Orrialde:Garoa (1912).pdf/20

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

ta Izarraitz, Aralar ta Gorbea, Arno ta Atxu, Oiz ta Anboto, Mendoegi, Etxalar, Oiluz ta beste asko, egundaño ikusi eztiran gisan, lur ta errien gañetik beren buruak jasoaz alkarri begira, uri andi bateko eleiz-torreak alkarri begiratzen dioten antzera; baso andi zugatzez beteak gero: Usturre, Otsabio, San Adrian, Elgea, Zaraia, Sollube, Bizkargi, Andia, Belate ta nik eztakit zenbat geiago, denak ostro berde berriak zeruruntz jasoaz, Jaungoikoari eskeintzen zitzaizkion lorontzi[1] eder batzuk ziruditela; belardiak eta soro landuak urrengo, zatika zatika, aldapa ta ibartxoetan zabaldurik zeuden zapi lodi mardul batzuen itxuran; euskal uri jakiñak oso beian, geure oñetan batzuek, Kantauri ertzean beste batzuk, lur-barruan askotxo, denak koxkor ta kaxkar, andienak ere urri ta txiki, gizonen kabiak alkarri erantsita zeukazkitela eta kabi oien burualdeak gorri gorri, zeru goi urdifiaren anditasun ta apainduriak ikustean txit lotsaturik baleude bezela; ibai ta erreka garbiak nonai, mendi naroak urietara biraltzen dituen

  1. Lorontzi=Florero.