Orrialde:Garoa (1912).pdf/122

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

go nuke geure Juan Andres dala... Bera data! bera data!
Aguratxoak, itai, belar ta otarra utzirik, izugarrizko antxitxiketan erten zion bidera Juan Andresi, ta estutu batzuk eman ondoren, oiuka ta losinka, eutsika ta bultzaka, lagundu zion mutillari etxeraño, aspaldian ikusi gabeko nagusiari zakur leialak egin oidioten antzera.
Laster jakin zan Uribarri guztian mutil orren etorrera. Gau artan ta urrengo egunetan, andreak eta gizonak, gazteak eta zarrak, lagunak eta auzokoak, denak joan bear izan zuten Juan Andres ikustera ta berak esaten zituanak entzutera. Izan zuan nork entzuna ugari.
«Pankorbo zeritzaion erri zakar batean egon zan bera lenbizi, gero Santa Olallan. Alderdi artako erriak baldar ta txiroak ziran geienak; ango lurrak, agor, lau, zabal ta berdiñak, zugaitz ta belardi gabeak; baño batere itxurarik etzutela, ar koskor artean bada ere, garia ematen zuten galanki. Lur aietan etzan artorik; dena garia, edo garagarra, edo oloa, edo zekalea, itxasoa beste luzerako salletan. Gizadiak ostera txikiak, igarrak, beltzak eta nolabaitekoak