Orrialde:Garoa (1912).pdf/14

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes artzaia ta nere jakinai bizian zenbat galdera egin nizkion.
Bagiñazen bein mendian gora lagun batzuek, orain urte asko dala, udako bero galdatan, izerditsu, arnasestuka, oso nekaturik, Aitzgorriko goi gallurrera igotzeko asmoetan, ta Urbiako zelai ederra igarota laster, aurrez aurre billatu genduan gure artzai zintzoa, kerizpean, zugatz andi baten sustraian jarrita, artillezko galtzerdia egiñaz ta an aurrean zebiltzan ardiai begira.
Aldamenean zeukan zakurrak, sumatu genduzanean, ongi-etorri gaiztoa emateko itxurak artu zituan.
—Ona, Txuri, —deitu zion artzai zarrak— geldi emen. Jum!
—Egun on —oles egin giñon Joanesi— egun on, adiskidea.
—Baita zueri ere, —erantzun zigun, gozoro irribarrez.
—Jarleku ona billatu dezu.
—Beste asko dauzkat basoan, ta danak ezagutzen naute igaroko urtietan.
—Urteak dira noski emen zabiltzala?
—Berrogetamarretik gora onezkero.
—¿Ta beti mendian zaude, bakarrik?