Orrialde:Garoa (1912).pdf/188

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Goizean goizetik azaltzen da eliza barrua argiz ta gizadiz betea, ta eliz-ataria liburu, bederatziurren, errosario, kutun, gurutze ta Antonio donearen irudi saltzallez ornitua; laster agertzen dira, mendi egian, maitxo banatan edanontzi garbiak eta mai azpian sulla-pedarrak dituztela, ur gozatuaren emale txukunak, eta beren aurrean, urez ezin ase diran mutiko ta emakumeren batzuk; zelaien erdian, egun baterako tajutu dituzten sukalde apalak, eltze, tupi, zartagi, plater, pitxar, antosin, kiatilluz inguraturik, eta suaren urrean, mendi-ostatuak, oialezko txosnak, ogi, ardo, aragi, bakallao, arrai, piper, egazti, arrautza ta gizon jatunez ugariegi bezela; txosna ostean, opil gozodun mendarotarra, bala-saskia lurrean zabalduta, erosle gozozaleak noiz agertuko zai patxadarik andienean ixil ixillik; zuaitz ondoan, era guztietara eskale arrotz zirpiltsuak, anka ta beso igarrak erakutsiaz, ingurukoen biotzak biguntzeagatik ¡Santa Lucía le guarde! ta ¡San Antonio le ampare! erdi negarrez oiuka: tokirik txokoenetan, atso zimurrak eta agure adikatuak, mezatara baño len amilla jasten, onetakoak aldatzen, bu-