Orrialde:Garoa (1912).pdf/187

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

nak, bizi nai lutekenak, irabazbidea idorotzen dabiltzanak, euri edo eguzkiaren bearrean arkitzen diran lurjabeak, Ameriketan semeren bat daukaten gurasoak, gudara joan bear duanaren aideak, ikastolatik etxeratutako mutillak eta ezkontzeagatik mototsa salduko luteken neskatxak: itz gutxitan amaitzegatik, gogo, estutasun, samin edo premiaren baten arkitzen diran euskaldun guztiak, osasun billa, argi eske, laguntasuna itxaroaz, zoriona irrikitzen edo eskerrak ematen; eta bertan, Urkiolan, egin oidituzte benetako arrenak eta bertan utzi, beren oparitzat, egurrezko makuloak, argizarizko anka ta besoak, zillarrezko biotzak, ille txirikordak, ontziak eta soñekoak, izenak eta kondairak, samin, aje ta neke askorekin batera.
Beti dago norbait Urkiolan meza bat eskeintzen, argitxo bat ipintzen, bederatziurrena egiten; beti dijoa mendi artatik zeruraño euskaldun batzuen eskaria, Antonio Donearen bitartez.
Baño batez ere Garagarrillaren amairuan izan oida billerarik ospatsuena. Egun artan Urkiolako mendiak erririk andienaren itxurak artzen ditu.