Edukira joan

Euskal Herriko historia 100 objektutan/Barskunes

Wikitekatik

Barskunes

Cira Crespo

Entzun testu hau

Txanponak gero eta gutxiago erabiltzen dira. Txartelarekin ordaintzen dugu orain, ez duzue uste? Batzuek txartelik ere ez dute jada erabiltzen, eta telefonoarekin ordaintzen dute zuzenean. Zer nolako aldaketa, ezta? Nik behintzat txanpon gutxi dauzkat zorroan. Hala ere, metal txiki eta borobil haiei aitortu behar diegu, behintzat, sortu zirenean, gure ekonomia eta historia goitik behera aldatu zituztela.

Gizarte batean txanponak ekoizten hasiko bagara, jendearen sinesmen ahalmenarekin kontatu beharra dago. Moneta deritzon sinbolo horretan sinestea erraztuko duten baldintza batzuk eman behar dira aldez aurretik. Hasteko txanponen erabilera, nolabait, konfiantzan oinarritzen da. Zuk metal zati bat erabili behar baduzu erosteko edo ordaintzeko, konfiantza izan behar duzu, behin txanpon bat jaso eta gero, besteren batekin ere zentzu berean erabili ahal izango duzula. Gutxienez, ekoizpen horren ardura hartuko duen eta bermatuko duen agintaritza batek ere egon behar du. Eta beste gauza bat, txanponek izen bat izaten dute ia beti, beraz, izena ere erabaki behar duzu. Aukeratu dezakezu txanpongileen liderraren izena, edo txanpon hori ordezkatzen duen hiriarena, edo taldearena edo herrialdearena. Laburbilduz, lidergo sendoa edota talde nortasuna behar dituzu txanponei izena eman ahal izateko.

Gaur egun Euskal Herria deitzen diogun lurraldearen zati bat ekoizpen numismatiko oso berezi baten eremu izan zen, adituek oraindik erabat ulertzen ez dutena. Identifikatzen zail den une zehatz batean gertatu zen, Kristo aurreko III. mendearen amaieraren eta Kristo aurreko I.aren hasieraren artean. Ebro ibarreko txanponak ezagunak dira. Garai hartan hasi ziren ekoizten estilistikoki homogeneoak ziren txanponak: alde batean arma-tipologia desberdineko zaldizko bat dago beti, eta beste aldean, berriz, gizon baten burua, bizarduna zein gabea. Homogeneotasun honen atzean, dudarik ez da, ekoizpena bultzatu duen botere bakar batek behar du egon. Eta gure lurraldean, zehazki garai hartan erromatar armadak agertzen hasi zirenez, logikoena da pentsatzea txanpon guzti haiek erromatarren etorrerarekin daudela lotuta.

Hain zuzen, garai hartan, hainbat gatazka armatu jazo ziren Iberiar penintsulan; hala nola, zeltiberiar gerrek, Sertorioren gerra, eta abar. Are gehiago, konkista lanetan zebiltzan jeneral erromatarrak euren arteko gerretarako tokian-tokiko soldaduak hasi ziren errekrutatzen. Agian txanpon horiek inguruan errekrutaturiko merezimenduzko tropak ordaintzeko erabili ziren? Baliteke. Kontua da txanpona zirkulatzen hasi zela, eta apurka-apurka, xehetasunez betetzen. Txanponak nahiko homogeneoak izan arren, ekoizpenak tokikoak ziren, eta bakoitzak bere marka jarri nahi. Gutxi gorabehera, gaur egun euroekin gertatze den bezala: nahiz eta berdinak izan, estatu bakoitzak bere marka jarri nahi du, eta estatu batentzat ikonikoa den hori jartzen dute euro txanponetan. Irlandarrek harpa aukeratu zuten, austriarrek Mozarten bisaia, kroaziarrek lepahoria, espainiarrek Felipe VI.a erregea, greziarrek hontza…

Garai hartan ere lurralde honetako talde bakoitzak bere marka utzi nahi izan zuen, eta txanpon bakoitzak izen bat zuen. Eta horien guztien artean bada azpimultzo bat bereziki interesgarria; “txanpon baskoiak” deitu ohi zaio. Bertako txanpo guztiek ageri dituzte xehetasun berberak; adibidez, gizon aurpegi guztiak bizardunak dira. Hango gizonak ezaugarritzen ote zituen bizarrak? Izenak alfabeto iberikoz idatzita egon arren, grafia pixka bat moldatua daukate, euskal eskualdeko hizkuntzaren –hau da, Antzinateko Euskara- soinu bereziak adierazi ahal izateko. Antzinateko Euskara hitz egiten zuten horiek nortasun propioa ote zuten? Hori ematen du, bai.

Gizon bizardunak ageri diren txanpon horien artean ere, hainbat azpitalde identifikatzen dira, eta bada bat adituei atentzio berezia eman diena. Txanpon hauek honako izena dakarte: BARSKUNES. Oihartzunik egiten dizu izentxo honek? Egia esan, antzinako testuak baskoiei buruz aspaldidanik mintzo bazaizkigu ere, “baskoi” hitz horren esanahia eztabaidatua izan da, eta da, muga oso garbirik ezin zaiolako jarri. Pirinioetako hegoaldeko herriak izendatzeko erabili da, Ebroraino, gutxienez. Arazoa da “baskoi” terminoa ez dakigula oso ondo nondik datorren, haren erabilera Erromaren agerpenaren ondoren topatzen dugulako, ez lehenago. Horregatik, txanpon hauetan BARSKUNES jartzea garrantzitsua da, bi hitzen arteko antzekotasuna nabarmena baita.

Zeintzuk ziren “barskunes” horiek? Non bizi ziren, non ekoizten zituzten txanpon horiek? Hainbat leku proposatu dira, adibidez, gaur egungo Vianako La Custodia aztarnategian agerturiko hirixka. Baina ezer ez da segurua... Hau baino ez dakigu, nahiko ziur: erromatarren garaian bazirela hainbat giza-talde izen batekin identifikatu zirenak. Eta haien arteko talde baten izena BARSKUN zela. Eta gero: txanpon haiek ekonomia trukean erabili zirela. Are gehiago, euskal lurretan metal borobil horiek ikusi eta erabili ziren lehenengo aldiaren aurrean gara.

— Hara, eta zilarrezko zati borobil hori zer da?
— Ba oso gauza baliotsua da!
— A, bai? Nolatan, ba?
— Begira, hemen gure marka dauka, gure izena darama.
— Arraioa! Hemen gure izena jartzen al du?
— Bai, ezta? Honekin gauzak eros ditzakezu.
— Erosi?

Lehenengo aldia zen, eta berak ez zuen jakingo, baina elkarrizketa horrek gure historia aldatu zuen.