Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/36

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Jakina da norbanakoen autonomia ekonomikoaren atzerapena arrazoi ezberdinengatik gertatu dela, nahiz eta prekarizazio estrukturala egon oinarrian. Egiturazko prekarizazioa azaltzeko merkatu mota azaldu behar da baina estatu ereduaren araberakoa da aldi berean merkatu eredua. Merkatua ez da erabakiak hartzen dituen subjektu bat, baizik eta eragile eta praktika multzo bat, elite ekonomiko eta politikoek taxutzen dute merkatua. Merkatua era batekoa edo bestekoa izatea herrialdeko egitura sozio-ekonomikoarekin du zerikusia, eta egitura sozio-ekonomikoa erabaki eta erakunde politikoen araberakoa da ere. Bestetik, estatuaren, merkatuaren eta familiaren arteko erlazioek baldintzatzen dute prekarizazioa, hortaz, Alemaniako prekarizazioa edo Finlandiakoa ez dira EAEkoaren parekoak, tartean, merkatuak kanporatzen edo prekarizatzen dituen horiek etxebizitza, errenta edo ongizatea lortzeko erraztasun handiagoak izan ditzaketelako herrialde batean edo bestean, estatuak merkatuari jartzen dizkion mugen arabera eta estatuak merkatutik at bizitza duina izateko jartzen dituen baliabideen arabera. Esan dugu, sistema ekonomiko kapitalistek ongizatea merkatuaren bidez lortzera behartzen dute gizartea baina eredu liberalek (Erresuma Batua, Estatu Batuak) ongizatea lortzeko merkatuarekiko duten dependentzia Europa iparraldeko, erdialdeko eta hegoaldekoena baina handiagoa da, tartean, estatua txikiagoa izan ohi delako eta merkantilizazio maila handiagoa. Egungo gizarte kapitalista eta patriarkaletan, merkatuaz gain, estatuak eta familiak, alegia, egitura publikoek eta emakumeek kobratu gabe egindako lanak (zaintza eta etxekoa) ematen dute ongizatea era egituratuan, horregatik aztertu behar da merkatuaz gain, herrialdeek duten estatu mota eta familiarizazio maila, gogoan izanik familiarizazio maila gero eta handiagoa orduan eta sexistagoa ongizate erregimena (ikus Sarrera eta III. kapitulua).

EAEko kasuistika Europako testuinguruan

EAEko jarduera tasa orokorra (16-64 urte bitartean) EB-28ren gainetik kokatzen da (+0,5), Espainiar estatua, Zipre edo Eslovenia parean. Nabarmenak dira EB-28 osatzen duten estatuen arteko desberdintasunak: Islandia, Suitza, Suedia, Danimarka, Herbehereak edota Norvegia Europan aitzindariak dira jarduera mailari dagokionez, eta Turkia, Montenegro, Italia eta Kroazia ixten dute ranking hori. Aitzindariak kontinentearen iparraldean, eta jarduera maila apalena duten estatuak Mediterraneoaren eremuan.