Delituez eta zigorrez/Voltaire: ''Delituez eta Zigorrez'' liburuari buruzko iruzkinak, probintzia-abokatu batek eginak (1763)

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
Voltaire: Delituez eta Zigorrez'liburuari buruzko iruzkinak, probintzia-abokatu batek eginak (1763)
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Voltaire: Delituez eta Zigorrez'liburuari buruzko iruzkinak, probintzia-abokatu batek eginak (1763)

1. atala. Iruzkin hauen zergatia.[aldatu]

Delituez eta Zigorrez liburua pozarren irakurtzen ari nintzelarik, pentsatzen nuen liburu hau moral alorrean, medikuntza alorrean gure gaitzen aringarri izaten diren sendabide bakanen berdintsua zela. Liburu honek oraindik nazio askoren legedietan nagusi den basakeria bigunduko zuela esaten nion neure buruari. Giza generoak hoberantz egingo zuela espero nuen, eta hor non, probintzia batean hamazortzi urteko neskagazte bat urkatu zuten berria heldu zen nire belarrietara, neska ederra eta airosa, oso buru argikoa, familia jatorreko alaba.

Ume bat egiten uztea izan da bere delitua. Eta, are gehiago, bere maitasunaren fruitua abandonatzea. Gazte koitadu hau erdiminak harrapatu zuen, gurasoen etxetik ihesi. Inoren laguntzarik gabe, bakarrik izan zuen haurra iturri baten ondoan. Lotsak, sexu-kontuetan grina bortitza izan ohi denak, bere gurasoen etxera itzultzeko eta bere egoera ezkutatzeko adorea eman zion. Utzitako lekuan, hilda aurkitu zuten haurra hurrengo egunean; ama nor zen jakin zuten, urkamendira kondenatu zuten, eta epaia bete zen.

Gazte honen lehen hutsegitea, edo familiaren sekretuak ezkutatu behar zuen, edo legeek babestu behar zuten; izan ere, seduzitzaileari dagokio bakarrik berak sortu duen kaltea konpontzea, ahultasunak barkamenerako eskubidea ematen baitu, dena gazte honen alde mintzatzen baita, begibistakoa baita haurdunaldiak orban ezabaezina itsasten diola neskaren izen onari, eta haurra hazi ezina beste zortxar bat gehiago dela.

Bigarren hutsegitea askoz ere kriminalagoa da: bere ahultasunaren fruitua abandonatzea eta hiltzeko arriskuan jartzea.

Baina, ume bat hil delako, amak ere hil egin behar al du horregatik? Berak ez zuen hil, eta pentsatu zuen bidaztiren batek ume errugabe horren errukia izango zuela; umearen bila itzuli eta beharrezko arretak eskaintzeko asmoa ere izan zezakeen. Hau ama ororen bihotzari egotzi behar diogun berezko sentimendua da. Neskaren aurkako legea ulergarria da aipaturiko probintzia horretan. Baina ez al da injustua, bihozgabea eta kaltegarria lege hau? Injustua, bere umea hiltzen duena eta abandonatzen duena bereizten ez dakielako; bihozgabea, bere zoritxarra ezkutatu, beste errurik ez duen dohakabea ankerki erailtzen duelako; kaltegarria, gizarteari beste hiritar batzuk eman behar zizkion hiritarra lapurtzen diolako Estatuari, biztanleria txikia duela kexatzen den probintzia batean.

Karitateak ez du oraindik ezer ez dutenei jaten emateko errukietxerik sortu herri honetan. Karitaterik ez dagoen lekuan legea beti da ankerra. Askoz ere egokiagoa litzateke ohikoak diren ezbehar hauek saihesten ahalegintzea, zigortzea baino. Delituak saihesten dituena da benetako legedia, eta ez sexu ahulari heriotza damaiona, nabarmena denean ez duela gaiztakeriagatik egin bere hutsegitea, eta, gainera, garesti samar ordaindu behar izan duela.

Bilatu, ahal duzuen hobekien, konponbideren bat gaizki jokatzen dutenentzat, eta zer zigortu gutxiago izango duzue.

2. atala. Torturez[aldatu]

Nire sentiberatasuna hunkitu duen zoritxar honek batetik eta lege hain anker honek, bestetik, nazioetako legeria kriminalei begirada batzera eraman naute. Delituez eta Zigorrez-en egile bihozberak arrazoi osoa du kexuz esaten duenean zigorra krimena baino gogorragoa izaten dela askotan, eta Estatuarentzat kaltegarria ez gutxitan, jakin dakigunean honen helburu bakarra bere buruaren mesedea izan behar dela.

Heriotza beldurgarri bihurtzeko giza adimenak asmatu dituen oinaze finek gehiago dirudite tiraniaren obra, justiziarena baino.

Gurpilaren oinazea anarkia garaian sartu zen Alemanian, pribilegioen jabe egiten zirenek beldurra sartu nahi izan ziotenean beren aurka jartzen zen edonori, oinaze ikaragarri baten mehatxuaz. Ingalaterran, lesa maiestateko traizioa gertatzen zenean, egotzitakoari sabela ireki, bihotza atera eta berarekin ezpainak igurzten zitzaizkion; gero sutara botatzen zen. Baina zein zen askotan lesa maiestateko krimen hori? Bere soberanoari leial izatea guda zibilen garaian, eta, inoiz, garbiegi mintzatzea irabazlearen eskubideak zalantzan jarriz. Dena den, ohiturak bigundu egin dira. Kriminalari bihotza kentzen zaio oraindik ere, baina, hori bai, hil ondoren. Antzezpena izugarria da, baina heriotza gozoa, heriotza gozorik bada.

3. atala. Heretikoen aurkako zigorrez.[aldatu]

Heriotza-zigorra tiraniak aldarrikatu zuen lehendabizi, dogma kontu batzuetan eliza nagusiarekin bat ez zetozenen aurka erabiltzeko. Maximo2 tiranoaren aurretik, enperadore kristauei ez zitzaien burutik pasatu ere egin inor oinazera kondenatzea egin ikuspegi desberdin batzuengatik. Egia da bi gotzain espainiarrek xaxatu zutela Maximo honek heriotzeraino jazar zitzan priszilianotarrak3, baina ez da egia txikiagoa alderdi nagusia pozik eduki nahi zuela Maximo tiranoak, heretikoen odola isuriz. Berdin zitzaion bidegabekeria zein justizia. Jeloskor zegoen Teodosiorekin, espainiarra hau ere, eta Sortaldeko inperioa kendu nahi zion hari, lehenago Sartaldekoa kendu zion bezala. Teodosiok jendearen higuina bereganatu zuen bere ankerkeriengatik, baina erlijio-buruak bere alde jartzen jakin zuen. Maximok ere hura bezain eraginkor agertu nahi zuen, horrela gotzai espainiarrak bere alderdira erakarri asmoz; helburu hau lortzeko, berdin laudatzen zuen erlijio zaharra zein berria. Garai hartan inperioa bilatu eta lortu zuten guztiak bezala, gizon faltsua bezain bihozgabea zen. Gaur egun Aljer dagoen bezala zegoen gobernatua Munduaren zati handi hau. Armagizonek ipini eta kentzen zituzten enperadoreak eta barbarotzat jotako nazioetatik ateratzen zituzten sarri. Teodosiok, orduan, Eszitiako beste barbaro batzuk jarri zizkion aurrean. Bera izan zen armadak godoz bete zituena, eta berak altxatu zuen Alariko, Erromako garailea. Nahaste-borraste honetan, denek beren alderdia indartzera jotzen zuten, bitarteko guztiak erabiliz.

Maximok Graziano enperadorea, Teodosioren laguna, erailarazi berri zuen Lyon-en; Maximo hau Valentino II.a, umetatik Grazianoren Erromako oinordeko izendatuta zegoena, nola hondatu asmatzen ari zen, eta galoz eta alemanez osatutako armada indartsu bat antolatzen Treverisen. Espainian ere guda-taldeak antolatu zituen: Idazio eta Itacus —edo Itazio— gotzain espainiarrak, garai hartako entzutetsuenak, Priszilianoren eta bere jarraitzaile guztien burua eskatzera etorri zitzaizkion, hauek arimak Jainkoaren jarioa direla esaten baitzuten eta Trinitateak ez dituela hiru hipostasis, eta, hau aski ez balitz, bere sakrilegioa gailurreraino eramaten zuten igandetan barau eginez. Maximo —erdi-paganoa, erdi kristaua bera— berehala jabetu zen zein krimen ikaragarriak ziren honakoak. Idazio eta Itako gotzain santuek Prisziliano4 eta bere jarraitzaileak torturara eramatea lortu zuten; erail baino lehen, dena gainbegiratzen egon ziren, ordena osoan egin zedin, eta Jainkoa bedeinkatuz itzuli ziren, eta Maximo, fedearen babeslea, santuen mailan jarri zuten. Baina Teodosiok garaitu egin zuen Maximo, eta hil egin zuten gero irabazlearen oinetan, eta ez zuten kanonizatu.

Esan beharra dago San Martinek, Tours-eko gotzainak, gizon jatorra benetan, Priszilianoren barkazioa eskatu zuela; baina gotzaiek heresiaz salatu zuten bera ere, eta Toursera itzuli zen, Treverisen torturatuko zuten beldurrez. Priszilianori dagokionez, berriz, bere sektak martiritzat ohoratu zuen. Kontsolamendu hori izan zuen, bederen, urkatuta gero. Bere jaieguna ospatzen zen, eta oraindik ere ospatuko zen baldin eta priszilianotarren sektak bizirik iraun izan balu.

Gertakari honek ikara sortu zuen Eliza osoan, baina jarraitua izan zen laster, eta gainditua ere bai, ezpataz, sokaz eta harrika erail baitzen zenbait priszilianotar. Bordelen, igandeza barau egin omen zuen dama gazte familia oneko bat harrika hiltzearekin konformatu ziren. Oinaze horiei makalegiak iritzi zieten; Jainkoak heretikoak su motelean erretzea exijitzen zuela frogatu zen. Arrazoi bete-bete bat ematen zen honetarako: Jainkoak hala zigortzen zituela beste munduan, eta printze oro, printze-orde oro eta, azken batean, magistratu oro Jainkoaren irudia zela lur gainean.

Irizpide honetan oinarrituta, erre zituzten aztiak zenbait lekutan, deabruaren mende baitzeuden nabarmen, eta heterodoxoak ere bai, aztiak baino gaiztoagotzat joak.

Ez dakigu ziur zein heresia mota zen kanonigo haiena, Roberto erregeak, Hugoren semeak, eta bere emazte Konstantzak5 Orleansen erre zituena 1022an. Eta nola jakin dezakegu? Garai hartan oso apaiz eta fraile gutxik zekien idazten. Garbi dakigun gauza bakarra da Robertok eta bere emazteak ikuskizun nardagarri honekin ase zituztela beren begiak. Sektakide bat Konstantzaren aitorlea izana zen. Erregina honek ez zuen heretiko batekin aitortu izanaren zoritxarra konpontzeko erremedio hoberik aurkitu, sutan erretzen ikustea baino.

Usadioa lege bihurtzen da; eta ordutik orain arte, zazpirehun urtez, alegia, iritzi okerra izatearen krimena egin duten, edo itxura hori eman duten guztiak erre egin dira.

4. atala. Heresien erauzketaz.[aldatu]

Iruditzen zait beharrezkoa dela iritzia eta fakzioa bereiztea heresia batean. Kristautasunaren lehen garaietatik izan dira iritzi ezberdinak; Alexandriako kristauek eta Antiokiakoek ez zuten berdin pentsatzen puntu askotan. Akeoen eta asiarren ildoak elkarren aurka ere bazeuden. Aniztasun hau garai guztietan izan da, eta beti izango da, ziurrenik. Jesukristok, nahiz eta fededun guztiak pentsaera berdinera biltzeko gaitasuna izan, ez zuen halakorik egin: pentsa daiteke, beraz, ez zuela nahi izan, eta bere helburua bere Eliza guztiak barkamenean eta karitatean hezitzea izan zela, buruzagi eta maisutzat zuten sistema ezberdin guztiei baimena emanez. Sekta hauek guztiak, enperadoreek toleratuak nahiz ezkutuan bizi zirenak, ezin zuten elkar jazarri, denak magistratu erromatarren menpe baitzeuden; lehiatu egin zezaketen bakarrik elkarrekin.

Magistratuek jazarri zituztenean, berezko eskubidea aldarrikatu zuten guztiek. Utz gaitzazue Jainkoa bakean gurtzen, ez iezaguzue judutarrei onartzen diezuen eskubidea kendu, esan zuten. Gaur egungo sekta guztiek ere gauza bera esan diezaiekete beren zapaltzaileei. Zera esan diezaiekete judutarrei onurak eman dizkieten herriei: trata gaitzazue Jakoben seme-alaba horiek tratatzen dituzuen bezala; utz gaitzazue Jainkoari otoitz egiten, horiei bezala, geure kontzientzien arabera. Gure iritziak ez dio judaismoak baino kalte handiagoa egiten zuen Estatuari. Jesukristoren etsaiak toleratzen dituzuenez, tolera gaitzazue gu ere, guk ere Jesukristo gurtzen baitugu eta huskeria teologikoetan bereizten baikara bakarrik zuengandik; ez ezazue hiritar onuragarririk alde batera utzi. Garrantzitsua da zuentzat hauek zuen lantegietan, zuen itsasontzietan, zuen baserrietan lan egitea; eta gutxi ardura dio zuenak bezalakoak ez diren fedegaiak dituzten ala ez. Beren besoak behar dituzue eta ez beren kateximak.

Fakzioa gauza guztiz ezberdina da. Beti gertatzen da, eta ezinbestez gainera, jazarritako sekta bat fakzio bihurtzen dela. Zapalduak bildu eta adoretu egiten dira. Beren alderdia indartzeko ahalmen handiagoa dute, sekta nagusiak eurena desegiteko duena baino. Bietako bat, edo eurek txikitzen dituzte besteak, edo besteek txikitzen dituzte eurak. Hauxe bera gertatu zen Galerio zesarrak bultzatutako jazarpenaren ondoren, Dioklezianoren inperioaren azkenengo bi urteetan. Dioklezianok kristauen alde jokatu zuen hamazortzi urte luzez, eta hauek ugariegi eta aberatsegi egin ziren desegin ahal izateko: Konstantzio Klorori lagundu zioten; haren seme Konstantinoren alde borrokatu zuten, eta guztizko iraultza gertatu zen inperioan6.

Huskeriak gauza handienekin aldera daitezke, batzuk zein besteak espiritu berdinarekin zuzentzen direnean. Honelako iraultzak gertatu dira Holandan, Suitzan eta Eskozian. Fernando eta Isabelek judutarrak bidali zituzten Espainiatik, Espainian aspalditik errotuak zeuden judutarrak, ez bakarrik orduan tronuan zegoen familia baino lehenago, baita moroak eta godoak baino lehenago ere, eta kartagotarrak baino lehenago ere bai; judutarrek iraultza bat burutuko zuten Espainian, aberatsak bezain gudariak izan balira, edota arabeekin elkar hartzen jakin izan balute.

Hitz batean esanda, sekta batek ez du sekula gobernua aldatu, etsipenak armatu ez dituen arte. Mahomak berak ere ez zuen aurrera eramango bere langintza, baldin eta Mekara jaurti izan ez balute eta salneurria jarri haren buruari.

Nahi baldin baduzue, beraz, sekta batek Estatua ez nahastea, tolerantziaz jokatu; Alemania, Ingalaterra eta Holandak duten jokabide zuhurrari jarraitu. Bi jokabide daude politikan sekta berri baten aurrean: kupida gabe sarraskitu buruzagiak eta jarraitzaileak, gizonak, andreak eta umeak, bat bera laga barik, edo toleratu, sekta handia denean; lehen jokabidea munstroarena da, bigarrena jakintsuarena.

Interesak lotu ditzala Estatuko hiritar guztien interesak: Kuakeroak eta turkiarrak ikus dezala zuen legepean bizitzeak zer nolako onurak dakartzan. Erlijioa Jainkoa-

rengandik gizonarengana dator; lege zibila zuengandik zuen herriengana.

5. atala. Profanazioez.[aldatu]

Luis IX.a Frantziako erregeak, bere dohaiengatik santuen mailara jasoa izan zenak, biraolarien aurkako legea ezarri zuen hasieran. Oinaze berri batera kondenatzen zituen: burdina gori batez zulatzen zitzaien mihia. Mendeku-modu bat zen; bekatu egindakoak zigorra jasaten zuen. Baina ez zen erraza zer zen birao eta zer ez zehaztea. Haserrealdi eta pozaldietan edo solas xume batean irten ohi diren esapide asko ez dira, zehaztasunez hitz eginda, indargarriak baino, hebreoen sela y vah, adibidez, edo latindarren pol edo oepol, edo hitzetik hortzera zioten per deos inmortales, nahiz eta horregatik ez zuten beren jainko hilezkorrengatik zin egiten.

Zin egite edo biraotzat hartzen diren hitzak, norberak nahi duen moduan ulertzen diren hitz ilunak dira. Zigortzen dituen legeak judutarrenetik eratorria dirudi, zera dioen hartatik: «Ez duzu jainkoaren izena alferrik ahotan hartuko»7. Interpreterik trebeenak pentsatzen dute lege honek zin egite faltsua debekatzen duela, eta arrazoi dute; alferrik itzuli duten hitza shavé da, faltsuan zin egitea esan nahi duena, alegia. Baina, zein lotura dute zin egite faltsuek eta beste hitz hauek, gisa honetako esapideetan leunduta esaten direnak: cadedis, cabo de Dios, sangbleu, ventrebleu, corbleu, corpo di dio?

Judutarrek Jainkoaren bizitzagatik egiten zuten zin: vivit Dominus. Ohitura arrunta zen hau. Ez zegoen debekatua, baldin eta Jainkoaren izena lekuko ipintzen ez bazen gezurra esaten zenean.

Felipe Augustok 1181ean, tetebleu, ventrebleu, corbleu, sangbleu esaten zuten noble guztiak izun bat ordaintzera kondenatu zituen, eta herri xehea urkamendira. Agindu honen lehen parteak umekeria zirudien; bigarrena nazkagarria zen. Herritar xeheak urkatzea eta huts berdinagatik nobleak orduko bi edo hiru sosekin libratzea natura laidotzea zen. Lege hau, beste asko bezala, ez zen gauzatu, Celestino III.a aitasantuak eskumikatu egin baitzuen erregea, eta bere erregetza zalantzan jarri.

San Luisek, bere kemenak eramanda, hitz itsusi horiek esaten zutenei mihia zulatzea edo goiko ezpaina moztea agindu zuen. Hau dela eta, Parisko hiritar aberats bat mihi gabe geratu zen, eta hau Inozentzio IV.a aitasantuaren aurrean kexatu zen. Aita santu honek garbi adierazi zion erregeari zigor hau gogorregia zela delitu horrentzat. Erregeak ez zuen handik aurrera gogorkeria hau gauzatu. Zoragarria izango zen gizartearentzat aitasantuek ez balute sekula bestelako nagusitasunik ezarri izan erregeen aurrean.

Luis XIV.aren 1666ko aginduak hau dio: «Jainkoaren izen santuaren, bere Ama txit santuaren, edo bere Santuen izenean zin edo birao egiten harrapatuak, izuna ordaindu beharko dute lehenengo aldian; bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean, izun bikoitza, hirukoitza eta laukoitza; bosgarrenean txingan lotuko dira; seigarrenean pikotan, eta goiko ezpaina moztuko zaie; seigarrenean mihia, ez gehiago eta ez gutxiago».

Lege honek zuhurra eta biguna dirudi. Ez du zigor ankerrik ezartzen seigarren erorialdira arte, eta pentsatzekoa da ezinezkoa dela horrelakorik gertatzea.

Profanazio handiagoen kasuan, sakrilegio deiturikoetan, legeria kriminalari buruzko gure bildumak, beren irizpideak legetzat hartu ezin direnak, elizetan egindako lapurretez mintzatzen dira bakarrik, eta ez dute lege positibo bakar bat ere aldarrikatzen, ezta su-zigorra ere; ez dira mintzatzen, ezta, jendeaurreko fedegabekeriez, agian ez zelako horrelako zorakeriarik aurreikusi, edota hauek zehaztea zailegia zelako. Epaileen iritzira geratzen da, beraz, delitu hauek zigortzea. Baina honek ez du, inolaz ere, irizkeriari bidea zabaldu behar.

Gertaera bitxi baten aurrean, zer egin behar dute epaileek? Kontuan hartu behar dira delitugileen adina, delituaren izaera, gaiztakeria maila, sortutako eskandalua eta seta, eta baita jendeak zigor beldurgarri baten beharrik baduen ala ez. Pro qualitae personae, proque rei conditione et temporis et aetatis et sexus, vel severius, vel clementius statuendumb. Legeak ez badu delitu honengatik heriotza ezartzen, zein epailek ikusiko du bere burua horretara behartua? Zigorra eman behar baldin bada, eta legeak ez badu ezer aurreikusten, epaileak bigunena eman behar du, gizakia delako.

Gazte alferrik galduek bakarrik egiten dituzte profanazio sakrilegoak; beren anai-arrebak hil balituzte bezala zigortu behar al dituzue horregatik? Adina mintzo da beren alde. Ezin dituzte beren ondasunak erabili, uste delako beren zentzuna ez dagoela behar bezain heldua ekintza txar baten ondorioei igartzeko; era berean, bada, beren ekintza lotsagabearen ondorioak ikusteko ere ez dute behar hainbat argi izan.

Bere itsumenean irudi sakratu bat, lapurtu gabe, profanatu duen gazte alferrik galdua eta Brinvilliers anderea, bere aita eta bere familia pozoindu duena, berdin tratatuko al dituzue? Ez dago lege berezirik delitu honentzat, eta zuek bat egingo al duzue oinazerik ankerrenak ezartzeko? Ereduzko zigorra merezi du, zalantzarik gabe, baina naturaren laidogarri diren oinazeak eta heriotza lazgarria merezi al ditu?

Jainkoa iraindu du, bistan da; eta oso era larrian. Jokatu berarekin Jainkoak egingo lukeen bezala. Penitentzia eginez gero, Jainkoak barkatu egiten dio; jarri penitentzia gogorra eta barkatu egiozue.

Zuen Montesquieu jakintsuak zera esan du: «Ohoratu egin behar da Jainkoa eta ez mendekatu»8. Pisa ditzagun hitz hauek. Ez dute ordena publikoaren zainketa ahaztu behar denik esan nahi; esan nahi duten ez duela ez buru eta ez hanka, Delituez eta zigorrez-en egile zentzudunak esan duen bezala, zomorro batek Egile gorena mendeka dezakeela uste izateak. Herrixka bateko epailea, eta ezta hiri batekoa ere, ez da ez Moises eta ez Josue.

6. atala. Erromatarren biguntasuna gai honetan.[aldatu]

Europa guztiko gizon jator eta ikasien solasgaia izan ohi da honakoa, lege erromatarren eta haien ondorengoen ohitura basatien artean dagoen alde ikaragarria, alegia, hauek hiri handi baten hondakinen gainean sortutako anabasaren antzekotzat jotzen direlarik.

Erromako senatuak guk bezain errespetu sakona zion, zalantzarik gabe, Jainko gorenari, eta baita haren menpeko jainko hilezkor eta bigarren mailakoei ere, guk geure santuei diegun adinakoa, bederen.


Ab Jove principium…

Virg. Buc, III, 12


Formula arrunta zen hau. Pliniok dio, Trajano handiaren gorazarrea egiten duenean, Erromatarrek ez zituztela beren negozio eta hitzaldiakc Jainkoa gogoratu gabe hasten. Zizeronek eta Tito Liviok gauza bera esaten dute. Eta ez da herri erlijiozaleagorik izan. Baina, hala ere, herri jakintsuegia eta handiegia zen hitzaldi hutsalak edo iritzi filosofikoak zigortzera makurtzeko. Ez zen gauza beren iragarpenak zalantzan jartzen zituztenei oinaze basatiak ezartzeko; Zizeron bera aztia zen, eta zalantzak izaten zituen; bakean uzten ziren baita heriotzaren ondoren jainkoek ez zutela zigortzen esaten zutenak ere; Zesar, adibidez.

Mila aldiz esan da senatuak baimena eman zuela abesbatzak Troada kanta zezan Erromako teatroan:

Ezer ez dago heriotzaren ondoren, eta heriotza bera ere ez da ezer. Hildakoak non dauden galdetzen duzu? Jaio aurretik zeuden leku berean.

Inoiz profanaziorik izan bada, hona hemen bat, zalantzarik gabe; eta Enniotik Ausoniora9 arteko garaian dena da profanazio hutsa, nahiz eta kultua errespetatzen zen. Zergatik, orduan, senatuak ez zuen inor zigortzen? Ez zutelako inolako eraginik Estatuaren gobernuan; ez ziotelako inolako erakunde edo zeremonia erlijosori traba egiten. Eta honengatik erromatarrek ez zioten oso polizia ona edukitzeari edo munduaren zati ederrenaren jaun eta jabe izateari utzi, Teodosio II.a arte.

Senatuaren irizpidea, esan dugun bezala, honakoa zen: Deorum offensae liis curae (jainkoeiko irainak eurekin konpondu). Senatoreek, erakunde jakintsuenaren kide eta erlijioaren buru zirenak, ez zuten apaiz talde baten beldurrik, ezin zituzten talde horien mendekuaren zerbitzari bihurtu, zerua mendekatzen zuten aitzakian. Ez zuten esaten: desegin ditzagun fedegabeak, gu geu fedegabetzatz har ez gaitzatzen; erakuts diezaiegun apaizei, gure ankerkeriaren bidez, eurak bezain fedetsuak garela.

Gure erlijioa antzinako erromatarrena baino santuagoa da. Fedegabekeria gure artean, haien artean baino krimen handiagoa da. Zigortuko du Jainkoak; gizonei zera bakarrik dagokie: fedegabekeria horrek eragindako ezbehar publikoak kriminaletik duen hura zigortzea; ez besterik.

Baina fedegabekeria batean, ez bada zapi bat lapurtu, inork ez badu irain txikiena jaso, elizkizunak ez badira oztopatu, fedegabekeria hau (berriz esan beharra dago) parrizidioa bezala zigortu behar al dugu? L’ Ancre-ko Mariskal andereak oilar zuri bat hil zuen ilargi beteko gau batez. Beharrezkoa al zen horregatik erretzea?

7. Atala. Predikaritza krimenaz eta Antonioz.[aldatu]

Probintzia batera bere jarraitzaileei ezkutuan predikatzera datorren sermoilari kalvindarrak heriotza-zigorra bereganatuko du, harrapatzen badute, eta afaltzen eta lotan eman diona galeretara zigortuko dute betiko.

Beste herrialde batzuetan, urkatu egiten dute predikatzera doan jesuita. Jainkoa mendekatu nahi al da sermoilaria edo jesuita urkatzen denean? Bi alderdiak Ebangelioaren lege honetan oinarritu al dira: Batzarrari entzungor egiten diona paganotzat eta diru publikoaren hartzailetzat jo bedi?10 Baina Ebangelioak ez du esaten pagano hau edo hartzaile hau hil egin behar direnik.

Agian Deuteronomiokod hitz hauetan oinarritu dira: Igarle bat baletor…, eta gertatuko balitz berak iragarri duena…, eta esango balu: «Gurtu ditzagun jainko arrotzak»; eta zuen semeak eta zuen emazte maiteak, edo zure lagun kuttunak esango balizu: «Goazen, zerbitza ditzagun jainko arrotzak», hil itzazue berehala; jo zeuk lehenengo, eta herri osoak jo dezala gero. Baina sermoilariak eta jesuitak ez dute esan: Gurtu ditzagun jainko arrotzak.

Dubourg kontseilariak, Jehan Chauvin kalongeak (Kalvino deituak), Servet medikuak (espainiarra), eta Gentilis kalabriarrak Jainko berbera gurtzen zuten; hala eta guztiz ere, Minard lehendakariak urkarazi egin zuen Dubourg kontseilaria, eta honen lagunek Minard hil zuten; Jehan Kalvinek Servet medikua erre zuen su motelean, eta honek eragin zuzena izan zuen Gentilis kalabriarraren burumoztean, kontsolamendu gisa edo; eta Kalvinoren ondorengoek Antonio erre zuten. Fedea, arrazoia eta justizia izan al dira hilketa hauen egileak? Antonioren historia erokeriaren historian ezagutzen den berezienetakoa da. Hona hemen eskuizkribu oso bitxi batean irakurri dudana; Jacob Spon-ek11 ere badakar zatitxo bat. Antonio, Briey-n jaio zen, Lorenan; bere gurasoak katolikoak ziren, eta Pont-a-Mousson-go jesuitetara bidali zuten ikasketak egitera. Ferry12 predikariak erlijio protestantean sartu zuen Metz-en. Nancy-ra itzuli zenean, heretikotzat hartu eta auzia sartu zioten eta, lagun batek ihes egiten lagundu izan ez balio, urkatuta hilgo zen. Sedan-en errefuxiatu zen, aitasantuzaletzat hartu zuten, eta hil egin nahi izan zuten.

Patu bitxi baten eraginez bere bizitza arriskuan zegoela ikusita, judu egitera joan zen Veneziara. Han bere burua konbentzitu zuen, eta judutarren erlijioa benetako bakarra zela esango zuen bere bizitzako azken uneraino, eta beste garai batzuetan ere hala izan zela eta beti izango zela. Judutarrek ez zuten zirkunzidatu, epaileeki auzitan sartzeko beldurrez; baina horregatik ez zen judu txikiagoa bere baitan. Baina ez zuen agerian aldarrikatu bere judutartasuna, eta predikari gisa Genevara joan zelarik, ikastetxeko arduradun nagusi egin zuten, hots, ministro esaten zaiona.

Borroka handia zuen bere barruan, predikatzera behartuta zegoen Kalbinoren sektaren, eta berak benetako eta bakartzat zuen judaismoaren artean. Hau dela eta, makalik ibili zen luzaroan. Malenkoniak jo zuen eta gaitz txar batek harrapatu. Minak zorabiatuta, judutarra zela oihukatu zuen. Bisitatzera joan zitzaion zenbait ministro, eta bere onera ekartzen ahalegindu ziren. Berak Israelgo Jainkoa bakarrik gurtzen zuela erantzun zien, eta ezin zela Jainkoa denborarekin aldatu. Jainkoak ezin zuela bere eskuz eman eta zizelkatu lege bat, gero ezabatzeko. Kristautasunaren aurka mintzatu zen; eta gero atzera egin zuen. Fede-aitorpen bat idatzi zuen torturei ihes egiteko, baina idatzi ondoren, osasun egoera negargarriak ez zion sinatzen utzi. Hiriko batzarrak predikariak bildu zituen dohakabe honekin zer egin erabakitzeko. Haren errukia izan behar zela esan zuen gutxiengo batek; zigortu ordez, haren buruko gaitza sendatzen ahalegindu behar zela. Baina gehiengoak erre egin behar zela erabaki zuen, eta hala egin zen.

1632ean jazo zen gertakari hau. Ehun urte zentzudun eta bertutetsu behar dira honelako epai bat barkatzeko.

8. atala. Simon Morin-en historia.[aldatu]

Simon Morinek izan zuen azken trajikoa ez da Antoniorena baino askoz gozoagoa. Gorte distiratsu13 baten jaien erdian, amodio eta atseginen artean, askatasunik handieneko garaian, erre zuten dohakabe hau, 1663an, Parisen. Kaskarin honek begitazioak zituen, eta Jainkoak bidali zuela eta Jesukristoren pareko zela pentsatzen zuen bere eromenean.

Parlamentuak, oso zuhur, zoroen eritetxean sartzera zigortu zuen. Baina gauza bitxia gertatu zen: bazen eritetxe honetan bera baino zoroago bat, Aita Gorena zela esaten zuena. Hain harrituta geratu zen Simon Morin bere bizikidearen erotasunarekin, non bereaz jabetu baitzen. Zentzuna etorri zitzaiola ematen une batean; bere damua agertu zien epaileei, eta askatasuna lortu zuen, bere zoritxarrerako.

Laster erori zen berriro bere zorakerian, eta dogmatizatzen hasi zen. Zoritxarrak nahi izan zuen Saint Sorlin Desmarets14 ezagutzea; lagunak izan ziren hilabete batzuez, baina laster, bekaizkeriak jota, bere etsai handiena bihurtu zen.

Desmarets hau ez zen Morin baino burutsuagoa. Hasierako bere zorakeriak kaltegabeak izan ziren guztiz: Erigone eta Mirame tragikomediak inprimatu zituen Salmoen itzulpen batekin batera; Ariane elaberria eta Clovis poema, bertsoan jarritako Amabirjinaren Ofizioarekin batera; edo poesia ditiranbiko batzuk, Homero eta Virgilioren aurkako zirikadekin. Zorakeria mota honetatik beste askoz ere arriskutsuago batera igaro zen: tigre bat bezala jarri zen Port Royal-en aurka; eta emakumeak ateismora bihurtu zituela aitortu ondoren, igarletzat jo zuen bere burua. Jainkoak Apocalipsiko tesoroaren giltza eman ziola esan zuen; giltza honekin giza generoaren berriztapena egingo zuela, eta ehun eta berrogei mila gizoneko armada baten buruzagitza hartu behar zuela jansendarren aurka.

Ez zen gauza zuzen eta zentzuzkuagorik izango gizon hau Simon Morin sartu zuten kaiola berean sartzea baino. Baina nori otu behar zitzaion oso ondo hartuko zuela Annat jesuitak, erregeren aitorleak? Honek burua berotu zion erregeari esanez Simon Morin gizajoak sekta berri bat antolatu zuela, ia jansendarrena bezain arriskutsua. Azkenean, doilorkeriaren doilorkeria, bera salatzaile izanik, bere arerio dohakabea atxilotzeko dekretua lortu zuen arduradun kriminalarengandik. Nor ausar daiteke esatera! Bizirik erretzera zigortu zuten Simon Morin.

Urkabera zeramatenean, paper bat aurkitu zuten bere galtzerdi batean, Jainkoari bere erru guztien barkamena eskatuz. Honek aski behar zuen izan salbatzeko, baina epaia baieztatua zegoen: errukirik gabe bete zen zigorra.

Ileak laztu egiten dira honelakoak entzunda. Eta zein naziotan ez dira ezagutu era honetako negargarrikeriak? Gizakiek ahaztu egiten dute anai-arrebak direla eta elkarren aurka jarduten dute heriotzara arte. Pentsa dezagun, giza askaziaren kontsolamendurako, ez dela berriz itzuliko halako garai izugarririk.

9. atala. Aztiez.[aldatu]

1749 emakume bat erre zuten Vurtzburgoko gotzaingoan, sorgina zela aitortu ondoren. Hau gauza sinestezina da bizi garen mendean. Baina nola liteke bere burua erreformatutzat eta sineskeriaren etsaitzat daukan herri batek, zentzunean sartu dela uste duenak, honelako doilorkeriak sinestea? Nola erre daitezke sorgintzat jotako emakume koittadu batzuk, noiz eta ustez arrazoiak berritu eta ehun urtera?

1652an, Geneba-ko eskualdeko nekazari batek, Micaela Chaudron izenekoak, deabruarekin egin zuen topo hiriko irteeran. Deabruak musu bat eman zion, emakumea haren esanetara jarri zen, eta deabruak bere kuttunei ezarri ohi dien zigilua ezarri zion, goiko ezpainaren eta eskuineko bularraren gainean. Debruaren zigilu hau seinale txiki bat da; puntu horretan larruak sentikortasun guztia galtzen du, hala diote behintzat garai hartako legelari demonografo guztiek.

Deabruak bi neska sorgintzeko agindu zion Micaela Chaudroni; eta honek zintzo-zintzo bete zuen bere jaunaren esana. Bi nesken senideek auzitegian salatu zuten, deabruarekin elkar hartuta zegoela esanez. Itaunketa egin zitzaien gazteei, errudunaren aurrez aurre jarri zituzten, eta esan zuten kili-kili etengabea sentitzen zutela gorputzeko parte batzuetan, eta deabrua zutela barruan. Medikuei deitu zitzaien, edo garai hartan medikutzat hartzen zirenei, bederen, eta gazteak bisitatu zituzten. Deabruaren zigiluaren bila ibili ziren Micaelaren gorputzean; seinale satandarrak, ahozko auziak dioenez. Orratz luze batzuk sartu zizkioten leku susmagarrietan, oinaze ikaragarria, bere hartan ere. Orratza ateratakoan odola irteten zen, eta Micaelaren garrasiek ez zuela sentikortasuna galdu adierazten zuten. Epaileek, froga osorik ez zegoela ikusita, torturatu egin zuten. Koitadu honek, noski, oinazeak eraman ezinik, nahi zuten guztia aitortu zieten. Medikuek, hala ere, Satanen seinalearen bila jarraitu zuten: iztarrean zuen orin beltz batean aurkitu zuten azkenik, eta han sartu zuten orratza. Mina jasanezina zen eta hilzorian zegoen dohakabe hau ez zen ia ohartu ere egin orratza sartu ziotenik; ez zuen oihurik egin. Honela krimena frogatua geratu zen; baina, ordurako usadioak bigunduz zihoazenez, ez zuten erre urkatu zuten arte.

Europa kristauko epaitegi guztietan entzuten da honelako epaien doinua. Alde guztietan suak piztuta egoten ziren heretiko eta aztientzat. Turkuei arpegiratzen zitzaien gauzarik okerrena zera zen: ez zutela ez aztirik eta ez deabruak hartutako pertsonarik. Erlijio baten faltsutasunaren froga hutsezina zen hau.

Onura publikoaren, gizadiaren eta benetako erlijioaren zaindari den gizon batek, inozentziaren aldeko bere idatzi batean, agerian jarri du auzitegi kristauek ehun mila ustezko azti baino gehiago zigortu dituztela heriotzara. Legezko hilketa hauei, sarraskitutako heretikoen kopuru mila aldiz handiagoa gehitzen badiegu, munduaren parte handi samar honek borreroz eta biktimaz betetako urkabe handi bat emango du, epailez, lekaioz eta ikuslez inguratua.

10. Atala. Heriotza-zigorraz.[aldatu]

Gauza jakina da urkatutako gizon batek ez duela deusetarako balio, eta gizartearen onerako asmatu diren oinazeak gizartearen mesederako izan behar dutela. Garbi dago herrilanetan behar egitera zigortutako hogei lapurren oinazeak oso onuragarriak direla Estatuarentzat, eta beren heriotzak, ostera, jende aurrean gizonak hiltzeko ordaintzen zaion borreroarentzat bakarrik direla mesedegarri. Ingalateran lapurrak oso nekez zigortzen dira heriotzarekin15. Kolonietara eramaten dira. Gauza bera egiten da Errusiako estatu zabaletan. Kriminal bakar bat ere ez da hil Isabelen16, soberano nagusiaren, inperiopean. Honen ondoren, eta askoz argitasun handiagoarekin, etorri den Katalina II17.ak ere bide berberari jarraitu dio. Biguntasun honek ez ditu krimenak ugaritu; Siberiara erbesteratuak gizaki jator bilakatu dira ia beti. Gauza bera nabarmendu da kolonia ingelesetan. Aldaketa gozatsu honek harritu egiten gaitu, baina ez dago gauza naturalagorik. Errudun hauek lan eta lan egin behar dute biziko badira; ez dute txarkeriarako aukerarik; ezkontzen dira eta biztanleria handitzen dute. Behartu itzazue gizonak lanera eta zintzotu egingo dituzue. Mundu guztiak daki krimenik handienak ez direla nekazal herrietan gertatzen, alferkerian egoteko eta gehiegikeriak egiteko bide izaten diren jai gehiegi ez badago, behintzat.

Hiritarra erromatarra ez zen heriotzara zigortzen, Estatuaren ongizatearekin zerikusia zuen krimenen bat egiten ez bazuen, behintzat. Gure maisuek, gure lehen legegileek, errespetatu dute beren hirikideen odola; guk erraz eta eurrez darabilgu geureena.

Sarri astindu eta eztabaidatu da gai zail eta korapilatsu hau: ea epaileek eskubidea duten heriotza-zigorra emateko, legeak azken oinaze hau ez duenean agintzen. Arazo hau handikiro eztabaidatu zen Enrike IV.a enperadorearen aurrean, eta erabaki zen epaileak ez duela hori egiteko eskubiderikf. Izaten dira ekintza kriminalak, hain ezustekoak, hain bitxiak, edo hain gorabehera arraroetan bilduak, non, nazio batzuetan, legea bera behartua sentitzen den gertakari berezi hauek epaileen iritzira uztera. Baina zilegi baldin balitz ere, legeak espreski ez esan arren, kasuren batean heriotza-zigorra ematea, beste mila kasutan gizadiak, legea baino induartsuagoa denak, bizitza salbatu beharko die legeak heriotzara kondenatutakoei.

Geure eskuetan dago justiziaren ezpata, baina kamustu egin behar diogu ahoa, zorroztu beharrean. Zorroan eramaten da erregeen aurrean, gutxitan atera behar dela adierazi nahirik bezala.

Epaile odolzale amorratuak ezagutu dira; horrelakoa izan da Jeffreys18 Ingalaterran; horrelakoa izan zen lepamoztailea19 deituriko gizon bat ere Frantzian. Era honetako gizonak ez ziren epailetarako jaio; naturak borrero izateko sortu zituen.

11. Atala. Epaien betetzeaz.[aldatu]

Beharrezkoa al da munduaren beste muturreraino joatea eta Txinako legeak ahotan hartzea, gizonak bere bizikideen odolarekin zein zuhur jokatu behar duen ikasteko? Duela lau mila urte baino lehenagotik daude epaimahaiak inperio horretan, eta sekula ez da baserritar bat hil, aurretik bere auzia enperadoreari bidali gabe; honen auzitegi batek hiru aldiz aztertuko du gaia; gero, heriotza-zigorra, zigor aldaketa edo barkamen osoa erabakiko dug.

Baina ez gaitezen hain adibide urrunen bila joan; Europa beteta dago honelakoez. Ingalaterran ez da kriminalik exekutatzen erregeak epaia sinatu arte; gauza bera gertatzen da Alemanian eta ia iparralde osoan. Honela jokatzen zen lehenago Frantzian ere, eta honela jokatu beharko litzateke nazio jaso guztietan. Ustekeriek, azpikeriek eta ezjakintasunak eragin handia izan dezakete tronutik urrun ematen diren epaietan. Azpijoko hauek gortean ez dira jakin ere egiten, urruti geratzen dira; tamaina handiagoko arazoek erakartzen dute interesa. Kontseilu gorena gorabehera handietara ohituago dago, eta aurreiritzietatik libreago. Gauzak goragotik ikusteko ohiturak jakintsuago eta zuhurrago egiten du; erakunde honek probintzia bateko justizia behekoak baino hobeto dakus ea Estatuaren gorputzari etsenplu gogor bat ematea komeni zaion ala ez. Honela, beheko justiziak legearen letran —zorrotza sarri— oinarrituta epaitzen duenean, kontseiluak bigundu egingo du epaia, lege ororen azpian dagoen zentzunari jarraituz, hots, ezin direla gizonak inmolatu, horreterako beharrizan nabarmen bat ez bada, bederen.

12. atala. Torturaz.[aldatu]

Gizaki orok gaitzesten ditu krimenak, denok izan baikaitezke bortizkeriaren eta doilorkeriaren biktima. Denek, aho batez, eskatzen dute errudun nagusien eta beren laguntzaileen zigorra; eta denok, hala ere, Jainkoak geure bihotzetan itsatsi duen errukiagatik, gaude aitorpena ateratzeko akusatuei egiten zaizkien torturen aurka. Legeak ez ditu oraindik kondenatu, eta nahiz eta beren krimena argitu gabe egon, heriotza baino oinaze izugarriagoa ematen zaie, gero, heriotza merezi duten ziurtasuna lortutakoan, azken oinazea emateko. Nola lortzen da ziurtasuna? Ez dakit oraindik erruduna zaren ala ez, eta torturatu egingo zaitut jakiteko; eta errugabea bazara ere, ez ditut nik ordainduko baten ordez sofriarazi dizkizudan mila heriotzak! Dardaraz hasten da edonor irizpide honekin. Ez dut hemen esango San Agustin torturaren aurka agertzen dela bere Jainkoaren Hiria20-n. Ez dut esango Erroman esklaboei ezartzen zitzaiela bakarrik, eta Kintilianok, gizakiak zirela ohartuta, gaitzetsi egin zuela ohitura hau.

Munduan torturaren usadioa kendu duen nazio bakarra balego ere, eta nazio honetan besteetan baino krimen gehiago gertatzen ez badira, eta berau besteak baino jakintsuagoa eta oparoagoa bada ezabatu zuenetik, eredu hau aski da mundu osoarentzat. Ingalaterrak hezi ditzala beste nazioak. Baina ez da Ingalaterra bakarrik, beste nazio askok ere baztertu dute tortura arrakasta handiz. Beraz, gauza garbi dago. Ilustratua izateaz harro dagoen herria, ez ote da bere gizabideaz harrotuko, modu berean? Jokabide zaharrari eutsiko ote diote, beti egin izan dela argudiatuz? Gutxienez, gorde ezazue basakeria hau gaizkile porrokatuentzat, familia edo aberri gurasoren baten hiltzailearentzat; bila itzazue haien konplizeak. Baina ez al da astakeria hutsa inolako arrastorik utzi ez duen hutsegiteren bat egin duen gaztea guraso hiltzailea bezala kondenatzea? Lotsa naiz honetaz jarduten Delituez eta zigorrez-en egileak gaiaz esan dituenak irakurri ondoren. Zera egin beharko nuke: gizadiaren zaindari honek idatzitako obraren irakurketa mundu guztiari gomendatu, eta isildu.

13. atala. Zenbait odol-auzitegiri buruz.[aldatu]

Nork sinetsiko luke garai batean izan zela Inkisizioa baino auzitegi izugarriago bat, eta auzitegi hau Karlomagno berberak ezarri zuela? Westfaliako auzitegia izan zen, Gorte Vemikoa ere deitua. Auzitegi honen gogortasuna, edo ankerkeria, hobeto esanda, hain zen handia, non heriotza-zigorrera kondenatzen baitzen garizumako baraua hausten zuen edozein sajoniar. Lege bera ezarri zen Flandrian eta Franche-Comté-an XVII. mendearen hasieran.

Borgoñako konterriko haitz beldurgarrien erdian bada Saint-Claude izeneko lurralde txiki bat. Hango artxiboak gordetzen du Claudio Guillon deitzen zen zaldun gizajo baten ahozko auzia eta exekuzio-agiria: lepoa moztu zioten 1629ko uztailaren 28an. Miseria gorrian bizi zen eta gose ikaragarria zuen. Bere delitu guztia, bijilia egunez zelaian hil zuen zaldiaren haragi puxketa jatea. Sakrilegotzat kondenatu zuten. Aberatsa izan bazen eta ehun diru kostatzen zen arrain-afari bat egin bazuen, nahiz eta pobreak gosez hiltzen utzi, bere eginbehar guztiak bete zituen gizona izango zen. Hona hemen epailearen sententzia:

«Guk, auziaren alderdi guztiak ikusi eta legelarien iritzia entzun ondoren, Claude Guillon delakoa errudun deklaratzen dugu, hiri honen alboko zelai batean hildako zaldi baten haragi puxketa hartu, eta haragi hau martxoaren 31ean, larunbatez, egosi eta jan zuelako, etab.»

Zer legegizon ziren epai hau eman zutenak! Topimanboen edo hotentoteen artean gertatzen al da honelakorik? Gorte Vemikoa askoz ere beldurgarriagoa zen. Komisarioak bialtzen zituen isilpean Alemaniako hiri guztietara, txostenak egiten zituzten akusatuen ezjakinean, eta hauei entzun ere egin gabe epaitu egiten zituzten; eta askotan, borrerorik ez zutenean, epailerik gazteenak betetzen zuen haren lana, eta berak urkatzen zuen erruduna. Auzitegi honen erailketei ihes egiteko, gutun bereziak lortu behar izaten ziren, enperadoreen babes-agiriak, eta hauek ere alferrik izaten ziren askotan.

Hiltzaileen auzitegi hau ez zen guztiz desegin Maximiliano21 I.aren garaira arte, baina desegite hau epaileen odolean egitea merezi zuen. Veneziako hamar epaileen auzitegia, erruki-auzitegia zen honen ondoan.

Zer pentsatu bahar dugu hutsegite hauei eta beste askori buruz? Gizakiaren izaeraz negar eginda konformatuko al gara? Izan dira hau mendekatu beharreko kasuak ere.

14. atala. Lege politikoen eta naturalen artean dagoen aldeaz.[aldatu]

Nik lege naturalak deitzen diet naturak garai guztietan eta gizaki guztiei seinalaturiko legeei, naturak gure bihotzetan, nahiz eta batzuek besterik esaten duten, itsatsi dituenei justiziak iraun dezan. Alde guztietan, lapurreta, bortxakeria, hilketa, gure senide eta ongileekiko esker txarra, kalte egiteko eta ez errugabe bati laguntzeko egiten den zinegite faltsua, eta bere aberriaren aurkako konspirazioa, delitu nabarmenak dira, gogorrago edo bigunago zigortzen direnak, baina beti zigortu beharrekoak.

Nik lege politikoak deitzen diet unean uneko beharren erantzun gisa egiten direnei, bai boterea sendotzeko, bai zoritzarrak aurreikusteko edo ekiditeko. Etsaiak hiri bateko berriak jaso ditzakeela errezelatzen denean, ateak ixten dira eta agintzen da, heriotza-zigorpean, inork ez dezala harresietatik salto egin.

Sekta berri batek beldurra sortzen duenean; jende aurrean soberanoarenganako obedientzia estalki gisa erabiltzen duenean, gero ezkutuan konspiratzeko; edo gizon guztiak berdinak direla aldarrikatzen duenean, gero jendea beren erritoetara makurtzeko; edo Jainkoari obeditzea gizonei obeditzea baino hobea dela esaten duenean, sekta nagusia sineskeriaz eta zeremonia barregarriz beteta dagoen aitzakia erabiliz. Estatuak konsakratu duena desegin nahi denean, orduan, diot, heriotza-zigorra erabiltzen da herria sediziora eramateko sektaren alde agerian dogmatizatzen dutenen aurka.

Bi gizon botere-gose tronua lortzeko lehian badabiltza, indartsuenak irabaziko du eta heriotza epaia ezarriko dio ahulenari eta haren jarraitzaile guztiei. Epaileak soberano berriaren mendeku-tresna eta aginte-sustengu bihurtzen dira. Hugo Capetoren garaian, Lorenako Karlosekin zerikusia zuen edonor zegoen herriotza-zigorraren arriskupean, oso boteretsua22 ez bazen, behintzat.

Rikardo III.ak bere bi ilobak erail zituenean, Ingalaterrako errege izendatu zuten, eta epaitegi gorenak laurdendu egin zuen Gillermo Colingburn zalduna, zeinen delitua Richemond-eko kontearen lagun bati, garai artean tropak antolatzen ari zena, idaztea izan baitzen, gero Enrike IV23.a izenez errege izango zenari, hain zuzen. Bere eskuz idatzitako bi lerro aurkitu zizkioten, ez zuten ez buru eta ez hanka, baina aski izan ziren torturarik lazgarrienen erdian hilarazteko. Historia guztiak honelako justizia ereduz gainezka daude.

Errepresalia eskubidea da nazioek erabili ohi duten beste lege bat. Zure etsaiak urkatu egin du zure kapitain ausarta, denbora luzez, gaztelu erdi puxkatu batean, armada oso baten aurka ausarki burrukatu ondoren; zure etsaiaren kapitaina zure eskuetan erori da; gizon jatorra da, estimatzen duzu eta agian maitatu ere bai; baina hau ez da oztopo urka dezazun. Legea da, esaten duzu. Zure etsaiak delitu anker bat burutu duelako, beharrezkoa al da zuk ere beste antzeko bat egitea?

Politika odolzale baten lege hauek denbora bat irauten dute, eta garbi dago ez direla benetako legeak, igarokorrak baitira. Batzuetan iruditzen zait gosete handien erdian gizonek elkar jateko izan duten beharraren antzekoak direla. Baina elkar jateari utzi egiten zaio ogia dagoen momentuan.

15. atala. Goi-mailako traizio-krimena.   Tito Oates eta Augusto de Thou-ri buruz.[aldatu]

Goi-mailako traizio-krimena esaten zaio aberriaren edo honen ordezkari den soberanoaren aurka egiten denari. Egiten duena parrizidio egin duenaren maila berean hartzen da; beraz, garbi dago ez direla halakotzat jo behar parrizidiora heltzen ez diren delituak. Izan ere, goi-mailako traizio krimentzat hartzen bada Estatuaren etxe batean egindako lapurreta bat, ustelkeria kasu bat edota sedizio-hitz batzuk, moteldu egingo da goi-mailako traizio-krimenak edo lesa maiestatekoak eragin behar lukeen izua.

Krimen handiei buruz sortu behar den iritziak ez dio irizkeriari lekurik utzi behar. Semeak aitari egindako lapurreta edo iraina parrizidioaren mailan jartzen baduzue, aita-semeen arteko maitasun-harremanak hautsiko dituzue. Semeak ugazaba beldurgarri bat bezala ikusiko du bere aita. Legeen barruan dauden bortizkeriak, legeon hondatzaile bihurtzen dira.

Krimen arruntetan, Ingalaterrako legea akusatuaren aldekoa da; baina goi-mailako traizio krimenetan, ostera, aurkakoa. Tito Oates jesuita ohia, komunen ganbaran legearen arabera itaundu zuten, eta aitortzekorik beste ezer ez zuela zin egin ondoren, Yorkeko dukearen idazkaria (duke hau Jakobo II.a izango zen geroago) eta beste pertsona batzuk akusatu zituen goi-mailako traizio-krimenaren egiletzat, eta bere salaketa onartu egin zuten; hasieran idazkari hau ez zuela ikusi zin egin zuen, eta gero, ikusi zuela. Ezlegetasun eta kontraesan hauek gorabehera, hil egin zuten idazkaria.

Oates honek eta beste lekuko batek deklaratu zuten berrogeitamak jesuitak Karlos erregea hiltzeko trama bat antolatzen ari zirela, eta Aita Olivak, jesuiten generalak, idatzitako izendapen-agiriak ikusi zituztela, matxinoen armada24 zuzenduko zuten ofizialen zerrendak. Bi lekuko hauen adierazpenak aski izan ziren salatu zenbaiti bihotzak atera eta hauekin aurpegia igurzteko. Baina garbi hitz egin dezagun: bi lekuko aski al dira hauek galdu nahi dituztenak hilarazteko? Beharrezkoa izango litzateke, gutxienez, bi lekuko hauek alproja ezagunak ez izatea, eta esaten dituzten gauzak sinesgarriak gertatzea.

Adibide bat jartzearren, erresumako bi magistratu zuzenenek gizon bat akusatuko balute, esanez honek Mufty-rekin batera konspiratu duela Estatu Kontseilu osoa zirkunzidatzeko, eta parlamentua, eta diru-kontu auzitegia, eta arzobispoa, eta Sorbona osoa, magistratu horiek alferrik zin egingo lukete Muftyren gutunak ikusi dituztela, inork ez lieke sinetsiko, zoratu egin direla pentsatuko lukete denek. Sinestezina bada Muftyk Frantziako gorte osoa zikunzidaraztea, ez gutxiago jesuiten generalak Ingalaterran armada bat antolatu izana. Hala ere, inoiz esan ez dadin izan zela noizbait zorakeria krudel bat inork sinetsi ez zuena, sinetsi egin zitzaion Tito Oatesi.

Ingalaterrako legeek ez dute traizio errudun jotzen, traizioaren berri jakin arren, jakinarazten ez duena. Eta hau, salatzailea konspiratzailea bezain erruduna dela pentsatzen dutelako. Frantzian, ostera, konspirazio baten berri jakin eta salatzen ez duenak heriotza-zigorra du. Luis XI.ak, zenbait konspirazioren helmuga izan zenak, eman zuen lege izugarri hau. Luis XII.ari eta Enrike IV.ari ez zitzaien burutik pasatu ere egingo horrelakorik.

Lege honek ez du bakarrik gizona krimen baten salatzaile izatera behartzen (agian bere tinkotasunarekin eta aholku jakintsuekin berak saihets dezakeen krimena), baizik eta baita kalumniatzaile gisa zigortua izateko arriskuan jartzen du, azpikerian dabiltzanek oso erraz har baititzakete neurriak salatzaileari sinets ez diezaioten.

Hauxe izan zen, hain zuzen, Francisco Augusto de Thou25 gizon errespetagarriaren ren kasua. Estatu kontseilaria zen, garai hartan Frantziak zuen historialari on bakarraren semea, Guinchardin26 bezain argia, eta hau baino hobea, agian, bere inpartzialtasunagatik.

Konspirazioa Luis XI.aren aurka baino gehiago, Richelieu kardinalaren aurka zegoen zuzendua. Helburua ez zen, inola ere, Frantzia etsaien esku uztea; izan ere, erregearen anaiak, konspirazioaren bultzatzaile nagusiak, ez zuen erresuma saltzeko asmo izpirik, oraindik bere burua erresuma haren oinordeko jotzen baitzuen, tronuaren eta beraren artean, heriotzaren ateetan zegoen anai nagusia eta titiko ume bi, beste oztoporik ikusten ez zuelarik.

De Thou ez zen erruduna ez gizonen eta ez Jainkoaren aurrean. Monsieur-en, erregearen anaia bakarraren, agente batek, Bouillon-go kontea (Sedan-go printze soberanoa zena) eta Effiat Cinq-Mars27 ezkutaria prestatzen ari ziren konspirazioaren berri eman zion, ahoz, estatu kontseilariari. Hau Cinq-Mars ezkutariaren bila joan zen eta ahalegin guztiak egin zuen haien asmoak zituen zailtasun guztiak ikustarazteko, eta konspirazioa alde batera utz zezaten. Orduan konspiratzaileak salatu izan bazituen, zein froga aurkeztu ahal izango zuen haien aurka? Haren adierazpena gezurtatu egingo zuten koroaren ustezko oinordekoak, eta printze soberanoak, eta erregearen begikoak ,eta, azken batean, mundu guztiaren gaitzespena izango zuen. Kalumniatzaile doilor baten gisa zigortua izatea, besterik ez zuen lortuko

Seguier kantzilerak ere hauxe bera aitortu zuen, de Thouk eta ezkutari handiak, aurrez aurre jarri zituztenean, esandakoak entzunda gero. Alderaketa honetan esan zizkion de Thou-k Cinq-Mars-i ahozko auzian agertzen diren hitz hauek: «Oroit ezazu, jauna, egunero hitz egin dizudala gai honi buruz, eta nire ahalegin guztiak egin ditudala asmoa bazter zenezan». Cinq-Mars-ek onartu zuen egia hau. De Thou-k saria merezi zuen auzitegiaren aldetik, eta ez heriotza. Gutxienez begirune apur batez tratatu behar zuen Richelieu kardinalak; baina gauza jakina da gizatasuna ez zela ministro honen dohairik onena. Ziur asko, kasu hau Summum jus, summa injuria baino zerbait gehiago da. Gizon jator honen heriotza-epaiak honela dio: «Konspirazio hauen berri izateagatik». Honen arabera, krimena, haren berri izatean datza, eta edonork heriotza merezi lezake begiak eta belarriak izateagatik.

Honelako epai bati buruz esan daitekeen gauza bakarra zera da: ez zutela epaileek eman, komisarioek baizik. Lege odolzalea zehatza eta formaz jantzia zen. Ez legelariei bakarrik, gizon guztiei dagokie lege hau usteldua zegoen ala ez erabakitzea. Oso kontraesan tristea da gizon kopuru txiki batek heriotzera eraman ahal izatea nazio osoak errugabe eta miresgarritzat jo duen gizona.

16. atala. Aitortzan egindako konfesioa[aldatu]

Jaurigny eta Baltasar Gerard, Orangeko printzearen (Gillermo I.a)28 hiltzaileak, Santiago Clement29 fraide dominikoa, Chatel30, Ravaillac31, eta garai hartako beste parrizida guztiak aitortu egin ziren beren krimenak burutu aurretik. Mende negargarri hauetan fanatismoa hain harro zebilen, non aitortza aitzakia bat gehiago baitzen doilorkeria burutzeko, eta aitortza sakramentua zenez gero, krimena ere sakratu bihurtzen zen. Strada32 berak dio Jaurigniri buruz: Non ante facinus aggredi sustinuit, quam expiatam noxis animan apud dominicanum sacerdotem coelesti pane firmaverit. «Jaurigni ez zen ekintza hau burutzera ausartu, harik eta egitera zihoana dominiko baten oinetan aitortuz garbitu, eta arima zeruko ogiaz indartu zuen arte».

Ravaillac-en itaunketan ageri denez, dohakabe honek zistertarretatik irten eta jesuiten konbentuan sartu nahi izan zuenean, d’Aubigny jesuitarengana jo zuen. Izan omen zituen agerkunde askori buruz hitz egin zion jesuitari, eta gero aizto bat erakutsi zion, burnian bihotza eta gurutzea grabatuta zituena, eta esan zion: «Gurutze honek esan nahi du erregeak gerra egin beharko diela hugonoteei».

Agian d’Aubigny-k zuhurrago eta arduratsuago jokatu izan balu, eta erregea hitz hauen jakinean ipini, edota asmo hauek azaldu zizkion gizonaren deskrizioa egin izan balio, inoiz izan den erregerik onena ez zuten beharbada erailgo.

1610eko abuztuaren 20an, Enrike IV.a hil eta hiru hilabetera, artean haren lorratzak bere menpeko izandakoen bihotzetan grabatuta zeudelarik, Servin abokatu orokorrak, oroitzapen luzea utzi duen gizonak, honakoa zioten lau artikuluak sina zitzatela agindu zien jesuitei:

1.— Kontzilioa aitasantauren gainetik dagoela.

2.— Aitasantuak ez duela inolako ahalmenik erregeari ezein eskubide kentzeko eskomunioa erabiliz.

3.— Elizgizonak erregearen menpeko direla, besteak bezala.

4.— Apaiz batek aitortzan erregearen edo Estatuaren aurkako konspirazioa jakiten badu, berehala jakinerazi behar diela epaileei.

22an, dekretu baten bidez agindu zuen parlamentuak jesuitek ezin zutela gazteria hezi, delako lau artikuluak sinatu arte. Baina garai haietan Erromako gortea oso indartsua zen, Frantziakoa, ostera, oso ahula, eta agindua ez zen gauzatu.

Baina esan beharra dago, nahiz eta Erromako gorteak ez zuen gura izaten aitortzapekoa jakinarazi zedila, ezta soberanoaren bizitzaren aurkako atentatua izanda ere, aitorleak behartzen zituela emakumeek konfesioan beren seduzitzaile edo bortxatzailetzat jotakoen izenak inkisidoreen aurrean azaltzera. Paulo IV.ak, Pio IV.ak, Klemente VIII.ak eta Gregorio XVh.ak azalpen hauek egitea agindu zuten. Ez zen batere erraza aitorleentzat eta konfesatzera zihoazen emakumeentzat amarru honi ihes egitea. Horrela, sakramentu bat salaketa-

-bulego bihurtu zuten, eta baita sakrilegio-bide ere. Izan ere, araudi zaharren arabera, eta batez ere Inozentzio III.ak deitutako Letrango33 Kontzilioaren ondoren, aitorpen bat jakinarazten zuen apaiza funtziogabetu egiten zuten berehala, eta espetxe betikora zigortzen.

Hona hemen XV. eta XVI. mendeko lau aitasantu garbitasunaren aurkako bekatuak argira ateratzeko agintzen, eta ez, ostera, parrizidioa. Baina hau ez da okerrena: emakume batek karmeldar bati egindako aitortzan frantziskotar batek seduzitu duela esan du; karmeldarrak frantziskotarra salatu behar du. Hiltzaile fanatiko bat, bere printzea hilez Jainkoa zerbitzen duelakoan, aitorle baten aurrera agertzen da kontzientzia kasu honetaz hitz egiteko: aitorlea sakrilego egiten da bere soberanoaren bizitza salbatzen badu.

Kontraesan zentzugabe hau aspaldiko mendeetatik datorren eliz legeen eta lege zibilen arteko talka etengabearen ondorio da. Hiritarra behin eta berriz aukeratu beharrean aurkitzen da sakrilegioaren eta lesa maiestateko krimenaren artean; hau dela eta, ongiaren eta gaizkiaren arauak guztiz nahastu dira, eta nahaste-borraste horretan jarraitzen dute.

Gure hutsegiteen aitortza gauza onartua izan da garai guztietan eta ia nazio guztietan. Jende asko aitortzen zen Orfeo, Isis, Samotrazia, edo Zeres-en misterioetan.

Judutarrek garbiketa-egun solemnean aitortzen zituzten beren bekatuak, eta oraindik ere gordetzen dute ohitura hori. Penitentziagileak aitorlea aukeratzen du, gero bere penitentziagile bihurtuko dena, eta bakoitzak hogeita hemeretzi zigorkada jasoko ditu elkarrengandik, nahigabez beterik aitortza formula errezatzen duen bitartean, hamahiru hitz besterik ez, eta, beraz, aparteko gauzarik deus ere ez.

Aitortza hauek ez dira inoiz xehetasunetan sartu, ezkutuko elkarrizketa hauek ez dira sekula penitentziagile fanatikoentzat aitzakia izan gero bekatu egiteko eskubidea izan dezaten. Metodo kaltegarri batek instituzio onuragarri bat usteldu du. Aitortza, garai batean krimenaren galgarik handiena izana, honen bultzatzailerik onena bihurtu da azpikeria eta iskanbila garaietan. Garbi dago gogoeta hauetan oinarritu dela zenbait gizarte kristau praktika santu hau ezabatzeko, kaltegarria bezain alferrikoa iritzita.

17. atala. Txanpon faltsuaz.[aldatu]

Txanpon faltsua egitea lesa maiestateko bigarren mailako krimentzat jo izan da, eta irizpide zuzenez. Hiritar guztiei lapurtzea Estatuari traidore izatea da. Zera galdetu izan da: merkatari batek urrea eta zilarra ekartzen badu barretan Ameriketatik, eta txanpon bihurtzen baditu bere etxean, ea lesa maiestateko krimena egin duen eta heriotza merezi duen. Nazio gehienetan hau egin duena oinazerik latzenera kondenatuko litzateke, nahiz eta ez dion ezer ostu inori: aitzitik, mesede handia egin dio Estatuari, txanpon konpuru handia jarri duelako korritzen. Baina soberanoari dagokion eskubidea bereganatu du, eta lapurretan egiten dio, soberanoak txanponetik eskuratzen dituen onuratxoak sakeleratu dituelako. Egia da egin duen txanpona ona dela, baina faltsua egiteko tentaldian jarri ditu bere imitatzaileak. Baina heriotza-zigorra oso gogorra dela jabetu behar dugu. Ezagutu nuen legelari batek zera esaten zuen, honelako errudun trebe eta eskutsuak erregearen diru-fabrikan lan egitera zigortu beharko liratekeela, hanketan kateak jarrita.

18. atala. Etxe barruko lapurretaz.[aldatu]

Zenbait lurraldetan, heriotzaz zigortzen dira etxe barruko lapurreta txikiak. Zigor neurrigabe hau ez al da gizartearentzat kaltegarria? Ez al da lapurreta berrien eragilea? Ugazaba batek bere morroia justiziaren aurrera eramaten badu lapurreta txiki batengatik, bizitza kenduko diote dohakabe honi, eta, ondorioz, auzoak begitan hartuko du ugazaba; denek jakingo dute orduan natura eta legea kontraesanean daudela, eta beraz, honek ez duela deusetarako balio.

Zer ondorio dakarren honek? Ugazaba, ospe txarra bereganatu nahi ez duenez, morroi ebaslea kalera bidaltzearekin konformatuko da, eta hau beste leku batera joango da harrapatzera, eta horrela ohitu egingo da lapurretatik bizitzen. Lapurreta txikiak eta handiak zigor berbera badu, argi dago ebaslea ahalik eta lapurreta handiena egiten saiatuko dela. Hiltzaile ere egin daiteke, horrela nekezago bilatzen badute.

Baina zigorra delituaren neurrikoa balitz, lapurra lan behartuetara zigortuko balitz, orduan ugazabek arazorik gabe eramango lituzkete lapurrak justiziaren aurrera; orduan inolako lotsarik gabe egingo litzateke hau, eta lapurretak ez lirateke hain maiz gertatuko. Oso garbi dago lege gogorregi batek, askotan, krimenik handienak eragiten dituela.

19. atala. Buru-hiltzeaz[aldatu]

Duverger de Haurannek34, Saint-Cyran-go abate famatuak, Port-Royalen fundatzaile kontsideratuak, tratatu bat idatzi zuen buru-hilketazi 1606an; Europako libururik aurkigaitzenetakoa da egun.

Hamar mandamentuek, esaten du berak, ez hiltzea agintzen dute. Norbere burua hiltzea lagunurkoa hiltzea bezain bildua dagoela dirudi agindu honetan. Eta kasu batzuetan lagun-hurkoa hiltzea zilegi baldin bada, orduan baita norbere burua hiltzea ere; baina ez dugu geure bizitzaren aurka jardun behar gure arrazoia kontsultatu gabe.

Herri agintaritzak, Jainkoaren lekuan dagoenak, gure bizitza erabiltzeko eskubidea du. Gizonaren arrazoiak ere, jainkoaren argiaren islada denak, har dezake Jainkoaren lekua.

Saint-Cyranek luze garatzen du sofisma hutsa dirudien argudio hau; baina xehetasunetan sartzen denean, oso zaila da hari erantzutea. Edonor, esaten du, hil daiteke bere aberriaren, bere printzearen edo bere senideen alde.

Argi dago zaila litzatekeela kodroak eta kurtzioak35 kondenatzea; ez dago soberanorik beragatik bere burua hil duen gizon baten familia zigortuko duenik. Zer diot? Ez bakar bat ere ez litzateke ausartuko, kalteordain gisa, familia saritu gabe uztera. Santo Tomasek gauza bera esan zuen Saint-Cyranen aurretik. Baina ez dugu ez Santo Tomas, ez San Buenaventura eta ez Hauranne-ren beharrik bere aberriagatik hiltzen den gizonak gure laudorio guztiak merezi dituela jakiteko.

Saint-Cyrango abateak diosku zilegi dela geure buruagatik besteengatik hainbeste loriaz egiten duguna egitea. Mundu guztiak daki Plutarko, Seneka, Montaigne eta beste filosofo askok buru-hilketaren alde argudiatu dutena. Guztiek azken muturreraino jorratu dute gaia. Honek ez du esan nahi legeek zigortzen duten ekintza baten apologia egin gura dudanik; baina egia da ez Testamentu Zaharrak eta ez Berriak ez diotela gizonari bizimodu honetatik irtetea galerazten, gehiago ezin duenean. Lege erromatar batek ere ez du buru-hilketa kondenatzen. Aitzitik, hona hemen Marko Antoniok emandako legea, sekula ezeztatu ez zena:

Zuen aitak edo anaiak, krimenen baten errudun izan gabe, bere burua hiltzen badu, minei ihes egiteko, bizimoduaz aspertuta, edo etsita, edo erotuta dagoelako, beren testamentuak balio dezala, edota egin gabe utzi badu, bere ondasunak bere oinordenkoentzat izan daitezelaj.

Gure maisuek lege gizakoi hau eman ziguten arren, gaur egun banasta baten arrastaka eramaten dugu eta makila batez zeharkatzen bere burua hil duen gizona. Ospe txarra dario haren gomutari. Ahal dugun guztia laidotzen dugu haren familia. Semea zigortzen dugu aita galdu duelako, eta alarguna senarrik ez duelako. Hildakoaren ondasunak konfiskatu egiten dira, zuzenbidez jabeak diren bizidunen eskuetatik kentzen dira, alegia. Usadio hau, beste asko bezala, gure kanon-eskubidetik eratorria da; honek lurperatua izateko eskubidea ukatzen dio nahita hiltzen den gizonari. Eta ondorio hau ateratzen da honetatik: ezin dela ezer heredatu zerutik ezer heredatzekorik ez duen gizon batengandik. Kanon-eskubideak dio, De poenitentia atalean, Judasek bekatu handiagoa egin zuela bere burua hiltzen, Jesukristo Gure Jauna saltzen baino.

20. atala. Elbarritze-mota batez.[aldatu]

Digesto-n Adrianorenk lege bat dago, zeinetan heriotzera zigortzen ditu barrabilak erauziz edo hautsiz zikiratzeak egiten dituzten medikuak.

Lege honek berak agintzen du irenduak izan direnen ondasunen konfiskazioa. Honen arabera, Origenes36 bera ere zigortu ahal zango zen, honek ere ebaketa hau egin baitzuen San Mateoren pasarte bat oso estu interpretatu zuelako: Badira bere burua irendu dutenak zeruko erreinurako.

Gauzak beste itxura bat hartu zuten ondorengo enperadoreekin, hauek luxu asiarrez inguratu baitziren, Konstantinoplan batik bat. Hiri honetan ezagutu ziren patriarka izatera edo armadak zuzentzera helduko ziren irenduak.

Erroman umeak irentzeko ohitura handia dago egun, aitasantuaren musikari izan daitezen, eta, honengatik, castrato eta aitasantuaren musikari sinonimoak dira. Orain dela gutxi arte ikusten ziren Napolin, barbero zenbaiten ateburuetan, zera zioten iragarkiak: Qui si castrano maravigliosamente i putti.

21. atala. Goian aipatutako delituek ekartzen dituzten konfiskazioez.[aldatu]

Bada ohitura hau laburbiltzen duen esaera bat justizia auzitegi guztietan: Bere burua konfiskatzen duenak, bere ondasunak ere konfiskatzen ditu. Oso indartsu dago esaera hau, legeari beharrean usadioari jarraitzen zaion herrialde guztietan. Beraz, esan dugun bezala, herrialde hauetan goseak hiltzera jaurtitzen dira bere burua nahita hildakoen seme-alabak, hiltzaileen seme-alabak bezala. Beraz, modu honetan, eta kasu guztietan, familia osoa zigortzen da gizon bakar baten hutsegiteagatik.

Horrela, guraso bat galeretara zigortzen denean epai bidegabe batezl, dela sermoilari-sektaren bateko kidea etxean hartu duelako, dela kobazulo edo basamorturen batean sermoiren bat entzun duelako, handik aurrera honen emazte eta seme-alabek eskale moduan bilatu beharko dute ogia.

Umezurtzei kendu eta beste gizon bati bere lagun hurkoaren ondasunak ematean datzan epaibide hau ezezaguna zen errepublika erromatarreko garai guztietan. Silak sartu zuen bere proskripzioen garaian. Baina, esan beharra dago, Silak asmatutako lapurkeria hau ez dela oso eredu imitagarria. Ikusi besterik ez dago Zesarrek eta Trajanok ez ziotela jarraitu zekenkeriak eta gupidagabekeriak diktatua dirudien lege honi, eta ezta Antoninoek ere, zeintzuen izenak oraindik ere begirunez eta maitasunez ahoskatzen baitira nazio guztietan. Eta Justinianoren garaian ere, lesa maiestateko kasuetan bakarrik erabiltzen zen konfiskazioa.

Dirudienez, anarkia feudaleko garaietan printzeak eta lurjabeak pobre samarrak ziren, eta beren menpekoak zigortuz eta krimenetik ere etekinak atereaz handitzen zituzten beren ogasunak. Beren arteko ohiturak basatiak zirenez eta legeria erromatarra ezezaguna, usadio bitxiak eta ankerrak nagusitu ziren. Baina soberanoen boterea aberastasun handi eta seguruetan oinarrituta dagoenenan, hauen ogasunek ez dute familia dohakabe baten hondakinekin hazteko batere beharrik. Gehienetan, eskatzen duen lehenengoaren esku uzten dira ondasunok. Baina bidezkoa al da hiritar bat beste baten kontura aberastea?

Konfiskazioa ez da existitzen zuzenbide erromatarra indarrean dagoen herrialdeetan, Tolosako legebiltzarraren esparruan izan ezik. Ez da existitzen, ezta, usadioan oinarrituta arautzen diren zenbait herrialdetan ere, Borbonerrian, Berry-n, Maine-n, Poitou-n, Bretainian; edo, gutxienez, leku guztietan errespetatzen dira sustrai-ondasunak. Calais-en ere erabiltzen zen konfiskazioa garai batean, baina ingelesek deuseztu zuten hiria hartu zutenean. Ez da normala hirietako biztanleak probintzietakoak baino lege estuagoen azpian bizitzea. Honek erakusten du legeria aliritzira ezartzen dela askotan, ganorarik gabe, batasunik gabe, txabolak , han-hemenka eraikitzen diren bezala.

Norbaitek sinetsiko al luke Omer Talon37 abokatu orokorra, 19673an, Frantziaren loria-urtean, honela mintzatu zela Legebiltzarrean, Canillac andereñoari buruzm:

«Zera dio Jainkoak Deuteronomioaren XIII. atalean: Idolatria nagusi den hiri batean edo beste edozein lekutan sartzen bazara, ezpataren ahotik pasa itzazu guztiak, adina, sexua edo giza maila kontuan izan gabe. Gero hondakinak bildu hiriko plazan, erre guztia, eta leku higuingarri honetan ez dadila errauts pila bat baino geratu. Hitz batean, egin sakrifizio handi bat jaunari, eta ez dadila zure eskuetan anatema horren pusketa txikienik ere geratu.

Honela, lesa maiestateko krimenetan, erregea egiten zen ondasun guztien jabe, errudunaren seme-alaben kaltetan. Mabot, quia maledixerat regi, auziperatu zutenean, errudunaren ondasunez jabetu zen Ajab38 erregea. Sibak David erregeari gaztigatu zion Mefiboset bere aurkako matxinada prestatzen ari zela; erregeak honen ondasun guztiak eman zizkion Sibari, hau esanez: Tua sint omnia quae fuerunt Miphiboset.»39

Jakin nahi genuke zeinen eskuetara joango diren Canillac andereñoaren ondasunak, lehenago bere aitari konfiskatu zitzaizkion ondasunak, bestalde, eta erregeak bere ogasunaren zaintzaile bati utzitakoak eta, azkenik, honek, berezko oinodekoa zen andereñoari. Eta Auverniako andereño baten auzia argitzeko, abokatu orokorra Ajaben bila doa, Palestinako zati baten erregearengana, Naboten mahastia konfiskatu zuena haren jabea juztiziaren ezpataz erail ondoren; ekintza nazkagarria, bistan da, ondasun-lapurretak gizonengan sortzen duen nardaren adierazgarri den esaera baten iturria. Esan beharrik ez Naboten mahastiak zerikusi gutxi duela Canillac andereñoarekin. Mefibosetek ere (Saul erregearen biloba, Jonatasen semea, eta Daviden lagun eta babeslea) ez zuen handiegirik emakume honekin.

Pedantekeria honekin, gaiari guztiz arrotz zaizkion aipuak sartu behar zoro honekin, giza izaeraren ezagutza falta nabarmen honekin, gaizki harilkatutako eta gaizkiago ehundutako kezka hauekin, gauzatzen dute jurisprudentzia, beren arloan izen handia duten gizon batzuek. Irakurleak bere irudimenarekin jakingo du esan gabe geratu dena osatzen.

22. atala. Auzibide kriminalez eta beste gai batzuez.[aldatu]

Egunen batean, Frantzian, oraingoak baino lege gizatiarragoen eraginez usadio ankerregi batzuk leuntzen badira, horregatik krimenari erraztasun handiagorik eman gabe, pentsatzekoa da auzibideak ere aldatu egingo direla idazleek zorrotzegi jokatutako artikuluetan. Badirudi akusatuen galbidea bilatzeko xedez bideratu direla araudi kriminalak, puntu askotan. Hau da lege komun bakarra erresuma guztian; baina legeak ez al luke errugabeen aldekoa izan behar, errudunen aurkakoa den neurri berean? Ingalaterran, arrazoirik gabe egindako atxiloketa soil bat, atxiloketa dekretatu duen ministroak berak konpondu behar du; baina Frantzian, ziegara jaurti den errugabeak, oinazea jasanda gero, ez du kontsolatzeko itxaropen izpirik, eta ezin dio ezer exijitu inori, eta ohorea galduta geratuko da betiko gizartearen aurrean. Errugabea ohorea galduta! Zergatik? Hezurrak bere lekutik atera dizkiotelako! Honek errukia eta begirunea sortu beharko luke. Krimenaren ikerketek zenbait gogorkeria eskatzen du: giza justiziak gaiztakeriari egiten dion gerra da hau; baina gerran ere egon daiteke errukia eta eskuzabaltasuna. Kementsua errukiorra izan ohi da. Legegilea nola izan daiteke ankerra?

Aldera dezagun, puntu batzuetan bada ere, erromatarren auzibide kriminala eta gurea.

Erromatarren auzietan jende aurrean entzuten zitzaien lekukoei, akusatua ere aurrean zela; eta honek eskubidea zuen lekukoei erantzuteko, eta galderak egiteko, eta baita abokatu baten bidez aurre egiteko ere. Auzibide jatorra eta zintzoa zen, erromatarren bihozberatasunaren adierazgarria.

Gure artean dena egiten da isilpean. Epaile bakar batek, eskribauaren laguntzaz, lekukoei entzuten die bata bestearen atzean. Frantzisko I.ak ezarritako jardunbide hau, Luis XIV.ak 1670ean eman zuen ordenantza batetik bildu eta moldatu zuten komisarioek. Nahaste bat izan zen honen guztiaren jatorria.

De Testibus kodea irakurtzean, pentsatu zuten honako hitz hauek: testes intrare judicii secretum, «lekukoak sekretuan itaundu» behar zirela esan nahi zutela. Baina hemen Secretum-ek epailearen langela esan nahi du. Intrare secretum ez da inondik inora isilpean berba egitea, hori ez da latina. Beraz, hankasartze batek eraiki zuen gure jurisprudentziaren alderdi hau.

Lekukoak, gehienetan, herriko jende arloteena izaten dira, epaileak berak nahi duen guztia esanarazi ahal diena. Lekukoei bigarrenez ere entzuten zaie, berrespena esaten zaiona, baina beti sekretuan. Eta berrespen honetan ezetsi edo aldatu egiten badituzte beren lehen adierazpenak, lekuko faltsutzat jo eta zigortu egiten dituzte. Beraz, izakera arrunteko gizon batek, gauzak azaltzen ez badaki baina bihotz onekoa bada, pentsatuko du gutxiegi esan duela galdetutakoaz, edo gehiegi, edo ez diola epaileak ondo ulertu, edo berak epaileari, eta horrela, justizia irizpide batengatik, aldatu egingo du lehen esandakoa, eta, ondorioz, zigortu egingo dute alproja bat omen delako; eta, horregatik, behin baino gehiagotan lekukotza faltsu bati eutsi beharrean izango da testigu faltsutzat har ez dezaten.

Ihes egiten badu, kondenatua izateko arriskuan dago, krimena frogatuta egon ez arren. Egia da, zenbait legelariren ustez, auzi-iheslariak ez liratekeela zigortu behar, baldin eta krimena argi eta garbi frogatua ez badago. Baina beste legegile batzuek, ostera, ezjakinenak baina, ziur asko, imitatuenak, alderantzizko iritziari eusten diote: akusatuaren ihesa bere krimenaren froga dela esatera ausartzen dira, eta justiziaren aurrera ez agertzean justiziari egiten zaion mesprezioak, errudun-aitortu baten zigor berbera merezi zuela. Beraz, epaileak iritzi-talde bati jarraitzen badio, kondenatu egingo du errugabea, eta beste bati jarraitzen badio, absolbitu.

Gehiegikeria handia handiak gertatzen dira jurisprudentzia frantziarrean, sarri legetzat hartzen baitira bere iritzia lege bihurtu duten eskrupulurik gabeko gizonen erokeria edo hutsegiteak, ankerrak sarri askotan.

Luis XIV.aren erregetza garaian, erresuma guztian komunak diren bi ordenantza egin dira. Lehenengoan, auzibide zibilez ari denean, auzi-iheslariak kondenatzea debekatzen zaiei epaileei, errua frogatu gabe dagoenean gai zibiletan; baina bigarrenean, auzibide kriminalez ari denean, ez da esaten frogarik ez dagoenean akusatua askatu egin behar denik. Gauza bitxia! Legeak dio zor bat duen gizona ez dela auzi-iheslaritzat kondenatu behar, zorra frogatuta egon dadin arte; baina bizitza jokoan dagoenean, justizia epaitegietako eztabaida bihurtzen da auzi-iheslaria kondenatu beharra ala eza, krimena frogatu gabe egon arren; eta legeak ez du korapiloa askatzen.

Akusatuak ihes egin duenean, haren ondasunak zerrendatzen eta eskuratzen hasten zarete; eta honetarako ez duzue itxoiten auzia amaitu arte, bederen. Oraindik ez duzue froga bakar bat ere, oraindik ez dakizue erruduna ala errugabea den, eta gastu ikaragarriak egin dizkiozue dagoeneko!

Atxiloketa-aginduari muzin egitegatik ematen zaion zigorra da hau, esaten duzue. Baina ez ote da auzibide kriminalaren gogortasun ikaragarria muzin honen eragilea?

Gizon bati krimen bat egozten bazaio, ziega izugarri batean sartzen duzue; ez diozue inorekin harremanik izaten uzten; burdinaz zamatzen duzue, dagoeneko errudun epaitua izan balitz bezala. Beraren aurka deklaratzen duten lekukoei sekretuan entzuten diezue. Behin bakarrik ikusten ditu, aurrez aurreko saioan; lekukoen adierazpenak entzun aurretik, hauek gaitzesteko zer arrazoi duen azaldu behar du; egoera guztiaz jabetu behar du; une horretantxe izendatu behar ditu bere alde mintzo daitezkeen pertsona guztiak; bere ezespenak ez dira onartuko adierazpenak irakurri ondoren. Testiguei ikusarazi nahi balie ere, edo exajeratu egin direla gertakariak, edo ez direla guztiak esan, edo iruzur egin dela xehetasunetan, torturaren beldurrak lehengoari eustera eramango du, nahiz eta bere kalterako izan. Epaiketan, akusatuak eta lekukoek modu desberdinean azaldu badituzte gertakariak, hau aski izango da epaile ezjakin edo aurreiritziz betetako batzuek errugabea kondena dezaten.

Nor ez da izutuko honelako auzibide baten aurrean? Non aurkituko da egoera honetan abailduko ez den gizon zuzena? Oh epaileak! Nahi duzue akusatu errugabeak ihesari ez ematea? Ba orduan emaizkiozue bere burua defendatzeko bitartekoak.

Badirudi legeak magistratua akusatuaren etsai izatera behartzen duela, eta ez lagun. Epailearen esku geratzen akusatuaren eta lekukoaren arteko erkaketan egitea edo ez egitea. Nola utz daiteke erkaketa bezalako tresna interesgarri bat edozeinen iritzira?

Gai honi dagokionean, usadioa legearen aurka dagoela dirudi, hau oso nahasia baita; beti egon ohi da erkaketa, baina epaileak ez ditu lekuko guztiak beti aurrez aurre jartzen; askotan alde batera uzten du pauso hau, garrantzi gutxikoa irudituta; edozein modutan, akusatuaren aurka ezer esan ez duen lekuko batek haren alde deklara dezake erkaketan. Lekukoari ahaztu egin dakioke akusatuaren aldeko zenbait gorabehera. Epaileak berak ere agian hasieran ez du neurtu gorabeheren garrantzia, eta ez ditu kontuan hartu zenbait gauza. Oso inportantea da, beraz, lekuko guztiak akusatuarekin erkatzea, horrela alderaketa ez dadin arbitrarioa izan.

Krimen bat denean, akusatuak ezin du abokaturik izan, eta, beraz ez du ihesa beste biderik; hau da justiziaren usadio guztiek aholkatzen diotena; baina ihes egiten badu, kondenatua izateko arriskuan jartzen da, krimena probatuta egon, ez egon.

Beraz, dirua zor duen gizon bat ezin daiteke kondenatu auzi-iheslari gisa, bere zorra frogatuta ez dagoen bitartean; Baina bizitza-kontua denean, kondena daiteke auzi-iheslaria, nahiz eta bere krimena frogatu gabe egon. Nola liteke hau! Legeak arreta gehiago jartzen dio diruari bizitzari baino! Oh epaileak! Kontsultatu Antonino errukitsua eta Trajano jatorra; biek debekatzen dute aurrean ez dagoenaren kondena.

Nola liteke! Zuen legeak funtzionari usteldu bati, banku-hausle iruzurgile bati, abokatua izateko eskubidea ematen dio eta, sarri, gizon ohoretsu askori ukatu egiten zaio babesbide hori. Kasu bakar batean izanda ere, errugabea abokatuaren laguntzari esker onik aterako balitz, ez al dago argi eta garbi injustua dela babes hau ukatzen dion legea?

Lamoignon-go40 lehen presidenteak zera esaten zuen usadio honen aurka: «Akusatuari ematen zitzaion abokatua edo kontseilua ez da legeek edo ordenantzek eskaintzen duten pribilegioa: gizonen lege guztien aurretikoa den zuzenbide naturalak eskaintzen duen askatasuna da. Naturak besteen adimenaz baliatzen erakusten dio gizonari, aurrera irteteko berea aski ez duenean, eta laguntzak bilatzen ere bai, bere burua bere kasa defendatzeko ahulegia ikusten duenean. Gure ordenantzek hainbeste onurabide kendu dizkiete akusatuei, non zentzuzkoa baita geratzen diren apurrak gordetzea, abokatua batez ere, oinarrizkoena. Eta gure auzibideak erromatarrenekin alderatzen badira, edota beste nazio batzuetan erabiltzen direnekin, ikusiko da frantsesenak baino ankerragorik ez dagoela inon, 1539ko ordenantzaren ondoren, batik bat.

1670eko ordenantzak are eta zorrotzagoa egin du auzibidea. Gozoagoa izango zen komisario gehienek Lamaignon-go M.ek bezala pentsatu izan balute.

Tolosako legebiltzarrak oso usadio bitxia du lekukoen frogetan. Beste leku batzuetan erdi-frogak onartzen dituzte, berez zalantzak besterik ez direnak, gauza jakina baita ez dagoela erdi-egiarik; baina Tolosan erdi-frogak ez ezik, laurdenak eta zortzirenak ere onartzen dituzte. Esate baterako, entzun dut bat froga-laurdentzat har daiteke, eta beste entzun dut makalago bat froga-zortziren bezala; horrela zortzi zurrumurruk, oinarri gabeko esames baten oihartzun direnak, froga oso bat osa dezakete; eta, gutxi gorabehera, irizpide honi jarraituz kondenatu zuten Juan Calas gurpilera.

Lege erromatarrek frogak luce meridiana clariores izan daitezela eskatzen zuten.

23. atala. Berrikuntza baterako ideia.[aldatu]

Magistratura hain da errespetagarria, non hau ordainduta den herrialde bakarrean usadio honen aurka azaldu baita magistratura bera. Legelariak gauzatu nahi luke bere bilera, hitzaldi eta idatzietan defendatu duen justizia. Agian, horrela, gogor ahaleginduz, egunen batean ikusiko dugu jaiotzen jurisprudentzia jator eta bateratuañ.

Auzi berdina desberdin epaitzen jarraituko al da beti probintzietan eta hiriburuan? Nola liteke gizon berberak arrazoia izatea Bretainian eta kondenatua izatea Languedoc-en? Baina zer ari naiz esaten! Hiriak adina jurisprudentzia dago, eta parlamentu berean ere, epaigela bateko eta besteko irizpideak desberdinak izan ohi dira.

Zein kontraesan ikaragarria erresuma bereko legeen artean! Parisen, hirian urtebete eta egun batez helbideratua egon den pertsona Parisko hiritar bihurtzen da. Franche-Comte-an etxe batean urtebete eta egun batez morroi gisa bizi izan den gizon librea esklabo bihurtzen da; bere senideek ez dute beste leku batzuetan eskuratu duena heredatuko; eta bere seme-alabak ere eskale moduan jan beharko dute ogia, baldin eta urte bakar batez beren aita hil den etxetik kanpora bizi izan badira. Eta probintzia hau franko deitzen da. Frankotasun ederra!

Eta aginte zibilaren eta eliza-usadioen artean mugak zehaztu nahi direnean, nolako eztabaida azkengabeak! Eta non daude mugak? Nok adiskidetuko ditu fiskoaren eta jurisprudentziaren arteko kontraesan betikoak? Hau da hau. Zergatik nazio batzuetan ez dira epaiak inoiz arrazoitzen? Lotsa al dago epaiketa baten zergatiak azaltzeko? Zergatik soberano baten izenean epaitzen dutenek ez diote heriotza-epaiak hari aurkezten, gauzatu aurretik?

Edozein lekutara begiratzen dugularik ere, kontraesana, gogorkeria, duda-muda, bidegabekeria ikusten dugu. Dena hobetu nahi dugu mende honetan; saiatu gaitezen, bada, gure bizitza eta ondasunekin hain lotura estua duten legeak hobetzen.