerusalem, landazainek egin ohi duten bezala. Jaunak dio: «Nire aurka jaiki zarelako gertatzen zaizu hori. 18 Zeure jokabide eta egintza txarrek zori horretara eraman zaituzte. Zeure gaiztakeriaren fruitua duzu, mingotsa benetan, bihotzeraino samintzen zaituena».

Jeremias bere herriarengatik nahigabetua

19 Hau nahigabea, hau nahigabea! Lehertzeko zorian daukat bihotza! Hau larria neure barruan! Ezin isilik egon, entzuten ari bainaiz turuta-hotsa, gudu-irrintzia. 20 Hondamena hondamenaren gain, lurralde osoa erraustua! Berehalako batean nire kanpalekuak birrinduak dira, bat-batean nire kanpadendak suntsituak. 21 Noiz arte ikusi behar ote dut gerrarako bandera jasorik? Noiz arte entzun behar ote turuta-hotsa? 22 Jaunak dio: «Burugabea da nire herria, ez nau aintzat hartzen. Haur zentzugabeak dira, ezer ulertzeko gauza ez. Gaitzerako trebeak, onerako tentelak».

Ikuskari ikaragarria

23 Begiratu dut lurrera, eta dena nahasmendu da; begiratu zerura, eta dena iluntasun. 24 Begiratu dut mendietara, eta dardaraz daude; muinoetara, eta denak dantzan. 25 Begiratu, eta gizakirik ez da, hegazti guztiak alde eginak dira. 26 Begiratu, eta baratzea basamortu, hiri guztiak errauts. Jaunak egin du hori, Jaunak, bere haserre-suminaz.

27 Honela dio Jaunak: «Lur guztia erraustua izango da, baina ez erabat deuseztua. 28 Horregatik, dolu egingo du lurrak, ilundu egingo goian ortzia, hartua baitut erabakia; ez naiz damutuko, ez atzera egingo».

29 Zaldizko eta arkularien zarata entzutean, ihesi doa jende guztia. Basoetan ezkutatzen dira, harkaitzetara igotzen. Hutsik utzi dituzte hiriak, batere bizilagunik gabe. 30 Eta zu, zer zabiltza purpuraz jantzia, urrezko bitxiz apaindua, begiak beltzez pintaturik? Alferrik apaintzen zara, maitaleek zapuztu egin zaituzte, bizia kendu nahi dizute. 31 Garrasiak entzuten ditut, erdiminetan dagoen emakumearenak bezalako garrasiak, lehen haurra izateko dagoenarenak bezalakoak: Sion hiri ederra ari da oihuka, garrasi bizian eta eskuak luzatuz: «Ai ene! Nireak egin du! Hiltzaileen esku nago!»

Inbasioaren arrazoiak: Jerusalemen bekatuak

5. atala[aldatu]

1 Zoazte Jerusalemgo kaleetan barrena, begira ongi eta ikertu, bilatu hango plazetan, ea aurkitzen duzuen bakar bat justizia dagienik, leialtasunez jokatzen duenik; hala balitz, barkatuko lioke Jaunak hiriari. 2 Baina, «Ala Jauna!» esatean ere, gezurretan egiten dute zin.

3 Zuk, Jauna, jende leiala nahi duzu. Jo zenituen, baina ez zuten damurik izan; ia akabatu, baina ez ziren zentzatu. Harkaitza bezain gogor aurpegia, ez zuten onbideratu nahi izan.

4 Orduan, pentsatu nuen: Jakina, jende arrunta da, buru gutxikoa; ez dute ezagutzen Jaunaren bidea, beren Jainkoaren agindua. 5 Jo dezadan handikiengana, beraiei hitz egiteko; haiek bai ezagutuko dutela Jaunaren bidea, beren Jainkoaren agindua. Baina era berean hautsi dute denek Jaunaren uztarria, eten harekiko lokarriak. 6 Horregatik, basoko lehoiek zaurituko dituzte, basamortuko otsoek txikituko; lehoinabarrak zelatan daude haien hiri inguruan, handik irteten diren guztiak sarraskitzeko. Izan ere, asko baitira haien errebeldiak, izugarri larriak haien desleialkeriak.

7 Jaunak dio: «Horiek horrela, nola barkatu zuri? Zure seme-alabek zapuztu egin naute, sasijainkoen izenean egiten dute zin; nik ase nituen eta haiek adulterio egin dute, emagalduen etxera zalapartan joanez. 8 Zaldi guri eta beroen antzeko dira, nor bere lagun hurkoaren emazteari irrintziz deika. 9 Eta nik, Jaunak, zigorrik gabe utzi behar ote horrelako gaiztakeriak? Ez ote bere merezia eman behar horrela jokatzen duen jendeari? 10 Sar bedi etsaia mahastian eta hondatu, baina erabat deuseztu ez! Erauz bitza mahats-aihenak, ez baitira nireak! 11 Bai Israel, bai Juda biziki desleial izan dira nirekin. Nik, Jaunak, esana».

12 Israelek eta Judak uko egin diote Jaunari, esanez: «Jauna ez da! Ez zaigu gaitzik iritsiko, ez dugu gerrarik, ez goserik ikusiko. 13 Profetak putzaren pareko dira: Jaunaren hitzik ez haien ahoan». 14 Horregatik, hau esan dit Jaunak, Jainko ahalguztidunak: «Hara zer gertatuko zaien era horretan hitz egiteagatik: su bihurtuko dut neure hitza zure ezpainetan, eta suegurra bezala irentsiko du herri hau».

Zigorra

15 Jaunak dio: «Israel, herri bat ekarriko dut urrutitik zure aurka, herri iraunkorra, antzinakoa, hizkera ezezaguneko herria, esaten duena ulertuko ere ez diozuna. 16 Haren arkulariek ez dute huts egiten, guztiak dira gudari azkar. 17 Zeure uzta eta ogia jango dizkizu, seme-alabak sarraskituko, ardi eta abereak irentsiko, mahasti eta pikuondoak suntsituko. Bere armez erraustuko dizkizu konfiantza ematen zizuten hiri gotortuak.

18 «Baina egun haietan ere ez dut erabat deuseztuko neure herria. 19 Galdetzen badute: <Zergatik egin digu Jaunak, geure Jainkoak, hau dena?>, zuk erantzun: <Jauna zapuztu eta zeuen lurraldean jainko arrotzak zerbitzatu dituzuelako, arrotzen zerbitzari beharko duzue izan zeuena ez den lurraldean>. Hala diot nik, Jaunak.

20 «Adierazi hau Jakoben ondorengoei, Judako bizilagunei: 21 Entzun, arren, herri ergel eta zentzugabea: Badituzue begiak, baina ez duzue ikusten, belarriak ere bai, baina entzuten ez. 22 Honela diot nik, Jaunak: Ez didazue begirunerik izango? Ez zarete nire aurrean ikaratuko? Neuk jarri diot hondartza itsasoari mugatzat, inoiz gaindituko ez duen mugatzat; harrotzen da eta orroa egiten, baina ezin du muga hautsi, ez gainditu. 23 Baina zuek herri hezikaitza eta desleiala zarete; niregandik urruti joan zarete. 24 Ez duzue zeuen baitan esaten: <Errespeta dezagun Jauna, geure Jainkoa! Berak bidaltzen dizkigu garaian garaiko euriak, berak zaintzen uzta biltzeko sasoiak>. 25 Zuen erruek, aldiz, nahastu egin dute ordena hau; zeuen bekatuengatik ez zarete lurreko ondasunez gozatzen. 26 Izan ere, gaizkileak bizi dira nire herrian, zelatan daude ehiztariak bezala; sareak jartzen dituzte eta gizakiak harrapatzen. 27 Nola zorroa txoriz, hala betetzen dituzte etxeak lapurtutakoaz; horrela egiten dira handi eta aberats, 28 gizen eta guri. Horien gaiztakeriak ez du neurririk: ez dute umezurtzaren eskubiderik zaintzen, ez eta behartsuen auzia defendatzen. 29 Eta nik, Jaunak, zigorrik gabe utzi behar ote horrelako gaiztakeriak? Ez ote bere merezia eman behar horrela jokatzen duen jendeari? Hala diot nik, Jaunak. 30 Gauza beldurgarri eta izugarriak ari dira gertatzen herrialde honetan. 31 Profetek gezurra dute iragartzen, apaizek beren nahierara irakasten, eta nire herria bere horretan lasai! Baina zer egingo duzue azkena iristean?»

Etsaiak ateetan

6. atala[aldatu]

1 Egizue ihes Jerusalemdik, benjamindarrok, jo turuta Tekoan, egin seinaleak Bet-Keremen, iristear baitago iparraldetik ezbeharra, izugarrizko hondamendia. 2 Sion, neskatxa lirain eta atsegin hori, zureak egin du! 3 Hortxe sartzen dira etsaiak, artzainak artaldeekin bezala: txabolak jartzen dituzte inguru guztian, nor bere larreaz jabetuz. 4 Honela diote: «Deklara diezaiogun gerra Jerusalemi! Ea, eraso diezaiogun egun-argiz! Baina, tamalez, eguna beherantz doa, arratsaldeko itzalak luzatuz. 5 Ea, bada! Eraso diezaiogun gauez! Eraits ditzagun horren jauregiak!»

6 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Ebaki zuhaitzak, egin betelana Jerusalemi erasotzeko. Hiria zigortzea erabaki dut, zapalkuntza baita nagusi bertan. 7 Putzuari ura dario, eta Jerusalemi gaiztakeria. Indarkeri eta bidegabekeri hotsa entzuten da bertan, kolpeak eta zauriak begi aurrean beti. 8 Zentza zaitez, Jerusalem, zuregandik urrun ez nadin, basamortu eta bizilagunik gabeko lurralde bihur ez zaitzadan».

9 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Bildu bizirik gelditutako israeldarrak, bat bera utzi gabe, biltzaileek mahats-mordoak bezala».

10 Orduan, esan nuen: «Nori hitz egingo diot? Norengana jo, entzun diezadan? Sorgortuta daude, ez dira entzuteko gauza. 11 Baina ni ere Jaunaren suminaz betea nago, ezin diot gehiago eutsi».

Jaunak esan zidan: «Isuri sumina kaleetan umeen eta gazteen gain. Senar eta emazteak, zahar eta agureak, denak eramango dituzte. 12 Haien etxe, alor eta emazteak arrotzen eskuetara aldatuko dira. Bai, herrialde honetako jendearen aurka luzatuko dut eskua. Hala diot nik, Jaunak. 13 Denak, txiki eta handi, irabazi-gose dira, apaizak eta profetak faltsukeriari emanak. 14 Nire herriaren zauria azaletik sendatu nahi dute. <Dena ongi doa, oso ongi> diote, baina ez doa ongi, ez. 15 Lotsatu egin behar lukete beren egintza higuingarriengatik; baina ez dira batere lotsatzen, ez dakite lotsa denik ere. Horregatik, erori egingo dira, besteak bezalaxe, lur joko dute nire zigorraldian. Nik, Jaunak, esana».

Israelen seta

16 Honela diotso Jaunak bere herriari: «Geldi zaitezte bidean, aztertu, galdegin antzinako jokabideaz, biderik onena zein den jakiteko; jo bertatik, eta aurkituko duzue atsedena. Zuek, ordea, <Ez dugu jarraitu nahi> erantzuten duzue. 17 Zaintzaileak ere jarri nizkizuen, esanez: <Egon adi turutaren hotsari!> Baina zuek erantzun: <Bost axola guri!> 18 Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Entzun, herriok, jakin zuk ere, Israelgo elkarte horrek, zer gertatuko zaizun. 19 Entzun, mundu guztiak: Zoritxarra dakart herri honetara, beronen burubide gaiztoen ondorioz, ez baitituzte nire hitzak aintzat hartu, nire legea mesprezatu egin dute. 20 Zertarako dut nik Sabako intsentsua, zertarako urrutiko lurraldeetako kanabera usaintsua? Ez ditut atsegin zuen erre-opariak, ez ditut gogoko zuen sakrifizioak. 21 Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Oztopoak jarriko dizkiot herri honi, estropezu egin dezan. Gurasoak eta seme-alabak, lagunak eta auzokoak, denak hilko dira».

Berriro iparraldeko erasotzailea

22 Honela dio Jaunak: «Begira, herri bat dator iparraldetik, nazio handi bat abiatu da munduaren azken muturretik. 23 Gezi-uztaiez eta lantzaz armatuak datoz; ankerrak dira eta gupidagabeak; itsas orroa bezalako deiadarrez, zaldiz datoz, borrokarako lerroturik, zure aurka, Sion hiri eder». 24 Jerusalemen jendeak dio: «Horren berri jakitean, indarge gaude, estu eta larri, emakumea erdiminetan bezala. 25 Ez irten landara, ez ibili bideetan! Hor dago etsaia armaturik, nonahi beldurra nagusi!» 26 Jerusalem, estali dolu-jantziz, irauli hautsetan, egin dolu seme bakarraren heriotzakoan bezala, egin negar saminki, bat-batean etorriko baita hondatzailea zure gainera.

27 Jaunak esan zidan: «Neure herriaren aztertzaile izendatzen zaitut; azter ezazu zein den haren jokabidea.

28 «Errebeldeak dira guztiak, izen onaren kentzaile; kalitate txarreko brontze eta burdina dira. 29 Suari indartsu haize emanez metalari zaborra kentzen zaio. Baina alferrik da haiek garbitzen aritzea: egite txarrak ez zaizkie joaten. 30 <Zilar mesprezagarri> deituko dituzte, mesprezatu egin baititut nik, Jaunak».

Tenpluari buruz hitzaldia

7. atala[aldatu]

1-2 Jaunak agindu zion Jeremiasi tenpluko sarrerara joateko eta Jauna gurtzera tenplura sartzen ziren judatar guztiei mezu hau hots egiteko: 3 «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak: Zuzendu zeuen jokabidea eta egintzak, eta zuekin biziko naiz toki honetan. 4 Ez fidatu, <Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua> errepikatuz engainatzen zaituzten horietaz. 5 «Baina zeuen jokabidea eta egintzak benetan zuzentzen badituzue, gizarte-harremanetan justizia defendatzen baduzue, 6 arrotza, umezurtza eta alarguna esplotatzen ez badituzue, lurralde honetan odol errugaberik isurtzen ez baduzue eta, zeuen buruari kalte eginez, beste jainkoen ondoren ibiltzen ez bazarete, 7 orduan, zuekin biziko naiz toki honetan, zuen gurasoei aspaldidanik eta betiko eman nien lurraldean. 8 «Ezertarako ez diren gezurrezko arrazoietan sinesten duzue. 9 Izan ere, lapur, hiltzaile eta adulteriogile izan, gezurretan zin egin, Baali intsentsua erre, zuekin zerikusirik ez duten jainko arrotzen atzetik ibili 10 eta, ondoren, nire aurrera zatozte, niri sagaratua dagoen tenplu honetara, <Seguru gaude> esaten duzuela, segidan egintza higuingarri guztiok egiten jarraitzeko. 11 Lapur-zulotzat ote daukazue niri sagaratua dagoen tenplu hau? Horixe da, hain zuzen ere, ikusten ari naizena. Hala diot nik, Jaunak. 12 Zoazte, bada, Xiloko nire santutegira, antzina nire egoitza izateko aukeratu nuen tokira; ikusi zer egin nion, neure herri Israelen gaiztakeriagatik. 13 Orain, bada, gaiztakeria hauek egin dituzuelako, nik etengabe hitz egin baina zuek entzun ez eta nik dei egin baina zuek erantzun ez didazuelako, hona nik, Jaunak, esan: 14 Xiloko santutegiari egin niona bera egingo diot niri sagaratua dagoen eta zuen segurtasunaren euskarri den tenplu honi eta zuen gurasoei eta zeuei eman nizuen lurralde honi: 15 jaurtiki egingo zaituztet neure aurretik, lehen zuen senideak, Efraimen ondorengoak, jaurtiki nituen bezala. 16 «Zuk, ordea, Jeremias, ez eskatu herri honen alde, ez egin erregurik, ez otoitzik. Ez etorri arrenka niregana, ez dizut entzungo eta. 17 Ez al duzu ikusten zertan ari diren Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan? 18 Seme-alabek egurra biltzen dute, gurasoek sua pizten eta emakumeek orea egiten, Istar-i, zeruko erregina deitzen diotenari, opilak eskaintzeko; gainera, jainko arrotzei isur-opariak eskaintzen dizkiete, ni iraintzeko. 19 Baina, ni ez, baizik beren buruak dituzte iraintzen beren lotsarako. 20 Horregatik, hala diot nik, Jaunak: Neure haserrea eta sumina hustuko ditut toki honen gain, gizaki eta abere, landako zuhaitz eta lurreko fruituen gain: itzaliko ez den sua izango da».

Azaleko kultua eta obedientziarik eza

21 Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak: «Eskaini nahi adina erre-opari eta sakrifizio eta jan berorien haragia. 22 Zuen arbasoak Egiptotik atera nituenean, ez nien ezer agindu erre-opari eta sakrifizioei buruz, ez nituen aipatu ere egin. 23 Hauxe agindu nien bakar-bakarrik: <Aditu nire mintzoa, eta ni izango nauzue zeuen Jainko eta zuek izango zaituztet neure herri. Ibili beti nik agindutako bidean, eta zorioneko izango zarete>. 24 Baina ez zidaten aditu, ez eta jaramonik egin ere, baizik eta beren asmo eta joera gaiztoei setati jarraitu zieten. Niregana hurbildu ordez, bizkarra eman zidaten. 25 Zuen arbasoak Egiptotik irten zirenetik gaurdaino, profetak, neure zerbitzariak, bidali dizkizuet etengabe, bata bestearen ondoren. 26 Baina ez didazue aditu, ez eta jaramonik egin ere, baizik eta zuen gurasoak baino burugogorrago izan zarete. 27 Zuk, Jeremias, esan hitz hauek guztiak, baina ez dizute jaramonik egingo; hots egin, baina ez dizute erantzungo. 28 Orduan, hau esango diezu: <Hona hemen Jaunaren, bere Jainkoaren, mintzoa aditu nahi ez duen herria, zentzabiderik hartu nahi ez duena. Galdua da leialtasuna, ez da beraren aipamenik ere egiten> ».

Idolatriaren ondorio penagarriak

29 Jerusalem, moztu zeure ile-mototsa eta bota! Abestu negar-kanta muinoetan! Jaunak mesprezatua eta baztertua baitu bera suminarazi duen jende hau.

30 Honela dio Jaunak: «Nik gaitzesten dudana egin du Judako herriak: bere idolo higuingarriak jarri ditu niri sagaraturiko etxean, berau profanatuz. 31 Ben-Hinom haranean Tofet izeneko kultu-lekua eraiki du bere seme-alabak erretzeko. Ez dut sekula horrelakorik agindu, ez zait bururatu ere. 32 Horregatik, hau diot nik, Jaun honek: Badator toki honi Tofet eta Ben-Hinom harana deituko ez dioten eguna, Hilketa-harana baizik. Tofeten lur eman beharko diete hilei, beste inon tokirik ez eta. 33 Herri honetako gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira, eta haiek uxatzeko inor ez da izango. 34 Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan poz-alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak bukaraziko ditut, lurraldea basamortu bihurtua geldituko baita».

8. atala[aldatu]

1 Jaunak dio: «Aldi hartan, beren hilobietatik aterako dituzte Judako erregeen hezurrak, buruzagi, apaiz, profeta eta Jerusalemen bizi diren guztien hezurrak, 2 eta eguzkitan, ilargitan eta izar guztien argitan zabalduko dituzte
-beraiek maitatu, zerbitzatu, jarraitu, kontsultatu eta gurtu dituzten astroen argitan
-. Ez ditu inork bilduko lur emateko. Simaurra bezala geldituko dira lur azalean.
3 Gaizto horien artetik bizirik geldituko direnek nahiago izango dute heriotza bizia baino, nik sakabanatuko ditudan edonon. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

Israelek itsu-itsu jarraitu gaiztakerian

4 «Zuk, Jeremias, hauxe esango diozu herriari nire izenean: Erortzen dena, ez ote da jaikitzen? Bidea galdu duena, ez ote atzera itzultzen? 5 Zergatik urrundu zait, bada, betiko Jerusalemgo herri hau? Gogor eusten dio bere makurkeriari, ez du itzuli nahi atzera. 6 Adi-adi entzun diet, baina ez dira hitzeko jendea, ez da inor bere gaiztakeriaz damutzen, bere hutsegiteak aitortuz. Denak beren bidean zuzen aurrera, ziztu bizian borrokara oldartzen den zaldia bezala. 7 Zikoinak ere antzematen dio zeruari, lekuz noiz aldatu jakiteko; usapalak, enarak eta kurriloak badakite noiz itzuli. Nire herriak, ordea, ez du nik, Jaunak, agindua ezagutzen. 8 Nolatan esan dezakezue jakintsu zaretela, zeuekin duzuela Jaunaren legea? Zeuen lege-maisuen luma gezurtiak faltsu bihurtu du lege hori! 9 Lotsaturik geldituko dira jakintsuak, eraitsiak eta preso hartuak izango. Non da horien jakinduria, Jaunaren hitza mesprezatu dutelarik? 10 Beraz, horien emazteak arrotzei emango dizkiet, horien soro-landak menperatzaileei. Denak, txiki eta handi, irabazi-gose dira; apaizak eta profetak faltsukeriari emanak. 11 Nire herriaren zauria azaletik sendatu nahi dute. <Dena ongi doa, oso ongi> diote, baina ez doa ongi, ez. 12 Lotsatu egin behar lukete beren egintza higuingarriengatik; baina ez dira batere lotsatzen, ez dakite lotsa denik ere. Horregatik, erori egingo dira, besteak bezalaxe, lur joko dute nire zigorraldian. Nik, Jaunak, esana».

Suntsitu egingo ditut

13 Jaunak dio: «Suntsitu egingo ditut, suntsitu: mahatsik ez mahastian, pikurik ez pikuondoan, orri zimela besterik ez da geldituko. Azpian hartuko dituztenak bidaliko dizkiet».

14 Eta jendeak, berriz: «Zer egiten dugu hemen geldi? Bil gaitezen, goazen gotorlekuetara, bertan hiltzera, Jaunak, gure Jainkoak, heriotzara ematen baikaitu; ur pozoitua eskaintzen digu, beraren aurka bekatu egin dugulako. 15 Bakearen zain geunden, baina ez dugu onik. Osasunaldia espero genuen, baina beldur-ikara dugu gainean. 16 Badator etsaia! Dan-dik entzuten da zaldien arnasa-hotsa! Haien irrintzira lur osoa dardaratzen da. Gure lurraldea eta bertako ondasunak, hiriak eta hiritarrak, dena hondatzera dator».

17 Jaunak dio: «Begira, suge pozoituak bidaliko dizkizuet. Ez duzue horiek liluratzeko modurik izango, eta zizta egingo dizuete».

Profetaren negar-kanta

18 Nire nahigabeak ez du erremediorik, eroria dut bihotza. 19 Lurralde guztian entzuten ditut nire herriaren aieneak: «Ez al dago Sionen Jauna? Ez al dago bertan beraren erregea?» Eta Jaunak erantzun: «Eta zuek, zergatik iraindu nauzue zeuen idoloekin, zentzugabekeria arrotz horiekin?» 20 Herriak, berriz: «Uzta-aroa igaro da, uda amaitu, baina guretzat salbaziorik ez». 21 Neure herria jo duen hondamenaz nago jota, goibel eta izuak hartuta. 22 Ez ote sendagairik Galaaden, ez ote medikurik? Zergatik ez da sendatzen nire herria? 23 Nork bihurtuko nire burua ur, nire begiak malko-iturri, gau eta egun negar egiteko nire herriko hilengatik?

9. atala[aldatu]

1 Ai, basamortuan egonlekua aurkituko banu, neure herria utzi eta harengandik urruti bizitzeko! Desleialak baitira guztiak, traidore hutsak denak. 2 Beti prest daude gezurrerako, gezi-uztai teinkatua bezala haien mihia. Gezurra da nagusi herrialdean, eta ez egia.

Gaiztakeria gainezka

Jaunak dio: «Gero eta okerrago dabiltza, ez naute aintzat hartzen. 3 Kontuz guztiok nor bere lagunarekin ere, ez fidatu senideaz ere, senideak senideari iruzur egiten baitio, lagunak lagunari kalumnia. 4 Elkar engainatzen dute, inork egiarik esaten ez; gezurretan trebatu dituzte mihiak. Gaiztotuak daude, ez dira zuzentzeko gauza. 5 Gogorkeria gogorkeriaren gain, faltsukeria faltsukeriaren gain, eta ni ez naute aintzat hartu nahi».

6 Horregatik, honela dio Jaun ahalguztidunak: «Aztertu egingo ditut eta probatu; esku hartuko dut, bai, neure herriaren gaiztakeriaren aurka. 7 Gezi hilgarri dira horien mihiak, faltsukeria darie ahotik. Lagunarentzat bake-hitzak dituzte, baina barrenean zelatak asmatzen ari dira. 8 Eta nik, Jaunak, zigorrik gabe utzi behar ote horrelako gaiztakeriak? Ez ote bere merezia eman behar horrela jokatzen duen jendeari? Nik, Jaunak, esana».

Hondamena nahitaezkoa

9 Negar eta intziri egingo dut mendiak direla eta; deitore, larre-zelaiak direla eta: erreak gelditu baitira eta hutsik; ez da ardirik beeka entzuten, hegazti eta abereak ihesi joanak dira. 10 Jaunak dio: «Jerusalem harri-pila bihurtuko dut eta txakal-zulo; Judako hiriak hondamendi, bizilagunik gabe gelditzeraino».

11 Zergatik hondatu da lurraldea? Zergatik erre eta basamortu bihurtu, inor ez bizitzeko moduan? Non da hau ulertuko duen jakintsua? Nori argitu dio Jaunak? Adieraz dezala.

12 Jaunak erantzun: «Nik emandako legea bazter utzi eta nire mintzoa aditu eta jarraitu ez dutelako gertatu da hori. 13 Aitzitik, beren joera gaiztoen ondoren, gurasoengandik hartutako Baalen ondoren, ibili dira. 14 Horregatik, honela diot nik, Israelen Jainkoak: Herri honi belarmina emango diot jateko, ur pozoitua edateko. 15 Sakabanatu egingo ditut, ez hauek, ez hauen gurasoek ezagutu ez dituzten nazioen artean; etsaia bidaliko diet atzetik ezpatarekin, denak suntsitu arte».

Erosta Jerusalemgatik

16 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Ea, egin dei emakume erostariei! Aurkitu trebeenak, eta betoz!» 17 Bai, datozela bizkor, abes dezatela erosta guregatik! Urtu bitez gure begiak malkoz, bitez blai betazalak negarrez! 18 Erosta-kantua dator Siondik: «Ai ene, galduak gara! Hau lotsa gurea! Geure lurraldea utzi egin behar, geure etxetik botatzen gaituzte!» 19 Entzun, emakumeok, Jaunaren mintzoa, entzun arretaz haren hitzak. Irakatsi alabei erosta, auzokoei negar-kanta: 20 «Herio leihoetatik sartu zaigu, jauregietaraino iritsi da. Haurrak garbitu ditu kaleetan, gazteak plazetan».

21 Mezu hau adierazteko agindu dit Jaunak: «Giza gorpuak zabalduta daude lur azalean simaurra bezala, lastasortak igitarien atzean bezala, eta ez ditu inork biltzen».

Egiazko jakinduria Jauna ezagutzea

22 Honela dio Jaunak: «Ez bedi harro jakintsua bere jakinduriaz, ez indartsua bere indarraz, ez eta aberatsa bere aberastasunaz ere. 23 Harrotu nahi duena, harro bedi honetaz: ni ezagutzeko aski argi izateaz, ni, Jauna, solidaritatea, justizia eta zuzenbidea munduan ezartzen dituena. Horiek ditut atsegin. Nik, Jaunak, esana».

24 Jaunak dio: «Badator, gorputzean bakarrik erdainduak direnak zigortuko ditudan eguna: 25 egiptoar, judatar, edomdar, amondar, moabdar eta beduino guztiak. Izan ere, herri horiek, eta Israelek berak, ez dute ezarri bihotzean itunaren seinale den erdainkuntza».

Idoloak eta egiazko Jainkoa

10. atala[aldatu]

1 Entzun, Israel herri, Jaunak iragartzen dizun mezua.

2 Hau dio Jaunak: «Ez egokitu jentilen ohituretara, ez izan zeruko seinaleen beldur, atzerritarrek ohi duten bezala. 3 Herri horien erlijioa hutsaren pareko: horien idoloak basoan ebakitako egur-puskak dira, artisauaren eskuak zizelez landuak, 4 urre eta zilarrez apainduak eta iltzez eta mailuz josiak, eror ez daitezen. 5 Meloi-soroko txorimalo dirudite: ez dakite hitz egiten eta garraiatu egin behar dituzte, ez baitira ibiltzeko gauza. Ez izan horien beldur: ezin dute kalterik egin, ez eta onik ere».

6 Ez da zu bezalakorik, Jauna! Handia zara zu, handiak zure izena eta indarra. 7 Nork ez dizu begirune izango, herrien Errege? Zuri bakarrik zor zaizu hori! Ez duzu parekorik herrietako jakintsu eta erregeen artean. 8 Inozoak eta zentzugabeak dira denak: zurezko idoloetara doaz ikasbide hartzera! 9 Beraien idoloak artisau eta zilarginen lan dira, Tarsisko zilarrez eta Ufazko urrez estaliak, purpura more eta gorriz jantziak. 10 Jauna, berriz, egiazko Jainkoa da, Jainko bizia eta betiereko Erregea: hura haserretzean, lurrak dardara; nazioek ezin diote eutsi haren haserre-suminari.

11 Horregatik, esan atzerritarrei: «Zeru-lurrak egin ez dituzten jainkoak desagertu egingo dira mundutik, zerupeko lurralde guztietatik».

Kreatzaileari gorazarrea


12 Jaunak bere ahalmenaz egin du lurra, bere jakinduriaz ezarri mundua, bere adimenaz zabaldu zerua. 13 Haren aginduz urak zeruan pilatzen dira, hodeiak zerumugan gora igotzen, erauntsiak tximistaka lehertzen, haizea bere gordelekuetatik ateratzen. 14 Orduan, gizaki oro zoraturik gelditzen da, ulertu ezinik; zilargina idoloez lotsaturik, gezurrezkoak baitira, arnasarik gabeko irudi, 15 zentzugabeko eta barregarri; Jaunak hondatuko ditu kontuak hartzeko egunean. 16 Besterik da Jakoben Jainkoa, bera baita gauza guztien egilea eta Israel bere ondaretzat hautatu duena. Jaun ahalguztiduna, hori du izena!

Gure oihal-etxola hondatua

17 Jerusalemgo bizilagunok, setiaturik zaudete! Bildu zeuen gauzak eta atera lurraldetik. 18 Honela dio Jaunak: «Begira, oraingo honetan urrutira jaurtikiko ditut herrialde honetako bizilagunak. Estu hartuko ditut, ezin izango da inor libratu». 19 Orduan, herriak oihu: «Ai ene, hau hondamena gurea! Sendagaitza gure zauria! Eta gu, gaitz eramangarria izango zelakoan! 20 Hondatua dago gure oihal-etxola, lokarri guztiak etenda. Seme-alabak kendu dizkigute, ez da bat ere gelditu gure etxola jasotzeko, oihalak zabaltzeko. 21 Gure gobernariek burua galdu dute, ez diote Jaunari kontsulta egiten. Horregatik, porrot egiten dute, eta horiek gidaturiko herria sakabanaturik dabil».

22 Entzun mezu hau: Badator herri bat iparraldetik istilu handiz, Judako hiriak basamortu eta txakal-zulo bihurtzera.

Profetaren otoitza

23 Badakit, Jauna, gizakia ez dela bere jokabidearen jabe, ezin duela aukeratu bere ibilbidea. 24 Zentza gaitzazu neurriz, ez haserrez, ez gaitzazun ezereztu. 25 Hustu zeure sumina aintzat hartzen ez zaituzten eta dei egiten ez dizuten nazioen gain, Jakoben herria irentsi baitute, lurraldea hondatu.

Jaunarekiko ituna hautsi

11. atala[aldatu]

1-2 Ituneko aginduak Juda eta Jerusalemgo bizilagunei adierazteko agindu zidan Jaunak 3 eta beraren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau hots egiteko: «Madarikatua nire ituneko aginduak onartzen ez dituena! 4 Egiptotik, burdina urtzeko labe hartatik, atera nituenean, zuen gurasoekin egin nuen ituna bera da. Orduan agindu nien: <Nire mintzoa aditu eta nik agindutako guztia betetzen baduzue, nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko, 5 eta beteko dut zuen gurasoei zin egindakoa, alegia, esnea eta eztia darizkion lurraldea emango niela>. Lurralde hori orain daukazuena da, hain zuzen». Nik erantzun nion: «Bai, Jauna». 6 Orduan, Jaunak: «Zoaz Judako hirietara eta Jerusalemgo kaleetara eta hots egin nire mezu hau: Onartu nire aginduak eta bete. 7 Egiptotik atera nituenetik gaurdaino zin-zinez eta atergabe eskatu diet zuen gurasoei obeditzeko. 8 Baina ez didate aditu, ez eta jaramonik egin ere, baizik eta beren joera gaiztoei jarraitu diete setati. Itunaren eginbeharrak betetzeko agindu diet, baina ez dituzte bete; horregatik erori zaizkie gainera itunean ezarritako madarikazioak». 9 Eta honela jarraitu zuen Jaunak: «Judako jendea eta Jerusalemgo bizilagunak azpijokoan ari dira nire aurka. 10 Nire aginduak onartu ez zituzten arbasoen erruetara itzuli dira; beste jainkoen ondoren joan dira beroriek gurtzeko. Bai Israelek, bai Judak hautsi egin dute beren arbasoekin egin nuen ituna. 11 Horregatik, hala diot nik, Jaunak: Ezin izango diote ihes egin bidaliko diedan zoritxarrari. Deiadar egingo didate, baina ez diet entzungo. 12 Jerusalemgo eta Judako beste hirietako jendeak intsentsua erretzen zien jainkoengana joko du orduan laguntza eske deiadarka; baina haiek ezin izango dituzte inola ere salbatu zoritxar-egunean. 13 Judak hiriak bezainbat jainko ditu; Jerusalemen kaleak bezainbat aldare eraiki dituzte Baal lotsagarriari intsentsua erretzeko. 14 Baina zuk, Jeremias, ez eskatu herri honen alde, ez egin erregurik, ez otoitzik, ez baitizut entzungo zoritxarrean laguntza eske dei egitean».

15 Honela dio Jaunak: «Zer ari da Israel, ene maitea, nire tenpluan? Zer, hainbeste gaiztakeria egin ondoren? Promesek eta sakrifizioetako abereek zoritxarra aldenduko diotela uste ote du? Orduan bai egingo lukeela pozarren oihu! 16 <Fruitu ederreko olibondo heze> izena eman nion behinola; orain, ordea, hostoa erreko diote sugar bizian, eta adarrak hautsiko.

17 «Nik, Jainko ahalguztidun honek, landatua nuen Israel; baina orain zoritxarra erabaki dut neure herriaren aurka, Israelek eta Judak egin dituzten gaiztakeriengatik, iraindu egin bainaute Baali intsentsua errez».

Beretarrek Jeremias hil nahi

18 Jaunak jakinarazi zidan etsaiak azpilanean ari zirela nire aurka; berak ireki zizkidan begiak horretaz konturatzeko. 19 Hiltzera daramaten bildots otzanaren antzeko nintzen ni, eta ez nuen nire kalterako zerabiltzaten asmo txarren berririk: «Bota dezagun zuhaitza bere mardulean; ken dezagun bizidunen artetik, ez dadila haren oroitzapenik ere geldi».

20 Orduan, honela egin nuen otoitz: «Zu, Jaun ahalguztiduna, epaile zuzena zara, gizakiaren buru-bihotzak aztertzen dituena. Zure esku utzi dut neure auzia: ikusiko ahal dut zure mendekua etsaien bizkar!»

21 Anatoteko jendea niri bizia kendu nahian dabil, Jaunaren izenean hitz egiten jarraitzen badut, beren eskuz hilko nautela mehatxuka. 22 Honela dio, bada, Jaun ahalguztidunak: «Hartuko dizkiet kontuak; gerran hilko dira berorien gazteak, goseak seme-alabak. 23 Anatoteko jende artetik inor ere ez da bizirik geldituko, zorigaitza bidaliko diedan kontuak hartzeko egunean».

Jeremias Jaunarekin kexu

12. atala[aldatu]

1 Nolatan hasi zurekin auzitan? Zuzenegia zara zu, Jauna. Hala ere, arazo bat nahi nizuke proposatu: zergatik du arrakasta gaiztoen jokabideak? Nola bizi daitezke lasai azpisuge maltzurrak? 2 Zuk landatu eta haiek sustraiak bota, hazi eta fruitua ematen dute. Haien ezpainetan zaude, bai; ez, ordea, bihotzetan. 3 Baina zuk, Jauna, ongi ezagutzen nauzu, aztertu nauzu eta badakizu egiaz nagoela zurekin. Jar itzazu aparte gaiztoak, hiltzeko ardiak bezala, gorde itzazu sarraski-egunerako! 4 Noiz arte segitu behar du lurraldeak dolutan, landako belarrak lehor? Abere eta hegaztiak galtzen ari dira, bertako bizilagunen gaiztakeriagatik. Honela baitiote: «Ez ditu ezagutzen Jainkoak gure ibilerak».

5 Jaunak erantzun zidan: «Oinezkoekin lasterka nekatzen bazara, nola lehiatu nahi duzu zaldizkoekin? Lurralde lauan seguru ez bazabiltza, nola moldatuko zara Jordan inguruko malkarretan? 6 Zeure etxekoek, zeure anaiek ere, saldu egin zaituzte, elkar hartu dute zuri erasotzeko. Ez fidatu horiengan, hitz gozoak esaten badizkizute ere».

Jaunak bere herria bertan behera utzi

7 Jaunak dio: «Utzi egin dut neure herria, baztertu neure ondarea, etsaien eskura eman neure bihotzeko kuttuna. 8 Nire ondare zen herri hau basoko lehoia bezalako bihurtu zait: orroaka ari da nire aurka; horregatik ez dut gehiago maite. 9 Nire ondare zen herri hau kolorezko hegaztia bezalakoa da: beste hegazti guztiak erasoka ditu. Zatozte, piztia guztiak, bil zaitezte hura irensteko! 10 Makina bat buruzagi etsaik suntsitu du nire mahastia, oinazpian zapaldu nire alorra, basamortu bihurtu nire alor zoragarria: 11 hondamendi, lugorri eta eremu. Lurralde guztia hondamendi, eta inori axola ez. 12 Basamortuko gordelekuetatik datoz suntsitzaileak: ezpata ari da Jaunaren aginduz, ertz batetik bestera lurraldea hondatzen; inorentzat ez bakerik. 13 Nire herriak garia erein eta arantzak bildu; lan guztia alferrik egin du. Zein uzta negargarria, nire suminak bidalia!»

Auzoko herriak zigortuak eta salbatuak

14 Hona zer diotsen Jaunak Israelen auzoko herri gaizkileei, bere herri Israeli ondaretzat emandako lurraldeari eskua ezarri diotenei: «Errotik aterako ditut beren lurraldetik . 15 Baina horren ondoren, errukitu egingo natzaie, eta herri bakoitza, nor bere ondarera eta lurraldera itzuliko dut. 16 Egia da: nire herriari Baalen izenean zin egiten irakatsi zioten; baina nire herriaren ohitura onartuz, <Ala Jauna!> esanez zin egiten ikasten badute, neure herriko parte egingo ditut. 17 Baina obeditzen ez didan nazioa errotik aterako dut behin betiko eta suntsitu egingo. Nik, Jaunak, esana».

Lihozko gerrikoaren ikasbidea

13. atala[aldatu]

1 Jaunak esan zidan: «Zoaz lihozko gerriko bat erostera eta jantzi gerrian, baina ez garbitu uretan». 2 Erosi nuen, bada, gerrikoa, Jaunak esan bezala, eta jantzi. 3 Berriro hitz egin zidan Jaunak: 4 «Hartzazu, erosi eta jantzia duzun gerrikoa. Zoaz Eufrates ibaira eta gorde hango harkaitzulo batean». 5 Joan nintzen eta gorde nuen Jaunak agindutako tokian. 6 Handik denboraldi batera Jaunak esan zidan: «Zoaz Eufrates ibaira eta hartu han gordetzeko agindu nizun gerrikoa». 7 Joan nintzen ibaira, zulatu gordelekua eta atera nuen gerrikoa: erabat usteldua zegoen, ez zuen ezertarako balio. 8 Orduan, Jaunak hitz egin zidan 9 eta esan: «Horrelaxe gertaraziko dut ustel Judaren eta Jerusalemen harrokeria neurrigabea. 10 Herri gaizto honek ez ditu nire hitzak entzun nahi eta bere joera gaiztoei setati jarraitzen die. Jainko arrotzen ondoren dabil, horiek zerbitzatuz eta gurtuz. Horregatik, ezertarako balio ez duen gerriko honen pareko izango da. 11 Gerrikoa gizonaren gerriari lotzen zaion bezala nahi izan nituen Juda eta Israel herriak niri lotu, nire herri izan zitezen, nire ospe eta ohore; baina ezentzun egin zidaten».

Pitxer apurtuak

12 Jaunak, Israelgo Jainkoak, esan zidan: «Jeremias, esaiozu jendeari pitxerrak ardoz betetzeko direla. Ondotxo dakitela hori erantzungo dizute denek. 13 Orduan, herrialde honetan bizi diren guztiak ardoz beteko ditudala esango diezu, erabat mozkortzeraino: Daviden tronuan esertzen diren erregeak, apaizak, profetak eta Jerusalemgo bizilagun guztiak. 14 Ondoren, apurtu egingo ditut bata bestearen kontra: gurasoak eta seme-alabak, denak batera. Ez dut errukirik izango, ez barkamenik, ez gupidarik: guztiak suntsituko ditut. Nik, Jaunak, esana».

Entzun berandu baino lehen

15 Israeldarrok, entzun arretaz Jaunak esaten dizuena, eta ez izan harro. 16 Ohoratu Jauna, zeuen Jainkoa, berak iluna bidali baino lehen, mendian, gaua iristean, estropezuka hasi baino lehen, itxaro duzuen argia ilunpe beltz bihurtu baino lehen. 17 Entzun nahi ez badidazue, negarrari emango diot isilean zuen harrokeriagatik. Nire begiak malkotan urtuko dira, Jaunaren herria gatibu eraman dezatenean.

Jerusalem oinazetan bere aldaezineko txarkeriagatik

18 Jaunak esan zidan: «Esan erregeari eta erregina-amari: Eser zaitezte lurrean, erori baita zuen burutik errege-koroa preziatua. 19 Negeveko hiriak setiatuak daude, ezin ditu inork ere askatu. Juda osoa erbestera doa, oso-osorik atzerrira».

20 Jaso begiak, Jerusalem! Ikusi etsaia iparraldetik etortzen. Non da nik eman nizun herria, harrobide zenuen artaldea? 21 Eta zer esango duzu, Jerusalem, adiskidetzat eduki ohi dituzunek beren agintea ezartzean eta zu menperatzean? Oinaze bizitan aurkituko zara, emakumea erdiminetan bezala. 22 «Zergatik gertatzen zait hau?» galdetuko duzu. Jakin, zeure bekatu kontaezinengatik dela. Horregatik biluztu zaituzte eta indarrez bortxatu! 23 Alda ote dezake beltzak azalaren kolorea? Edo lehoinabarrak bere larru pikardatua? Ez eta zuk ere: txarrean ohituak, ezin onik egin.

24 Jaunak dio: «Basamortuko haizeak daraman lastoa bezala sakabanatuko zaituztet. 25 Hori da zure zoria, Israel, nire aldetik merezia duzuna, ni ahaztu eta sasijainkoez fidatu zarelako. 26 Nik ere biluztu egingo zaitut, zure lotsariak bistan jarriko. 27 Zure adulterioak, irrintziak, prostituzio lotsagabea! Muinoetan eta landazabalean ikusi ditut zure egintza higuingarriak! Zure zorigaitza, Jerusalem, ez baituzu garbi izan nahi! Noiz arte horrela?»

Lehorte handia

14. atala[aldatu]

1 Lehortea zela eta, honela mintzatu zitzaion Jauna Jeremiasi:

2 «Dolutan dago Juda herrialdea, hiltzear haren hiriak, goibel, lur jota jendea, garrasika Jerusalem hiriburua. 3 Aberatsek ur bila bidaltzen dituzte morroiak: badoaz putzuetara, baina urik ez, eta ontziak hutsik itzuli behar, lotsaz gorri eta burumakur. 4 Nekazariak etsita, burumakur dabiltza, lurra arraildua baitago, euri faltaz. 5 Basahuntzak landetan, umea egin eta bertan behera utzi behar, larrerik ez dagoelako. 6 Basastoak ere geldi daude mendian, txakalak bezala aireari usnaka, begiak ilun, larrerik ez dagoelako».

7 Jendeak oihu dagi: «Geure bekatuek salatzen bagaituzte ere, ekin, Jauna, zeu zarena zarelako! Asko dira gure errebeldiak, zure aurka egin dugu bekatu. 8 Baina zu zara Israelen itxaropidea, larrialdietan salbatzen gaituena. Zergatik duzu arrotzen portaera gure artean, gau baterako baizik gelditzen ez den bidaiariarena? 9 Zergatik zabiltza ezkutuka gizon izutuaren antzera, garaipena lortzeko gauza ez den gudaria bezala? Baina ez, zu gure artean zaitugu, Jauna! Zuretzat sagaraturiko herri gara: ez gaitzazula utz zapuzturik!»

10 Honela dio Jaunak herri honi buruz: «Maite du honek harat-honat ibiltzea, ez ditu oinak lotzen. Ez dut gogoko. Gogora dakart honen jokaera gaiztoa, eta zigortu egingo dut bere bekatuengatik». 11 Esan zidan Jaunak: «Ez erregutu herri honen alde. 12 Barau egiten badute ere, ez dut entzungo horien deiadarrik. Erre-opariak eta labore-opariak eskaintzen badituzte ere, ez ditut onartuko, baizik eta gerraz, gosez eta izurriz joko ditut». 13 Erantzun nion: «Ai ene, Jainko Jauna! Baina ez duela ez gerrarik, ez goserik izango ari zaizkio esaten profetak, eta toki honetan egiazko bakea emango diozula». 14 Eta Jaunak erantzun zidan: «Nire izenean gezurra ari dira esaten profetak. Ez dira nik bidaliak; ez diet ezer agindu, ez hitz egin ere. Gezurrezko ikuskari, iragarpen zoro, beraien burutazio huts dira profeta horiek iragartzen dituztenak. 15 Horregatik, hara nik, Jaunak, esan: Nik bidali gabe nire izenean mintzo diren eta herrialde honetan gerrarik eta goserik ez dela izango esaten ari diren profetak, gerraz eta goseak hilko dira. 16 Eta horien hitza entzun duen jendea Jerusalemgo kaleetan eroriko da hilotzik gerraren eta gosearen ondorioz, eta ez da izango beroriei, ez berorien emazte eta seme-alabei lurra emango dienik. Horrela ordainduko diet beren gaiztakeria».

Jeremiasen negarra

17 Hitz hauek herriari esateko agindu zidan Jaunak: «Urtzen ari zaizkit begiak negarrez, gau eta egun atergabe; nire herria, neskatxa ederra, izugarrizko ezbeharrak jo baitu, eta hilzorian utzi. 18 Landara irten, eta ezpataz hildakoak edonon; hirira sartu, eta jendea goseak hiltzen. Apaizak eta profetak batetik bestera dabiltza, ezer ulertu ezinik.

Herriaren erregua

19 «Jauna, erabat utzi al duzu Juda? Nazkatu egin al zara Sion hiriaz? Zergatik jo gaituzu sendaezineko gaitzaz? Bakearen zain geunden, baina ez dugu onik. Osasunaldia espero genuen, baina beldur-ikara dugu gainean. 20 Aitortzen dugu, Jauna, geure gaiztakeria eta geure arbasoen errua; zure aurka egin dugu bekatu. 21 Zeu zarena zarelako, ez gaitzazu utz, ez mesprezatu zeure herria, bere errege ospetsu zaituena. Gogora ezazu gurekin egina duzun ituna, ez hautsi, mesedez. 22 Jentilen idoloek ezin dute euririk eman, ez eta zeruek ere berenez hodei-zaparradarik sortu. Zuk egiten dituzu horiek guztiak! Ez al zaitugu, bada, zu, Jauna, geure Jainkoa? Zu zaitugu geure itxaropen!»

Erabateko zigorra

15. atala[aldatu]

1 Jaunak esan zidan: «Moises eta Samuel nire aurrera erregutzera etorriko balira ere, ez nuke izango herri honen errukirik. Kanpora! Doazela nire begi-bistatik! 2 Nora galdetzen badizute, esan hau nire partetik:

«Norberari dagokionera: Heriotzarako dena, heriotzara! Ezpatarako dena, ezpatara! Goserako dena, gosera! Erbesterako dena, erbestera!

3 «Nik, Jaunak, lau zigor-mota bidaliko dizkiet: gerra, hiltzeko; txakurrak, zati-zati egiteko; hegazti harrapariak eta basapiztiak, irentsi eta haiekikoa egiteko. 4 Halako zigorra emango diet, ezen ikaraturik geldituko baitira erresuma guztiak; eta hori, Ezekiasen seme Manasesek, Judako erregeak, Jerusalemen egin zuen guztiagatik».

5 Jaunak dio: «Nor izango da zutaz erruki, Jerusalem? Nor hurbilduko zaizu? Nork izango zure berri jakiteko ardura? 6 Zeuk utzi nauzu, zeuk bizkarra eman. Hala, zure aurka luzatu dut eskua, zu suntsitzeko, zutaz erruki izateaz aspertuta. 7 Lurraldeko hiri guztietan sakabanatu ditut zure bizilagunak, haizeak lastoa bezala; suntsitu egin dut neure herria, seme-alabarik gabe utziz, jokabidez aldatu ez delako. 8 Itsasoko harea baino ugariago horien artean utzi ditudan alargunak. Eguerdi-eguerdian ekarri dut hondatzailea gudari gazteen amaren gainera; larria eta ikara gorria bidali diot bat-batean. 9 Zazpi seme-alaben ama bera ere akitua dago, arnasa ezin harturik, lotsaz eta desohorez betea; egun-argia ilunpe bihurtu zaio. Eta gelditzen zaizkion semeak etsaien ezpataz hilko dira. Nik, Jaunak, esana».

Jeremias Jaunaren aurrean kexu

10 Ai ene, ai ene! Ama, zergatik ekarri ninduzun mundura? Denekin eztabaidan eta auzitan aritzeko? Ez diot inori zor, ez dit inork ere zor; hala ere, denek madarikatzen naute. 11 Jauna, egiaz zerbitzari leiala nauzu, neure etsaien alde erregutu dizut arrisku eta larrialdian.

12 (Nola egin aurre iparraldeko etsaiari, burdina eta brontzea bezain gogor denari? 13 Zeure bekatuengatik, Israel, herrialde osoan egin dituzun bekatuengatik, etsaien harrapakin bihurtzen ditut zure aberastasun eta ondasunak. 14 Zeure etsaien esklabo egingo zaitut, ezagutzen ez duzun lurraldean; piztu baita nire haserrea, sutan dago zure aurka).

15 Jauna, zuk dena dakizu; gogora nazazu,ardura zaitez nitaz, mendeka nazazu etsaien lepotik. Luzatzen baduzu, nireak egin du. Kontu egin zuregatik iraintzen nautela. 16 Zure hitzak niregana iristean, irentsi egiten nituen; horiek nituen neure poz, barru-barruko gozamen; zeuretzat sagaratua bainauzu, ene Jauna, Jainko ahalguztiduna. 17 Ez naiz atsegin bila ari izan festa- eta algara-zaleekin batera; bakarrik ibiltzera behartu nauzu, zeure suminaz betea nauzu eta. 18 Zergatik amairik gabeko oinaze hau? Sendaezina da nire gaitza, erremediorik gabea. Nola bihurtu zara niretzat itxura huts den ur engainagarri?

19 Orduan, Jaunak erantzun zidan: «Niregana itzultzen bazara, hartuko zaitut berriro neure zerbitzura. Baliotsu dena baliogabe denetik bereizten baduzu, hitz egingo dut zure bitartez aurrerantzean ere. Herriak itzuli behar du zuregana, ez zuk harengana. 20 Herri honen aurrean brontzezko hesi txit sendo egingo zaitut; borroka egingo dizute, baina menperatu ez, zeurekin bainauzu ni, libratzeko eta garaipena emateko. Hala diot nik, Jaunak. 21 Libratuko zaitut gaizkileen eskuetatik, askatuko erasotzaileen menpetik».

Jeremiasen bizitza herriarentzat seinale

16. atala[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Ez hartu emazterik eta ez izan seme-alabarik herrialde honetan. 3 Nik, Jaunak, esango dizut zer gertatuko zaien herrialde honetan jaioko diren seme-alabei eta bizia emango dieten gurasoei. 4 Modu ikaragarrian hilko dira eta ez dute hiletarik, ez hilobirik izango: simaurra bezala geldituko dira lur azalean. Gerrak eta goseak hilko ditu, eta gorpuak hegazti harrapariek eta basapiztiek jango dituzte». 5 Hau ere esan zidan Jaunak: «Ez joan hiletak egiten ari diren etxera, doluan parte hartzeko eta atsekabean lagun egiteko: ukatu egin baitizkiot herri honi neure bakea, maitasuna eta errukia. 6 Txiki eta handi, denak hilko dira herrialde honetan; ez dute hiletarik, ez hilobirik izango; ez du inork dolua adierazteko gorputza urratuko, ez burua soilduko. 7 Ez da hileta-otordurik egingo hildakoaren senideak kontsolatzeko, ez eta aitaren edo amaren heriotzan ere. 8 «Ez joan festa-otordua egiten ari diren etxera, bertakoekin jan-edatera. 9 Honela baitiot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Isilaraziko ditut lurralde honetan, zuen begi-bistan, zuen egunetan, poz-alaitasunezko oihuak, senar-emaztegaien kantuak. 10 «Mezu hau herriari iragartzean, galdetuko dizute: <Zergatik erabaki du Jaunak hain zoritxar handia bidaltzea? Zein da gure errua, zein geure Jainko Jaunaren aurka egin dugun bekatua?> 11 Zuk erantzun nire partetik: Bada, zuen arbasoek ni bazterrera utzi eta beste jainkoen atzetik ibili izana, haiek zerbitzatuz eta gurtuz. Ni bazterrera utzi eta nire legea ez dute bete. 12 Eta zuek arbasoek baino okerrago jokatu duzue: nork bere joera gaiztoei setati jarraitu diezue, niri aditu gabe. 13 Horregatik, jaurtiki egingo zaituztet lurralde honetatik, ez zuentzat, ez zuen gurasoentzat ezaguna ez den lurraldera; han, beste jainko batzuk zerbitzatuko dituzue, gau eta egun; ez baitut gehiago zuen ardurarik izango».

Erbestetik itzuli


14 Jaunak dio: «Garai berria dator. Garai horretan, jendeak ez du honela zin egingo: <Ala Jauna, israeldarrak Egiptotik atera zituena!>; 15 baizik eta beste era honetan: <Ala Jauna, israeldarrak iparraldetik eta sakabanatu zituen herrialde guztietatik atera dituena!> Bai, berriro itzularaziko ditut beraien gurasoei eman nien lurraldera».

Errudunak zigortuak izango

16 Jaunak dio: «Etsai asko bidaliko ditut israeldarren aurka: arrantzale gisa, harrapatuko dituzte beren sareetan, edota, ehiztari gisa, mendi, muino eta harkaitz-artetan ehizatuko. 17 Izan ere, begi-bistan dut haien jokabidea; niretzat ez dute isil-gorderik haien erruek. 18 Hasteko, zigor izugarria emango diet, profanatu egin baitute nire lurra, gorpu baten pareko diren idolo higuingarriez, eta nire ondarea zantarkeriez bete».

Herri guztiek Jauna aitortuko

19 Jauna, zu nire indar eta babesle, arriskuan ihesleku! Zuregana etorriko dira herriak lurreko azken mugetatik, eta esango dizute: «Gurasoek utzi dizkiguten jainkoak gezur huts dira, zentzugabekeria eta ez ezertarako on. 20 Gizakiak egindako jainkoak, nola izan egiazko jainko?» 21 Jaunak dio: «Hara, nire esku ahaltsua erakutsiko diet behin betiko, eta ikasiko dute Jauna naizela ni.

Judako herriaren bekatua

17. atala[aldatu]

1 «Judaren bekatua burdinazko eztenaz idatzia dago, diamantezko puntaz zizelkatua, beren bihotz barruan, beren aldare-ertzetako adarretan. 2 Seme-alabak bezain gogoangarri dituzte aldare eta zutoin sakratuak, zuhaitz handien azpian eta muino-gailurretan, 3 mendian eta landan eraikitakoak. Judako herri hori, etsaien esku jarriko ditut zure aberastasunak eta altxorrak, lurralde osoan zehar sasi-kultu-lekuetan egin duzun bekatuagatik. 4 Utzi egin beharko duzu eman nizun ondarea. Zeure etsaien esklabo egingo zaitut ezagutzen ez duzun lurralde batean, nire haserrearen sua harrotu baituzu itzalezineko sugarretan».

Egiazko eta gezurrezko konfiantza

5 Honela dio Jaunak: «Madarikatua konfiantza gizakiagan duena, giza indar hutsean oinarritzen dena eta niregandik urruntzen! 6 Basamortuko zuhaixkaren antzeko da: ez du sasoi onik izango, lur idorretan landatua, biziezineko lur gazitan.

7 «Bedeinkatua konfiantza niregan duena, euskarri ni nauena! 8 Ur ondoan landaturiko zuhaitzaren antzeko da: ur bizigarrietara zabalduko ditu sustraiak, sargoriari ez dio beldurrik: haren hostoak beti berde; lehorte-urtean ere hura lasai, ez dio uzten fruitua emateari.

9 «Ez da ezer giza bihotza baino maltzurragorik, sendaezinagorik. Nork antzeman berari? 10 Neuk, Jaunak, ikertzen eta aztertzen ditut gizakiaren buru-bihotzak, nori bere jokaeraren ordaina, bere egiteen merezia emateko.

11 «Bidegabeki aberasten dena besteren arrautzak berotzen dituen hegaztiaren antzeko da: sasoirik onenean ihes egingo dio aberastasunak, eta azkenean txorotzat hartuko dute».

Profetaren otoitza

12 Gure santutegia tronu ospetsua, hasieratik goian ezarria.

13 Zu zara, Jauna,Israelen itxaropena! Zapuzten zaituztenek porrot egingo dute; zuregandik urruntzen direnak kondenaturik daude, ur bizien iturria
-zu, Jauna
- zapuztu dutelako.

14 Jauna, senda nazazu eta sendatua geldituko naiz, salba nazazu eta salbatua izango. Zu zaitut goresten! 15 Jendeak esaten dit: «Non dira, bada, Jaunaren mehatxuak? Bete bitez!» 16 Nik ez diot muzin egin profeta izateari; halere, ez dut opa izan zoritxar-egunik. Badakizu zuk hori, neure eskariak aurrez aurre egin dizkizut eta. 17 Ez zaitez izan niretzat beldurgarri, zu, zoritxarrean babes zaitudan hori! 18 Huts eragiezu erasoka ari zaizkidanei, eta ez niri; jo bitza haiek beldurrak, eta ez ni. Bidali haiei zoritxarra, suntsi itzazu, suntsi erabat.

Larunbata Jaunari sagaraturiko atseden-eguna

19 Jaunak esan zidan: «Zoaz eta ezar zaitez Judako erregeek sartu-irtenak egiteko erabiltzen duten Jerusalemgo ate nagusian; egizu gero gauza bera hiriko beste ate guztietan ere. 20 Eta ateetatik igarotzen diren guztiei
-Judako erregeei, hirira datozen judatarrei eta Jerusalemgo bizilagunei
- esan nire mezua entzuteko.
21 Hitz egin honela: Ez eraman inolako zamarik larunbatez, bizi nahi baduzue, ez sartu ezer Jerusalemgo ateetan barrena. 22 Larunbatean, ez atera zamarik zeuen etxetik, ez egin inolako lanik. Larunbata niri behar didazue sagaratu, zuen gurasoei agindu nien bezala. 23 Haiek ez zidaten aditu, ez eta jaramonik egin ere; burugogor jarri ziren eta ez zuten obeditu, ez zentzatu nahi izan. 24 «Baina zuek benetan aditzen badidazue, hiri honetako ateetan barrena larunbatez zamarik eramaten ez baduzue, baizik eta egun hori niri sagaratzen badidazue, inolako lanik egin gabe, 25 orduan, Daviden tronuan esertzen diren erregeak sartuko dira hiri honetako ateetatik; gudu-gurdietan eta zaldiz sartuko dira, beren buruzagiekin eta Judako eta Jerusalemgo bizilagunekin batera. Hiri hau bizilagunez betea egongo da beti. 26 Alde guztietatik etorriko da jendea, Judako herrietatik eta Jerusalemgo inguruetatik, Benjaminen herrialdetik eta Xefelatik, mendialdetik eta Negevetik, Jaunaren etxera erre-opariak eta sakrifizioak, labore-opariak, intsentsua eta gorespen-opariak ekarriz. 27 Baina nire agindua betetzen ez baduzue, larunbata niri sagaratzeko eta egun horretan Jerusalemgo ateetan zamarik ez sartzeko agindua betetzen ez baduzue, su emango diet hiriko ateei eta ez da itzaliko Jerusalemgo jauregiak kiskali arte».

Jeremias eltzegilearen lantegian

18. atala[aldatu]

1 Agindu hau eman zidan Jaunak: 2 «Jaits zaitez, Jeremias, eltzegilearen lantegira eta hantxe adieraziko dizut neure mezua». 3 Jaitsi nintzen, beraz, eltzegileagana eta lanean aurkitu nuen. 4 Buztinez egiten ziharduen ontzia eskuetan hondatzen bazitzaion, beste bat egiten zuen ondoen iruditzen zitzaion eran. 5 Orduan, bere mezua adierazi zidan Jaunak: 6 «Israeldarrok, ez ote nuke egin behar zuekin eltzegileak egiten duen gauza bera? Begira! Nola buztina eltzegilearen eskuetan, hala zarete zuek nire eskuetan. Hala diot nik, Jaunak. 7 Batzuetan, nazio edo erreinu bat lurretik erauzi, irauli edo hondatzeko erabakia hartzen dut. 8 Baina aipaturiko nazioa bere gaiztakeriatik aldentzen bada, damutu egiten naiz eta ez diot ematen pentsatua nuen zigorra. 9 «Beste batzuetan, berriz, nazio edo erreinu bat eraiki eta landatzea erabakitzen dut. 10 Baina, niri aditu beharrean, gaizki iruditzen zaidana egiten badu, damutu egiten naiz eta ez diot egiten agindua nion mesedea. 11 «Zoaz, bada, orain, eta esan Judako jendeari eta Jerusalemgo bizilagunei, nik, Jaunak, pentsatua dudala haiek zigortzea eta prest nagoela nire egitasmoa betetzeko. Erregutu beren jokaera okerra utz dezaten, beren ohitura eta egintzak onbidera ditzaten. 12 Baina honela erantzungo dizute: <Alferrik ari zara! Nahi duguna egingo dugu, nork bere joera gaiztoen arabera jokatuko dugu> ».

Israel Jaunaz ahaztu

13 Horregatik, hau dio Jaunak: «Egin itaunketa nazioen artean: nork entzun du horrelakorik? Israel neskatxa ederrak izugarria egin du! 14 Uko egiten ote die inoiz ere elurrak Libanoko harkaitz garaiei? Agortzen ote dira menditik datozen ur hotzak? 15 Bada, nire herria ahaztu egin da nitaz, intsentsua erretzen die sasijainkoei. Desbideratu egin da antzinako bidetik, sekula ibili gabeko bideetan ibiltzeko. 16 Horrela, bere lurraldea hondamen bihurtu du, jendearen etengabeko iseka. Handik igarotzen dena izuturik gelditzen da, buruari eragiten dio harriturik. 17 Nola ekialdeko haizeak hautsa, hala sakabanatuko dut Israel etsaien aurrean. Bizkarra emango diot eta ez aurpegia hondamendi-egunean».

Jeremiasen aurkako azpilana eta profetaren otoitza


18 Zenbaitzuk zioten: «Pentsa dezagun Jeremias nola galdu. Ez zaigu faltako apaizik Jainkoaren legea irakasteko, ez jakintsurik aholku onak emateko, ez profetarik Jainkoaren mezua iragartzeko. Belztu dezagun horren izena, ezentzun egin diezaiogun horren esanari». 19 Orduan, honela egin nuen otoitz:

«Ardura nitaz, Jauna! Entzun nire salatzaileek diotena! 20 Ongia gaizkiaz ordaintzen ote da? Hilobia zulatu dute niretzat! Izan gogoan, Jauna, nola egon nintzen zure aurrean berorien alde erreguka, zure haserrea beroriengandik aldendu nahian. 21 Baina orain, hil itzazu goseak horien seme-alabak, garbitu ezpataz; geldi bitez emazteak seme-alabarik gabe eta alargun; hil bitza izurriak gizonak, eta guduak gazteak! 22 Bete garrasiz horien etxeak, bat-batean lapurrak sarraraziz! Zuloa egin baitzuten ni erortzeko, sareak ipini bidean ni harrapatzeko. 23 Ongi ezagutzen dituzu, Jauna, ni hiltzeko dituzten egitasmoak. Ez barkatu horien gaiztakeria, ez kendu zeure begi-bistatik horien bekatua! Bota itzazu lurrera zeure aurrean, ekin horien aurka zeure haserre-egunean!»

Pitxer puskatua ezbeharraren ezaugarri

19. atala[aldatu]

1 Jaunak agindu zion Jeremiasi: «Zoaz eta erosi buztinezko pitxer bat. Eraman zeurekin herri-agintari eta apaiz-kontseiluko batzuk. 2 Irten gero Ben-Hinom haranera, Ontzi-pusken ate aurrera, eta aldarrikatu bertan orain emango dizudan mezua. 3 Hauxe esango duzu: Judako errege eta Jerusalemgo bizilagunok, entzun Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezua: Ezbehar izugarria erakarriko dut toki honen kontra; entzun dezaten guztiei durundi egingo diete belarriek. 4 Izan ere, israeldarrek bazterrera utzi naute eta toki honen izaera itxuragabetu: intsentsua erre diete bertan, ez berek, ez beren gurasoek, ez Judako erregeek ezagutzen ez zituzten jainkoei, eta jende errugabearen odolez bete dute. 5 Aldareak eraiki dituzte seme-alabak Baali oparitzat erretzeko. Nik ez dut horrelakorik sekula agindu, ez eta aipatu edo burura etorri ere. 6 «Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Badator toki honi Tofet eta Ben-Hinom harana deituko ez dioten eguna, Hilketa-harana baizik. 7 Suntsitu egingo ditut bertan Judaren eta Jerusalemen egitasmoak. Etsaien ezpataz, beraiek galdu nahian dabiltzanen eskuz, hilko ditut, eta haien gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira. 8 Hiri hau hondamen bihurtuko dut eta jendearen isekagai. Hemendik igaroko diren guztiak izu-ikaraturik geldituko dira honelako hondamendia ikustean. 9 Beren seme-alaben haragia janaraziko diet eta elkar ere jango dute, hain egoera larrian aurkituko baitira, etsai amorratuek hiria setiatzean. 10 «Hau esan ondoren, apurtu egingo duzu pitxerra zurekin doazen gizonen aurrean, 11 eta esango diezu: Honela dio Jaun ahalguztidunak: Apurtu egingo ditut herri hau eta hiri hau, buztinezko pitxerra bezala; apurtu, gehiago konpontzerik ez duen buztin-ontzia bezala. Tofeten lur eman beharko diete hilei, beste inon tokirik ez eta. 12 Honela, hiria bertako bizilagunekin, Tofet bezala, herio-toki bihurtuko dut. Hala diot nik, Jaunak. 13 Jerusalemgo etxeak eta Judako erregeen jauregiak
-hau da, etxe gainetan ortziko astroei intsentsua erretzen eta jainko arrotzei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxe guztiak
- kutsatutzat hartuko dira Tofet bezala».
14 Jaunaren aginduz mezu hau aldarrikatu ondoren, Tofetetik itzuli zen Jeremias eta, tenpluko atarian gelditurik, herri osoari esan zion: 15 «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Bidali egingo dut hiri honen eta inguruko herri guztien gainera adierazi dudan ezbeharra, burugogor jarri baitira bertako bizilagunak, nik esana aditzeari uko eginez».

Jeremias preso

20. atala[aldatu]

1 Imerren seme Paxhur apaizak, tenpluko arduradun nagusiak, Jeremiasen hitzok entzutean, 2 berau zigorkatzeko eta tenpluko Benjaminen goiko atean dagoen egur-zepoan lotzeko agindu zuen. 3 Biharamun goizean, Paxhurrek askatu egin zuen Jeremias egur-zepotik. Orduan, Jeremiasek esan zion: «Paxhur, Jaunak aldatu egin dizu izena: <Izu-ikara inguruan> izango duzu aurrerantzean. 4 Izan ere, hau dio Jaunak: Izu-ikararako bide bihurtzen zaitut zeuretzat eta zeure adiskideentzat. Hauek ezpatapean eroriko dira zure begi aurrean eta Judako jende guztia Babiloniako erregearen esku jarriko dut: Babiloniara eramango du gatibu edo hil egingo ezpataz. 5 Hiri honetako bizilagunek bildutako ondasunak, gauza baliotsu guztiak eta Judako erregeen altxorrak ere etsaien esku utziko ditut, harrapatu eta Babiloniara eraman ditzaten. 6 Eta zeu, Paxhur, eta zure familia osoa gatibu eramango zaituztete Babiloniara. Han hilko zara eta han hilobiratuko zaituzte, gezurrezko profeta-mezua ematen zenien adiskide guztiekin batera».

Jeremiasek bere bihotza Jainkoari hustu

7 Liluratu egin nauzu, Jauna, eta ni zure lilurapean erori; bortxatu egin nauzu eta menperatu. Barregarri gertatu naiz egun osoan, burlaka ari zaizkit denak. 8 Hitz egin behar dudan bakoitzean garrasi egin behar izaten dut laguntza eske, indarkeria eta zapalkuntzaren aurka hots egin. Zure hitza iragartzen dudalako, oi Jauna, irain- eta iseka-bide naiz egun guztian. 9 Pentsatu izan dut: «Ez dut berriro Jauna aipatuko, ez dut haren izenean hitz egingo». Baina, orduan, suaren antzeko zerbait sentitzen dut barruan, eta hezurretaraino erretzen nau; saiatzen naiz itotzen, baina ezin! 10 Jendea mehatxuka ari da nire aurka: «Izu-ikara inguruan! Salatu, sala dezagun!» Adiskideak berak ere zain ditut nik noiz huts egingo. «Ea engainatzen dugun
-diote
-. Orduan menperatuko dugu, mendekatuko gara hartaz».

11 Baina neurekin zaitut zu, Jauna, gudari indartsu bezala; eroriko dira nire etsaiak, ezin izango naute garaitu; beraien asmoek porrot egingo dute, haien lotsa sekulakoa izango, behin ere ahaztezina.

12 Jainko ahalguztiduna, zuzen aztertzen duzuna, gizakiaren buru-bihotzak ikusten dituzuna, zure esku utzi dut neure auzia: ikusiko ahal dut zure mendekua etsaien bizkar! 13 Kanta Jaunari, goretsazue Jauna! Hark askatzen baitu gaizkileen eskutik behartsuaren bizia.

14 Madarikatua jaio nintzen eguna! Ez beza inork bedeinkatu amak munduratu ninduen eguna! 15 Madarikatua nire aitari albistea eman ziona, «Mutikoa jaio zaizu» esanez, eta pozarren jarri zuena! 16 Izan bedi gizon hori Jaunak gupidagabe erraustu zituen hirien antzeko! Entzun bitza goizean garrasi larriak, eguerdian gerra-irrintziak! 17 Zergatik ez ote ninduen hil Jainkoak amaren sabelean? Neure ama izango nuen hilobi, beraren sabelean egongo nintzen beti. 18 Zergatik atera nintzen sabeletik neke eta nahigabeak ikusteko, neure egunak porrot eginik emateko?

JEREMIASEK JAUNAREN MEZUA ZUZENDU

Sedekias erregeari

21. atala[aldatu]

1-2 Sedekias erregeak Malkiasen seme Paxhur eta Maaseiasen seme Sofonias bidali zizkion Jeremiasi esatera: «Mesedez, galdegiozu Jaunari gure partetik; izan ere, Babiloniako errege Nabukodonosor erasoan ari zaigu. Agian Jaunak bere mirarietako bat egingo digu eta alde egitera behartuko du Nabukodonosor». Orduan, Jaunak bere mezua adierazi zion Jeremiasi, 3 eta honek erantzun zien: «Esaiozue Sedekiasi 4 Jaunak, Israelgo Jainkoak, dioena: Harresiz kanpotik setiatzen ari zaizkizuen Babiloniako errege eta gudarostearen aurka borrokatzeko darabiltzazuen armak zeuen kontra bihurtuko ditut, eta babiloniarrak hiri honen erdian bilduko. 5 Neu borrokatuko naiz zuen aurka ahalmen handiz eta esku bizkorrez, haserre-suminez eta amorru biziz. 6 Hirian bizi diren guztiak zaurituko ditut, gizaki nahiz abere, eta izurrite beldurgarriz hilko dira. 7 Gero, Judako errege Sedekias, ministrariak eta izurrite, gerrate eta gosetearen ondoren bizirik gelditutako hiritarrak, Nabukodonosorren esku eta haiek hil nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut. Ezpataz hilko ditu Nabukodonosorrek, barkamenik, errukirik eta gupidarik gabe. Nik, Jaunak, esana».

Herriari

8 Herriari, berriz, mezu hau adierazteko agindu zion Jaunak Jeremiasi: «Egokiera ematen dizuet bizia ala heriotza aukeratzeko. 9 Hirian gelditzen dena ezpataz, gosez edo izurriz hilko da. Baina hiritik irten eta hiria setiatzen ari diren babiloniarrengana igarotzen dena bizirik aterako da. 10 Izan ere, hiri honen gain ezarri ditut begiak, baina ez beraren onerako, kalterako baizik: Babiloniako erregearen esku utziko dut eta honek erre egingo du. Nik, Jaunak, esana».

Erregearen familiari

11 Judako erregearen familiarentzat mezua: «Entzun Jaunaren hitza, 12 Daviden ondorengook! Hau dio Jaunak: Ardura zaitezte egunero justizia egiten; askatu zapaldua zapaltzailearen eskutik. Bestela, sua bezala piztuko da nire haserrea, erre egingo zaituzte zeuen egintza gaiztoengatik eta ezin izango du inork itzali. 13 Hara, zure aurka noa, haranaren gainaldean, harkaitza bezain tinko lautadaren gainaldean zauden errege-jauregi horren aurka. <Nork guri eraso?
-diozue
-. Nor iritsi gure gordelekuetara?>
14 Neuk emango dizuet zeuen egiteek merezitako zigorra; su emango diot jauregiari basoari bezala, eta suak inguru guztiak kiskaliko ditu. Nik, Jaunak, esana».

Erregeari eta jauregikoei

22. atala[aldatu]

1 Judako erregearen jauregira joan eta mezu hau aldarrikatzeko agindu zion Jaunak Jeremiasi: 2 «Entzun Jaunaren hitza, Daviden tronuan eseria zauden Judako errege horrek; zeuri, zeure funtzionario eta jauregira datozen hiritarrei zuzendua da mezua. 3 Hau dio Jaunak: Joka ezazue zuzenbidez eta justiziaz, askatu zapaldua zapaltzailearen eskutik, ez eman tratu txarrik etorkin, umezurtz eta alargunei, ez egin indarkeriarik, ez hil errugaberik toki honetan. 4 Agintzen dizuedana arretaz betetzen baduzue, Daviden tronuan esertzen diren erregeak sartuko dira jauregiko ateetatik; gudu-gurdietan eta zaldiz sartuko dira, beren funtzionario eta herritarrekin batera. 5 Baina agindu hauek betetzen ez badituzue, neure buruarengatik dagit zin, jauregi hau hondamendi bihurtuko da. Nik, Jaunak, esana».

6 Izan ere, honela dio Jaunak Judako erregearen jauregiaz:

«Galaad lurraldea eta Libanoko tontorra bezain eder bazara ere niretzat, basamortu, bizilagunik gabeko hiriaren antzeko, bihurtuko zaitut dudarik gabe. 7 Gudariak aukeratuko ditut zu hondatzera bidaltzeko, nor bere armaz hornitua: zedrozko zure zutabe ederrak moztu eta sutara botako dituzte.

8 «Atzerritar askok, hiri honen ondotik igarotzean, elkarri galdetuko diote: <Zergatik erabili du Jaunak horrela hiri handi hau?> 9 Eta erantzun hau jasoko dute: <Jaunaren, beren Jainkoaren, ituna bazter utzi eta jainko arrotzak gurtu eta zerbitzatu dituztelako> ».

Joakaz-Xalum erregeari

10 Ez egin negarrik errege hilarengatik, ez nahigabetu harengatik; negar egizue, bai, haren semearengatik, urrutira baitoa; egin negar, ez baita itzuliko, ez du bere jaioterria berriro ikusiko.

11 Izan ere, honela dio Jaunak Judako errege Josiasen seme eta ondorengo Xalum erregeari buruz: «Joan da hemendik eta ez da berriro itzuliko. 12 Erbesteraturik eraman duten herrialdean hilko da eta ez du herrialde hau berriro ikusiko.

Joiakim erregeari

13 «Zoritxarrekoa zu, justizia mesprezatuz baitituzu eraiki zeure jauregia eta bizilekuak, lansaria ordaindu gabe langileak lanera behartuz! 14 Honela diozu: <Jauregi handi-ederra eraikiko dut neuretzat, sala aireztatuz hornitua; leihoak irekiko dizkiot, hormak zedro-zurez estaliko eta margo gorriz apainduko>. 15 Zer uste duzu? Zeure erregetza sendotuko duzula zeure jauregia zedroz janzteagatik? Zure aita bizitzaz gozatu bazen, jokatu ere zuzenbidez eta justiziaz jokatu zuen, eta horregatik atera zitzaion dena ongi. 16 Behartsuen eta dohakabeen eskubideak babestu zituen, eta zorion-garaia izan zen. Ez al da hori ni benetan ezagutzea? Hala diot nik, Jaunak.

17 «Zuk, ordea, irabazteari besterik ez diozu begiratzen, errugabea hil eta herria zapaldu eta esplotatzeari besterik ez».

18 Horregatik, begira zer dioen Jaunak Josiasen seme Joiakim, Judako erregeaz:

«Ez diote hileta joko, esanez: <Hau zoritxarra, anaia! Hau zoritxarra, arreba!> Ez diote hileta joko, esanez: <Ai gure jauna! Ai gure jaun agurgarria!> 19 Astoa bezala lurperatuko dute: arrastaka eramango gorpua eta Jerusalemgo harresiz kanpora botako».

Jerusalemi

20 Jerusalem, igo Libano mendira eta egin deiadar, egin oihu Baxango goi-lautadan, egin irrintzi Abarim mendietan, zure adiskide guztiak birrindurik daude eta. 21 Onaldian hitz egin nizun eta ez zenuen aditu nahi izan. Gaztetandik jokatu duzu horrela: ez didazu inoiz ere obeditu. 22 Beraz, haizeak eramango ditu zure buruzagiak, zure adiskideak erbestera joango dira. Lotsaz gorri eta desohorez betea geldituko zara, zeure gaiztakeria handiarengatik. 23 Lasai zaude orain zeure habian, Libanotik ekarritako zedroz jantzia; baina, nola egingo duzun aiene, emakumea erdiminek bezala oinazeak hartuko zaituenean!

Jekonias erregeari

24 Honela diotso Jaunak Joiakimen seme Jekoniasi: «Zin dagit neure biziarengatik: Neure eskuin eskuko eraztuna, neure zigilu pertsonala izango bazina ere, erauzi egingo zintuzket neure behatzetik, 25 eta zu hil nahian dabiltzan eta beldurrik handiena diezun etsaien esku utziko, Babiloniako errege Nabukodonosor eta beraren gudarostearen esku, alegia. 26 Eta zeu eta bizia eman zizun ama, zuen jaioterri ez den lurralde arrotz batera jaurtikiko zaituztet, eta han hilko zarete». 27 Ez dira, beraz, inoiz itzuliko, hain gogoz berriro itzuliko liratekeen herrialdera.

28 Ezertarako on ez den tresna mesprezagarria ote da, bada, Jekonias hori? Zergatik dira jaurtikiak bera eta bere ondorengoak lurralde ezezagun batera?

29 Oi lur, oi lur, oi ene lurra, adi ezazu Jaunaren hitza!

30 Honela dio Jaunak: «Idatz ezazue gizon horri buruz erregistroan: <Ondorengorik gabeko gizona, bere bizitzan porrot egina>. Izan ere, ez da berorren jatorrikorik inor Daviden tronuan eseriko Judako errege izateko».

Artzain agintariei

23. atala[aldatu]

1 Hau dio Jaunak: «Zoritxarrekoak nire larreko artaldea sakabanatzen eta galtzen uzten duten artzainak!» 2 Beraz, hau diotse Jaunak, Israelgo Jainkoak, herria gidatzen duten artzainei: «Zeuok sakabanatu eta jaurtiki dituzue nire ardiak eta ez zarete beraietaz arduratu. Bada, kontuak eskatuko dizkizuet zeuen jokaera txarrarengatik. Hala diot nik, Jaunak. 3 Neuk bilduko ditut bizirik geldituriko neure ardiak, sakabanatu nituen herrialde guztietatik. Beren larreetara ekarriko ditut berriro, hazi egingo dira eta erruz ugalduko. 4 Ongi zainduko dituzten artzainak ezarriko dizkiet, inoiz ere beldur eta izu ez daitezen eta bat ere gal ez dadin. Nik, Jaunak, esana».

5 Jaunak dio: «Begira, badator garaia, Davidi legezko ondorengoa ernearaziko diodana. Zentzuz gobernatuko duen erregea izango da, eta zuzenbidea eta justizia ezarriko ditu herrialdean. 6 Haren erregealdian Juda salbatua izango da, Israel seguru biziko. <Jauna gure salbamena> emango diote izen».

7 Jaunak dio: «Garai berria dator. Garai horretan, jendeak ez du honela zin egingo: <Ala Jauna, israeldarrak Egiptotik atera zituena!>; 8 baizik eta beste era honetan: <Ala Jauna, israeldarrak iparraldetik eta sakabanatu zituen herrialde guztietatik atera eta beraien lurraldera bizitzera ekarri dituena!> »

Profeten aurka

9 Profetei buruz. Lehertzen daukat bihotza barnean, hezurretaraino dagit dardara. Mozkor baten antzera sentitzen naiz, ardoak menperatutakoaren antzera, Jaunarengatik eta beronen hitz santuarengatik. 10 Adulteriogilez betea baitago herrialdea, jende guztia gaiztakeriara doa lasterka, okerkerian galtzen dituzte indarrak. Horregatik, doluz dago lurra, madarikaziopean lurraldea, lehor landako larreak.

11 Jaunak dio: «Apaiz eta profetak ere fedegabe bihurtu dira, neure tenpluan bertan ere aurkitu ditut horien gaiztakerien aztarnak. 12 Horregatik, beraien bidea labainkor egingo dut: ilunpera bultzatuak, bertan eroriko dira. Zoritxarra bidaliko diet gainera kontuak hartzeko egunean. Hala diot nik, Jaunak.

13 «Samariako profeten artean zentzugabekeria ikusi dut: Baalen izenean hitz egiten dute eta nire herri Israel desbideratzen. 14 Jerusalemgo profeten artean, ordea, higuingarrikeriak ikusi ditut: adulterioan eta gezurretan bizi dira, gaizkileak berenean indartzen dituzte, gaiztakeriatik bihur ez daitezen. Niretzat, bai profetak, bai Jerusalemgo bizilagunak Sodoma eta Gomorraren pareko bihurtu dira».

15 Horregatik, hau dio Jaun ahalguztidunak profeten aurka:

«Belarmina emango diet jateko, ur pozoitua edateko, Jerusalemgo profetengandik zabaldu baita fedegabekeria lurralde guztira». 16 Hau dio Jaun ahalguztidunak: «Israeldarrok, ez egin jaramonik profeta hauen hitzari, amets hutsalez betetzen baitizuete burua. Beraien kasketako irudipenak azaltzen dizkizuete eta ez nik agindutakoak. 17 Hauxe diotse mesprezatzen nautenei: <Jaunak dio: Dena ongi joango zaizue>; eta beren joera gaiztoei setati jarraitzen dietenei: <Ez zaizue okerrik gertatuko>. 18 Baina horietatik nork ezagutu du nire asmo gordea? Nork ikusi du, nork entzun nire hitza? Nork egin dio arreta, nork jaramon?»

19 Hara, ekaitza bezala lehertu da Jaunaren haserrea, haize-erauntsiak bezala astintzen du, zurrunbiloka dabil errudunen buru gainean. 20 Jaunaren haserrea ez da baretuko hartu duen erabakia burutu arte. Egunen batean jabetuko zarete, bai, horretaz.

21 Jaunak dio: «Ez ditut nik bidali profeta horiek, eta, hala ere, lasterka doaz; ez diet nik hitzik esan, eta, hala ere, nire izenean ari dira hitz egiten. 22 Ezagutu izan balute nire asmo gordea, nire hitzak iragarriko zizkioketen herriari, beraren bide okerretik itzularaziko zuketen, beraren egintza txarretatik».

23 Jaunak dio: «Gertutik bakarrik ikusten duen Jainkoa ote naiz? Ez ote naiz, bada, urrutitik ikusteko gauza? 24 Norbait ezkuturik ezkutuenean gordeta ere, ez ote dut nik ikusiko? Ez al dakizue, bada, zeru-lurrak betetzen ditudala? Hala diot nik, Jaunak.

25 «Entzun dut nire izenean gezurrak iragartzen dituzten profeta horiek esaten dutena: <Ametsa izan dut, ametsa izan dut>. 26 Noiz arte horrela? Zer dute buruan profeta horiek, gezurra eta beren burutazio hutsalak iragartzeko? 27 Elkarri kontatzen dizkioten ametsez, nire herria nitaz ahaztera bultzatu dute, beraien arbasoek, Baalengana joz, ahaztu ninduten bezala.

28 «Ametsa duen profetak adieraz beza amets bezala; nire hitza hartu duenak, berriz, iragar beza zehatz-mehatz. Ez nahastu lastoa alearekin! 29 Nire hitza sua bezala da, harkaitza txikitzen duen mailua bezala. Hala diot nik, Jaunak.

30 «Horregatik, hona hemen ni, nire hitzak elkarri lapurtzen dizkioten profeten kontra. Hala diot nik, Jaunak. 31 Hona hemen ni, mihiari eragin eta iragarpenak botatzen diharduten profeten kontra. 32 Hona hemen ni, gezurrezko ametsen zale diren profeten kontra; ametsak kontatuz, desbideratu egiten dute nire herria beren gezur eta neurrigabekeriez. Ez ditut nik bidali, ez diet nik ezer agindu. Horregatik, ez diote inolako onik egiten herri honi. Nik, Jaunak, esana». 33 Jaunak esan zion Jeremiasi: «Jendeak edo profeta nahiz apaizen batek, <Jaunaren mezua >; bestela, hitz horiek izango dira zama, erabiltzen dituenarentzat. Izan ere, aldrebes ulertu dituzue zuek Jainko bizi, Jaun ahalguztidun eta Israelgo Jainkoaren hitzak. 37 «Honela esango diozu profetari: <Zer erantzun dizu Jaunak? Zer iragarri?> 38 Baina, aipatzea debekatu nizuen <Jaunaren mezua > esaka jarraitzen baduzue, 39 hara nik esan: Zama bezala jaso eta neuregandik urrun jaurtikiko zaituztet zuek eta zuen gurasoei eman nien hiria. 40 Eta zuen gain botako ditudan lotsa eta desohorea sekulakoak izango dira, inoiz ere ahaztezinak».

Bi saskikada-piku, bi patu

24. atala[aldatu]

1 Jaunak bi saskikada-piku erakutsi zizkidan, tenplu aurrean ezarriak. Ordurako, Babiloniako errege Nabukodonosorrek Babiloniara eramanak zituen Joiakimen seme Jekonias Judako erregea, Judako buruzagiak, artisauak eta errementariak. 2 Saski bateko pikuak oso onak ziren, uztako hoberenak; bestekoak, aldiz, oso txarrak, janezinak izateraino hondatuak. 3 Jaunak galdetu zidan:
-Zer ikusten duzu, Jeremias? Nik erantzun:
-Pikuak: onak benetan aukerakoak dira; txarrak, aldiz, guztiz txarrak, janezinak izateraino hondatuak.
4 Orduan, Jaunak bere mezua adierazi zidan: 5 «Atsegin da piku on hauek ikustea, ez da? Bada, halaxe, begi onez ikusten ditut babiloniarren lurraldera jaurtiki ditudan Judako erbesteratuak. 6 Nire begiak haiengan jarri ditut on egiteko: herrialde honetara itzularaziko ditut, eraiki egingo ditut eta ez eraitsi, landatu eta ez erauzi. 7 Adimena emango diet ni Jauna naizela ezagut dezaten; nire herri izango ditut eta ni beren Jainko izango naute, bihotz osoz itzuliko baitira niregana. 8 «Sedekias, Judako erregea, buruzagiak eta herrialde honetan gelditu diren Jerusalemgo bizilagunak eta Egipton bizi direnak, berriz, piku txar eta janezinak izateraino hondatutako horiek bezala hartuko ditut. 9 Izugarrizko eskarmentu izango dira munduko erreinu guztientzat; lotsakizun eta isekagai izango dira, koplak aterako dizkiete eta madarikatu egingo jaurtikiko ditudan toki guztietan. 10 Gerra, gosea eta izurria bidaliko dizkiet, beraiei eta beraien gurasoei eman nien lurraldetik suntsitu arte».

JEREMIASEN EGINKIZUNARI BURUZ SINTESIA

Hogeita hiru urte predikatzen

25. atala[aldatu]

1 Josiasen seme eta Judako errege Joiakimen erregealdiko laugarren urtean mezua zuzendu zion Jaunak Jeremiasi Judako herriari buruz. Babiloniako errege Nabukodonosorren erregealdiko lehen urtea zen. 2 Jeremias profetak Judako herri osoari eta Jerusalemgo bizilagunei adierazi zien mezua: 3 «Amonen seme eta Judako errege Josiasen hamahirugarren urtetik gaur arte, hogeita hiru urtetan hain zuzen, Jaunak bere mezua eman dit aditzera eta nik lehiaz iragarri dizuet; baina zuek ez didazue aditu. 4 Nire aurretik, Jaunak etengabe bidali dizkizue profetak, bere zerbitzariak, baina zuek ez diezue aditu, ez eta jaramonik egin ere. 5 Profetek, nor bere jokabide okerretik eta egite gaiztoetatik bihurtzeko eskatzen zizueten, horrela Jaunak zuei eta zuen gurasoei betidanik eta betiko emandako lurraldean bizitzen jarraitzeko aukera izango zenutela esanez; 6 jainko arrotzen ondoren ez ibiltzeko, haiek zerbitzatuz eta gurtuz; zeuen idolatriazko jardueraz Jauna ez iraintzeko, eta horrela ez zintuztela berak zigortuko. 7 Baina ez dituzue Jaunaren hitzak aditu nahi izan eta zeuen idolatriazko jardueraz iraintzen jarraitu duzue, zigorra zeuen gainera erakarriz.

Jainkoaren herriarentzat iragarpena

8 «Horregatik, hau dio Jaun ahalguztidunak: Nire hitzak aditu nahi izan ez dituzuelako, 9 iparraldeko herriei eta Babiloniako errege Nabukodonosor nire zerbitzariari deituko diet herrialde honen aurka, eta hemengo bizilagunen eta inguruko herrien aurka bidaliko. Erabat suntsituko ditut eta betiko eremu eta hondakin bihurtuko, jendearen isekagai. 10 Desagerraraziko ditut zuen artetik poz-alaitasunezko oihuak, senar-emaztegaien kantu alai eta atseginak, errota-hotsa eta kriseiluaren argia. 11 Lurralde hau guztia hondatua geldituko da eta Babiloniako erregearen menpeko izango dira nazio hauek hirurogeita hamar urtez. 12 «Baina hirurogeita hamar urte betetakoan, beren bekatuen kontuak eskatuko dizkiet Babiloniako errege eta nazioari, eta betiko hondatuko dut babiloniarren herrialdea. Hala diot nik, Jaunak. 13 Beteko ditut herrialde horretan, egin nizkion mehatxu guztiak, hau da, nazioen aurka Jeremiasek nire izenean iragarri eta liburu honetan idatzita daudenak. 14 Beren aldian, babiloniarrak ere nazio askoren eta errege indartsuren menpe eroriko dira. Horrela emango diet beren egintzengatik merezi duten ordaina».

NAZIOEI ZUZENDURIKO MEZUEN SARRERA

15 Agindu hau eman zidan Jaunak, Israelgo Jainkoak: «Hartu nire eskutik pattarrez beteriko kopa hau, eta edanarazi nik bidaliko zaitudan nazio guztiei. 16 Edan eta balantzaka hasiko dira, eta zoratuta ibiliko, bidaliko diedan gerrarengatik». 17 Hartu nuen kopa Jaunaren eskutik, eta Jaunak bidali ninduen nazio guztiei edanarazi nien. 18 Lehenengo, Jerusalemi eta Judako hiriei, bertako errege eta buruzagiei eman nien, hondakin eta eremu, isekagai eta madarikazio bihur zitezen
-eta halaxe da gaur egun
-;
19 gero, beste guztiei eman nien: Egiptoko errege faraoiari, ministrari, buruzagi eta herri guztiari, 20 eta bertako populazio nahasiei; Utz herrialdeko errege guztiei; filistearren lurraldeko erregeei: Axkelon, Gaza eta Ekron hirietako erregeei eta Axdod hirian bizirik gelditutakoen erregeari; 21 Edom, Moab eta Amoni; 22 Tiro eta Sidongo errege guztiei; itsasoaz bestaldean dauden lurraldeetako erregeei; 23 Dedan, Teman eta Buz herrialdeei eta beduinoei; 24 Arabiako errege guztiei; basamortuan bizi diren populazio nahasien erregeei; 25 Zimri, Elam eta Mediako errege guztiei; 26 iparraldeko errege guztiei, gertuko nahiz urrutikoei, banan-banan; mundu zabalean diren erreinu guztiei. Azkenean, Babiloniako erregeari edanarazi nion. 27 Gero, hau esateko agindu zidan Jaunak: «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Edan, mozkortu, oka egizue eta erori lurrera, gehiago ez jaikitzeko, gerraren erasopean». 28 Eta erantsi zuen: «Zure eskutik kopa hartu eta edan nahi ez badute, adierazi nire partetik, nolanahi ere edan egin beharko dutela. 29 Izan ere, neuretzat sagaratua dudan hiritik hasi naiz zigorra ematen, eta beste nazioek zigorretik aske geldituko direla uste al dute? Ez horixe! Ez dira zigorrik gabe geldituko, munduko bizilagun guztiei bidaliko baitiet gerra. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. 30 «Zuk, Jeremias, hitz egiezu nire izenean, esanez:

«Jaunak orroa dagi goitik, deiadar bere egoitza santutik. Orroaka dihardu bere herrialdearen aurka, deiadarka mahats-zapaltzaileen antzera munduko bizilagun guztien aurka. 31 Munduaren ertzeraino iristen da haren orroa, Jauna auzitan ari baita nazioen aurka: gizaki guztiak epaituko ditu eta errudunak heriotzara kondenatuko. Nik, Jaunak, esana». 32 Hau dio Jaun ahalguztidunak: «Hondamendia herriz herri ari da hedatzen, izugarrizko ekaitza lurraren bazterretik sortzen».

33 Orduan, lurraren luze-zabal guztian, Jaunak hildakoek ez dute hiletarik izango: ez dituzte bilduko lur emateko, simaurra bezala geldituko dira lur azalean.

34 Egin deiadar, herri-agintariok, egin garrasi, iraulkatu hautsetan, artaldearen gidariok! Heldu da zuen hilketa-eguna, ahari gizenduak bezala eroriko zarete. 35 Ez da izango herri-agintarientzat babesik, ez artalde-gidarientzat ihesbiderik. 36 Entzun herri-agintarien deiadarrak, artalde-gidarien garrasiak: hondatu ditu Jaunak beraien larreak! 37 Piztu da Jaunaren haserre-sumina eta artegi oparoak deseginak dira. 38 Gero, Jaunak alde egiten du, bere zuloa uzten duen lehoiak bezala. Piztu da Jaunaren haserre-sumina, ezpatak dena suntsitu du gartsuki, herrialdea basamortu bihurtu da.

PROFETAREN BIZITZAKO GORABEHERAK

Jeremiasi heriotza-mehatxua

26. atala[aldatu]

1 Josiasen seme Joiakim Judako errege izaten hasi zen garaian, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi: 2 «Zaude tenpluko atarian zutik, eta hitz egin Judako hirietatik Jauna gurtzera tenplura datozen guztiei. Hots egin zehatz-mehatz haiei esateko agindu dizkizudan hitzak, bakar bat ere utzi gabe. 3 Agian adituko dizute eta beren jokabide okerretik bihurtuko dira. Horrela baldin bada, damutu egingo naiz eta ez dut beteko beraien egite gaiztoengatik ematea pentsatua dudan zigorra. 4 Adierazi nire, Jaun honen, mezu hau: Ez badidazue aditu nahi, nik emaniko legearen arabera jokatuz, 5 ez badiezue jaramonik egiten behin eta berriro, etengabe, bidaltzen dizkizuedan neure zerbitzari profeten esanei
-eta benetan zuek ez didazue aditu nahi
-,
6 Xiloko kultu-lekuari eman nion tratu bera emango diot tenplu honi; hiri hau, berriz, nire madarikazioaren adierazgarri izango da munduko nazio guztientzat». 7 Apaizak, profetak eta jende guztia Jeremiasi entzuten zeuden, tenpluan hitzaldi hau egiten ari zen bitartean. 8 Eta Jaunak esateko agindu zion guztia bota zuenean, apaizek, profetek eta jendeak heldu egin zioten, esanez: «Heriotza-zigorra merezi duk! 9 Nola ausartzen haiz Jaunaren izenean esaten tenplu honek Xilok bezalako tratua izango duela eta hiria erraustua izango dela, bizilagunik gabe gelditzeraino?» Jende guztia Jeremiasen inguruan pilatu zen tenpluan. 10 Judako buruzagiak, gertatuaren berri jakitean, erregearen jauregitik tenplura joan eta tenpluko Ate Berriaren aurrean eseri ziren. 11 Orduan, apaizek eta profetek buruzagiei eta herriari esan zieten: «Gizon honek heriotza merezi du, hiri honen kontra hitz egin baitu Jaunaren izenean, zeuen belarriz entzun duzuen legez». 12 Jeremiasek buruzagiei eta herriari esan zien: «Jaunak bidali nau, entzun didazuen guztia tenplu honen eta hiri honen aurka beraren izenean aldarrikatzera. 13 Zuzendu, beraz, zeuen jokabidea eta egintzak, eta obeditu Jaunari, zeuen Jainkoari, eta damutuko da Jauna zuen aurka iragarri duen zigorraz. 14 Ni, berriz, zeuen esku naukazue; egin nirekin ongi eta zuzen iruditzen zaizuena. 15 Baina jakin ongi, ni hiltzen banauzue, errugabe baten heriotzaren erantzule izango zaretela zuek, hiri hau eta bertako bizilagunak, benetan Jainkoak bidali bainau zuengana, esan dizuedan guztia iragartzera». 16 Orduan, buruzagiek eta herriak apaizei eta profetei esan zieten: «Gizon honek ez du heriotzarik merezi, Jaunaren, geure Jainkoaren, izenean hitz egin baitigu». 17 Herri-kontseiluko batzuek, zutiturik, batzartua zegoen herriari esan zioten: 18 «Ezekias Judako erregearen garaian, Morexeteko Mikeasek ere honela hitz egin zion Jaunaren izenean Judako herri osoari:

<Honela dio Jaun ahalguztidunak: Golde-lur bihurtuko da Sion, harri-pila Jerusalem, baso, tenpluaren mendia>.

19 «Baina Ezekias erregeak eta Judako herriak hilarazi ote zuten Mikeas arrazoi horregatik? Ez! Begirune izan zioten Jaunari eta honen haserrea baretzen saiatu ziren. Eta Jauna damutu egin zen haien kontra iragarria zuen zigorraz. Gu, berriz, izugarrizko okerra egiteko zorian gaude, geure kalterako».

Urias profeta hilarazia

20 Izan zen beste profeta bat ere Jaunaren izenean hitz egin zuena: Urias, Xemaiasen semea, Kiriat-Jearimgoa. Jeremiasek bezala, Jerusalemen eta Judaren aurka hitz egin zuen. 21 Joiakim erregeak, beronen funtzionario eta buruzagiek entzun zituzten Uriasen hitzak, eta erregeak bizia kendu nahi izan zion. Baina Uriasek jakin eta, beldurturik, Egiptora ihes egin zuen. 22 Orduan, Joiakim erregeak Akborren seme Elnatan bidali zuen Egiptora giza talde batekin. 23 Atera zuen Urias Egiptotik eta Joiakim erregeagana ekarri. Honek ezpataz hilarazi eta hilobi arruntera bota zuen. 24 Ahikamek, Xafanen semeak, bere babespean hartua zuen Jeremias eta, horri esker, ez zen hil nahi zuen jendearen eskuetan erori.

Babiloniaren uztarria

27. atala[aldatu]

1 Judako errege Josiasen seme Sedekias errege izaten hasi zen garaian, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi: 2 «Egin itzazu hedeak eta uztarria, eta hartu lepoan. 3 Gero, bidali mandatu bat Edom, Moab, Amon, Tiro eta Sidongo erregeei, Sedekias erregeari bisita egitera Jerusalemera etorri diren mandatarien bitartez. 4 Agindu beren erregeei adierazteko, nire, Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau: 5 Neuk egin ditut neure indar handiz eta esku ahaltsuz mundua eta munduko gizaki eta abereak, eta neuk nahi dudanari ematen diot hori guztia. 6 Orain, bada, nire zerbitzari Nabukodonosor Babiloniako erregeari herrialde guztiok ematea erabaki dut; basapiztiak berak ere haren menpe uzten ditut. 7 Nazio guztiak jartzen dizkiet menpean berari, semeari eta bilobari; baina beraren herrialdeari ere etorriko zaio garaia, eta nazio askoren eta errege ahaltsuren menpe eroriko da. 8 Oraingoz, ordea, nazio edo erreinuren batek Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan eta haren uztarpean jarri nahi ez badu, gerraz, gosez eta izurriz zigortuko dut, haren esku utzi arte. Hala diot nik, Jaunak. 9 «Ez egin, beraz, jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menperatuko iragartzen dizueten profetei, ez igarleei, ez eta ametsak azalduz edo azti-baliabidez geroa asmatu ohi dutenei ere. 10 Gezurra da iragartzen dizuetena, eta zeuen lurraldetik urruntzea besterik ez dizuete ekarriko. Haiei jaramon eginez gero, neuk jaurtikiko zaituztet, eta galdu egingo zarete. 11 Baina Babiloniako erregearen uztarpean jartzea eta haren menpeko izatea onartzen duen nazioa, lasai utziko dut bere lurraldean, landu dezan eta bertan bizi dadin. Nik, Jaunak, esana». 12 Judako errege Sedekiasi ere mezu bera adierazi zion Jeremiasek: «Makurtu zeuen lepoak Babiloniako erregearen uztarpera. Jarri Nabukodonosorren eta beronen herriaren menpe, eta biziko zarete. 13 Zertan hil behar duzue zuk eta zure herriak gerraz, gosez eta izurriz? Izan ere, Jaunak erabakia du hori gertatuko zaiola Babiloniako erregearen menpeko izatea onartzen ez duen nazioari. 14 Ez egin jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menperatuko esaten dizueten profetei, gezurra esaten baitizuete. 15 Ez direla berak bidaliak dio Jaunak, gezurretan ari direla beraren izenean. Bestela, Jaunak berak jaurtikiko zaituzte eta galdu egingo zarete zeuok eta horrela hitz egiten dizueten profetak». 16 Apaizei eta herriari ere mezu hau adierazi zien Jeremiasek: «Ez egin jaramonik tenpluko tresnak Babiloniatik berehala itzuliko dituztela esaten dizueten profetei, gezurra esaten baitizuete. 17 Ez egin jaramonik! Jarri Babiloniako erregearen menpe, eta biziko zarete. Zertan bihurtu herri hau hondakin-pila? 18 Benetan profeta badira eta Jaunaren hitza hartu badute, erregutu diezaiotela Jaun ahalguztidunari, Babiloniara eraman ez ditzaten, tenpluan, Judako erregearen jauregian eta Jerusalemen oraindik gelditzen diren tresnak. 19 «Jaun ahalguztidunak badu beste zerbait ere esateko, zutabeei, brontzezko uraxkari, orgei eta hiri honetan oraindik gelditzen diren gainerako tresnei buruz: 20 alegia, Nabukodonosor erregeak
-Joiakimen seme Jekonias Judako erregea, Judako eta Jerusalemgo handikiekin batera, Babiloniara erbesteratu zuenean
- eraman ez zituen tresnei buruz.
21 Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, tenpluan, Judako erregearen jauregian eta Jerusalemen gelditzen diren tresnei buruz: 22 Hauek ere Babiloniara eramango dituzte eta hantxe geldituko dira, toki honetara berriro ekartzea neuk erabakiko dudan arte. Nik, Jaunak, esana».

Jeremias eta Hananias profetak aurrez aurre

28. atala[aldatu]

1 Urte hartan bertan, Sedekiasen erregealdiko laugarren urtean, bosgarren hilean, Hananias profetak, jatorriz Gabaongoa zen Azurren semeak, Jeremiasekin topo egin zuen tenpluan, eta apaizen eta jende guztiaren aurrean esan zion: 2
-Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: «Apurtu egingo dut Babiloniako erregearen uztarria, 3 eta bi urteren buruan itzularazi egingo ditut toki honetara, Nabukodonosor erregeak bertatik hartu eta Babiloniara eraman zituen tenpluko tresnak. 4 Eta Jekonias, Judako errege Joiakimen semea, eta Judatik Babiloniara erbesteraturik joandako guztiak ere itzularazi egingo ditut, zeren apurtu egingo baitut Babiloniako erregearen uztarria. Nik, Jaunak, esana». 5 Jeremias profetak honela erantzun zion Hananias profetari tenpluan bilduta zeuden apaizen eta herriaren aurrean: 6
-Amen! Hala egingo ahal du Jaunak! Beteko ahal ditu zuk iragarritako hitzak eta itzularaziko tenpluko tresnak eta erbesteratu guztiak! 7 Baina entzun ongi zuri eta herri osoari esaten dizuedan hau: 8 Ni eta zu baino lehen ere beti izan dira profetak, eta horiek gerra, gosea eta izurria iragarri dituzte nazio askorentzat eta erreinu ahaltsuentzat. 9 Profetak bakea iragartzen badu, ordea, hitza betetzean bakarrik jakin daiteke egiaz Jaunak bidalia dela. 10 Orduan, Hananiasek, uztarria Jeremiasen lepotik kendurik, apurtu egin zuen, 11 eta jende guztiaren aurrean esan zuen:
-Hau dio Jaunak: «Honelaxe apurtuko dut, bi urteren buruan, Babiloniako errege Nabukodonosorren uztarria, eta nazio guztien lepotik kenduko». Orduan, Jeremias bere bidetik joan zen. 12 Hananiasek Jeremiasen lepoko uztarria apurtu eta alditxo batera, honela mintzatu zitzaion Jauna Jeremiasi: 13 «Zoaz eta esan Hananiasi nire, Jaun honen, mezu hau: Zurezko uztarria apurtu duzu, bai; baina nik, horren ordez, burdinazkoa egingo dut. 14 Beraz, hau diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Burdinazko uztarria ezartzen diet lepoan nazio hauei guztiei, Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan daitezen; basapiztiak berak ere haren menpe uzten ditut». 15 Orduan, Jeremias profetak Hananias profetari esan zion:
-Entzun orain, Hananias! Ez zara Jaunak bidalia eta gezurrezko konfiantza ematen diozu herri honi. 16 Horregatik, hau dio Jaunak: «Desagerrarazi egingo zaitut lurraren gainetik. Aurten hilko zara, zeure hitzen bitartez nire kontra jartzera eraman baituzu herria». 17 Hananias profeta urte hartan bertan hil zen, zazpigarren hilean.

Jeremiasen gutuna erbesteratuei

29. atala[aldatu]

1 Jeremias profetak gutun bat bidali zien Jerusalemdik Nabukodonosorrek Babiloniara erbesteratu zituenei. Gutuna erbestean zeuden herri-agintari, apaiz, profeta eta beste guztiei zuzendua zegoen. 2 Ordurako, Jekonias erregea, ama erregina, jauregiko funtzionarioak, Judako eta Jerusalemgo buruzagiak, artisauak eta errementariak Jerusalemdik erbestera joanak ziren. 3 Judako errege Sedekiasek Nabukodonosor erregeari mandatari bezala bidali zizkion Xafanen seme Elasa eta Hilkiasen seme Gemariasen eskuz bidali zuen Jeremiasek gutuna. Hona beraren testua: 4 «Hau da Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezua Jerusalemdik Babiloniara erbesteratu guztientzat: 5 Eraiki etxeak eta bizi berorietan; egin baratzeak eta jan bertako fruituak. 6 Ezkon zaitezte eta sortu seme-alabak; ezkondu seme-alabak ere, umeak sor ditzaten. Ugal zaitezte bizi zareten tokian, ez gutxitu. 7 Arduratu erbesteraturik zaudeteneko herrialdearen ongizateaz eta egin otoitz Jaunari haren alde, haren ongizatea zeuen onerako izango baita. 8 «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, ohar hau ere egiten dizue: Ez zaitzatela engaina zuen artean bizi diren profetek eta igarleek, ez egin jaramonik berorien ameskeriei. 9 Zeren gezurra baita nire izenean iragartzen dizuetena. Ez dira nik bidaliak. 10 «Hau dio Jaunak: Babiloniako nagusigoak hirurogeita hamar urte iraungo du. Ondoren, zuen alde ekingo diot eta agindu nizuena beteko dut, toki honetara itzularaziz. 11 Gogoan dut zuen alde erabakia dudan egitasmoa, zuen zorionerakoa eta ez zuen zoritxarrerakoa, itxaropenez beteriko etorkizuna emango baitizuet. Hala diot nik, Jaunak. 12 Orduan, entzungo dizuet niri dei egitera eta otoitz egitera etorriko zaretenean. 13 Nire bila ibiliko zarete eta aurkituko nauzue, bihotz osoz ibiliko baitzarete nire bila. 14 Utziko dizuet ni aurkitzen. Zuen zoria aldatuko dut: jaurtiki zintuztedan nazio eta toki guztietatik bilduko zaituztet eta erbesteratzean utzi behar izan zenuten tokira itzularaziko. Nik, Jaunak, esana. 16 «Hona zer dioen Jaun ahalguztidunak Daviden tronuan esertzen den erregeari eta hiri honetan bizitzen jarraitzen duen jendeari buruz, zuekin erbestera joan ez diren senideei buruz: 17 Gerra, gosea eta izurria bidaliko dizkiet. Txarraren txarrez janezinak ziren piku ustelak bezala erabiliko ditut. 18 Gerraz, gosez eta izurriz erasoko diet. Hori ikustean, lurreko erreinu guztiak ikaraturik geldituko dira: madarikazio eta izu, lotsakizun eta isekagai izango dira jaurtikiko ditudan nazio guztietan. 19 Hori guztia gertatuko zaie nire hitzak aditu nahi izan ez dituztelako eta behin eta berriro, etengabe, bidali dizkiedan profetei jaramonik egin ez dietelako. Hala diot nik, Jaunak. 20 Zuek, behintzat, Jerusalemdik Babiloniara erbesteratu zintuztedanok, entzun adi-adi nire, Jaun honen, hitza. 15 «Jaunak Babilonian profetak sortarazi dizkizuela esaten baduzue, 21 hara zer dioen Jaun ahalguztidunak bere izenean gezurrezko mezuak iragartzen dizkizueten Kolaiasen seme Akabi eta Maaseiasen seme Sedekiasi buruz: Babiloniako errege Nabukodonosorren esku utziko ditut eta zuen begi aurrean hilko ditu. 22 Horrela, Judatik Babiloniara erbesteratuek, norbait madarikatu nahi dutenean, honela esango dute: <Erabil zaitzala Jaunak Babiloniako erregeak sutan erre zituen Sedekias eta Akab bezala>. 23 Israelen itsusikeriak egin dituztelako gertatuko zaie hori: lagun hurkoaren emaztearekin adulterio egin eta nik agindu gabeko gezurrezko mezua nire izenean iragarri dutelako. Neuk dakit hori eta neu naiz horren testigu. Nik, Jaunak, esana».

Xemaiasen kontrako mezua

24-25 Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak, mezua zuzendu zion Jeremiasi Nehlamgo Xemaiasentzat. Honek gutun bat bidalia zien Jerusalemen gelditutako jendeari, Maaseiasen seme Sofonias apaizari eta beste apaiz guztiei. Honela idazten zion Sofoniasi: 26 «Jaunak apaiz izendatu zaitu Joiadaren ordez, eta zeu zara orain tenpluko arduradun nagusi. Zeuri dagokizu, bada, ahoberoren bat profetagintzan hasten bada, zepoan eta katez loturik ezartzea. 27 Zergatik ez dituzu, beraz, neurriak hartu Anatoteko Jeremiasen kontra, zuen aurrean profetagintzan aritu delarik? 28 Gutun bat ere bidali digu Babiloniara, esanez: <Luzarorako da erbestealdia! Beraz, eraiki etxeak eta bizi berorietan, egin baratzeak eta jan bertako fruituak> ». 29 Sofonias apaizak Jeremias profetari irakurri zion gutuna. 30 Orduan, honela esan zion Jaunak Jeremiasi: 31 «Bidali erbesteratu guztiei Nehlamgo Xemaiasi buruzko nire mezu hau: Nik bidalia izan gabe, nire izenean hitz egin eta gezurrezko konfiantza ematen dizuenez gero, 32 nik, Jaunak, zigortu egingo ditut Nehlamgo Xemaias eta beronen ondorengoak: haren familiako inor ere ez da geldituko herri honetan, ez da gozatuko neure herriari emango diodan ongizateaz, bere predikuaz nire aurka jartzera eraman baitu herria. Nik, Jaunak, esana».

SALBAMEN-MEZUAK: HERRIAREN BERRIZTAPENA

Israelen berriztapenaren agintzaria

30. atala[aldatu]

1 Jaunak, Israelen Jainkoak, agindu hau eman zion Jeremiasi: 2 «Idatzi liburu batean nik eman dizkizudan mezu guztiak. 3 Izan ere, badator eguna, neure herri honen, Israel eta Judaren, zoria aldatuko dudana. Itzularazi egingo ditut beren gurasoei emandako lurraldera eta beronen jabe izango dira berriro. Nik, Jaunak, esana». 4 Hauxe da, beraz, Jaunaren mezua Israel eta Judarentzat:

5 «Izu-deiadarrak entzuten dira: beldur-ikara, eta onik ez! 6 Galdetu, begiratu inguruan: gizonezkoa haurdun gertatzen ote? Nola ikusten ditut, bada, gizonezkoak, eskuak sabelean eta aurpegia zurbil, emakumea haurgintzan bezala? 7 Ai ene! Izugarria izango da egun hura, berdinik gabea, larrialdi-eguna Jakoben herriarentzat. Baina onik aterako da».

8 Jaunak dio: «Egun hartan, hautsi egingo dut haren lepoko uztarria eta eten haren lokarriak. Aurrerantzean ez da atzerritarren esklabo izango. 9 Ni, Jauna, beren Jainkoa, zerbitzatuko naute, bai eta erregetzat ezarriko diedan Daviden ondorengoa ere».

10 Jaunak dio: «Zu, Jakoben herri, ez izan beldur! Ez izutu, Israel, ene zerbitzari hori! Neuk aterako zaitut bizi zaren urrutiko erbestetik, zeure seme-alabekin batera. Itzuliko zara eta lasai biziko, seguru egongo, inolako kezkarik gabe, 11 zeurekin izango bainauzu salbatzeko. Hala diot nik, Jaunak. Sakabanatu zaitudaneko nazioak suntsitu egingo ditut; zu, ordea, ez zaitut suntsituko, baina bai zentzaraziko merezi duzun neurrian: ez zaitut utziko zigorrik gabe».

12 Honela dio Jaunak: «Erremediorik gabea da zure hondamena, sendaezina zure zauria. 13 Ez da inor zutaz arduratzen denik, ez dago zure zaurientzat sendabiderik. 14 Ahaztu egin zaituzte adiskideek, ez dira zutaz axola. Etsai batek bezala jo zaitut, gogor zigortu, zeure erru kontaezinengatik, zeure bekatu izugarriengatik. 15 Zertan egin garrasi zeure hondamenagatik? Zure oinazeak erremediorik ez! Zeure erru kontaezinengatik, zeure bekatu izugarriengatik egin dizut hori. 16 Baina zu irensten zaituztenak irentsiak izango dira, zure etsai guzti-guztiak erbestera joango; zu lapurtzen zaituztenak lapurtuak izango dira, eta larrutzen zaituztenak larrutuak izango. 17 Izen hau eman zizuten: <Sion, hiri zapuztua, inori axola ez zaiona>; baina nik osasuna emango dizut, zauriak sendatuko. Nik, Jaunak, esana».

18 Hau dio Jaunak: «Jakoben herriaren zoria aldatuko dut, errukitu egingo naiz herrialdeaz; oraingo hondakinen gainean birreraikiko da hiria, zegoen tokian jasoko jauregia. 19 Gorespen-kantak altxatuko dira handik, pozezko oihuak; ugaldu egingo ditut, eta ez dira gutxituko, ohoratu egingo, eta ez dituzte gutxietsiko. 20 Garai bateko egoeran ezarriko ditut haien ondorengoak: haien batzarra nire aurrean tinko! Zigortu egingo ditut haien zapaltzaile guztiak. 21 Herrikoa izango dute buruzagia, beren artetik sortua gobernaria; niregana hurbilduko dut eta ondora etorriko zait. Bestela, nor ausartuko litzateke niregana hurbiltzen? 22 Nire herri izango zaituztet eta ni zuen Jainko izango nauzue. Nik, Jaunak, esana».

23 Hara, ekaitza bezala lehertu da Jaunaren haserrea, haize-erauntsia bezala oldartzen da, zurrunbiloka dabil errudunen buru gainean. 24 Jaunaren haserrea ez da baretuko, hartu duen erabakia burutu arte. Egunen batean jabetuko zarete, bai, horretaz.

Erbesteratuak itzuli

31. atala[aldatu]

1 Jaunak dio: «Garai hartan Israelgo leinu guztien Jainko izango naiz eta haiek nire herri izango dira». 2 Honela dio Jaunak:

«Basamortuan azaldu diot neure onginahia heriotzatik ihes egin duen herriari: bere atseden-bidean da Israel. 3 Urrutitik agertu natzaio eta esan diot: Maite zaitut, betidanik maite, horregatik natzaizu etengabe leial. 4 Berriro eraikiko zaitut, eta sendo iraungo duzu, Israel neskatxa eder. Danbolina eskuan aterako zara berriro festazaleekin dantzara. 5 Landatuko dituzu berriro mahastiak Samariako mendietan; landatu dituztenak gozatuko dira fruituez. 6 Bai, badator eguna, Efraimgo mendialdean zaintzaileek oihu egingo dutena: <Ea, igo gaitezen Sionera, goazen Jaunarengana, geure Jainkoarengana> ».

7 Honela dio Jaunak: «Kanta pozez Jakoben herriarengatik, egin irrintzi nazioen buru denarengatik! Egin oihu, goretsi Jauna, esanez: <Salbatu du Jaunak bere herria, Israelen bizirik geldituak>. 8 Begira! Iparraldetik ekarriko ditut, lurreko azken mugetatik bilduko. Jendetza izugarria itzuliko da: itsuak eta herrenak ere bai, haurdun eta haurra izan berriekin batera. 9 Negar eta damu-otoitz artean ekarriko ditut. Ongi ureztaturiko ibarretara eramango ditut, estropezurik egingo ez duten bide zelaitik. Aita izango naiz Israelentzat, nire lehen-seme izango da bera.

Negarra poz bihurtuko

10 «Entzun, herriok, Jaunaren hitza, iragarri urrutiko kostaldeetan: <Sakabanatu zuenak berak biltzen du orain Israel eta artzainak artaldea bezala zaintzen>. 11 Jaunak bere herria askatu du, berreskuratu, indartsuagoaren eskutik libratu. 12 Poz-oihuka etorriko dira Sion mendira, bizi-bizi helduko Jaunaren ondasunetara: ogi, ardo eta oliotara, artalde eta behi-taldeetara. Baratzea ureztatua bezala biziberrituko dira, ez ditu gehiago ahuleziak joko. 13 Neskek pozik egingo dute dantzan mutil eta agureekin. Haien dolua alaitasun bihurtuko dut, atsekabearen ondoren kontsolatu eta alaituko. 14 Haragi guriz janarituko ditut apaizak, nire ondasunez aseko da herria. Nik, Jaunak, esana».

Jainkoa errukior Israelekin

15 Honela dio Jaunak: «Entzun! Aieneak eta negar samina Raman! Rakel ari da bere haurrengatik negarrez: ez du kontsolatu nahi, ez baitira bizi». 16 Baina Jaunak hau diotso: «Aski! Ez gehiago negarrik, ez begietan malkorik, zure nekeak izango baitu saria: itzuliko dira zure seme-alabak etsaiaren herrialdetik. Hala diot nik, Jaunak. 17 Baduzu itxaropenik etorkizunerako: zure seme-alabak aberrira itzuliko dira. Hala diot nik, Jaunak. 18 Entzuten ari naiz Efraimen kexak: <Hezigabeko zekorra bezala zentzatu nauzu, eta nik eskarmentua hartu. Orain, itzularaz nazazu zeuregana, zu baitzaitut Jauna, neure Jainkoa. 19 Urrundu egin naiz zuregandik, baina ondo damuturik nago; neure erruez oharturik, bular-joka ari naiz. Zer lotsa eta desohorea neure gaztaro gaitzesgarriagatik!>

20 «Hain seme kuttun da Efraim niretzat, hain ume atsegingarri! Hainbeste zeresan eman didan arren, ezin dut inola ere burutik kendu; dardaraz dago nire barrua, harenganako errukiz gainezka. Hala diot nik, Jaunak.

21 «Ipini seinaleak bide-erakusgarri, begira ongi nondik zoazen: itzuli, Israel neskatxa eder, itzuli zeure hirietara. 22 Noiz arte ibili behar duzu inguru-minguru, alaba bide-galdu horrek? Hona nik, Jaunak, zerbait berria sortu: emakumeak gizonezkoa gorteiatzen».

Jainko-herria berreraiki

23 Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, dio: «Neure herriaren zoria aldatuko dudanean, Judan eta bertako hirietan hauxe esango da berriro:

<Jaunak bedeinka zaitzala, justiziaren barruti, mendi santu hori!>

24 «Orduan, elkarturik biziko dira Juda osoan nekazariak eta larrez larre dabiltzan abeltzainak. 25 Bihotz-eroriak biziberrituko ditut, ahuleziak jotakoak indarrez beteko».

26 Orduan, iratzarri eta ulertu nuen. Atsegin izan zitzaidan ametsa.

27 Jaunak dio: «Begira, badator Israelen eta Judan giza hazia eta abere-hazia ereingo dudan garaia. 28 Haiek erauzi eta irauli, eraitsi, hondatu eta porrokatzeko erne egon nintzen bezala, erne egongo naiz haiek eraiki eta landatzeko ere. 29 Orduan, ez da errepikatuko esaera hura: <Gurasoek mahats gordina jan, eta semeek hozkia>. 30 Beste hau esango da: <Mahats gordina jaten duenak berak izango du hozkia, nor bere bekatuagatik hilko da> ».

Itun berria

31 Jaunak dio: «Begira, badator Israel herriarekin eta Juda herriarekin itun berria egingo dudan garaia. 32 Itun hau ez da izango, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean, beraien arbasoekin egin nuena bezalakoa. Haiek bai, hautsi egin zuten nire ituna, baina nik mantendu. Hala diot nik, Jaunak. 33 Hona hemen etorkizunean Israelekin egingo dudan ituna: Barruan ezarriko diet neure legea, bihotzean idatziko; ni beraien Jainko izango naiz eta haiek nire herri. Hala diot nik, Jaunak. 34 Ez dute elkarri irakatsi beharrik izango, <Ezagutu Jauna> esanez, guzti-guztiek, txiki nahiz handi, ezagutuko bainaute. Barkatu egiten baitiet beren gaiztakeria, beraien bekatua ez dut gehiago gogoratuko. Nik, Jaunak, esana».

Leiala da Jainkoa bere agintzarietan

35 Jaunak ezarri du eguzkia zerua argitzeko, ilargia eta izarrak gaua argitzeko; hark itsasoa astindu eta olatuek orroa dagite. Jaun ahalguztiduna, hori du izena! 36 Honela dio Jaunak: «Nik ezarritako lege hauek inoiz huts egingo ez duten bezala, Israel herriak ere ez du huts egingo, betiko iraungo du nire aurrean. 37 Inork goiko zerua neurtzea lortzen badu, edo lurraren zimentuak aztertzea, nik ere baztertu egingo dut Israel herria egin duen guztiagatik. Nik, Jaunak, esana».

38 Jaunak dio: «Begira, badator nire hiria Hananeelen dorretik kantoiko ateraino berriro eraikiko duten garaia. 39 Hemendik Gareb muinorantz zuzen zabalduko da hiria, gero Goa aldera biratuz. 40 Gorpuak erre eta errautsak zabaltzen direneko haran osoa eta Zedron erreka inguruko landa, ekialderantz dagoen Zaldien Atearen izkineraino, niri sagaraturiko esparru izango da. Ez dute sekula erauziko, ez hondatuko».

Egintza sinbolikoa Judaren eraberritzea adierazteko

32. atala[aldatu]

1 Sedekiasen erregealdiko hamargarren urtean, Nabukodonosorren erregealdiko hemezortzigarrenean, Jaunak bere mezua adierazi zion Jeremiasi. 2 Garai hartan, Jerusalem setiatzen ari zen Babiloniako erregearen gudarostea; Jeremias profeta atxilotua zegoen Judako erregearen jauregiko kartzela-atarian. 3 Sedekias erregeak giltzapean sartua zuen, hark iragarritako mezu hau zela-eta: «Hau dio Jaunak: Jerusalem Babiloniako erregearen esku utziko dut eta honek konkistatu egingo du. 4 Judako errege Sedekias bera ere ez da libratuko babiloniarren eskuetatik, hauen erregearen esku geldituko da: harekin aurrez aurre topo egin beharko du. 5 Babiloniara eramango du Sedekias eta hantxe gelditu beharko du nik haren alde esku hartu arte. Babiloniarren aurka borrokan jarraitzen baduzue, ez duzue ezer onik aterako. Nik, Jaunak, esana». 6 Hona Jeremiasen kontakizuna. Jaunak esan zidan: 7 «Hanamel, zeure osaba Xalumen semea, etorriko zaizu eskabide hau egitera: <Eros iezadazu Anatoten daukadan alorra; zeuri dagokizu horretarako eskubidea, ahaiderik hurbilekoena zaitudanez> ». 8 Jaunak iragarri bezala, Hanamel etorri zitzaidan presondegiko atarira, eta esan zidan: «Eros iezadazu Anatoten, Benjaminen lurraldean, daukadan alorra; zurea da erosteko eskubidea, ahaiderik hurbilekoena zaitudanez». Garbi jakin nuen orduan Jaunak hitz egin zidala. 9 Horrela, erosi nion Anatoteko alorra neure lehengusu Hanameli. Zilarrezko hamazazpi txanpon ordaindu nizkion. 10 Agiria idatzi, lekukoen aurrean zigilatu eta zilarra pisatu nuen. 11 Gero, lege-baldintza guztiak betez, zigilaturiko agiria eta honen kopia irekia harturik, 12 neure lehengusu Hanamelen aurrean eta agiria izenpetu zuten lekukoen eta kartzela-atarian suertatu ziren judatarren aurrean, Neriasen seme eta Mahseiasen biloba Baruki eman nizkion. 13 Agindu hau eman nion guztien aurrean Baruki: 14 «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, dio: Hartu bi agiriok, zigilatua eta irekia, eta sartu buztinezko pitxer batean, luzaro iraun dezaten. 15 Izan ere, honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Oraindik ere erosiko dira etxe, alor eta mahastiak herrialde honetan».

Jeremias profetaren otoitza

16 Agiria Neriasen seme Baruki eman ondoren, otoitz egin nion Jaunari: 17 «Ene Jauna! Zuk egin dituzu zeru-lurrak zeure ahalmen eta indar handiaz. Zuretzat ez da ezer ezinezkorik. 18 Mila belaunalditaraino agertzen duzu zeure onginahia, baina seme-alabei jasanarazten dizkiezu gurasoen gaiztakeriaren ondorenak. Jainko handi eta indartsua zara, <Jaun ahalguztiduna> zure izena. 19 Egitasmo handiak dituzu eta huts egin gabe burutzen. Gizakien jokabide guztiak begi-bistan dituzu, nori bere jokaeraren ordaina, bere egiteen merezia, emateko. 20 Gure herria Egipton egon zenetik gaur arte, mirariak eta egintza harrigarriak burutu dituzu, eta izen ospetsua zeureganatu bai Israelen, bai gizaki guztien artean. 21 Mirariak eta egintza harrigarriak eginez atera zenuen Israel zeure herria Egiptotik, ahalmen handiz eta esku bizkorrez atera ere, mundu guztia izutuz. 22 Esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman zenien israeldarrei, arbasoei zin eginez agindu zenien lurraldea. 23 Baina jabe izateko bertara sartu zirenean, ez ziren zure esaneko izan, ez zituzten zure legeak bete, ez zuten zuk aginduaren arabera jokatu. Horregatik bidali diezu zoritxar handi hau. 24 «Begira, babiloniarrek eginak dituzte erasorako bideak, eta laster eroriko da Jerusalem erasotzaileen esku, gerrak, goseak eta izurriak beharturik. Iragarri zenuena ari da gertatzen, eta zu hor begira! 25 Zeuk agindu didazu, ordea, Jainko Jauna, alorra erosi eta lekukoen aurrean ordaintzeko. Eta hiria babiloniarren menpe erortzear dago...»

Jaunaren erantzuna

26 Orduan, honela erantzun zion Jaunak Jeremiasi: 27 «Neu naiz Jauna, bizidun guztien Jainkoa. Niretzat ez da ezer ezinezkorik. 28 Bada, hau diot nik, Jaunak: Hiri hau babiloniarren eta Babiloniako errege Nabukodonosorren esku uzten dut, konkista dezaten. 29 Bertan sartuko dira erasotzen ari zaizkion babiloniarrak eta su emango diote; suak hiria irentsiko du eta hiriarekin batera etxeak, ni iraintzeko etxe gainetan Baali intsentsua erre eta atzerriko jainkoei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxeak. 30 Izan ere, israeldarrek eta judatarrek, nik gaitzesten dudana egiten jardun dute gaztetandik; israeldarrek iraindu besterik ez naute egin berek eginiko idoloekin. Hala diot nik, Jaunak. 31 Hiri honek, egin zutenetik gaurdaino, haserre-sumina piztu dit eta suntsitzea erabaki dut, 32 israeldarrek eta judatarrek egin dituzten gaiztakeria guztiengatik: iraindu egin naute israeldarrek, beren errege eta buruzagiek, apaiz eta profetek, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiek. 33 Bizkarra eman didate, ez aurpegia. Etengabe irakatsi diedan arren, ez didate aditu eta ez dute zentzatu nahi izan. 34 Beren idolo higuingarriak ipini dituzte niri sagaraturiko etxean, berau profanatuz. 35 Baali kultu-lekua eraiki diote Ben-Hinom haranean, beren seme-alabak Molok jainkoaren ohorez oparitan erretzeko. Nik ez diet horrelakorik sekula agindu, ez zait bururatu ere egin horrelako egintza nazkagarriz Juda bekatura bultzatzerik. 36 «Bada, orain, hala diot nik, Jaunak, Israelgo Jainkoak, guduak, goseak eta izurriak beharturik, Babiloniako erregearen eskuetan erori behar duela diozuen hiri honi buruz: 37 Bildu egingo ditut herritarrak, neure haserre-suminak eta amorru jasanezinak eraginik sakabanatu nituen herrialdeetatik, toki honetara ekarri eta seguru biziaraziko ditut. 38 Nire herri izango dira eta ni haien Jainko. 39 Pentsaera eta jokaera bakarra emango dizkiet, bizitza guztian begirune izan diezadaten, beren eta ondorengoen onerako. 40 Betiko ituna egingo dut beraiekin: ez naiz inoiz aspertuko haiei on egiten, eta nireganako begirunea sartuko diet bihotzean, niregandik urrun ez daitezen. 41 Haiei mesede egitea izango da nire poza; neure gogo eta ahalegin guztiaz tinko landatuko ditut lurralde honetan. 42 Bai, hala diot nik, Jaunak. Herri honi zorigaitz handi hau bidali diodan bezala, hala bidaliko dizkiot agindu dizkiodan on guztiak ere. 43 Oraindik ere alorrak erosiko dira, guztiz hondaturik, gizaki eta abererik gabe eta babiloniarren esku utzia dagoela diozuen lurralde honetan. 44 Benjaminen herrialdean, Jerusalemgo inguruetan eta Judako hirietan, mendialdeko, Xefela lautadako eta Negeveko hirietan, alorrak erosi eta ordainduko dira, lekukoen aurrean agiriak idatzi eta zigiluz joko, aldatu egingo baitut herri honen zoria. Nik, Jaunak, esana».

Jaunaren agintzari berriak

33. atala[aldatu]

1 Jaunak beste mezu hau eman zion Jeremiasi, artean kartzela-atarian atxiloturik zegoela: 2 «Nik, Jaun honek, egin dut lurra eta eratu, sendo iraun dezan. Jauna dut izena. 3 Dei egidazu eta erantzungo dizut, gauza handiak agertuko dizkizut, zure esku ez daudenak eta inoiz ere ezagutu ez dituzunak. 4 Nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, hau diot, eraso-tresnen eta guduaren eraginez orain irauliak dauden Jerusalemgo etxeei eta Judako errege-jauregiei buruz: 5 Babiloniarren kontrako borrokari eusteak etxe-jauregiok giza gorpuz betetzeko baizik ez du balioko. Neuk jo ditut neure haserre-suminean, ez baitut gehiago hiri honen ardurarik hartzen, egin dituen gaiztakeriengatik. 6 «Baina jarraian osasuna emango diot hiriari, zauriak sendatuko dizkiet bertako bizilagunei, eta egiazko bake iraunkorra nola lortu erakutsiko. 7 Judaren eta Israelen zoria aldatuko dut, eta behinolako egoeran ezarriko ditut berriro; 8 nire aurka egin dituzten bekatu guztietatik garbituko ditut eta nire aurka altxatuz egin dizkidaten bidegabekeria guztiak barkatuko dizkiet. 9 Jerusalem pozbide izango da niretzat; munduko nazio guztiek goretsiko naute eta ospetsu aitortuko, hari emango diodan ongizatea ikustean. Harri eta zur geldituko dira Jerusalemi emango dizkiodan ongizate eta bakearengatik». 10 Honela dio Jaunak: «Gizaki eta abererik gabe, eremu bihurtua dagoela diozuen toki honetan, guztiz hondatuak daudela diozuen Judako hiri eta Jerusalemgo kaleetan, 11 berriro entzungo dira poz-alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak, berriro entzungo tenplura gorespen-opariak ekarriz kantatuko duten hau:

<Goretsazue Jaun ahalguztiduna, ona baita, haren maitasuna betikoa baita>.

«Izan ere, herrialde honen zoria aldatuko dut, lehengo egoerara ekarriko. Nik, Jaunak, esana». 12 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Orain gizaki eta abererik gabe, eremu bihurtua dagoen lurralde honetan, bertako hiri guztietan, ardiak biltzeko artegiak egingo dira berriro. 13 Mendialdeko, Xefela lautadako eta Negeveko hirietan, Benjaminen herrialdean, Jerusalemgo inguruetan eta Judako hirietan ikusiko dira oraindik artzainak ardiak zenbatzen. Nik, Jaunak, esana». 14 Jaunak dio: «Badator Israel herriari eta Juda herriari egin diedan promesa beteko dudan garaia.

15 «Garai hartan, legezko ondorengoa ernearaziko diot Davidi: zuzenbidea eta justizia ezarriko ditu herrialdean. 16 Garai hartan, Juda salbatua izango da, Jerusalem seguru biziko. <Jauna gure salbamena> emango diote izen».

17 Honela dio Jaunak: «Ez zaio inoiz ere faltako Davidi Israelgo tronuan eseriko den ondorengorik. 18 Inoiz ere ez zaizkie faltako apaiz eta lebitarrei, egunero nire aurrean erre-opariak eskaini, intsentsua erre eta beste sakrifizioak eskainiko dituzten ondorengoak». 19 Gainera, Jaunak esan zion Jeremiasi: 20 «Hala diot nik, Jaunak: Eguna eta gaua jakineko arauz gerta daitezen eman dudan hitza hautsezina den bezala, 21 neure zerbitzari Davidi emandakoa ere hautsezina da: ez zaio faltako inoiz ere bere tronuan eseriko den ondorengorik. Ez da inoiz hautsiko ere apaiz eta lebitarrei, nire zerbitzariei, emandako hitza. 22 Konta ahala baino ugariago diren zeruko izarrak eta itsas hondarra bezala ugalduko ditut neure zerbitzari Daviden eta neure zerbitzari lebitarren ondorengoak». 23 Jaunak Jeremiasi beste mezu hau eman zion: 24 «Entzun duzu zer esaten ari den jendea? Aukeratu nituen bi familiak, Israel eta Juda, baztertu egin ditudala! Horrela, mesprezatu egiten dute nire herria, ez baitute naziotzat hartzen. 25 Bada, honela diot nik, Jaunak: Ez al nituen nik eguna eta gaua ezarri eta zeru-lurren legeak xedatu? 26 Bada, hori bezain egia da ez ditudala baztertuko Jakoben ondorengoak eta David neure zerbitzaria. Nola ez ditut, bada, horien jatorritik aukeratuko Abraham, Isaak eta Jakoben ondorengoen buruzagiak? Bai, aldatu egingo dut haien zoria, errukitu egin naiz eta».

PROFETAREN BIZITZAKO GORABEHERAK

Sedekias erregearentzat mezua

34. atala[aldatu]

1 Babiloniako errege Nabukodonosor eta bere gudarostea
-bere agintepean zeuzkan erreinu eta herri guztietako jendez osaturiko gudarostea
- Jerusalemi eta inguruko hiriei erasotzen ari zirelarik, Jaunak berriro hitz egin zion Jeremiasi.
2 Jaunak, Israelen Jainkoak, Judako errege Sedekiasi bere mezua adieraztera bidali zuen Jeremias: «Honela dio Jaunak: Hara, hiri hau Babiloniako erregearen esku uzten dut, erre dezan. 3 Zeu ere ez zara libratuko; harrapatu egingo zaituzte eta menperatzailearen eskuetara emango: Babiloniako erregearekin aurrez aurre topo egin beharko duzu. Gero, Babiloniara eramango zaituzte. 4 Halere, entzun, Sedekias, Judako errege horrek, Jaunak esaten dizun hau ere: Ez zara bortxaz hilko. 5 Bakean hilko zara, intsentsua erreko dute zure ohorez, zure aurreko erregeen hiletetan egin ohi zen bezala. Hileta joko dizute, esanez: <Ai gure Jauna!> Nik, Jaunak, esana». 6 Jeremias profetak mezu hau guztia adierazi zion Judako errege Sedekiasi Jerusalemen. 7 Bitartean, Babiloniako erregearen gudarostea Jerusalemi eta artean Judan tinko irauten zuten bi hiri-gotorrei, Lakix eta Azekari, erasotzen ari zen.

Esklaboak askatu eta berriro esklabo egin

8 Jaunak beste behin ere hitz egin zion Jeremiasi. Sedekias erregeak esklaboak askatzeko hitzarmena egin zuen Jerusalemgo jendearekin: 9 nork bere zerbitzuan zituen esklabo hebertarrei, gizonezko nahiz emakumezko, askapena eman behar zien, judatarrik bere senidearen esklabo ez gertatzeko. 10 Handiki eta herri xehe, guztiek eman zuten ontzat hitzarmena eta, hitza betez, nork bere esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, libre utzi zituen, beren artean esklaborik gehiago ez izateko. 11 Baina atzera egin zuten gero, eta libre utzitako esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, berreskuratu egin zituzten, berriro esklabo-lanetara behartuz. 12 Orduan, honela hitz egin zion Jaunak Jeremiasi: 13 «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Hitzarmen hau egin nuen nik zuen arbasoekin, Egiptotik, esklabotzatik, atera nituenean: 14 <Zazpigarren urteoro, zuetariko bakoitzak erositako senide hebertarra libre utziko du. Sei urtez izango da zuen esklabo; gero libre utziko duzue>. Baina zuen gurasoek ez zidaten aditu, ez eta jaramonik egin ere. 15 Zuek, berriz, jokabidez aldatu eta atsegin zaidan erabakia hartu duzue, nork bere senideari askapena emateko erabakia. Eta hitzarmena egin duzue nire aurrean, niri sagaraturiko tenpluan. 16 Baina atzera egin duzue gero, nire izena profanatuz, eta libre utzitako esklaboak, gizonezko nahiz emakumezko, berreskuratu egin dituzue, berriro esklabo-lanetara behartuz. 17 «Horregatik, honela diot nik, Jaunak: Ez didazue aditu zeuen senide esklaboak libre uzteko agindu dizuedanean. Orain, beraz, neuk uzten ditut libre ezpata, izurria eta gosea, zuen aurka ekiteko. Munduko erresuma guztiak izuturik geldituko dira zuei gertatua ikustean. Hala diot nik, Jaunak. 18-19 «Judako eta Jerusalemgo buruzagiek, errege-jauregiko funtzionarioek, apaizek eta herritarrek hitzarmena egin dute nire aurrean, zekor bat hil, erdibitu eta bi zatien erditik igaroz. Gero, ordea, hautsi egin dute hitzarmena, emandako hitza janez. Horregatik, erditik ebaki zuten zekorra bezala erabiliko ditut. 20 Haiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, eta haien gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira. 21 Judako errege Sedekias eta bere ministrariak, beraiek galdu nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut, orain hiriari erasotzeari utzi dion Babiloniako erregearen gudarostearen menpe eroriko dira. 22 Hiri honen aurka borrokatzera itzuliko dira nire aginduz, konkistatu egingo dute eta erre. Judako hiriak eremu bihurtuko ditut, bizilagunik gabe utziz. Nik, Jaunak, esana».

Jeremias eta rekabetarrak

35. atala[aldatu]

1 Josiasen seme Joiakim Judako errege zela, agindu hau eman zion Jaunak Jeremiasi: 2 «Zoaz Rekaben leinukoengana eta hitz egizu beraiekin. Gero, ekar itzazu tenpluko gela batera eta eman ardoa edateko». 3 Joan nintzen, bada, Jeremiasen seme eta Habatziniasen biloba zen Jaazaniasen eta beronen senide eta seme-alaben bila. Rekaben leinuko guztiak bildurik, 4 tenplura eraman nituen, Igdaliasen seme Ben-Hananen gelara. Jainkoaren gizona zen Ben-Hanan; bere gela buruzagien areto ondoan zeukan, Xalumen seme Maaseias atezainaren gela gainean. 5 Ardoz beteriko pitxer eta kopak eskaini nizkien rekabetarrei, eta edateko erregutu. 6 Haiek esan zidaten: «Ez dugu ardorik edaten. Rekaben seme eta gure arbaso Jonadabek agindua dugu: <Ez duzue ardorik edango, ez zuek, ez zeuen ondorengoek ere; 7 ez duzue etxerik eraikiko, ez hazirik ereingo, ez mahastirik landatuko nahiz izango; baizik eta oihal-etxoletan biziko zarete zeuen bizitza guztian. Horrela, luzaro biziko zarete etorkin bezala zaudeten lurralde honetan>. 8 Hala, Rekaben seme Jonadab gure arbasoari obedituz, ez dugu ardorik inoiz ere edaten, ez guk, ez gure emazte eta seme-alabek ere; 9 ez dugu etxerik eraikitzen bertan bizitzeko, ez dugu mahastirik, ez eta sororik ere ereiteko, 10 baizik eta oihal-etxoletan bizi gara. Hitz batean, gure arbaso Jonadabek agindu guztia zehatz betetzen dugu. 11 Baina Babiloniako errege Nabukodonosor gure lurraldean indarrez sartu zenean, Jerusalemera etortzea erabaki genuen, babiloniarren eta aramearren gudarostetik ihesi. Eta une honetan Jerusalemen gaude». 12 Orduan, Jaunak Jeremiasi, 13 beraren mezu hau Judako eta Jerusalemgo jendeari adieraztera joateko agindu zion: «Nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Ez al duzue rekabetarren ikasbidea jaso behar eta nire esanak aditu? 14 Rekaben seme Jonadabek ardorik ez edateko agindu zien bere ondorengoei, eta hauek ez dute gaurdaino edan, beren arbasoaren agindua betez. Nik etengabe hitz egin dizuet, baina zuek jaramonik ez. 15 Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak, esanez: <Utzi zeuen jokabide gaiztoa, zuzendu zeuen egintzak; ez ibili jainko arrotzen ondoren, beraiei kultua emanez; horrela, zeuei eta zuen gurasoei emandako lurraldean biziko zarete>. Baina ez didazue aditu, ez eta jaramonik egin ere. 16 Jonadaben ondorengoek, bai, betetzen dute beren arbasoak emandako agindua; herri honek, berriz, ez dit jaramonik egiten. 17 Horregatik, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Iragarriak ditudan zoritxar guztiak bidaliko ditut Judako eta Jerusalemgo bizilagunon gainera, hitz egindakoan aditu ez eta dei egindakoan erantzun ez didazuelako». 18 Gero, Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau adierazi zien Jeremiasek Rekaben leinukoei: «Zuen arbaso Jonadaben agindua aditu eta hark agindutako guztiak arretaz bete dituzuelako, 19 hau diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Rekaben seme Jonadabek beti izango ditu ondorengoak nire herrian».

Jeremiasek Baruki Jaunaren mezuak idazteko agindu

36. atala[aldatu]

1 Josiasen seme Joiakimen, Judako erregearen, laugarren urtean, agindu hau eman zion Jaunak Jeremiasi: 2 «Hartu idazteko erroilu bat eta idatzi bertan Josiasen garaitik hasi eta gaurdaino Israeli, Judari eta beste nazio guztiei buruz adierazi dizkizudan mezuak. 3 Beharbada, jabetuko da Juda herria beraren aurka prestaturik daukadan zoritxar handiaz eta itzuliko bere jokabide gaiztotik. Eta beren gaiztakeria eta bekatuak barkatuko dizkiet». 4 Orduan, Jeremiasek Neriasen seme Baruki deitu zion, eta honek Jaunaren mezu guztiak idatzi zituen Jeremiasen esanera.

Barukek Jaunaren mezuak tenpluan irakurri

5 Gero, honela agindu zion Jeremiasek Baruki: «Begira, ni ez naiteke joan Jaunaren etxera, debekatu egin baitidate. 6 Zoaz zeu hurrengo barau-egunean eta irakurri tenpluan, herriaren aurrean, nik esanik erroiluan idatzi duzun Jaunaren mezua; irakurri Judako hirietatik etorriko diren guztiei ere. 7 Ea Jaunari erregutzen dioten eta itzultzen diren beren jokabide gaiztotik, handia baita herri honen aurka Jaunak agertu duen haserre-sumina». 8 Neriasen seme Barukek Jeremias profetak agindutako guztia egin zuen: tenplura joan eta Jaunaren mezua irakurri zuen liburutik. 9 Josiasen seme Joiakim Judako erregearen bosgarren urtean, bederatzigarren hilean, barau-eguna aldarrikatu zuten Jaunaren ohorez, eta Jerusalemen bildu ziren bertako jendea eta Judako hirietatik etorriak. 10 Barukek liburuan idatzitako Jeremiasen mezua irakurri zuen herri guztiaren aurrean. Xafanen seme Gemarias gorteko idazkariaren gelan kokatu zen horretarako, Ate Berriaren sarreran zegoen goiko atarian. 11 Xafanen seme eta Gemariasen biloba Mikeas, Barukek liburutik irakurritako Jaunaren mezua entzutean, 12 erregearen jauregira jaitsi zen, idazkariaren gelara. Gelan goi-funtzionarioak zeuden bilduta: Elixama, gorteko idazkaria; Delaias, Xemaiasen semea; Elnatan, Akborren semea; Gemarias, Xafanen semea; Sedekias, Hananiasen semea, eta beste funtzionarioak. 13 Barukek herriari liburutik irakurtzean, hari entzundako guztia adierazi zien Mikeasek. 14 Orduan, Nataniasen seme Jehudi bidali zuten Barukengana
-Natanias, Xelemiasen seme eta Kuxiren biloba zen
-, herriaren aurrean irakurritako erroiluarekin etortzeko esatera. Erroilua hartu eta haien aurrean aurkeztu zenean,
15 esan zioten:
-Eser zaitez eta irakurri liburua gure aurrean. Hala egin zuen Barukek.
16 Hitz haiek entzutean, izuak jota, esan zioten elkarri:
-Hau guztia erregeari adierazi beharra dugu derrigorrez.
17 Gero, Baruki esan zioten:
-Esaguzu nola idatzi duzun hori guztia.
18 Barukek erantzun zien:
-Jeremiasek berak esan dizkit banan-banan hitz guztiok eta nik liburuan idatzi ditut tintaz.
19 Orduan, funtzionarioek esan zioten:
-Zoaz eta ezkutatu Jeremias eta biok, eta ez dezala jakin inork ere non zaudeten.

Joiakim erregeak Jeremiasen liburua erre

20 Goi-funtzionarioak, liburua Elixama idazkariaren gelan utzirik, jauregira joan ziren erregeari arazoaren berri ematera. 21 Erregeak Jehudi bidali zuen Elixamaren gelatik liburua ekartzera. Jehudik liburua ekarri eta irakurri egin zuen erregearen eta inguruan zituen funtzionarioen aurrean. 22 Negua zen, bederatzigarren hila, eta erregea neguko gelan zegoen eserita, sutontzia pizturik aurrean zuela. 23 Jehudik hiruzpalau orrialde irakurtzen zitueneko, erregeak aiztoz moztu eta sutara botatzen zituen, erroilu guztia sutan erre arte. 24 Hitz haiek ez zien zirrararik egin, ez zuten damu-keinurik ere azaldu, ez erregeak, ez funtzionarioek. 25 Eta Elnatanek, Delaiasek eta Gemariasek liburua ez erretzeko eskatu zioten arren, erregeak ez zien aditu nahi izan. 26 Aitzitik, Jeremias profeta eta Baruk idazkaria atxilotzeko agindu zien erregeak Jerahmeel errege-familiako printzeari, Azrielen seme Seraiasi eta Abdeelen seme Xelemiasi. Baina Jaunak ezkutuan jarriak zituen.

Jeremiasek liburua berriro idatzi

27 Jeremiasen esanera Barukek idatzitako erroilua erregeak erre ondoren, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi: 28 «Hartu beste erroilu bat eta idatzi bertan Judako errege Joiakimek erretakoan zetorren mezu bera. 29 Gero, hau esango diozu nire izenean Judako errege Joiakimi: Erre egin duzu liburua, eta Babiloniako erregea lurralde hau eta bertako gizaki eta abereak suntsitzera egiaz etorriko dela idatzi izana aurpegira bota didazu. 30 Nik, beraz, Jaunak, hauxe diotsut, Joiakim, Judako errege horri: Zure ondorengo inor ez da eseriko Daviden tronuan. Eta zure gorpuak, ehortzi gabe, eguneko beroa eta gaueko hotza jasango ditu. 31 Zigortu egingo zaituztet zeu, zure ondorengo eta funtzionarioak, zeuen bekatuengatik. Mehatxuz iragarri nizkizuen zorigaitzak bidaliko dizkizuet zuei eta Jerusalemgo eta Judako bizilagunei, ez baitidazue jaramonik egin». 32 Jeremiasek beste erroilu bat hartu eta Neriasen seme Baruk idazkariari eman zion. Honek, Judako errege Joiakimek sutan erretako liburuan idatzirik zegoen guztia berridatzi zuen Jeremiasen esanera, eta hari bereko beste gauza asko erantsi zion gainera.

Sedekias erregeak aholkua eskatu Jeremiasi

37. atala[aldatu]

1 Babiloniako errege Nabukodonosorrek Josiasen seme Sedekias Judako errege ezarri zuen, Joiakimen seme Jekoniasen ordez. 2 Baina ez erregeak, ez ministrariek, ez herriko jendeak, inork ez zuen aditu nahi izan Jaunak Jeremias profetaren bidez adierazitako mezua. 3 Sedekias erregeak Xelemiasen seme Jukal eta Maaseias apaizaren seme Sofonias bidali zituen Jeremias profetagana, eskabide honekin: «Otoitz egiozu gure alde Jaunari, gure Jainkoari». 4 Garai hartan Jeremias eragozpenik gabe zebilen herritarren artean, ez baitzuten oraindik preso hartu. 5 Bitartean, faraoiaren gudarostea Egiptotik atera zen. Hori jakitean, Jerusalem inguraturik zeukaten gudari babiloniarrak, erasoari utzirik, urrundu egin ziren hiritik. 6 Orduan, Jaunak Jeremiasi hitz egin zion 7 eta, Judako erregeari Jaunaren, Israelgo Jainkoaren, erantzun hau emateko agindu zion, kontsulta egitera bidalitako mandatarien bidez: «Laguntzera etorri zaizuen faraoiaren gudarostea laster itzuliko da Egiptora. 8 Eta babiloniarrak berriro etorriko dira hiri honi erasotzera; konkistatu eta su emango diote. 9 Nik, Jaunak, diotsuet: Ez engainatu zeuen buruak, babiloniarrek zuen gainetik behin betiko alde egingo dutela pentsatuz, ez baitute alde egingo. 10 Eta erasoka duzuen babiloniarren gudaroste osoa garaituko bazenute ere, aski litzateke zauriz jositako haietako batzuk bizirik gelditzea, kanpalekutik irten eta hiriari su emateko».

Jeremias preso

11 Faraoiaren gudarostea zetorrela-eta, babiloniarren gudarosteak Jerusalemdik ihes egin zuenean, 12 Jeremiasek irten egin nahi izan zuen Jerusalemdik Benjaminen herrialdera joateko, beretarrekin herentzi arazo bat garbitzera. 13 Baina Benjaminen atera iritsi zenean, han zegoen Ierias guardaburua, Xelemiasen seme eta Hananiasen biloba, eta Jeremias profetari alto eman eta esan zion:
-Babiloniarrengana igarotzeko asmotan zabiltza zu.
14 Jeremiasek erantzun:
-Ez da egia! Nik ez dut horrelako asmorik! Baina ez zion sinetsi eta, preso harturik, ministrariengana eraman zuen Jeremias.
15 Haserretu egin ziren hauek Jeremiasen kontra eta, joka erabili ondoren, kartzela bihurtutako Jonatan idazkariaren etxean sartu zuten. 16 Sotoko kalabozora bota zuten eta han egon zen luzaro. 17 Behin batean, Sedekias erregeak jauregira etorrarazi zuen Jeremias, eta honela galdegin zion isilka:
-Ba al duzu Jaunaren mezurik? Jeremiasek erantzun zion:
-Bai. Babiloniako erregearen eskuetara emango zaituzte.
18 Ondoren, esan zion Jeremiasek:
-Zertan huts egin dut zure nahiz zure funtzionarioen edo herriaren kontra, ni kartzelan sartzeko?
19 Non dira orain zuen profetak, Babiloniako erregea zuen eta herrialde honen aurka ez zela etorriko esaten zizutenak? 20 Entzun orain, errege jauna, onartu, arren, nire eskabidea: Ez nazazu eraman berriro Jonatan idazkariaren etxera, bestela han hilko naiz eta. 21 Orduan, Sedekias erregeak Jeremias kartzela-atarian zainpean jartzeko agindu zuen eta egunero opil bat emateko okinen kaletik, hirian ogia ahitu arte. Hala, kartzelako atarian gelditu zen Jeremias.

Jeremias putzuan sartu

38. atala[aldatu]

1 Matanen seme Xefatiasek, Paxhur-en seme Gedaliasek, Xelemiasen seme Jukalek eta Malkiasen seme Paxhur-ek jende guztiari Jeremias honela ari zitzaiola jakin zuten: 2 «Hau dio Jaunak: Hirian gelditzen dena ezpataz, goseak edo izurriz hilko da; babiloniarrengana igarotzen dena, ordea, bizirik eta onik aterako. 3 Hiria Babiloniako erregearen eskuetan eroriko da erremediorik gabe, eta konkistatu egingo du. Nik, Jaunak, esana». 4 Ministrariek esan zioten erregeari:
-Gizon honek bizia zor du! Bere hitzez, hirian gelditzen diren gudariak eta herritar guztiak adoregabetu besterik ez du egiten. Ez da ari herriaren onerako, kalterako baizik.
5 Sedekias erregeak erantzun zien:
-Zeuen esku duzue! Erregeak ez dezake ezer zuen aurka.
6 Orduan, hartu eta Melkias errege-familiako printzearen putzuan sartu zuten Jeremias, sokaz jaitsiz. Putzua kartzelako atarian zegoen eta ez zuen urik, lokatza baizik. Jeremias lokatzetan sarturik gelditu zen.

Profeta libre

7 Ebed-Melek zeritzan errege-jauregiko goi-funtzionario etiopiarrak jakin zuen Jeremias putzura bota zutela. Erregea lege-arazoak erabakitzen Benjaminen atean zegoela, 8 Ebed-Melekek jauregitik berarengana joan eta esan zion: 9
-Errege jauna, gaizki jokatu dute gizon horiek Jeremias profetarekin: putzura bota dute eta goseak hilko da bertan, ez baitago ogirik hirian. 10 Orduan, agindu hau eman zion erregeak Ebed-Melek etiopiarrari:
-Joan hiru gizonekin eta atera Jeremias putzutik, hil baino lehen. 11 Ebed-Melek jauregira itzuli zen hiru gizonekin eta, jantzi-biltegitik trapuzahar-puskak harturik, sokaz Jeremiasi putzura jaitsi zizkion, 12 eta esan:
-Jarri trapuzahar horiek besapean, sokaren azpitik. Hala egin zuen Jeremiasek, 13 eta, sokatik tiraka, putzutik atera zuten. Kartzelako atarian gelditu zen Jeremias.

Sedekias erregeak berriro profetarekin hitz egin

14 Sedekias erregeak tenpluko hirugarren sarrerara ekarrarazi eta esan zion Jeremias profetari:
-Galdera bat egin nahi dizut; ez ezkutatu niri ezer. 15 Jeremiasek Sedekiasi:
-Egia esaten badizut, hil egingo nauzu; aholkua ematen badizut, berriz, ez didazu jaramonik egingo. 16 Sedekias erregeak zin egin zion isilka Jeremiasi, esanez:
-Ala Jauna, bizia ematen diguna! Ez zaitut hilko, ez eta zu hil nahian dabiltzan horien esku jarriko ere. 17 Orduan, Jeremiasek esan zion:
-Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Baldin Babiloniako erregearen gudalburuen menpe jartzea onartzen baduzu, zeu eta etxekoak bizirik aterako zarete, eta hiria ez dute erreko. 18 Baina beraien menpe jartzen ez bazara, hiria babiloniarren esku eroriko da eta erre egingo dute, eta zeu ere ez zara libratuko haien eskuetatik. 19 Erregeak erantzun zion:
-Babiloniarren aldera igaro diren judatarren beldur naiz; haien eskuetan eroriz gero, tratu txarra emango baitidate. 20 Jeremiasek erantzun zion:
-Ez zaituzte haien esku jarriko. Obeditu Jaunari esan dizudan horretan, eta ongi aterako zaizu dena eta biziko zara. 21 Baina babiloniarren menpe jarri nahi ez baduzu, entzun zer azaldu didan Jaunak: 22 Judako erregearen jauregian gelditu diren emakume guztiak Babiloniako erregearen gudalburuengana eramango dituzte eta hauxe esango dute zutaz:

Engainatu egin zaituzte eta gaina hartu zeure adiskide minek; zu lokatzetan sartu, eta berek alde egin!

23 «Zure emazteak eta seme-alabak babiloniarrei emango dizkiete eta zeu ere ez zara libratuko: Babiloniako erregeak preso hartuko zaitu, eta hiria erre egingo du». 24 Orduan, Sedekiasek esan zion Jeremiasi:
-Ez beza inork elkarrizketa honen berri jakin; bestela, zureak egin du. 25 Ministrariek, zurekin mintzatu naizela jakiten badute, etorri eta gure elkarrizketaren berri galdegingo dizute. «Ez gero ezer ezkutatu guri, bizi nahi baduzu», esango dizute. 26 Zuk erantzun: «Mesede bat eskatzera joan natzaio erregeari: ez nindezala Jonatanen etxera itzularazi, bestela bertan hilko nintzela eta». 27 Joan zitzaizkion, bai, ministrariak galdegitera eta erregeak esan bezala erantzun zien Jeremiasek, eta bakean utzi zuten, ez baitzuten egiazko arazoaren berri jakin. 28 Jeremias kartzelako atarian gelditu zen, Jerusalem konkistatu zuten arte.

Babiloniarrek Jerusalem konkistatu


39. atala[aldatu]

1 Sedekias erregearen bederatzigarren urteko hamargarren hilean, Babiloniako errege Nabukodonosor Jerusalemera etorri zen bere gudarostearekin eta setiatu egin zuen. 2 Sedekiasen hamaikagarren urtean, laugarren hilaren bederatzian, babiloniarrek zuloa ireki zuten hiriko harresian. 3 Hirian sartu eta plaza nagusian jarri zuten aginte-postua Babiloniako erregearen gudalburuok: Nergal-Saretzer Sin-Magirko printzeak, Nebu-Sarsekim funtzionarioburuak, Nergal-Saretzer gorteko goi-funtzionarioak eta Babiloniako erregearen beste gudalburuek. 4 Sedekias erregea eta bere gudariak, hori ikustean, ihesi joan ziren gauez hiritik; erregearen lorategian zehar, bi harresien arteko atetik irten eta Araba aldera alde egin zuten. 5 Baina babiloniar gudarostea ondoren joan zitzaien eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen Sedekias. Preso hartu eta Riblara, Hamateko eskualdera, eraman zuten, Babiloniako errege Nabukodonosorren aurrera. Honek epaia eman zion: 6 Sedekiasen semeei lepoa moztu zien Riblan bertan, aitaren aurrean, bai eta Judako handikiei ere. 7 Sedekias bera, begiak lehertarazi ondoren, Babiloniara eraman zuen katez loturik. 8 Babiloniarrek su eman zieten erregearen jauregi eta hiriko etxeei, eta bota egin zituzten Jerusalemgo harresiak. 9 Jerusalemen geldituak ziren bizilagunak eta babiloniarren alde jarri zirenak Babiloniara erbesteratu zituen Nebuzaradan guardaburuak. 10 Baina herriko jende xehea, ezeren jabe ez zena, Judako lurraldean utzi zuen, eta mahastiak eta alorrak eman zizkion.

Babiloniarrek Jeremias askatu

11 Jeremiasi buruz agindu hau eman zion Nabukodonosorrek Nebuzaradan guardaburuari: 12 «Hartzazu zeure ardurapean eta ez egin gaitzik; aitzitik, egiozu berak esandako guztia». 13 Orduan, Nebuzaradan guardaburuak, goi-funtzionario ziren Nebuxazban eta Nergal-Saretzerrekin eta beste buruzagiekin batera, 14 Jeremias kartzelako ataritik ekarrarazi eta Ahikamen seme eta Xafanen biloba zen Gedaliasen ardurapean utzi zuen, bere etxera eraman zezan. Horrela, herritarren artean gelditu zen Jeremias.

Salbamen-agintzaria Ebed-Melekentzat

15 Oraindik kartzelako atarian atxilotua zegoela, Jaunak Jeremiasi hitz egin zion, 16 Ebed-Melek etiopiarrari mezu hau emateko aginduz:

«Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Laster beteko ditut neure hitzak, hiri honen kalterako eta ez onerako iragarritakoak. Zeuk ikusi ahal izango duzu. 17 Egun hartan, onik aterako zaitut, ez zaitut erortzen utziko halako beldurra ematen dizuten horien eskuetan. Hala diot nik, Jaunak. 18 Libratuko zaitut, bai, ez zara ezpataz hilko; bizirik aterako zara, niregan fidatu zarelako. Nik, Jaunak, esana».

Jeremias Judan gelditu

40. atala[aldatu]

1 Jaunak berriro hitz egin zion Jeremiasi. Raman zegoela izan zen, Nebuzaradan errege-guardaburuak askatu eta bere ardurapean hartu ondoren. Jeremias katez lotua zegoen Raman, Juda eta Jerusalemdik Babiloniara gatibu zeramatzaten guztiekin batera. 2 Guardaburuak aparte hartu eta esan zion Jeremiasi: «Jaunak, zuen Jainkoak, iragarri zuen zoritxar hau herrialde honen kontra. 3 Jaunak bete eta burutu egin du berak iragarria. Jaunaren aurka bekatu egin eta obeditu ez diozuelako gertatu zaizue guztia. 4 Halere, zuri oraintxe bertan kenduko dizkizut eskuetako kateak. Nirekin Babiloniara etorri nahi baduzu, etorri; neu arduratuko naiz zutaz; etorri nahi ez baduzu, berriz, gelditu. Herrialde guztia duzu zeure esku; zoaz nahi duzun tokira. 5 Nirekin gelditu nahi ez baduzu, zoaz Ahikamen seme eta Xafanen biloba Gedaliasengana. Bera ezarri du Babiloniako erregeak Judako hirietako gobernari. Zaude berarekin zeure herritarren artean. Dena den, nahi duzun tokira joan zaitezke». Ondoren, biderakoak eta eskuerakutsiak eman eta joaten utzi zion guardaburuak. 6 Jeremias Mitzpara joan zen Ahikamen seme Gedaliasengana, eta beronekin bizi izan zen, herrialdean gelditzen ziren bere herritarren artean.

Gedalias Juda lurraldeko gobernari


7 Artean zenbait gudalburu judatar landetan sakabanaturik zebilen bere gudariekin. Jakin zuten Ahikamen seme Gedalias herrialdeko gobernari ezarri zuela Babiloniako erregeak eta beronen ardurapean jarri zituela gizon-emakumeak eta haurrak, Babiloniara eraman ez zuen herriko jende xehea. 8 Orduan, beren gizonekin Gedaliasengana joan ziren Mitzpara. Hauek ziren gudalburuak: Netaniasen seme Ismael, Kareahen seme Johanan eta Jonatan, Tanhumeten seme Seraias, Netofako Ofairen semeak eta Maakako Jezanias. 9 Gedaliasek zin-hitz hau egin zien: «Ez izan babiloniarrak zerbitzatzeko beldur. Gelditu herrialdean. Izan Babiloniako erregearen menpeko eta ongi joango zaizue. 10 Nik Mitzpan gelditu beharra dut, guregana datozen babiloniarren zerbitzurako. Zuek, bildu ardoa, fruituak eta olioa, sartu ontzi eta biltegietan, eta bizi eskura ditzakezuen hirietan». 11 Jakin zuten Moab, Amon, Edom eta beste herrialdeetara ihesi joanak ziren judatarrek ere, Babiloniako erregeak judatar batzuk beren herrialdean utzi zituela, eta Gedalias, Ahikamen seme eta Xafanen biloba, ezarri zuela gobernari. 12 Hala, beraiek ere, banaturik zeuden alde guztietatik etorri eta Gedaliasengana joan ziren Mitzpara. Mahats- eta fruitu-uzta handia bildu zuten.

Gedalias hilarazi

13 Egun batez, Kareahen seme Johanan eta landetan zebiltzan gudarien buruzagiak Gedaliasengana joan ziren Mitzpara, 14 esatera:
-Ba al dakizu Amongo errege Baalisek Netaniasen seme Ismael bidali duela zu hiltzeko? Gedaliasek ez zien sinetsi.
15 Orduan, Johananek isilka esan zion Gedaliasi:
-Neu joango naiz Ismael hiltzera, eta ez du inork ere jakingo. Zergatik hil behar zaitu? Zure inguruan bildu diren judatarrak sakabanatzea eta herrian zutik gelditu denaren hondamendia ekarriko luke horrek.
16 Baina Gedaliasek erantzun zion:
-Ez egin horrelakorik, ez baita egia Ismaeli buruz diozuna.

41. atala[aldatu]

1 Zazpigarren hilean, Netaniasen seme eta Elixamaren biloba Ismael, errege-jatorrikoa bera, Mitzpara joan zen hamar gizonekin, Gedalias ikustera. Elkarrekin otordua egiten ari zirela, 2 Ismaelek eta berekin zituen hamar gizonek, jaiki, ezpataz jo eta hil egin zuten Gedalias, Babiloniako erregeak Judako gobernari ezarria. 3 Gedaliasekin Mitzpan zeuden judatarrak eta gudari babiloniarrak ere hil egin zituzten.

Ismaelek erromes-taldea hil

4 Baziren bi egun Gedalias hila zela, gertatuaren berri artean inork ez jakin arren. 5 Horretan, laurogei gizon etorri ziren Sikem, Xilo eta Samariatik, bizarra moztuta, jantziak urratuta eta gorputza zauriz beteta, tenpluan eskaintzeko labore-opariak eta intsentsua zekartzatela. 6 Ismael atera zitzaien bidera negar-zotinka eta, haiengana heltzean, esan zien:
-Zatozte Ahikamen seme Gedalias ikustera.
7 Baina hirira sartu bezain laster, Ismael eta beronen gizonek hil egin zituzten eta putzu batera bota. 8 Haietako hamar gizonek, ordea, esan zioten Ismaeli:
-Ez gaitzazu hil! Garia, garagarra, olioa eta eztia daukagu gordeta landetan. Eta Ismaelek ez zituen hil beste lagunekin batera.
9 Hildakoen gorpuak jaurtiki zituen putzua, Israelgo errege Baxak eraso zion hartan, Judako errege Asak egindako putzu handia da. Netaniasen seme Ismaelek gorpuz bete zuen. 10 Ondoren, Ismaelek gatibu eraman zituen erregearen alabak, bai eta Mitzpan gelditu ziren guztiak ere: Nebuzaradan guardaburuak Gedaliasen ardurapean utzia zuen jende guztia, hain zuzen. Gatibu guztiokin amondarren lurraldera joateko abiatu zen.

Ismaelek atxilotuak libre

11 Kareahen seme Johanan eta beronen gudalburuak, Ismaelek egindako hilketen berri jakitean, 12 beren tropa guztia bildu eta Ismaelen aurka borrokara irten ziren. Gabaongo zingira handiaren ondoan atzeman zuten. 13 Ismaelek gatibu zeraman jendea, Johanan eta beronen gudalburuak ikustean, pozez bete zen. 14 Hala, Ismaelek Mitzpatik gatibu zeramatzanak itzuli eta Johananekin batu ziren. 15 Baina Ismaelek, bere zortzi gizonekin, Johanani ihes egitea lortu zuen, amondarrengana bilduz. 16 Orduan, Johananek eta beraren gudalburuek beren ardurapean hartu zuten Gedalias hil ondoren Ismaelek Mitzpatik gatibu eraman zuen jendea, Gabaonen bildu zitzaiena: gudariak, emakumeak, haurrak eta funtzionarioak. 17 Bideari ekin ondoren, geldialdia egin zuten Belenen aldamenean dagoen Gerut-Kimhamen. Egiptora joateko asmoa zuten, 18 babiloniarrengandik ihesi, hauen beldur baitziren, Netaniasen seme Ismaelek Babiloniako erregeak eskualdeko gobernari ezarri zuen Ahikamen seme Gedalias hil zuelako.

Jaunari otoitz egiteko eskatu iheslariek Jeremiasi

42. atala[aldatu]

1 Orduan, gudalburu guztiek, Kareahen seme Johananek eta Hoxaiasen seme Azariasek batik bat, eta berekin zuten jendeak, txiki nahiz handi, Jeremiasengana hurbildu 2 eta esan zioten profetari:
-Mesedez, onartu gure eskaria! Otoitz egiozu Jaunari, zeure Jainkoari, gelditzen garenon alde. Lehen asko ginen, baina orain gutxi gelditzen gara, ikus dezakezunez.
3 Erakuts diezagula Jaunak, zeure Jainkoak, zein bidetatik jo eta zer egin. 4 Jeremiasek erantzun zien:
-Ongi da! Berehala egingo diot otoitz Jaunari, zuen Jainkoari, eskatzen didazuen bezala, eta oso-osorik adieraziko dizuet haren erantzuna, ezer gorde gabe.
5 Orduan, haiek Jeremiasi:
-Zintzo eta leial den Jaunaren aurrean agintzen dizugu, Jaunak, zure Jainkoak, zure bitartez esango digun guztia beteko dugula.
6 Ararteko egiten zaitugu Jaunaren aurrean. Atsegina izan ala ez, beteko dugu hark agindua. Horrela, Jaunari obedituz, ongi izango gara.

Jaunak Jeremiasi erantzun

7 Handik hamar egunera Jaunak erantzuna eman zion Jeremiasi. 8 Deitu zien honek Kareahen seme Johanani, gudalburuei eta beraiekin zen jende guztiari, txiki nahiz handiei, 9 eta honela hitz egin zien: «Zuek ararteko egin nauzue zuen eskariak Jaunari aurkezteko. Hona Jaunaren, Israelgo Jainkoaren, erantzuna: 10 <Herrialde honetan bizitzen gelditzen bazarete, eraitsi ordez eraiki egingo zaituztet eta erauzi ordez landatu, damutu egin bainaiz egin dizuedan kalteaz. 11 Ez izan horrenbesteko ikara ematen dizuen Babiloniako erregearen beldur; ez izan beldur, zuekin bainago ni zuek salbatzeko, haren eskuetatik onik ateratzeko. 12 Barru gupidabera emango diot eta errukitu egingo zaizue, eta zeuen herrialdean bizitzen utziko>. 13-14 «Baina esaten baduzue: <Ez, Egiptora goaz, han ez dugu gerrarik ikusiko, ez turuta-hotsik entzungo, ez goserik izango; Egipton bizi nahi dugu>, horrela Jaunari entzungor eginez, eta herrialde honetan gelditu nahi ez baduzue, 15 orduan, entzun Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, Judan bizirik geldituoi esaten dizuena: <Baldin Egiptora bizitzera joateko erabakian tematzen bazarete, 16 Egipton harrapatu eta joko zaituztete horrenbesteko beldur-larria diozuen gerrak eta goseak, eta hantxe hilko zarete. 17 Egiptora bizitzera joaten lehiatzen diren guztiak han hilko dira gerraz, goseak eta izurriz; ez da inor ere bizirik geldituko, bidaliko diedan zorigaitzak jotzean>. 18 «Bai, honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: <Nola isuri ziren nire haserre-suminak Jerusalemen bizi zirenen aurka, hala isuriko dira zuen aurka ere, Egiptora joaten bazarete. Zori beldurgarria izango da zuena: madarikazioa, gaitzespena eta lotsagorria. Eta ez duzue gehiago aberria ikusiko>. 19 Judan bizirik geldituoi Egiptora ez joateko agintzen dizue Jaunak. Kontura zaitezte ongi gaur egiten dizuedan oharpen honetaz. 20 Zeuen buruak engainatzen ari zarete; lehenengo, zeuen ararteko egin nauzue, Jaunari, zeuen Jainkoari, otoitz egin eta haren erantzuna osorik zuei jakinarazteko eskatuz, beteko zenutela eta; 21 orain, berriz, erantzuna jakinaraztean, ez duzue aditu nahi Jaunak zuei adierazteko esan didana. 22 Beraz, jakin ongi, gerraz, goseak eta izurriz hilko zaretela bizitzera joan nahi duzuen lurraldean».

43. atala[aldatu]

1 Jeremiasek oharpen guztiok adierazi zizkion herriari, Jaunaren, bere Jainkoaren, aginduz. Hitzaldia bukatzean, 2 Hoxaiasen seme Azariasek, Kareahen seme Johananek eta hango beste gizonek, harropuztuta, esan zioten: «Gezurra diozu! Jaunak, gure Jainkoak, ez dizu esan gu Egiptora bizitzera ez joateko. 3 Neriasen seme Barukek zirikatu zaitu gure kontra: babiloniarren esku jarri nahi gaitu, hil edo Babiloniara gatibu eraman gaitzaten». 4 Hala, ez Kareahen seme Johananek, ez gudalburuek, ez beste inork, ez zioten Jaunari aditu, eta ez ziren gelditu Juda lurraldean. 5 Ostera, Kareahen seme Johananek eta gudalburuek bildu egin zituzten Judan bizirik gelditutako guztiak, hau da, inguruko herrietara ihes egin eta ondoren Judara itzuli zirenak: 6 gizonak, emakumeak, haurrak, erregearen alabak eta Nebuzaradan guardaburuak Ahikamen seme eta Xafanen biloba Gedaliasi utzitako denak; bai eta Jeremias profeta eta Neriasen seme Baruk ere. 7 Eta, Jaunaren esanari jaramonik egin gabe, Egiptora joan eta Tafnes hiriraino iritsi ziren.

Jeremiasek Nabukodonosor Egipton sartuko dela iragarri

8 Tafnesen zegoela, honela hitz egin zion Jaunak Jeremiasi: 9 «Hartu harritzar batzuk eta sartu faraoiaren Tafnesko jauregi aurrean dagoen buztinezko zoruan; egin hori judatarren aurrean, 10 eta eman mezu hau: <Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Babiloniako errege Nabukodonosor neure zerbitzaria ekarraraziko dut, eta Jeremiasek lurrean sartu dituen harri horien gainean ezarriko ditut haren tronua eta gaineko oihal-estaldura. 11 Etortzean, garaitu egingo du Egipto eta nor berari dagokionera emango: heriotzarako dena heriotzara, erbesterako dena erbestera, ezpatarako dena ezpatara. 12 Su emango die Egiptoko jainkoen jauretxeei eta erre egingo ditu edo berekin eramango jainko-irudiak. Garbitu egingo du Egipto, artzainak bere zamar-larrua zorriak akabatzeko garbitzen duen bezala, eta garaile aterako da handik. 13 Heliopolisko zutarriak hautsi eta Egiptoko jainkoen jauretxeak erre egingo ditu> ».

Egipton babesturiko judatarrentzat mezua

44. atala[aldatu]

1 Mezu hau eman zion Jaunak Jeremiasi, Egipton
-Migdol, Tafnes eta Menfis hirietan eta Patros eskualdean
- bizitzen jarri ziren judatarrentzat:
2 «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Ikusiak dituzue Jerusalemen eta Judako hirien aurka bidali ditudan zorigaitzak: hondaturik eta bizilagunik gabe daude. 3 Egin dituzten gaiztakeriengatik gertatu zaie hori: iraindu egin naute, ez zuek, ez zuen gurasoek, ez beraiek ezagutzen ez zenituzten jainkoei intsentsua errez eta kultua emanez. 4 Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak esanez: <Ez egin horrelako egintza higuingarririk, gorroto baititut>. 5 Baina ez didazue aditu, ez jaramonik egin, ez eta gaiztakeriatik itzuli eta jainko arrotzei intsentsua erretzeari utzi ere. 6 Hala, lehertu egin da nire haserre-sumina, eta erre egin ditu Judako hiriak eta Jerusalemgo kaleak: hondamendi eta eremu bihurtu dira, eta halaxe daude orain. 7 «Orain, bada, nik, Jaun ahalguztidun honek, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Zergatik nahi duzue zeuen buruen galbide izaten jarraitu eta, horrela, Judako gizon eta emakumeak, umetxo eta bularreko haurrak suntsiarazi eta zeuen herria bizilagunik gabe utzi? 8 Zergatik iraintzen nauzue zeuen idolatriazko jardueraz, bizitzera etorri zareten Egipton jainko arrotzei intsentsua errez? Horrela, suntsipena erakarriko duzue zeuen gainera, eta madarikazio eta isekagai bihurtuko zarete munduko nazio guztien aurrean. 9 Ahaztu egin al dituzue, zuen gurasoek, Judako erregeek eta beraien emazteek, zeuek eta zeuen emazteek Judan eta Jerusalemgo kaleetan egindako gaiztakeriak? 10 Gaur arte ez du inork damurik azaldu, ez beldurrik izan, eta ez da inor ibili zuei eta zuen gurasoei eman nizkizuen lege eta aginduen bidetik. 11 «Horregatik, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Zuen gain ezarri ditut begiak, zuen kalterako, Juda osoa suntsitzeko. 12 Judan bizirik geldituak, Egiptora babes bila etorri direnak, neuk konponduko ditut: guztiak Egipton galduko dira, ezpataz erori edo goseak akabatuko; txiki eta handi, guztiak hilko dira. Zori beldurgarria izango dute: madarikazioa, gaitzespena eta lotsagorria. 13 Jerusalem zigortu nuen bezala zigortuko ditut Egipton bizi direnak, gerraz, goseak eta izurriz. 14 Egipton bizitzera joandako judatarretatik ez da inor ere bizirik geldituko. Judara bizitzera itzuli nahian eta asmoz dabiltzan arren, ez dira itzuliko, iheslari bakar batzuk izan ezik».

Jeremiasen hitzei jendeak aurre egin

15 Orduan, Egipton, Patros eskualdean bizi zen jendeak, gizon guztiek
-ondo baitzekiten hauek beren emazteak jainko arrotzei intsentsua erretzen ari zitzaizkiela
- eta bertan suertatu zen emakume-multzo handi batek Jeremiasi erantzun zioten: 16
-Ez dugu aditu nahi Jaunaren izenean ematen ari zaren mezu hori. 17 Jadanik erabakia daukaguna egingo dugu: Istar zeruko erreginari erreko diogu intsentsua eta eskainiko isur-opariak; lehenago ere hala egin izan dugu geuk, geure guraso, errege eta buruzagiek Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan. Orduan, asetzeraino genuen ogia eta zoriontsu bizi ginen, inolako zorigaitzik ikusi gabe. 18 Baina zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak egiteari utzi diogunetik, kale gorrian gaude, goseak eta gerraz hiltzen. 19 Emakumeek are gehiago zioten:
-Zeruko erreginari intsentsua erreko diogu eta isur-opariak eskainiko, bai horixe! Gure senarrak ere bat datoz gurekin Istarren irudiarekin opilak egiteko eta isur-opariak eskaintzeko. 20 Orduan, erantzun hori eman zuten gizon-emakume eta jende guztiari esan zien Jeremiasek: 21
-Ez ote zen, bada, Jauna ohartzen, zuek eta zuen guraso, errege eta buruzagiek, herritarrok oro, Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan intsentsua erretzen zenutela? Horixe zuen gogoan, hain zuzen, 22 eta, zuen egintza gaizto eta higuingarriak jasanezinak zitzaizkiolako, zuen lurraldea hondamendi eta eremu bihurtu zuen Jaunak, gaitzetsi eta bizilagunik gabe utzi. Eta halaxe dago gaur ere. 23 Beste jainkoei intsentsua erre eta Jaunaren aurka bekatu egiteagatik zaudete horrela: Jaunaren esana egin ez zenutelako, haren lege, agindu eta eskakizunen arabera bizi izan ez zaretelako. Horregatik gertatu zaizue gaur arte dirauen zorigaitz hau.

Jeremiasen azken hitza

24-25 Jeremiasek honela jarraitu zuen herriari, bereziki emakumeei, hitz egiten: «Entzun Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, Egipton bizi zareten judatar guztioi damaizuen mezua: Zuek, emakumeok, ahoz esan eta eskuz egin! Bete egin behar omen dituzue, zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak eskaintzeko hitz emandako botoak. Bete, bai, zeuen botoak, egin hitz emandakoa! 26 Baina entzun ongi, Egipton bizi zareten judatarrok, nik, Jaun honek, nire izen handiagatik zin eginez, esaten dizuedan hau: Zuetako inork ez du aipatuko nire izena Egipto osoan, <Ala Jainko Jaun bizia!> esanez. 27 Erne nago, bai, baina ez zuen onerako, kalterako baizik: Egipton zaudeten judatar guztiak gerraz eta goseak galduko zarete, denok galdu ere. 28 Gerratik ihes egindako banaka batzuk bakarrik itzuliko dira Egiptotik Judara. Orduan jakingo duzue Judatik ihes egin eta Egiptora etorri zaretenok, noren hitza betetzen den, nirea ala zuena. 29 Hemen bertan zigortuko zaituztet. Eta froga bat emango dizuet zuen aurkako nire mehatxuak egiaz beteko direla jakin dezazuen: 30 Hofra faraoia, Egiptoko erregea, bera hil nahian dabiltzan etsaien esku jarriko dut, Judako errege Sedekias, bera hil nahian zebilen Babiloniako errege Nabukodonosorren esku jarri nuen bezala».

Jeremiasek Baruki salbatuko dela agindu

45. atala[aldatu]

1 Josiasen seme Joiakim Judako erregearen laugarren urtean, Neriasen seme Barukek Jeremiasen mezuak idatzi zituen liburuan, honen agindura. Aldi hartan, hauxe esan zion Jeremiasek: 2 «Jaunak, Israelen Jainkoak mezu bat eman dit zuretzat, Baruk. 3 Honela ari zara zeurekiko: <Ai ene! Nireak egin du! Nahigabea besterik ez dit ematen Jaunak! Ahitua nago negar-zotinka, inondik ere atsedenik ez!> 4 Hona Jaunaren mezua zuretzat: <Neuk eraikia, neuk eraisten dut; neuk landatua, neuk erauzten, eta hori mundu guztian. 5 Eta zu, asmo handien atzetik? Ez egin ametsik! Zorigaitza bidaliko dut bizidun guztien gainera; zu, ordea, bizirik aterako zara, edonora zoazela ere. Nik, Jaunak, esana> ».

NAZIOEI ZUZENDURIKO MEZUAK

46. atala[aldatu]

1 Jaunak mezu hauek eman zizkion Jeremias profetari zenbait naziorentzat.

Egiptoarrentzat

Egiptoarrak Karkemixen porrokatuak

2 Egiptoarrentzat emandako mezua Egiptoko errege Neko faraoiaren gudarosteari buruzkoa da. Egiptoar gudarostea, Eufrates ibai ondoko Karkemix hirira iritsi zelarik, Babiloniako errege Nabukodonosorrek porrokatu egin zuen, Josiasen seme eta Judako errege Joiakimen laugarren urtean.

3 «Presta ezkutu-babeskiak eta jo gudura! 4 Txalmatu zaldiak, igo gainera, zaldunok! Jarri lerrotan, kaskoa buruan! Zorroztu lantzak, jantzi bular-babeskia!

5 «Baina, zer ikusten dut? Lur jota daude, atzera dagite! Gudari ausartak birrinduta, ihesi doaz zalapartaka, atzera begiratu gabe. Izu-ikara edonon! Hala diot nik, Jaunak. 6 Azkarrenak ere ezin ihes egin, adoretsuena ere libratu ezin; han iparraldean, Eufrates ondoan, estropezu egin eta erori dira.

7 «Nor da Nilo bezala hazten den hori, ibai oldartsuen antzera harrotzen den hori? 8 Egipto da: Nilo bezala handitzen da, ibai oldartsuen antzera harrotzen. Honela dio bere baitan: <Handitu egingo naiz, lurra urperatu eta hiriak eta hiritarrak hondatuko>.

9 «Aurrera, zaldiok! Oldartu, gudu-gurdiok! Eraso, gudariok! Etiopia eta Puteko gudariok, eskura babeskiak! Ludeko gerlariok, teinkatu uztaiak! 10 Jaun ahalguztidunak espero zuen mendeku-eguna da, etsaien lepotik mendekatzeko eguna. Ezpatak ase arte jango du haien haragia, mozkortu arte edango haien odola. A zer nolako opari-otordua Jaun ahalguztidunarentzat, iparraldean, Eufrates ondoan!

11 «Igo Galaadera, sendabelar bila, Egiptoko herri! Alferrik dituzu sendabide guztiak: zuretzat ez dago erremediorik. 12 Atzerriek badute zure porrotaren berri, lur osoa betea dute zure garrasiek. Gudariak gudariarekin tupust egin eta lurrera erori dira biak!»

Nabukodonosor Egipton sartu

13 Nabukodonosor Egiptori erasotzeko zorian zegoela, mezu hau adierazi zion Jaunak Jeremias profetari:

14 «Iragarri Egipton, aldarrikatu Migdolen, adierazi Menfis eta Tafnesen: <Erne, presta borrokarako! Dena irensten ari da ezpata zuen inguruan!> 15 Zergatik dago lurrean zure idi sakratu hori? Zergatik ez da zutitzen? Jaunak bultza egin 16 eta zabunka erori da. Gudariek elkarri diote: <Goazen ihesi geure herrira, itzul gaitezen geure jaioterrira, ezpata suntsitzailetik urrun>. 17 Ezarri Egiptoko erregeari goitizena: <Desgaraiko zarata-hots>. 18 Ala ni bizi, izena <Jaun ahalguztidun> dudan hau! Nik,errege honek, hau diot: Mendi artean tinko dagoen Tabor bezala, itsasertzean irmo dagoen Karmel mendia bezala, halaxe etorriko da etsaia! 19 Egiptoko herri, presta erbesterako hornidura: eremu bihurtuko da Menfis, bizilagunik gabeko lur erraustu. 20 Egipto bigantxa ederrari ezpateulia datorkio iparraldetik. 21 Haren saripeko gudariek ere zekor guri dirudite. Ihesi doaz, bizkarra emanez, denak batera. Heldu zaie gainera hondamena, kontuak hartzeko eguna. 22 Isil-isilik doa Egipto, sugea bezala, etsaien gudarosteen erasopean. Egurgileak bailiran datozkio, aizkoraz sartu 23 eta basorik trinkoena ere soiltzen duten egurgileak. Hala diot, nik, Jaunak. Kontaezinak dira, izan ere, larrapoteak baino ugariago. 24 Eta horra Egipto ederra porrokatua, iparraldeko herriari emana».

25 Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: «Zigorra damaiet Tebasko Amon jainkoari, Egiptori eta bertako jainko eta printzeei, faraoiari eta beronengan fidatu direnei. 26 Hil nahi dituztenen esku utziko ditut: Babiloniako errege Nabukodonosorren eta beronen gudarien esku. Ondoren, ordea, jendez beteko da lehengo denboretan bezala. Nik, Jaunak, esana.

Jaunak bere herria salbatuko


27 «Zu, Jakoben herri, ez izan beldur! Ez izutu, Israel, ene zerbitzari hori! Neuk aterako zaitut bizi zaren urrutiko erbestetik, zeure seme-alabekin batera. Itzuliko zara eta lasai biziko, seguru egongo, inolako kezkarik gabe. 28 Ez izan beldur, Jakoben herri, zeurekin izango bainauzu! Hala diot nik, Jaunak. Sakabanatu zaitudaneko nazioak suntsitu egingo ditut; zu, ordea, ez zaitut suntsituko; baina bai zentzaraziko merezi duzun neurrian: ez zaitut utziko zigorrik gabe».

Filistearrentzat

47. atala[aldatu]

1 Jaunak mezu hau eman zion Jeremias profetari filistearrentzat, faraoiak Gazari eraso baino lehen.

2 Honela dio Jaunak: «Urak hazi egin dira iparraldean, uholde oldartsu bihurtu: herrialdea eta bertako guztia, hiria eta bertan bizi direnak, dena estaltzen dute. Jendea oihuka dabil laguntza eske, bizilagun guztiak garrasika, 3 zaldien lauoinka-hotsa, gudu-gurdien burrunba eta gurpilen karranka entzutean. Gurasoek ezin diete haurrei lagundu, indarrik gabe daude eta. 4 Etorri baita eguna, filistear guztiak suntsituko dituena, Tiro eta Sidoni defendatzaile bat ere utziko ez diena. Bai, suntsitu egingo ditu Jaunak filistearrak, Kreta uhartetik etorri zirenak. 5 Gazakoak burusoil daude dolutan, Axkelongoak mutu. Lautadan bizirik geldituok, noiz arte urratuko dituzue gorputzak? 6 Hau esango dute: <Ai Jaunaren ezpata! Noiz hartu behar duzu atseden? Bildu zorrora, zaude, gelditu!> 7 Baina nola hartu atseden, Jaunak agindu badio? Axkelonen eta kostaldean, hor behar du bere egitekoa bete!»

Moabentzat

48. atala[aldatu]

1 Moabentzat, mezu hau eman du Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak:

«Zoritxar handia Neborentzat: suntsitua da hiria! Kiriataim porrokatua eta konkistatua! Porrokatua eta desegina gotorlekua: 2 akabo Moaben harrotasun zena! Hexbonen prestatu dituzte Moab galtzeko bideak: <Suntsi dezagun nazioa!>, zioten. Zu ere bai, Madmen, mutu gelditu zara: gainean duzu ezpata. 3 Garrasiak Horonaimdik laguntza eske: hondamena eta izugarrizko ezbeharra!

4 «Hautsia utzi dute Moab, haurren garrasiak entzuten dira. 5 Negar batean doaz Luhiteko aldapan gora; garrasi erdiragarriak dira Horonaimgo aldapan behera. 6 Zoazte ihesi! Salbatu bizia! Egin lasterka basamortuan basastoak bezala! 7 Moab, zeure indar eta ondasunetan fidatu zara: hara orain zu ere konkistatua! Zure jainko Kemox erbestera doa, bere apaiz eta buruzagiekin. 8 Hiri guztietan ari da suntsitzailea, ez da bat ere libratzen: dena hondatua eta galdua haranean eta goi-lautadan. Hala diot nik, Jaunak. 9 Egin hilobia Moabentzat, hondakin huts baita. Hiriak hondamendi bihurturik, jenderik gabe geratzen dira».

10 Madarikatua Jaunak emandako eginkizuna betetzen nagia! Madarikatua ezpata mendekatzailea hartu nahi ez duena!

11 Gazte-denboratik lasai bizi izan da Moab, ez du erbesterik ezagutu. Jalkitzen egondako ardoak bezala, ontzitik ontzira aldatu gabeko ardoak bezala, ez du galdu bere gozoa, ez zaio joan bere usain ona.

12 Horregatik, Jaunak dio: «Badator garaia, ontzitik ontzira nork aldatua bidaliko diodana: ontziak hustu eta puskatu egingo dituzte. 13 Orduan, huts aterako zaie moabdarrei Kemox jainkoarengan zuten konfiantza, israeldarrei Betelengan zutena huts gertatu zitzaien bezala.

14 «Nola ausartzen zarete, moabdarrok, adoretsu, borrokan zaildutako gudari zaretela esaten? 15 Iritsi da Moaben eta bertako hirien suntsitzailea: triskantzara doaz gazterik bikainenak. Hala diot nik, Errege honek: <Jaun ahalguztidun> dut izena! 16 Hurbil da Moaben hondamena, gainean du zoritxarra. 17 Auzoko nazioek, Moabi begirune ziotenek, lagun biezaiote atsekabean, eta esan: <Ai ene! Hautsi dute Moaben boterea, erraustu haren eder-ospea!>

18 «Dibongo jendeok, jaitsi ohorezko zeuen aulkitik, koka zaitezte eremuan, aurka baitatorkizue Moaben suntsitzailea, gotorlekuak erraustera. 19 Aroerko bizilagunok, jarri bidean zelatari, galdegin ihesi doazenei zer gertatu den. 20 Erantzungo dizuete: <Porrokatua dago Moab, desegina. Egin intziri eta garrasi berarengatik! Iragarri Arnon ibai inguruan Moab suntsitua izan dela> ».

21 Badator goi-lautadako hirien aurka Jaunak erabakitako zigor-epaia: Holon, Jahtza, Mefaat, 22 Dibon, Nebo, Bet-Diblataim, 23 Kiriataim, Bet-Gamul, Bet-Meon, 24 Keriot eta Botzra, Moabeko hiri guztien aurka, gertuko nahiz urrutiko.

25 «Galdu da Moaben boterea, desegin da haren indarra». Horixe da Jaunaren epaia.

26 Mozkor ezazue Moab, bere burua Jaunaren kontra handitu nahi izan du eta. Bere okadatan iraulkatuko da, eta denek barre egingo diote. 27 Ez zenion, bada, zuk barre egin Israeli, lapurretan harrapatutako bati bezala? Ez zinen, bada, buru-eraginka jarduten, hartaz hitz egiten zenuen bakoitzean?

28 Moabeko bizilagunok, utzi hiriak, joan harkaitzetara bizitzera, koba-zuloetan habia egiten duten usoen antzera. 29 Ezaguna dugu Moaben gehiegizko harrokeria. Hura handikeria, hura harropuzkeria eta handiustea! 30 Jaunak dio: «Ezagutzen dut haren ustekeria, eta egiteek ez diote urrik ere ematen haren esan harroei». 31 Intziriz eta negar-zotinka nago, garrasi bizian Moabengatik, Kir-Heresko jendearengatik. 32 Jazergatik egin nuen baino negar gehiago dagit zuregatik, Sibmako mahasti horrengatik. Zure aihenak Itsaso Gorriraino luzatzen ziren, Jazereraino iristen: zure gain ere oldartu da suntsitzailea, uzta eta mahats-bilketa hondatuz. 33 Amaitu dira poza eta alaitasuna Moabeko mahasti eta soroetan. Dolareetan ez da gehiago mahatsik zapaltzen, kito poz-irrintziak!

34 Hexbongo deiadarrak Elale eta Jahatzeraino iristen dira; garrasiak entzuten Tzoartik Horonaimeraino, Eglat-Xelixiaraino, Nimrimgo urak ere agortu egin baitira. 35 Jaunak dio: «Galdu egingo ditut Moaben, muinoetako kultu-lekuetan beren jainkoei intsentsua erretzen dieten guztiak». 36 Horregatik, txirularen antzera dardaraz daukat bihotza Moabengatik, txirularen antzera dardaraz Kir-Heresko jendearengatik, galdu baitituzte bilduriko ondasun guztiak. 37 Burua soil eta bizarra motz dute guztiek, besoak urratuak eta dolu-jantzia soinean. 38 Moabeko etxe gain eta plazetan jende guztiak dolu. Izan ere, Jaunak dio: «Ezertarako ez den ontzia bezala apurtu dut Moab». 39 Ai ene, desegina da Moab! Egin intziri! Lotsaren lotsaz bizkarra eman du! Auzokoen izu eta isekagai bihurtu da.

40 Honela dio Jaunak: «Arranoaren antzera oldartzen da etsaia, hegoak zabalduz Moaben gainera. 41 Hiriak konkistatuko dituzte, gotorlekuak menperatuko. Egun hartan, indargabe geldituko dira Moabeko gudariak, emakumea erdiminetan bezala. 42 Moab ez da herri izango, nire aurka bere burua altxatu baitu. 43 Hala diot nik, Jaunak: Izua eta zuloa eta zepoa zuretzat, Moaben bizi zaren horrentzat: 44 izuaren erasotik ihes egin dezana zuloan jausiko da; zulotik ihes egin dezana zepoan harrapatua geldituko. Zigorra bidaliko diot Moabi kontuak hartzeko egunean. Hala diot nik, Jaunak.

45 «Ihesi doazenak, ahiturik, Hexbonen babesean gelditu dira; baina sua jalgitzen da Hexbondik, sugarrak zabaltzen Sihon erregearen jauregitik, guztia kiskaliz: Moabeko haranak eta goi-lautada. 46 Zer zoritxarra zuretzat, Moab! Galdua zara, Kemoxen herri hori! Zure seme-alabak gatibu eraman dituzte atzerrira.

47 «Baina egunen batean aldatuko dut Moaben zoria. Nik, Jaunak, esana».

Honaino Moaben aurkako epaia.

Amondarrentzat

49. atala[aldatu]

1 Jaunaren mezua amondarrentzat:

«Ez ote Israelek seme-alabarik? Ez ote oinordekorik? Nola jabetu dira, bada, Gaden lurraldeaz amondarrak, Milkom jainkoaren gurtzaileak? Nola bizi dira horiek israeldarren hirietan? 2 Hala diot nik, Jaunak: Badator garaia, amondarren Raba hiriburuan gudu-irrintzia entzungo dena. Hiriburua hondakin-pila bihurtuko da, haren menpeko hiriak erre egingo. Israel berriro jabetuko da kendu zioten lurraldeaz. Hala diot nik, Jaunak.

3 «Egin intziri, Hexbongo bizilagunok: Suntsitua dago Ai hiria! Egin garrasi, Raba inguruko hiriok! Hartu dolu-jantzia, jo hiletak, harresi inguruan harat-honat ibiliz! Milkom jainkoa erbestera doa, bere apaiz eta buruzagiekin. 4 Zertan harrotu zeure haran joriaz, hiri galdu hori? Zeure ondasunetan fidatzen zinen, inor ez zela zuri erasotzeko gauza pentsatuz. 5 Izu-ikara bidaliko dizut, bada, alde guztietatik. Nork bere aldetik emango dio ihesari, eta inor ez sakabanatuak biltzeko. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

6 «Baina ondoren, aldatuko dut amondarren zoria. Nik, Jaunak, esana».

Edomdarrentzat

7 Jaun ahalguztidunaren mezua edomdarrentzat:

«Ez ote jadanik jakinduriarik Temanen? Ez ote hango jakintsuak aholku emateko gauza? Akabo ote haien jakinduria famatua? 8 Dedango jendeok, itzuli, joan ihesi, ezkutatu koba-zuloetan! Kontuak hartzeko garaia baita, hondatu egingo ditut Esauren ondorengoak. 9 Mahats-biltzaileek, zuen mahastira datozelarik, gutxienez hondarrak uzten dituzte; lapurrek, gauez zuenean sartuz gero, nahi dutena besterik ez dute eramaten. 10 Nik, ordea, erabat larrutuko ditut Esauren ondorengoak; agerian jarriko ditut haien gordelekuak, ez dute izango non ezkutaturik. Haien seme-alabak eta auzoko herrietakoak suntsitu egingo dituzte. Ez da inor geratuko hau esateko: 11 <Ez arduratu umezurtzez, neuk haziko ditut; alargunek neu izango naute babes> ».

12 Honela dio Jaunak: «Israelek berak ere, zigor-kopatik edan behar izan zuen, bidezko ez izan arren; eta zuk, Edom, zigorretik aske geldituko zarela uste al duzu? Ez horixe! Edan beharko duzu zuk ere zigor-kopatik. 13 Neure buruarengatik dagit zin: Botzra hiria hondamen eta eremu, madarikazio eta isekagai bihurtuko da, haren menpeko hiriak hondakin betiereko. Nik, Jaunak, esana».

14 Jaunarengandiko deia entzun diogu nazioetara bidalitako mandatariari: «Bil zaitezte, joan Edomen aurka! Jaiki borrokarako!» 15 Hau dio Jaunak: «Horra nik zu nazioetan ahulena bihurtu, guztientzat mesprezagarri. 16 Jendeak beldurra zizun, handiustea zenuen zeure baitan: horrek engainatu zaitu. Harkaitz artean bizi zara, bai, mendi-tontorrei itsatsia; baina, arranoak bezala, zeure habia goi-goian egingo bazenu ere, bota egingo zintuzket handik.

17 «Edom hondamen bihurtuko dut: handik igaroko diren guztiak izu-ikaraturik geldituko dira, halako hondamendia ikustean. 18 Jaunak Sodoma, Gomorra eta inguruko hiriak erraustu zituenean bezala, ez da han aurrerantzean gizakirik biziko. Hala diot nik, Jaunak.

19 «Nola lehoia Jordango sastraka artetik atera eta ardiz beteriko larretokietara oldartzen den, halaxe botako ditut edomdarrak beren lurraldetik bat-batean, eta nahi dudana ezarriko han gobernari. Izan ere, nor ni bezalakorik? Nork egingo niri erronka? Zein erregek emango niri aurpegi? 20 Entzun, bada, nik, Jaunak, Edomen aurka hartu dudan erabakia, Temango jendearen aurka mamitu dudan egitasmoa: haien haurrak ere arkumeak bezala eramango dituzte, lurraldea erabat hondatuko. 21 Edomen erorketaren burrunbak lurra dardararaziko du, garrasiak Itsaso Gorriraino entzungo. 22 Arranoaren antzera oldartzen da etsaia, Botzraren gainera hegoak zabalduz. Egun hartan, indargabe geldituko dira Edomgo gudariak, emakumea erdiminetan bezala».

Damaskorentzat

23 Damaskorentzat mezua: «Hamat eta Arpad hiriak nahasturik daude, albiste ikaragarria jaso baitute. Itsaso gaiztoa bezala, asaldaturik, egonezinik daude. 24 Damasko leher egina dago, ihes egin nahian, ikarak hartuta, estuasun eta oinazetan, emakumea erdiminetan bezala. 25 Ai! Hara bertan behera utzia halako ospea eta alaitasuna zituen hiria! 26 Egun hartan, gazteak kaleetan eroriko dira, gudari guztiak hilko. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. 27 Su emango diet Damaskoko harresiei eta suak Ben-Hadaden jauregiak irentsiko ditu».

Arabiarrentzat

28 Babiloniako errege Nabukodonosorrek garaitu zituen Kedar leinuarentzat eta Hatzor hiriaren menpeko erreinuentzat Jaunaren mezua:

«Jaiki, eraso Kedarri! Hondatu ekialdeko leinuak! 29 Haien etxolak eta artaldeak hartzen dituzte, haien oihal-etxola eta duten guztia; gameluak eramaten dizkiete. Kanpalekuak oihuka inguratzen dituzte, izu-ikara inguru guztian sortuz. 30 Hatzorko bizilagunok, egizue ihes arin, ezkutatu koba-zuloetan! Hala diot nik, Jaunak. Babiloniako errege Nabukodonosorrek zuen aurkako erabakia hartua du, egitasmoa mamitua.

31 «Jaiki, babiloniarrok, eraso herriari: ate eta morroilorik gabe, bakar-bakarrik, seguru eta lasai bizi den herriari. Hala diot nik, Jaunak. 32 Harrapakin gisa hartzen dizkiete gamelu eta artaldeak. Lau haizeetara sakabanatuko ditut beduino horiek, alde guztietatik erakarriko diet hondamena. Hala diot nik, Jaunak. 33 Hatzor hiria txakal-zulo bihurtuko da, basamortu betiko: ez da han aurrerantzean gizakirik biziko».

Elamdarrentzat

34 Sedekias Judako errege egin eta laster, mezu hau adierazi zion Jaunak Jeremias profetari Elam herrialdearentzat:

35 «Honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Elamen gudu-indarrak suntsituko ditut, haren gudaririk bikainenak apurtuko. 36 Ortziko lau ertzetatik haizea sortu eta Elamen aurka joaraziko diot: lau haizeetara sakabanatuko ditut hango bizilagunak. Nazio bat ere ez da izango munduan ihesi joandako elamdarren bat hartuko ez duenik. 37 Bizia kendu nahi dieten etsaien aurrean izu-ikaraz beteko ditut elamdarrak. Zoritxarra ekarriko diet, neure haserre-sumina ikusaraziko. Gerra bidaliko dut haien aurka, guztiak garbitu arte. Hala diot nik, Jaunak. 38 Erregea eta buruzagiak kendu egingo ditut Elamdik, neu jarriko naiz errege haien ordez. Hala diot nik, Jaunak.

39 «Baina egunen batean aldatuko dut Elamen zoria».

Babilonia eroriko eta Israel salbatuko

50. atala[aldatu]

1 Jaunak, Jeremias profetaren bidez, Babilonia hiriarentzat eta babiloniar herriarentzat adierazitako mezua.

Babiloniaren hondamena iragarri

2 «Iragarri hau nazioetan, aldarrikatu; jaso bandera eta aldarrikatu, ez isildu, egin oihu: <Konkistatu dute Babilonia! Hango jaun eta jainko Marduk lur jorik dago lotsagarriro, hondaturik haren irudi higuingarriak>. 3 Herri bat etorri da iparraldetik Babiloniaren aurka, haren lurraldea basamortu bihurtuko duena: inor ere ez da geldituko han bizitzen, gizaki eta abereak ihesi joango dira».

Israeldarrak berriro itzuli

4 Jaunak dio: «Garai hartan, israeldarrak eta judatarrak, elkarturik, beren herrialdera etorriko dira; negarrez etorriko dira nire bila, Jaunaren, beren Jainkoaren, bila. 5 Siongo bideaz galdegingo dute, eta harantz bideratuko dira, esanez: <Ea, elkar gaitezen Jaunarekin ahaztuko ez dugun betiko itunaz>.

6 «Artalde galdua zen nire herria, bere artzainek desbideratua, mendiz mendi erabilia: menditik muinora zebiltzan, beren eskortak ahazturik. 7 Aurkitzen zituen edonork irensten zituen; etsaiek honela zioten: <Guk ez dugu errurik, beroriek egin baitute bekatu Jaunaren aurka> ». Jauna da justiziaren barruti, gurasoen itxaropen!

8 «Egin ihes Babiloniatik, israeldarrok, utzi berehala herrialde hori, irten akerrak ahuntz-taldearen aurretik bezala! 9 Herri indartsuak ari naiz biltzen iparraldean, Babiloniari erasotzeko. Haren kontra borrokatuko dira eta konkistatu egingo. Burutuko dute beren egitasmoa: gudari trebearen gezien antzera, ez dute huts egingo. 10 Babilonia osoa hondatuko dute, nahi beste harrapakin eramango. Nik, Jaunak, esana.

Babilonia erori

11 «Zuek, babiloniarrok, nire herria hondatu duzuenok, egin festa eta pozez salto; bai, egin zilipurdika zekorrak zelaian bezala, egin irrintzi zaldiak bezala. 12 Zuen jaioterria lotsagorritan eta desohorez betea geldituko da; herrietan azkena izango da, basamortu eta eremu lehor. 13 Bizilagunik gabe eta erabat hondatua utziko dut neure amorru bizian. Handik igaroko diren guztiak izu-ikaraturik geldituko dira, hango hondamendia ikustean.

14 «Arkulariok, presta borrokarako Babiloniaren inguruan; jaurtiki haren kontra gezi guztiak, ez gorde bat ere, bekatu egin baitu Jaunaren aurka. 15 Egin gudu-irrintziak haren inguruan! Babiloniak amore eman du! Erori dira haren dorreak, bota dituzte harresiak. Nire mendekua da, Jaun honek haren aurka erabakitako mendekua: egin berari berak besteei egina! 16 Desagerrarazi Babiloniatik hazi-ereile eta uzta-biltzaile guztiak. Nork bere herrira joko du, nork bere aberrira ihes egingo, gerra suntsitzailetik urrun».

Israel berriro itzuli

17 Jaunak dio: «Lehoiek erasotako artalde sakabanatua zen Israel. Asiriako erregeak irentsi zuen lehenengoz; gero, Babiloniako errege Nabukodonosorrek txikitu zeharo. 18 Horregatik, nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, zigortu egingo ditut Babiloniako erregea eta herrialdea, Asiriako erregea zigortu nuen bezala. 19 Bere larreetara itzularaziko dut Israel, ene artaldea, eta Karmel mendian eta Baxan eskualdean larratuko da; ase arte jango du Efraimgo mendietan eta Galaaden. 20 Orduan ez da geldituko Israelen erruaren eta Judaren bekatuen arrastorik, barkatu egingo baitiet bizirik utziko ditudanei».

Jaunak Babilonia kondenatu

21 Jaunak dio:

«Eraso Merataim lurraldeari, Pekodeko bizilagunei. Garbi itzazue eta suntsitu erabat, bete agindu dizuedan guztia. 22 Gerra-hotsak lurralde hartan, hondamendi izugarria. 23 Babilonia, garai batean, mailuak bezala, mundu guztia jotzen zuena, orain bera da puskatua eta txikitua! Hara Babilonia hondamendi bihurtua nazioen artean! 24 Tranpa jarri dizut, Babilonia, eta konturatu gabe erori zara bertan: atzemana eta lotua gertatu zara, nire aurka, Jaun honen aurka, jarri zarelako. 25 Armategia zabaldu eta armak atera ditut, neure haserre-zigorra burutzeko: nik, Jaun ahalguztidunak, eginbehar bat dut babiloniarren herrialdean. 26 Zatozte alde guztietatik haren aurka, zabaldu hango biltegiak, pilatu dena eta suntsitu, ez dadila hondarrik ere geldi! 27 Hil hango buruzagiak, bidali hiltegira zekorrak bezala! Egin du haienak, iritsi zaie kontuak hartzeko eguna!»

Sionen berri eman

28 Babiloniatik bizirik ihes egindakoek Sion hirian ematen dute berri hau: «Jaunaren, gure Jainkoaren, mendekua da, tenplua hondatu zutenen kontrako mendekua».

Jauna Babiloniaren aurka

29 Jaunak dio:

«Bildu arkulariak Babiloniaren aurka, bildu uztaia erabiltzen duten guztiak. Ingura bezate hiria, ez dezala handik inork ere ihes egin! Ordaindu beraren egiteek merezia, egin berari berak besteei egina, Jaun honekin, Israelen Santuarekin, harro eta lotsagabe jokatu baitu. 30 Egun hartan gazteak kaleetan eroriko dira, gudari guztiak hilko. 31 Honela diot nik, Jainko Jaun ahalguztidunak: Hona hemen ni zure aurka, lotsagabe halakoa! Heldu da zure eguna, kontuak emateko ordua! 32 Nazio lotsagabea zabunka hasi eta erori egingo da, ez du inork jasoko. Su emango diet zure hiriei eta suak inguru guztiak irentsiko ditu».

Jauna Israelen salbatzaile

33 Honela dio Jaun ahalguztidunak:

«Israel herria eta Juda herria, biak daude zapaldurik: etsaiek menpean hartu dituzte eta askatu nahi ez. 34 Baina ni, haien defendatzailea, indartsua naiz, <Jaun ahalguztiduna> dut izena: neuk defendatuko dut haien auzia, munduari barealdia emanez eta babiloniarrak astinduz».

Gerra Babilonian

35 Jaunak dio: «Gerra Babiloniako bizilagunei, buruzagi eta jakintsuei! 36 Gerra igarleei: zora bitez! Gerra gudariei: egin bezate beldurrez dardara! 37 Gerra hango zaldi eta gudu-gurdiei, haren alde borrokatzen duten atzerriko gudariei: bihur bitez emajende beldurti! Gerra hango altxorrei: harrapa bitzate! 38 Gerra ibaiei: lehor bitez! Idoloen herrialdea baita Babilonia, irudi izugarri horiek liluratua. 39 Horregatik, basapiztien gordeleku izango da, txakalen eta ostruken bizileku. Gizakirik ez da han sekula biziko, bizilagunik gabe geldituko da mendez mende. 40 Sodoma, Gomorra eta inguruko hiriak Jaunak erraustu zituenean bezala, ez da han aurrerantzean gizakirik biziko. Hala diot nik, Jaunak.

Iparraldeko erasotzaileak


41 «Begira, herri bat dator iparraldetik, nazio handi bat eta errege asko abiatu dira munduaren azken muturretik. 42 Gezi-uztaiez eta lantzaz armatuak datoz; ankerrak dira eta gupidagabeak; itsas orroa bezalako deiadarrez, zaldiz datoz, borrokarako lerroturik, zure aurka, Babilonia hiri eder. 43 Babiloniako erregea, horren berri jakitean, indarge dago, estu eta larri, emakumea erdiminetan bezala.

44 «Nola lehoia Jordango sastraka artetik atera eta ardiz beteriko larretokietara oldartzen den, halaxe botako ditut babiloniarrak beren lurraldetik bat-batean, eta nahi dudana ezarriko han gobernari. Izan ere, nor ni bezalakorik? Nork egingo niri erronka? Zein erregek emango niri aurpegi? 45 Entzun, bada, nik, Jaunak, Babiloniaren aurka hartu dudan erabakia, babiloniar herriaren aurka mamitu dudan egitasmoa: haien haurrak ere arkumeak bezala eramango dituzte, lurraldea erabat hondatuko. 46 Babiloniaren konkistaren oihartzunak lurra dardararaziko du, garrasiak nazio guztietan entzungo».

Babilonia behin betiko gaitzetsia

51. atala[aldatu]

1 Honela dio Jaunak:

«Haize zakarra ateraraziko dut Babilonia eta hango bizilagun guztien aurka. 2 Etsaiak bidaliko ditut Babiloniaren aurka: garia bezala haizeratuko dute eta herrialde osoa hustuko. Zoritxar-egunean, alde guztietatik erasoko diote. 3 Alferrik teinkatuko du arkulariak uztaia, alferrik jantziko bular-babeskia. Ez diete barkatuko gudariei, erabat suntsituko dute gudarostea. 4 Asko hilko dira babiloniar herrialdean, asko zaurituak gertatuko kaleetan. 5 Babiloniar herriak hoben larria egin du Israelgo Santuaren aurka; izan ere, Israel eta Juda ez dira, alargun gisa, beren Jainko Jaun ahalguztiduna gabe gelditu.

6 «Egin ihes Babiloniatik, eutsi nork bere biziari! Ez bedi inor gal haren erruz. Nire mendeku-eguna baita, eta hari bere merezia emango diot. 7 Eskuan nuen Babilonia, urrezko kopa bezala, mundu guztia mozkorrarazteko. Edan dute nazioek ardo honetatik, eta zoraturik gelditu dira. 8 Bat-batean, ordea, erori eta txiki-txiki egin da Babilonia. <Egin intziri berarengatik, lagunok! Bila sendagaiak haren zaurientzat, ea sendatzen den>. 9 Honela diozue: <Saiatu gara Babilonia sendatzen, baina alferrik. Utz dezagun, beraz, eta alde egin nork bere lurraldera. Haren gaitzespena zerurainokoa da, hodeiak ditu ukitzen>. 10 Nire herriak esango du: <Garbitu du Jaunak gure auzia! Zatozte, adieraz dezagun Sionen Jaunak, gure Jainkoak, egina> ».

11 Zorroztu geziak, hartu babeskiak! Mediarren erregeak zirikatu ditu Jaunak, Babilonia hondatzeko asmoa burutzeko. Jaunaren mendekua da, tenplua hondatu zutenen kontrako mendekua. 12 Egin erasorako seinalea Babiloniako harresien aurka; sendotu guardapostuak, ugaritu zaintzaileak, jarri gudariak zelatan. Izan ere, Jaunak badu asmo bat, Babiloniako bizilagunen aurka iragarria, eta burutu egingo du orain.

13 Babilonia hori, bi ibai handiren artean zaude, aberastasun handiak dituzu! Iritsi zaizu, ordea, azkena, akabo zure irabaziak! 14 Jaun ahalguztidunak zin dagi bere buruarengatik: «Matxinsaltoak bezain ugari erakarriko dut jendea zure aurka, garaipen-kanta abestuko dute zure gain».

Gorespen-kanta Jainkoari


15 Jaunak bere ahalmenaz egin du lurra, bere jakinduriaz ezarri mundua, bere adimenaz zabaldu zerua. 16 Haren aginduz urak zeruan pilatzen dira, hodeiak zerumugan gora igotzen, erauntsiak tximistaka lehertzen, haizea bere gordelekuetatik ateratzen. 17 Orduan, gizaki oro zoraturik gelditzen da, ulertu ezinik: zilargina idoloez lotsaturik, gezurrezkoak baitira, arnasarik gabeko irudi, 18 zentzugabeko eta barregarri; Jaunak hondatuko ditu kontuak hartzeko egunean. 19 Besterik da Jakoben Jainkoa, bera baita gauza guztien egilea eta Israel bere ondaretzat hautatu duena. Jaun ahalguztiduna, hori du izena!

Babilonia Jainkoaren zigorraren baliabide

20 Jaunak dio:

«Babilonia, nire mailu izana zara, nire gudu-tresna! Txikitu ditut zurekin nazioak, txikitu erreinuak. 21 Txikitu ditut zurekin zaldi eta zaldizkoak, txikitu gurdi eta gurdizainak. 22 Txikitu ditut zurekin gizon eta emakumeak, txikitu zahar eta gazteak, txikitu mutil eta neskak. 23 Txikitu ditut zurekin artzain eta artaldeak, txikitu nekazari eta uztarridiak, txikitu gobernari eta buruzagiak.

Babiloniaren zigorra

24 «Baina orain zeuen begiz ikusiko duzue: ordaina emango diet Babiloniari eta babiloniar guztiei, Sioni egin dioten kalte guztiaren ordaina. Hala diot nik, Jaunak. 25 Hona hemen ni zure aurka! Mendia bezain handi bihurtu zara, mendi hondatzaile, lur osoaren hondatzaile! Eskua zure aurka luzatuko dut, harkaitzetatik amilduko zaitut eta errauts-mendi bihurtuko. 26 Zure harriek baliorik ez inongo etxeren giltzarri izateko; ostera, hondamendi izango zara beti-betiko. Hala diot nik, Jaunak.

27 «Egin erasorako seinalea, jo nazioetan gudurako adar-hotsa! Deitu gerra santura nazioak, hots egin Babiloniaren kontra Ararat, Mini eta Axkenaz erreinuei! Izendatu gudalburua beraren kontra, eraso bezate zaldiek, matxinsalto amorratuen antzera. 28 Deitu nazioak gerra santura: mediarren errege, buruzagi eta gobernariak, eta menpeko herri guztiak. 29 Lurra dardar dago ikaraz, Jaunak bere egitasmoa Babiloniaren aurka burutzean: Babilonia basamortu bihurtu, bizilagunik gabe utzi. 30 Babiloniako gudaririk bulartsuenek uko egin diote borrokari, beren gotorlekuetan babestuz. Kemena galdurik, emajende dirudite. Hiriko ateak bota dituzte, etxeak sutan daude. 31 Lasterka datoz mezulariak bata bestearen ondo-ondotik, Babiloniako erregeari berri ematera: <Etsaiek alderik alde konkistatu dute hiria>, 32 <Ibaietako pasabideez jabetu dira>, <Ontziak erre egin dituzte>, <Gudariak izuak hartuta daude>.

33 «Nola larraina gari-jotzean, hala geratuko da Babilonia hiri ederra: denbora gutxi barru bere egiteen uzta jasoko du. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak».

Jerusalem mendeku eske

34-35 Honela mintzo da Siongo jendea, honela dio Jerusalemgo herriak: «Nabukodonosorrek, Babiloniako erregeak, nire aberastasunak jan, dena zurrupatu eta hustutako platera bezala utzi nau. Herensugeak bezala irentsi, nire gauzarik preziatuenez sabela bete eta bota egin nau. Jauna, jo beza Babilonia berak niri eginiko bortxakeriak, jaus bedi babiloniarren gain isuri duten nire odola!»

Jaunaren erantzuna

36 Beraz, honela dio Jaunak:

«Neuk defendatuko dut zure auzia, neure gain hartuko zure mendekua: Babiloniako ibaiak hustuko ditut, iturburuak agortuko. 37 Harri-pila eta txakal-zulo bihurtuko da Babilonia, hondamendi eta jendearen isekagai: bizilagunik gabe utziko dut. 38 Orroaka ari dira denak batera, lehoiak bezala; kurrinka, lehoikumeak bezala. 39 Bero-bero daudenean, edaria prestatuko diet, burua galtzeraino mozkortuko ditut: betiko loak hartuko ditu, ez dira gehiago esnatuko. Hala diot nik, Jaunak. 40 Hiltegira eramango ditut, bildotsak, ahariak eta akerrak bezala».

Babiloniari negar-kanta

41 Ai ene! Konkistatu dute Babilonia, menperatu dute mundu guztiak goresten zuen hiria! Ai ene! Babilonia hondamendi bihurtu da nazioen artean! 42 Itsasoa bezala oldartu zaizkio etsaiak, olatu handiek bezala estali dute. 43 Hiriak hondaturik daude, herrialdea basamortu eta eremu lehor bihurtua, bizilagunik gabe, bertan inor ere ibiltzen ez dela. 44 Jaunak iragarri du: «Zigortu egingo dut Babiloniako Bel jainkoa, ahotik aterako diot irentsi duena. Nazioek ez dute aurrerantzean harengana joko; Babiloniako harresia bera ere erori egingo da. 45 Irten handik, ene herri; atera onik eta bizirik, Jaunaren haserre-suminetik.

46 «Ez bekizue kikildu bihotza, ez izan beldur lurraldean zabaltzen ari diren zurrumurruak direla eta; urtez urte zurrumurru ezberdinak dira: <Indarkeria alde guztietan>, <Diktadorea diktadorearen ondoren...>

47 «Baina badator garaia, Babiloniako idoloak zigortuko ditudana: herrialdea lotsaz beteko da, bertako bizilagunen gorpuek estaliko dute. 48 Zeru-lurrak eta horietan dagoen guztia garaipen-oihuka ariko da Babiloniaren aurka, suntsitzaileak iparraldetik etorriko direnean. Hala diot nik, Jaunak.

49 «Mundu guztian erori da jendea, Babiloniak hilik; orain Babilonia eroriko da, berak Israelen hildakoengatik».

50 Heriotzatik libratu zaretenok, alde egin luzatzeke! Oroitu Jaunaz urrutitik, ekarri gogora Jerusalem. 51 Honela diozue: «Lotsaturik gaude, horrenbesteko irainaren berri jakitean; lotsaz gorri dugu aurpegia, atzerritarrak Jaunaren santutegian sartu direlako». 52 Baina Jaunak dio: «Badator garaia, Babiloniako idoloak zigortuko ditudana: herrialde guztian ariko dira intzirika larriki zaurituak. 53 Babilonia zeruraino igoko balitz ere, bere gotorlekua goi hartan sendotuko balu ere, bertaraino helduko lirateke bidaliko dizkiodan suntsitzaileak. Nik, Jaunak, esana».

Babiloniaren hondamena

54 Babiloniatik deiadarka laguntza eske: izugarrizko hondamena herrialdean! 55 Babilonia suntsitzen ari da Jauna, haren garrasiak isilaraziz; itsaso haserrearen olatu-burrunba dirudite haren oihu larriek. 56 Bai, badator suntsitzailea Babiloniaren aurka: preso hartzen dituzte gudariak, gudu-indarrak porrokatzen. Gaiztakeria zigortzen duen Jainkoa da Jauna, nori bere merezia ematen diona.

57 Hau dio Erregeak, izena «Jaun ahalguztidun» duenak: «Mozkortu egingo ditut hango agintari eta jakintsuak, gobernari, buruzagi eta gudariak; betiko loak hartuko ditu, ez dira gehiago esnatuko. 58 Babiloniako harresi lodiak zeharo eroriko dira, ate garaiak suak kiskaliko ditu. Alferrik ahalegintzen dira herriak, suak desegingo baititu haien lanak. Nik, Jaun ahalguztidunak, esana».

Jeremiasen mezua Babiloniara bidalia

59 Mandatu bat eman zion Jeremias profetak Neriasen seme eta Mahseiasen biloba Seraiasi, Judako errege Sedekiasen laguntzaileari, erregearekin batera Babiloniara joan zenean. Sedekiasen erregealdiko laugarren urtea zen. 60 Jeremiasek idatziak zituen liburu batean Babiloniaren gain etortzekoa zen hondamendiaren xehetasun guztiak, Babiloniaren kontra hemen idatzitako mehatxuak, alegia. 61 Honela esan zion, bada, Seraiasi: «Babiloniara iristean, irakurri hitz horiek denen aurrean. 62 Bukatutakoan, erantsi: <Jauna, esana duzu toki hau desegingo duzula, hutsik, gizaki nahiz abererik gabe utzi eta betiko hondatuko duzula>. 63 Behin liburua irakurriz gero, ezarriozu harri bat eta bota Eufrates ibaira, 64 esanez: <Horrela hondoratuko da Babilonia, ez da jaikiko nik bidaliko diodan hondamenditik> ».

Hemen amaitzen dira Jeremiasen mezuak.


52. atala[aldatu]

1 Hogeita bat urte zituen Sedekiasek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena, eta Libnako Jeremiasen alaba zen. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Joiakimek bezalaxe. 3 Hain zegoen haserre Jauna Jerusalemen eta Judaren kontra, ezen bere aurretik urruti bota baitzituen. Babiloniako errege Nabukodonosorren kontra jaiki zen Sedekias. 4 Sedekiasen erregealdiko bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, Babiloniako errege Nabukodonosor Jerusalemen kontra etorri zen gudaroste osoarekin eta setiatu egin zuen, inguru guztian harresia eraikiz. 5 Sedekias erregearen hamaikagarren urtera arte egon zen setiatua Jerusalem. 6 Urte hartan janaria ahitu zen hirian eta jendearen gosea izugarria zen. Laugarren hilaren bederatzian, 7 zuloa ireki zuten barrukoek harresian, eta hiriko gudari guztiek ihes egin zuten; atera ziren gauez erregearen lorategi ondoan zegoen bi harresien arteko atetik
-babiloniarrek setiaturik zeuden arren
- eta Araba aldera alde egin zuten.
8 Babiloniar gudarosteak, ordea, Sedekias erregearen ondoren joan eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen, beronekin ziren gudariak sakabanatu zirelarik. 9 Erregea atzeman ondoren, Hamat eskualdeko Riblara eraman zuten, Babiloniako erregearen aurrera. Honek epaia eman zion. 10 Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean, Riblan bertan, bai eta Judako buruzagiei ere. 11 Sedekias, begiak lehertarazi ondoren, katez loturik, Babiloniara eraman zuen Nabukodonosorrek eta presondegian eduki hil arte.

Jerusalem hondatu


12 Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren hamarrean, Nebuzaradan, Babiloniako erregearen ministrari eta guardaburua, etorri zen Jerusalemera. 13 Su eman zien Jaunaren etxeari, jauregiari eta Jerusalemgo etxeei, handikienei batez ere. 14 Eta guardaburuarekin batera zetorren babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresi guztia bota egin zuen. 15 Ondoren, Nebuzaradan guardaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, bai eta Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta artisauak ere. 16 Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten. 17 Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraxka handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea. 18 Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, ixipu-ontziak, katiluak. 19 Guardaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: errauts-ontziak, intsentsu-ontziak, ixipu-ontziak, eltzeak, argimutilak eta katiluak. 20 Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen brontzeak: Salomonek tenplurako eginak ziren bi zutabeen, hamabi zezen euskarri zituen uraxkaren eta orgen brontzeak. 21 Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora eta seina metro zirkunferentzia, barrutik hutsak, eta brontzearen lodiera zortzi zentimetrokoa. 22 Gainean bi metro eta erdiko brontzezko kapitel bana zuten, kapitel bakoitza brontzezko sare eta granadaz inguratua zelarik. 23 Laurogeita hamasei granada nabari ziren. Guztira, ehun granada zeuden sarearen inguruan.

Atzerriratuen zerrenda


24 Guardaburuak atxilotu egin zituen Seraias apaizburua, Sofonias apaiz laguntzailea eta hiru atezainak. 25 Hirian, berriz, gudarien arduradun zen ofizial bat, erregearen zerbitzura zeuden zazpi gizon, gudarien izenak hartzen zituen gudari-idazkari bat eta, hauekin batera, beste hirurogei handiki atxilotu zituen, denak Jerusalemen gertatu baitziren. 26 Nebuzaradan guardaburuak hartu eta Riblara eraman zituen, Babiloniako erregeagana, 27 eta honek bertan hilarazi, Hamat eskualdean. Horrela erbesteratu zuten Judako jendea bere lurraldetik urruti. 28 Hona Nabukodonosorrek Judatik erbesteratu zuen jende-kopurua: bere erregealdiaren zazpigarren urtean, 3.023 lagun; 29 hemezortzigarrenean, 832 lagun; 30 hogeita hirugarrenean, azkenik, 745 lagun erbesteratu zituen Nebuzaradan guardaburuak. Guztira, 4.600 lagun erbesteratu zituzten.

Babiloniako erregeak Joiakini barkatu


31 Judako errege Joiakin, hogeita hamazazpi urtez gatibu egon ondoren, Ebil-Merodakek askatu egin zuen giltzapetik, Babiloniako errege egin zen urte berean, hamabigarren hilaren hogeita bostean. 32 Onez hartu zuen Ebil-Merodakek Joiakin erregea, eta Babilonian berekin zituen beste erregeak baino gorago jarri zuen. 33 Presondegiko jantziak erantzi eta, aurrerantzean, erregearen mahaian jan zuen beti, bere bizitza guztian. 34 Eguneroko janaria, beraz, Babiloniako erregeak eman zion, bere bizitza guztian.