Edukira joan

Georgikoak

Wikitekatik

Georgikoak, I, 463-515. Eguzkia gerraren iragarle.

(Itz.: Iñigo Ruiz Arzalluz, Bukolikak eta Georkikak. Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica, Eusko Jaurlaritza - EHU, 1997.)

Nor ausart liteke eguzkiari gezurtia esaten? askotan hark gogorarazten digu gainean daudela baita asaldura itsuak ere, eta azpikeria eta gudu ezkutuak antolatzen direla. Hark ere Erroma erruki zuen Cesarren heriotzagatik, bere buru aratza herdoil ilunez estali zuenean eta gizaldi dongeak gau betiraun baten beldur izan zirenean. Garai hartan lurrak eta itsasoaren lauak eta zakur asturugaitzekoek eta zantzu gaiztoko txoriek seinaleak ematen bazituzten ere. Zenbat aldiz ikusi genuen Etna, labeak lehertuta, bere olatuekin ziklopeen lurretara gainez egiten eta sugarrezko biribilak eta harri urtuak iraultzen! Arma-hotsa zeru guztian entzun zuen Germaniak; ohigabeko astinketez ikaratu ziren Alpeak. Ahots handi bat ere aditu zuen askok oihan ixiletatik, eta gauaren ilunbean mamu era miragarrian zurbilak ikusi ziren eta (esanezina!) abereek hitz egin zuten; ibaiak gelditu egiten dira eta lurrak ireki eta marfil tristeak negar egiten du tenpluetan eta brontzeak izerditu egiten dira. Gainez egin zuen ibaien erregeak, Eridano, bere zurrunbilo zentzugabean basoak biratuz, eta saldoak eraman zituen landa guztietatik ukuiluekin batera. Eta, garai berean, etengabe, edo errai mehatxagarriak ageri ziren barrunbe tristeetan, edo odola zerien putzuei, eta hiri altuek, gauaz, orroka ziren otsoei erantzuten zieten. Inoiz ez zen zeru garbitik tximista gehiago erori ezta ere hainbestetan piztu asturugaitzeko kometak. Izan ere, berriz ikusi zituen Philliposek erromatar ahoak elkarren aurka gezi berdintsuekin borrokatzen; ez zitzaien merezi gabea iruditu goikoei Emathia eta Hemoko landa zabalak bi bider joritzea gure odolez. Dudarik gabe, helduko da garaia zeinetan nekazariak, bazter haietan golde okerraz lurra jorratzen, herdoil latzak jandako azkonak aurkituko baitituen edo eskuare pisuez kasko hutsak topatu eta lurrean zulatu hilobietan hezur handiak mirestu.

Sorterriko jainkook, Indigeteak eta Romulo eta Vesta ama, Tiberis etruriarra eta erromatar Palatinoa gordetzen dituzunori, ez ezazue behintzat eragotz gazte honek erauzia izan den gizaldi honi lagun diezaion! Aski garbitu genituen aspaldi gure odolarekin Laomedontetar Trojaren zin-hausteak; zeruko jauregia aspaldi dago guganako bekaitzez zugatik, Cesar, eta gizonen trinfoekin arduratzen zarelako kexatzen da, gizonak, zeinen artean, izan ere, haizu eta debeku direnak iraulita baitira: hainbeste gudu dira munduan zehar, hainbeste aurpegi dira gaiztakeriarenak; goldeak ez du inongo ohorerik merezi; laborariez gabetuak, soroak lantzeke daude eta igitai okerrekin ezpata zurruna galdatzen da. Hemendik Euphratesek egiten du gudua, handik Germaniak; elkarren auzo diren hiriek, legeak hautsita, armak hartzen dituzte; Marte dongea zeru-lur guztiekin sumintzen da: lau-zaldidunak kartzeletatik barreiatzen direnean lasterrari ematen diren bezala, eta gurdizaina —alferrik tiraka uhaletatik— zaldiek daramaten bezala, eta gurdiak hedeak sentitzen ez dituen bezala.


Georgikoak, III, 75-88. Zaldia.

(Itz.: Nikolas Ormaetxea “Orixe”. “Zaldia”. Jesus’en Biotzaren Deya, 1919.)

Bela zaldi gazte jatorra, alorretan

barrena sartzen da; belaunburu biak

bilduaz bidean aurrena dijoa.

Ugaldea aztalkan bizkor igaro nai,

baitare biderik ez dun itxasoa.

Ez du zalapartak izutzen; lepoa

zuti, burua arin, sabelmei, bizkarzu,

lepape mardula nabarmen. Gorri ta

urdintsu diranak ederrenak dira;

baño ori-zuriak itxusi motelak.

Guda-adarrak urrun otsegin dunean,

egonarririk ez, ta belarri-ikara,

zain-ikara dabil. Sudupilletako

sua ba darabil sudurrots egiñez.

Lepalde eskuikora dario illepill

arroa; askatxuloz bi erdi bizkarra:

Azkazal-kozkorrez urratzen du lurra.


Georgikoak, IV, 149-209. Erleak.

(Itz.: Andima Ibiñagabeitia. Bergiliren Unai eta Alor-kantak. Iñigo Ruiz Arzalluzen edizioa, Klasikoak 55 - Euskal Editoreen Elkartea, 1992.)

Goazemazu orain, Iupiter berberak erleai eman senari buruz mintzatzera; saritzat eman omen zien, Kuretarren soiñu ozenak eta borontze astinduen durundiak erakarrita, zeruko erregea Diete-ko arzuloan alatu zutelako. Erleak soilik azi oi ditute elkartasunean beren ondorengoak, eurak soilik bizi dira uri-etxe bakarrean lege egiñen babesean; eurak bakarrik ezagutu oi ditute aberria ta etxe-iainko egiñak; etorkizun dagoen neguaz oroituta, udaroz ari dira lanean eta bildutakoak guztien ianaritzat metatzen ditute. Batzuek iatekoaren ardura dute, ta artu erabakien arabera, arloetan ari izaten dira: besteak, etxebarnean ertsita, unanu-malkoarekin eta zugaitz-azalari darion negarrarekin orrazearen oiñarriak egiten ditute, ondoren ezko-tenkorra edatzen dutelarik goitik beera; beste batzuk garerdiko erleak ilkiarazten ditute, iatorriaren itxaropena, bestetzuek ezti garbi-garbia batzen dute ta nektar gardenez gelatxoak gantzutzen ditute. Badira zozketan atezaitza egokitu zaienak ere; zeruko ur eta odeiak aldizka oartzen ditute, edo datozenen zama iasotzen dute, edota elkar-lerrokatzen dira erlategitik erlanagien taldea iraizteko.

Lanak irakin diraki ta ezti urrintsuak elar-usaia dario. Kiklopeak burni mokor malguz tximistak egiten itokarrean dabiltzanean, batzuek zezen-larruzko auspoekin aizea artu ta eman ari dira; besteek borontze txistularia uretan sartzen dute; artzuloak durundi dagi inkudean eman ukaldiekin; norgeiagoka neurri berean iasotzen ditute besoak, kurrika aginkariekin burnia irauliz: era berean, (txikiak aundiekin alderatzea bidezkoa balitz) Krekops-ko erleak, euki-naiak zirikatuta bakoitza bere arloan ari da. Zarrenari dagokie uriaren ardura, orrazeak egin eta tegiak antzetsuki moldatzekoa. Gazteak, berriz, aztalak elarrez gaiñezka etortzen dira gauez nekatuta; an-or, xurgatzen ibiltzen dira gurbiz-ondoetan, sarats orailletan, izkaro eta zafrai gorrizketan, erkiondo gurietan eta unanu burni kolorekoetan (iakintu). Batera atertzen dira lanetik; bakarra eginbearra ere danentzat; goizean atetik irtetzen dira burrundari oldarka; an eztago nagirik. Urrupaketa utzita landatatik aldentzeko Arratsak ots-egiten dieneko, tegietara dioaz indarrak berrizteko (atseden artzeko); abarrotsa sortzen da ta burrundari dabiltza ate ta ertzeen inguruan. Geroago, etzalekuetan kokatu ala, gauarekin batera ixiltzen dira ta loak artzen ditu beren soin-atal akituak. Eztira baiña erlategitik geiegi aldentzen euri-antza somatzen dutenean eta Eurus urbiltzerakoan zeruaren beldur diranean. Uriko (erlategiko) aterpeen babesean, urak ekartzen ditute txango laburrak egiñaz; arri koxkorrak ere ekartzen ditute maiz, odeiak barrena leiatzekoan, olatu arteko txalupa ariñei lorra bezela, euskarri dakien.

Erleei atsegiñen zaizkien oituren artean, auxe, batez ere, miresgarriena: eztirala ernalketarako elkartzen, Venuskerian alegia, eztituela gorputzak aiolagabekeriz igatzen, ezta umeak erdi-miñez ernetzen ere. Belar leun ta ostoetatik iasotzen ditute iaioberriak muturrekin; eurak euretara, errege ta zalduntxoak egokitzen ditute, eurak eraikitzen iauregia eta argizarizko erresuma ere. Sarri, alderrai dabiltzanean, arri gogorren artean egoak austen ditute ta bizia galtzen dute zamapean: ain aundia baita loreenganako beren maitasuna, ain aundi eztigintzarako duten apeta.

Ala ere orren bizi laburra izan arren (ezpaita zazpi udaldira iristen), iatorriak ezilko irauten du aitasoen aitasoak ioteraiño.


Iturria: Bilbao Telletxea, G. (2002): Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak, UEU, Bilbo, 121-124.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.