Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/21

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

(kasu honetan, “materiala” hitza ekonomiarekin lotuko dugu, baina ez da materiala den hori guztia ekonomikoa delako, ekonomikoa den oro materiala delako baizik) kapital ekonomikoarekin du zerikusia, baina, berriro ere, kapital ekonomikoaren metaketaren oinarri sozial jasangarria, biolentzia sinbolikoa da eta “sinbolikoa” hitzak materiaren dimentsio semiotikoa esan nahi du. Hortaz, ez gara kausa-efektu logika ilustratu batekin mugitzen (ezta fisika eta mekanika tradizionalak izan duten logika mota, edo matematika tradizionalaren eta zientzia sozial positibista eta enpirizistaren logika proposizional eta elementala), logika erreproduktiboarekin baizik, eta erreprodukzio sozialaren logika performatiboa da, ez proposizionala.

Menderatuen eta menderatzaileen arteko konplizitate (obedientzia gorpuztua) material-sinbolikoa haustea ezinbestekoa da, hori baita menderakuntza sistemak jasangarri egiten dituena gure gisako gizarteetan: kapitalismoan langileria klasea eta klase kapitalistaren artean, patriarkatuan gizon eta emakumeen artean, esklabotzan (berdin Grezia helenistikoan, Erromatar inperioan edo Estatu Batuetako esklabotza erregimenean), esklabuaren eta jauntxoaren artean, erregimen feudalean nekazarien eta nobleen artean (Marx, 1992, Davis, 2016).

Hortaz, ikerketa honetan emakume legitimoen zirkulazio legitimoa sostengatzen duen biolentzia ere aztertuko ditugu (Bourdieu, 2000).

II. Lan-metodologia eta plangintza

Patriarkalizazio maila neurtzeko ezinbestekoa da jakitea emakumeen egoera sozioekonomiko-laborala (merkantilizazioarekin eta familiarizazioarekin lotua), baina baita egoera sozio-politikoa, alegia, espazio publikoan emakumeen presentzia eta erabakimena zein den. Horregatik, ikerketa hau bi eremu nagusi horietan garatuko da, patriarkalizazioaren dimentsio publikoa eta pribatua argitara eramateko. Desfamiliarizazio maila aztertzeko Esping-Andersen-en tipologia erabiltzeaz gain, Bourdieren kapitalen teoria aplikatuko dugu. Bi autore nagusien planteamendua jarraituz, metodologia eklektikoa izango da, hain zuzen ere, Esping-Andersenen lehen eremuko lau aldagaiez gain, berriak barneratu ditugulako (Ikus Aldagaiak eta Kontzeptuak atala). Ondoren, Europako herrialdeekin alderaketa egingo dugu.

I. eta II. Kapituluak: Eremu sozioekonomiko-laborala (espazio pribatizatua): lan ordaindua eta ez ordaindua

Eremu honetan datu kuantitatibo gehiago dago, eta kontzeptualizazio maila garatuagoa. Pribatizazioak, espazio pribatua barne, despolitizazioa esan nahi du. Emakumeak izaki pribatizatuak dira, baina emakumeen kasuan bi dimentsio ditu espazio pribatuak: merkatuaren espazioa eta etxeko-zaintzako espazioa. Bi dimentsio hauetan dauden datuak sistematizatu, eta berriak sortuko ditugu: emakumeen lan baldintzak, produkzio motak, produktibitate eta sindikazio maila eta moduak. Eremu honetan kapital ekonomikoa eta sinbolikoa neurtuko dugu nagusiki, baina baita ere kapital kulturala, horren arabera kapital ekonomiko eta sozial gehiago edo gutxiago lortzen baita.