Irulegiko Eskua
Garbiñe Ubeda
KULTURA HEGEMONIKOEK ez dute historian aztarrika ibili behar izaten munduan hartu duten lekua justifikatzeko; horretarako behintzat, aski izaten dute oraina eta benetako errealitate bakarra omen den horrek eskaintzen dien alibia. Baina zer ematen die iraganak zibilizazio azpiratuei? Zer jaso lezakete populu menostuek, aitortzarik gabeko herriek edo aspaldi handitik datozen hizkuntza gutxietsiek, denboraren galbahean harrapatuta gelditu diren altxorrak agerira ateratzea lortuz gero...
Bada, jaso lezakete pizgarri bat. Jaso lezakete arnas ufada bat, argi-zirrinta bat, zentzumen guztiak dantzan jar ditzakeen dardara estonagarri bat. Jaso lezakete, halaber, uhin hedakor bat, aldarri bat, eginahalak egiten jarraitzeko motibo bat gehiago. Oroz gainetik, gaur duten bizi-grinaren aintzatespena etor dakieke opari, eta horrekin batera, etorkizunera proiektatuko den promesa sinboliko bat, egia unibertsal sinple eta ezin biribilago batez jantzia, eta halaxe dio: Izan direlako gara; bagarelako izango dira.
ETA ZER IZAN DIRA, bada, gizaldiz gizaldi, iluntasun infinituaren abaroan galdutako arbaso zahar haiek; zein izan dute egunerokoa; zerk poztu ditu, zerk atsekabetu; nork gidatu ditu gudara, bakera, harmoniara; non, nola, noiz aurkitu zuten beren bizimoldearen galbidea; zein zuten mintzaira, eta horren arabera, nola irudikatzen ote zuten unibertsoa; konturatzen ote ziren gure iragana ari zirela josten etorkizunera proiektatzen ziren bakoitzean...
ZULO BELTZ BAT BAIZIK EZ. Hori omen da denbora. Euskara putzu sakon eta ilun bat zela esan zuten berberek esana, apika. Alabaina, horretara dator arkeologia. Eta horretara dator Irulegiko Eskua ere, gaur pop izar bilakatua. Hain zuzen, haizeak eraman ezin dituen galdera horiei guztiei erantzun posibleak eskaintzera, hipotesi berriak proposatzera, galdera berriak pausatzera.
Hura Aranzadi elkarteko kideek deskubritu zuten Aranguren herriko lurretan, zehazki Irulegi mendiaren altzoan, Burdin Aroko aztarnategi bat induskatzen ari zirela. Motz esanda, lozorro luze batetik aharrausika atera den elementu amnestiko bat da Irulegiko Eskua, baina dagoeneko erakutsi du bere karisma. Brontzezko esku minimalista bat da, txikia, sobera landu gabea eta, kontuan hartzekoa hau ere, eskuina, azazkalen marra higatuek adierazten dutenez. Eskumuturrik ez du, eta hatzak beherantz dituela erreparatu behar omen zaio —ez alderantziz—. Txulotxo bat ere badu eskuaren ertzean, objektua zintzilika jartzeko baino gehiago, tente eutsiko dion makilatxoari heltzeko. Aurrealdean, berriz, lau lerroko mezu misteriotsu bat, lehendabizi marraz marra egina eta ondoren puntuka-puntuka nabarmendua, gainetik. Eta hortxe koska. Hain zuzen, lau lerro irakurgaitz horietan dago gako guztien gakoa.
EUFORIA DA HITZA. 2022an jendaurrean aurkeztu bezain agudo, merchandising oparo baterako fenomeno bilakatu zen Irulegiko Eskua; kamisetak egin zituzten, eta oihalezko zorroak, motxilak, pitxiak, giltza-uztaiak, bestelako oroigarri ugari. Baita sareetan barrena hedatzeko memeak, haurrentzako liburuak, dokumentalak eta idatzi hanpurutsuak ere, horiek eta gehiago merezi zituelakoan. Aditu konprometituek euskaltasunaren katebegi galdutzat jo zuten, eta argudio bat baino gehiago lotu zioten tesi horri: hasteko eta behin, artean hizkuntza baskonikoan agertutako testurik zaharrena eta luzeena izatea grabatuta; eta bigarrenik, bertan euskarazko hitz bat bederen identifikatu izana: Sorioneku. Eta ez da edozein hitz. Ez da aspaldi handirako bakarrik balio lezakeen ele mitologiko-sinboliko solte bat. Izatez, hitz ezin aktualago bat ere bada, gaur egun eskas dugun aldarte bati erreferentzia egiten diona.
Hala, euskal aitzindarietan aitzindariena izatearen meritua ez ezik, giza esku bati egotz dakiokeen ezaugarririk baikorrena ere aitortu zitzaion bat-batean: ongi etorria ematen duen herriaren ikono bilakatu zen, kultura eskuzabal baten sinbolo, noiz eta garai latz eta dohakabe hauetan. Bide batez, herri xehea alfabetatua zela ere iradoki du Irulegiko Eskuak, eta horrek, euskaldunen arbaso zaharren unibertso hura kultu eta eredugarri bilakatzen du, aldez edo moldez.
Irulegiko Eskuaren interpretazio euforiko horri susmoak eta eragozpenak atera zaizkio ondotik. Estu jarrita, ezin omen da erabat ziurtatu mezua euskarazkoa denik, ez eta lau lerroetako batean ageri den hitza zorionaren adierazle denik ere. Are, ezin omen da lepoa jarri eskuak ongietorria emateko funtzioa izan zuenik. Kontrara, ez ote zen mehatxu bat. Ez ote den ohoinei zuzenduriko ohartarazpena: «Etxe honetan lapurtzen harrapatuz gero, aizkora atera, eta eskumuturretik beherakoak krask. To zigorra. Akabo tentaldiak».
Izan da, bestalde, sorioneku-ren ordez, literalki, España irakurri nahi izan duen aldizkari sasi zientifikorik ere, nahiz eta horrek ez izan ez punta eta ez ipurdi, arloteenak ere jakin dakienez. Baina zer esan liteke honetara ailegatuta, ezpada irudimen librearen eta interpretazio interesatuen bidea hagitzez modu lotsagabeagoan eta zigorgabeagoan urratu izan dutela hegemonian daudenek, azpian iraun dutenek baino.
Ezin jakin noraino argitu ahal izango den Irulegiko Eskuak dakarrena. Baina interpretazioak interpretazio, beti izango da iraganetik egindako kuku harrigarri bat, brontzezko harribitxi bat, izan direlako garela eta bagarelako izango direla nabarmentzen duen oroigarri polit bat. Horrek dakarren guztiarekin.