Edukira joan

Euskal Herriko historia 100 objektutan/Baionako Morts pour la patrie eskultura

Wikitekatik

Baionako Morts pour la patrie eskultura

Eneko Bidegain

Entzun testu hau

«Nora zoaz eskual semea, arma hori eskutan?», galdetu zuen Gorka Knörrek. Arabako kantaria Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herrietan barna ibili zenean, txunditurik gelditu zen herriko plazan edo eliza atarian edo beste leku zentral batean ikusi zuenarekin. Herri guzti-guztietan bazen halako zerbait. Eskultura bat, gehienetan, plaka zizelkatu bat bakarrik, zenbaitetan. Soldadu bat arma eskuan, ama bat seme hila besoetan, obelisko bat… Eta izen-abizen zerrenda luze bat, harrian zizelkatuta.

Kantua 1970eko hamarkadakoa da, abertzaletasunaren susperraldi garaikoa. Hogeigarren mende bukaerako kantari abertzaleak ez zuen dudarik euskaldunentzat Frantzia atzerria zela. Hain argi ote zuten Ipar Euskal Herriko orduko euskaldunek?

1914ko abuztu hastapenean, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako milaka gizon igorri zituzten Frantzia iparraldera, gerla egitera. Lehen Mundu Gerra lehertu zen, eta Frantziak Alemaniaren kontra jarri zuen frontea. Euskaldunek Frantziako armadarekin egin zuten gerla, frantziarrekin batean, frantsesak balira bezala.

Sarraskia izan zen. 6.000 euskal herritar hil ziren, gehienak alemanen bonben eta tiroen erdian, eta beste batzuk eritasunez. 6.000 euskal herritar, gehienak gazteak. 6.000 euskal herritarrek bizia eman zuten, Frantzia defendatzeko. Beste milaka lagun zauritu ziren, milaka eta milaka frantziar bezala. Denek isuri zuten odola kausa beraren alde, aberri beraren alde.

1918ko azaroaren 11n, gerran zeuden estatuek armistizioa izenpetu zuten. Frantziak, Erresuma Batuak eta beren aliatuek gerra irabazi zuten Alemaniaren, Austria Hungariaren eta haien aliatuen aurka.

Balentria izan zen Frantziarentzat, baina baita gertakari traumatikoa ere. Mende erdia zeraman herritarren artean frantses nazio sentimendua errotu nahian, jendea frantses bihurtu nahian. Hasteko, hizkuntzaz. Eskolaren eta armadaren bitartez, Euskal Herriko haurrei eta gazteei frantsesa irakatsi zieten, eta euskalduna izatea itsusi zela sinetsarazi. Gauza bera egin zuten bretoiekin, okzitaniarrekin, katalanekin eta korsikarrekin. Hizkuntzaz aparte, geografia bat irakatsi zieten, beren aberri handia Frantzia zela esplikatu zieten, eta Euskal Herria Frantziaren barneko aberri ttipi bat baizik ez zela kontatu. Azkenik, noizbait etorriko zen gerlara prestatu zituzten, eskolan ikasi zuten aberri handi hori defenda zezaten.

Lehen Mundu Gerra frantseste prozesu horren gailurra izan zen, beraz. Odolaren bitartez elkartu ziren euskaldunak frantsesekin. Eta Frantziak hori nolabait baliatu nahi izan zuen politikoki. 1920ko hamarkadan, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko udalerri bakoitzak jarri zuen bere herriari zegokion hilen oroitarria, gerran hil ziren herri horretako herritar guztien izenak harrian markatuz, betiko. Oroitarri horiek guztiek bazuten lelo bat, gainean jarririk. «Morts pour la France» (Frantziarentzat hilak) edo «Morts pour la Patrie» (Aberriarentzat hilak).

Ez zen asmo xalo bat. Oroitarria herriko plazan edo elizako atarian jartzearen helburua zen erakustea Frantziaren alde bizia eman zuten gizon haien sorterria edo bizilekua Frantziaren parte zela. Harri batek eta harrian zizelkatutako izenek lotura estua egin zuten, zeinak garrantzia handia izan zuen Frantziaren nazio eraikuntzarako bidean.

Elizak, hautetsiek, errientek eta errientsek edota aldizkariek ongi azpimarratu zuten hil ziren euskaldun haiek beren aberriaren alde eman zutela bizia. Ez beste aberri baten alde. Hor dago Hilen Oroitarrien eragina.

Geroztik, ehun urte baino gehiago iragan dira. Baina urtero-urtero omentzen dituzte Lehen Mundu Gerran hildakoak, Hilen Oroitarrien aitzinean, lore sortaz jantzirik, Frantziako banderaz beterik eta Marseillaise ereserkiaren doinuan. Gauza bera egiten dute beste gerra batzuen bukaeraren urtemugan. Ez dira harri ahantzi eta abandonatuak, baizik eta etengabe zentzu politikoa berresten dutenak.

Azken urteetan oroitarri horien sinbologia gaitzesten duten taldeak agertu dira. «Morts pour la France»-en ordez «Morts par la France» idatzi izan dute, erran nahi baita «Frantziarentzat hila»-ren ordez, «Frantziarengatik hilak» edo «Frantziak hilak». Mende bat eta hamarkada bat iragan direnean, oraino ere gai minbera eta polemikoa da.