Orrialde:Garoa (1912).pdf/142

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

edozeñen artean, millaka izanta ere, banan banan ta ziur ziur ezagutzen zituan etxe artaldeko ardi ta arkumeak edo norbere beortegian jaiotako zaldi-moxalak.
Jose umezurtza, Iturraldetik ekarri izanarren, Zabaletako semetzat zeukaten mutil gaztea, goiztarra, ernai, biozbera ta eskerduna, beti zegoan parre antzean, agintzen zizkioten gauza danak egiteko gertu, naiz urian naiz etxean, nola soroan ala mendian, orobat egunaz ta berdin gabaz. Arrentzat etzegoan ez ordu txarrik, ez lan gogorrik, ez gauza astunik, ez akiakularik. Berak egiten zituan besteak nai ezta utzitako zeregiñak; bera zegoan neke gabea besteak nekatuta zeuden orduetan; bera jaikiko zan gaberdian, truxuaren zaparrada entzun ezkero, euri-osiñak arekatik zear bialtzera; bera joango zan sarri Aloñara, aitonaren ordez, pagadietako bide itzaletan gora, baso piztien bildurtzake, Jaungoikoaren bildur ta maitetasuna lagun zaramazkialako. Euskalerriko gaztientzat eredu andia zan Iturraldeko Jose.
Pedro Anton ta Joanes, urtez bete beteak, zerbait erori ta ajeatuak zeuden, morroia nagusia baño indarge ta mekoago.