Orrialde:Garoa (1912).pdf/213

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

gaixorik iduki zuten, ta oetik jaikita gero ere, alegin guztiak eginda ere, Joanes etzan geiago lengoa izan Ordutik auleria.
Baño gorputza lotua ta abaildua gelditu bazitzaion, ez orratik bere anima: anima beñere baño argiago, biziago ta azkarragoa zeukan. Joanesen oroimenak iñoiz ez bezela gogoratzen zituan bere gaztetako urte alaiak, Joanesen adimenak egundaño ez bezela ezagutzen zituan Jaunaren betiko egi sakonak, Joanesen biotzak beñere baño samurrago ta zintzoago maitatzen zuan Jaungoiko Egille Altsua...
Sutondoko zizaillu zarrean jarrita, arbasten gar biziari edo enporra miazkatzen zuan urrezko su-mingañari begira, bakarrik gelditzen zanean, o nolako samin gozoz oroitzen zitzaizkon bere bizitzako gertaera guztiak, ume koskorra izan zanetik agure mekoa zan arteraño! Lendabiziko giza-jantzia, lendabiziko errira jeistea, lendabiziko mendira igotzea, arako mutil-jolasak, urte askotako San Migelak, ezkontza aurreko egun eztiak, bere semien jaiotorduak, illobatxoen etorrera pozgarria... dena zirudian atzo goizekoa, dena zeukan bere ondoan, dena zekarkion iru-