Giza ezagutzari buruzko ikerketa/VIII. Atala

Wikitekatik
Giza ezagutzari buruzko ikerketa  (1748)  David Hume, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
VIII. Atala. Askatasunaz eta beharraz]
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VIII. Atala. Askatasunaz eta beharraz

I PARTEA[aldatu]

62. Arrazoiz itxaron liteke, zientziaren eta filosofiaren hasieratik hain biziki eztabaidatu eta tematuriko gaietan, hitz guztien esanahia bederen erabakia izango zela tematzaile guztien adostasunez, eta bi mila urtetan zeharreko gure ikerkuntzek hitzetatik eztabaidako gai egiazko eta benetakora pasatzea lortu ahal izango zutela. Zeren ez al da, bada, oso erraza arrazoiketan erabilitako hitzak zehazki definitzea eta definizio hauek, ez hitzen hots hutsak, ondorengo analisi eta azterketaren gai bihurtzea?

Baina auziari hurragotik begiraturik, alderantzizko ondorioa ateratzera joko genuke. Eztabaida batek hain aldi luzean tente iraun duela eta oraindik ere ebazteko dagoela ikusita bakarrik ere, hizkeran anbiguotasunen bat badela pentsa dezakegu eta solaskideek eztabaidan erabilitako hitzei ideia ezberdinak eransten dizkietela. Zeren gogoaren ahalmenak berez gizabanako ororengan berdintsuak direnez, bestela arrazoiketan eta eztabaidan aritzea alfer-alferrik bailitzateke, ezinezkoa litzateke gizakumeek euren hitzei ideia berak erantsiz gero, hain aldi luzean gai berari buruz hain iritzi ezberdinak osatzea, batez ere euren ikuspegiak komunikatzen eta alderdi bakoitza bere antagonisten gaineko garaipena emango dioten argumentuak alde guztietatik bilatzen ari denean. Egia da gizakumeek giza ahalmenaren eskueratik guztiz at dauden auziak eztabaidatzen baditu, hala nola munduen sorrerari edo sistema intelektual baten antolamenari edo izpirituen lurralde bati dagozkionak, luzaz dezakeela haizea bere alferreko liskarrez astin eta sekula ondorio garbira heldu ez. Baina auzia bizitza eta esperientzia arrunteko edozein gairi dagokiona bada, ez luke batek pentsatuko ezerk ere eduki dezakeenik eztabaida hain luzaro ebazteke, antagonistak urrunarazten eta elkarri oratzea galarazten dien zenbait esamolde anbiguoz besterik.

63. Hauxe izan da askatasunari eta beharrari buruzko gai hain eztabaidatuaren kasua, eta hain desadostasun nabarmenez gainera, ezen, oso oker ez banago, aurkituko dugu gizadi guztia, jakintsua nahiz ezjakina, auzi honetan iritzi berekoa izan dela beti, eta definizio ulergarri gutxi batzuek berehalaxe bukaraziko zutela eztabaida guztia. Aitortuko dut tema hau denek tratatua izan dela eta filosofoak hain sofisteria iluneko labirintora eraman ditu, ezen ez litzateke harritzeko irakurle zentzudunak bere lasaitasun premia asetzea, auzi hau tratatzeko proposamenari entzungor egiteraino, ezin baitu bertatik ez irakatsirik ez entretenigarririk itxaron. Baina hemen proposatzen den argumentuaren jiteak baliteke bere arreta berritzeko balio izatea. Berritasun gehiago duenez gero, gutxienez eztabaidaren irtenbideren bat agintzen du, eta ez du haren patxadarik hautsiko arrazoiketa korapilotsu eta ilunez.

Argi uztekotan naiz, beraz, gizakume guztiak bat etorri direla askatasunaren eta beharraren doktrinan, hitzoi eransten zaien zeinnahi adiera arrazoizkoren arabera; eta orain arteko eztabaida guztia hitzei buruzkoa baino ez dela izan. Beharraren doktrina aztertzetik hasiko gara.

64. Unibertsalki onartua da materia, bere eragiketa guztietan, indar beharrezko batek ariarazten duela eta berezko efektu oro bere kausaren indarrak hain zehazki determinaturik dagoela, ezen zirkunstantzia konkret hauetan ez baitaiteke beste inolako efekturik hartatik sor. Mugimen ororen gradua eta norabidea natur legeek hain zehazki finkaturik dituzte, ezen era berean erraza baita bai izaki biziduna sortzea bi gorputzen elkarjotzetik, bai beste gradu edo norabide bateko mugimena gertatzea. Beraz, beharraren ideia zuzen eta zehatzik izan nahi badugu, ideia hau nondik sortua den aztertu behar dugu, gorputzen eragiketari ezartzen diogunean.

Bistakoa dirudi ezen, naturako eszena guztiak etengabe aldatuak balira, ezein gertaera-bikotek antzik ez izateko moduan, aitzitik ordea, objektu oro guztiz berria izateko moduan, aurretik ikusitako ezeren itxurarik gabe, inoiz ez genukeela atzemango objektu arteko behar edo loturaren ideia kaxkarrenik ere. Kasu horretan objektu edo gertaera batek beste bati jarraitu diola bakarrik esan genezake, ez bata besteak eragina izan dela. Gizadiari nahitaez ezezagun litzaioke kausa-efektuen erlazioa. Une honetatik amaitua litzateke naturaren eragiketei buruzko inferentzia edo arrazoiketa, eta oroimena eta zentzuak geldituko lirateke erreten bakarrak, zeinen bitartez edozein existentzia errealen ezagutzak gure gogora helpidea izango lukeen. Beraz, beharraren eta kausatasunaren ideia gurea, antzeko objektuak beti loturik dauden naturako eragiketetan hauteman daitekeen uniformetasunetik bakarrik dator, eta gogoa ohiturak darama bata bestearen agerpenetik inferitzera. Bi zirkunstantzia hauexek bakarrik egiten dute materiari eransten diogun beharra. Antzeko objektuen elkartasun etengabetik eta bata bestetiko inferentzia ondoriozkotik harago, ez daukagu beharraren edo konexioaren inolako noziorik.

Gizadi osoak, inolako ezbai edo zalantzarik gabe, bi zirkunstantzia hauek gizakumeen ekintza nahietsietan edo gogoaren eragiketetan gertatzen direla beti onartu duela gertatuz gero, gizadia beharraren doktrinari buruz beti bat etorri dela atera behar, eta orain arte gizakumeek elkar ez ulertzeagatik tematu direla.

65. Lehen zirkunstantziari dagokionez, hots, antzeko gertaeren elkartasun etengabe eta erregularraz, honako kontsiderapen hauekin konforma gaitezke. Unibertsalki onartua da uniformetasun handia dagoela herri eta adin guztietako gizakumeen ekintzetan, eta giza izaerak berbera dirauela bere printzipioei eta eragiketei dagokienez. Motibo berek ekintza berak sorrarazi dituzte beti. Gertaera berak kausa berei darraizkie beti. Anbizioa, zikoizkeria, norberekeria, banitatea, adiskidegoa, eskuzabaltasuna, herri-izpiritua: grina hauek, gradu ezberdinetan nahasiak eta gizartean zabalduak, munduaren hasieratik izan dira, eta izaten dihardute, gizadian hauteman ahal izandako ekintza eta enpresa ororen iturri. Grekoen eta Erromatarren sentikerak, joerak eta bizimodua ezagutu nahi direla? Azter ondo frantsesen eta ingelesen izaera eta ekintzak. Ez dago oso oker ibiltzerik, azkenoi buruz egindako oharpenik gehienak lehenei bizkarreratzeaz. Gizadia hain da berdina noiznahi eta nonnahi, ezen, arlo honetan, historiak ez digu ezer berririk edo bitxirik jakinarazten. Honek daukan onura bakarra da giza izaeraren printzipio unibertsalak eta etengabeak aurkitzea, gizakumea denetariko egoera eta zirkunstantzietan erakusten digularik, eta gure behaketak egin ahal izateko eta giza ekintzaren eta jokabidearen ohizko iturburuak geuganatzeko materialeak eskuratzen dizkigularik. Guda, liskar, alderdikeria eta iraultzen kondaira hauek beste hainbeste esperimenduen bilduma dira, zeinekin politikoak eta filosofo moralak bere zientziaren printzipioak finkatzen dituen, fisikaria edo filosofo naturala landare, minerale eta beste kanpo-objektu batzuen izaeraz haiekin eginiko esperimentuen bitartez jabetzen den bezala. Aristotelek eta Hipokratesek ikerturiko lurra, itsasoa eta beste elementuak ez dira gaur egun gure behaketaren mende daudenen antzekoagoak, Polibiok eta Tazitok deskribaturiko gizakumeak eta orain mundua gobernatzen dutenak elkarren artean diren baino.

Bidaiari batek urruneko laterritik itzultzean, guk trataturiko zeinnahi gizakumeren arras bestelakoen berri balekarkigu, zikoizkeri, anbizio eta mendekuzko gogo-izpirik ere ez duten gizakumeak direla hain zuzen, adiskidegoa, eskuzabaltasuna eta herri-izpiritua beste gozamenik ezagutzen ez dutenak, berehalaxe ohartuko ginateke haren esanen gezurraz egite hauek bide direla, eta gezurtia dela frogatuko genuke, bere kondaira zentauroz, herensugez, mirariz eta harrigarriz josi balu bezain segurki. Edozein gezur historiko bistaratu nahi badugu, ez dago argumentu konbentzigarriagorik pertsona baten egintzak naturaren abioaz guztiz kontrakoak direla frogatzea baino, eta zirkunstantzia konkretu hauetan ez dagoela giza motiborik hura halako jokabidera eraman zezakeenik. Kinto Kurtzioren egitasuna susmopean jarri behar da, bai Alexanderren adore goinaturala deskribatzen duenean, zeinaren bidez bera bakarrik jendetzei oldartzen omen zitzaien, bai haiei eutsi ahal izateko indarra eta erremangua deskribatzen dituenean. Giza motibo eta ekintzetan gorputzaren eragiketetan bezain erraz eta unibertsalki antzematen dugu uniformetasuna.

Hemendik dator era berean bizitza luzean zehar lortutako esperientziaren eta eginkizun ezberdinen eta pertsonekiko tratuaren onura, giza izaeraren printzipioak irakasteko eta gure geroko jokabidea, baita gure espekulazioa ere, arautzeko. Gida honekin igoten gara gizakumeen joera eta motiboen ezagutzara, euren egintza, hizkera eta baita zeinuak ere bide direla. Edo alderantziz, euren egintzen interpretaziora jaisten gara, euren joerak eta motiboak bide direla. Esperientziaren joanean altxorturiko obserbazio orokorrek giza ezagutzarako giltza damaigute eta bere nahaste guztiak ilazten irakasten digute. Jada ez gaituzte atxakiek eta itxurek engainatzen. Agerian egindako deklarapenak kausa baten defentsa azpikoitzat jotzen dira. Eta bertutearen eta ohorearen benetako pisua eta itzala aitortzen bada ere, hain maiz erakutsi nahi den ezaxola bikain hori ez da jendearengan eta alderdiengan topatzerik inoiz itxaroten. Gidariengan topatzerik nekez itxaroten da, eta oso bakan zeinnahi maila eta bizikerako gizabanakoengan ere. Giza egintzetan uniformetasunik ez balitz, eta haietaz izan genezakeen esperientzia guztia irregularra eta anormala balitz, ez legoke gizadiari buruzko obserbazio orokorrik biltzerik. Eta ezein esperientziak ez luke ezertarako balioko, gogamenak denik zehazkien hausnartu badu ere. Zergatik da nekazari adintsua bere lanbidean gazte hasberria baino antzatsuago, ez bada barazkintza baldintzatzen duen eguzki, euri eta lurraren ihardunean halako uniformetasuna dagoelako, eta esperientziak lugin zaharrari ihardun hori gobernatzen eta gidatzen duten arauak irakasten dizkiolako?

66. Ez dugu, hala ere, uste izan behar giza egintzen uniformetasun hau gertatuko dela, gizakume orok, zirkunstantzia berdinetan, berdin-berdin jokatuko duela pentsatzeraino, izaera, aurriritzi eta usteen ezberdintasunari batere lekurik utzi gabe. Halako uniformetasunik xehetasun guztietan ez da inongo izadi-zokotan aurkitzen. Aitzitik ordea, gizakume ezberdinengan jokabide ezberdinak hautemanez, printzipio-ezberdintasun handiagoa osa dezakegu, nahiz eta beti ere uniformetasun- eta erregulartasun-maila bat duen.

Gizakumeen ohiturak ezberdinak direla aldi eta alde ezberdinetan? Honek giza gogoa umetatik taiutzen eta izaera finkoa eta ezarria moldatzen dioten ohituraren eta hezkuntzaren indar handia erakusten digu. Sexu bataren eta bestearen jokabidea oso ezberdina dela? Honetan jabe gaitezke naturak sexuei eman dien eta berak erregulartasunez eta konstantziaz gordetzen dituen izaera ezberdinez. Pertsona baten egintzek alde handia dutela umetatik zahartzarora? Honek obserbazio orokor askotarako bidea ematen du gure sentipen eta joeren aldakuntza gradualei buruz, eta gizaki ezberdinen adin ezberdinetan nagusi diren eredu ezberdinei buruz. Gizabanako baten ezaugarri bereziek eurek ere eragin uniformea dagite. Bestela pertsonekin dugun tratuak eta euren jokabidea ohartemateak inoiz ez liguke euren joerarik agertuko, ezta haiekiko jokabidea zuzentzeko balioko ere.

67. Aitortuko dut izan daitekeela egintzarik, ezein motibo ezagunekin lotura erregularrik ez bide daukanik, eta gizakumeen gobernurako ezarriak diren jokamolde guztiei buruz salbuespen denik. Baina hain egintza irregular eta harrigarriei buruz zer iritzi egin jakin nahi badugu, naturaren eta kanpo-objektuen abioan ageri diren gertaera irregularrei buruz komunzki izaten diren sentipenak kontsideratzea daukagu. Kausa batzuk ez daude euren efektuei uniformetasun berdinaz loturik. Materia hila bakarrik darabilen artisauak agente sentikor eta adimendunen jokabidea zuzentzen duen politikoak bezalaxe huts egin dezake bere asmoetan.

Gauzak euren lehen itxuraren arabera ulertzen dituen herri xeheak gertaeren ziurtasun eza kausen ziurtasun ezari ezartzen dio, zeinak eragiten duen kausok maiz huts egitea euren ohizko eraginean, nahiz eta euren eragiketan oztoporik topatu ez. Baina filosofoek, naturaren alderdirik gehienetan printzipio- eta iturri-mordo izugarria nimiñotasun eta urruntasunagatik ezkutuan dagoela obserbatzean, gutxienez posibletzat jotzen dute gertaeren kontrakotasun hau ez izatea kausaren hutsen bategatik, baizik kontrako kausen eragiketa ezkutuarengatik. Posibilitate hau ziurtasun bilakatzen da ondoko obserbazioa bide, efektuen kontrakotasunak kausen kontrakotasuna salatzen duela beti eta bata-bestearen oposiziotik harakoa dela hautematean. Baserritar batek ez lezake erloju baten gelditzearen arrazoi hoberik eman aspaldian ez dabilela ondo esatea baino. Artisauari ordea ez zaio batere zaila ohartzea eragingailuan edo penduluan indar berak eragin bera izaten duela beti gurpiletan, baina bere ohizko efektuan huts egiten duela hauts ale baten erruz agian, zeinak mugimen osoa geldiarazten duen. Zenbait kasu paraleloren behaketatik, filosofoek printzipioa ezartzen dute ezen kausa guztien eta efektu guztien arteko konexioa berdin dela beharrezko, eta beronen itxurazko ziurtasun eza, kasu batzuetan, kontrako kausen oposizio ezkututik datorrela.

Honela, esaterako, giza soinean ohizko osasun edo eritasun sintomek huts egin digutenean, sendagaiek euren ohizko ahalmenez jokatu ez dutenean, halako kausaren bati efektu irregularrak darraizkionean, filosofoa eta medikua ez dira horregatik harritzen, ez animali izaera gidatzen duten printzipioen beharra eta uniformetasuna ukatzera jotzen ere, gehienean behintzat. Badakite giza soina oso makina konplikatua dela, eta bertan gure ulermenetik haragoko ahalmen sekretu asko dagoela ezkutuan, sarritan bere eragiketetan oso zalantzako gertatuko zaigula, eta, beraz, kanporantz agertzen diren gertaera irregularrek ezin dutela izan naturaren legeak euron barne-eragiketa eta esparruan erregulartasunik handienaz betetzen ez diren froga.

68. Filosofoak, koherentea baldin bada, arrazonamendu bera aplikatu behar die adimendun agentearen ekintzei eta nahizateei. Haien izaera eta egoera xeheki ezagutzen dutenek, sarritan, gizakumeen erabakirik irregularren eta ustegabeenak azal ditzakete. Izaera adeitsuko pertsona batek erantzun gordina damaizu. Baina hagineko mina du edo jan gabe dago. Pertsona geldo batek bapatean bere jokabideari ez dagokion bizitasuna erakusten dizu. Baina gero bapatean agertzen da zorte ona izan duela. Baina baita, noizbehinka gertatzen denez, ekintza bat esplikagaitz gertatzen zaionean konkretuki egin duen pertsonari berari edo beste batzuei, badakigu, gehienean, gizakumeen izaerak neurri bateraino aldakorrak eta irregularrak direla. Giza izaeraren izate konstantea halakoxea da nolabait, nahiz eta hau bereziki aplikagarri zaien joko-arau finkorik gordetzen ez duten, eta etengabeki nahikeriaz eta inkonstantziaz diharduten pertsonei. Itxurazko irregulartasun hau eta guzti ere, baliteke barne-printzipio printzipio eta motiboek uniformeki jokatzea, haizea, euria, hodeiak eta beste eguraldi aldakuntzak printzipio konstanteek gidaturik daudela jotzen denez, nahiz eta giza zolitasun eta ikermenak hain erraz ez daukan eurok aurkitzen.

69. Honela gertatzen da motiboen eta ekintza nahietsien arteko lotura kausa-efektuen zeinnahi izadi-aldetan bezain erregularra eta uniformea izatea ezezik, gizadiak aho batez aitortu duela lotura erregular hau, eta inoiz ez dela ez filosofian ez bizitza arruntean eztabaidagai izan. Hala ere, etorkizunari buruzko inferentzia guztiak iragan esperientzietatik ateratzen ditugunez, eta iraganean loturik egondako objektuak beti loturik egongo direla erabakitzen dugunez, alferrekoa eman lezake giza ekintzetan esperimentaturiko uniformitate hau bertatik inferentziak atera ditzakegun iturri bat dela frogatzeak. Baina argumentua ikuspegi-barietate handiagoz azaltzeko, azken auzi honi ere ekingo diogu, labur bada ere.

Gizakumeen elkar-dependentzia hain handia da gizarte guztietan, ezen ez baita giza ekintzarik bere baitan guztiz osoa denik, eta ez da burutzen besteen ekintzekiko erreferentziaren bat gabe, hauek nahitaezkoak direlarik egilearen asmoa argitzeko. Artisaurik apalenak ere badu gutxienez magistratuaren babesa bere lanaren fruituak segurtatzeko. Halaber, bere gaiak merkaturatzen eta prezio egokian eskaintzen dituenean, erosleak topatzekotan da, eta hartutako diruarekin bizitzeko behar dituen ondasunak beste batzuek berari hornitzea egin ahal izango du. Gizakumeek euren harremanak ugalduz eta beste gizakumeekiko tratua konplikatuz joan ahala, euren bizi-asmoetan besteen ekintza nahietsi gehiago sartzen dituzte, eurenekin kooperatuko dutela espero dituztenak. Konklusio guzti horietarako, iragan esperientziatik hartzen dituzte argibideak, kanpo-objektuei buruzko arrazoiketetan gertatzen zaien bezala, eta bete-betean sinesten dute gizakumeek, elementuek bezala, beti ezagutu duten bezalaxe jokatzen segituko dutela. Lan bat burutzeko, fabrikari batek bere langileen lana darabiltzan lanabesak bezainbeste kalkulatzen du, eta berdin harrituko litzateke bere kalkulu batak edo besteak huts egingo balio. Hitz batez, besteen ekintzeei buruzko inferentzia eta arrazoiketa esperimentalak giza bizitzan halako neurrian sartzen dira, ezen ezein gizakumek ez baitio, itzarrik dela behintzat, haietaz baliatzeri inoiz uzten. Ez al gaude, beraz, zuzen gizadi osoa beharraren doktrinan, arestian emandako azalpen eta definizioaren arabera, beti bat etorri dela baieztean?

70. Gai honetaz ere filosofoek ez dute herriarenaz beste iritzirik izan. Zeren, euren bizitzetako ekintza ia guztiek iritzi hau inplikatzen dutela aipatu gabe, ihardun espekulatibo gutxi dago hori funtsezko ez zaienik. Zer litzateke historia, historilariaren egitasunaz fidatzerik ez bagenu, gizadiaz izan dugun esperientziak uzten digun neurrian? Nola izan politika zientzia bat, legeek eta gobernariek gizartearengan eragin uniformerik ez balute? Non legoke moralaren oinarria, gizakera bakoitzak halako sentimendu batzuk sortzeko ahalmen ziur eta ebazkorrik ez balu, eta sentimenduok gure ekintzetan eragin konstanterik ez balute? Eta zernolatan aplikatu gure kritika poeta edo literaturgile bati, bere pertsonaien jokabide eta sentimenduak, halako gizakera eta halako zirkunstantzietan, naturalak ala ez-naturalak diren esaterik ez bada? Ezinezkoa dirudi, beraz, zientzigintzan edo beste zernahigintzan hasteak beharraren doktrina onartu gabe, eta motiboetatik ekintza nahietsietara doan, gizakeratik jokabidera doan inferentzia onartu gabe.

Eta, izan ere, ebidentzia naturala eta morala zein egoki elkarlotzen diren eta inferentzi kate bakarra osatzen dutela kontsideratzean, ez dugu eragozpenik izango izaera berekoak edo printzipio beretatik harakoak direla onartzeko. Ez dirurik ez ukalondorik gabeko prisionariak ihesaren ezina berdin aitortzen du presozainaren gogortasuna kontsideratzean, nola inguruan dituen murruak eta barroteak kontsideratzean. Bere ihes saio guztietan nahiago du harriari eta burdinei ekin, presozainaren gizakera gogorrari baino. Urkabera daramatenean, prisionariak berak berdin dakusa bere heriotza jagoleen konstantzia eta leialtasuna bide, nola gurpilaren eta aizkoraren lana bide. Haren gogoak ideien halako segida bat korritzen du: soldaduen ukoa bere ihesa kontsentitzeko, borreroaren ekintza, burua gorputzetik bereztea, mugida konbultsibo eta odoltsuak, eta heriotza. Hona hemen kausa berezko eta nahietsi elkar-lotuen kate bat, baina gogoak ez du haien artean inolako alderik topatzen maila batetik bestera pasatzean. Eta gertakizun honetaz duen ziurtasuna ez da txikiagoa izaten, gainera, gertatzeko dagoen hori oroimenari edo zentzuei dagozkien objektuekin loturik (behar fisikoa deitzea gustatzen zaigun kausa-sail baten bidez konektaturik) balego baino. Loturaren esperientzia errepikatuak gogoarengan efektu bera sortzen du, lotutako objektuok motiboak, nahizateak eta ekintzak, nahiz figura eta mugimena izan. Gauzen izena alda dezakegu, baina euren izana eta ekintza gogoarengan inoiz ez dira aldatzen.

Jatorra eta aberatsa dela badakidan eta adiskide min dudan gizon bat etxean sartzen bazait, neure morroiz inguraturik nagoela, ziur nago ez didala joan aurretik labanik sartuko nire zilarrezko tintontzia osteko, eta gertaera hau jazo daitekeenik ez dut errazago susmatzen berria eta gogor egina eta zimendatua den etxea behera erortzea baino.-Baina baliteke hura bapateko eromen ezezagunak jotzea.- Berdin gerta liteke gure etxea dardartzen eta gainera botatzen didan bapateko lurrikara ere. Horregatik adibideak aldatuko ditut. Ziur dakidala esango dut hark ez duela bere eskua sutan jarri eta bertan erre arte edukiko. Eta gertaera hau halako ziurtasunez aurrikus dezakedala uste dut, nola egingo nukeen hura leihotik jauzi eta, oztoporik topatu ezik, amen batean ere ez litzatekeela airean zintzilik geldituko. Eromen ezezagunaren ezein susmok ezingo lioke, inola ere, gorago aipatu gertaerari biderik eman, giza izaeraren printzipio guztien hain aurkakoa baita. Eguerdian Charing-Crosseko espaloian urrez beteriko txanpon-zorroa utzi duen gizonak hein berean espero dezake luma bezala hega dadin , nola espero dezakeen ordubete geroago utzi zuen bezala topatzea. Giza arrazonamendu erdiek baino gehiagok era honetako inferentziak dauzkate, ziurtasun-maila handiagoz edo txikiagoz, halako egoeretan gizadiaren jokabideari buruz dugun ezagutzaren arabera.

71. Maiz pentsatu dut zein izan litekeen arrazoia, gizadi osoa, nahiz eta bere jokabide praktiko guztian eta bere arrazoiketetan beharraren doktrina beti zalantza gabe onartu, hain muzinti agertzeko hura aitortzerakoan, eta bai ordea aurkako iritziari eusteko joera erakusteko, aro guztietan. Auzia, nik uste, honela azal liteke. Soinaren eragiketak eta efektuak euren kausetatik sortzea aztertzen badugu, aurkituko dugu gure ahalmen guztiek sekula ez gaituztela, erlazio honen ezagutzan, zeintzu objektu dauden etengabe loturik ohartze soiletik harago eramango, eta gogoa ohiturazko transizioak daramala bataren agerpenetik bestea sinestera. Baina giza ezjakintasunari buruzko ondorio hau gai honen azterketarik zorrotzenaren emaitza bada ere, gizakumeek nolanahi ere joera nabaria dute naturaren ahalmenetan barrurago sartzen direla eta kausa-efektuen arteko lotura beharrezkoa bezalako zerbait atzematen dutela sinesteko. Berriz pentsamena euren gogoen eragiketarantz zuzentzean eta motibo-ekintzen arteko inolako loturaren sentipenik ez daukatenean indar materialetiko efektuen eta pentsamen eta adimenekoen artean aldea dagoela suposatzera jotzen dute.

Baina zeinnahi kausatze-motaz objektuen elkarlotura etengabea eta gogoak batetik bestera dagien inferentzia ondoriozkoa besterik ez dakigula etsita egonik, eta bi zirkunstantziok ekintza nahietsietan ere badirela unibertsalki onartzen dela ikusirik, errazago jotzen dugu behar bera kausa orori komuna zaiola aitortzera. Arrazonamendu hau, nahimenaren erabakiei beharra ezartzean, anitz filosoforen sistemen aurkakoa izan badaiteke ere, gogoeta egitean, hartaz hitzez bakarrik eta ez benetako iritziz disentitzen dutela argituko dugu. Beharra, hemen eman zaion esanahian, inoiz ez da ukatua izan eta ez daiteke izan ere inoiz, nik uste, ezein filosoforen aldetik. Bakar bakarrik pretenditu ahal da, agian, gogoak, materiaren eragiketetan, kausa-efektuen artean lotura sakonagoa eta adimendun izakien ekintza nahietsietan gertatzen ez den lotura hauteman ahal izatea. Baina hau honela den ala ez, azterketa bidez bakarrik argi daiteke, eta filosofo hauei dagokie euren baiezpena frogatzea behar hura definituz eta deskribatuz, eta kausa materialen eragiketetan erakutsiz.

72. Badirudi, izan ere, gizakumeak askatasunaren eta beharraren auzi hau okerreko lekutik tratatzen hasten ote diren, horretara abiatzen direnean arimaren ahalmenen, adimenaren eraginaren eta nahimenaren eragiketen azterketa bidez. Astin bezate lehenbizi auzi errazago bat, hots, gorputzaren eta materia gordin irrazionalaren eragiketak, eta saia bitez ea kausatasunaren eta beharraren beste ideiarik lortzen duten, objektuen etengabeko loturarena eta gogoaren batetik besterako inferentzia ez dena.

Zirkunstantzia hauek, benetan ere, materian bururatzen dugun beharraren orotasuna osatzen badute, eta zirkunstantziok gogoaren eragiketetan gertatzen direla unibertsalki onartzen bada, eztabaidak jo du azkena, edo gutxienez, aurrerantzean, berbal soiltzat jo behar da. Baina kanpo-objektuen eragiketetan kausatasunaren eta beharraren ideia sakonagoa daukagula buruarinki uste dugun bitartean, eta aldi berean gogoaren ekintza nahietsietan beste ezer ez dugula topatzen suposatzen dugun bitartean, ez da izango auzi hau inolako irtenbidera zuzentzerik, hain suposizio okerrean bermatzen gareino. Iruzurretik jaregiteko bide bakarra gorago igotea da, zientziaren eskuera urria aztertzea kausa materialei aplikatzen zaienean, eta geure buruak komentzitzea sineste haietaz dakigun guztia arestian aipatutako lotura etengabea eta inferentzia dela. Lehenengotan beharbada zail egingo zaigu giza adimenari hain muga estuak jartzea, baina gero ez dugu eragozpenik aurkitzen doktrina hau nahimenaren ekintzei aplikatzen diegunean. Zeren, hauek motibo-zirkunstantzia eta gizakerekin lotura erregularra daukatela nabaria denez, eta beti batzuetatik besteetarako inferentziak ateratzen ditugunez, baharturik gaude gure bizitzetako delibero guztietan eta gure portaeraren eta jokabidearen urrats guztietan jada onartua dugun beharra hitzez bederen aitortzera.14

73. Baina askatasunaren eta beharraren auzi hau, metafisikan den gai eztabaidatuena, zientzia eztabaidatuena, kontziliatzeko proiektuari segida emanez, ez da behar izango berba askorik zera frogatzeko, bai askatasunari dagokion doktrinan baita beharrari dagokionean ere bat etorri dela beti gizadi osoa, eta eztabaida guztia, horri dagokionez ere, hitz-mailakoa baino ez dela izan orain arte. Zeren eta zer ulertzen da askatasunaz, ekintza nahietsiei aplikatzen zaienean? Ez dugu esan nahi, seguru, ekintzok hain lotura gutxi daukatela motibo, joera eta zirkunstantziekin, non batak ez diola besteari jarraitzen uniformetasun-graduren batekin, eta batak ez digula inferentzi biderik ematen bestearen existentzia ondoriozta dezagun. Ageriko eta ongi ezagututako izatezko zerak baitira hauek. Askatasunaz, orduan, hauxe bakarrik esan nahi dugu, egiteko edo ez egiteko ahalmena, nahimenak erabakitakoaren arabera; hots, geldi geratzea erabakiz gero, egin dezakegula; mugitzea erabakiz gero, egin dezakegula baita. Izan ere, unibertsalki onartua da askatasun hipotetiko hau denei dagokiena dela, gartzelan edo katean egon ezik. Hemen ez dago beraz zertaz eztabaidatu.

74. Edozein definizio ematen dugula askatasunari buruz, bi zertzelada ditugu oso kontutan hartzekoak: lehenengo, egitate nabariekin kontsekuente izatea, eta bigarren, bere hartan koherente izan dadila. Bi puntuok zaintzen baditugu eta geure definizioa ulergarriro ematen, konbentziturik nago giza multzo osoa bat etorriko dela berorri buruz.

Unibertsalki onartua dugu ez dela ezer existitzen existentzia horren kausarik gabe, eta azarea, zehazki aztertzen badugu, hitz negatibo bat baino ez dela eta ez duela adierazten naturan nonbait existentzia dukeen ahal benetakorik. Baina kausa zenbait beharrezko dela pretenditu ohi da eta beste zenbait ezbeharrezko. Hona orduan definizioen abantaila. Defini beza norbaitek kausa bat, beronen efektuarekiko beharrezko konexio bat barne eman gabe definizioaren zatitzat, eta azal beza argiro definizioak adierazitako ideiaren sorrera: prest naukazue orduan eztabaida guztia amaitutzat uzteko. Baina arazoari buruz lehenagoko adierazpena onartzen bada, guztiz ezinezko bihurtu behar zaigu. Objektuek euren artean lotura erregularrik ez balute, ez genukeen inoiz atera kausa eta efektuaren noziorik. Eta lotura erregular horrexek eragiten du gogoaren inferentzia, nolabait uler genezakeen konexio bakarra dugularik berau. Zertzelada hauek kontutan hartzen ez dituen kausaren definizioren bat ematen saiatzen den edonor aurkituko da termino ulertezinak edo definitu nahi duen terminoaren sinonimo direnak erabiltzera beharturik.15

Eta goian aipatutako definizioa ontzat ematen bada, askatasuna, beharraren aurkako denean, ez bortxaren aurkako, bat bera izango da azarearekin, zeinak existentziarik ez duela onartzen den unibertsalki.

II PARTEA[aldatu]

75. Ez dago arrazoiketa-metodo arruntagorik, eta hala ere gaitzesgarriago denik, filosofi alorreko eztabaidetan hipotesiren bat, beronek erlijioan edo moralean izan ditzakeen ondorio arriskutsuen izenean, errefusatu nahi izatea baino. Iritzi batek absurduetara bagaramatza, faltsua da ziur, baina ez da ziurra iritzi bat faltsua izatea ondorio arriskutsuak dituelako. Guztiz baztergarriak dira, beraz, honelako topikoak, egia bilatzen inola ere lagundu ez eta antagonista dugun pertsona gorrotogarri egiteko baino ez direnak. Printzipio orokor gisa daukat hau, eta ez hortik inolako abantailik atera nahi dudalako. Erabat zabal nago mota horretako azterketapean jartzeko eta zera esatera ausartzen naiz, bai beharraren baita askatasunaren doktrinak, goian azaldu diren erara biak direla moralarekin elkargarri ezezik, haren sostengurako guztiz funtsezko.

Beharra bi eratara defini daiteke kausaren bi definizioen arabera, horien zati funtsezko baita hura. Antzeko objektuen lotura iraunkorra dela esanez edo, baita, gogoak objektu batetik bestera egiten duen inferentzia. Horiek horrela, unibertsalki onartu izan da, nahiz eta tazituki, eskoletan, pulpituan nahiz eguneroko bizitzan, beharra bi zentzuotan (azken batean gauza bera egiatan) gizakumearen nahimenari dagokiona dela. Eta inor ez da inoiz ausartu ukatzera giza ekintzei buruzko inferentziak atera ditzakegunik, eta inferentziok antzeko ekintzek antzeko motibo, joera eta zirkunstantziekin duten lotura ezagunean oinarritzen direnik. Puntu bakar batean gerta daiteke baten bat ados ez etortzea, dela ez duelako nahi agian giza ekintzen tasun honi beharra deitzea, baina esanahia ulertzen delarik ez dut uste hitzak kalte egin dezakeenik; dela materiaren eragiketetan zerbait gehiago aurki daitekeela aldezten duelako. Baina aitortu behar da honek moralean eta erlijioan ezin lezakeela eraginik ukan, natur filosofian eta metafisikan dena delakoa balu ere.

Ibil gaitezke oker hemen, gorputzaren ekintzetan ez dela beste ezein behar edo konexioren ideiarik baieztean, baina gogoaren eragiketei ez diegu behintzat eransten beste guztiek eransten diena baino ezer gehiago, eta erraz onartua izan behar du.

Jaso dugun sistema ortodoxotik ez dugu aldatzen detailerik nahimenari buruz, baizik objektu eta kausa materialei buruz bakarrik. Beraz, ezin aurkitu doktrina hau baino kaltegabeago denik behintzat.

76. Lege guztiak sarian eta zigorrean oinarritzen direlarik, zera suposatzen da funtsezko printzipio gisa, motibo hauek eragin erregular eta uniformea dagitela gogoarengan eta ekintza onak sorrarazten dituztela eta txarrei ekidin era berean. Nahi dugun izena eman diezaiokegu eragin honi, baina ekintzari lotua dagoenez gehienetan, kausatzat hartu behar da eta hemen finkatu nahi dugun behar horren adibide kontsidera daiteke.

Pentsamenaz edo kontzientziaz horniturik dagoen pertsona edo kreatura da gorrotogarri edo mendekagarri den bakarra, eta ekintza kriminal edo laidagarriren batek grina hori kitzikatzean, pertsonarekiko erlazioagatik edo harekin duen konexioagatik dateke bakarrik. Ekintzak, beren berezko izaeraz, aldi batekoak eta galkorrak dira eta euron egile den pertsonaren gizakeran edo jauginean datzan kausaren bat ez badute sorburu, ez dute haren ohorea aldeztuko, onak izanez, ezta ere kaltetuko, txarrak izanez. Ekintzak eurak zentsuragarriak izan daitezke, moraltasunaren eta erlijioaren arau guztien aurkako, baina pertsona ez bide da haien erantzule, eta honengan iraunkor eta konstante den ezertan ez duketenez sorrera, ezta mota horretako arrastorik utziko ere atzetik, ezinezko litzateke pertsona hori zigorgarri edo mendekagarri izatea egindakoengatik. Beraz, beharra, eta ondorioz kausak, ukatzen dituen printzipioari jarraituz, gizakume bat jaioberritan bezain narriogabe eta garbi legoke krimen izugarriena burutu ondoren, eta bere izaera ere ez litzateke inolaz ukitua gertatuko buruturiko ekintzongatik, etorri ez letozkeelako berarengandik, eta bataren gaiztakeria ezin erabil daitekeelako inoiz bestearen dongakeriaren frogabide.

Ez ditugu errudun egiten gizakumeak ezjakintasunez edo kasualitatez burutzen dituzten ekintzengatik, direnak direla ondorioak. Zergatik ote? Ekintzon printzipioak aldiunekoak baino ez direlako eta beren hartan bukatzen direnak.

Erru gutxiagokotzat jotzen dira gizakumeak presaka eta ustegabeki egiten dituzten ekintzengatik aldez aurretiko asmoz buruturikoengatik baino. Zein ote arrazoia? Bada, itsumustuko tenperamentuak, kausa edo printzipio jarraia izanarren gogoan, aldizka baino ez du iharduten, eta ez du izaera osoa kutsatzen.

Bestalde, damuak edozein gaiztakeria ezabatzen du, bizimodu eta ohituren aldakuntzarekin batera badoa. Nola uler daiteke hori? Zera baieztuz, ekintzak gogoan printzipio gaiztoen froga direnez bakarrik bihurtzen dutela pertsona bat gaizkile, eta, printzipio hauen mudantzaren bategatik, froga fidagarri izateari uzten diotenean, gaizto izateari ere uzten diotela era berean. Baina beharraren doktrinaren arabera ez bada, ekintzok ez dira izan inoiz froga fidagarri, eta ondorioz, ez dira izan inoiz gaizto.

77. Erraztasun berdinez eta argumentu berdinen bidez demostra daiteke askatasuna ere, gorago aipatutako eta denek onartutako definizioaren araberakoa, funtsezkoa dela moraltasunerako, eta hura falta den ezein giza ekintzak ez dezakeela ukan kalitate moralik edo onesgarri edota gaitzesgarri izan. Zeren eta, barne-izaera, grina eta hunkipenen adierazpen diren neurrian bakarrik direnez ekintzak gure sentimendu moralaren objektu, ezinezko dute laudorioa nahiz gaitzespena jasotzerik printzipio hauetatik barik kanpo-bortxaren batean badute erabateko jatorria.

78. Ez nago beharra eta askatasunari buruzko teoria honen objekzio guztiak saihestu edo iraitzi ditudalakoan. Aurrikus ditzaket bai beste objekzio batzuk, hemen ukitu ez diren topikoetan jatorria dutenak. Esan ahal da, adibidez, ezen, ekintza nahietsiak materiaren eragiketetan ematen den beharraren lege berdinen mende badaude, beharrezko kausen kate etengabe bat gertatuko dela, aurre-antolatua eta aurre-erabakia, sorburutiko kausatik hasi eta gizakume ororen nahizate bakoitz guztietara heltzen dena. Kontingentziarik ez, beraz, unibertso osoan, ezta indiferentziarik, ezta askatasunik. Egintzan dihardugularik, eragina jasotzen dugu aldi berean guk geuk ere. Izadiaren Kreatzailea da izan ere gure nahizate guztien azkenbateko Egilea, makina handi hau lehenbizi martxan jarri duena, eta izaki bakoitza halako puntu aproposean jarri, non hurrengo egintza guztiak bertatik segida hartuko duten, gaindiezineko behar baten eraginez. Giza ekintzak, beraz, edo batere doilorkeria moralik ez dute, hain kausa zindotik datozenez, edota, doilorkeriaren bat izatekotan, gure Kreatzailea kateatu beharko lukete erru berean, bera dela aitortzen baita ekintzon azkenbateko kausa eta egile.

Lehergailuaren metxa piztu duena ere ondorio guztien erantzule den moduan, dela laburra zein motza erabili duen haria, halaxe, beharrezko kausen kate jarrai bat finkatzean, lehen kausa sortzen duen Izaki hura, dela finitua edo infinitua, izango da beste kausa guztien eragile, eta hauei dagokien gaitzespena jasan nahiz laudorioa jaso beharko duena era berean. Moraltasunari buruz dauzkagun ideia argi eta aldaezinok dira arau hau ezartzen dutenak eztabaidaezinezko arrazoien gainean edozein giza ekintzaren ondorioak aztertzerakoan, eta indar gehiago dukete oraindik arrazoiok infinituki jakintsua eta ahaltsua den Izaki baten nahizate eta asmoei aplikatzean. Ezjakintasuna edo ezintasuna izan daitezke deskargu gizakumea den bezalako izaki hain mugatu baten kasuan, baina akats batak ez besteak du lekurik gure Kreatzailearengan. Berak aurrikusi, erabaki eta bideratu ditu guk hain arinki kriminaltzat jotzen ditugun giza ekintzok. Konkluditu behar, beraz, edo ez direla hain kriminalak edo Jainkoa dela, eta ez gizakumea, haien erantzule. Baina ikuspuntu bata zein bestea absurduak eta adeigabeak izanik, zera ondorioztatzen da, dedukzioburu duten doktrina ez bide dela egiazkoa, horrelako objekzioei loturik egonik. Ondorio absurdu batek, ekidinezina bada, bere jatorrizko doktrina ere absurdua dela frogatzen du, ekintza gaiztoek beren jatorrizko kausa gaizto bihurtzen duten bezala, elkarren arteko konexioa beharrezkoa eta ekidinezina bada.

Objekzio honek bi zati ditu eta banaka aztertuko ditugu: lehenik, giza ekintzak derrigorrezko katean Jainkoarenganaino luza badaitezke, ezin daitezkeela inoiz kriminalak izan, sorburu duten Izaki horren perfektasun mugagabea kontutan harturik, on eta laudagarri dena baino ezin asma baitezake. Edo, bigarrenik, kriminalak baldin badira, Jainkoari atxekitzen diogun perfekzio atributua erretiratu beharrean aurkitzen garela eta aitortzera beharturik bera dela bere kreatura guztien erru eta gaiztakeria moralaren azkenbateko egile.

79. Lehen objekzioari emandako erantzuna bidezkoa dirudi eta konbentzigarria. Filosofo asko dira, naturako fenomeno guztiak zehazki aztertu ondoren, orotasuna, sistema bezala harturik, bere izatearen aldi bakoitzean onginahi osoz ordenatua dagoela konkluditzen dutenak. Eta, azkenean, zoriontasun gorena gertatuko dela sortutako izaki guztientzat, gaitz eta miseria positibo edo erabatekoen nahasmenik gabe. Edozein gaitz fisikok, diote, bere zeregin esentziala du sistema on horren barruan, eta ezingo luke hura baztertu, ezta, egile jakintsua denez, Jainkoak berak ere, beste gaitz handiagoren bati sarrera eman gabe edo handik etortzeko den on handiago bati aukera kendu gabe. Zenbait filosofok, eta aintzinako Estoikoek euren artean, atsekabe guztietarako kontsolamendurako argumentu bat atera zuten teoria horretatik, jasaten zituzten gaitzak unibertsoarentzat egiazki on zirela irakatsiz euren jarraitzaileei, eta, naturaren sistema osoa ulertzen duen ikuspegi zabal batez begiraturik, poz eta alaigarri zela edozein gertaera. Baina arteriotsu eta goitiar izanik ere argumentu hau, laster gertatuko zen ahul eta arrakastarik gabekoa praktikan. Hezueriaren oinaze bizien pean dagoena baretu baino sumindu gehiago egingo duzu, segurki, bere gorputzean handitu gaiztoak eragin eta, kanale aproposetan zehar, orain hain min zorrotza pizten dioten giharretara eraman dituen lege orokor horietaz mintzatzen bazatzaizkio.

Ikuspegi orokor hauek bai ase dezaketela, une batez, eroso eta seguru aurkitzen den pentsalari espekulatibo baten irudimena, baina ezin izango dute iraun bere gogoan, minaren edo grinaren zirrarekiko bakean badago ere, eta are gutxiago oinpeko lurra defendatu, halako antagonista indartsuek eraso egiterakoan. Hunkipenek era hertsiago eta naturalagoan begiratzen diete euren objektuei, eta, giza enteleguen kaskartasunari gehiago dagokion ekonomia baten arabera, gure inguruko diren izakiei doazkie soilik, norbere sistemarentzat on edo kaltegarri diruditen neurrian jasotzen dutelarik gertaeren eragina.

80. Gaitz fisikoarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da gaitz moralarekin ere. Ezin da arrazoiz suposatu bataren kasuan hain arrakasta gutxiko diren urruneko gogoeta haiek eragin handiagoa izango dutela besteari buruz. Naturak hala egin du giza gogoa, non izaera, jaugin eta egintza jakin batzuk agertzean, berehala somatzen duen onespen- edo gaitzespen-sentimendua, eta ez da emozio esentzialagorik bere egitura eta eraketan. Gure onespena lortzen duten izaerak gizartearen bakera eta segurtasunera laguntzen dutenak izan ohi dira, herri-kalte eta nahastera jotzen dutenek eragiten duten bezala batipat gaitzespena. Arrazoiz uste dezakegularik, hortaz, interes kontrajarri horiei buruzko hausnarketatik sortzen direla, bitarte gabe edo bitartekoz, sentimendu moralak.

Eta zer orduan filosofiazko hausnarketek beste iritzi edo aieru ezberdin bat ezartzen badute, dena jotzen duena zuzentzat orotasunarekiko eta gizartea nahasten duten kualitateak, nagusiki, mesedegarriak eta naturaren lehen asmoari dagokionez egokiak direla dioena, gizartearen zoriontasuna eta ongizatea zuzenkiago bultzatzen duten beste haiek diren neurri berean?

Izango ote dira gai hain urruneko eta ziurtasun gabeko diren espekulaziook objektuei buruzko hausnarketa arartegabeko eta naturaletik sortzen diren sentimenduei indarra kentzeko?

Samurtuko al dute nolabait hausnarketa goitiarrok dirutza lapurtu dioten gizon batek duen desgustua izan berri duen galeragatik?

Zergatik hartu behar da orduan haiekin elkargaiztzat gure gizonak krimenaren kontra duen herragune morala? Edota zergatik ez du izan behar elkargarri bizioaren eta bertutearen arteko benetako bereizketaren aitorpenak filosofiazko espekulazio-sistema ororekin, pertsonen edertasunaren eta itsustasunaren arteko benetako bereizketak bezalaxe? Bereizketa bata zein bestea giza gogoaren sentimendu berezkoetan dago oinarriturik, eta sentimenduok ezin azpira edo alda ditzake dena delako ezein teoria edo espekulazio filosofikok.

81. Bigarren objekzioak ez du hain erantzun erraz eta erabatekorik onartzen. Ezin esplika liteke argiro nolatan daitekeen Jainkoa giza ekintza guztien bitartezko kausa, hauen bekatu eta baxukeria moralaren eragile izan gabe. Misterioak ditugu hauek, adimen natural soilak ezin dituenak gaizki baino aztertu beste laguntzarik gabe, eta, edozein sistemaren magalera jota ere, oztopo gaindiezinetan galdurik aurkituko da, eta kontraesanetan ere, arazo horiei buruz ematen duen urrats bakoitzean. Giza ekintzen indiferentzia eta kontingentzia aurrezagutzarekin elkarlotzea, edota Jainkoagandiko dekretuen izaera absolutua defendatu baina bekatuaren egile izatetik aske ateratzea hala ere Jainkoa bera: arazoak ditugu hauek filosofiaren ahalaz handikoak orain arteino. Zoriontsua filosofia hori, berorren ausartziaz jabetzen badaki horrelako misterio gorenetan murgiltzerakoan, eta iluntasun harrigarriz hain beterik dagoen eremutik behar bezalako apaltasunez itzultzen bada benetan aproposa zaion barrutira, eguneroko bizitzaren ikerketara. Eragozpen nahikoa aurkituko baitu berton ere ikerketan iharduteko, duda, ziurgabetasun eta kontraesanen hondogabeko itsasoetan must egiten ibili barik.