Orrialde:Garoa (1912).pdf/212

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

ren orduak Orain ukulluan sartu, orain sukaldean aurkeztu, beti ere Santa Maria ezpañetan zuala atarira erten, beti ere alde batetik edo bestetik zeru beltza ikusi, artega ta kuperea ibilli zan luzaro.
Jo zuten amarrak, jo zuten amabiak, jo zuten ordubiak, eta etzan mendikoen berririk.
Irurak aldean, artzai zarra, auzora balijoa bezela, atera zan mendiruntz iñori ezer esan gabe. Bai zori txarrean. Gogo aña kemen izan balu, laster elduko zan lagunakana: baño lengo kemenik etzuan errukarriak, eta elur marduletan drist eta draust, or txirrist eta emen larrapast, bisutsetan ia itxuturik, zurrunbilloan arnasarik artu ezinda, laster unatu zuan nekeak, bereala etsi zuan aitonak eta ezker-eskui, aurrera ta atzera begiratu larri bat egiñaz, bide bazterrean eseri zan eriotzearen zai... Lauterdietan idoro zuten menditik bera zetozenak, otzituta idoro zuten, gogortuta, itzik ere gabe, ta arratsalde artan etzan il Zabaletako jauna eskerrak bere semien igortziai, eskerrak oe bigunari, ur goriari, erari on irakiñari, etxeko guztien arreta zindoari. Baño berotasun andiak igaro zituan,