Orrialde:Garoa (1912).pdf/114

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

gogorrago jarrai zioten beren arloari, len baño zoliago, biziago, nabarmenago jarrai zioten, ezker eskui, or ta emen, ongi ta gaizki, zuzen ta oker, gizon lauso aserratuen gisara zuaitzak astinduaz, ta iskanbillarik andienean, ikusle guztien, ia! aurrera! ekin! jo! ausi! bota! ebaki! ta beste oju estuen erdian... et! ... et! ... et! ... biba! bukatu zan jokoa.
Orduantxe erten zuten baserritar guztiak beren marratik, ibai ujolsuak zelai ta soroetara ertetzen duten itxuretan; orduantxe urratu ziran alkarren begiruneko lokarriak eta ler egin zuten anima dollorren griña zatar ta arrokeri lotsagabeak.
An esan ziranak! An entzun nituen gauzak! —Biba gu ta gutarrak! Bera ustelak! Astoak ukullura! Beste gizonik Bizkaian bada, eman dezala arpegi! Eguzkiaren azpian iñor baldin bada, agertu dedilla emen! Betik gora prakak jazten dituanik iñon bada, betor Iñazio Marin ondora! Eztago iñon gipuzkoatarrak bezelakorik! Gora Gipuzkoa! Gora Zabaleta! Gora Iñazio Mari!
Nik eztakit nola ito etzan au adiskidien besoetan. Ainbesterañokoa zan danen le-