Orrialde:Garoa (1912).pdf/215

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Gurutzean josiari eskariak egiñaz; sarritan agertu zizkion, paduko bakartadean, animaren naigabe ta ipui ezkutuak; etzan egundaño adiskide bien maitetasuna urratu, etzan beñere Jesusen irudia Joanesen biotzetik aldendu, ta askotan, txist askotan esan zion mendian, zelaian, elizan ta etxean: «Urbiako artzaien Artzaia, gorde gaitzazu; zaintzu zadazu nere etxea, zaindu zazu, arren, gure Euskalerria».
Adiskide andi ura ainbat lasterren arpegiz arpegi ikusteko leia erne zitzaion, ta orretarako gertatua zegoan, oso gertatua.
Orratik ere gauza bat nai zukean lenago, Jaunaren oldea bazan: bere seme ta illoba guztiakin Gabonak igarotzea. Azkarragakoak nola zeuden bazekian: ondatuta. Iñazio Mari etzan ezeren jabe, ta bere mutilla, Martin, Somorrostrora biraldu zuan zerbait irabaztera: Somorrostrora mutilla ta bazterrak erabiltzeko naikoa indarrik ez etxean! Gaztelerrikoen albisteak ere bazituan, albiste onak. Aberastuta bizi omen ziran, seme bat zuten, azi samarra, argia, pizkorra, sendakintzarako ikasten aizana. Oso jakintsua, gurasoak ziotenez. Baño Zabaletako aiton-amandreak etzuten orain-