Edukira joan

Euskal Herriko historia 100 objektutan/Crosseta

Wikitekatik

Crosseta

Harkaitz Cano

Entzun testu hau

[Bizikleta baten hotsak entzuten ditugu. Bixi-bixi eta bata bestearen segidan.]

OFF: Ezagunak egiten zaizkizue hots horiek? Eta beste hauek?

[Hotsekin jarraitzen dugu, baina oraingoan, armenak dira: Clean Revolver Reload, Revolver Spin, Shells Hiting ground.]

OFF: Lehenbizi entzun ditugunak, bizikleta batek ateratako hotsak ziren; bigarrenak, aldiz, errebolberrek eta armek ateratakoak. Bereiziko zenituzkete entzute hutsez? Jar ditzagun berriro…

[Oraingoan, tartekatuta doaz, beste hurrenkera batean: hots bat entzun ahala, esatariak, entzuleari pentsatzeko segundo bat utzi ondoren emaitza zuzena esango du, tonu jostarian]

[bizikleta hots bat]

OFF: Bizikleta...

[errebolber hots bat]

OFF: Arma…

[bizikleta hots bat]

OFF: Bizikleta…

[errebolber hots bat]

OFF: Arma…

Hotsetako batzuk ez dira elkarren horren ezberdinak, ala? Baina zer dauka ikustekorik batak bestearekin? Ze zerikusi dauka mezaren erdian dena utzita ehizara aldegiten zuen Mateo Txistu apaiz ehiztariak Tadej Pogacar txirrindulariarekin? Ze zerikusi dauka Italiako Giroak Ugandako safari batekin? Ze zerikusi dauka Kalashnikov fusilak txorroskileroaren bizikletarekin? Azken finean, Eibarko Armagintza Museoan gaude… Zer egiten du hemen bizikleta batek erakusgai?

Bada, hasiera batean eman lezakeena baino lotura handiagoa dute bizikletek armekin. Gogora dezagun, bestela, zer gertatu zen Eibarren Lehen Mundu Gerraren ostean. Ordura arte arma asko ekoizten zen hemen, bai eta mundu osora saldu ere. Erruz. Gerra ostean, ordea, salmentak ikaragarri jaitsi ziren. Armak ekoizten zituzten lantegi berberek, haien makinak probestuz eta apur bat eraldatuz, beste gai batzuk ekoiztea erabaki zuten: besteak beste, josteko makinak eta… bai, asmatu duzue honezkero, bizikletak. “Berrasmatu” hitza ez da atzo goizekoa, alajaina. Eibarren bazekiten zerbait.

[bizikletaren txirrin-hotsa]

Bizikletak fabrikatzen zituen enpresa horietako bat G.A.C. izan zen. G, A, C: Garate, Anitua eta Compañía. Eta, jakina, bizikletak zeuden lekuan, lasterketak behar… Lehen Espainiako Vuelta Eibarren antolatu zen eta urte askotan ospatu da Eibarko Bizikleta zeritzona ere paraje hauetan… Ez zen kasualitatea izan. Fusilak fabrikatzen zituen enpresa zenbaitek norabidea eta begipuntuan zuen xedea aldatu izana da, parte batean behintzat, Euskal Herrian halako txirrindulari zaletasuna izatearen erruduna. Ez harritu, Eibarretik Arratera bidean txirrindulari asko ikusten badituzue errepidean jai goizetan. Igandez jantzitako txirrindulariek ez dakite, baina agian, kulote eta malloten ordez kamuflaje jantziak jarrita birigarrotarako edo usoak ehizatzeko zaletasuna izango zuketen gaur, baldin eta, bere garaian, lantegi haiek armak egiten setatu izan balira…

[Oraingoan bai, fusil baten tiro hotsa + usoak hegoak astintzen, bixi-bixi]

GAC-ek ekoitzitako bizikletarik arrakastatsuenetako bat Crosseta izan zen. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ez zen Euskal Herrian auzorik bizikleta hura ikusten ez zenik: motelgailua edo amortiguadorea zeukan aurreko gurpilean kolpea leuntzeko, eta eserleku beltz luzanga dotore bat, bi neska-mutiko sartzeko modukoa. Ipurmasailak birrinduta uzten zizkizuten zenbait bizikleten parrilla metaliko haiek ez bezala, biguna eta erosoa zen. Edozein auzotako edozein umerentzat, Harley-Davidson bat izatearen pare zen Crosseta.

Orain bai, ziur bereiziko dituzuela. Berriro egingo dugu proba, amaitu aurretik. Ea zuen belarriak trebatu diren batere.