Orrialde:Garoa (1912).pdf/218

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

zertarako diran, baño ezta gizon batzuek ere... Noiz izandu naiz ni txiki? Noizbaiten bai, noizbaiten nere adar gain ertzean dauzkatan ezkurretako bat aña izandu naiz. Nork siñistu? ... Lurpean sartu ninduen edo sartu nintzan, ori eztet ondo ikasi, gauza txiki guztiak lurpean egon oidirata; baño nere bizinaian, astiro astiro, apurka apurka, atera nuan burua lurpetik azalera, ikusi nuan zeruko argia, lortu nuan indar pitin bat, erro edo ankak alegiñean bera boteaz jaso nituan geroago ta gorago nere besoak, eta egunak zabaldu ta egunak itxi, urteak joan ta urteak etorri, uda berrian osto berdez jantzirik eta negu beltzean ezur utsetan bezela, eguzki galda beroen azpian ta euri zaparrada galantak luzaro igaroaz, andi, sendo ta mardul egin nintzan, inguruko zuaitz lagun guztiak baño andiago, sendoago ta mardulago».
«Asko ikusia naiz, geroztik, nere bizitza luzean. Ekaitzak neri egin dizkitan iraintasunak ezin zenbatetu ditezke. Sarri artu bear izan det nere gañean kaskabarraren zartada zitala, sarri jo ta zauritu nau odeietatik biziro jetxi dan arri trinko zoliak, milla ta geiago aldiz bai aize indartsuaz bu-