Orrialde:Garoa (1912).pdf/191

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

eta aurreskoak, tuntuna, panderoa, gitarra ta filarmonika.
Bai, gitarra ere bai, filarmonika ere bai. Egun orretan eztira danak Urkiolara Doneagatik joaten: gazte asko jan edanaren usaiak eta jolasaren durundiak jasotzen ditu mendiraño, ta orrelakoak Donearen oroimenik eztaukate. Jaia da oientzat ere Garagarrillaren amairugarrena, baño urdall-jaia, jantzi berriak eta buru arroak erakusteko ereti ona, jaikika trisketan egiteko aroa, txorakeri, nasaikeri, astakerietan ibiltzeko egunik egokiena. Orrelakoentzat jotzen dituzte gitarra-filarmonikak, txorakerien laguntzarako, astakerien indargarritzat.
Lenago esan ditugun gertaeretatik laster, Urkiolan dakusgu, Antonio Donearen egunean, gure antziñetako adiskide on batzuek: Joanes, Malentxo ta Jose. Eliz atarian daude: bata, txapelpean pipea piztu eziñik; bestea, anpolai zuri-gorria baño ezkoago, eliz-oiala tolestatzen; irugarrena, zurbil samarra, pardeltxo bat eskuetan duala, Malentxori maitero begira.
Aurretiaz erakutsi zuan Joanesek, etxean, Urkiolarako gogoa, onenean Jaungoikoak gerriko miña Donearen bitartez ken-