Giza ezagutzari buruzko ikerketa/X. Atala

Wikitekatik
Giza ezagutzari buruzko ikerketa  (1748)  David Hume, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
X. Atala. Mirakuluez]
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

X. Atala. Mirakuluez


I PARTEA[aldatu]

86. Bada Tillotson doktorearen idazlanetan benetako presentziaren kontrako argumentu bat, zehatza dotorea eta sendoa, serioski errefusatzea hain gutxi merezi duen halako doktrina baten aurkako beste edozein argumentu izan daitekeen neurrian behintzat.

Orok dazagute, dio prelatu jakitun honek, bai Eskritura Santuaren baita Tradizioaren autoritatea, gure Salbatzaileak bere jainkozko misioa frogatzeko egin zituen mirakuluen lekuko zuzenak izan ziren apostoluen testigantzan soil-soilik oinarritua dagoela.

Hortaz, kristau-erlijioaren egiaz dugun ebidentzia gure zentzuen egiaz duguna baino txikiagoa da oraindik, ezen gure erlijioaren lehen autoreengan ere ez baitzen handiagoa izan eta, garbi dagoenez, gutxitu baino ezin egin haiengandik dizipuluengana igarotzean; eta inork ezin jar lezake hauen testigantzan bere zentzuen aurreko objektuan baino konfidantza handiagoa. Baina ebidentzia ahulagoak ezingo du inoiz beste sendoago bat ezabatu, eta, beraz, benetako presentziaren doktrina argi eta garbi errebelaturik balego ere Eskritura Santuan, arrazoiketa bidezkoaren arauen aurka gindoazke, zuzenki, hari atxekitzean.

Zentzuaren kontra doake hau, zimendutzat bide dituen ez Eskriturak ezta Tradizioak dutelarik euren alde zentzuen pareko ebidentziarik, kanpo-ebidentziatzat jotzen ditugun bitartean soil-soilik, eta ez Espiritu Santuaren eragin zuzenez guretariko bakoitzaren barrenera ekarritzat.

Ezertxo ere ez egokiagorik mota honetako argumentu erabakior bat baino, fanatismo eta superstizio gangarrenak isilarazi beharko lituzkeena gutxienez, horien zelatada putzetatik gaitezen salbo. Zorioneko sentitzen naiz horrelako argumentu bat aurkitu dudalako, ikasien eta jakintsuen artean oztopo iraunkor izango dena, zuzena baldin bada, edozein eratako amarru superstiziosoen aurrean, eta beraz, erabilgarri izango dena munduak diraueino. Horren luze joango baitira, uste dudanez, mirakuluen eta mirarien kontakizunak edozein historiatan, sakratuan nahiz profanoan.

87. Esperientzia izan arren gure gidari bakarra izatezko zerei buruzko arrazoiketan, aitortu behar da ez dela guztiz hutsezina, aitzitik zenbaitetan erroreetara ere gida gaitzakeela. Zuzen dabil bere arrazoiketan, eta esperientziarekin bat, gure klima honetan eguraldi hobea espero duena ekaineko aste batean beste abenduko batean baino, baina egia da huts egitea suerta dakiokeela gertaerari dagokionez. Hala ere, esan behar dugu, kasu horretan ez lukeela esperientziaz kexatzeko motiborik, ezen honek aurretiaz ohartarazten gaitu eskuarki ziurtasun ezaz, behaketa ernaiz ikas dezakegun jazoeren aurkatasuna medio. Efektu guztiek ez diete ziurtasun berdinez jarraitzen haien ustezko kausei. Gertaera batzuk lurralde eta aldi orotan agertu izan dira iraunkorki elkartuak; beste batzuk, ostera, aldakorrago agertu izan ohi dira eta, noizbehinka, gure itxaropenak zapuztu ere egiten dituzte. Horrela, beraz, izatezko zerei buruzko gure arrazoiketetan, irudi daitezkeen segurantza maila guzti-guztiak gertatzen dira: hasi goi-goiko ziurtasunetik eta beherengo motako ebidentzia moraleraino.

Jakintsuak, beraz, ebidentziari ematen dio sinespidea. Esperientzia hutsezin batean oinarritzen diren konklusioen kasuan, goren mailako segurantzaz aurrikusten du gertaera eta iraganetik duen esperientzia hartzen du gertakizun dagoen horren froga erabakiortzat. Gainerako kasuetan tentu handiagoz ibiliko da: aurkako diren esperimenduak neurtzen ditu, hauetariko gehienak zein aldetara makurtzen diren hausnartzen du, eta alde honetara jotzen du, ezbaiz eta zalantzaz. Eta bere judizioa finkatzerakoan, azkenean, ebidentziak ez du gainditzen guk propioki probabilitatea deitzen duguna. Edozein probabilitatek, hortaz, aurkako esperimendu eta behaketak suposatzen ditu, non alderdi batak abantaila ateratzen dien besteei eta bere nagusitasunaren neurriko ebidentzia sortzen. Ehun kasu edo esperimenduk batetik eta hamabostek bestetik gertaera baten zalantzazko iguripena baino ez digute ematen, baina bat bakarra kontra duten ehun esperimendu uniformek segurantza-maila polita eragiten dute arrazoiz. Betiere, aurkako esperimenduak neurtu beharra dugu, aurkakorik denean, eta kopuru txikiena ken handienari, ebidentzia nagusi honen indar zehatza ezagutzeko.

88. Printzipio hauek kasu partikular bati aplikatuz, ez dela ikusiko dugu arrazoiketa-mota arruntagorik, baliagarriagorik eta era berean giza bizitzarako beharrezkoagorik gizakumeen testigantzatik eta lekuko nahiz zuzeneko ikusle direnengandik eratorria baino. Arrazoiketa-mota hau kausa-efektuaren erlazioan oinarrituta dagoenik uka dezake norbaitek agian. Ez naiz eztabaidan sartuko berba dela eta. Aski izango da ohartzeaz, horrelako edozein argumenturen aurrean, giza testigantzaren egitasunaz dugun behaketatik eta gertakariek lekukoaren informearekin duten ohizko adostasunetik beste ezein printzipiotatik ez datorrela gure segurantza. Arau orokor delarik objektuek ez dutela euren artean konexio aurkigarririk eta haien arteko lotura erregular eta iraunkorraz dugun esperientzian oinarriturik daudela soil-soilik batetik bestera atera ditzakegun inferentzi guztiak, argi dago ez genukeela arau honen salbuespenik egin behar giza testigantzaren alde, ezen beronek gertaerarekin duen loturak beste edozein loturak adinako beharrezkotasun txikia ageri baitu bere baitan. Gizakiak ez balu oroimena neurri bateraino euskor, eta ez balu normalki egiaranzko joera eta jatortasun printzipio bat, ez balu lotsarik sentituko gezurretan harrapaturik, ez balira hauek, diot nik, esperientziak giza izaerari atxekirik eriden ohi dituen kualitateak, ez genioke inoiz konfidantza txikienik ere emango giza testigantzari. Eldarnioaren menpe dagoenak edo bere faltsukeria eta zapokeriagatik ezagun denak ez du inolako autoritaterik gugan.

Eta lekukotasunetik eta giza testigantzatik datorkigun ebidentzia hau iragan esperientzian dagoelarik oinarrituta, esperientziaren arabera da aldakor, frogatzat hartua izango delarik edota probabilitatetzat, kontutan harturik iraunkor ala aldakor agertzen zaigun informe jakin baten eta objektu jakinaren arteko lotura. Bada zenbait zirkunstantzia kontutan hartzekoa mota honetako judizio guztietan, esperientziatik eta behaketatik datorrelarik betiere haiei buruz sor daitezkeen eztabaida guztiak garbitzeko azken irizpidea. Esperientzia hau erabat uniforme ez badator posibilitateren batekiko, ekidinezinezko aurkakotasun batez lagundurik agertuko da gure judizioetan, beste edozein motatako ebidentzian izaten den argumentuen arteko aurkakotasun eta suntsiketarekin. Zalantzan jartzen gara sarritan besteen informeei buruz. Ezbaia eta ziurgabetasuna eragiten duten aurkako zirkunstantziak neurtzeari ekiten diogu, eta posibilitateren baten nagusitasuna idorotzean, hartara makurtzen gara; baina, oraindik ere, bere antagonistaren indarraren heinean motz bilakatu zaigun segurantzaz.

89. Ebidentziaren aurkakotasuna, kasu honetan, kausa ezberdinetatik erator daiteke: aurkako testigantzen arteko oposiziotik, lekukoen izaera eta kopurutik, testigantza emateko modutik, edo zirkunstantzia guzti hauen bateratzetik. Susmoak jotzen gaitu izatezko zerari buruz, lekukoak euren arteko kontraesanean dabiltzanean, gutxi baino ez direnean, edo badaezpadako izaerakoak, interesen bat dutenean euren biezpenean, zalantzaz agertzen direnean testigantza ematean, edo, aitzitik, baiezpen gogorregiz. Antzeko beste hainbat zertzelada dira giza testigantzatik datorren argumentua indarge edo suntsi dezaketenak.

Demagun, adibidez, testigantzak baieztu nahi duen gertakariak ezohizko edo miragarri den zerbait duela. Orduan, testigantza horretatik ateratzen den ebidentzia ere makala izango da, gehiago edo gutxiago, gertakaria bera ezohizko den neurrian. Lekukoei eta historialariei sinestearen arrazoia ez datza guk testigantzaren eta errealitatearen artean aurretiaz atzeman dezakegun konexioren batean, baizik hauen artean adostasun bat aurkitu ohi dugulako. Baina testifikatzen zaigun gertakaria inoiz gutxitan baizik ez dugunean izan behagarri, aurkako esperientzia biren arteko burruka gertatzen da, euretariko batak suntsitu egiten duelarik bestearen indar guztia, eta garaileak bakarrik ahal duelarik orduan geratzen den indarraz gogoan eragin. Lekukoen testigantzarekiko segurantza-graduren bat damaigun esperientzi printzipio huraxe da oraingo kasu honetan ere beste segurantza-gradu bat damaiguna baieztu nahian dabiltzan gertakariaren kontra. Aurkakotasun honetatik kontrapisu bat sortuko da nahitaez, eta elkarren arteko suntsiketa sinespidearen eta autoritatearen artean.

Kontu hori ez nuke sinestuko Katon-ek berak esanda ere, esaera zaharra zen Erroman, filosofo abertzale hura bizirik zen bitartean ere.17 Gertakari baten sinesgaiztasunak, onartzen zen, hain autoritate handi bat ere balio gabe utz zezakeen.

Izotzaren efektuei buruzko lehen kontaketak sinetsi nahi ez zituen printze indiarrak zuzen arrazonatu zuen, eta testigantza sendo bat behar izan zuen, noski, berarentzat hain ezezagun zen natur egoera batetik sortuak eta bere esperientzia iraunkor eta uniforme barneko gertaerekin hain analogia gutxi zuten gertakariei baietza eman aurretik. Bere esperientziaren kontrakoak ez izan arren, ez baitziren, hala ere, haren araberakoak.18

90. Baina lekukoen testigantzaren aurkako probabilitatea gehitzeko, eman dezagun, miragarria bakarrik izan beharrean, mirakulutsua dela, alafede, baiezten duten gertakaria, baita eman dezagun, testigantzak, bereiz eta bere buruz, frogantza erabateko bat osatzen duela: kasu honetan, froga bat izango dugu beste froga baten aurrez aurre, hauetarik sendoena aterako delarik garaile, baina, hala ere, antagonistak duen indarraren hein berean urritu ere bere indarrean.

Mirakulu bat lege naturalen bortxatzea da, eta esperientzia tinko eta aldakaitzez jarririk ditugunez legeok, mirakulu baten aurkako froga, gertakariaren izaera beragatik, esperientziatik erator daitekeen ezein argumentu imajinagarri bezain erabatekoa da. Zergatik da bestela probable baino gehiago gizaki guztiek dutela hil beharra, beruna ezin dela berez airean mantendu, suak egurra duela erregai eta ura iraungitzaile, ez bada gertaera hauek naturako legeen arabera dakuskigula eta legeon bortxaketa bat dela beharrezko, edo mirakulu bat, beste hitz batez esateko, horiek galarazteko? Ez da mirakulutzat hartzen, naturaren abio arruntaren barne gertatzen den ezer. Ez da mirakulua, itxura baten osasuntsu dirudien pertsona bat bapatean hiltzea, ezen horrelako heriotza, nahiz eta bestelakoak baino ezohizkoagoa izan, ikusi dugu, halaz ere, gertatu izan dela maiz. Bada mirakulua, ordea, hildako bat berpiztea, halakorik ez baitugu sekula ikusi ezein garai ez lurraldetan. Esperientzia uniforme bat da beharrezko, beraz, edozein gertaera mirakulutsuren aurrean, gertaera horrek ez luke bestela mirakulu izenik mereziko. Eta esperientzia uniformeak froga osatzen duenez, hona hemen froga zuzen eta oso bat, gertakariaren izaeratik eratorria, edozein mirakuluren existentziaren aurka dagoena; ezingo delarik froga hori suntsitu eta mirakulua sinesgarri bihurtu, nagusiago den kontrako froga batez baizik.19

91. Ondorio xumea (eta gure arreta merezi duen arau orokorra) honexetan datza, "ezein testigantza ere ez dela mirakulu bat ebazteko behar bestekoa, testigantza horren faltsutasuna ez bada behintzat, ebatzi nahi duen gertakaria bera baino mirakulutsuagoa; kasu honetan ere, argumentuen arteko elkar-suntsiketa gertatuko delarik, eta nagusi den argumentuak damaigun segurantza-gradua, apalagoaren indarra deskontatu ondoren dagokiona baino ez delarik izango". Norbaitek esaten baldin badit hildako bat berpizten ikusi duela, berehala jarriko naiz pentsatzen zer ote den gertakorrago: pertsona hau iruzurti izatea, edo iruzurtua, ala kontatzen duen gertakaria benetan gertatu ahal izatea. Mirakulu bata pisatuko dut bestearen kontra, eta batean aurkitzen dudan nagusitasunaren arabera hartuko dut erabakia, betiere mirakulu handiena ezetsiz. Testigantza horren faltsutasuna kontatzen duen gertakaria bere baino mirakulutsuagoa balitz oraindino, eta ez lehenago, lor lezake bere alde ene sinespidea edo iritzia.


II PARTEA[aldatu]

92. Aurreko arrazonamenduan zera suposatu dugu, mirakulu baten oinarri den testigantza erabateko frogaren naurrikoa datekeela, eta testigantza honen faltsutasuna benetako mirari bat litzatekeela. Erraz erakus daiteke, hala ere, eskuzabal baino eskuzabalago izan garela amore emate horretan, eta gertaera mirakulutsurik ez dela inoiz euskarritu halako ebidentzia osoan.

Zeren eta, batetik, ezin baita aurkitu historia osoan zehar mirakulu bakarraren testigantzarik, halako bainarik gabeko zentzu, hezketa eta ikasketadun gizakume-kopuru nahikoak emana, non berauen edozein tronpaketatik seguru gaitezen; inori iruzurrik egiteko inolako asmoren susmo txikienetik at jarriko lituzkeen dudagabeko zintzotasunaz hornituak; gizartearen aurrean halako sinesgarritasun eta izen onekoak, non zer galdu asko leukaketen faltsukeriaren batean harrapatuak izanez gero; eta, aldi berean, halatan jendaurrean eta munduaren alderdi ezagunean burutuak izan diren gertakariak baieztatuz, non ekidinezinezko litzatekeen egiaztatzea: inguruabar guzti hauexek dira beharrezko, gizakumeen testigantzarekiko segurantza osoa ukan dezagun.

93. Bigarrenik, printzipio bat beha dezakegu giza izaeran, zehazki aztertuz, asko bai asko gutxiarazten duena edozein mirariri buruzko giza testigantzan jar genezakeen segurantza.

Gure arrazoiketetan normalki gidatu ohi gaituen araua honexetan datza, esperientzi eremuan ez dauzkagun objektuak esperientzipean dauzkagunen antza dutela; ohizkoentzat hartu dugun hura dela beti gertakorrena, eta argumentuen arteko aurkakotasunen bat ematen denean, izandako behaketa kopuru handienean oinarriturik dagoenari eman behar diogula lehentasuna. Baina, arau honen arabera ihardutean, lehenbizi uko egiten badiogu ere ezohizko eta normalean sinesgaitz den edozein gertaerari, ondoren berriz ez dio gogoak arau berari jarraitzen, baizik, erabat zentzugabeko eta mirakulutsu den zerbait baiezten zaionean, are errazago onartzera jotzen du gertakari hori, beronen autoritatea guztiz suntsitu beharko lukeen zirkunstantzia huraxe dela eta, hain zuzen. Mirakuluek sortu ohi duten ezustearen eta txundiduraren grina hori zirrara hain atsegina izanez, beronen jatorri diren gertakariak sinestera bultzatzen du nabarmenki.

Hain urruti heltzen delarik hau, non, atsegin horretaz zuzenki gozatu ezin dutenei ere, eta azaltzen zaizkien gertaera mirakulutsuetan ezin sinetsi duten arren, laket zaiela hala ere bigarren eskuko edo erreboteko atseginaren partaide izatea, harro eta zoriontsu sentituz gainera beste batzuen txundidura kitzikatzen.

A zer nolako antsiaz jaso ohi diren bidaiarien kontu mirakulutsuak, lur zein itsas-munstroen deskribaketak, eta abentura miragarriez, gizaki harrigarriez eta ohitura latzez kontatzen dutena. Gehitu gainera erlijiozko aiurria harridura-gustu horri eta akabo orduan zentzua; galduak ditu giza testigantzak, kinka horretan, bere autoritate-asmo guztiak.

Erlijioduna sutsua izan daiteke eta errealitaterik ez duena ere ikusi egiten duela sinetsi. Kontatzen duen hori faltsua dela jakin arren, jarrai egin dezake oraindik berearekin (munduko asmorik onenarekin) halako xede sakratua bultzatu nahirik; edo eldarnio honetan erori gabe ere, gizakien artean beste inori ezein zirkunstantzitan eragin diezaiokeen baino indar handiagoz eragin diezaioke hain tentazio sendoz zirikatutako harrokeriak; eta bere komenentziak ere indar berdinez. Haren entzuleek ez dute agian, eta ez dute izan ere normalean irizpiderik euren ebidentzia eztabaidatzeko. Daukaten irizpidea ere bazterrera utziko dute, printzipioz, goitiar eta misteriotsu diren gai hauetan. Edo erabiltzeko prest baleude ere, grinak eta irudimen beroak oztopo baino ez die egingo euren eragiketa erregularrean. Sineskortasunak gehitu egingo du haien ausartkeria, ausartkeriak, berriz, sineskortasuna gainindartu.

Mintzo-ederrak, azken muturrera eramanak, leku gutxi baino ez dio uzten arrazoiari eta hausnarketari; ostera, fantasiara edo irritsetara zuzentzen delarik bete-betean, atxilotu egiten du entzuleen borondatea eta euron adimena azpiratu. Zorionez, inoiz gutxitan iristen da puntu honetara. Hala ere, Tulio edo Demostenes batek nekez lortuko zutena Erroma edo Atenaseko entzulegoarekin, edozein Kaputxinok, edozein maisu ibiltarik nahiz finkok lor dezake gizadirik gehienarekin, eta are errazago halako irrits bastoak eta arruntak ukituz.

Gizadiak ezohizkora eta miragarrira duen joera bortitza frogatzeko aski dira asmatutako mirakulu, profezia eta gertaera supernatural guzti horiek, garaian garaiz salatuak izan direnak, dela aurkako ebidentziaz, dela euren absurduak berak salatu dituelako, eta mota honetako kondairen kontrako susmoa sortu beharko luketenak arrazoiz. Hauxe da gure pentsaera naturala, gertaera arrunt eta sinesgarrienei buruz ere. Esate baterako, ez da izango notiziarik hain erraz sortu eta hain arin zabaltzen denik, batez ere baserri-auzo eta probintzi herrietan, ezkontzei buruzkoa baino. Nahikoa eta lar egoera bereko gazte bik elkar birritan ikustea, auzateria guztiak berehala lot ditzan. Hain berri kilikagarri bat ematearen atseginak, zabaltzearenak, eta aurreneko informatzaile izatearenak hedatzen du komunikazioa. Eta hain ezagun dugu hau, ezen zentzudun den inork ere ez dien arretarik emango informe hauei, beste ebidentzia handiago batez bermaturik ikusi arte. Ez al dira grina hauexek, eta handiagoak ere, gizadirik gehienari bultz dagiotenak era guztietako erlijio-mirakuluak sinestera eta kontatzera bizitasun eta ziurtasun handienaz?

94. Hirugarrenik, naturaz gaindikoen edo mirakuluen kontaketa ororen kontrako presuntzio sendo bat da kontu horiek batipat herri barbaro eta ezjakinetan ohi direla ugari; eta noizbait herri zibilizaturen batek onartu badu ere baten bat, aurkitzen dugu, herri horrek arbaso ezjakin eta barbaroengandik jasoa duela, hartutako iritziei beti laguntzen dien berrespen eta autoritate ukiezinez haiek transmitituak. Edozein herriren aintzin-historia sakonki irakurtzean, mundu berri batera lekualdatuak sentitzen gara, non izadi-bornuak erabat loka diruditen eta elementu bakoitzak bere eragiketak gaur bezala barik beste era batera burutzen. Eta guda, iraultza, izurrite, gabezia eta heriotza ez bide dira inoiz guk esperientziaz dazagutzagun kausa natural horien efektu. Mirariek, iragarpenek, orakuluek eta usteek guztiz estaltzen dituztelarik ilunean haiekin nahasi dauden gertaera natural urriak. Baina lehenengo horiek direnean urrituz doazenak orrialdeak pasatu ahala eta aro ilustratuetara hurbildu ahala, laster ohar gaitezke ez dagoela ezertxo ere misteriotsu edo supernaturalik kasuan, baizik dena datorrela gizadiak miragarrirantz duen ohizko joera horretatik, giza izaerari guztiz erauzi ezin zaion jaugina berau, noizbehinka zentzuak eta jakintzak galga jartzen dioten arren.

Arraroa, esan dezake irakurle zentzudun batek, historialari harrigarri hauei astiro irakurri ondoren, halako gertaera miragarririk inoiz ez gertatzea egun. Baina ez da batere arraroa, nire ustez, gizakumeek edozein arotan gezurra esatea. Ahultasun honen adibide nahikoa ikusi ahal izan dituzu, hurrean. Zuk zeuk ere entzunak izango dituzu horrelako kontu miragarri asko, kontatzen hasiak, baina, jakintsu eta zentzudun guztien aldetik mesprezuz hartuak izatean bertanbehera laga dituenak, azkenean, herri xeheak ere. Egon ziur hain izugarri hedatu eta loratu diren iruzur famatuek ere horien antzeko hasierak ukan zituztela, baina, soro aproposago batean ereinak, haiek bezainbateko mirari bilakatu direla ia azkenean.

Politika zuhurra Alexandrorena, orain ahaztua izan arren behinola hain ospe handiko profeta faltsu harena, Paphlagonia aukeratu zuenean bere iruzurren lehen plazatzat, hango jendea hain ezjakina eta kokorroa omen zelako, Lucanok dioenez, non gezur lodiena ere irensteko prest zegoen. Urruti samar aurkitzen den jendeak, arazoak ikerketarik merezi duen pentsatzeko ere ahalge, ez dauka informazio hoberik jasotzeko aukerarik. Istorioak mila zertzeladaz handipuzturik iritsiko zaizkio. Tentelak finak izaten dira iruzurra zabaltzen, jakintsuak eta ikasiak, ordea, absurduari burla egitearekin konformatu ohi diren bitartean, gezurra errazki errefutatzeko balio dezaketen inguruko gertakariez informazioa lortu beharrean. Horrela iritsi zen goian aipatutako iruzurti hura jarraitzaile lerroak erakartzera Paphlagoniar ezjakinen artetik, baita filosofo grekoen artetik ere, eta Erroman maila goreneko jende printzipalaren artetik. Marco Aurelio enperadore jakintsuaren beraren arreta erakartzea ere lortuz gainera, haren iragarpen iruzurtien gorabeheran uzteraino guda-espedizio baten arrakasta.

Iruzurra jende ezjakinaren artean hastearen abantailak hain dira handiak, ezen, amarrua zabarregia balitz ere gehiengo bati sartzeko (gertatu gertatzen da hau ere, inoiz gutxitan baina), arrakasta posibilitate askoz gehiago luke urrutiko lurraldeetan euren ezagutza eta arteengatik ospetsua den hiri batean hasiera emanda baino. Barbaro hauetarik ezjakinenak eta baldarrenak izango dira berria lau haizetara zabalduko dutenak. Herkideen arteko inork ez du izango iruzurrari aurre egin eta irabazteko beste harreman zabalik, edo prestigio eta autoritaterik. Badu garaitzarako aukera franko, honez gero, gizakiak miragarrirantz duen joerak. Hara non, bada, bere sorlekuan batere sinesgarritasunik ez duen istorio bat egia bilakatuko den handik mila milatara. Baina Alexandrok atenastarren artean jarri balu bere egoitza, jakintza-erresuma ospetsu hartako filosofoek berehala hedatuko zuten, Erromatar inperioan zehar, arazoari buruzko beren iritzia, eta gizateriari erabat begiak zabalaraziko, halako autoritate handian oinarriturik eta arrazoiaren eta mintzo-ederraren bitartez azaldurik. Ez da, ordea, beti gertatzen, oso desiragarri izan arren, Alexandro guztiak bere Lucano-rekin topo egitea, haren iruzurrak agerian uzteko eta azaltzeko prest.

95. Mirarien autoritatea murrizten duen laugarren arrazoitzat gehi dezaket, mirari bat beraren testigantzarik ez dagoela, esplizituki salatuak izan ez direnen artean ere, testigu kopuru kontaezin baten kontrakarrik ez duenik; horrela beraz, mirariak jaten du testigantzaren sinesgarritasuna jan ezezik, testigantzak bere burua suntsitzen du. Hau hobeto ulertzeko har dezagun kontutan, erlijioei dagokienez, ezberdina dena aurkakoa dela, eta ezinezkoa dela aintzinako Erroma, Turkia, Siam eta Txinako erlijioak, guztiak, oinarri sendo batean zimendaturik egotea; beraz, erlijio hauetariko batean burututzat aldarrikatzen den edozein mirakuluk (eta ugari dira mirakuluak guztiotan), berari dagokion sistema baieztea duelarik zuzeneko ondorio, indar bera izango du, zeharka bada ere, gainerako sistema guztiak ezeztatzeko. Lehiakide duen sistema deuseztatzea, berriz, sistema horren oinarrizko mirarien sinesgarritasuna deseuztatzea da; hortaz, erlijio ezberdinetan ematen diren mirari guztiak, kontrako gertakaritzat hartu behar dira, eta mirarion ebidentziak, ahul nahiz sendo, bata bestearen aurkakotzat.

Arrazoiketa-metodo honen arabera, Mahomaren edo bere jarraitzaileen mirakuluren batean sinesten dugunean, barbaro afrikar gutxi batzuen testigantza dugu bermagarri. Gainera bestalde, Tito Livio, Plutarko, Tazito eta abarren autoritatea hartu behar dugu kontutan, hots, euren erlijio jakinetan mirakuluren bat kontatu duten autore eta lekuko greziar, txinatar edo erromatar katoliko guztiena. Esan nahi dudana, hauek mirakulu mahomatarra aipatzean eta, beroiek kontatutako mirakuluekiko duten segurantza berdinez, kontra egitean leukaketen ikuspuntu horixe dela guk izan behar duguna euren testigantzari behatzeko orduan. Argumentu honek xotil eta sofistikatuegia irudi dezake, baina egiatan ez du alderik epaile baten arrazoiketarekin, suposatutzat ematen duenean deseuztaturik geratzen dela norbaiten krimena baieztatzen duen bi lekukoren sinesgarritasuna, beste bi lekukoren testigantza datorkienean kontra, berrehun lekoatara zegoela esanez hura, krimena egin omen zuela dioten une berean.

96. Historia profano osoan lekukotza hoberenetarikoa egin zaion mirakulua, Vespasianori buruz Tazitok kontatzen duena da, bere txuaz itsu bat sendatu bide zuenekoa Alexandrian eta baita zangomotz bat ere, bere oinaren ukitu soilez. Serapis jainkoagandiko ikuskari baten agindura zetozen, Enperadorearengana jotzeko agindu baitzien sendakuntza mirakulutsu hauetarako. Historialari fin harengan aurki genezake istorioa20, zertzelada bakoitzak gehitu baino ez duelarik egiten, itxura batean, testigantzaren pisua, edonora aurkezteko modukoa argumentuaren eta mintzo-ederraren indar guztiarekin, baten bati axola balitzaio oraindik gaur superstizio gezurtatu eta idolatra haren ebidentzia indartzea. Enperadore handi haren seriotasuna, sendartasuna, adina eta prestutasuna, bere bizitza osoan zehar etxeko moduan solas egin ohi zuena lagunekin eta gortekoekin, eta inoiz ez zituena erakutsi Alexandro eta Demetrio batek hartzen zituzten jainko-planta nabarmenak; historialaria bestetik, bere xalotasun eta egitasunagatik ezaguna den idazle garaikidea, gainera Aintzinateko jeinurik handiena eta sakonena agian, eta sineskortasunera makurtzetik hain aske, ezen kontrakoaz izan baita salatua, ateismo eta profanotasunaz; mirakulua kontatzeko autoritatea eskaini zioten pertsonak gero, izaera eginekoak ziren iritzirako eta egitasunerako, suposa dezakegunez; gertakariaren lekuko zuzenak, Flaviotarren familiari inperioa kendu ondoren testigantza berretsi zutenak, saririk eman ezin zitekeenean gezurra esateagatik. Bata eta bestea gogoratzen dute bertan egon zirenek orain ere, ezein iruzur-saririk jaso gabe.

Guzti honi gehituz gero gertakarien izaera publikoa kontatuak izatean, argi eta garbi geratuko da beste ezein ebidentziak ere ez dezakeela benetan hain sendotasun handirik eduki halako iruzur gordin eta nabari baterako.

Bada, baita ere, Retz-eko Kardinaleak kontatutako istorio gogoangarri bat, gure arreta merezi dezakeena hurrean. Politiko azpikari hark Espainiara hanka egin zuenean bere arerioen jazarpenetik ihes, Zaragoza, Aragoiko hiriburutik igaro zen, eta hantxe eraman zuten katedralera gizon baten aurrera, zazpi urtez atezain izandakoa bertan eta hirian ongi ezaguna zena eliza hartako elizkizunetara joan ohi ziren guztien aldetik. Zangoetariko bat gabe ikusi izan zuten denbora luzez, baina gorputzadar hori berreskuratu egin bide zuen hankondoa olio santuz igurtzi ondoren, eta kardinaleak diosku bi hankekin ikusi zuela. Mirakulu hau eliza hartako kalonje guztiek abalatu zuten, eta hiriko biztanlego osoari ere deitzu zitzaion gertakaria berresteko, honek beronen debozio gartsuz mirakuluan erabat sinesten zuela aurkitu zuelarik gure kardinaleak. Kontatzailea ere, kasu honetan, delako mirariaren garaikide zen, izaeraz sinesgabe eta libertinoa izateaz gain, jeinu handikoa; mirakulua bera, hain bakana izatez, faltsifikaziorik nekez onar zezakeena, eta lekukoak asko kopuruz eta testifikatzen zuten gartakariaren ikusle, nolabait, guztiak. Gainera, ebidentziari are indar gehiago damaiona, eta gure sorpresa oraingo honetan bikoitz dezakeena, historia kontatzen duen kardinaleak berak ere ez diola itxuraz inolako sinespiderik ematen, ezin dugularik, beraz, iruzur sakratuan eskuhartzeaz susmagarritzat jo. Zuzen uste izan zuen, horrelako izaerako gertakari bat ezesteko, ez zuela testigantza zehatz-mehatz errefusatu beharrik, eta horri sorrera eman zioten sineskortasun eta bilaukeria bakoitzean arakatzen ibili beharrik faltsutasunaren bila. Bazekien jakin, erabat ezinezko izanik hau normalki edozein espazio eta denbora-tarte laburrean, guztiz zaila izango zela orduan, nahiz eta norbera hantxe bertan suertatu, kontu eginik gizateriaren zati handi baten fanatismoa, ezjakintasuna, maltzurkeria eta zapokeria. Horregatik konkluditu zuen, arrazonatzaile peto baten gisara, ebidentzia hark gezurra zeramala bere kopetan, eta edozein giza testigantzan oinarruturiko mirakulua barregarri zela gehiago eztabaidagarri baino.

Ez da izan seguraski inoiz pertsona bati egotziriko hain mirakulu-kopuru mardulik oraintsu Frantzian egin omen direnen parekorik, bere saindutasuna dela eta herria horren luzaro engainaturik eduki duen Jansenista entzutetsua dugun Pariseko Abadearen hilobi gainean hain zuzen ere. Gaisoen sendaketa, gorrei entzumena eta itsuei ikusmena bihurtzea omen ziren hilobi sakratu haren ohizko efektuak, inguru osoan zabal egin zenez. Baina, harrigarriago dena oraindik, mirakuluetarik asko unean bertan demostratuak izan ziren, zalantzagabe zintzo ziren epaileen aurrean, testigu sinesgarri eta printzipalek egin zuten lekukotza, aro ilustratu batean gainera, eta gaur egun munduan daitekeen lekurik bikainenean. Eta hau ez da dena. Mirakuluon zerrenda luze bat argitara eman zen eta denetatik zabaldu. Eta Jesuitak eurak ere ez ziren izan kapaz haiek argudiatu eta argitzeko, nahiz eta ordena ikasia izan, magistratu zibil baten laguntza eta guzti ihardun, eta egin omen ziren mirakuluek aldezten zuten iritziaren guztiz kontrakoak izan. Non aurkitu horrelako zirkunstantzia-bildumarik, gertakari bat berresten bat eginik? Eta zer jarri halako lekuko-multzo handi baten aurrez aurre, zera ez bada, kontatzen dituzten gertaeren euren erabateko ezintasuna edo izaera mirakulutsua? Eta seguraski, bestalde, aski errefusapentzat joko du horixe bakarrik ere edozein pertsona zentzudunek.

97. Ondorio zuzentzat hartu behar ote dugu, bada, giza testigantza zenbaitek indar eta autoritate handiena duelako kasu batzuetan, Filipos edo Farsaliako bataila kontatzerakoan adibidez, indar eta autoritate bera izan behar duela, hori dela eta, kasu guztietan? Demagun Zesar eta Ponpeioren gudarosteek, biek erreklamatzen dutela bakoitzak berarentzat bataila horien garaitza, eta alderdi bakoitzeko historialariek beren taldearen abantaila baiezten dutela uniformeki: nola liteke gai orduan gizadia, hain urrutiko garaitik, batzuen edo besteen alde erabakitzeko? Era berean da gogorra Herodoto edo Plutarkok kontaturiko mirakuluen eta Mariana, Beda edo beste edozein fraide historialarik kontatukoen arteko aurkakotasuna.

Fede oso akademikoa dute jakintsuek narratzailearen grinen alde makurtzen den edozein informerekiko, dela bere herria, familia edota bere burua goraltzen duenean, dela, edozein modutan ere, bere joera eta jauginekin batera datorrenean. Baina ba al da tentazio handiagorik zeruaren misiolari, iragarle edo enbaxadore aurkeztearena baino? Hain izaera goitiarra erdiestearren nork ez lioke aurre egingo hainbat arrisku eta oztopori? Edo baten bat, harrokeria edo irudimen sukartsua medio, konbertituko balitz lehenbizi eta iruzurrean serioski erori, izango al luke berorrek gero eskrupulurik gezur bedeinkatuez baliatzeko hain xede sakratu eta meritagarri baten alde?

Txinparta txikiena ere sugar bilaka daiteke hemen, erregaiak beti baitaude horretarako prest. Avidus genus auricularum21 delakoak, jendaila liluratuak, antsiaz onartuko dizu, batere ikerketarik gabe, superstizioa finkatzen eta txundidura eragiten duen edozer. Eite honetako zenbat istorio agertu eta hustiratu ote dira, garaiz garai, haien haurtzaroan! Eta beste zenbat, sonatuak izan ondoren aldi batean, ez ote dira hondoratu gero, ahantzirik eta zokoraturik! Istorio hauek zabaltzen direneko, beraz, jakina dugu fenomenoaren gakoa, eta esperientzia eta ohizko behaketen arabera ebazten dugu, sineskortasuna eta liluraren printzipio natural eta ezagunen arabera esplikatzen ditugunean. Eta halako irtenbide naturala eskueran izanik, onartuko ote dugu, bada, naturaren lege finkoenen bortxatze mirakulutsurik?

Ez dago hemen aipatu beharrik nolako zailtasunak dauden edozein istorio pribatu nahiz publiko ere agerian uzteko, gertatu izan dela dioten unean bertan; are gehiago oraindik gertakari- tokia, gutxi bada ere, urrundu egiten denean. Epaimahaia bera ere, erabili ahal duen autoritate, zehaztasun eta iritzi guztiarekin, ezgai sentituko da sarritan egiazkoa eta faltsuaren artean bereizteko ekintza gertatu berrienetan. Baina arazoak ez du izango sekula ere irtenbiderik, zezioak, eztabaidak eta zurrumurru iheskorrak osatzen duten metodo arruntera joaz, batez ere gizakumearen grinak bi aldeetan lerrotu direlarik.

Erlijio berrien haurtzaroan, jakintsuek eta ikasiek normalean uste izaten dute arazoak ez duela beren arreta edo begirunean emateko adina garrantzi. Eta gero, amarrua azaldu nahiko luketenean jende iruzurtua desengainatzeko, unea iragan dela gertatzen da eta arazoa argi zezaketen dokumentuak eta lekukoak desagertu egin direla erremediorik gabe. Ez da geratzen detekzio mediorik, narraitzaileen testigantzatik bertatik lor daitezkeenak baino. Eta hauek, aski izan arren betiere zentzudun eta adituentzat, xehegiak dira normalki herri xumeak uler ditzan.

98. Orokorki, beraz, badirudi ez duela jadetsi inoiz probabilitatezko kualitaterik mirakuluen ezein testigantzak ere, askoz gutxiago froga izaterik, eta froga izatea lortzen duela suposatuz ere, beste froga baten aurkakotasuna lukeela, ebatzi nahi dugun gertakariaren izaeratik bertatik eratorria. Esperientzia dateke, soil-soilik, giza testigantza bati autoritatea damaiona, eta esperientzia bera da naturaren legeez segurtatzen diguna ere. Hortaz, bi esperientzi mota hauek bata bestearen kontrakoak direnean, ez daukagu beste erremediorik bien arteko kenketa egitea baino eta, alde batera zein bestera jo, geratzen den hondarraren segurantza izango duen iritzi bat hartzea. Baina hemen azaldu dugun printzipioaren arabera, herri-erlijio guztiekiko kenketa hau erabateko deuseztatzearen parekoa da, arau gisa jar dezakegularik, ondorioz, ez dela giza testigantzarik mirakulu bat frogatzeko adinakorik eta mirakulu hori halako erlijio-sistema baten oinarri zuzentzat ipintzeko adina indarrik duenik.

99. Hemen egindako mugapenak kontutan hartzea nahi dut, mirakulu bat ezin dela inoiz frogatu diodanean erlijio-sistema baten oinarri izateko neurrian. Ezen onartzen dut, bestela izan daitezkeela mirakuluak, edo naturaren ohizko abioaren bortxatzeak, giza testigantzaren froga adimititzeko modukoak, nahiz eta agian ezinezko izango den halakoren bat aurkitzea histori bilduma osoan. Horrela, eman dezagun autore guztiak bat datozela, hizkuntza guztietan, mundu osoan erabateko iluntasuna gertatu zela esanez, 1600eko urtarrilaren batetik hasi eta zortzi egunetan zehar; eman dezagun gertakari ezohizko honen tradizioak sendo eta bizi dirauela oraindik herrian; atzerrietatik bueltan datozen bidaiari guztiek ere tradizio berberaren berri dakarkigutela, aldaketa edo kontraesan txikienik gabe: argi dago gaur egungo filosofoek, gertakaria zalantzan jarri baino ziurtzat jo beharko dutela eta zeintzu kausetatik etor daitekeen ikertzen hasi. Naturaren gainbehera, usteldura eta suntsiera hain analogia askok gertakor egiten duen gertaera izanik, katastrofe horretarantz joateko antza duen edozein fenomeno sar daiteke giza testigantzaren eremuan, oso zabala eta bateratua baldin bada testigantza hori.

Baina eman dezagun Ingalaterraz ari diren historialari guztiak datozela bat esanez 1600eko urtarrilaren batean hil zela Isabel I; bai heriotzaren aurretik eta ondoren ere ikusi zutela bere medikuek eta gorte osoak; bere oinordekoa ere ezagutu eta aldarrikatu zuela Legebiltzarrak; eta hilabete lurperatuta egon ondoren, berriro agertu zela erregina, tronoa berrartu eta hiru urtez gobernatu zuela Ingalaterra: aitortzen dut harritu egingo nindukeela zirkunstantzia bitxi multzo horren bateraketak, baina ez nuke jokera txikienik ere gertaera hain mirakulutsuan sinesteko. Ez nuke zalantzan jarriko haren heriotza delakoa ezta gainerako beste zirkunstantzia publiko guztiak ere; esango nukeena soil-soilik, itxurazkoa izan zela, ez zela izan eta ezin zitekeela izan ere, seguraski, benetakoa. Alferrik objektatuko zenidakete zaila dela esanez edo ia ezinezkoa mundu osoa engainatzea halako garrantzi handiko arazoan, erregina ospetsu haren jakinduria eta sena gogoraraziz, eta amarru hutsal hartatik atera zezakeen abantail eskasa edo ezereza: txundi nintzakeen bai guzti horrek, baina erantzuten jarraituko nuke, dena dela, gizakumeen baxukeria eta erokeria hain direla gertakari arruntak esanez, non nahiago nukeen horien bilkuratik datozkeen gertaera harrigarrienak ere sinetsi, naturako legeen halako bortxatze nabarmena ametitu baino.

Erants biezaio orain mirakulu hau erlijio-sistema berriren bati: gizakia horren menperatua izan delarik garaiz garai horrelako kontu ganorabakoen kariaz, zirkunstantzia horixe litzateke amarruaren bete-beteko froga, aski edozein zentzudunentzat gertakari hura ezezteko, eta azterketa gehiagorik gabe ezezteko gainera. Mirakulu horri datxekion Izakia, kasu honetan, Oroahaltsua balitz ere, ez litzateke hargatik probableago bilakatuko, halako Izaki horren atributuak edo egintzak ezagutzerik ez dugunez gero, naturaren ohizko abioan eragiten dituen obren esperientziaz izan ezean. Honek oraindik iraganeko behaketara mugatzera garamatza eta giza testigantzan izandako egi bortxatze kasuak konparatzera naturaren lege-bortxatze kasuekin mirakuluak direla eta, horietariko zein den egiantzeko eta probableago juzkatzeko. Egi bortxaketak naharoagoak direnez mirakulu erlijiosoen aldeko testigantzan beste ezelako izatezko zerei buruzkoan baino, asko gutxitu behar hargatik lehenengo motako testigantzaren autoritatea, erabaki orokor bat harrarazten digularik hari inoiz arretarik ez ematekoa, dena delako engainuzko iruzurrez jantzirik agertu arren.

Lord Bacon-ek ere arrazoiketa printzipio berdinak hartu dituela dirudi:  "Bilduma bat egin beharko genuke edo historia berezi bat -dio berak- munstro eta mirarien jaiotza edo ekoizpen guztiena, eta naturan berri, bitxi eta aparteko den guztiarena, hitz batez. Baina arakapen zorrotz baten arabera egitekoa da hau, egiatik aldendu nahi ez badugu. Batez ere, erlijioarekin nolabaiteko zerikusirik duen edozein harreman hartu behar da susmagarritzat, Livio-ren mirariak kasu, eta ez gutxiago magia natural eta alkimiako idazleengan aurki daitekeen guztia, edota faltsutasun eta fabula egarri asegaitza daukatela diruditen autore guzti horiek".22

100. Gogokoago dut hemen azaldutako arrazoiketa-metodoa, uste baitut Kristau-Erlijioaren lagun arriskutsuak nahiz etsai mozorrotuak endredatzeko balio dezakeela, giza arrazoimenaren printzipioen bidez hura defendatzeko asmotan dabiltzanean. Sakratuena dugun erlijioa fedean oinarritzen da, ez arrazoian, eta hura arriskatzeko modu segurua duzu, inola ere jasatea ez dagokion aprobapean jartzea. Azter ditzagun, diogun hau nabariago egin asmoz, eskrituran jaulkitako mirakuluak, eta, arlo zabalegian ez galtzeko, muga gaitezen Pentateukon aurkitzen dugunera, delako kristau horien printzipioen arabera aztertuko dugularik hangoa, ez Jainkoaren beraren berba edo testigantza den aldetik baizik giza idazle eta historialari soil baten ekoizpen denez.

Hemen, orduan, herri barbaro eta ezjakin batek aurkezten digun liburu bat dugu aurrean, oraindik barbaroagoak ziren garai batean idatzia, eta, seguru asko, kontatzen dituen gertakariak baino askoz geroago, ezein testigantza bateratsuk berretsi gabea, eta bere sorreraz edozein naziok eman ohi dituen elazaharrezko kondairen antz-antzekoa. Liburu hau irakurtzen dugularik, mirari eta mirakuluz beterik aurkituko dugu. Gaurkoarekin inolako zerikusirik ez duen munduaren egoeraz eta giza naturaz mintzatzen zaigu, egoera hori nola galdu genuen, ia mila urtetara iristen den gizakumearen adinaz, uholde batek suntsitu zuen munduaz, herri bat nahierara hautatua izateaz zeruaren kuttuntzat, autorearen herrikideek osatzen zuten herria hain zuzen, morrontzatik askatu izanaz inork irudi ditzakeen mirari txundigarrienak medio. Eskua bihotzean jartzea nahi nuke bakoitzak eta esatea, sakonki pentsatu ondoren, ea halako testigantzan oinarrituriko liburuaren faltsutasunari ezohizkoago eta mirakulutsuago deritzon bertan kontatzen diren mirakulu orori baino; beharrezko litzatekeena, berriz, goian jarritako probabilitate-arauen arabera onartua izateko.

101. Mirakuluez esan duguna bera legokie, batere aldaketarik gabe, profeziei ere. Iragarpen guztiak dira, izan ere, benetako mirakulu, eta halakoak direnez bakarrik izan daitezke edozein errebelazioren froga gisa onartuak. Giza izaeraren ahalmenaz gaindi ez balego etorkizuneko gertaerak iragartzea, ez luke zentzurik profezia bat jainkozko misio baten edo zeruaren autoritatearen aldeko argumentu gisa erabiltzeak. Guzti hauek honela, beraz, ondoriozta dezakeguna da, kristau-erlijioa, hasiera batean mirakuluez lagundurik agertzeaz gain, gaur egun ere ez daitekeela sinetsia izan, pertsona arrazoizale baten aldetik, mirakuluren bat gabe. Arrazoi soila ez da aski haren egiatasunaz gu konbentzi gaitzan, eta atxekimendura fedez mugitzen dena kontziente da beragan gertatzen den etengabeko mirakuluaz, adimenduaren printzipio guztiak iraultzen dizkionaz, ohituraren eta esperientziaren kontrakoena sinesteko erabakia harraraziz.