Orrialde:Garoa (1912).pdf/132

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

berriketan eramango zioten, baño ez lanean, ez orixe.
Iritzi oker aien zirikadak lañotu zioten adimena Juan Andresi, gogortu zioten errai-barrua ezin geiagoan, ta aztu zitzaizkon euskal mendiak, euskal oiturak, aideak, gurasoak, sinisteak, oroipenak eta baita ere Jaungoiko Altsu Donearen aginduak.
—«Ba! —jardun oizion bere buruari, zerbaitez gogoratzean— Zer dijoakit Euskalerrira biurtzeaz edo ez biurtzeaz? Utsa. Eztit ajola emen edo an bizi, euskeraz edo gaztelarrez itz egin, arto lizuna edo ogi legorra jan, baburrunez edo barbantzuz ase, ardo beltza edo sagardo gorria edan. Ardoa obea baño ezta indarra emateko... Zer ateratzen det otoitz egiñaz ta Mezatara joanaz? Ezer ez. Lan orduak eta txanponak galdu. Ezkaude gaur orretarako. Gero ere, zartzaroan, izango det bai astia naikoa Mezak entzuteko ta otoitzak egiteko. Irabazi, irabazi: ori da gizonak gazte dagoan bitartean egin bear duana. Ta ementxe, Gaztelerrian daukat irabazbidea, geroago ta ugariago, geroago ta areago, bada langilleai agintzea ta arretaz begi-