Orrialde:Garoa (1912).pdf/227

Wikitekatik
Orri hau balidatu da

denak alkarren etsai, denak bata bestearen ezin ikusian, denak bakoitzaren sorterria bestienen gañetik jasotzen dutela garaietan, lagunai min emateagatik bada ere.
Ezin dute iñor maita, baño erreztasun andia daukate edozein gorrotatzeko. Beti oida norbait gorrotoaren erakusle, beti jardunleren bat ondamuaren kolkotik ertetzen dioten itzak lagun artean erein oidituana.
Ta itz oien azia, aberatsen ganako gorrotoa, agintarientzako amorrua ta Jaungoikoarentzat eskergabekeria erakusten duan azi txarra, errez ta edonun sortu oida, lenengo ereiñaldietan ezpada, bigarrenean edo laugarrenean. Baita euskaldunen biotzetan ere. Ai zenbat euskaldun zabartu diran Somorrostroko lur gorrietan!
Antxen zegoan ta bertan alperrik galdu zuten Azkarragako Martin, Iñazio Marin semea, Joanesen illoba. Lagun arteko irakaspen gaiztoak aditzean, lenbizi etzituan aintzakotzat artu nai; gero, seta okerrak akullatuaz, irakaspen aiek onak zirala iruditu zitzaion; urrengo, egiarik andienak zerizkiola esaten ausartu zan, ta azkenez,