Orrialde:Garoa (1912).pdf/160

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

rrio alaiak; berak bakarrik esan dezake nolakoak diran garo, millu, menda, txulufrin, elorri, eriñotz ta beste baso belar lore landarien goizeko usai gozo bizigarriak; berak dauka noiznai, begi sudur belarrietan, gorputzeko zentzun ta animako almenetan, Izateak gizonari eman aldezakion gozamen guztia; berak, kristau ona bada, beste anaiak baño Jaunagandik urrerago bizi danari dagokion gisa, eskeintzen dio Egilleari arrenik errez, samur, apal ta egiazkoena.
Manaz betea da, eguzkia goietan dabillen bitarte guztia, mendietako artzaierentzat. Bera da, artzaia da benetan bere buruaren jabe; uritar andikiak baño askozaz lasai ta askatuago dabil; opa dituan arauak jartzen dizka bere artaldeari; nai duan tokian billatzen du lorezko oia, nai duan lekuan belar bigunezko maia; deitzonean etzin deiteke ta gogoa datorkionean jaiki; kerizpean zabal zabal dagoala zaintzen ditu bere ondasunak; arrikada batez erakusten dio eleari legea; ta ameslaria bada amesetan, nagia bada erdi lotan, langillea bada, galtzerdiari ekiñaz, oso epero igarotzen zaizka berebiziko astiune luze luzeak.