Orrialde:Garoa (1912).pdf/149

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

tan lixiba jotzen zuten sorgiñena, ta beste onelako gezur-ele zar koipatsuak, elizan entzundako erakusgarri eder batzuekin nastean; anai-arreba maitale maitegarrien antzera bizi izandu ziran beti, egundaño apeta gaiztoaren kutsuak iñori ta iñola ikutu gabe, ta etzitzaien beñere otu bizitza guztian berdin jarraitu bear etzutenik; baño Malentxok andre itxurak artu zituanean, goizetik gabera, neskatoaganako atzeka ta lotsakor biurtu zan Jose.
Zer zelata? Zer zuan mutillak? Ezta errez ondo esaten.
Ikusi aldezute, nola, eguzkiak jotzen duan lurrari, batez ere lur on ta emankorra bada, ernetzen zaion ustekabero usai gozodun lili apaña? Orrela erne zitzaion Iturraldeko Joseri Malentxoganako jas, lera edo zaletasun berria. Begiratu aldezute iñoiz, nola, Jorrail aldean, legor itxurako Makilla landareari ertetzen dion murgil bigun berdeak, osto, lore ta garaua aurki emateko? Era berean erten zion Joseri kezka batek, ames orduetan poza ta esnatzean larritasuna ematen zion kezka eztiak. Somatu aldezute iñoiz, izateak bazterren batean ipiñi duan azitik, nola