Giza ezagutzari buruzko ikerketa/VII. Atala

Wikitekatik
Giza ezagutzari buruzko ikerketa  (1748)  David Hume, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
VII. Atala. Beharrezko konexio-ideiaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VII. Atala. Beharrezko konexio-ideiaz

I PARTEA[aldatu]

48. Zientzia matematikoen alde on handia zientzia moralen ondoan honetan da, lehenengoen ideiak sentigarriak izatean, argiak eta zehatzak direla beti alegia, eta haien arteko alderik txikiena ere berehalaxe hautematen dela, eta termino berek beti ideia berak adierazten dituztela, anbiguotasun edo bariaziorik gabe. Inoiz ez da obalurik zirkuluaz erratzen, ez hiperbolarik elipseaz. Isoszelea eta eskalenoa, bizio-bertuteen eta on-txarren aldean, askoz muga zehatzagokoak dira. Geometrian termino bat definitzen bada, gogoak bere kabuz aise ordeztuko luke, definizioa definituagatik, eta definiziorik erbili gabe ere, objektua bera aurkez dakieke zentzuei eta honela hura garbi eta irmo atzeman. Baina gogoaren goragoko sentimenduek, adimenaren eragiketek, grinen iharrospen ezberdinek, euren baitan bereziak izanik ere, erraz ihes egiten digute gogoetak aztertzen dituenean. Ez dago gure esku objektu originala birsortzea, hartaz gogoeta egiteko aukera dugun guztian. Honela, pixkanaka, anbiguotasuna gure arrazoiketetan sartuz doa. Objektu berdintsuak aise hartzen dira berdintzat eta azkenean ondorioa premisetatik oso urrun dago.

Hala ere, segurtasunez baietz daiteke ezen, zientzia hauek ikuspegi egokiz aztertzen baditugu, alde onak eta alde txarrak ia partu egiten direla eta berdintasun-mailan jartzen dituztela. Gogoak Geometriako ideia argiak eta zehatzak aise gordetzen baditu ere, arrazoi-kate askoz luzeago eta nahasiagoari ekin behar dio eta elkarretatik ideia askoz urrunagoak konparatu, zientzia honetako egia korapilotsuagoak atzemateko. Eta ideia moralek, kontu handiz ibili ezik, iluntasunean eta nahasmenean erortzeko joera badute ere, diskisizio hauetan inferentziak askoz laburragoak dira eta ondoriora daramaten bitarteko urratsak askoz gutxiago, kantitateaz eta zenbakiaz diharduten zientzietan baino. Izatez, nekez dago Euklidesen proposamen hain errazik, edozein arrazoiketa moraletan aurki daitekeen baino zati gehiago ez izatekorik, kimerara edo harrokeriara jo ezik. Giza gogoaren printzipioen lorratzari urrats gutxiren bitartez segitzen badiogu, pozik egon gintezke geure aurrerapenaz, kontuan izanik naturak zein bizkor oztopatzen dituen kausei buruzko gure ikerkuntzak eta nola geure ezjakintasunaren kontzientziara ekartzen gaituen. Beraz, zientzia moraletan edo metafisikoetan gure aurrerapenaren oztopo nagusia, ideien iluntasuna eta terminoen anbiguotasuna da. Matematiketako oztopo nagusia da edozein ondoriotara heltzeko behar den inferentzi-luzetasuna eta pentsamen-hedadura. Eta agian gure aurrerapena filosofia naturalean zerak batez ere atzeratzen du, behar den esperimentu eta fenomenorik ezak, sarritan adurrez aurkitzen diren eta behar denean ikerkuntzarik zorrotzenez eta zuhurrenez ere topatu ezin diren fenomenoak hain zuzen. Oraingoz bederen, filosofia moralak geometriak edo fisikak baino gutxiago aurreratu bide duenez gero, atera dezakegu ezen, zentzu honetan zientzia horien arteko alderik izatekotan, lehenegoaren aurrerapena oztopatzen duten zailtasunak gaitasun eta ernetasun gehiago behar dutela, gaindituak izateko.

49. Metafisikan ez dago ideia ilunago edo ez-ziurragorik, gure diskisizioetan noizbait tratatu beharreko ahala, indarra, energia edo beharrezko konexioa baino. Atal honetan, beraz, hitz horien esnannahi zehatza finkatzen saiatuko gara, ahal bada, eta horrela filosofi mota horri hainbeste gaitzesten zaion iluntasun zati bat kendu.

Eztabaida askorik behar ez duen proposizioa dirudi gure ideia guztiak ez direla gure inpresioen kopia besterik, edo beste hitz batzuetan, ezinezko zaigula pentsatzea, aurrez geure kanpo- eta barne-zentzuz sentitu ez dugunik. Proposizio hau azaltzen eta frogatzen saiatu naiz eta neure itxaropena agertu dut, behar den arreta jarriz gero, gizakumeak orain arte ahal izan duen baino zehaztasun eta argitasun gehiago lortu ahal izango duela. Ideia anizkunak , agian, egoki ezagutuak izan daitezke euren osagarri diren zati edo ideia bakunen zenbaketa den definizioz. Baina definizioak ideiarik bakunenetara eramandakoan, eta halako anbiguotasun edo iluntasunez topo egindakoan, zer irtenbide gelditzen zaigu? Zer asmakizunez behar ditugu ideia hauek argitu eta erabat zehatz eta xedatu bihurtu gure adimenaren begirako? Erakuts gure ideiak haietatik kopiatuak izan diren inpresio edo sentipen jatorrizkoak. Inpresio guztiak bortitzak eta sentigarriak dira. Ez dute anbiguotasunik jasaten. Erabat gardenak izan ezezik, ilunean dautzan euren ideia lagunen gainera ere argi egiten dute. Eta horrela agian mikroskopio edo optika-mota berria eskura dezakegu, zeinaren bitartez zientzia moraletan ideiarik bakunenak eta nimiñoenak ere handi daitezkeen, hala nola gure ulermenpean aise eror ahal daitezen eta gure ikerkuntzaren gai izateko ideiarik gizenen eta sentigarrientzat ezagutuak izan daitezen.

50. Indar edo beharrezko konexio-ideia guztiz geuganaturik izateko, azter dezagun bere inpresioa, eta inpresioa ziurtasun handiagoz topatzeko, bila dezagun erator litekeen iturri guztietan.

Gure inguruan diren kanpo objektuei behatzean eta kausen eragiketa aztertzean, inoiz ez gara gauza, une bakar berean, indar edo beharrezko konexiorik, efektua kausarekin batu eta haren ondorioa hutsezin egingo duen inolako kualitaterik aurkitzeko. Egitez, batak besteari darraiola bakarrik aurkitzen dugu. Bilar-bola baten sakadari beste baten mugimendua datorkio. Hauxe da kanpo-zentzuei ageri zaien guztia. Gogoak ez dauka objektuen segidaren sentipen edo barne-inpresiorik batere. Ez dago, beraz, ezein kausa-efektuen adiuntza jakinetan ezer, indar edo beharrezko konexio ideiarik iradoki dezakeenik.

Objektu baten lehen agerpenetik, inoiz ezin dugu atera hartatik zer efektu datorkeen. Baina gogoak kausaren baten indarrik edo energiarik aurkitu ahal izango balu, ahalko genuke efektua aurrikusi, baita esperientziaren laguntzarik gabe ere, eta hasiera-hasieratik hartaz ziurtasunez pronuntziatu, pentsamenaren eta arrazoimenaren indar hutsez.

Izatez, ez dago ezein materi zati, bere kualitate sentigarrien bitartez, inolako indar edo energiarik adieraztera hel daitekeenik, edo zerbait eragin dezakeela edo efektua dei genezakeen objektu ezberdinen batek segituko diola pentsatzeko biderik emango digunik. Solidotasuna, hedaera, mugimena: kualitate hauek osoak dira euren baitan eta inoiz ez dute euretatik sor litekeen beste gertaera batera jotzen. Unibertsoko eszenatokia taigabe aldatzen ari da eta objektu batek beste bati darraio etengabeko segidan, baina erabat ezkutuan dagokigu makina osoari eragiten dion indar edo ahala eta inoiz ez da agertzen gorputzaren ezein kualitate sentigarritan. Sua izatez badakigu garraren ohizko laguna dela, baina zer konexio izango duten ez daukagu aieru egiterik ez pentsatzerik ere. Ezinezkoa da, bada, ahalaren ideia eratortzea, gorputzak euren eragiketaren une bakunetan hautematetik, ezein gorputzek ez bailuke inoiz agertuko ideia honen originala izan litekeen inolako ahalik10.

51. Beraz, kanpo-objektuek, zentzuei agertzen zaizkien bezala, indar edo beharrezko konexioaren inolako ideiarik ematen ez digutenez gero kasu partikularretako iharduna dela bide, dakusagun ea ideia hau gure gogoaren eragiketei buruzko gogoetatik datorren eta barne-inpresioren batetik kopiatzekoa izan litekeen. Esan liteke barne-indar baten jakile garela etengabe, geure nahimenaren agindu hutsez gure gorputz atalak mugi edo gure gogoaren ahalmenak gida ditzakegula sentitzen dugunean. Nahimen egintza batek gure menbruetan mugidak eragin ditzake edo ideia berri bat irudimeneratu. Nahimenaren eragin hau kontzientziari esker ezagutzen dugu. Bere eraginez lortzen dugu ahalaren edo energiaren ideia eta ziur gaude gu eta beste izaki adimendun guztiak ahal horren jabe garela. Ideia hau, beraz, gogoetazko ideia da, gure gogoaren eragiketei buruzko gogoetatik eta nahimenak bai gorputz organoetan bai arimaren ahalmenetan darabilen aginteari buruzko gogoetatik sortzen baita.

52. Pretentsio hau aztertzera joko dugu, eta lehenbizi nahimenak zer eragin daukan gorputz organoetan. Eragin hau, hauteman dezakegunez, beste guztiak bezala, esperientziaz bakarrik ezagun daitekeen gertaera da eta inoiz aurrikus ez daitekeena, efektuari lotu eta bata bestearen ondorio nahitaezko egingo duen kausan ageri den ezein energia eta indarren bitartez. Gure gorputzaren mugimenak gure nahimenaren aginduari darraio. Etengabe jabetzen gara horretaz. Baina hori nola gerta daitekeen berbertan jakile izatetik, nahimenak haren bidez hain eragiketa harrigarria burutzen duen energiatik hain urrun gaude, ezen ikerketarik erneenari ihes egingo baitio.

Zeren, lehenik, ba al da natura guztian ezer ezkutuagorik, gorputz-arimen batasuna baino, zeinaren bidez delako substantzia izpiritual batek materialaren gainean halako eragina daukan, ezen pentsakizunik birfinena ere materiarik baldarrena mugiarazteko gai den. Nahikari ezkutu batez mendiak mugiarazteko edo planeten orbitak kontrolatzeko gai bagina, aginte zabal hori ez litzateke harrigarriagoa ez gure ulermenetik haragokoa. Baina kontzientziari esker, nahimenean indar edo energia zerbait atzemango bagenu, indar hori ezagutu egin beharko genuke. Beste efektuarekiko lotura ezagutu beharko genuke, gorputz-arimen batasun ezkutua ezagutu beharko genuke, baita bi substantzien natura ere, zeinaren bitartez bata hain maiz gai den bestearengan operatzeko.

Bigarrenik, ez gara gorputzeko organo guztiak ahalmen beraz mugiarazteko gai, nahiz eta esperientziaz beste arrazoirik ezin eman, kasu batetik besterako hain alde nabarmenerako. Zergatik dauka nahimenak eragina mihian eta hatzetan, eta ez bihotzean eta gibelean? Galdera honek ez liguke inolako esturarik ekarriko, lehen kasuan indar baten jakile bagina, eta bestean ez. Orduan hautemango genuke, esperientziatik aparte, zergaitik nahimenaren aginpidea hain muga estuetan hesitzen den. Kasu hartan bere bidez operatzen duen indar edo ahalaren berri erabat jakinik, bere eraginak zergatik hain zuzen halako mugak dituen eta zergatik harago ez doan jakingo genuke.

Hankan edo besoan perlesiak bapatean jo, edo menbru horiek gal berri dituen gizakumea, hasieran, haiek mugitzen edo euren ohizko eginkizunetan erabiltzen saiatzen da. Une honetan gorputzadar horiek bere ahalez menperatzeko kontzientzia dauka, osasun ederreko edozein gizakumek egoera eta baldintza normaletan edozein menbru mugiarazteko gaitasunaren kontzientzia daukan bezalaxe. Baina kontzientziak ez du inoiz engainatzen. Beraz, ez kasu batean ez bestean, ez gara ezein ahalen kontzientzidun. Esperientziaz bakarrik ezagutzen dugu gure nahimenaren eragina. Eta esperientziak erakusten digun gauza bakarra da gertaera batek besteari darraiola etengabe, haiek batzen eta banagaitz egiten dituen lotura ezkuturik argitu gabe.

Hirugarrenik, Anatomiak irakasten digu ahalaren objektu zuzena, mugimen nahietsian, ez dela izatez mugiarazten den menbrua, halako muskulu-, nerbio- eta animali izpiritu batzuk baizik, eta agian zerbait niminoago eta ezezagunagoa, haien bidez hedatzen delarik segidan mugimendua, bere mugimena nahiaren objektu arartegabea den menbrua atzeman aurretik. Eman al daiteke froga ziurragorik eragiketa guzti hau burutzen duen ahala, barne-sentipenak edo kontzientziak zuzen eta osoki ezagutua izan beharrean, erabat misteriotsua eta ulergaitza dela? Halako unean gogoak zerbait egin nahi du. Berehalaxe gertatzen da ezagutzen ez dugun eta intentatzen dugunaren guztiz ezberdina den beste gertaera bat. Gertaera honek beste are ezezagunago bat sorrarazten du, azkenean, segida luzearen ondoren, nahi den gertaera sortu arte. Baina jatorrizko ahala sentitua balitz, ezagutua izan beharko luke. Ezagutua balitz, bere efektuak ere ezagutua beharko luke, ahal oro bere efektuari dagokiona baita. Eta, alderantziz, efekturik ezagutuko ez balitz, ezingo litzateke ahalik sentitu ez ezagutu. Zeren nola izango dugu, ba, geure menbruak mugitzeko ahalaren kontzientziarik, ahal hori eduki ere ez badaukagu, animali izpiritu zenbait mugitzeko ahala baizik, eta izpiritu horiek, azkenean gure gorputzadarren mugimena sortzen badute ere, gure ulermenaz guztiz at operatzen badute?

Guzti honetatik atera dezakegu, inolako ausartziarik gabe, baina segurtasunez nik uste, gure ahalaren ideia ez dela kopiatzen ezein sentipen edo guregan den ezein ahal-kontzientziatik, animali mugimendua sorrarazten dugunean, edo gure menbruak euren erabilera eta egiteko propiora aplikatzen ditugunean. Haien mugimenduak nahimenaren aginduari darraiola esperientzia komuneko kontua da, beste berezko mugimendu batzuk bezala. Baina bere bidez burutzen den ahala edo indarra, beste berezko gertaera batzuetan gertatu ohi denez, ezezaguna eta bururagaitza da.

53. Gure gogoetan ahal edo indar baten kontziente garela baieztuko al dugu, gure nahimenaren egintzaz edo agintzez, ideia berri bat kontzientziratzen dugunean, gogoa haren kontenplazioan ezartzen, hura alde guztietatik ateratzen eta , azkenik, beste ideia bategatik lagatzen dugunean, nahiko zehazki kontsideratu dugula pentsatutakoan? Uste dut argumentu berek frogatzen dutela nahimenaren agindu honexek ere ez digula indar edo energiaren inolako ideia egiazkorik ematen.

Lehenik, onartu beharrekoa da, ahal bat ezagutzen dugunean, bere efektua lortzeko gaitasuna duen kausaren alderdi huraxe ezagutzen dugula. Hauek sinonimoak direla jotzen baita. Beraz, bai kausa eta bai efektua eta hauen arteko erlazioa ezagutu behar ditugu. Baina arimaren izaera eta ideia baten izaera geuganatzekotan al gabiltza, ala batak bestea sorrarazteko gaitasuna? Hona hemen benetako kreazioa: zerbait hutsetik sortzea. Horrek hain ahal handia darama, ezen agian lehen begiratuan izaki mugagabeaz beheragoko edozein izakiren ahalaz goitik dagoela emango bailuke. Gutxienez aitortu beharko ahal hori ez dela sentitua, ez ezagutua, ezta gogoak bururatzekoa ere. Gertaera bakarrik sentitzen dugu, hots, nahimenaren aginduari darraion ideia baten existentzia. Baina eragiketa hau nola gertatzen den eta berau sortzen duen ahala gure ulermenetik at dago.

Bigarrenik, gogoak bere gain duen agintea mugatua da, gorputzak bere gain duena bezala. Eta muga horiek ez dira arrazoimenak ezagutuak edo kausa-efektuen ezagutzaz ezagutuak, esperientziaz eta behaketaz bakarrik baizik, beste gertaera natural guztien eta kanpo objektuen ihardunaren kasuan bezala. Gure sentipen eta grinekiko aginpidea ideiei buruz daukaguna baino ahulagoa da askoz, eta azken aginpide hauxe ere oso zedarri estuetan dabil. Nork pentsa lezake muga hauen azken arrazoia ematerik edo zergatik ahala kasu batzuetan eskasa den eta beste batzuetan ez den erakusterik?

Hirugarrenik, auto-aginte hau oso ezberdina da une ezberdinen arabera. Gizakume osasuntsuak eritasunak jota dagoenak baino gehiago dauka. Goizean gure pentsakizunen jabeago gara gauean baino, edo baraurik bapo janda baino. Eman al genezake aldaera hauen arrazoirik, esperientziaz besterik? Ez ote da hemen izango, bai substantzia materialen batean, bai substantzia izpiritualen batean, mekanismo edo zati-egituraren bat, efektua bere mende daukana eta, bera guztiz ezezagun zaigularik, nahimenaren ahala edo energia-era berdin ezezagun eta ulergaitz egiten duena?

Nahizatea ziur aski hartaz nahiko jabeturik gauden gogoaren egintza da. Egin hartaz gogoeta. Begira alde guztietatik. Ba al da hartan ahalmen kreatzailearen antzeko ezer, zeinaren bidez ideia berri bat hutsetik ateratzen duen, eta halako Fiat gisako batez, honela mintzatzea zilegi bazait, izadiko eszena ezberdinak izateratu zituen Egilearen oroahala imitatzen duen? Honela, nahimenaren indar honen kontziente izan beharrean, daukagun bezalako esperientzia seguratu behar da, hain efektu harrigarriak nahizate soil baten ondorio direla sinesteko.

54. Gizadirik gehienak inoiz ez du zailtasunik aurkitzen izadiko eragiketarik komunenak eta ikusienak azaltzeko, hala nola pisudunen erorrera, landareen hazkuntza, animalien sorrera, gorputzen janari bidezko elikua. Aitzitik, suposatzen dute kasu guztiotan kausaren indar edo energia bera hautematen dutela, zeinaren eraginez hura efektuarekin lotua den eta bere eragiketetan beti hutsezina den. Ohitura luzez, gogoaren halako isuria erdiesten dute ezen, kausaren agerpenaz batera, haren ohizko laguna segurki espero baitute, eta nekez bururatzen zaie hartatik beste zeinnahi gertaera sor litekeenik ere. Fenomeno ezarruntak, hala nola lurrikarak, izurriak, eta nolanahiko mirariak aurkitzean bakarrik ez dute jakiten kausa egokirik izendatzen eta nola efektua honek sortua izan litekeen azaltzen. Normala da gizakumeak, halako zailtasunetan, adimendun printzipio ikuskaitzen batera jotzea11, harrigarri zaien eta euren ustez naturaren ahal arruntez azaldu ezin den gertaeraren arartegabeko kausatzat. Baina euren ikerketak aurrerago daramatzaten filosofoek berehalaxe hautematen dute ezen, gertaerarik jakinenetan ere, kausaren energia gertaerarik ohigabeenetan bezain nekez ulertzekoa dela, eta esperientziatik bakarrik ikasten dugula objektuen elkarlotura maizkorra, haien arteko konexiorik ulertzeko sekula gauza izan gabe.

55. Honetan, bada, filosofo asko arrazoimenak beharturik aurkitzen dira, herriak miragarriak eta naturazgainak diruditen kasuetan bakarrik jotzen duen printzipiora jotzera. Gogoa eta adimena gauza guztien azken eta jatorrizko kausa ezezik, naturan den gertaera ororen kausa arartegabea eta bakarra direla aitortzen dute. Normalean kausak deitzen diren objektuak, izatez, okasioak besterik ez direla jotzen dute, eta efektu ororen benetako eta arartegabeko printzipioa ez dela naturako ezein ahal edo indar, halako objektuak betirako elkarloturik egotea nahi duen izaki goren baten nahizatea baizik. Bilar-bola batak naturaren Egilearengandik hartutako indarrez besteari eragiten diola esan beharrean, Jainkoa bera dela diote, nahizate partikular batez, bigarren bolari eragiten diona, ekintza honetara lehen bolaren bultzadaz behartuta egonik, unibertsoa gidatzeko Berak autoezarritako lege orokerretatik hara. Baina euren ikerketan aurrera diharduten filosofoek erreparatzen dute ezen, gorputzen elkar-ekintzan agintzen duen ahala erabat ezezagun zaigun bezala, ez zaigula gutxiago ezezagun gogoaren gorputzarekiko, edo gorputzaren gogoarekiko ekintzan agintzen duen ahala, eta ez dugula kasu batean baino bestean azken printzipioa hautemateko gaitasun gehiago, zentzuen edo kontzientziaren bitartez. Ezjakite berak ondorio berera daramatza beraz. Jainkoa dela diote gorputz-oroimen batasunaren kausa arartegabea, eta ez direla zentzu organoak, kanpo objektuek joak izanik, gogoan sentsazioak sortzen dituztenak, baizik gure Kreatzaile oroahaltsuaren nahizate partikular bat dela, organoan halako mugimenduaren ondorioz halako sentsazioa eragiten duena. Era beretsuan, ez da nahimenaren inolako indarra gure menbruen mugimendu lokala eragiten duena. Jainkoa bera da atsegin zaiona berez ahalgabe den gure nahimenari jarraitzea, eta gure ahalari eta efikaziari okerki ezartzen diogun mugimendua menderatzea. Baina filosofoak ez dira ondorio honetan gelditzen. Zenbait aldiz indiferentzia bera hedatzen diote gogoari berari ere, bere barne-ihardunei ere. Gure ikuskera mentala edo ideien bururatzea gure Egileak egiten digun agerkundea besterik ez da. Gure pentsamena zeinnahi objektutara nahikara zuzentzen dugunean, eta guregan haren irudia sortzen denean, ez da nahimena ideia hura sortzen duena: Kreatzaile unibertsala da gogogari agertzen diona eta presente egiten diguna.

56. Filosofo hauen ustez, beraz, Jainkoz betea dago dena. Berak nahita ez bada ezer ez den, berak emanda ez bada ezerk ahalik ez duen printzipioa gutxi dutela, naturari eta izaki kreatu guztiei ahal osoa kentzen diete, haien Egilearekiko menpetasuna nabarmenago eta zuzenago egiteko. Ez dira ohartzen, teoria honekin, gehitu beharrean, gutxitu egiten dutela hainbeste goraipatzen dituzten atributuen handitasuna. Ziur aski beheragoko izakietan halako ahal-maila bat delegatzeak Jainkoarengan ahal gehiago darama, dena bere nahizate zuzen-zuzenez eragiteak baino. Munduaren egitura hasiera-hasieratik bere Probidentzia beraren helburu guztiak eta bere eragiketa beraz betetzeko adinako zehaztasun perfektuz taxutzeak jakinduria gehiago eskatzen du, une bakoitzean Kreatzailea mundu-zatiak egokitzera eta bere hatzez makina harrigarri horren gurpil guztiak animatzera beharturik balego baino.

57. Lehenik, Izaki Gorenaren energia eta eragiketa unibertsalen teoria honi ausartegia deritzot, giza arrazoimenaren ahultasunaz eta bere eragiketa guztietan konfinaturik dagoen muga estuez behar bezala jabetua den inor konbentzitzeko. Horraino daraman argumentu katea erabat baliokoa balitz ere, susmoa sortu behar, segurantza osoa ez bada, gure gaitasunen eskueratik harago eraman gaituela, hain ondorio harrigarri eta bizitza eta esperientzia arruntetik urrunetara jotzen duenean. Sorginen munduan aurkitzen gara gure teoriaren azken urratsetara heldu aurretik, eta han ez daukagu inolako arazorik geure ohizko argumentu metodoz fidatzeko, edo geure ohizko analogiak eta probabilitateak inolako autoritaterik badutela pentsatzeko. Gure bizitza motzegia da hain leze sakonak arakatzeko. Eta nahiz eta harro esan ematen dugun urrats bakoitzean egiantz-senak eta esperientziak gidatzen gaituela, ziur egon gaitezke delako esperientzia horrek ez daukala autoritaterik esperientzi esparrutik guztiz at dauden gaietara aplikatzen dugunean. Baina geroago izango dugu honetaz berriz tratatzeko aukera12.

Bigarrenik, teoria hau oinarritzen den argumentuetan ezin dut inolako indarrik hauteman. Egia da ez dakigula gorputz hauek nola jokatzen duten elkarrekin. Euren indarrak eta energiak guztiz ulergaitzak dira. Baina ez al gara era berean ezjakinak gogo batek, gogo gorena bada ere, bere buruarengan nahiz gorputz batengan nola edo zein indarrez iharduten duen? Nondik ateratzen dugu, galdetzen dizut, horren ideia? Geure baitan ez daukagu ahal horren inolako sentipen edo kontzientziarik. Izaki gorenaren beste ideiarik ez daukagu geure gaitasunei buruzko gogoetatik ikasten duguna baino. Gure ezjakintasuna zerbait baztertzeko arrazoi ona balitz, energia oro ukatzera beharturik geundeke bai izaki Gorenarengan, bai materiarik zakarrenean. Egia esan, bataren eragiketak bestearenak bezain gutxi ulertzen ditugu. Mugimendua bultzadatik harakoa dela ulertzea errazagoa al da nahizatetik sor litekeena baino? Kasu bietan geure ezjakintasun sakona bakarrik ezagutzen dugu.

II PARTEA[aldatu]

58. Baina bizkortu beharra daukagu gai honetan konklusio batera heltzeko, gehiegi luzatu baikara. Alferrik ihardun dugu ahalaren edo beharrezko konexioaren ideia baten bila beronen iturri izan zitezkeela suposatu dugun guztietan. Badirudi gorputzen eragiketaren kasu bakanetan inoiz ezin izan dugula, ezta azterketarik zorrotzenaz ere, gertaera batek besteari darraiola besterik aurkitu; eta ez garela kapaz kausari eragimena damaion indar edo ahalik, edo bera eta bere efektua delakoaren arteko konexiorik, ulertzeko. Zailtasun bera azaltzen da gogoaren gorputzari buruzko eragiketei behatzean: gorputzaren mugimenak bestearen aginduari darraiola dakusagu, baina ez gara gauza mugitzea eta nahizatea batzen dituen lokarria, edo gogoak haren eraginez efektu hau sortzeko behar duen energia hautemateko edo bururatzeko. Nahimenak bere gaitasun eta ideien gainean duen aginpidea ere ez da batere ulergarriago. Horrela, oro har, natura osoan ez dago burura dezakegun konexio-kasu bakarrik ere. Gertaera guztiek erabat jareak eta banakoak dirudite. Gertaera bat besteari darraio, baina inoiz ez dugu euren arteko lokarririk somatu. Elkartuak dirudite, baina ez elkarrekikoak. Eta zerbait noizbait ez zaiela kanpo-zentzuei edo barne-sentimenari agertu asmatzerik ez dugunez gero, nahitaezko ondorioa dela dirudi inolako ahal- edo konexio-ideiarik ez daukagula, eta hitz hauek guztiz zentzugabeak direla arrazoiketa filosofikoetan edo bizimodu arruntean erabiltzean.

59. Baina bada oraindik ondorio hau ebitatzeko modu bat eta oraindik aztertu ez dugun iturri bat. Zeinnahi objektu edo gertaera azaltzen zaigunean, argitasun eta zorroztasunik handiena badugu ere, esperientziaren laguntzarik gabe, ezinezko zaigu hartatik sor litekeen gertaera aurkitzea, ezta asmatzea ere, edo gure iragarmena gure oroimenetik edo zentzuetatik ber-bertan dagoen objektutik harago eramatea. Halako gertaera bat beste bati darraiola hauteman dugun kasu edo esperimendu baten ondoren ere, ez gara nor arau orokorrik adierazteko edo antzeko kasuetan zer gertatuko den aurreratzeko, zeren zuzenki ausarkeria barkagaiztzat jotzen baita naturaren abio osoa kasu bakarretik epaitzea, den zehatzena eta ziurrena bada ere. Baina halako gertaera-mota bat beti, kasu guzti-guztietan, beste bati loturik izan denean, ez daukagu beldurrik bata bestearen agerpenaz iragartzeko eta izatezko edo existentziazko zer bati buruz ziurtasuna eman ahal digun arrazonamendu bakarra erabiltzeko. Orduan objektuetariko bati Kausa deritzogu eta besteari Efektua. Euren artean badela jotzen dugu konexioren bat, ahalen bat batarengan, zeinaren eraginez bestea hutsik gabe sorrarazten duen eta nahitaez indartsuenez, ziurtasunik haudienez jokatzen duen.

Badirudi, beraz, gertaeren arteko lotura beharrezkoaren ideia hau gertaera horien etengabeko elkartzearen zenbait kasutatik aterea dela. Ideia hau ez dezake inoiz iradoki horietariko kasu bakar batek, litezkeen posizio eta ikuspegi guztietatik aztertuta ere. Baina kasu-erreskada batean ez dago ezer ezberdina denik berdin-berdintzat jotzen diren kasu banakoen aldean; hauxe izan ezik: ohiturak, antzeko kasuen errepikaren ondoren, gogoa, gertaera bat agertzean, honen ohizko kidea itxarotera eta existituko dela sinestera daramala. Beraz, gogoan sentitzen dugun konexio hau, objektu baten irudimenetik bere ohizko kidera pasatze hau, ahalaren edo beharrezko konexioaren ideia oso errazten digun sentipena edo inpresioa da. Auzi honetan ez dago besterik ezer. Azter aferra alde guztietatik. Ideia honi ez diogu inoiz beste jatorririk aurkituko. Hauxe da hartatik konexio-ideiarik inoiz hartu ezingo dugun kasu baten eta hura iradokitzen diguten antzeko zenbait kasuren arteko alde bakarra. Gizakume batek bultzadazko mugimen-komunikatzea lehenengoz ikusi zuenean, bilar-bolen elkar-jotzean esaterako, ezin izan zuen gertaera bata bestearekin konektatuta dagoela aldarrikatu, elkartuta bakarrik baizik. Eite bereko zenbait kasuri behatu ondoren, konektatuta daudela aldarrikatzen du. Zer aldakuntza gertatu da konexio-ideia berri hau emateko? Bakar-bakarrik orain gertaera hauek bere irudimenean konektaturik daudela sentitzen duela eta bataren existentzia aise iragar dezakeela bestearen agerpenetik. Beraz, objektu bat beste batekin konektaturik dagoela diogunean, gure pentsamenean konexio bat lortu dutela eta bata bestearen froga bihurtzen den inferentzia hauxe ematen dutela bakarrik esan nahi dugu, ondorio harrigarri samarra noski, baina nahiko ebidentziaz oinarriturik dirudiena. Ebidentzia hau berriz ez da motelduko adimenean, zeinnahi desfidantza orokor edo berriak eta ohigabeak izan litezkeen ondorioei buruzko susmo eszeptikoren bat dela-ta. Eszeptizismoarentzat ez dago konklusio pozgarriagorik giza arrozoimen eta gaitasunaren ahultasun eta muga estuei buruzko aurkikuntzak baino.

60. Eta zer berau baino adibide indartsuagorik aurkez daiteke adimenaren makaltasun eta ezjakintasun harrigarriei buruz? Zeren objektuen arteko erlaziorik osoki ezagutzerik axola bazaigu, kausa-efektuena da segurkien. Izatezko edo existentziazko zerei buruzko gure arrazonamendu guztiak hortxe oinarritzen dira. Horrixe esker bakarrik lor dezakegu segurantza zerbait oroimenaren eta zentzuen oraingo lekukotzatik urrun diren objektuez. Zientzia guztien onura berehalako bakarra da jazoko diren gertaerak euron kausen bitartez nola kontrolatu eta arautu irakastea. Gure pentsamenduak eta ikerketek, beraz, erlazio horri buruz dihardute beti. Baina horretaz osatzen ditugun ideiak hain inperfektuak dira, ezen ezin baitugu kausaren definizio egokirik eman, kausari arrotz eta kanpoko zaion zerbaitetik ateratakoa izan ezik. Antzeko objektuak antzeko objektuekin elkarturik daude beti. Honen esperientzia badaukagu. Esperientzia honen arabera kausa bat zera dela defini dezakegu, hots, beste objektu bat darraion objektua, lehenengoaren antzeko objektu guztiei bigarrenaren antzeko objektuak darraizkiotenean. Edo beste hitz batzuetan, lehen objekturik izan ez balitz, bigarrenik ez zen inoiz izango.

Kausa baten agerpenak, ohiturazko transizioz, gogoari efektuaren ideia ezartzen dio beti. Honen esperientzia ere badaukagu. Esperientzia honen arabera, beraz, kausaren beste definizio bat eman dezakegu eta deitu objektu bat beste bat darraiona eta bere agerpenak pentsamena beti bestearengana daramana. Bi definizioak kausari arrotz zaizkion zirkunstantzietan kokatzen badira ere, ez daukagu eragozpen hau gainditzerik edo kausaren alderdia adieraz lezakeen beste definizio perfektuagorik ematerik, efektuarekiko konexioa baino. Konexio honen inolako ideiarik ez daukagu, ezta ezagutu nahi dugunaren nozio ezberdinik ere, hura bururatzen saiatzen garenean. Hari baten bibrazioa, adibidez, halako hotsaren kausa dela diogu. Baina zer esan nahi dugu baiezpen honekin? Esan nahi dugu bibrazio honi hots hori darraiola eta antzeko bibrazio guztiei antzeko hotsek jarraitu dizkietela: Edo bibrazio honi hots horrek darraiola eta, bataren agerpenaz, gogoak zentzuei aurrea hartzen diela eta bestearen ideia berehalaxe sortzen duela. Kausa-efektuen erlazio honi bi ikuspegiotatik edozeinen arabera beha diezaiokegu, baina hauetaz harago ezin dugu haren ideiarik izan.13

61. Bil ditzagun atal honetako arrazonamenduak: ideia oro aurreko inpresio edo sentipenen baten kopia da, eta inolako inpresiorik topatu ezin dugun lekuan, egon ziur ez dagoela ideiarik. Gorputzen edo gogoen eragiketa-kasu banako guztietan ez dago ezer inpresiorik sor lezakeenik ezta, beraz, ahal edo beharrezko konexioaren ideiarik iradoki dezakeenik ere. Baina kasu berdin asko agertzean eta objektu berari beti gertaera bera darraiola agertzean, kausaren eta konexioaren nozioa geuganatzen hasten gara. Orduan sentipen edo inpresio berri bat sentitzen dugu, alegia, ohizko konexio bat pentsamen edo irudimenean objektu baten eta beraren betiko kidearen artean. Eta sentipen hauxe da bila gabiltzan ideiaren originala. Zeren ideia hau kasu banakotik barik zenbait antzeko kasutatik sortzen denez, kasu-multzoa kasu banakoaren ezberdina izatearen aldetik sortu behar. Baina irudimenaren ohizko konexio edo jauzi hauxe da bata bestetik bereizten dituen zertzelada bakarra. Beste xehetasun guztietan berdintsuak dira. Ikusi dugun lehen kasua, bi bilar-bolen elkar jotzeak ezarritako mugimena alegia, -adibide argi honetara itzuliz- orain gogora dakigukeen beste edozein kasuren berdin-berdina da, lehenengotan gertaera bat beste batetik ezingo genukeela inferitu izan ezik, orain hori egin dezakegularik esperientzia uniformeko segida hain luzearen ondoren. Irakurleak arrazonamedu hau aise ulertuko duen ez dakit. Hitzak gehituz, edo ikuspegi-barietate handiagoz azalduko banu, ilunago eta nahasiago bihurtuko ez ote litzatekeen beldur naiz. Arrazonamendu abstraktu orotan bada ikusgune bat, hura zorionez atzeman ahal izanez gero, gaiaren azalpenera munduko etorririk eta hizkerarik mardulenak baino gehiago hurbiltzen gaituena. Ikusgune horixe atzematen saiatu behar dugu eta erretorikako loreak hauei gehiago dagozkien gaietarako utzi.