Orrialde:Garoa (1912).pdf/111

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

—Ontza bi urre Jose Domingon alde!
Ta gipuzkoatarrik beroenak edo jokalarienak onela erantzun zioten:
—Ai ba, eginda daude bi ontzurreak! Baita zortzi nai badituzu ere, baita idiak ere! Peru Odolkik lepoa nai zuan jokatu.
Bitartean gure aizkolariok, aoa zabaldu gabe, osoro benaz, patxada onean, plaza gizonai zegokioten bezela, kendu zituzten oñetakoak, eman zioten eskuai txistua, artu zuan bakoitzak bere aizkora, ta jarri ziran tente zuaitz gañean, beren lan ikusgarria asteko aginduaren zai.
Une larria! Ergai estua! Apostularien deadarrak eta billera gizatsuko durundi zurrumurroak berealako baten bukatu zitzaizkigun, biotzak taupadaka geunzkan, ainbeste milla gizon eleizan bezin geldi ta ixillik geunden.
Baño ezkiñan luzaroan egon. —Asi!— esan zuan agintzalleak, eta gure gizaseme bikain biak, bat batera, sartu zituzten beren aizkorak zuaitz lodien biotzetaraño, koipetan sartzen dan labana baño ainbat errezago. Ta aizkorak erortzeaz batean baserritar guztiak, trumoi ikaragarriaren itxu-