Haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren hautazko Protokoloa, haurren salerosketa, haurren prostituzioa eta pornografian haurren erabilerari buruzkoa

Wikitekatik

Haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren hautazko Protokoloa, haurren salerosketa, haurren prostituzioa eta pornografian haurren erabilerari buruzkoa

Biltzar Orokorra – 2000ko maiatzaren 25eko A/RES/263 Ebazpena

Indarrean jartzea: 2002ko urtarrilaren 18an

Protokolo honetako estatu alderdiek,

Kontuan harturik Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren xedeak aiseago lortuko direla eta bere xedapenen aplikazioa ziurtatzeko, bereziki 1, 11, 21, 32, 33, 34, 35 eta 36. artikuluen aplikazioa, beharrezkoa litzateke estatu alderdiek hartu beharko lituzketen neurriak areagotzea, haurren salerosketa, haurren prostituzioa eta pornografian haurren erabileraren aurka adingabeen babesa bermatzeko,

Kontuan harturik orobat, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan, haurraren eskubidea aitortzen dela esplotazio ekonomikoaren eta arriskutsuak izan daitezkeen lanak egitearen aurka babestuak izateko, eta baita euren heziketa oztopatu edo euren osasuna, garapen fisikoa, adimenarena, espirituala, morala edo sozialari eragin diezaioketen lanak egitearen aurka babestuak izateko,

Zinez kezkaturik adingabeen nazioarteko salerosketa ugariaz eta horren hazkuntza nabarmenaz; salerosketa horren xedea haurren salmenta, horien prostituzioa eta pornografian erabiltzea delarik,

Adieraziz ardura handikoa dela sexu-turismoaren jarduera hedatu eta jarraitua; eta horren aurrean haurrak arrisku handian daudela, horrek zuzenean sustatzen baitu haurren salmenta, eta horiek pornografia eta prostituzioan erabiltzea,

Aitorturik bereziki ahulak direla talde batzuk, bereziki neskatoak, eta sexu-esplotazioaren arrisku handiagoaren aurrean daudela; izan ere, sexu bidez ustiatuak diren pertsonen artean neskatoen kopurua oso nabarmena da,

Kezkaturik Interneten eta bestelako teknologia baliabide modernoetan dagoen haurren pornografiaren eskuragarritasuna gero eta agerikoagoa dela, eta Interneten Haurren Pornografiaren aurkako Borrokari buruzko Nazioarteko Konferentzia (Viena, 1999) gogora ekarriz eta, bereziki, haren ondorioak, bertan eskatzen baita, mundu osoan zehar horrelako pornografiaren ekoizpena, banaketa, esportazioa, eskualdaketa, inportazioa, hala nahitaezko edukitza eta propaganda zigortzea, eta gobernuen eta Interneteko sektorearen artean lankidetza eta elkartze estuago baten garrantzia azpimarratuz,

Uste izanik haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografian haurren erabilera ezabatzea errazagoa izango dela halakoak eragiten dituzten faktoreen aurrean ikuspegi orokorra hartzen bada; faktore horiek dira, besteak beste, azpigaratzea, pobrezia, ekonomia ezberdintasunak, ekitaterik gabeko gizarte- eta ekonomia-egiturak, familien disfuntzioa, hezkuntza falta, nekazaritza gunetik hirietarako migrazioa, sexuan oinarritutako bereizkeria, helduen sexu-portaera arduragabea, tradiziozko jarduera kaltegarriak, gatazka armatuak eta haurren salerosketa,

Uste izanik jendea sentsibilizatzeko ahaleginak egin behar direla, haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografian haurrak erabiltzea ahalbidetzen dituzten kontsumitzaileen merkatua gutxitzeko, eta uste izanik, era berean, faktoreen arteko mundu mailako elkarketa sustatzea garrantzitsua dela, eta nazio mailan errepresioa hobetzea ere,

Aintzat harturik haurren babesari buruzko nazioarteko instrumentu juridikoen xedapenak, bereziki haurren babesari eta Nazioarteko Adopzioaren inguruko Lankidetzari buruzko Hagako Hitzarmena, Haurren Nazioarteko Bahiketaren Ezaugarri Zibilei buruzko Hagako Hitzarmena, Jurisdikzioa, Zuzenbide Aplikagarria, Aintzatespena, Betearazpena eta Guraso Erantzukizuna eta Haurren Babeserako Neurriei buruzko Hagako Hitzarmena, eta baita Lanaren Nazioarteko Erakundearen 182. zenbakidun Hitzarmena, haurren lan modu makurrak debekatzeko eta horiek berehala ezabatzeko egintzari buruzkoa,

Bultzada harturik Haurraren Eskubideei Buruzko Konbentzioak eskuratu dituen laguntza paregabean, horrek erakusten duela haurraren eskubideak sustatzeko eta babesteko atxikimendu zabala,

Aitorturik ondorengoen xedapenak aplikatzeak duen garrantzia: Haurren Salmenta, Haurren Prostituzioa eta Haurrak Pornografian Erabiltzeko Prebentziorako Egintza Programa, bai eta Haurren Sexu-esplotazio komertzialaren aurka Munduko Kongresuak onetsitako Ekintza Programa eta Adierazpena, Stockholmen egina 1964ko abuztuaren 27tik 31ra, eta gainontzeko nazioarteko organo eskudunen erabaki eta gomendioak,

Aintzat harturik behar den legez, herri bakoitzeko tradizioen eta kultura-balioen garrantzia, haurrek babesa eta garapen orekatua izan ditzaten,

Hurrengoa hitzartu dute:

1. artikulua[aldatu]

Estatu alderdiek haurren salmenta, haurren prostituzioa eta haurren pornografia debekatuko dituzte, Protokolo honetan xedatutakoaren arabera.

2. artikulua[aldatu]

Protokolo honen ondorioetarako:

a) Haurren salmenta gisa ulertzen da: pertsona batek edo pertsona talde batek beste bati haur bat eskualdatzeko burututako salerosketa edo bestelako egintza guztiak, ordainketa baten edo beste edozein ordainsariren trukean;

b) Haurren prostituzio gisa ulertzen da: sexu jardueretan haur bat erabiltzea ordainketa edo beste edozein ordainsariren trukean;

c) Haurren pornografia gisa ulertzen da: edozein bide dela eta, haur baten antzezpen oro, sexu jarduera esanbidezkoa, benetakoetan edo itxurakoetan aritzen denean, edo haur baten genitalen irudikapen oro, horrek, lehentasunez, helburu sexualak baditu.

3. artikulua[aldatu]

1. Estatu alderdi orok neurriak hartuko ditu, gutxienez, jarraian zerrendatzen diren ekintza eta jarduerak euren zigor legerian guztiz barneraturik gera daitezen, bere lurralde mugen barruan zein kanpoan burutu izan badira, edo banaka edo era kolektiboan gauzatu izan badira ere:

a) Haurren salmentari dagokionez, 2. artikuluan zehazten den moduan:

i) Edozein bideren bitartez, haur bat eskaini, eman edo onartzea, ondorengo helburuekin:

a. Haurraren sexu-esplotazioa;

b. Haurraren organoekin irabazia lortzeko asmoz egindako besterentzea;

c. Haurraren derrigorrezko lana;

ii) Bitartekari gisa, norbaiti haur bat adoptatzeko baimena eman dezala bidegabe eragitea, hori adopzioaren inguruan aplikagarri diren nazioarteko instrumentu juridikoak urratuz egiten delarik;

b) Prostituzio helburuekin haur bat eskaini, eduki, eskuratu eta ematea, 2. artikuluan ezartzen den moduan;

c) Haurren pornografia ekoiztea, banatzea, zabaltzea, inportatzea, esportatzea, eskaintzea, saltzea edo edukitzea, lehenago adierazitako helburuekin, 2. artikuluan ezarritako moduan.

2. Estatu alderdien legeriaren manuek ezartzen dutenari lotuta, xedapen hauek tenore horretako edozein egintza gauzatzeko saiakera kasuetan eta orobat, sopikun edo partaidetza kasutan aplikatuko dira.

3. Estatu alderdi orok delitu hauek zigortuko ditu euren larritasunaren arabera, horri egokitzen zaizkien zigorrekin.

4. Euren legeriaren manuek ezartzen dutenaren arabera, estatu alderdiek, beharrezkoa denean, artikulu honetako 1. paragrafoan zerrendatutako delituengatik pertsona juridikoak erantzule izatea ahalbidetzen duten xedapenak ezarriko dituzte. Estatu alderdiari aplikagarri zaizkion printzipio juridikoei helduta, pertsona juridikoen erantzukizuna zibila, administrazio arlokoa edo zigor arlokoa izan daiteke.

5. Estatu alderdiek beharrezko lege- eta administrazio-xedapen guztiak hartuko dituzte, haur baten adopzioan pertsona parte hartzaile guztiek kasuan aplikagarri diren nazioarteko instrumentu juridikoen arabera joka dezaten.

4. artikulua[aldatu]

1. Estatu alderdi orok beharrezko xedapen guztiak hartuko ditu 3. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen diren delituen gain bere jurisdikzioa betetzeko, delitu horiek bere lurraldean edo bere bandera duen itsasontzi edo aireontzi baten barruan burutzen direnean.

2. Estatu alderdi oro, 3. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen diren delituen inguruan bere jurisdikzioa betetzeko beharrezko xedapenak hartu ahal izango ditu, ondorengo kasuetan:

a) Ustezko delitugileak estatu horren naziotasuna duenean edo bere lurraldean ohiko bizilekua duenean;

b) Biktimak estatu horren naziotasuna duenean.

3. Estatu alderdi orok lehen aipaturiko delituen inguruan euren jurisdikzioa betearazteko beharrezko xedapenak ere hartuko ditu, ustezko delitugilea bere lurraldean aurkitua izan denean eta beste estatu alderdi batera estraditatzen ez denean, delitua bere naziotasuna duen pertsona batek burutzeagatik.

4. Protokolo honetan xedatutako deusek ere ez du baztertuko nazio legeriaren araberako zigor jurisdikzioaren egikaritza.

5. artikulua[aldatu]

1. 3. artikuluaren 1. paragrafoko delituak, estatu alderdien artean egindako estradizio hitzarmen guztietan estradizioa bera eragiten duten delituen artean barneratuta daudela ulertuko da, eta estradizioa eragiten duten delitu gisa barneratuko dira euren artean etorkizunean egin ditzaketen estradizio hitzarmen guztietan, hitzarmen horietan ezarritako baldintzekin bat etorriz.

2. Estatu alderdi batentzat nahitaezkoa bada hitzarmen bat izatea estradizioa gauzatu ahal izateko, estatu horrek beste estatu alderdi batetik jasotzen duenean estradizio-eskabide bat, horrekin halako hitzarmenik izan gabe, orduan lehenengo estatu horrek konbentzio hau baliatu ahal izango du, behar adinako oinarri juridiko gisa, delitu horien ondoriozko estradizioa gauzatzeko. Estradizioak bete beharko ditu, zein estatu izan errekeritua eta estatu horretako legeriak galdatutako gainerako baldintzak.

3. Estatu alderdiek, estradizioa hitzarmen bat egotearen menpe jartzen ez dutenetan, onetsiko dute delitu horiek estradizioa eragiten dutela estatu horien artean, estatu errekerituaren legerian ezarritako baldintzen arabera.

4. Estatu alderdien artean estradizioa gauzatu ahal izateko, uste izango da delituak egin direla gertatutako tokian ez ezik, 4. artikuluarekin bat etorriz jurisdikzioa ezartzeko betebeharra duten estatuetako lurraldean ere.

5. 3. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen den delituetako baten inguruan estradizio eskaera aurkezten bada eta estatu errekerituak onartzen ez badu edo ez badu onartu nahi, delitu-egilearen naziotasuna dela eta, orduan, estatuak dagozkion neurriak hartuko ditu kasua bere agintarien eskumen pean jartzeko, bertan epaitua izan dadin.

6. artikulua[aldatu]

1. Estatu alderdiek ahal den laguntza guztia emango diote elkarri, 3. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen diren delituak direla eta, horren arabera hasten den edozein ikerketa, zigor prozesu edo estradizio prozeduraren inguruan, bereziki elkarren arteko laguntza, euren boterearen pean gauzatutako prozedura horietan beharrezko diren froga guztiak lortzeko.

2. Estatu alderdiek artikulu honetako lehenengo paragrafoaren arabera dagozkien betebeharrak gauzatuko dituzte, elkarri laguntza judiziala eskaintzeari buruz dauden hitzarmenekin bat etorriz. Horrelako hitzarmen edo akordiorik egon ezean, estatu alderdiek laguntza hori emango diote elkarri euren legeriaren arabera.

7. artikulua[aldatu]

Euren legeriaren xedapenen arabera, estatu alderdiek:

a) Beharrezkoa denean, ondorengo gaiak konfiskatzeko neurriak hartuko dituzte:

i) Protokolo honetan aipatzen diren delituak burutzea edo horiek egitea errazten duten ondasunak, hala nola materialak, aktiboak eta erabilitako beste baliabide batzuk,

ii) Delitu horietatik lortutako etekinak;

b) a) lerrokadako i) puntuan aipatzen diren ondasun edo etekinen konfiskaziorako, beste estatu alderdi batzuek egindako eskaerei bide emango diete;

c) Delitu horiek gauzatzeko erabili diren lokalak aldi batez edo behin betiko ixteko neurriak hartuko dituzte.

8. artikulua[aldatu]

1. Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte zigor prozesuaren fase guztietan Protokolo honek debekatutako egintzen biktima diren haurren eskubide eta interesak babesteko eta, bereziki, ondorengoa egin beharko dute:

a) Biktima diren haurren ahultasuna aitortu eta prozedurak egokitu, beraien beharrizan bereziak aitortzeko moduan, lekuko gisa deklaratzeko beharrizan bereziak ere barne;

b) Biktima diren haurrei ondorengoaren gaineko informazioa eman: euren eskubideak zein diren, prozesuan zein den euren eginkizuna, zein prozeduraren norainokoa, zein prozeduraren datak eta nola doazen horren jarduerak eta, berebat, auziaren ebazpena;

c) Biktima diren haurren iritzi, beharrizan eta kezken aurkezpena eta aurrekoak aintzat hartzea baimendu, euren interes pertsonalak ukituak diren jardueretan, nazioko prozedura legeriaren arauekin bateragarria den eran;

d) Biktima diren haurrei beharrezko laguntza eman prozesu guztian zehar;

e) Biktima diren haurren intimitate eta nortasuna behar bezala babestu eta nazioko legeriarekin bat etorriz neurriak hartu, biktima horien nortasuna ezagutzera eraman dezakeen informazioaren zabalkundea eragozteko;

f) Biktima diren haurren segurtasunaz arduratu, bai eta euren familia eta euren aldeko lekukoengatik ere, larderia eta errepresalien aurka;

g) Alferrikako atzerapenak eragotzi dela auzien ebazpenean dela biktima izan diren haurrei kalte-ordaina zein ebazpen edo dekretuk aitortu eta horren betearazpenean.

2. Estatu alderdiek bermatuko dute biktimaren adinaren inguruan zalantzak izateak ez duela eragotziko zigor ikerketak hastea, biktimaren adina zehaztera zuzendutako ikerketak barne.

3. Estatu alderdiek bermatuko dute Protokolo honetan zerrendatutako delituen biktima diren haurrei zigor arloko justiziak eman beharreko trataeran, lehentasun osokoa izango dela haurraren interes nagusia.

4. Estatu alderdiek neurriak hartuko dituzte heziketa egokia ziurtatzeko , norena eta Protokolo honen arabera debekatutako delituen biktimekin lanean diharduten pertsonena, batez ere arlo psikologiko eta juridikoetan.

5. Estatu alderdiek, beharrezkoa denean, halako neurriak hartuko dituzte, delitu horien biktimen prebentzio, babes eta birgaikuntzarako lanean diharduten pertsona eta antolakundeen segurtasuna eta osotasuna babesteko.

6. Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo akusatuak epaiketa justu eta inpartziala izateko duen eskubideari, eta ez da bateraezina izango eskubide horiekin.

9. artikulua[aldatu]

1. Estatu alderdiek, Protokolo honetan adierazten diren delituen prebentziora zuzendutako legeak, administrazio neurriak, politikak eta gizarte egitarauak onetsi edo indartu, aplikatu eta horiei publizitatea emango diete. Egintza horien aurrean bereziki kaltetuak izan daitezkeen haurren babesari arreta berezia eskainiko zaio.

2. Estatu alderdiek jendearen sentsibilizazioa bultzatuko dute, baita haurrena ere, modu egoki guztien bidez informazioa emanez eta Protokolo honetan aipatzen diren delituen inguruan aurreneurrien eta ondorio kaltegarriei buruzko heziketaren eta trebakuntzaren bidez. Artikulu honek ezartzen dizkien betebeharrak betetzean, estatu alderdiek erkidegoaren parte hartzea bultzatuko dute eta, batik bat, haurrena eurena eta biktima izan diren haurrena ere, halako informazio, heziketa eta trebakuntza egitarauetan, nazioarte mailakoak barne.

3. Estatu alderdiek, delitu horien biktimei laguntza egokia emango zaiela ziurtatzeko neurri egingarri guztiak hartuko dituzte, bai eta horien bergizarteratze osoa eta euren sendatze fisiko eta psikologiko osoa ziurtatzeko ere.

4. Estatu alderdiek ziurtatuko dute Protokolo honetan zerrendatutako delituen biktima diren haur guztiek prozedura egokietarako aukera izan dezaten, legearen arabera erantzule diren pertsonen bereizkeriarik gabe, horiengandik jasandako kalte-ordainak lortzeko.

5. Estatu alderdiek, Protokolo honetan zein delitu jaso eta horien publizitatea egiten duen materialaren ekoizpen eta argitalpena debekatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte.

10. artikulua[aldatu]

1. Estatu alderdiek, beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte nazioarteko lankidetza indartzeko, horretarako aldeaniztun, erregio-mailako eta aldebiko hitzarmenak egingo dituzte, horien helburua delarik haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografian edo sexu-turismoan haurrak erabiltzea saihestea, horrelako egintzak antzematea, ikertzea, epaitzea eta erantzuleak zigortzea. Estatu alderdiek nazioarteko lankidetza eta euren agintarien eta gobernuz kanpoko nazioko eta nazioarteko erakundeen arteko koordinazioa bultzatuko dute, bai eta nazioarteko erakundeena ere.

2. Estatu alderdiek biktima izan diren haurren laguntzarako nazioarteko lankidetza bultzatuko dute, horien sendatze fisiko eta psikologikoa, bergizarteratzea eta aberriratzea lortzeko helburuarekin.

3. Estatu alderdiek nazioarteko lankidetzaren suspertzea bultzatuko dute oinarrizko eragileen aurka borrokatzeko xedearekin, hala nola, pobrezia eta azpigaratzea, faktore horiek haurrak arriskuan jartzen baitituzte, haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografia edo sexu-turismoan haurrak erabiltzen dituzten ekintzen aurrean.

4. Finantza-laguntza, laguntza teknikoa edo beste modu batekoa emateko baldintzetan dauden estatu alderdiek, hori eskainiko dute nazioartean, erregio-mailan edo aldebiko programen bidez edo beste programa batzuen bidez.

11. artikulua[aldatu]

Protokolo honetan xedatukoak ezin izango dio haurraren eskubideak egikaritzeko aldekoagoa den edozein xedapeni kalterik egin, ondorengoetako batean jasota badago:

a) Estatu alderdi baten legerian;

b) Nazioarteko zuzenbidean, estatu horri begira indarrean dagoen heinean.

12. artikulua[aldatu]

1. Protokolo hau estatu batean indarrean sartu eta bi urteko epean, estatu horrek Haurraren Eskubideen Batzordeari txostena aurkeztuko dio, bertan jasotzen delarik Protokoloaren xedapenak betearazteko hartu dituen neurrien azalpen orokorra, barnean hartuta parte hartzeari eta erreklutamenduari buruzko xedapenak aplikatzearen inguruan hartutako neurriak.

2. Txosten orokorra aurkeztu eta gero, estatu alderdi bakoitzak Haurraren Eskubideen Batzordeari aurkezten dizkion txostenetan Protokolo honen aplikazioari buruzko informazio gehigarria ere emango du, Konbentzioaren 44. artikuluak ezarritakoaren arabera. Protokoloaren gainontzeko estatu alderdiek txosten bat aurkeztuko dute bost urtean behin.

3. Haurraren Eskubideen Batzordeak informazio gehiago eskatu ahal izango die estatu alderdiei Protokolo honen aplikazioaren inguruan.

13. artikulua[aldatu]

1. Konbentzioaren estatu alderdi orok edo berori sinatu duenak sina dezake Protokolo hau.

2. Protokolo hau berrespenari lotuta dago eta estatu guztien atxikimenduari zabalik. Berreste edo atxikitze instrumentuak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren eskuetan gordailutuko dira.

14. artikulua[aldatu]

1. Protokolo hau indarrean sartuko da hamargarren berrespen edo atxikitze instrumentua gordailatu den datatik hiru hilabetera.

2. Protokolo hau berretsi duten estatuetan edo Protokolo hau, behin indarrean sartu eta gero, berorri atxiki zaizkion estatuetan, indarrean sartuko da, zein datatan berrespen edo atxikitze instrumentua gordailutu eta data horretatik hilabetera.

15. artikulua[aldatu]

1. Edozein estatu alderdik sala dezake Protokolo hau, Nazio Batuen idazkari orokorrari zuzendutako idatzizko jakinarazpenaren bidez. Idazkari orokorrak horren berri emango die Konbentzioaren gainontzeko estatu alderdiei eta Konbentzioa sinatu duten estatu guztiei. Salaketak ondorioak sortuko ditu,Nazio Batuen idazkari nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.

2. Salaketa horrek ez du estatu alderdia salbuetsiko Protokolo honen arabera dituen betebeharrez, salaketak ondorioak sortu baino lehenagoko egintzen gain. Era berean, salaketak ez du inola ere oztopatuko Batzordeak data hori baino lehenago hasitako gai baten inguruko ikerketarekin jarraitzea.

16. artikulua[aldatu]

1. Estatu alderdi orok zuzenketak proposa ditzake eta Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku gordailutu ahal izango ditu. Proposatutako zuzenketak Nazio Batuetako idazkari nagusiak estatu alderdiei komunikatuko dizkie; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien Konferentzia baterako deialdia egitea nahi duten, proposamena aztertu eta horren inguruko botazioa egiteko. Jakinarazpen hori zein datatan egin eta data horren ondorengo lau hilabeteetan estatu alderdietatik, gutxienez, herenak deialdi horren alde egiten badu, idazkari nagusiak konferentziarako deialdia egingo du, Nazio Batuen babespean. Konferentziara bertaratu eta boto-emaile diren estatu alderdien gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta zuzenketa horiek onestea Nazio Batuen Biltzar Orokorraren mende utziko da .

2. Artikulu honetako 1. Paragrafoaren arabera onetsitako zuzenketa oro indarrean jarriko da, Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak hori onesteaz gain, estatu alderdiek onesten dutenean, bi hereneko gehiengoarekin.

3. Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira horiek onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, Protokolo honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onetsitako zuzenketak betetzen jarraituko dute.

17. artikulua[aldatu]

1. Protokolo hau, Nazio Batuetako artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak dira arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.

2. Nazio Batuen idazkari nagusiak Protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Konbentzioaren estatu alderdi guztiei eta Konbentzioa sinatu duten estatu guztiei.