Orrialde:Garoa (1912).pdf/109

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Ama zalako zegoan esaten ari nintzan leku ta garaian, jokoa asi baño lentxoago, armalla batera igota, beste batzuekin txondortuta, gizadiaren erdira begira, seme maiteari begiak boteaz, ausarta eman naiaz, susmo txarrean, aiene mintsuan, zitala, errea, pipertua, Bizkaiko emakumeak ziotena ezin eramanik, bere txiteari lagundu nai dion olloa bezela, erraietako umearen guda ikusten duan leoi-eme baten irudira, ta buruko illetatik edozeñi laster eltzeko gogo beroz. Zarra izanarren lanak emango zituan orratik bizkaitarren bati eltzen bazion.
Baño utzi ditzagun andrazkoak eta ikusi dezagun gazte adoretsuen esetsaldia, Mondragoiko ikuskizunik andiena ori zan ezkero.
Errizañak makilla ta bultzaka gizon-uztai trinko bat egin zuanean, eldu ziran jokalariok zuaitzeraño, begiratu zioten alkarri itzerdika batzuk esan bitartean, aukeratu zituzten berriz, banan banan ikusiaz, lenago ere ondo aukeratuta zeuden aizkorak, entzun zituzten sasi jakintsuen azkenengo esanak eta jaurtigi zuan Juan An-