Edukira joan

Euskal Herriko historia 100 objektutan/Aranbaltzako lurra zulatzeko makila

Wikitekatik

Aranbaltzako lurra zulatzeko makila

Cira Crespo

Entzun testu hau

Ezagutzen duzue Barrikako paisaia? Gaur egun berdea da, urbanizazio batzuk daude, eta duela gutxi landatutako pinudiak. Bizkaiko kostako paisaia tipikoa da. Hondartzara jaisteko harrian zizelkaturiko eskailera estu bat dago. Egun argitsuetan, turistaren bat eta hango biztanleak jaisten dira, bainu bat hartzera. Batzuk sonbrila eta guzti, beste batzuk bere buruarekin bakarrik egotera joaten dira, leku eder eta aproposa baita bietarako.

Gizadiaren garai lanbrotsu hartan, hainbeste gauza ezagutzen ez ditugun garai hartan, munduan hainbat hominido mota bizi zen. Duela 90.000 urte, hain zuzen, Euskal Herrian ez zen gu bezalako hominidorik bizi, hau da ez zen Homo sapiensik bizi, neandertalak baizik. Ez ziren asko izango. Talde txiki ibiltariak izango ziren. Itxuraz gu bezalakotsuak, baina pixka bat bestelakotsuak, buru handiagoa zeukaten, eta indartsuagoak ohi ziren. Talde horiei ez dakigu itsasoan bainatzea gustatzen zitzaien, edo beren buruarekin bakarrik egoteko gogorik izaten zuten, baina hori badakigu, jakin, gaurko Barrika herriko txoko hark izango zuela zer edo zer ona, bertan aztarna arkeologikoak aurkitu baitituzte, neandertal taldeek ingurua maiz erabiltzen zutela erakusten dutenak. Aranbaltzako aztarnategiaz ari gara.

Han egin dituzten indusketa arkeologikoei esker, badakigu, behin, egun batean, neandertal talde txiki horietako partaide batek, adar bat kendu ziola hagin zuhaitz eder bati. Adarra zuritu zuen, forma eman zion, bere helbururako gogaikarriak ziren adartxoak moztu eta zatitu zituen, leundu egin zuen, sutan jarri zuen gogor zedin, eta erabili egin zuen. Gutxi gorabehera badakigu zergatik egin zuen, zein izan zen bere erabilera: makila horretan markatuta geraturiko arrastoek esaten digute.

Arrasto horiek erakusten digute makila lurra zulatzeko erabili zela, agian tuberkuluak edo antzeko zerbait ateratzeko. Argi daukagu hominido baten lana izan zela. Are gehiago, nola egin bazekiela ere badakigu, norbaitek kontatuta zekien egiten, norbaitek erakutsita. Ez hori bakarrik: Barrikakoa Euskal Herrian aurkitutako egurrezko tresnarik zaharrena da, Paleolito Ertainetik -hau da, duela 90.000 urtetik- oso zaila baita egurrezko tresnek bizirautea.

Gizaki horren irudia, ‒makila bat txukuntzen duen hankabiko baten irudia, alegia‒, oso urrun dago ohiko ehiztariaren iruditik, ez duzue uste? Ez dago bortxarik irudi hartan, biziraupeneko indarra soilik. Batzuetan, garai hartako irudiak lotzen ditugu zailtasunarekin, arriskuarekin, borrokarekin, eta kobazulo bazter ilun batzuetan bizi zen jendearekin. Bada, Barrikakoak irudimenari eskaintzen dizkion gizakiak urrun daude larritasun horretatik.

Aitzitik, eserita imajinatzen duzu, egun eguzkitsu eta argi batean. Lasai, kontzentratuta, bere makilari taxu erabilgarria eman nahian. Agian aldamenetik begira izango du besteren bat, beste gizaki txiki bat, agian, taldeko ume bat-edo, begira, bai, ikasten. Ez du ematen ezer bereziki garrantzitsua, ez du emateko nabarmentzeko moduko ekintza. Bat zerbait prestatzen ari den bitartean, beste bat hari begira. Bestearen ondoan, egonean bezala, hari begira, ikasten, berrikasten, entzuten, eta gero bera ere proba egiten, eta bera ere huts egiten, eta atzera berriro saiatzen. Gure historian barrena milioika adibide berdin aurki ditzakegu. Baina agian ez gara kontziente begirada horren garrantziaz. Alabaina, hor dago gizakiaren mamia: azkar ikasten dugu, eta ikusten dugunaz hausnartu egiten dugu, pertsonalki interpretatzen dugu, edo berrinterpretatu, eta ikasitakoaren gainean sortzen dugu gerora ere.

Zortedunak gara, eta makila xume haren muinera joan gara, pertsona egiten gaituen horren mamira. Agian, ehundaka adar xahutuko zituen harik eta gogoan zeukan horretara iritsi arte. Ez etsi, egingo duzu, azkenean. Irudi horren atzean gurea den zerbait aurkitzen dugu. Lanbro horretan, gurea den zerbait dago, ez duzue uste? Keinu batean humanitatea aurkitu ahal dugu.

Historiaren istorio honetan gauzarik zirraragarriena da konturatzea aspaldi batean guk geuk egingo genukeen zerbait egin zuela beste norbaitek; gure antzeko baten batek makila hori prestatu zuela, eta, gainera, zortea izan dugula; izan ere, objektu hori geratu zen tokian, arkeologoren batek aurkitu ahal izan du, eta hominido haren ekintza txiki eta handiak historia egin du, eta honezkero gure oroitzapenen parte da. Makil hartan dagoena, lagunok, poesia dela esango nuke nik.