Giza ezagutzari buruzko ikerketa/IX. Atala

Wikitekatik
Giza ezagutzari buruzko ikerketa  (1748)  David Hume, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
IX. Atala. Animalien arrazoimenaz]
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

IX. Atala. Animalien arrazoimenaz

82. Izatezko zerei buruzko gure arrazonamendu guztiak halako Analogia batean daude oinarriturik, non beste antzeko kausetatik oharteman ditugun efektu beraiexek itxarotera garamatzan edozein kausatatik. Kausak euren artean guztiz direnean berdinak, analogia ere perfektua da, eta ziur eta erabakiortzat jotzen da hortik ateratako inferentzia. Batek, burdin-totxo bat ikustean, ez du inoiz dudatan jartzen pisua eta zatien kohesioa izango dituenik, beti oharteman dituen kasu guztietan bezalaxe.

Baina objektuen arteko antzekotasuna hain zehatza ez denean, analogia ez da hain perfektua, eta inferentzia ere ez hain erabakiorra, nahiz eta oraindik indarren bat izango duen, antz eta berdintasun-mailaren arabera. Arrazoikera hau medio, animaliadenei zabaltzen diegu animalia bati buruz ditugun anatomi oharpenak, eta ziur, odolaren zirkulazioa adibidez argiro frogatua izan bada igela edo arraina bezalako izakiren batean, printzipio berori denetan ematen delako uste sendoa sortzen dela.

Analogiazko behaketa hauek urrunago eraman daitezke, baita orain darabilgun zientzia honetaraino ere. Eta giza adimenaren eragiketak edo gizakiaren grinen jatorria eta konexioa azaltzeko darabilgun edozein teoriak hartuko du autoritate-indar gehigarria, teoria hori beste animalia guztietan ere fenomeno berdinak azaltzeko beharrezko aurkitzen badugu. Froga hauxe egingo dugu arestiko gogoetan gure arrazonamendu esperimental oro azaldu nahian erabili dugun hipotesiarekin, eta espero dugu ikuspuntu berri honek balioko digula lehengo behaketa guztiak bermatzeko.

83. Lehenik, bistakoa dirudi animaliek ere, gizakumeek bezala, esperientziatik ikasten dutela gauza asko, eta kausa berdinei beti gertaera berdinek jarraituko dietela inferitzen dutela.

Printzipio honen bidez, kanpo-objektuen propietate nabarienetara egiten dira, eta jaiotzatik hasita doaz gradualki pilatuz suaren, uraren, lurraren, harrien, goi-beheen, sakoneren, eta abarren izaerari buruzko, eta euren eragiketatik gertatzen diren efektuei buruzko ezagutza. Oso erraz bereiz daitezke hemen gaztearen ezjakintasuna eta esperientziarik eza, zaharraren tentu eta zuhurtasunaren ondoan, behaketa luzearen bidez ikasi baitu honek kaltegarri zaionari itzurtzen eta eroso nahiz atsegin zaiona bilatzen. Landara ohitutako zaldiak ondo ezagutua du jauzi egin dezakeen altuera egokia eta ez da inoiz saiatuko bere indarraren edo trebetasunaren gainetik dagoenarekin. Galgo zaharrak gazteagoen bizkar utziko du jazarraldiaren parterik nekagarriena, erbia jirabiraka hastean harrapatzeko gero, eta bere behaketan eta esperientzian baizik ez dira oinarritzen une horretan egiten dituen aieruak.

Are nabariago suertatzen da hau animaliengan zentzabideak eta hezkuntzak duen eraginengatik, sari eta zigorrak egoki aplikatuz erakus baitiezaieke edozein ekintza-mota, euren instintu eta joeren aurkakoena dena ere. Ez al da esperientzia minaren beldurretan jartzen duena txakurra, mehatxu egiten zaionean edo makila jasotzen zarta emateko? Eta ez al da esperientzia baita ere bere izenaren deira erantzutera behartzen duena, eta inferituarazten, hots arbitrario hori medio, besteei barik berari deitu nahi diozula, eta berari deitzeko ahoskatzen duzula izen hori era jakin batez eta doinu eta azentu jakin batez? Kasu guzti hauetan hauteman dezakegu bere zentzuak zuzenki kolpatzen dituen halako zerbait inferitzen duela animaliak, eta inferentzia hau aurretiko esperientzian oinarritua duela erabat, izaki honek bere behaketan beste antzeko objektuetatik beti gertatzen ikusi dituen ondorio berdinak direlarik oraingo objektu honetatik ere espero dituenak.

84. Bigarrenik, ezinezko da animaliaren inferentzia hau argumentu- edo arrazoiketa-prozesuren batean oinarritzea eta hortik konkluditzea antzeko objektuei antzeko gertaerek jarraitu behar dietela, eta naturaren abioa bere eragiketetan erregularra izango dela beti. Ezen, honelako argumenturik izatez baldin baledi ere, ilunegia litzateke seguraski hain adimen inperfektuen oharmenerako, filosofo-jeinu baten aditasuna eta arreta guztia beharko luketelarik hura kausitu eta hautemateko. Beraz, animaliak ez dira gidatzen arrazoiketaz inferentzia hauetarako; ezta haurrak ere, ez eta gizadirik gehiena bere ekintza eta konklusio normaletan. Ez dira hartaz gidatzen filosofoak eurak ere, bizitzaren alderdi praktiko guztietan herri xehearen pareko baitira gehienetan, eta eredu berdinen arabera portatzen. Naturak beste printzipioren bat eskaini behar izan du, erabilpen eta aplikazio orokor eta errazagokoa. Bestalde, ezin zaio utzi hain zalantzako den arrazoiketa- eta argumentazio-prozesuari bizitzan halako ondorio itzela duen eragiketa, kausetatik efektuak inferitzea alegia. Zalantzazko gerta badaiteke hau gizakumearen kasuan, ez dirudi inolako zalantzarik ametitzen duenik animali kreaturei dagokienez, eta, konklusio hau batarako irmoki ebatziz gero, unibertsalki ere inolako salbuespen edo erreserbarik gabe onartua izan behar duen presuntzio sendoa dugu, analogiaren arau guztien arabera. Ohitura baino ez da animaliei zentzuen aurrean aurkeztutako edozein objektutik beronen ohizko kidea inferiarazten diena eta haien irudimena bataren agerpenetik bestea irudikatzera daramana, guk sinespidea (belief) deitzen diogun modu berezi batez. Eta ez daiteke eragiketa honen beste zergatirik eman, guk hauteman eta beha ditzakegun izaki sentsitibo orotan, direla goiko espezietakoak nahiz behekoetakoak.16

85. Baina animaliek beren ezagutzaren zati handi bat behaketatik ikasi arren, bada naturaren jatorrizko eskutik datorkien beste zati handi bat ere, ohiz daukaten gaitasun-maila zeharo gainditzen duten ezagutzak alegia, eta neurri txikian edo ezertan ere hobetzen ez dituztenak luzaroko praktika edo esperientziaren bidez. Hauei instintuak deitzen diegu, eta hain ditugu miresgarri non oso apartekotzat eta ulergaiztzat dauzkagun, giza adimenaren gogoeta guztiak gorabehera. Baina gure harridura gutxitu edo desagertu egingo da agian hurrengo hau kontsideratzean, animaliekin batera daukagun eta gure bizitzako jokabide osoa bere menpe duen arrazonamendu esperimental horixe bera instintu edo ahal mekaniko moduko zerbait baino ez dela, gugan eragina duena geuk ere jakin gabe, eta bere eragiketa nagusietan ezein ideia-erlazio edo erkaketak gidatzen ez duena, gure adimenaren objektu propioak gidatzen dituen bezala. Instintu ezberdina bada ere, instintua da nonbait gizakiari suari ekiditen irakasten diona, instintua den bezalaxe txoriari halako zehaztasunez irakasten diona inkubazio-artea, txitaldiaren antolaketa eta ordena guztiarekin.