Orrialde:Garoa (1912).pdf/143

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Ana Josepa egundañorik pixkorrena zebillen. Emakume zimelagorik!
Egiaz: morroi zarra etzan gauza anditarako. Artoak zuritu, abarkak josi, artillezko sokak egin, belar pixkabat ekarri, arbastak kimatu, beiai jaten eman, esnea bitu, ta beste orrelako arazoren batzuk izaten ziran bereak; baño Joanesek etzien oraindik betiko egin zunai utzi. Gerriko min apur bat euki edo ez euki, etzuan gizonak lanetik aldendu bear. Alaz guziz ere, len baño maiztxoago ta apeta geiagoz etortzen zan Aloñatik etxera, ez bakartadeak izutzen zualako, baizik illobatxoa ikusteko pozak zekarrelako.
Illobatxoa! Malentxo! Arretxek irabazi zuala bai galanki! Uraxen bai zegoala benetan maitagarria. Asi, zabaldu, bete, ta guritu zan, baño ez geiegi. Malentxok etzeukan geiegizko gauzarik, ez gorputzean, ez animan. Esakeran tolesgabea, ibilkeran adjutua, begirunean samurra; esnea bezin zuria, olioa bezin leuna, eztia bezin gozoa; garbia, txukuna liraña, burutsua, ona ta ederra beste on ta ederrik iñon bazan, aingeru bat zirudian ta aingerutzat