Giza ezagutzari buruzko ikerketa/IV. Atala

Wikitekatik
Giza ezagutzari buruzko ikerketa  (1748)  David Hume, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
IV. Atala. Zalantza eszeptikoak eragiketei buruz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


IV. Atala. Zalantza eszeptikoak eragiketei buruz

I PARTEA[aldatu]

20. Giza arrazoimen edo ikermenaren gai guztiak, berez bi sailetan zati daitezke, hots, ideien erlazioak eta izatezko zerak. Lehen sailean dira Geometria, Algebra eta Aritmetika eta, laburki, intuitiboki eta frogabidez ziurra den edozein baiezpen. Hipotenusaren karratua bi alboen karratuaren berdin dela bi figura horien arteko erlazioa adierazten duen proposamena da. Hiru bider bost hogeita hamarren erdia izateak zenbaki horien arteko erlazio bat adierazten du. Honelako proposamenak pentsamenaren eragiketa soilez atera daitezke, naturako zeinnahi zokotan zernahi gertatzeaz aparte. Naturan zirkulurik edo triangelurik inoiz izan ez balitz ere, Euklidesek demostraturiko egiek beti eutsi zioketen euren ziurtasun eta ebidentziari.

21. Izatezko zerak, giza arrazoimenaren bigarren gaiak direnak, ez dira era berean ziurtatzen. Guk haien egiaz dugun ebidentzia ere, nahiz eta den handiena izan, ez da aurrekoaren tankera berekoa. Edozein izatezko zeren kontrakoa litekeena da nolanahi, inoiz ez bailezake kontradiziorik inplika, eta gogoak sortzen baitu, guztiz errealitateari balegokio moduko erraztasun eta berezkuntzaz. Bihar ez da eguzkia irtengo ez da proposamen ez-ulergarriagoa eta kontradikzio gutxiagokoa irtengo da baiezpena baino. Alferrik saiatuko gara bere faltsutasuna frogatzen. Frogabidez faltsua balitz, kontradikzio bat leramake, eta gogoak ezingo luke inoiz bereiztuki sortu.

Jakinmina piztekoa izan liteke, beraz, ikertzea zer izaera daukan zeinnahi existentzia erreal eta izatezko zer segurtatzen duen ebidentziak, zentzuen eta gure oroimeneko artxiboen oraingo lekukotzatik harago. Filosofia zati hau, hauteman daitekeenez, bai aintzinakoek eta bai oraingoek gutxi landu dute eta beraz, gure zalantzak eta hutsak, hain ikerkuntza garrantzizkoa egitean, barkagarriak izan litezke, hain zidor zailetatik gida edo zuzenbide gabe goazenez gero. Ongarri ere gerta litezke, jakinmina kinatzeagatik edo zeinnahi arrazoiketa edo ikerkuntza askeren hondagarri diren fede eta segurtaun inplizituak desegiteagatik. Filosofia komunean akatsak, baldin badaude, aurkitzeak ez luke, nik uste, atzeragarri izan behar, kinagarri baizik, ohi denez, orain arte publikoari aurkitu zaiona baino zerbait osoago eta bateragarriagoa intentatzeko.

22. Izatezko zerei buruzko gure arrazoiketa guztiak kausa-efektuen erlazioan oinarritzen direla dirudi. Erlazio honexen bitartez bakarrik jo dezakegu gure oroimenaren eta zentzuen ebidentziatik harago. Norbaiti bertan ez den izatezko zer bat zergatik sinesten duen galdetzen bazaio, adibidez, bere laguna herrian edo Frantzian dagoela, arrazoi bat emango luke, eta hau beste izate bat izango litzateke, hala nola harengandik hartutako gutun bat, edo haren aurreko asmo edo promesen ezagutza. Irla huts batean erloju bat edo beste makinaren bat topatzen duen gizakumeak laster aterako luke irla hartan noizbait beste gizakume bat izan den ondorioa. Izateei buruzko gure arrazoiketa guztiak izaera berdinekoak dira. Eta euretan etengabe suposatzen da oraingo izatearen eta hartatik inferitzen denaren artean badela lotura bat. Lotzen dituen ezer ez balitz, arras inferentzia hutsala litzateke. Hots artikulatu bat eta solas razional bat ilunetan entzuteak norbaiten presentzia segurtatzen digu. Zergatik? Horiek giza egitura eta harikoak direlako, eta horrekin estuki loturik daudelako. Era honetako beste arrazoiketa guztiak aztertzen baditugu, kausa-efektuen erlazioan oinaritzen direla aurkituko dugu, eta erlazio hau hurbila edo urruna dela, zuzena edo kolaterala. Beroa eta argia suaren efektu kolateralak dira eta efektuetariko bat bestetik zuzen atera daiteke.

23. Honela, bada, izatezko zerak segurtatzen dizkigun ebidentzia haren izaerari buruzko ondorio betegarria geuganatu nahi badugu, kausa-efektuen ezagutzara nola heltzen garen atera behar dugu.

Baieztera menturatuko naiz, salbuespenik onartzen ez duen proposamen gisan, erlazio honen ezagutza ez dela inoiz ere a priori arrazoiketaz atzematen, oso-osoan esperientziatik datorrela baizik, zeintzunahi objektu partikular etengabe elkarloturik daudela erreparatzean. Eman objektu bat berezko arrazoimenez eta argitasunez osaturiko gizakume bati. Objektu hau guztiz berria balitzaio, ez litzateke gauza izango, ezta haren kualitate sentigarrien ikerketarik zorrotzenez ere, haren inolako kausarik edo efekturik aurkitzeko. Adanek, sortzetik guztiz garaturiko ahalmen razionalak aitortuko bagenizkio ere, uraren jariotasun eta gardenetik ezingo zuen atera hark ito zezakeenik, edo argitik edo suaren berotik hark erre egin zezakeenik. Zentzuetara azaltzen dituen kualitateetatik ez du ezein objektuk erakusten ez hura sortu zuen kausarik, ez hartatik sortzen den efekturik, eta gure arrazoimenak ezin du, esperientziaren laguntzarik gabe, existentzia errealaren eta izatezko zeren inolako inferentziarik atera.

24. Honako proposamen hau: kausa-efektua ez dago arrazoimenez aurkitzerik, esperientziaz baizik, aise onartua izango da noizbait guztiz ezezagun izan zaizkigula gogoratzen ditugun objektuei buruz, nahitaez jabetzen baikara zein ezgaitasun nabarian ginen une hartan, haietatik zer etorriko zen asmatzeko. Filosofia naturalari buruz tutik ez dakien gizakume bati eman bi haitzurdin-zati leun eta ezetz inoiz atera hala elkarri itsasten direla, non apartatzeko indar izugarria behar den zuzenetara, albo-presioari ordea aise amore ematen diotela. Naturaren abio normalaren antz gutxi duten gertaerek esperientziaz bakarrik ezagut daitezkeela onartzea ez da zaila. Polboraren leherketa edo imanaren erakarmena a prioriko argumentuz aurki daitekeenik inork ez du pentsatzen. Era beretsuan, efektu bat mekanismo korapilotsu baten edo atal ezezagundun egitura baten gorabeheran dagoela suposatzen dugunean, ez daukagu eragozpenik gure harekiko ezagutza guztia esperientziari eransten. Nork segurta lezake azken arrazoia eman dezakeela, zergatik diren esnea eta ogia gizkumearentzat eliku egokiak, baina ez lehoi edo tigrearentzat?

Baina egia berak ez daukala ebidentzia bera eman lezake, lehen begiradan, gure munduratze beretik etxeko ditugun, naturaren abio osoaren antz handia daukaten eta ustez kualitate bakunen edo zatikako egitura ezkuturik ez duten objektuen mende dauden gertaerei buruz. Efektu hauek adimenaren eragiketa soilez, esperientziara makurtu gabe, aurki genitzakeela pentsatzera jotzen dugu. Uste dugu, bapatean mundu honetaratuko bagina, bilar-bola batek beste bat jotzean mozioa erants diezaiokeela, eta ez genukeela gertatzeko zain egon beharrik, hartaz iritzi ziurrik emateko. Halako eragina dauka ohiturak, ezen, sendoena den lekuan, gure berezko ezjakintza estali ezezik, bere burua ere gorde egiten baitu, eta badirudi egon ere ez dagoela, hain zuzen mailarik gorenean dagoelako.

25. Baina naturaren lege guztiak eta gorputz-eragiketa guztiak, bat ere utzi gabe, esperientziaz bakarrik ezagutzen direla konbentzitzeko, agian aski izango dira honako gogoetak. Zeinnahi objektu aurkezten zaigula, harengandik sortzeko efektuaz pronuntziatu behar bagenu, aurreko obserbaziorik gabe, nola behar luke, galdetzen dizut, gogoak eragiketa honetan ihardun? Delako objektuaren efektutzat hartzeko moduko gertaeraren bat asmatu edo iruditu beharko luke. Eta asmatze hori garbi dago erabat arbitrarioa dela. Gogoak ezin du inoiz ere ustezko kausaren efekturik aurkitu, eskrutatzerik eta aztertzerik zorrotzenez, efektua kausaren arras ezberdina baita, eta, ondorioz, ezin baitu honengan aurkitu. Mugimendua, bigarren bilar-bolan, lehen bolarenaz guztiz bestelako mugimendua da. Batak ere ez du ezer, bestearen zantzu txikienik izatekorik. Jaso eta bertan behera utzi den harria edo metal-zatia berehalaxe erortzen da. Baina auzia a priori kontsideraturik, ba al da egoera horretan aurki dezakegun ezer, goranzko baino areago beheranzko mugimenduaren edo beste zeinnahi mugimenduren ideiarik eman lezakeenik harrian edo metal-zatian?

Eta eragiketa natural guztietan halako efektu jakin baten lehen irudipena edo asmakuntza arbitrarioa denez esperientziarekin kontsultatu ezik, era berberean jo behar dugu baita kausa-efektuen arteko lokarri edo konexioa delakoa ere, biak batzen eta kausa haren eraginetik harako beste edozein efektu ezinezko bihurtzen duen lokarria. Bilar-bola bat beste baterantz marra zuzenean doala ikustean, bigarren bolaren mugimendua ukitzen edo sakada baten ondoriotzat akzidentez sujeritzen bazait ere, ez ote dut bururatu ahal beste halako ehun gertaera berdin sor litezkeela kausa hartatik? Ez ote zitezkeen bi bolak geldi gera? Ez ote zitekeen lehen bola marra zuzenean bere abiagunera itzul, edo bigarren bolan edozein marra edo norabidetan errebotatu? Suposamen guzti hauek bidezkoak eta bururatzekoak dira. Orduan zergatik eman behar diogu bati lehentasuna, bestea baino bidezkoago eta bururagarriagoa ez izanik? Gure inolako a prioriko arrazoiketak ez liguke inoiz lehentasun honetarako inolako oinarririk erakutsi ahal izango.

Hitz batez, beraz, oro efektu bere kausaren gertaera ezberdina da. Ezingo litzateke, beraz, bere kausan aurkitu eta bere lehen asmakuntza edo bururatzea, a priori guztiz arbitrarioa izan behar. Eta kausarekiko lotura iradokita gero ere, era berean arbitrario emango du, beti baitago beste anitz efektu arrazoiari guztiz bidezko eta berezko irudituko zaiona. Alferrik saiatuko ginateke, beraz, zeinnahi gertaera bakan erabakitzen edo zeinnahi kausa edo efektu inferitzen, behaketaren eta esperientziaren laguntzarik gabe.

26. Hemendik atera dezakegu arazoia, zergatik ez den saiatu ezein filosofo, zentzuzkoa eta jatorra behintzat, edozein eragiketa naturalen azken kausa erakusten edo unibertsoan edozein efektu bakan sortzen duen indarraren ekintza argi azaltzen. Aitortzen da giza arrazoimenaren ahalegin nagusia fenomeno naturalen printzipio eragileak bakuntasun handiagora ekartzea dela, eta anitz efektu partikular kausa orokor gutxira, analogian, esperientzian eta behaketan oinarrituriko arrazoiketa bidez. Baina kausa orokor hauen kausei dagokienez, alferrik saiatuko gara aurkitzen, eta euren inolako esplikazioak ere ez gaitu beteko. Azken iturri eta printzipio hauek guztiz debekaturik daude giza jakinmin eta ikerkuntzarentzat. Zaulitasuna, grabitatea, zatien konexioa eta mugimendua bultzadaz komunikatzea, horra ziur aski gizadian aurkitu ahal ditugun azken kausak eta printzipioak. Eta nahiko zorionekotzat jo dezakegu geure burua, baldin, ikerketa eta arrazoiketa zorrotzez, fenomeno naturalak printzipio orokorretara jasotzeko, edo hauetara hurbiltzeko gauza bagara. Tankera naturaleko filosofiarik perfektuenak gure ezjakintza pixka bat uxatu besterik ez du egiten, tankera moral edo metafisikozko filosofiarik perfektuenak ere agian ezjakintza horren arlo handiagoak nabarmentzeko bakarrik balio duen moduan. Honela zeinnahi filosofiaren emaitza giza itsutasun eta ahultasunaren obserbazioa da, eta noiznahi topo egiten dugu eurokin, baztertzeko edo uxatzeko ahalegin eta guzti ere.

27. Geometriak berak ere, filosofia naturalaren laguntzailetzat hartzen dugunean, ez dauka akats hau ontzerik edo azken kausen ezagutzara eramaterik, hargatik mereziki goraipatua den arrazoiketako zehaztasunaren bitartez. Matematika aplikatuaren adar guztiek suposizio honekin jokatzen dute, hots, halako lege batzuk naturak bere eragiketetan ezarriak direla, eta arrazoiketa abstraktuak erabiltzen dira, bai lege hauen aurkikuntzan esperientziara jotzeko, bai hauen eragina erabakitzeko distantzi eta kantitate maila jakin baten mende dauden kasu partikularretan. Honela, esperientziaz aurkitutako mugimendu-legea da gorputz mugikari baten oldarra edo indarra bere masa-abiaduren arrazoi konposatu edo proportzioaren araberakoa dela. Eta, beraz, indar txiki batek oztoporik handiena mugiaraz edo pisurik astunena jaso lezakeela, nolabaiteko asmakuntzaz edo tresnaz, indar haren abiadura kontrakoa gainditzeko adina gehitu ahal izanez gero. Geometriak lege honen aplikazioan laguntzen digu, edozein makina-mota osa dezaketen zati eta figura guztien neurri zehatzak ematen dizkigula, baina nolanahi ere, legearen beraren aurkikuntza esperientziari bakarrik zor zaio, eta munduko pentsakizun abstraktu guztiek ere ezingo gaituzte inoiz urrats bat hurbildu bere ezagutzara. A priori arrazoitzen dugunean eta objektu edo kausa bat soilean kontsideratzen dugunean, hots, gogoari agertzen zaion moduan, zeinnahi obserbaziotatik at, inoiz ezin digu iradoki bere efektuaren gisako objektu ezberdin baten noziorik, eta are gutxiago haien arteko lotura banagaitz eta hauskaitzik erakutsi. Gizakume batek oso argia behar du kristala beroaren eta izotza hotzaren efektua dela arrazoibidez aurkitzeko, bi egoera horien arteko zerikusia aurrez jakin ezik.

II PARTEA[aldatu]

28. Baina oraindik ez gaude nahi bezain aserik jarritako lehen galderari buruz. Soluzio bakoitzak galdera berria dakar, aurrekoa bezain zaila eta ondorengo ikerkuntzetara garamatzana. Zein da izatezko zeren gure arrazoiketen izaera? -galdetzen denean, badirudi kausa-efektuen erlazioan oinarriturik egotea dela erantzun zuzena. Zein da erlazio horren gure arrazoiketa eta ondorio guztien oinarria? -berriz galdetzean, hitz batez erantzun daiteke: Esperientzia. Baina geure azter-gogoari jarrai, galdetzen badugu: Zein da esperientziaren ondorio guztien oinarria? -orduan honek beste galdera berri bat dakar, ebazten eta azaltzen askoz zailagoa izan litekeena. Jakinduria eta askitasun handiko plantan dabiltzan filosofoek lan zaila daukate azter-joeradun pertsonekin ostenduta dauden zoko guztietatik kanporatzen eta ziur asko azkenean dilema arriskutsura eramango dituztenekin. Larriune horri aurrea hartzeko erarik onena geure pretentsioetan apalak izatea da, eta areago geuk bistaratzea zailtasuna inork objeziotzat jaurti aurretik. Honela gure jakinduria bertute gisako zerbait egin dezakegu nolabait.

Zati honetan pozik nagoke lan erraz batez, hemen planteaturiko galderari ezezko erantzuna bakarrik emanez. Horrela diot ezen, kausa-efektuen eragiketetan esperientzia izan eta gero ere, gure ondorioak esperientzia horretatik hara atereak, ez daudela arazoiketetan edo adimenaren ezein prozesutan oinarrituak. Erantzun hau azaldu eta defendatu egin behar dugu.

29. Bete-betean onartzekoa da naturak bere sekretuetatik urrun eduki gaituela eta objektuen kualitate azal batzuen ezagutza bakarrik eman digula, objektu horien eraginean agintzen duten indarrak eta printzipioak ezkutatzen dizkigularik. Gure zentzuek ogiaren kolore, pisu eta sendotasunaren berri damaigute, baina ez zentzuek ez arrazoiketak eman diezaguke hura giza gorputzaren eliku eta euskarri egiten duten kualitateen berri. Ikusmenak eta ukimenak gorputzen oraingo mugimenduaren halako antz bat ematen dute. Baina gorputz mugikari bat mugagabeki leku-aldan erabil dezakeen indar edo ahalmen miragarri hari buruz, eta gorputzek beste batzuei emanda baizik inoiz galtzen ez duten hari buruz, ez daukagu bururapen txikienik ere sortzerik. Baina ahalmen6 eta printzipio naturalen ezjakintza hau eta guzti ere, beti suposatzen dugu kualitate sentigarri berdinak ikustean, ahalmen ezkutu berberak dituztela, esperimentatu ditugun antzeko efektuek segituko dietela espero dugu. Aurretik jandako ogiaren antzeko kolore eta sendotasuneko gorputz bat azalduko baligute, ez genuke esperimentua berregiteko koskarik izango, eta segurki antzeko elikua eta euskarria somatuko genioke. Baina jakin nahi nuke nik gogoaren edo pentsamenaren prozesu honen oinarria zein den. Denek onartzen dute kualitate sentigarrien eta ahalmen ezkutuen artean ez dagoela lotura jakinik, eta beraz, gogogari ez zaiola lotura etengabe eta erregular horri buruzko ondorioa aterarazten, horren izaeraz jakin dezakenetik. Iragan esperientziari buruz, objektu doi-doi haiexen eta bere ezagutzaldi doi-doi hartakoen informazio zuzena eta ziurra bakarrik eman dezakeela onar daiteke. Baina esperientzia honek zergatik hedatu behar du geroko uneetara eta objektu batzuetara, hauek, dakigunetik, itxuraz bakarrik antzekoak izatea litekeelarik?: horra ekin nahi niokeen auzi nagusia. Arestian jan dudan, elikatu nauen ogia, hots, halako kualitatedun gorputz bat, une hartan halako ahalmen ezkutuz horniturik zegoen. Baina atera al daiteke hortik beste ogi-zati ezberdin batek ere elika nazakeela beste une batean, eta kualitate sentigarri berdinek beti behar dutela ahalmen ezkutu berdinekin batuta egon? Ondorio horrek inondik ere ez dirudi nahitaezko. Gutxienez aitortu beharko da hemen gogogak lortutako ondorio bat dagoela, urrats bat eman dela, pentsamen-prozesu bat, eta azaldu beharreko inferentzia bat. Hurren bi proposamenok berdinak izatetik urrun daude: halako objektuari beti halako efektua egokitu zaiola aurkitu dut, eta: itxuraz antzekoak diren beste objektu batzuei antzeko objektuak egokituko zaizkiela aurrikusten dut. Onartuko dut, nahi bada, proposamen bata zuzen inferi daitekeela bestetik. Badakit, egitez, beti inferitzen dela. Baina inferentzia hori arrazoi-kate baten bidez egiten dela ihardesten badidazu, arrazoiketa hori azaltzea nahi nuke. Bi proposamen horien arteko lotura ez da intuitiboa. Bitarteko bat behar da gogoa inferentzia horretara helaraz dezan, egiatan arrazoi edo argumentu bidez heltzen bada. Bitarteko hau zer den, aitortuko dut, nire ulermenaz gain dago, eta egiatan badela eta izatezko zerei buruzko gure ondorio guztien sorburua dela diotenei dagokie azaltzea.

30. Argumentu ezezko honek, noski, guztiz konbintzente bilakatu behar du denboraren buruan, hainbat filosofo trebe eta zorrotzek ikerkuntzak horrantz bideratu eta inor ez bada gai adimenari ondorio honetan lagunduko dion proposamen bilgarririk eta bitarte-urratsik aurkitzeko. Baina auzia oraingoz berria denez gero, irakurle guztiak ez dira euren argitasunaz fidatuko pentsatzeraino, arrazoiketa batek euren ikerkuntzari ihes egiten diola-ta, ez dagoela horregatik errealitatean oinarritua. Arazo honengatik, agian lan zailagoan sartu beharra dago, eta giza jakintzaren adar guztiak zenbatuz, hauetako batek ere ez duela arrazoiketa hori permititzen erakusten ahalegindu.

Arrazoiketa guztiak bi motatan zati daitezke, hots, arrazoiketa demostratiboa edo ideia-erlazioei dagokiena, eta arrazoiketa morala edo izatezko eta existentziazko zerei dagokiena. Kasu honetan argumentu demostratiborik ez dagoela nabaria dirudi, ez baitago inolako kontraesanik naturaen abioa aldatu ahal izatean eta objektu batek, itxuraz esperimentatu ditugun beste batzuen antzeko batek, efektu kontrakoak edo ezberdinak sortu ahal izatean. Ez al dezaket argi eta ezberdinki bururatu hodeietatik erortzen den gorputz batek, beste alde guztietan elurraren antza izanik ere, gatzaren zaporea edo suaren sentsazioa edukitzea? Ba al da proposamen ulergarriagorik baiezpen hau baino, hots, zuhaitz guztiak abenduan eta urtarrilean loratzen direla, eta maiatzean eta ekainean hostoa galduko dutela? Baina ulergarria eta ezberdinki bururatua izatekoa denak ez darama inolako kontradikziorik, eta inoiz ez daiteke bere gezurrik frogatu argumentu demostratiboz edo inolako a prioriko arrazoiketa abstraktuz.

Beraz, argumentuz konbentzituko bagintuzte geure iragan esperientziaz fidatzeko eta hura geure geroko judizioen gidari egiteko, argumentu hauek probableak bakarrik edo izatezko eta existentzia errealezko zerei dagozkienak izan beharko lukete, gorago aipatu zatiketaren arabera. Bistan baitago ez dagoela honelako argumenturik, arrazoiketa-mota honen gure azalpena sendotzat ete betegarritzat jotzen bada. Existentziari buruzko argumentu guztiak kausa-efektuen erlazioan oinarritzen direla esan dugu, eta gure ondorio esperimental guztiak etorkizuna iragana izan den bezalakoa izango den suposamenetik hara sortuak direla. Azken suposamen hau argumentuz frogatu nahi izateak dudarik gabe bertan itzulka ibiltzea eta zalantzan dagoena jakintzat ematea dakar.

31. Izatez esperientziako argumentu guztiak objektu naturalen artean aurkitzen dugun antzean oinarritzen dira, eta horrek garamatza objektu haiei zerizkien efektuen antzekoak espero izatera. Eta esperientziaren autoritatea eztabaidatzerik, edo hura giza bizitzaren goren gidaritzat nardatzerik ergelak edo zoroak ez bestek ez badu pentsatuko ere, filosofo bati noski zilegi izan dakioke giza izaeraren printzipioa (esperientziari autoritate indartsu hori ematen eta naturak objektu ezberdinetan jarri duen antzetik alde ona aterarazten digun giza izaera horren printzipioa) aztertzeko adina jakinmin izatea. Antzekoak diruditen kausetatik antzeko efektuak itxaroten ditugu. Gure ondorio esperimentalak honetara biltzen direla dirudi. Baina ondorio hau arrazoiak sortzekotan, bistakoa dirudi hasieran eta kasu bakarrean ere esperientzi zerrenda luzearen ondoren bezain biribila izan behar lukeela. Baina egia oso bestelakoa da. Ez dago ezer arraultzak bezain antzekorik, baina inork ez du, itxurazko antz hori dela-ta, arraultza guztietan dasta eta zapore berdina itxarongo. Mota honetako esperimentu uniformezko kate luzearen ondoren bakarrik lortzen dugu gertaera partikular bati buruzko segurtasuna eta fidantza. Baina non da arrazoiketa prozesurik, kasu batetik zeharo ondorio ezberdina ateratzen duenean lehenengo kasu horren berdin-berdinak diren beste ehun kasutatik ateratakoaren aldean? Galdera hau egiten dut, bai neure burua informatzeko, bai zailtasunak bistaratzeko. Ezin dut topatu, ezin dut iruditu horrelako arrazoiketarik. Baina gogoa ikasgura dut, norbaitek irakatsi nahi badit.

32. Esperimentu uniforme-sorta batetik kualitate sentigarrien eta ahalmen ezkutuen arteko lotura inferitzen dugula esan behar al da? Honek, aitortuko dut, beste hitz batzuetan azaldutako zailtasuna bera dirudi. Hala ere berriz dator galdera: zein argumentatze prozesutan datza inferentzia hau? Non dago bitartekoa, elkarretik hain urruneko proposamenak batzen dituzten tarteko ideiak alegia? Ogiaren koloreak eta beste kualitate sentigarriek berez ez daukatela aitortzen da eliku- eta sostengu-ahalmen ezkutuekin inolako loturarik. Zeren bestela ahalmen ezkutu hauexetatik inferi genezake, kualitate sentigarri horiek agertuz bat-batera, esperientziaren laguntzarik gabe, filosofo guztien iritziaren eta gertaeren euren aurka. Hona, bada, objektuen ahalmen eta eraginei buruzko gure ezjakintasunaren egoera naturala. Nola konpontzen da esperientziaz? Honek zenbait efektutatik harako efektu berdintsu mordo bat erakusten digu, eta objektu partikular haiek, une jakin hartan, halako ahalmenez eta indarrez horniturik zeudela irakasten digu. Objektu berri bat antzeko kualitate sentigarriz horniturik gertatzen denean, antzeko ahalmen eta indarrak itxaroten ditugu, baita efektu bera ere. Ogiaren antzeko kolore eta sendotasuneko gorputz batetik ogiari dagozkion elikua eta euskarria itxaroten ditugu. Baina dudarik gabe azalpena behar duen gogogaren urrats edo aurrerakada bat da. Gizakume batek dioenean: Aurreko kasu guztietan halako kualitate sentigarriak halako ahalmen ezkutuei loturik topatu ditut, eta beste hau dioenean: Antzeko kualitate sentigarriak beti egongo dira antzeko ahalmen ezkutuei loturik, orduan ez da tautologiaren errudun, eta bi proposamenok ez dira inola ere berdinak. Proposamen bata bestetiko inferentzia omen da, baina aitortu behar inferentzia hori ez dela intuitiboa ez demostratiboa. Zer nolako da orduan? Esperimentala dela esatea printzipio-eskea da, zeren esperientziatik harako inferentzia orok, oinarritzat, etorkizuna berdina izatea suposatzen du. Naturaren abioa alda litekeela eta iragana balitekeela etorkizunaren gidari ez izatea susmorik balitz, esperientzia oro alferrekoa litzateke eta ezingo luke inolako inferentziarik edo ondoriorik eman. Ezinezkoa da, beraz, esperientziatik harako ezein argumentuk iraganaren etorkizunarekiko antz hori demostratu ahal izatea, argumentu guztiak ustezko antz hartantxe oinarritzen baitira. Eman dezagun naturaren abioa oso erregularra izan dela orain arte. Honek, beronek bakarrik, beste argumentu edo inferentzia berririk gabe, ez du demostratzen etorkizunean ere berdina izango denik. Alferrik ahaleginduko gara izakien izaera iragan esperientziatik ezagutzen. Haien izaera ezkutua, eta beraz haien efektu eta eragin guztiak, aldatu egin daitezke, euren kualitate sentigarrietan batere aldakuntzarik izan gabe. Hauxe da batzuetan eta objektu batzuekin gertatzen dena. Zergatik ez daiteke beti eta denekin gerta? Zein logikak, zein argumentatze prozesuk segurtatzen gaitu inferentzia honen aurka? Ezein irakurketak, ezein ikerketak ezin izan dit koska hau konpondu, ez satisfakziorik eman hain garrantzizko gorabeheran. Zer nezake hoberik publikoari koska azaltzea baino, nahiz eta agian konponbiderik lortzeko itxaropen urria dudan? Honela behintzat geure ezjakintasunaren ohartun izango gara, geure jakintzarik gehituko ez badugu ere.

33. Argumentu batek bere ikerkuntzari ihes egin diolako ez dela benetan existitzen ateratzen duen gizakumea harrokeria barkagaitzaren errudun dela aitortu behar dut. Baita aitortu behar dut, nahiz eta jakintsu guztiak batera, zenbait gizalditan zehar gai baten alferreko ikasketarik egin izan, hala ere balitekeela arinkeria izatea gai hori, horregatik, giza ulermenaz gain dagoela ateratzea. Gure ezagutzaren iturri guztiak aztertu eta auzi horretarako denak desegokiak direla aterako bagenu ere, oraindik geldi liteke susmoa, zenbaketa ez ote den osoa edo azterketa hain zehatza. Baina gagozkion gaiari buruz, badira kontsiderapen batzuk, harrokeri salapena edo hutsegite-susmoa deusezten dutenak.

Argi dago baserritar ezjakin eta tenetelenek ere, edo haurrek, edo baita basapiztiek ere, esperientziaz aurreratzen dutela eta objektu naturalen kualitateak ikasten dituztela, haietatik datozen efektu naturalak behatzean. Haur batek kandela garrari ukitzean min sentsaziorik izan badu, nekez hurreratuko dio eskurik beste ezein kandelari, antzeko efektua itxarongo baitu kualitate eta itxura sentigarrietan antzeko den kausatik. Norbaitek segurtatuko balu haurraren adimena argumentatze edo arrazoitze-prozesuren baten bitartez heltzen dela ondorio horretara, arrazoiz eska diezaioket argumentu hori azaltzeko, eta ez luke hain eskari bidezkoari ukorik egiterik izango. Ez duzu esaterik argumentu korapilatsua denik, eta agian bere ikerkuntzari ihes egiten dionik, haur soil baten gaitasunerako bistakoa dela onartzen baita. Zalantzarik bazenu, edo, gogoeta ondoren argumentu nahasi eta sakonen bat emango bazenu, orduan nolabait auziari amore ematen diozu, eta aitortzen duzu ez dela arrazoiketa iragana etorkizunaren antzekoa dela suposarazten eta itxuraz antzekoak diren kausetatik antzeko efektuak itxaronarazten dizkiguna. Hauxe da atal honetan finkatu nahian nabilen proposamena. Zuzen banago, ez dut aurkikuntza handirik egin dudanik pretenditzen. Oker banago, oso eskolamutil atzeratua naizela atera behar, ezin baitut aurkitu, dirudienez, sehaskatik irten aurretik erabat etxeko nuen argumentu bat.