Orrialde:Garoa (1912).pdf/119

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

keraz itz egiteko ta Gogordo azpiko erreketan ur garbi otza edateko leia bizia; baña gero adiskide batzuek geiago egin zituan, Gaztelako izkuntza ta oitura berrietan zearo sartu zan, zeregin batzuek amaitzean beste batzuek agertu zitzaizkion, ta pitinka edo atalka, makaldu ta il ziran Juan Andresen biotzean euskal-mendiak ikusteko leia, euskeraz itz egiteko gogoa ta Gogordoko ur garbiak edateko egarria.
Baño, esan det, etorri zan bein San Migeletan gurasoen dei bigunari noizbaiten erantzunaz, etxekoai ezer lenago jakin erazi gabe.
Agorrillaren arratsalde batean jetxi zan, Oñatiko udaletxearen ondoan, zalpurditik.
Etzuan iñor itxaroten, etzuan iñon olesik egin azkar ibilli bearrez, ta etzuten ezagutu oñatiarrak Zabaletako arri zulatzalle ospetsua.
Nolatan ezagutu? Etzan errez ezagutzea. Iltzedun oinzorro lodiak zeuzkan oñetan, panillazko jantzi berria zekarren soñean, euritako andi ederra ezkerreko galtzarpean, pardeltxo bat eskuiko eskuan ta zillarrezko kate luzea, ainbeste lerrotan, txilborretik bera esekita. Trinkoa zetorren, lodikotea, baño beltzerana, eguzkiak errea, arrotz itxurakoa.
Zalpurditik jetxi ta bereala, pardeltxoa euritakoan sartu, sorbalda gañean ipiñi, ta oinkadarik sendoenaren oiarzuna atari ixil zabalen aurrean utziaz, izpi baten igaro zituan Oñatiko kaleariak.