Orrialde:Garoa (1912).pdf/198

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Gure oñatiarrak, era oietako ikuskizunez aspertuta, gizartetik alde batera eginda, ezarri dira nonbaiten; zerbait jatera dijoaz.
Artzai zarrak arrautzopil puska bat beatzetan duala:
—Samingarri da! —esaten du—. Amaika bidar egin det Zabaletatik onaño dagoan ostera! Amaika bidar jan det emen, gozoro, nere baserrian erretako taloa, ta orain arrautzopilla ta ogi zuria ezin irentsi! Dana dago latza, dana badaezpadakoa: janaria, gizonak eta lurra bera. Bai, lurra ere bai. Zenbat aldiz ikusi ditut emendik agiri diran gure mendiak! Ederragoak ziran len, milla bidar ederragoak. Ezta irudipena: azpietatik zulatu dituzte alderdi batetik besteraño; beren egaletatik tontorretara bide zabalak egin dituzte; beren arrizko ta burnizko erraiak eguzkitara ateratzen aidira, ta gure umeak mendi zuloetatik zear dijoazkigu, eztakit nora, bide zabaletatik datorzkigu eztakit nongoak geure gallurretaraño. Benetan, lur guztia egin du Jaungoikoak bere semientzat eta denok gera bere semeak, denok: gureak ere badabiltz nonbaiten ta betoz Euskalerrira