Intxurreko igitaia
Burdinazko ilargi erdia
Aintzane Usandizaga
Nekazaritza gure gizartearen oinarri garrantzitsua izan da urte luzez, mundua begiratu eta neurtzeko modu bat. Oraindik bada gure artean apirilari jorraila, abuztuari dagonila eta irailari agorrila esaten dionik. Jarraitzen dugu, ordea, urria esaten, hozkailuan alderik nabaritzen ez badugu ere, eta baita atzetik datorren azaroa, nahiz eta azaz gain[oh 1] tomatea edo ahuakatea urte osoan erosi daitezkeen garaian bizi garen.
Izendegian geratzen zaizkigu mundu ikuskera horren kondarrak, eta eztabaida ezina da gure kantetan, iruditegian edo irainetan leku handia dutela nekazaritzarako erabilitako lanabesek. Pentsa bestela uztarrian, aizkoran, kaikuan, sega-potoan… Egunero erabiltzen ditugun tresnetan topatu ohi ditugu metafora zuzenenak.
Igitaia ere izan da metafora eta sinbolo munduko leku askotan: izan da mugimendu sozial eta politikoen zeinu, antzinako druiden ikur erlijioso, arma, bildumarako objektu… Badu igitaiak, gainera, bereziki erakargarria den zerbait, formatik hasita. Atzapar bat irudi lezake, olatu kiribila, zubia. Baina, batez ere, ilargi erdi bat ekarri ohi digu bere ahoaren itxurak gogora. Ilargiarekin lotzen dugu lanabesaren forma, baina baita egitekoa ere: mozketak, uzta bilketak ilargiari begira egin baitira beti. Ez dugu alferrik zenbatzen denbora ilargi-aldika.
Igitai zehatz bati begira jarriko gara orain: Intxurreko igitaiari. Burdinazkoa du ahoa eta heldulekurik gabe iritsi zaigu, metalezko ilargi erdia sustraiak non bota ez dakiela.
Intxurren aurkitu zuten, Tolosa eta Albiztur artean. Bertan, Burdin Aroko herri gotortu baten aztarnak daude. K.a. 500. urtekoa da, 2.000 urte baino gehiago egin behar dugu atzera, beraz, objektu hauxe gure historian eta nekazarien esku abiletan kokatzeko.
Askotan zabaldu izan da honako ideia: orografiaren ondorioz nekazaritza ez zela hainbeste lantzen Kantauri isurialdean. Baina aurkitutako igitai honen gisako lanabesei esker, landare arrastoekin eta kiskali ondoren mendeetan iraun duten zerealekin batera, badakigu Burdin Aroan, eta are Neolitoan, nekazaritzak garrantzia handia zuela inguruotan, ez abeltzaintzak soilik.
Burdin Aroan Intxurrekoa bezalako herri gotor ugari zeuden Euskal Herrian, maiz “kastro” deitzen ditugunak. Gizarte egonkortu bat adierazten digute, prozesu konplexu baten ondoren aukeratzen baitzuten kokaleku egokia eta harri eta egurrez eraikitzen zuten babeslekua bertan. Gotorlekuaren barnean bizilekuak eraikitzen zituzten, baita abereentzat larreak eta nekazaritzarako eremuak ere. Teknika eta abilezia aurreratuak eskatzen zituzten eraikin horiek, horregatik, akaso, egotzi izan zaie horien eraikuntzaren meritua jentilei herri sinesmenetan.
Azalpen mitologikoak alde batera utziz, Burdin Aroan aldaketa garrantzitsuak eman ziren gizartean: eremu zehatzetan egonkortzen ari ziren herriak eta burdinaren erabilpenak iraultza handia ekarri zuen bizimodura; garaiko aurrerapen teknologiko handienetako baten moduan ulertu behar dugu. Ordurarte harriz edo brontzea bezalako metalekin egindako lanabesak eta armak burdinez egiten hasi ziren. Nekazaritzaren gorakada estuki lotzen zaio horri: burdinaren erabilpenari esker lanabes eta baliabide hobeak zeuden, uzta gehiago biltzen zen eta soberakinak pila zitezkeen; ondorioz, trukea, salerosketa eta merkataritza martxan jarri ziren, bestelako material gehiago eskuratzea ahalbidetuz.
Erabateko aldaketa ordura arteko bizimoduarekiko.
Intxurreko gotorlekuan topatutako 2000 urte baina gehiagoko ilargi erdi horrek, beraz, zera gogorarazten digu: ezin dugu gure antzinaroko eta historiaurreko iruditegia osatu nekazarien eta horien lanabesen jardunik gabe.