Orrialde:ETAren agiria 2016ko Aberri Egunean.pdf/2

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

hartzaile batzuk dituzte; nagusiki, Euskal Herria, euskal herritarrak eta euskal eragileak.

Armagabetzea Euskal Herriari begira egiteak herri honetan askatu beharreko korapiloei, egin beharreko eztabaidei eta egituratu beharreko prozesuei ahalik eta baldintza egokienetan ekitea du helburu. ETAren jardun armatua askapen prozesuan aurrera egiteko gainditu behar genuela barneratu ostean, eta estatuekin inolako negoziazio aukerarik zabaltzeko baldintzarik ez zegoela ikusita, eskema aldatu eta armagabetzeak beste ezaugarri batzuk hartu zituen ETArentzat. Ez zen jada negoziaziorako moneta izango, ziklo independentista bultzatzeko eta estatuen itxikeria azaltzeko bitartekoa baizik, herri aktibazioa eta protagonismoa indartzea ezinbestekoa den ziklo honetan.

2011tik aurrera, estatuek armen aferari –eta gatazkaren beste ondorioei– heltzeari uko egin zioten aurreko zikloa ez ixteko eta gatazka betiko parametroetan irudikatzeko. ETAk armagabetzeko erabakia hartu duenean ziklo berria indartu eta ahal bezain beste argitzea bilatu du. Ekimen eta erabaki oro prozesu independentista herritarra egituratu eta abiatzeko erronkaren zerbitzura bideratu nahi du ETAk.

Aldi berean, Euskal Herrian osatu beharreko burujabetza prozesuak ezaugarri bereziak eta propioak izan behar dituela kontuan hartu behar dugu guztiok, besteak beste, gatazka politikoaren ondorioei aterabidea emateko premiari erantzun beharko baitio prozesu horrek.

Horixe guztia da, hain zuzen ere, ETAk burutuko duen barne hausnarketaren ardatza. Zenbaitek –sarri, bere gabeziak eta eskasiak estaltzearren– ETAri hurrengo exijentzia jarri nahi dio, berriro ere geldialdiak eta blokeoak justifikatzeko, aurrera ez egiteko. Aurrera egin beharra dago, ordea, eta horretan du arreta jarrita ETAk. Horregatik, azken urte hauetako ibilbideaz gogoeta egingo du eta aurrera begirako erabakiak kidego osoak hartuko ditu, erantzukizunez.

Aukera historiko baten aurrean

Ikuspuntua zabaldu behar dugu. Borroka urte askoren ostean baldintza egokiak sortu dira: frankismoaren erreformatik eratorritako marko juridiko-politikoaren erabateko agortzea; estatuak, bereziki espainola, krisi sakonean sartu izana eremu ezberdinetan; erabakitzeko eskubidearen nagusitasuna euskal jendartean; burujabetzaren aldeko indarren artean akordioak egiteko aukerak; independentzia egitasmoa Europan (Eskozia eta Katalunia) egingarria dela egiaztatzea; aldaketa sozio-politikoaren aldarrikapena errotu izana; Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan egindako urrats esanguratsuak; Nafarroa Garaian erregimena behera botatzeko bidea hasi izana; gatazkaren ondorioei aterabidea emateko herri gogoa; mobilizazio eta herri aktibaziorako gaitasun handia; erakundeetan eragiteko gaitasuna...

Euskal Herria bidegurutzetik ateratzeko oinarria jarri dugu herri gisa. 2011ko gertakariek eta erabakiek (ETAk borroka armatua utzi izana, horien artean) jokaleku berria sortu zuten, gabeziak gabezia eta arazoak arazo, eta krisiak jotako estatuek ez dute euskal herritarren beharrizanei erantzungo dien eskaintza demokratikorik. Egoera orokor horretan burujabetzarantz abiatzeko ordua iritsi da.

Erronka nagusia Euskal Estaturanzko ibilbidea, herri prozesu gisa ezaugarritua, nagusitzea da. Egun, ibilbide horrek bi lehentasun ditu: Euskal Herriaren estatus politikoa modu demokratikoan erabakitzea ahalbidetuko digun prozesu sozio-politiko eta instituzionala azkartzea, eta eskaintza zein subjektu independentistaren berritzea eta indartzea. Alegia, Euskal Herrian, estatuen blokeo eta mehatxuen gainetik, agenda propioa nagusitzea lortzea.

ETAk lan horretara lotzeko eta konpromisoa handitzeko deia egin nahi die ezkerreko independentista guztiei, askapen prozesua sendotzeko eta itzulezin bilakatzeko. Gure aurrekoei eta, batez ere, gure ondokoei zor diegu.

Euskal Herrian, 2017ko apirilaren 16an

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.