1. atala
[aldatu]1 Hona hemen Jaunak Malakiasen bitartez Israeli zuzendu zion mezua.
2 «Maite zaituztet», dio Jaunak. Baina zuek galdetzen duzue: «Zertan agertzen diguzu, bada, zeure maitasuna?» Eta Jaunak erantzuten: «Ez ote zen Esau Jakoben anaia? Hala ere, Jakob izan nuen maite, 3 eta ez Esau. Horregatik, Esauren ondorengo edomdarren mendialdea lur soil bihurtuko dut, eta haren sailak basamortuko txakalei utziko dizkiet. 4 Edomdarrek esan dezakete: <Hondatuak gaude, baina berriro jasoko ditugu horma eroriak>. Nik, ordea, Jaun ahalguztidun honek, honela diot: Jaso ditzatela, berriro botako baititut. <Gaiztakeri lurralde> deituko zaie, edota <Jauna betiko haserre duen herri>. 5 Zeuen begiz ikusiko duzue hau, eta esango: <Handia da Jauna, bai eta Israelgo mugez harantzago ere> ».
Jaunak apaizak salatu
6 Honela diotse Jaun ahalguztidunak apaizei: «Semeak aita ohoratzen du, bai morroiak ere nagusia. Beraz, ni aita baldin banauzue, non da zor didazuen ohorea? Zeuen nagusi banauzue, non da zor didazuen begirunea? Zuek, apaizok, mesprezatu egiten nauzue, eta <Zertan mesprezatu zaitugu, bada?> galdetzen oraindik.
7 Behar ez bezalako janariak dakartzazue nire aldarera, eta <Zertan iraindu zaitugu, bada?> diozue. Nire aldareak ez diola axolarik esanez iraintzen nauzue.
8 Oparitzat abere itsua eskaintzea ez al dago gaizki? Eta abere herrena edo gaixoa eskaintzea ez al dago gaizki? Eskaini, bada, horiek zeuen gobernariari, ea atsegin dituen edota aurpegi alaia jartzen dizuen. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
9 Eta oraindik ere, zuetaz errukitzeko eskatzen diozue Jainkoari! Horrelako eskaintzak egiten dizkiozuelarik, aurpegi alaia jarriko ote dizue? Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
10 Hobe zuetakoren batek tenpluko ateak itxiko balitu, nire aldarean alferrikako surik gehiago ez egiteko. Ez zaituztet gogoko, eta zuen eskaintza ez dut atsegin. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
11 Ekialdetik mendebaldera, herri guztiek aitortzen dute nire izen handia, eta nonahi erretzen didate intsentsua eta behar bezalako oparia eskaintzen. Herri guztiek aitortzen dute nire izen handia
-dio Jaun ahalguztidunak
-.
12 Zuek, ordea, profanatu egiten duzue nire izena, nire mahaiari ez zaiola begirunerik zor esanez, eta mesprezagarri zaizuen janaria bertan eskainiz.
13 <Hau da aspertzea!>, diozue, ni mesprezatuz. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
14 Madarikatua, artaldeko abere osasuntsu bat eskainiko didala agindu eta gero gaixoa eskaintzen didan gezurtia! Errege handia naiz ni, eta begirune didate herriek. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
Apaizei oharpenak
2. atala
[aldatu]1 «Orain, apaizok, hona hemen zuentzako oharpena. 2 Honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Entzuten ez badidazue, eta niri ohore emateko ardurarik ez baduzue, madarikazioa bidaliko dizuet, zuek emandako bedeinkazioak ere madarikazio bihurtuko ditut. Halaxe bihurtuko ditut, ezerk ez baitizue ardura.
3 «Begira, ahalmena kendu egingo dizuet, eta simaurra botako aurpegira, zeuen jaietan hildako abereen simaurra, eta beronekin batera eramango zaituztete zeuek ere. 4 Eta jakingo duzue, jakin, Lebirekin egina dudan itunak iraun dezan egiten dizuedala oharpen hau. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
5 «Neure itunaz bizia eta bakea agindu nizkion Lebiri, bai eta eman ere. Begirunea eskatu nion; hark begirune izan zidan, eta ikara izan zen nire aurrean. 6 Egiazko irakaspena zuen Lebik ahoan; haren ezpainetan ez zen inoiz okerrekorik aurkitu. Leial eta zuzen jokatu zuen nirekin, asko eta asko gaiztakeriatik urruntzen zituelarik. 7 Izan ere, apaizen egitekoa ni ezagutzen irakastea da; irakaspen jatorra eskatzen zaio apaizari, Jaun ahalguztidunaren mandataria baita.
8 «Zuek, ordea, apaizok, bidetik okertu egin zarete eta asko eta asko erorarazi duzue zeuen irakaspenaz. Lebirekin nuen ituna hautsi egin duzue. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. 9 Beraz, nik ere mesprezagarri eta kaxkar egingo zaituztet herri guztiarentzat, nire bideak jarraitu ez dituzuelako eta erabakiak zein nor den begiratuz hartu dituzuelako».
Judak Jaunaren ituna hautsi
10 Ez al dugu guztiok Aita bat bera? Ez al gaitu guztiok Jainko berak egin? Zergatik gabiltza, bada, elkar engainatuz, Jainkoak gure gurasoekin egindako ituna hausten dugularik?
11 Judako jendea desleiala da, eta ikaragarriak ari dira gertatzen Israelen eta Jerusalemen. Jainkoak maite duen santutegia profanatu du Judako jendeak, eta jainko arrotzak gurtzen dituzten emakumeekin ezkondu dira.
12 Garbituko ahal ditu Jaunak Jakoben herritik horrela jokatzen dutenak, direnak direla, bai eta Jaun ahalguztidunari eskaintzak egiten dizkiotenak badira ere!
13 Oraindik gehiago egiten duzue: malkoz betetzen duzue Jaunaren aldarea, negar-zotinka ari ohi zarete zuen eskaintzei Jaunak arretarik egiten ez dielako eta gogo onez hartzen ez dituelako.
14 Eta zergatik ote den galdetzen duzue. Hona zergatik den: gaztetan hartu zenuen emazteari ez zatzaizkiolako leial izan, eta horren lekuko da Jauna; zeure lagun zenuenari eta leialtasun-hitza eman zenionari ez zatzaizkiolako leial izan.
15 Jaunak ez ote zaituzte, bada, biok gorputz bakar bat eta espiritu bakar bat egin? Eta zertarako bat? Jainkoarengandik haurrak izateko. Argi ibili, beraz, eta ez izan desleial gaztetan aukeratutako emazteari.
16 Izan ere, emaztea gorrotatu eta uzten duenak, gogorkeriaz janzten du bere burua
-dio Jaunak, Israelen Jainko ahalguztidunak
-. Argi ibili, beraz, eta ez izan desleial.
Jaunak bere mandataria bidaliko
17 Asper-asper egina daukazue Jauna zeuen hizketaz. «Zertan asperrarazi dugu, bada?», galdetzen duzue hala ere. Hona, gaizki egiten duena Jainkoari begiko eta atsegin zaiola esaten duzuelako, eta Jainkoa zuzena ote den galdezka ari zaretelako.
3. atala
[aldatu]1 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hor bidaltzen dizuet neure mandataria, niretzat bidea prestatzera. Bat-batean sartuko da bere tenplura bilatzen duzuen nagusia. Nire ituna iragarriko duen mandataria irrika duzue; horra non datorren!»
2 Nork aurpegi eman haren etorrera-egunari? Nork zutik iraun hura agertzean? Metala birfintzeko sua bezala, arropa garbitzeko lixiba bezala izango da. 3 Epaitzeko eseriko da. Zilarra eta urrea birfintzen eta garbitzen dituenak bezala garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar bezala eskain diezazkioten. 4 Orduan, Judaren eta Jerusalemen oparia atsegin izango zaio Jaunari antzina bezala, lehengo garaietan bezala.
5 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Zuek auzitara eramatera etorriko naiz. Zorrotz salatuko ditut sorginkeriazale, adulteriogile eta gezurrezko zin-egileak; langileei soldata gutxitzen, alargunak eta umezurtzak zapaltzen eta atzerritarrak gaizki erabiltzen dituztenak, begirunerik ez didaten guztiak salatuko ditut.
«Itzul zaitezte niregana»
6 «Ni, Jauna, ez naiz aldatu; baina zuek ere Jakoben ondorengo izaten jarraitzen duzue:
7 zuen arbasoak bezalaxe, nire aginduetatik aldendu egin zarete, ez dituzue bete. Itzuli, beraz, zuek niregana, eta itzuliko naiz ni zuengana. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. Baina hau diozue: <Zergatik behar dugu zuregana itzuli?>
8 Eta nik erantzun: <Iruzur egin ote diezaioke gizakiak Jainkoari, zuek niri egiten didazuen bezala?> <Zertan egiten dizugu, bada, iruzur?>, galdetzen duzue oraindik. Hamarrenak eta dohainak ematerakoan egiten didazue iruzur.
9 Madarikaziopean eroriak zaudete, beraz, den-denok iruzur egiten didazue eta.
10 Hona zer diotsuedan nik, Jaun ahalguztidun honek: Ekarri osorik zeuen hamarrenak tenpluko altxortegira, nire etxean zer jana egon dadin. Proba nazazue horretan, eta ikusiko duzue nola zeruko atexkak irekitzen diskizuedan eta bedeinkazioa ugari isurtzen.
11 Matxinsaltoari ez diot utziko zuen soroetan uzta hondatzen, ez eta mahastiak agorrarazten ere. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
12 Orduan, nazio guztiek zorionak emango dizkizuete, lurralde zoragarria izango baita zuena. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak».
Jaunak esku hartuko duen eguna
13 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hitz gogorrak esan dituzue nire aurka. Eta, hala ere, <Zer esan dugu, bada, zure aurka?> galdetzen duzue.
14 Hara zer esan duzuen: <Alferrik da Jauna zerbitzatzea. Zer lortzen dugu haren aginduak beteta, Jaun ahalguztidunaren aurrean dolu eginda?
15 Guztiz bestela, harroak direla zoriontsu ari gara ikusten. Gaizkileak gero eta hobeto bizi dira eta, Jainkoari desafio eginda ere, zigorrik gabe gelditzen dira> ».
16 Orduan, Jaunari begirune ziotenak elkarren artean mintzatu ziren. Jaunak, berriz, entzun eta jaso egin zuen hauen esana. Jaunaren aurrean liburu bat idatzi zen, berari begirune diotenen eta aintzat hartzen dutenen oroigarritzat.
17 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Neureak, neure jabego berezia izango ditut horiek, ekingo diodan egunean. Gupida izango diet, ondo portatzen den semeari aitak gupida dion bezala. 18 Orduan ikusiko duzue berriro zintzoaren eta gaiztoaren arteko aldea, Jauna zerbitzatzen duenaren eta zerbitzatzen ez duenaren arteko aldea. 19 Honela diot nik, Jaun ahalguztidun honek: Badator eguna, labea bezain kiskalgarria. Harro eta gaizkile guztiak lasto izango dira, eta etortzekoa den egun horretan erre egingo; ez die utziko ez sustrairik, ez abarrik. 20 Baina zuentzat, begirune izan didazuenontzat, eguzkia bezala agertuko da nire justizia, errainuetan osasuna dakarrela. Eta poz-jauzika aterako zarete, ikuilutik askaturiko zekorra bezala. 21 Nik ekingo diodan egun horretan, gaizkileak zapaldu egingo dituzue: hautsaren pareko izango dira zuen hankapean. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
22 «Gogora nire zerbitzari Moisesen legea, gogora Horev mendian Israel osoarentzat eman nizkion agindu eta arauak. 23 Baina begira, Jaunaren eguna, egun handi eta ikaragarria, iritsi baino lehen, Elias profeta bidaliko dizuet. 24 Gurasoak seme-alabekin eta seme-alabak gurasoekin bakearaziko ditu. Horrela, zuen lurraldea suntsitzera etorri beharrik ez dut izango».