Orrialde:Garoa (1912).pdf/138

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

etzalako, narras ta loia agiri zan; sukalde ta geletako ormak puskatuak zeuden, asabak tolestutako arrimuturrak kare urratuaren tartetik erakutsiaz; ganbarako aleak eta ukulluko eleak urtean baño urtean geiago urritu ziran, ta soroetan, soro-bidietan, zelaietan, munoetan, baserriko lur landuen ertz, egal ta inguru danetan gardo ta belar gaiztoak, iak eta txillarrak, sasiak eta elorrak, masustak eta baxakanak elemenian ugaldu. Ezagun zuan etxe artako nagusi gazteak ere. Etzan guk Mondragoiko enparantzan ezagutu genduan ura: argala ta larrakitua zegoan, ille banaka batzuek txuritu zitzaizkion, len baño soñeko maiztuagoak jazten zituan.
Seme alaba bi zeuzkan, Paula ta Martin; au, illabete gutxi-geiago, Malentxoren idekoa; ura, urte ta erdi gazteagoa. Auetakoren bat eskutik zuala joaten zan noizean bein Zabaletara, Joanes etxean izan ezik. Etzuan nai bere burua aitaren aurrean agertu, onen jardunak min ta lotsa ematen ziotelako; baña artzai zarrarekin iñoiz arkitzen bazan, apalkiro entzun oizituan semeak gurasoaren patxadazko erakuste zu-